Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2013ko abenduaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
5376

EBAZPENA, 2013ko abenduaren 11koa, Segurtasuneko sailburuordeak eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak elkarrekin emandakoa; horren bidez deialdia egiten da Ertzaintzako intendente, komisario eta komisariondoko kategorietako karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak behin betiko betetzeko prozedurarako, izendapen askeko sistemaren bitartez eta superintendente, intendente, komisario eta komisariondoko kategoriei dagozkien lanpostuetarako zerbitzu-eginkizunak esleitzeko prozedura erabiliz hornitu beharrekoak direnak.

Segurtasuneko sailburuaren 2013ko azaroaren 20ko Aginduen bidez Ertzaintzaren egitura organiko berria eta bere lanpostu-zerrenda onartu ondoren, aginte-eginkizunak dituzten eta aldi berean betetzeko sistema izendapena askea duten lanpostuei dagokienez, beharrezkoa da hutsik daudenak behin betiko hornitzea.

Hala ere, kontuan hartu behar da une honetan Ertzaintzaren aginte-egitura oraindik ez dagoela erabat garatuta eta; horrenbestez, ez dago lanpostuen zerrendak eskatutako kategoriaren baldintza betetzen duen ertzain nahikorik (zehazki superintendente, intendente eta komisariondoko kategoriak). Lanpostuak hornitzeko sistema behin betiko amaitzen denean, segurtasun publikoko zerbitzuak Ertzaintzaren erabateko eraginkortasuna eskatzen du; horregatik, premiazkoa izango da, kategoriaren baldintza bete ez arren, eskatutako eskala berean edo beheragoko hurreneko kategorian dauden ertzainei goragoko kategoriako eginkizunak ematea. Hori berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-irizpideei jarraikiz egingo da eta prozedura publiko baten bitartez, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 72. artikuluaren 1. eta 5. zenbakietan eta Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoen funtzionarioen lanpostuak betetzeko Araudiaren 25. eta 26. artikuluetan aurreikusten denaren arabera.

Zerbitzu publikoa zaintze aldera, aginte-postuak legez aurreikusitako sistemaren bidez lehenbailehen betetzeko dagoen beharra ikusita eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 3. artikuluan ezarritako elkarlan- eta eraginkortasun-printzipioak aintzat hartuz, gomendagarria da behin betiko hornitzeko eta zerbitzu-eginkizunak esleitzeko hautaketa-prozesuetarako deialdia aldi berean egitea; hain zuzen, erakundean eskatutako kategoria duten karrerako funtzionariorik ez egoteagatik hutsik dauden lanpostuei dagokienez.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen 2013ko abenduaren 4ko Ebazpen bidez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 legearen 14. artikuluaren babesean, erabaki da Ertzaintzako superintendente, intendente, komisario eta komisariondoko kategorietako lanpostuetarako zerbitzu-eginkizunak esleitzeko eskumena goragokoak bereganatzea, lanpostu horiek gaur deitzen den prozeduraren xede dira eta, halaber, prozedura hori ohiko izaeraz Giza Baliabideen Zuzendaritzari esleitu zaio Segurtasun Sailaren egitura Organiko eta Funtzionalari buruzko Dekretuaren 12.2.a).7 artikuluan oinarriturik; hain zuzen, antolaketa-eredu berria ezartzeak berekin ekarriko duen langile-birbanaketagatik. Izan ere, lanpostu horiek Ertzaintzan erantzukizunik handiena dutenak dira eta beren hornikuntza-sistema izendapen askea da eta; horrez gain, beroriek behin betiko betetzeko eskumena Segurtasuneko sailburuordeari dagokio. Beraz, bereganatze hori burutu beharreko esleipenen garrantziak eragin du.

Segurtasun Sailaren Egitura Organiko eta Funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 13.2.d) eta 9. artikuluek Segurtasuneko sailburuordeari eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hurrenez hurren, esleitzen dizkien eskumenen babesean, eta goragokoak eskumenak bereganatzeari buruz Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emandako 2013ko abenduaren 4ko Ebazpena betetzeko

EBAZTEN DUGU:

Lehenengoa.– 1. eranskinean zerrendatzen diren lanpostuei loturik, betetzeko sistema izendapen askea duten eta ebazpen hau ematen den unean hutsik dauden lanpostuen hornikuntzari begira:

1.– Behin betiko betetzeko deialdia onartzen da.

2.– Zerbitzu-eginkizunak esleitzeko deialdia onartzen da.

Bigarrena.– Lanpostuen behin betiko hornikuntza eta zerbitzu-eginkizunen ondorengo esleipena egingo dira kontuan izanik hurrengo

OINARRIAK

Lehenengoa.– Behin betiko hornikuntzaren prozeduran parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute eskatutako baldintza orokorrak eta eskainitako lanpostuak edukitzeko lanpostuen zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten Ertzaintzako karrerako funtzionario guztiek. Horrez gain, hauetako egoeraren batean egon beharko dute: zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan, seme-alabak zaintzeko eszedentzian eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 82. artikuluan aurreikusitako eszedentzian. Halaber, parte ahal izango dute lege horren 89.2 artikuluan aurreikusitako eran zerbitzu aktibo egoerara itzultzen diren funtzionarioek.

2.– Bestetik, deialdi honetan aurreikusitako prozeduraren bitartez zerbitzu aktibora itzuliz hauek ere parte ahal izango dute: nahitaezko eszedentzia egoeran daudenak edo beste herri-administrazio batzuetan zerbitzuan direnak, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 63. artikuluan xedatutakoaren arabera birgaitutakoak, sei hilabetetik gorako etendura-egoeran daudenak eta gainerako borondatezko eszedentziadunak baldin eta egoera horietarako ezarritako gehienezko denbora bete badute.

3.– Ebazpen hau ematen den egunean Ertzaintzako karrerako funtzionarioek inongo lanposturi behin betiko atxikita egon ezik eta deialdiaren xede diren lanpostuei dagozkien kategorietakoak badira, prozedura honetan parte hartu beharko dute eta; halaber, hornitzeko era izendapen askea duten lanpostu huts guztiak eskatu beharko dituzte, betiere lanpostu horiek gordeta dauden kategoriaren arabera bete ahal izanez gero. Horrela egin ezik, nahitaez horietako edozeini atxikiko zaizkio.

4.– Deialdi hau egin aurreko bi urteotan destinoaz merezimendu-lehiaketaren bidez jabetu direnek parte ahal izango dute izendapen askeko sistema erabiliz hornitu behar diren plazak eskatuz.

5.– Hurrengo hauek ezin izango dute parte hartu deialdi honetan:

a) Hutsegite larria edo oso larria egin izanagatik eginkizunen etendura irmoaren administrazio-egoeran daudenak, betiere egoera horretan iraun- bitartean.

b) Lekualdatzeko zehapena izan dutenak, Euskal Herriko Polizia-kidegoen Diziplina Erregimenaren Erregelamenduaren 15. artikuluan jasotakoari jarraituz.

c) Interes partikularrengatiko borondatezko eszedentzia egoeran daudenak baldin eta egoera horretan indarreko araudian eskatzen den gutxieneko denbora eman ez badute.

6.– Baldintzak betetzen direla egiaztatzean eta, hala egokituz gero, deialdian jasotzen diren beste zehaztapen batzuen balorazioa egitean erreferentziatzat hartuko da eskabideak aurkezteko epearen amaiera-data.

Bigarrena.– Zerbitzu-eginkizunetarako prozeduran parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute zerbitzu aktiboan dauden eta Ertzaintzako Goi-mailako Eskalako intendente-kategoriakoak, Egiterapen Eskalako komisario edo komisariondoko kategorikoak edo ofizial edo ofizialondoko kategoriakoak diren karrerako funtzionario guztiek; baldin eta, eskainitako lanpostuetan aritze aldera, eskatzen diren gainerako baldintza orokorrak eta lanpostuen zerrendan ezarrita dauden eskakizunak betetzen badituzte.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Prozedura honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea 2014ko urtarrilaren 9an –barne sartuta– amaituko da.

2.– Deialdi honetan parte hartzeko eskatze aldera 2. eranskin gisa honekin batera doan eskabide-orri normalizatuaren eredua erabiliko da. Bertan behin betiko izaeraz eta/edo zerbitzu-eginkizunetan hornitzekoak diren lanpostuak zehaztuko dira eta; bi kasuetarako, lanpostu batzuk izanez gero, baita lanpostu horien lehentasun-ordena ere.

3.– Eskabideak aurkezteko epea igaro ondoren, aurkeztutako eskabideak lotesleak izango dira sinatu dituztenentzat.

Laugarrena.– Lanpostuen behin betiko hornikuntza izendapen askeko sistemaren bidez.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko Araudiaren 19. artikuluan xedatutakoaren arabera, izendapena egiteko premiazkoa izango da hornitu beharreko lanpostua atxikita dagoen administrazio-unitatearen edo -organoaren titularraren aldez aurreko txostena. Txosten horretan izangaien artean egokitasun-proposamena landuko da edo, bestela, deialdia bete gabetzat jotzea proposatuko.

2.– Txostena hamabost egun naturaleko epean emango da.

Bosgarrena.– Behin betiko hornikuntza ebaztea.

1.– Behin betiko atxikipen gisa izendapen askeko sistemaren bidez hornitu beharreko lanpostuak Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen bidez esleituko dira, interesdunei banaka adieraziko baitzaie. Ebazpen hori hamaikagarren oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz argitaratuko da.

2.– Izendapena egiteko ebazpena arrazoituko da hautatutako izangaiak deialdian eskatutako baldintzak eta gainerako zehaztapenak betetzen dituen eta izendapena egiteko eskumena aipatuz. Nolanahi ere, emandako ebazpenaren funtsa izango da beharrezko prozedura betetzea.

Seigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoen funtzionarioen lanpostuak betetzeko Araudia onartu zuen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren Bosgarren Xedapen Iragankorraren arabera, eta Euskal Herriko Poliziaren Legearen Seigarren Xedapen Iragankorraren aplikazioa kontuan hartuz, funtzionario interesdunari dagokion kategoriako lanpostu hutsik egon ezik, funtzionario hori Segurtasuneko sailburuaren esanetara geratu ahalko da zerbitzu-eginkizunetan bere kategoriari dagozkion funtzioak aldi baterako betetzeko; harik eta bere eskalako eta kategoriako lanpostuei behin-behinean atxiki arte edo zerbitzu-eginkizunetan esleitu arte.

Zazpigarrena.– Izendapen askeko sistemaren bidez hornitutako lanpostua uztea, funtzionarioa behin betiko hari atxikita egonez gero.

1.– Deialdi honen xede diren lanpostuen behin betiko atxikipenaren funtzionario esleipendunak nahi denean lanpostutik kendu ahalko dira. Erabaki horren arrazoiketak beti holakoa erabakitzeko eskumena aipatuko du.

2.– Izendapen askeko lanpostutik bazter utzitako funtzionarioak behin-behinean atxikiko zaizkio, ondorioak lanpostua utzi zuten hurrengo egunetik izanda, herri berean beren eskalako edo kategoriako beste lanpostu huts bati. Holakorik ezean, atxikipena kategoria horretan Ertzaintzan dagoen lanpostu hutsen batean egingo da, lanpostuak betetzeko Araudia onartu zuen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 24. artikuluaren 5. zenbakian ezarritakoaren kalterik gabe.

Zortzigarrena.– Zerbitzu-eginkizunen esleipena.

1.– Euskal Herriko Poliziaren Legearen 72. artikuluaren 1. eta 5. zenbakietan ezarritakoarekin bat, zerbitzu-eginkizunak eman ahalko dira norberaren kategoriakoak ez diren lanpostuak edo funtzioak betetzeko, betiere funtzionario interesdunaren eskala berekoak edo goragokoak izanez gero.

2.– Deialdi honen xede diren lanpostuen behin betiko hornikuntza Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez ebatzi ondoren, zerbitzu-eginkizunak esleituko dira aurkeztutako eskabideak kontuan izanik; baina, horretarako, premiazkoa izango da lanpostu hori atxikita dagoen administrazio-unitatearen edo -organoaren titularraren aldez aurreko txostena. Txosten horretan izangaien artean egokitasun-proposamena landuko da edo, bestela, deialdia bete gabetzat jotzea proposatuko.

3.– Txostena hamabost egun naturaleko epean emango da.

4.– Zerbitzu-eginkizunaren funtzionario esleipendunari behin betiko atxikita dagoen lanpostua gordeko zaio.

5.– Zerbitzu-eginkizunaren esleipendunak bere kategoriako ordainsariak jasoko ditu, baita betetzen duen lanpostuari dagozkion osagarriak ere.

6.– Zerbitzu-eginkizun hauek borondatezkoak dira eta esleipenak ez du zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainik sortuko.

7.– Zerbitzu-eginkizun hauek nahierara edozein unetan ezeztatu ahalko ditu eman dituen organoak, Euskal Herriko Poliziaren 4/1994 Legearen 72.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bederatzigarrena.– Deialdia ebazteko epea.

Deialdia ebazteko epea hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, baina epe hori luzatu ahal da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 49. Artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hamargarrena.– Lanpostuaz jabetzea.

Deialdi honen xede den hornikuntzari dagozkion destinoez jabetzea deialdia ebatziko duen ebazpen bidez arautuko da.

Hamaikagarrena.– Prozedura honetan emango diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet Atarian argitaratuko dira.

2.– Segurtasuneko sailburuordeak eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak elkarrekin emandako ebazpen bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarkia argitaratuko da behin betiko atxikipenak eta zerbitzu-eginkizunak ebatziko dituen ebazpena Gurenet Atarian noiz jarriko den adierazteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarkia argitaratzea epeei begira nahitaezkoa izango da aurkez daitezkeen aurkaratze edo errekurtsoen ondorioetarako.

Hamabigarrena.– Datu pertsonalak babestea.

1.– Prozeduraren kudeaketan izangaiak beren lanbide-zenbakiaren bitartez identifikatuko dira eta datu pertsonalen tratamendua Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzako Langileen Kudeaketa Bateratuko fitxategian egingo da. Fitxategi horren ardura duen administrazio-organoa Giza Baliabideen Zuzendaritza bera da. Norberaren datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzari zuzendutako idazki bidez baliatu ahalko dira. Zuzendaritzaren helbidea hau da: Larrauri Mendotxe bidea, 18; 48950 – Erandio, Bizkaia.

2.– Prozeduraren eraginez aterako diren datu guztiak lehenago aipatutako fitxategian sartuko dira, era horretan hautaketa-prozedura honi aplika dakiokeen araudian aurreikusitakoa behar bezala bete ahal izateko.

Hamahirugarrena.– Aurreikusi ez den guztirako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Hamalaugarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honen eta bere oinarrien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko diote Segurtasuneko sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 107. eta 114. Artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 11.

Segurtasuneko sailburuordea,

JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.

Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea,

JOSEBA IÑAKI GURTUBAI ARTETXE.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala