Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2013ko abenduaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5604

EBAZPENA, 2013ko abenduren 4koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, laneko arriskuei aurrea hartzearen arloko ikerketa-proiektuetarako diru-laguntzak ematea arautzen duena.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea (aurrerantzean Osalan) jakitun da laneko arriskuei aurrea hartzeko arloan beharrezkoa dela ezagutza-maila hobetzen duten jarduerak sustatzea eta ikerketaren emaitzak arlo horretako eguneroko praktikara eramaten laguntzea.

Laneko Arriskuen Prebentzioa arautzen duen azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 5. artikuluan ezartzen denez, prebentzio-arloko politikaren xedea lan-baldintzak hobetzea izango da, lantokian langileen segurtasun eta osasunaren babes-maila igotze aldera, eta herri-administrazioek ekintzak sustatuko dituzte, laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeko, laneko arriskuak murrizteko, babesteko modu berriak ikertzeko edo bultzatzeko, eta laneko arriskuei aurrea hartzeko egitura eraginkorrak sustatzeko. Aipatutako legean esaten denez, horretarako programak erregelamenduetan zehaztuko diren pizgarrien bidez ezarriko dira.

Ebazpen honen bidez, laneko arriskuei aurrea hartzeko arloko ikerkuntzari diru-laguntzak emanez, honako helburu hauek betetzen dira: Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren lan-kalitatea hobetzea; Euskal Autonomia Erkidegoko langileen lan-baldintzak seguruak eta osasungarriak direla bermatzea; laneko arriskuei aurrea hartzeak herritarren eta erakundeen balore-eskalan lehentasuna izan dezan, oinarrizko printzipioen alde lan egitea; arlo horren inguruan jarduteko oinarri gisa sustatzea prebentzioaren kontzeptua; sindikatuen, enpresaburu-elkarteen eta bestelako agenteen ahaleginak batzea, laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeko; eta Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrak kontzientziatzea, lantokian pertsonak babesteko garrantziaren inguruan.

Osalanek beharrezkoak diren hainbat zeregin ditu prebentzioa eta laneko segurtasun, garbitasun eta osasunaren sustapena betetzeko, eta hartarako, laneko arriskuei aurrea hartzeko ikerketa suspertu eta sustatzen du deialdi honen bidez.

Bestalde, Osalanek, Europako zenbait herrialdetako beste organismo eta erakunde batzuekin batera, bat egin du EBko SAFERA proiektuarekin, bazkide gisa, EBko Era-Net programaren baitan. Programa horren helburua da industria-segurtasuneko Europako ikerketa koordinatzea. Deialdi honetako baldintzekin bat, SAFERAko bazkideek diru-laguntza emango diete haien interesekin lotutako gaiak jorratzen dituzten proiektuei, egokitzat joz gero.

EBko SAFERA proiektuarekin duen lankidetza-konpromisoa betetzeko, Osalanek diru-laguntza hauetarako aurrekontuaren zati bat erabiliko du programa horretako baldintzak betetzen dituzten proiektuetarako, SAFERAk onartzen baditu.

Era berean, Ebazpen honek SAFERA 2014 deialdiarekin kointziditu dezan –eskabideak elektronikoki aurkezteko epea 2013ko irailaren 23an hasi zen eta 2013ko azaroaren 30ean bukatuko da– gastu-espedientea aurrez izapidetu da Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko Aurrekontu Orokorren kontura, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5. artikuluan eta xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz; izan ere, agindu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da Osalanek 2014ko ekitaldian Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloan abiatutako ikerketa-proiektuetarako emango dituen diru-laguntzak arautzea. Ebazpenaren xedean sartzen dira, halaber, epealdi berean EBko SAFERA proiektuaren esparruan egiten diren ikerketa-proiektuekin lotutako ekintzak.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

2013ko urtarrilaren 1a baino lehen Euskal Autonomia Erkidegoko herriren batean erroldatutako pertsona fisikoek eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten pertsona juridikoek, publiko zein pribatuek, eskatu ahal izango dituzte ebazpen honetan araututako diru-laguntzak. Pertsona fisikoek ezingo dituzte eskabideak aurkeztu EBko SAFERA proiektuaren baitako ikerketa-proiektuetarako.

3.artikulua.– Gehienezko zenbatekoa orotara.

Ebazpen honen xedea betetzeko, 500.000 euro erabiliko dira guztira: 250.000 euro 2014ko ordainketa-kreditu gisa, eta 250.000 euro, berriz, 2015erako konpromiso-kreditu gisa. Honako hauei egotziko zaizkio zenbateko horien kostu ekonomikoa: «Laneko Segurtasuna eta Osasuna» 3113 Programa, «Zuzendaritza Nagusia» 01 Zerbitzua; hain justu ere «Eragiketa arruntetarako transferentzia eta diru-laguntzak» izeneko IV. kapituluaren barruan.

500.000 euroko guztizko aurrekontutik, 100.000 euro erabiliko dira EBko SAFERA proiektuarekin lotutako lankidetza-konpromisoari aurre egiteko, eta 400.000 euro, berriz, Osalanek laneko arriskuen prebentzioaren arloan onartutako ikerketa-, garapen- eta berrikuntza- proiektuetarako. Bestalde, diru-kopuru hori, hala badagokio, eguneratu ahal izango da, indarrean dagoen legediari jarraikiz aurrekontuak aldatzea onartuz gero; aurrekontu-aldaketa horiek aurkeztutako eskaeren aurretik egindakoak izan beharko dute. Horren berri, Osalaneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emango da. Proiektu bakoitzari 50.000 euroko diru-laguntza emango zaio gehienez urtean.

EBko SAFERA programaren esparruko ikerketa-proiektuetarako diru-laguntzetarako zenbatekoa gainerako ikerketa-proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango da, programa horretan parte hartzeko epea amaitutakoan eskaerarik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutako proiektuak onartzen ez badira.

4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.– Diru-laguntza ematen den egunetik hasita urtebeteko epean burututako laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-proiektuek jaso ahal izango dute diru-laguntza. Nahi beste proiektu aurkez ditzakete eskatzaileek, proiektu bakoitzerako gehienezko diru-laguntza 50.000 eurokoa izanik. Hauek dira Osalanen Kudeaketa-Planean 2013rako aurreikusitako jarduera-eremuak, zeinak Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren 2011-2014 Euskal Estrategiaren urteko hedapenetik datozen:

– Laneko ezbeharrak: bai in itinere bai misioan gertatzen diren bideko lan-istripuei aurrea hartzea.

– Lan-arriskuen prebentzioaren esparrua:

– Langileen segurtasunean eta osasunean eragin positiboa duten babes-gailuak, lan-ekipoak edo produktuak diseinatzea. Ez zaie diru-laguntzarik emango jada merkaturatzen ari diren produktuei, ezta langileen segurtasunerako eta osasunerako frogatzeko moduko hobekuntzarik ez dakartenei ere, jada daudenekin alderatuta.

– Lan-arriskuen prebentzioaren esparrua: prozedura berritzaileak diseinatzea, lan-esparruan agente kimiko arriskutsuak ordezteko, arriskurik gabeko agenteez edo arrisku txikiagoak eragiten dituzten agenteez.

– Teknologia berrien esparrua: arriskuen prebentzioa nanopartikulen erabileran.

– Laneko ergonomia: lanaren ondorioz goiko gorputz-adarrei eragiten dieten arazo muskulueskeletikoei aurrea hartzea.

– Laneko psikosoziologia: laneko estresarekin eta/edo «burnout»arekin zerikusia duten lan-arriskuei aurrea hartzea erakundeetan.

– Generoaren ikuspegitik lan-arriskuei aurrea hartzea: aldeak arriskuen prebentzioan, genero-arrazoiak direla-eta.

– Minusbaliotasun fisikoa edo psikikoaren ikuspegitik lan-arriskuei aurrea hartzea.

– Immigrazioaren ikuspegitik lan-arriskuei aurrea hartzea, eraikuntzan eta lehen sektorean batez ere.

– ETEen ikuspegitik lan-arriskuei aurrea hartzea, mikroenpresetan batez ere.

– Lehen sektorea; batez ere arrantza, nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta basozaintza.

– Osasuna zaintzea: lanbide-gaixotasunen kostua.

Zerrenda hori informatiboa da, eta ez du esan nahi lehenetsi egingo denik laneko arriskuei aurrea hartzeko beste jarduera-eremu batzuetako beste ikerketa-proiektu batzuen aldean.

2.– Era berean, diruz laguntzekoak izango dira SAFERA Europako Proiektuaren barruan onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen eta erakundeen proiektuak, betiere, deialdi honetako baldintzak betetzen badituzte. Proiektuek, gehienez, urteko 50.000 euroko diru-laguntza jasoko dute, eta gehienez ere, hiru urtean. Dena den, hurrengo urteetan diru-laguntza jasotzen jarraitzea baldintzatuta dago, eta ez da diru-laguntzarik izango hurrengo deialdietan kreditu egokirik gaitzen ez bada; hala ere, onuradunak eskaera aurkeztu beharko du deialdi bakoitzean.

Deialdiaren gaiak giza eta erakukndeetako faktoreen arlokoak dira, industria-segurtasuneko balioarekin batera, eta honako hauekin zerikusia izan behar dute:

– Segurtasunaren esparrua, giza eta erakundeetako faktoreen arloa:

– Erresilientzia, segurtasunaren kudeaketa hobetzea.

– Segurtasunaren balioa eta segurtasun-balioak.

5. artikulua.– Burutzeko epea.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloan Osalanek balioetsi eta onetsitako ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-proiektuetarako, gehienez ere, urtebeteko epea izango da proiektua gauzatzeko, diru-laguntza esleitu zaiola adierazteko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

SAFERA Europako Proiektuaren esparruan balioetsi eta onetsitako ikerketa proiektuetarako, berriz, diru-laguntza emateko akordioan ezarritako gehienezko gauzatze-epea izango da, edonola ere, sekula ez hiru urte baino gehiago, diru-laguntza esleitzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Dena den, proiektua gauzatzeko urtebete baino gehiago behar bada, urtero aurkeztu beharko du proiektuaren planean jasotako ekintzetatik zein gauzatu dituen, diru-laguntzaren dagokion zatia ordain diezaioten.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen honek ondorioak sortzen dituen momentutik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak Osalanen egoitzan aurkeztuko dira (Dinamita bidea z.g., 48903 Barakaldo, Bizkaia), edo Araba, Bizkai edo Gipuzkoako Lurralde Zentroetan, bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein bide baliatuz.

7. artikulua.– Dokumentazioa.

Eskaerak Osalaneko zuzendari nagusiari bidaliko zaizkio, honako agiri hauekin batera:

1.– Administrazio-agiriak.

– Eskabide normalizatuaren inprimakia (I.A eranskina) laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-proiektuetarako.

– Eskabide normalizatuaren inprimakia (I.A eranskina, SAFERA Proiektuak) EBko SAFERA proiektuko ikerketa-proiektuetarako.

– Foru Ogasunaren ziurtagiri eguneratua eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorreko Probintzia Zuzendaritzarena, edota behar den entitatearena, laguntza eskatzen duenak dagozkion zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatzeko. Ziurtagiri hori eskabidea aurkezteko soilik ordeztu ahal izango da, behar bezala zigilatutako idazki baten bidez ordeztu ere, eta bertan ziurtagiria eskatua dela jasoko da. Deialdia ebatzi baino lehen aurkeztu beharko da ziurtagiri positiboa. Baldin eta eskabide-egileak ordainketa geroratzea lortu badu eta geroratutako zorra agiri bidez egiaztatzen badu, ordainketa-arauak betetzen dituela ulertuko da.

– Eskabide-egilea pertsona fisikoa bada, ardurapeko aitorpena aitorpen-ereduan (I.B eranskina).

– Eskabide-egilea pertsona juridikoa bada, ardurapeko aitorpena aitorpen-ereduan (I.C eranskina).

– Eskabide-egilea pertsona fisikoa bada, errolda-ziurtagiri eguneratua.

– Eskabide-egilea erakunde juridikoa bada, honako agiri hauek:

a) Elkarteen Erroldan edo erakundeari dagokion erregistro publikoan inskribaturik dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia.

b) Prebentzioa antolatzeko modalitate baten arabera, Laneko Arriskuen Ebaluaketa eta Prebentzio Plana egina izatea, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoari jarraiki (martxoaren 19ko 337/2010 Errege Dekretuaren bidez egindako aldaketak kontuan izanik), eta urteko prebentzio-plangintza egina izatea.

c) Lan-arriskuei aurrea hartzeko Sistemaren Auditoria egina izatea hala behar duten antolaketa-moduetarako, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 29. artikuluan xedatutakoari jarraiki, betiere, maiatzaren 19ko 604/2006 Errege Dekretuaren eta martxoaren 19ko 337/2001 Errege Dekretuaren bidez sartutako aldaketak kontuan izanik.

2.– Agiri teknikoak.

2.1.– Laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-proiektuetarako.

a) Ikerketa-proiektuaren memoria (II.A eranskina), honako alderdiak jasoko dituena:

1) Ikerketa-proiektuaren laburpena: lanen egitura orokorra azaldu behar da, eta helburuak lortzeko erabiliko den metodologia orokorra.

2) Proiektuaren berrikuntzak eta berritasunak: ezagutzen gaur egungo egoera deskribatu behar da, bai eta proiektuaren helburuekin lotutako produktu, prozesu eta teknologiak ere. Produktu, prozesu eta teknologia horien abantailak eta/edo mugak adierazi behar dira, eta helburuak lortzeak ekarriko lituzkeen aurrerapenak.

3) Plangintza: proiektuaren egitura deskribatu behar da, proiektuko fase eta jardueren arteko loturak, lanen edukiak, eta fase bakoitza amaitzean espero diren emaitzak adierazita. Proiektuaren antolaketa- eta langile-egitura zehaztu behar da, eta proiektu-arduradunari erakundeko hierarkia-egituran dagokion lekua (mendekotasun-maila). Atal horretan, lan-programaren berrikuspenen erritmoa eta datu-bilketen maiztasuna deskribatu behar dira, proiektuaren fase eta atazen eta horiekin lotutako emaitzen kontrol egokia egiten dela bermatzeko.

4) Emaitzen erabilgarritasun praktikoa, laneko arriskuen prebentzioari dagokionez.

a) Proiektuaren aurrekontu banakatua (II.B eranskina).

b) Ikerketa-proiektuaren bideragarritasunari buruzko txostena, ikerketa-proiektuaren alderdi denak barne hartzen dituena (II.C eranskina).

c) Proiektuaren parte-hartzaileen curriculumak. Titulazio akademikoa eta proiektuan aplika daitezkeen lanbide- eta ikerketa-gaitasunak adierazi behar dira (II.D eranskina).

d) Deialdiaren data baino lehenago hasita izanik, deialdi honetan ezarritako epeetan garatu nahi diren proiektuetarako, proiektuaren egoeraren aurrerapena, 9. artikuluan zehaztutako edukia adierazten dela.

2.2.– EBko SAFERA Proiektuaren esparruko proiektuetarako.

a) Proiektuaren izenburua eta laburpena. Lanaren egitura orokorra, metodologia eta helburuak azaldu behar dira.

b) Proiektuaren aurrekontu banakatua, diruz lagundutako urteko plana edo ekintzak adierazita, proiektuaren exekuzio-epea urtebetetik gorakoa bada (II.B eranskina).

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabidearen akatsen zuzenketa.

Baldin eta diru-laguntzen eskabideak behar bezala beteta ez badaude, edo ebazpen honen 7. artikuluan eskatutako administrazio-agiriak falta badira, Osalanek pertsona edo entitate eskatzaileari hamar eguneko epea emango dio, errekerimenduaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko, eta hau ohartaraziko dio: eskatutakoa egiten ez badu, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan agindutakoaren arabera.

9. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuen jarraipena.

Osalaneko zerbitzu teknikoek, ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko eta proiektua betetzeko zer ekintza egiten ari diren eta egin diren egiaztatzeko, beharrezkoak diren ikuskapen- eta kontrol-jarduerak burutu ahal izango dituzte. Alde horretatik, Osalanek, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa eman behar dute erakunde onuradunek.

10. artikulua.– Hautaketa.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Hortaz, laguntza edo diru-laguntzen esleipena egiteko, aurkeztutako eskabideak erkatu eta haien arteko lehentasun-ordena erabakiko da, 11. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuz.

11. artikuluan zehaztutako 1. irizpidean (Transferentzia, berritzaile izatea eta aprobetxamendu orokorra) 15 puntu lortzen ez dituzten proiektuak kanpo geldituko dira.

11. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Balorazio Batzorde batek ebaluatuko ditu ikerketa-proiektuak, ondorengo irizpide eta haztapenei jarraikiz (gehienez 100 puntu):

(Ikus .PDF)

Ebaluazio-fitxan jasotako espezifikazio bakoitzari erantzuna eta kalifikazioa emanez ebaluatuko da irizpideetako bakoitza (III. eranskina).

2.– Ebaluazio-prozesuaren edozein momentutan, ebatzi baino lehen betiere, proiektuaren edukiari buruzko argibideak eskatu ahal izango zaizkio erakunde eskatzaileari.

Espainiako legerian bioetikaz, izaera pertsonaleko datuak babesteaz eta ikerketa biomedikoaz ezarritako betekizunak konplitu beharko dituzte ikerketa-proiektuek.

12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntzaren xede izan daitekeen aurrekontuaren % 100 emango da gehienez, proiektuko 50.000 euro urtean gehienez ere.

Ebazpen honetan aurreikusitako diru-laguntzak beherago zehaztutako gastuak ordaintzeko dira. Hain zuzen ere, gastuek proiektuarekin lotuta egon beharko dute eta ezinbestekoak izango dira proiektua gauzatzeko. Horrez gain, gastu horiek exekuzio-epean burutu eta eskabidean behar bezala espezifikatuko dira:

a) Proiektua burutzeko gastuak, behar bezala justifikatuta. Esaterako:

– Proiekturako material suntsikorraren eta material bibliografikoaren eta dokumentalaren erosketa.

b) Proiektuaren exekuziorako soilik erabiltzeko tresnen eta ekipoen erosketak edo amortizazioak.

Diru-laguntzaren xede izan daitezke proiektuan egiteko jarduerak gauzatzeko ezinbestean erabili behar diren tresna eta ekipoen amortizazio-gastuak. Amortizazio-kostua onartzeko, amortizatutako elementuek proiektuaren izaerarekin eta edukiarekin lotura zuzena dutela justifikatu beharko da. Tresna eta ekipoak ez badira proiekturako erabiltzen haien balio-bizitza osoan, proiektuaren iraunaldiari dagozkion amortizazio-kostuak soilik izango dira diru-laguntzaren xede, eta herrialdeko kontabilitate publiko eta pribaturako araudian ezarritakoaren arabera kalkulatuko dira.

Gastu hori finantzatzeko, ezinbestekoa izango da proiektuaren memorian zehaztea amortizazio-kostu horiek kalkulatzeko erabili den prozedura, eta argi eta garbi adierazi beharko dira proiektuari egotzitako amortizazio-gastuak. Diru-laguntzarako eskaeran, urte bakoitzean, dagokion amortizazio-kuota baino ezingo da egotzi, edo leasing-kuoten zenbatekoa, tresna eta ekipoak sistema horren bidez erosi badira.

Amortizazio-gastuak justifikatzeko, ondasunaren titulartasun-agiria edo erosketa-faktura aurkeztu beharko dira, bai eta dagokion ordainketa-agiria ere.

Finantza-errentamenduen kasuan, hileko kuotaren zati proportzionala izango da diru-laguntzaren xede, finantza-kostuak kenduta. Kasu horretan, kontratuaren kopia aurkeztu beharko da, bai eta amortizazio-taula eta ordainagiriak ere.

Kanpo geratzen dira ekoizpen-jarduera hutsarekin lotutako tresna eta ekipoak.

Amortizazioaren kalkulua:

(Ikus .PDF)

– Proiekturako ezinbesteko kanpo-zerbitzuen kontratazioa.

Erakunde onuraduneko langile-gastuak; erakunde horrek egiaztatu egin beharko ditu proiektuan emandako orduak zein orduen kostua.

Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean proiekturako berariaz kontratatutako langileen ordainsariak. Kasu horretan, eskatzaileak egiaztatu beharko du langileak berariaz proiekturako kontratatzen direla, eta horren beharra justifikatu beharko du proiektuaren memorian. Horrez gain, kontratua ere aurkeztu beharko du.

Zeharkako kostuak: direnak izateagatik, proiektuaren gastutzat zuzenean ezin har daitezkeen gastuak (argindarra, telefonoa...); ez da eskatutako zenbateko osoaren % 1 baino gehiago izango.

Ezingo dira aintzat hartu esklusiboki administrazio-lanetan erabiltzekoak, egiturazkoak eta aukerazkoak diren altzariak edo materialak erosteko gastuak.

Ez da diru-laguntzaren xede izango, inola ere, benetan jasan ez den BEZik, edo diru-laguntzaren onuradunak beste moduren batean berreskuratu dezakeena.

13. artikulua.– Laguntzak kudeatzea eta Balorazio Batzordea.

1.– Ebazpen honetan aurreikusitako diru-laguntzen kudeatze-lanak egitea Osalani dagokio.

2.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Balorazio Batzorde bat eratuko da, eta Osalaneko kide hauek osatuko dute:

Presidentea:

– Pedro Uriarte Astarloa, Osalaneko Plangintzako zuzendariordea.

Kideak:

Luis Gómez Ońa, Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko arduraduna.

Diego Romero Gómez, Arabako Lan-osasuneko arduraduna.

Lourdes Iscar Reina, Osalanen Plangintzako Zuzendariordetzako Lan-osasuneko medikua.

Carlos Fernández Diez Osalanen Zuzendariordetza Teknikoko Lan-arriskuen Prebentzioko teknikaria.

José Antonio Biain Santiago Osalanen Plangintzako Zuzendariordetzako Lan-arriskuen Prebentzioko teknikaria.

Francisco Javier Calleja Quintana, Osalanen Zuzendariordetza Teknikoko Prestakuntza eta Dokumentazioko kudeatzailea.

Osalanen Zerbitzu Zentraletako lan-arriskuen prebentzioko teknikari batek, Balioespen Batzordeko idazkari-lanak egingo ditu.

Epaimahaibururik ez badago, kanpoan edo gaixorik izanez gero, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, batzordekideetako bokaletatik maila, antzinatasun eta adinik handiena duen kideak ordeztuko du epaimahaiburua, beti ere, hurrenkera horretan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 23.2 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.

14. artikulua.– Diru-laguntzak ematea.

1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako Balorazio Batzordeak aztertuko ditu eskabideak, betiere honako irizpideak kontuan izanik: ebazpen honetako 11. artikuluan ezarritakoak eta III. eranskineko ebaluazio-fitxetan irizpide bakoitzerako jasotako espezifikazioetakoak.

2.– SAFERA proiekturako batzordeak hautatutako ikerketa-proiektuen eskabideek dauden aurrekontu-izendapenen barruan jasoko dute diru-laguntza, eta hala behar izanez gero, haien arteko lehentasun-ordena ezarriko litzateke, SAFERAk egindako balorazioari erreparatuta.

3.– Balorazio Batzordeak erabaki-proposamena, behar bezala arrazoitutakoa, aurkeztuko dio Osalaneko zuzendari nagusiari, eta berak ebazpen baten bidez esleituko edo ezeztatuko du eskatutako diru-laguntza. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina horrek ez du esan nahi interesdunei ebazpena beste bide batzuk erabilita jakinarazi ezin zaienik. Osalanek balioetsitako ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-proiektuak gauzatzeko epea, gehienez ere, urtebetekoa izango da, eta SAFERA Europako Proiektuaren esparruan balioetsi eta onetsitakoak gauzatzeko, berriz, diru-laguntza emateko baldintzetan ezarritakoa, ez, hala ere, hiru urte baino gehiago. Bi kasuetan, epea esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da.

4.– Aurreko artikuluan zehaztutako Ebazpenak administrazio-bidea amaitzen du eta, haren aurka, badago aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Osalaneko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz; bestela, badago administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean aurkeztea Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako dagokion epaitegian, bi hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

5.– Ebazpen honen babespean aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpenak indarra hartzen duenetik hasita. Epe horretan ebazpen adierazirik ez bada eman ez jakinarazi, eskabideak ukatu egin direla ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du esan nahi, ordea, Administrazioak modu adierazian ebazteko obligaziorik ez duenik.

6.– Esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, pertsona edo erakunde onuradunak hamabost eguneko epean diru-laguntzari espresuki uko egiten ez badio, laguntza onartu duela ulertuko da.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

1.– Laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-proiektuetarako emandako diru-laguntzen ordainketa:

Konturako ordainketa bidez emango da diru-laguntzaren % 50, diru-laguntza esleitzen den unean. Onartutako diru-laguntzaren gainerakoa, diru-laguntzaren xede den jarduera esleipen-ebazpenean ezarritako baldintzetan eta eran burutu eta gero ordainduko da. Horretarako, beranduenez 20 egun balioduneko epean –exekuziorako ezarritako aldia bukatu ondoren– agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Burututako jardueren justifikazioko memoria. Bertan, burututako jarduerak eta lortutako helburuak deskribatuko dira, betiere, proiektuan zehaztutako egutegia kontuan izanik, eta proiektuaren emaitza diren produktuak aurkeztuko dira (datu-baseak, informatika-programak, argitalpenak, ponentziak).

– Proiektua exekutatzeari buruzko laburpena, IV. eranskinaren ereduarekin bat datorrena eta gehienez 30 orrialde dituena; Osalanek laburpen hori zabaldu ahal izango du, paperean zein euskarri informatikoan. Hala ere, proiektua gauzatzean sortutako agiriak eskatu ahal izango ditu Osalanek, eta horretaz gain, in situ egiaztatu ahal izango ditu proiektuaren garapena eta exekuzioa.

– Onuradunak eskubidea izango du nahi dituen argitalpen, aurkezpen eta komunikazioak egiteko, betiere Osalan erakundeak proiektua diruz lagundu duela aipatzen bada.

– Osalanek eskubidea du proiektutik ateratako emaitzak egoki iritzitako eran zabaldu eta ustiatzeko, betiere, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartutako Jabetza Intelektualari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginean egileei ematen zaizkien eskubideen aurka egin gabe. Proiektuko ikertzaile nagusia eta erakunde onuraduna zehazki aipatu beharko ditu. Halaber, informatika produktuak ez eze, haien erabilera, mantenu eta aldaketetarako beharrezkoak diren informazioa eta materialak ere, murrizketarik gabe erabili ahal izango ditu Osalanek, betiere arlo horretan izan litezkeen kolaborazioak kaltetu barik. Proiektuaren emaitzak zabaldu eta ustiatzeari dagokionez, Osalanek hala eskatuz gero, diru-laguntzaren onuradunak berariazko baimena lagatzen diola formalizatu beharko du.

– Diruz lagundutako jardueraren edo jardueren aurrekontua. Eskabidean aurkeztutako kontu-sailaren egituran ezingo da aldaketarik egin. Aparteko aldaketaren bat egin behar izatekotan, proiektuaren ikertzaile arduradunak eskabidea egin beharko du, aldez aurretik eta arrazoiak emanez, eta betiere, erakunde onuraduna horren jakitun eginez. Balorazio Batzordearen esku egongo da aldaketa onartzea ala ukatzea.

– Onartutako aurrekontuan azaltzen diren gastuei dagozkien egiazko egiaztagiriak, jatorrizko fakturak edo konpultsatuak, edo Zuzenbidean onartzen den beste edozein agiri; matrikulatik, dokumentuen salmentatik eta gainerako finantzaketa-iturrietatik sortutako diru-sarrerak, proiektuan aurreikusitakoak, ere horrela egiaztatu beharko dira.

– Kontzeptu finantzagarriak bereizita eta banakatuta agertu beharko dute faktura horietan. Gastuen fakturen edo dagozkien agirien datek ezingo dute izan proiektua exekutatu eta aurkezteko ezarritako epetik kanpokoak, deialdiaren eguna baino lehen onartu eta hasi direnen kasuan izan ezik; horrelakoetan, aurkeztutako egoera-aurrerapenean zehaztutako exekuzio-epean egindako fakturak sartu ahal izango dira.

– Diruz lagundutako jardueren publizitaterik eginez gero, publizitate horretan Osalanen lankidetza agerian adierazi dela justifikatzen duten agiriak.

2.– SAFERAk onartutako proiektuetarako diru-laguntzen ordainketa.

Konturako ordainketa bidez emango da diru-laguntzaren % 50, diru-laguntza esleitzen den unean. Onartutako diru-laguntzaren gainerakoa, diru-laguntzaren xede diren urteko plan edo ekintzak esleipen-ebazpenean ezarritako baldintzetan eta eran burutu eta gero ordainduko da. Horretarako, beranduenez 10 egun balioduneko epean –exekuziorako ezarritako aldia bukatu ondoren– agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Burututako jardueren justifikazioko memoria. Bertan, proiektuan aurreikusitako egutegiaren arabera burututako jarduerak eta lortutako helburuak deskribatuko dira.

– Proiektua exekutatzeari buruzko laburpena, IV. eranskinaren ereduarekin bat datorrena eta gehienez 30 orrialde dituena; Osalanek laburpen hori zabaldu ahal izango du, paperean zein euskarri informatikoan. Hala ere, proiektua gauzatzean sortutako agiriak eskatu ahal izango ditu Osalanek, eta horretaz gain, in situ egiaztatu ahal izango ditu proiektuaren garapena eta exekuzioa.

– Onuradunak eskubidea izango du nahi dituen argitalpen, aurkezpen eta komunikazioak egiteko, betiere Osalan erakundeak proiektua diruz lagundu duela aipatzen bada.

– Osalanek eskubidea du proiektutik ateratako emaitzak egoki iritzitako eran zabaldu eta ustiatzeko, betiere, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartutako Jabetza Intelektualari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginean egileei ematen zaizkien eskubideen aurka egin gabe. Proiektuko ikertzaile nagusia eta erakunde onuraduna zehazki aipatu beharko ditu. Halaber, informatika produktuak ez eze, haien erabilera, mantenu eta aldaketetarako beharrezko diren informazioa eta materialak ere, murrizketarik gabe erabili ahal izango ditu Osalanek, betiere arlo horretan izan litezkeen kolaborazioak kaltetu barik. Proiektuaren emaitzak zabaldu eta ustiatzeari dagokionez, Osalanek hala eskatuz gero, diru-laguntzaren onuradunak berariazko baimena lagatzen diola formalizatu beharko du.

– Diruz lagundutako jardueraren edo jardueren aurrekontua. Eskabidean aurkeztutako kontu-sailaren egituran ezingo da aldaketarik egin. Aparteko aldaketaren bat egin behar izatekotan, proiektuaren ikertzaile arduradunak eskabidea egin beharko du, aldez aurretik eta arrazoiak emanez, eta betiere, erakunde onuraduna horren jakitun eginez. Balorazio Batzordearen esku egongo da aldaketa onartzea ala ukatzea.

– Onartutako aurrekontuan azaltzen diren gastuei dagozkien egiazko egiaztagiriak, jatorrizko fakturak edo konpultsatuak, edo Zuzenbidean onartzen den beste edozein agiri; matrikulatik, dokumentuen salmentatik eta gainerako finantzaketa-iturrietatik sortutako diru-sarrerak, proiektuan aurreikusitakoak, ere horrela egiaztatu beharko dira.

– Kontzeptu finantzagarriek bereizita eta banakatuta agertu beharko dute faktura horietan. Gastuen fakturen edo dagozkien agirien datek ezingo dute izan proiektua exekutatu eta aurkezteko ezarritako epetik kanpokoak, deialdiaren eguna baino lehen onartu eta hasi direnen kasuan izan ezik; horrelakoetan, aurkeztutako egoera-aurrerapenean zehaztutako exekuzio-epean egindako fakturak sartu ahal izango dira.

– Diruz lagundutako jardueren publizitaterik eginez gero, publizitate horretan Osalanen lankidetza agerian adierazi dela justifikatzen duten agiriak.

16. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako emandako diru-laguntzak bateragarriak dira deialdi honetan araututako diru-laguntzekin. Edonola ere, erakunde onuradunek Osalani jakinarazi beharko diote beste laguntza horiek eskuratu dituztela.

2.– Emandako laguntza eta diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu egindako jardueraren kostu osoaren % 100, jarduera horrexetarako diren beste diru-laguntzak edo finantzatutako ekintza horretan bertan lortutako diru-sarrerak ere kontuan hartuta.

17. artikulua.– Emakida-ebazpenaren aldaketa.

1.– Diru-laguntza emateko garaian kontuan hartu ziren baldintzak aldatuz gero –betiere, xedea bete dela jotzen bada–, edota Administrazio honek, beste Administrazio Publiko batek edo beste erakunde publikoek zein pribatuek helburu bererako beste diru-laguntzarik edo laguntzarik emanez gero, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, erakunde onuraduna izateko ebazpen honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Ondorio horietarako, Osalaneko zuzendari nagusiak aldaketa-ebazpena emango du; bertan, emandako diru-laguntzen kopuruak birdoituko dira, eta erakunde onuradunek sobera hartutako zenbatekoak itzuli beharko dituzte.

2.– Finantzatutako jardueraren balantze ekonomikoa –gastu eta diru-sarrera guzti-guztiak kontuan hartuta– jasotakoa baino txikiagoa denean, diru-laguntza sortutako gastu errealari egokituko zaio era proportzionalean.

18. artikulua.– Zerga-obligazioak, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak, laneko segurtasun eta osasunaren alorrekoak eta diru-laguntza publikoen arloko obligazioak betetzea.

1.– Ebazpen honetan xedatutako diru-laguntzak jasotzeko eta ordaintzeko, dagozkien zerga-betebeharrak beteta dituztela egiaztatu beharko dute erakunde eskatzaileek, Ogasun eta Finantza Sailak horren inguruan xedatutakoarekin bat, bai eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ere.

2.– Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, automatikoki, ondokoak behar bezala egiaztatzen ez dituzten erakunde eskatzaileak: batetik, azken bost urteetan laneko segurtasun eta osasunaren aurkako delituengatik edo arau-hauste administratibo oso larriengatik izandako zigor edo zehapenei dagozkien alderdiak eta, bestetik, dagokien araudia betetzeari dagozkionak.

3.– Halaber, ebazpen honetan zehaztutako diru-laguntzak erakunde onuradunei eman eta ordaintzeko, baldintza hau bete beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ematen dituen izaera bereko laguntza edo diru-laguntza publikoen eremuan hasiera eman zaion eta artean izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaitu egin beharko da.

4.– Deialdi honetan ezingo dute parte hartu ez zehapen administratibo edo penalen bat dela-eta diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu dutenek, ezta legezko debekuren baten ondorioz hartarako inhabilitaturik daudenek ere.

5.– Halaber, ezingo dute parte hartu genero-arrazoiengatiko diskriminazioa egiteagatik zehapen administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoek, ezta Gizonen eta Emakumeen Berdintasunaren Legearen aplikazioa dela-eta parte-hartzea debekatu zaien pertsona fisiko eta juridikoek ere.

19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Era orokorrean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako eta kasuaren arabera ezar daitezkeen obligazioak baztertu gabe (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), diru-laguntzen onuradunek konpromisozko bermeen bidez diru-laguntzak nori emango zaizkion eta zertarako erabiliko diren bermatu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu).

2.– Erakunde onuradunak Osalanen laguntza jaso duela adierazi beharko du, diruz lagundutako jarduerak ezagutarazten, zabaltzen edo argitaratzen direnean.

3.– Ikerketa-proiektuetan sortutako datuak erabili ahal izango ditu Osalanek, bere helburuak erdiesteko. Hartarako, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa errespetatuko du batetik, betiere, gaiaz indarrean diren lege-xedapenak araupetu, argitu eta egokitzekotan, eta, bestetik, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa.

20. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean egonez gero erakunde onuraduna, edo ebazpen honetan eta aplika daitezkeen arauetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako arauak bete ezean, Osalaneko zuzendari nagusiak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez, ebazpen bat emango du, eta ebazpen horren bidez, honako hau adieraziko du: ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu egin duela erakunde onuradunak, eta hala badagokio, ordura arte jasotako diru-kopuruak eta diru-laguntza ordaintzen denetik aurrera sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko dituela, bidezko beste akzio batzuk eragotzi gabe. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena hauxe izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa.

21. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Ezarritako arauak betetzen ez badira, honako prozedura honi jarraituko zaio jasotako diru-laguntza itzultzeko:

a) Osalaneko zuzendari nagusiak prozedura hasi dela eta berau oinarritzen duten zergatiak zein diren jakinaraziko dio diru-laguntzaren onuradun den erakundeari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hori hasten denean eten egingo dira egiteko dauden ordainketak.

b) Alegazioak jaso ondoren edo epea alegaziorik egin gabe igarotzen bada, Osalaneko zuzendari nagusiak itzulketa-prozedurari amaiera emango dio; aplika daitekeen araudia ez dela betetzen uste badu, ebazpena emango du, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharreko diru-kopuruak ordaindu beharra deklaratzeko, jakinarazpena egiten denetik bi hilabeteko epean, gehienez. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da. Itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabetean ebatzi behar da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoa betez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan xedatutako ondorioetarako –horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura diren gastu-espedienteen izapideak aurrez egitea–, Ebazpen honen bidez deitu eta arautzen diren diru-laguntzak emateko kreditu nahikoa eta egokia egon behar da Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. urterako Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek berariaz ezarri gabeko guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan jasotako arauak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta bere aurka berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Osalaneko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, edo, bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean; bi kasuetan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3. eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da hori.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunenetik sortuko ditu ondorioak.

Barakaldo, 2013ko abenduaren 4a.

OSALANeko zuzendari nagusia,

IZASKUN URIEN AZPITARTE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala