Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2013ko abenduaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
5382

EBAZPENA, 2013ko azaroaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Lazkaoko Udalak sustatutako 1H.J.A.ko CAF eremua urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko, edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik.

Lazkaoko 1H.J.A.ko CAF eremua urbanizatzeko proiektua onartzeko prozedurari hasiera emanda, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko Lege Orokorrean eta Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa aplikatu behar denez, besteak beste, honako izapide hauek gauzatu dira:

– Ingurumen-inpaktuaren azterlanaren garrantzia zehaztea. Lazkaoko Udalaren eskariz, 2011ko urtarrilaren 20an, Ingurumeneko sailburuordeak hasiera eman zion Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan aurreikusitako kontsulta-izapideari. Izapide hori burutzeko, ingurumen-organoak 2011ko maiatzaren 2an txosten bat eman zuen, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruz.

– Jendaurreko informazioaren izapidea. Organo eskudunak jendaurrean jarri zuen proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana (2012ko ekainaren 21eko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 118. zenbakia).

– Entzunaldiaren izapidea. Lazkaoko Udalak ingurumen-inpaktuaren azterlanaren gaineko kontsulta egin zien eragindako administrazioei eta interesdunei.

– Espedientea bidaltzea eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena eskatzea. 2013ko abuztuaren 30ean, Lazkaoko Udalak Ingurumen Sailburuordetzari igorri zion espedientea, proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 12.1 artikuluan ezarritakoa betez.

– 2013ko urriaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari kontsulta egin zitzaion entzunaldiaren izapidearen ondoren espedienteari erantsitako informazio berriari buruz. Informazio hori 2000 Natura Sarearen guneei buruzko proiektuaren oihartzunei lotuta dago.

– 2013ko urriaren 22an, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak txosten bat bidali zuen, aurreko idatzi-zatian aipatutako kontsultari erantzun nahirik, eta emaitza espedientean agertzen da.

Aztertuta geratu dira agiri teknikoak eta proiektuaren espedientean dauden txostenak, eta ikusi da ingurumen-inpaktuaren azterketa egokia dela eta bat datorrela indarrean dagoen legeriarekin. Horrenbestez, zenbait xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egiteko organo eskuduna denez, honako hau

EBAZTEN DU:

1.– Lazkaoko Udalak sustatutako 1H.J.A.ko CAF eremua urbanizatzeko proiektuaren urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egitea.

2.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz:

2.A.– Proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera gauzatu beharko da, bai eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera ere.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziori buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia. Urbanizatze-proiektuarekin batera datozen azpiegituren eraginak ere aztertu dira baldin eta beharrezkoak badira proiektua garatzeko, hala nola saneamendu-sareen, eta ur, gas, telekomunikazio eta argiz hornitzeko sareen trazatuak.

2.B.– Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Dekretu horren bidez onartu zen proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina.

Proiektuan aldiro egiten diren aldaketak –hau da, aurreko idatzi-zatian adierazitakoen garrantzirik izan gabe, obrak egiteko falta diren gainerako prozeduretan sortzen diren aldaketak–, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, eta aldaketok proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan sartuko dira.

2.C.– Neurri babesleak eta zuzentzaileak.

Ingurumen-inpaktua ebaluatu bitartean proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira neurri babesle eta zuzentzaileak, eta neurri horiei ebazpen honetan ezarritakoak erantsiko zaizkie. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako langileria, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan ezarritako kalitateko helburuak bermatu ahal izango dituzte.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan erantsi beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute.

2.c.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.

Urbanizazio-proiektuak «Oria garaia/Alto Oria» (kodea: ES212005), Kontserbazio Bereziko Eremuari (KBE) eragiten dio. Eremu horretarako kontserbazio-neurriak Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatzen dituen urriaren 16ko 215/2012 Dekretuaren bidez ezarri dira. Dekretu horren bidez, eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuarioren Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatu eta kontserbazio-neurriak onartu ziren.

Espedientean dokumentu berezi bat dago, proiektuak leku horretan izango duen eraginari buruzkoa. Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak dokumentu horri buruzko txostena egin zuen, 2013ko urriaren 22an.

Txosten horretan, bete beharreko baldintzak aipatuta daude, hain zuzen ere, proiektua eta «Oria garaia/Alto Oria» (kodea: ES212005), Kontserbazio Bereziko Eremurako kontserbazio-neurriak bateragarriak direla bermatzeko asmoz. Ibaiertzeko habitata zaindu eta hobetu beharra da neurri horietako bat.

Ildo horretatik, Agauntza ibaiaren eskuineko bazterreko berdeguneen lorategi-diseinua ez dator bat zehaztutako kontserbazio-neurriekin. Beraz, ibai-ertzeko baso estua mugatzen eta zedarritzen duen hesi metalikoa beste nonbait kokatu beharra dago, eta basoa leheneratu eta hartutako azalerari, egiturari eta berariazko ugaritasunari eta abarri dagokienez hobekuntzak egiteko landaketak egingo dira.

Horiek horrela, gune horretako ingurumen-balioak behar bezala babestu nahirik, Gipuzkoako Mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Araua eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko landaretzaren zenbait espezieren babesa ezartzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua aplika baitaitezke ere, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

2.c.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektuaren lursailaren barruan egingo dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa aipatutako mugetatik kanpo.

2.c.1.2.– Tokiko bertako zuhaitz-landaredia naturala ebakitzea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi baino lehen, zehatz-mehatz mugatu eta balizatuko dira lanak gauzatzeko derrigorrez ebaki behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak, batez ere Agauntza ibaiaren bazterreko landaretza, 91E0* lehentasunezko intereseko habitata baitu, alegia, «Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior-eko baso alubialak» habitata. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako 2.c.10 idatzi-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak. Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen 2.c.11 idatzi-zatiko lan-programan jasoko dira.

2.c.1.3.– Kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestu behar dira, sistema erradikularraren kolpeak eta kaletak saihesteko. Ebazpen honen 2.c.10 idatzi-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak berariaz zehaztuko ditu jarduera horiek.

2.c.1.4.– Kontratistaren instalazio-eremuak, obra-materialak aldi batean biltegiratzeko eta aldi baterako metatzeko eremuak ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira. Eremu horiek ezin izango dira inoiz kokatu intereseko landare-formazioak dituzten eremuetan (ur-bazterreko landaredia), ezta Agauntza ibaiaren ondoko lurretan ere.

Horretarako, obrak hasi aurretik, obrarako sarbideek, tresnak aldi batean biltegiratzeko eremuek eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko tokiek okupatzen dituzten eremuak behar bezala zehaztuko dira xehetasunezko kartografian. Muga hori obra-zuzendaritzak onartu beharko du, eta, aldez aurretik, ebazpen honen 2.c.10 idatzi-zatian aipatzen den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak. Instalazio horien ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen 2.c.11 idatzi-zatiko lan-programan jasota egongo dira.

2.c.1.5.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko kalterik egingo balitz, neurri zuzentzaileak eta guneak oneratzeko neurri egokiak ezarriko dira; aldez aurretik, ebazpen honen 2.c.10 idatzi-zatian adierazten den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak.

2.c.1.6.– Ibai ertzeko habitatak leku gehiago izan dezan eta bere funtzionaltasuna eragotz dezakeen oztoporik izan ez dadin, Agauntza ibaiarekiko paraleloa den hesi metalikoa oinezkoentzako bidearen ertzeraino eraman beharko da, hala xedatuta baitago Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzaren 2013ko urriaren 22ko txostenean.

2.c.1.7.– Halaber, hesiaren kokapen berriaren eta ibai ertzaren artean libre geratzen den berdegunean ur ertzeko basoaren zuhaitzak landatuko dira, bertakotuen habitaten sorrera errazte aldera, ibai ertzeko egungo basoarekin lotuta.

2.c.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak aparte utzi gabe, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

2.c.2.1.– Berariaz debekatuta egongo da makinak aldatu edo oliorik aldatzea, horretarako adierazitako guneetatik kanpo. Lanak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango da, zorua eta urak ez kutsatzeko.

2.c.2.2.– Obra-makineriarako eta haren mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko sare batekin. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez dezaten. Ezin izango da erregairik zamatu, oliorik aldatu eta oro har tailerreko lanik egin adierazitako gunetik kanpo.

Instalazio horien ezaugarriak eta lurra eta ura ez kutsatzeko neurri zehatzak ebazpen honetako 2.c.11 idatzi-zatian zehaztutako lanen programan jaso beharko dira.

2.c.2.3.– Eraikuntza-fasean, minimizatu egingo dira drainatze-sarera isurtzen diren material finak. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta dagokionean, gune jakin batean isurtzen dela bermatzeko, betiere, uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz.

Sistema horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak ebazpen honetako 2.c.11 idatzi-zatian aipatzen den lan-programan jasoko dira.

2.c.2.4.– Hormigoizko upelen ikuzketa, betiere, horretarako egokitutako eremuetan egingo da. Ez da inola ere onartuko hormigoiaren ikuzketaren hondarrak ibaiaren ibilgura isurtzea. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honen 2.c.6 idatzi-zatian ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

2.c.2.5.– Urbanizazio berriko euri- eta hondakin-uren sareen ezaugarri nagusiak «Lazkaoko Arau Subsidiarioetako 1H.J.A.ko CAF urbanizazio-proiektua» dokumentuan eta ingurune-inpaktuaren azterlanean ezarritakora egokituko dira. Dokumentu hori Lazkaoko Udalak bidali zuen Ingurumen Sailbuordetzara. Adierazitakoaren arabera, urak husteko sistemak euri-urak eta hondakin-urak bereiziko ditu. Gune libreen eremuko euri-urak Agauntza ibaira isuriko dira, eta gainerakoak euri-uren sarera hustuko dira. Hondakin-uren sare berriak udal kolektorean egingo du hargunea.

Nonahi ere, ura arroko erakundeak erabakitzen duen moduan isuriko da ibilgura.

2.c.3.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-emisioak murrizteko neurriak.

Lanak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Aldi baterako hutsik dauden pistak eta azalerak ureztatzeko sistema eduki beharko da.

Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta. Aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak ebazpen honetako 2.c.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko da.

2.c.4.– Soinuek eta bibrazioek eragindako eragina gutxitzeko neurriak.

2.c.4.1.– Lanak dirauen bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

2.c.4.2.– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

2.c.4.3.– Beste aldetik, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan, obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarri daudenak, baina hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

2.c.5.– Lurzoruaren kalitatearen eta aurreikusitako erabileren arteko bateragarritasuna bermatzeko neurriak.

Proiektua Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako leku batean garatzen da.

Ingurune hori osatzen duten finken titularraren eskariz, Ingurumen Sailburuordetzak hasiera eman zion lurzoruaren kutsadura saihestu eta zuzentzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean araututako prozedurari, zein Ingurumeneko sailburuordearen 2013ko otsailaren 15eko Ebazpenarekin burutu baitzen. Ebazpen horren bidez, 1H.J.A.ko CAF hirigintza-jarduerarako eremuko lurzoruaren kalitatea deklaratzen zen; eremu hori Ibai Ondo auzoan dago, GI-4491 errepidearen ondoan, Lazkaoko udalerrian (Gipuzkoa).

Urbanizatzeko lanak ebazpen horretan ezarritako moduan egin beharko dira, toki hori aurreikusitako erabilerekin bateragarria izan dadin. Hona erabilerak: espaloidun bidegorria (parke publikoaren parekoa) eta errepidea (industrialaren parekoa).

Ebazpenean ezarritako erabilera-mugak beteko dira.

Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, lurzoruaren kutsadura saihestu eta zuzentzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritakoa beteko da.

2.c.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

2.c.6.1.– Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, hau da, obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak, bilgarriak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak Hondakin, lur kutsatu eta berariazko araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko asmoz.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro, lehentasunez, behar bezala baimendutako balorazio-prozesu batetik igaro beharko da. Hurrenkera honetan lehenetsiko da: berriro erabiltzeko prestatzea; birziklatzea; beste balorizazio mota bat, balorizazio energetikoa barne dela.

Hondakin horien balorizazioa teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak.

Berariaz debekatuta dago sortutako mota desberdinetako hondakinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; jatorrian bereizi behar dira haiek, eta behar diren biltze- eta biltegiratze-bitartekoak jarri behar dira haiek ez daitezen nahasi.

2.c.6.2.– Ebazpen honetako 2.c.5 idatzi-zatian aipatutako tokien indusketan-lanen ondoriozko materialak ingurumen-organoak lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren barruan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Adierazpen hori Ingurumeneko sailburuordearen 2013ko otsailaren 15eko Ebazpenaren bidez eman zen.

2.c.6.3.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Eraikitze- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko azterlana urbanizazio-proiektuaren barruan dago, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren arabera prestatu zen, eta, behar izanez gero, azterlan horietarako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren I. eranskinean ezarritako edukira egokitu beharko da.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako betebeharrei kalterik egin gabe, obran sortuko diren hondakinei eta eraikitze- eta eraispen-materialei dagokienez dituen betebeharrak nola beteko dituen jasotzen duen plan bat egin beharko du kontratistak. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, sustatzaileak bete beharko ditu amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 108/1991 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

2.c.6.4.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren, hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren, eta horien aldaketen arabera kudeatuko dira.

2.c.6.5.– Jardueraren ustezko soberakinak bideratu lekizkiekeen betegarriek otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete behar dituzte.

Soilik VIE-A ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki poluitzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lur-sailak betetzeko edo egokitzeko, lurzoruaren poluzioa prebenitu eta zuzentzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

2.c.6.6.– Hondakin arriskutsuetarako ontzietan kontuan izan beharko dira uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak (833/1988 Errege Dekretua, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen duena); itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontzi edo ontzikiak etiketatuta egon behar dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa.

2.c.6.7.– Olio erabilia kudeatzeko, hartuko da kontuan industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua.

Erabilitako olioa, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

2.c.6.8.– Araudi hau errazago betetzeko, lan desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta horien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik, ezta hondakinik erreko ere.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, lanak dirauen bitartean, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira obran (bidoiak eta abar). Hondakinok euren izaeraren arabera bereiziko dira, betiere aipatutako puntu garbian aldi batez biltegiratu ondoren.

2.c.6.9.– Obretan sortutako eta aurreikusitako eraispenetako hondakinen ingurumeneko jarraipenaren txosten ulergarria egin beharko da, eta txosten horrek indarrean dagoen legeriak jasotzen dituen hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako agiriak jaso beharko ditu.

2.c.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal kultura-ondarearen inbentario orokorrean inskribatzea proposatzen diren elementuak (frontoia eta igerilekua) babesteari buruzko ingurumen-inpaktuaren azterlanean aurreikusitakoa eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako betebeharrak betetzea aparte utzi gabe, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat aurkituz gero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Orokorrari jakinaraziko zaio berehala, eta hark erabakiko du zein neurri hartu behar diren.

2.c.8.– Paisaia babesteko eta leheneratzeko neurriak.

2.c.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, hau da, ingurumen-inpaktuaren azterlanean agertu ez arren proiektuaren ondorioz kaltetu direnak. Ingurumen-lehengoratzean sartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landare-berritzea ere.

2.c.8.2.– Lur-mugimenduak egiten diren bitartean, lur begetala modu askotan kendu, pilatu eta zabalduko da, ondoren eragindako espazioak leheneratzeko eta landareberritzea errazteko.

2.c.8.3.– Landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Alde horretatik, landare-estalkia leheneratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da bereziki, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.

2.c.8.4.– Ebazpen honetako 2.c.1.7 idatzi-zatian aurreikusitakoarekin bat etorriz, landaretza berriro jarri ahal izango da Agauntza ibaiaren eskuineko bazterraren eta oinezkoentzako bidearen artean. Landare-berritzea ur bazterreko bertako espezieak erabiliz egingo da, behar diren kopuruetan eta egoki diren tokietan, bertakotutako habitatak ur bazterreko basoan bat eginda sortzeko erraztasunak emanez.

2.c.8.5.– Ingurua leheneratu ondorengo bi urtean, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

2.c.9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, eremua ondo garbitu beharko da, proiektuaren eragin-eremutik obra-hondakin guztiak kenduz. Garbitze-lanetatik sortutako hondakinak lan-eremutik kendu eta ebazpen honen 2.c.6 idatzi-zatian xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

2.c.10.– Ingurumenari buruzko aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan trebatutako aholkularitza eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zehaztapenen arabera. Baldintza-agiriak obraren zuzendaritzari esleitzen dizkion funtzioekin lotutako ebazpenak emateko, aldez aurretik aholkularitza ematen duten adituek egindako txostena aztertu beharko da.

Eremuak kalteberak izanez gero, hala nola lehentasunezko eta interes komunitarioko habitatak, baso-masa autoktonoak, zuinketa-fasean eta zuhaitzak botatzen direnean, Botanikan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

2.c.11.– Lan-programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, jarraian datozen idatzi-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du kontratistak.

Proposamen horiek lanen gauzatze-programarekin batera jasoko dira, eta lanen zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, aurreko idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Bildu beharreko agiriak honako hauek dira:

– Zuzeneko okupazioa egingo ez den aldeetan dauden ingurumen-intereseko eremuak zehatz-mehatz zehaztea eta balizatzea.

– Honako hauetarako sarreren kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasuna: makineriaren parkea, eta obrako materialen eta lurren eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuak.

– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen xehetasunak.

– Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen ezaugarriak eta kokapena.

– Obretan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak eta -materialak kudeatzeko plana.

3.2.12.– Kalitate akustikoak proiektuaren eremuan dituen helburuak.

Kalitate akustikoak urbanizazio-proiektuaren kanpo aldeko eremuan dituen helburuak Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriko dira.

2.D.– Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan eta ebazpen honetan aurreikusitakoarekin bat etorriz gauzatuko da.

Programa obra kontratatzeko baldintzen pleguan egongo da eta aurrekontu bat izango du, programa betetzea bermatuko duena.

2.d.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak amaitu ondoren, sustatzaileak obra-amaierako txostena egin beharko du, eta han jasoko du obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa, bai eta neurri babesleak, neurri zuzentzaileak eta ingurumen-zaintzakoak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ikuskatzeko moduan egin beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, bidali beharko da. Proiektua garatu bitartean sartutako aldaketa puntualak xehetasunez dokumentatu beharko dira, ingurumenean duten eragina kontuan hartuta.

2.d.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Abian jarritako neurri babesleen eraginkortasuna kontrolatuko da, inguru kalteberei ez eragiteko.

2.d.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Oro har, lanean irekitako zuloetatik ingurumen urtarrera isurketak egin daitezkeenean, 2.c.10 idatz-zatian aurreikusten diren ingurumeneko aholkularitzak urak isuri aurretik ur horiek bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala egiaztatuko dute; euri-aldietan ibaira edo kolektorera finik isuri ote den ere aztertuko dute.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezko diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten zuloetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

2.d.4.– Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

Berme aldian, aldizkako jarraipena egingo da ikusteko ea ondo dagoen urbanizazio-proiektuak eragindako azaleren leheneratzea, batez ere ur-bazterreko habitata leheneratzeko sailetan arreta jarriz. Zainduko da orobat gainerako neurri zuzentzaileek ondo funtzionatzen ote duten.

Leheneratzearen arrakastaren jarraipena proiektu honetatik kanpo aurreikus daitezkeen jardueretara hedatuko da.

2.d.5.– Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategina.

Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programaren testu bategina landu beharko du Ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanean, eta ebazpen honetan proposatu diren betebehar guztiak bilduko ditu.

Programa horretan kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira; horrez gain, laginketarako eta analisirako metodologia, kontrolerako puntuen kokapenari buruzko kartografia xehatua, haien maiztasuna eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak ere jasoko dira.

2.d.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetara bidaliko dira. Urtean behin bidaliko dira emaitza horiek, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, eta berariaz adieraziko dira epe horretan izandako gertakari nagusiak, bai eta haien balizko zioak eta konponbideak ere.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta herri-administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.E.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumen-organoak neurri babesleak zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldaraz ditzake. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktua saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein osabidezkoak gutxiegizkoak direla egiaztatzen denean.

2.F.– Ebazpen honen aurreko idatzi-zatietan ezarritakoari kalterik egin gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sartzeko.

2.f.1.– Ebazpen hau argitaratu eta hiru hilabeteko epean, ebazpen honetako 2.d.5 idatzi-zatian aurreikusitako ingurumen-zaintzarako programaren dokumentu bategina.

2.f.2.– Obrak amaituta, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, neurri babesleak eta zuzentzaileak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

2.f.3.– Urtero, obrak hasi eta berme-adia amaitu bitartean, ingurumen-zaintzaren programari buruzko dokumentua, egindako kontrolen emaitzak dituena, ebazpen honen 2.d.6 idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

3.– Honako gomendio hauek ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluan aurreikusitako araubideari atxikita ez daudenak:

Aztertuta geratu da Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren 2012ko abenduaren 19ko txostena, jendaurreko izapidean eraginpeko herri-administrazioei helarazia. Txosten horretan, beste neurri batzuk ere hartzeko gomendatzen da, kultura-ondarearen gaineko inpaktua murrizteko asmoz, batez ere «injineruen etxeak» izeneko eraikinetan, etxe horiek inolako babes-gradurik ez duten arren, Kultura Ondarearen Zentroaren katalogoetan jasota baitaude. Nolanahi ere, gutxienez elementu horiek dokumentatzeko gomendioa ematen da.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea ezartzea proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo eskudunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik badago.

5.– Proiektuen ingurumen-inpaktuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

6.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 6a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala