Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2013ko abenduaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5373

ERABAKIA, 2013ko azaroaren 14koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusiaren Arautegia onartzeko dena.

UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2006ko otsailaren 7ko Ebazpenaren bidez, UPV/EHUko ikastetxe nagusi eta unibertsitate egoitzen oinarrizko araudia argitaratzea agindu zen (2006ko martxoaren 6ko EHAAn argitaratu zen).

Oinarrizko Arautegiaren xedapen iragankorrak esaten zuen: «EHUko ikastetxe nagusiek 12 hilabete izango dituzte, gehienez, oinarrizko arautegi honetara egokitutako arautuegi proposamena Gobernu Kontseiluari bidaltzeko. Epe horretan proposamenik bidaliko ez balute, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak egingo du arautegia eta Gobernu Kontseiluari aurkeztu onar dezan».

Horregatik guztiagatik, Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordearen diktamena emanda, idazkari nagusiaren proposamenari jarraituz, Gobernu Kontseiluak ondokoa,

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusiaren Arautegia onartzea.

Bigarrena.– Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Leioa, 2013ko azaroaren 14a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

MIGUEL DE UNAMUNO IKASTETXE NAGUSIA
ATARIKOA

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiaren 2006.eko otsailaren 7ko erabakiaren bidez, agindu zen UPV/EHUko ikastetxe nagusi eta unibertsitate egoitzen oinarrizko arautegia argitaratzeko, 2006ko martxoaren 6ko EHAAn argitaratu zelarik.

Oinarrizko arautegiak xedapen iragankorrean aurreikusten duenez, UPV/EHUko ikastetxe nagusiek, gehienez, 12 hilabete izango dituzte oinarrizko arautegi honetara egokitutako arautegi proposamena gobernu kontseiluari bidaltzeko. Epe hau iraganik eta ezelako proposamenik jaso ez dela, unibertsitateko idazkaritza nagusiari dagokio arautegi honen egitea, UPV/EHUko gobernu kontseiluaren onespenaz.

LEHENENGO TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Izena, izaera eta egoitza.

1.– Migel Unamuno eta Jugo ikastetxe nagusia UPV/EHUren berezko ikastetxe nagusi bat da eta, hortaz, bertatik deserdiratutako organo bat, unibertsitatearenaz besteko nortasun juridikorik gabekoa. Egoitza Bilbon dauka, Agirre Lehendakariaren etorbidean, 140. zenbakian.

2.– Ikastetxe nagusiaren anagrama beti ageriko da UPV/EHUren anagramaren ondoan, unibertsitatearen irudi korporatiboa arautuko lukeen arautegiarekin bat etorrita.

2. artikulua.– Xedeak.

Honako hauek dira ikastetxe nagusiaren xedeak:

1.– Bertako egoiliarrei lojamendu duina eskaintzea berorien hezkuntza integrala erdiesteko giro egokian, askatasun eta erantzukizun izpirituaz eta solidaritatea, ingurumenarekiko errespetua, analisi eta kritika eraikitzailerako gaitasuna sustatuz, justizia eta askatasun balioen barruan.

2.– Ikasleei osagarrizko prestakuntza akademikoa ahalbidetzea, bai eta indarreko legeriarekin bat datozen beste ikasketa batzuk ematea ere.

3.– Curriculuma hautatu eta lanbidean jarduteko orientazio lanetan laguntzea.

4.– Hauen sustapen eta gizarte integrazioan laguntzea eta, hein berean, lan merkaturatzean.

5.– UPV/EHUk edo beste erakunde laguntzaile batzuek edo ikastetxe nagusiko ikasleek antolatutako ikasketa, kultur eta kirol jarduerak babestu eta sustatzea.

6.– UPV/EHUko eta beste unibertsitateetako eta estatu zein atzerriko ikerguneetako kideei aldi baterako egonaldiak egiteko plazak eskaintzea.

7.– Unibertsitateko kideei eskaintzea haren instalazioak eta guneak.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

Ikastetxe nagusia, araubide juridikoari dagokionean, UPV/EHUren estatutuei, UPV/EHUren 2006ko otsailaren 7ko ikastetxe nagusi eta unibertsitateen oinarrizko arautegiari eta honako arautegi honen xedapenei loturik egongo da.

4. artikulua.– Erabiltzaileekiko harremana.

Ikastetxe nagusiko erabiltzaileen UPV/EHUrekiko harreman juridikoa, lotura bereziko administrazio harremana da, UPV/EHUren estatutuen, UPV/EHUren ikastetxe nagusi eta unibertsitate egoitzen oinarrizko arautegiaren, honako arautegi honen menpekoa, bai eta ikastetxe nagusiko gobernu organoek, zein bere ahalbideak erabiliz eta eskumenen barruan, har litzaketen beste arau guztien menpekoa.

BIGARREN TITULUA
GOBERNU, ORDEZKARITZA ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK

5. artikulua.– Zuzendaritza, administrazioa eta ikastetxeko kontseilua dira ikastetxe nagusi honetako gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak.

6. artikulua.– Zuzendaria.

1.– Errektoreak izendatuko du ikastetxe nagusiko zuzendaria arduraldi osoa duten unibertsitateko irakasle doktoreen artetik. Beronen izendapen eta kargu uztearen berri emango zaie Bizkaiko campuseko batzarrari eta gobernu kontseiluari.

2.– Zuzendariak bere gain hartzen ditu, errektoregoak eskuordetuta, ikastetxearen funtzionamenduaren ardura, bai eta ikastetxearen akademi ordezkapena ere.

7. artikulua.– Zuzendariaren kargu uztea.

1.– Zuzendariak arrazoi hauengatik utziko du kargua:

a) Errektorearen erabakia.

b) Hilez gero.

c) Legezko ezintasuna izanez gero.

d) Dimisioa aurkeztea.

e) UPV/EHUkoa izateari uztea.

2.– Ahal denean, zuzendariak jardunean jarraituko du beste zuzendari bat izendatu arte.

3.– Zuzendaria gaixo edo kanpoan dagoen bitartean, zuzendariordea arituko da bere ordez.

8. artikulua.– Irakaslanetik salbuestea.

1.– Zuzendaria bere irakats beharretatik salbuetsiko ahal da neurri batean edo erabat.

2.– Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslana egitetik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzan eta ikerkuntzan bere burua eguneratze aldera. Dena dela, horretarako, hiru urte emanda izango ditu karguan, gutxienez.

9. artikulua.– Zuzendariaren eginkizunak.

1.– Hauek izango dira zuzendariaren eginkizunak:

a) Ikastetxeko ordezkaria izatea eta ikastetxeari atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala izatea.

b) Ikastetxeko jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

c) Ikastetxeko kide anitzeko organoak deitu eta haien buru izatea.

d) Zaintzea UPV/EHUren, ikastetxe nagusi eta unibertsitate egoitzen oinarrizko arautegi honen eta bere ikastetxe nagusiko arautegiaren xedapenak bete daitezen, bai eta haien garapenerako behar beste agindu ematea ere.

e) Ikastetxeko Kontseiluaren, gobernu organo orokorren eta Bizkaiko campuseko organoen jarraibideak aplikatu eta haien erabakiak betetzea.

f) Errektoretzari proposatzea bere eskumeneko izendapenak.

g) Aurkeztea Bizkaiko campuseko batzarrari ikastetxe nagusian egin beharreko kultur eta prestakuntza jardueren plana, behin betiko onespena eman dezan, bai eta ikasturtean egindako jardueren txostena ere.

h) Zaintzea, dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik, higiene eta segurtasun arautegia bete dadin, horretarako behar diren neurriak hartuz.

i) Ikastetxeko kideen eskaerak eta iradokizunak bideratzea, eta ikasleei erantzutea beren kexak konpontzeko, bai eta ikastetxeko nagusiko egonaldiari eragiten dioten gaiei buruzko argibideak ematea ere.

j) Ikastetxearen ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

k) Ikasleen onarpen eta diziplina erregimenaren inguruko erabakiak hartzea.

l) Eremuak ikastetxe kontseiluak onetsitako irizpideekin bat etorrita esleitzea, halakorik balitz. Era berean, ikastegiko azpiegitura erabiltzean lehentasunak zeintzuk diren erabakiko du.

m) Lankidetza eta koordinazio programak adostea, unibertsitateko egiturekin batera, ikasketa, kultur eta kirol gaietan.

n) Errektoretzari lankidetza bekak sortu eta amaitzeko proposamena egitea, jarduerak antolatzeko, bai eta ikastetxea hobetu edo antolatzeko bestelako proposamenak ere.

o) Langile nahiz baliabideen beharren memoriak aurkeztea unibertsitate organo eskudunei, ikastetxe nagusiko helburuak bete daitezen.

p) Baimena ematea gastuak egin eta aurrez ezarritako aurrekontuak gauzatzeko eta aurrekontuen kontrola bermatzeko, bai eta ekonomi, administrazio eta finantziazio bestelako gestioak egiteko ere, unibertsitate arautegiarekin bat etorrita betiere.

q) Gainerako gobernu organoek eskuordetzen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, ikastetxearekin zerikusia daukatenak.

2.– Era berean, ikastetxeko zuzendariak sinatuko ditu lankidetza hitzarmenak, gobernu kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

10. artikulua.– Zuzendariordea.

1.– Zuzendariorde bat egongo da, zuzendaria bere eginkizunetan lagundu eta, bera kanpoan dela, ordezkatuko duena. Errektoreak izendatuko du zuzendariak proposatuta, UPV/EHUko unibertsitateko kideen artetik.

2.– Zuzendariordeak zuzendariak eskuordetzen dizkien lanak egingo ditu, eta bere izendapenean aipatutako arloen zuzendaritza hartuko du.

3.– Dimisioa, heriotza, ezintasun legala, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatzea izango dira kargua uzteko arrazoiak.

4.– UPV/EHUko errektoretzak zehaztuko du, izendapenean, zein unibertsitate betebehar salbuets dakizkiokeen berezko ikastetxe nagusietako zuzendariorde bihurtzen den UPV/EHUko pertsonalari, eta gobernu kontseiluari jakinarazi beharko dio.

11. artikulua.– Ikastetxe kontseilua.

1.– Ikastetxe kontseilua da ikastetxe nagusiaren helburuak egiten laguntzeko organoa.

2.– Zuzendariak –bertako buru izango denak–, zuzendariordeak, administrariak, eta ikastetxeko batzarrak hautatutako 2 egoiliarrek osatuko dute.

3.– Zuzendariak deituko eta bera buru izan behar duten bilerak hiruhilekoan behin egingo dira, nahiz eta egoki jotzen duenean biltzera deitzeko ahalmena duen. Ikastetxeko Kontseilua bilduko da halaber, kideen % 25ak hala eskatzen duenean.

4.– Erabakiak botoen gehiengoaz hartuko dira. Hainbana gertatuz gero, zuzendariak kalitatezko botoa izango du.

12. artikulua.– Ikastetxe kontseiluko ordezkarien hautaketa.

1.– Zuzendariak urtero deituko ditu ikastetxeko kontseilukideak aukeratzeko hauteskundeak, ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan, UPV/EHUren Hauteskunde Arautegi Orokorrean ezarritako prozeduraren arabera.

2.– Ordezkarien agintaldia ikasturtearen iraupena izango da.

13. artikulua.– Ikastetxeko kontseiluaren eginkizunak.

Hauek izango dira Ikastetxeko Kontseiluaren eginkizunak:

a) Zuzendaritzari laguntzea ikastetxeko bizitzarekin zerikusia duten gaietan, bai eta bertan antzemandako beharrei erantzutea ere.

b) Ikastetxe nagusiaren arautegia osatzeko edo berori aldatzeko proposamena egitea, oinarrizko arautegian ezarritakoarekin bat eginik onetsiko direnak.

c) Ikastetxearen jarduera ezberdinen programa onartzea.

d) Batzordeak sor daitezela onartzea.

e) Entzuna izatea ikastetxe nagusietan bizi direnei zigor larriak jarri zaizkienean.

f) Ezartzea nolako orientazio sistema erabiliko den lehen mailako ikasleei curriculumaren hautatzea errazteko.

g) Ohoreak eta sariak emateko irizpide orokorrak onartzea, eta horiek aplikatzerakoan entzuna izatea.

h) Errektoreari proposatzea, kasuaren arabera, gehiengo absolutuaz, ikastetxe nagusiko zuzendariaren edo administratzailearen kargu uztea.

i) Ikasleak lehendabiziko aldiz gero geroago onartzeko ikastetxearen guneak erabiltzeko irizpide orokorrak onartzea, aplikatu baino lehenago jendaurrean adierazi beharko direnak.

14. artikulua.– Ikastetxe batzarra.

1.– Ikastetxeko batzarra ikasleen eta ikastetxeko pertsonalaren parte hartzeko organoa da, ikastetxe nagusiaren helburuak lortze aldera.

2.– Ikasle guztien eta ikastetxeko pertsonalaren ordezkariek osatuko dute, beroriek libreki hautatu direlarik. Bertako egoiliarren artean hautatutako 9 ikasle, administratzailea eta zuzendaria izango ditu osakide, azken hau bertako buru izanik.

3.– Zuzendariak deituko eta bera buru izan behar duten bilerak hiruhilekoan behin egingo dira, nahiz eta egoki jotzen duenean biltzera deitzeko ahalmena duen.

Erabakiak botoen gehiengoaz hartuko dira, hainbana gertatuz gero zuzendariaren botoak erabakiko duelarik.

4.– Kide hauen artetik, dekano bat, dekanorde bat eta idazkari bat aukeratuko dira.

5.– Dekanoari, ezer baino lehenago, ikasleek ikastetxe nagusiko hezkuntza jardun guztietan parte har dezatela sustatzeko eginkizuna dagokio. Gutxien dela, urte beteko antzinatasuna dutenen artetik aukeratuko da.

6.– Dekanordeak dekanoari lagunduko dio bere eginkizunetan eta, berak kanpoan, gaixorik edo kargua utziz gero, bere ordez arituko da.

7.– Idazkariak ekitaldietako akta eginen du, aztertutako gaiak agerian eta jasota utziz.

8.– Zuzendariordeak edo administrariak ordezkatuko dute zuzendaria, berak kargua utzi edo kanpoan zein gaixo egonik.

15. artikulua.– Ikastetxe batzarreko kideak hautatzea.

1.– Zuzendariak urtero deituko ditu ikastetxeko kontseilukideak aukeratzeko hauteskundeak, ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan, UPV/EHUren Hauteskunde Arautegi Orokorrean ezarritako prozeduraren arabera.

2.– Ordezkarien agintaldia ikasturtearen iraupena izango da.

16. artikulua.– Ikastetxe batzarraren eginkizunak.

Honako hauek dira ikastetxe batzarraren eginkizunak:

a) Ikastetxeko kide izateak dakartzan eskubideak errespetatu eta betebeharrak bete daitezela zaintzea.

b) Lehenengo ikastaroetako ikasleei orientabideak eskaintzea, zeinek bere espezialitatea errazago aukera dezan.

c) Zuzendariari ikastegi batzarra biltzeko proposatzea, salbuespenez, beharreko iritziz gero.

d) Zuzendaritzari proposatzea batzordeak sor ditzan.

e) Ikastetxearen jarduera ezberdinen programa proposatzea.

f) Ikastetxe nagusiko zuzendariak, halakorik emanez gero, bere esku utz lezakeen beste edozein eskumen gauzatzea.

17. artikulua.– Ikastetxe nagusiko administrazioa.

1.– Administratzailea izango da ikastetxe nagusiko zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua.

2.– Administratzaileak zuzendariarekiko mendekotasun funtzionala izango du, eta ikastetxe nagusiko administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horretaz gainera, ikastetxe nagusiko organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan, eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz eta kontabilitate gestioaz ere arduratuko da.

3.– Administratzaileak eguneratuta izango du ikastetxe nagusiari atxikitako ondasunen zerrenda, eta urtero aurkeztu beharko dio ikastetxeko kontseiluari, ontzat eman eta UPV/EHUko gerentziara bidal dezan.

HIRUGARREN TITULUA
SARRERARAKO ARAUBIDEA

18. artikulua.– Eskariak onartu, plazak esleitu eta beroriek berritzerakoan berdintasun, merezimendu eta gaitasunaren printzipioei lotuko zaie eta errefusatzen da, plazak adjudikatu edo berritzean, jaiotze, arraza, sexu, ideologia, erlijio eta sinismen arrazoiengatiko bereizkeriarik lekarketen ziorik oro. Hautatze prozesua, beronetan aplikatu beharreko irizpideak eta plazen adjudikazioa publikoak izango dira.

19. artikulua.– Ikastetxe nagusiak bertan diren egoiliarrentzako plaza guztiak jarriko dira adjudikatzeko. Plazen portzentaje bat gordeko ahal da atzerriko eta/edo hirugarren zikloko ikasle edo ikertzaileentzat, hauek beteko ez direnak adjudikazio orokorrerako zerrendara itzuliz gero.

20. artikulua.– Onarpenerako irizpideak.

Onarpenerako eta ondoko urteetan berresteko irizpide orokorrak ikastetxeko kontseiluak erabakiko ditu eta publiko egingo dira izena emateko epea hasi baino lehen.

21. artikulua.– Plazen berriztapena ikastetxeko zuzendaritzak egingo du, kasuz kasu, ikastetxeko kontseiluak ezarritako irizpideei jarraiki.

22. artikulua.– 1.– Sarrera berriko plazen adjudikazioa honako irizpide hauek orobat balioetsita egingo da:

a) eskatzaileak matrikulatutako graduari esleitutako plazak.

b) Espediente akademikoa.

c) Ikastetxe nagusian gela erabilgarririk egotea.

2.– Espediente akademikoa balioestean, aintzat hartuko da unibertsitatera sartzeko probak edo honen pareko kalifikazioa. Nota orokorra balioetsiko da eta ez proba espezifikoan lortutakoa.

3.– Gela bikoitzak sexu bereko pertsonei esleitzen zaizkie eta, hori dela eta, gela mota honetako azken plaza hutsak adjudikatzeko, kontutan hartuko dira gela berean plazarik adjudikatuta duten pertsonak.

23. artikulua.– Plazak adjudikatzeko ohiko prozesu hau amaitu eta plaza hutsak geratu edo sortuz gero, adjudikazio prozesu berri bat egin ahal izango da, eskariak aurkezteko beste epe bat ireki beharrik gabe, betiere adjudikazio-irizpide berak errespetatuz.

24. artikulua.– Gelen adjudikazioa ikastetxeko zuzendaritzak egingo du.

25. artikulua.– Baja egiteko prozedura.

Baja administrariari eskatu beharko zaio, gutxien dela, 15 egun lehenago. Baja borondatez egiten bada, fidantza itzuliko da, bai eta ordaindutako hiruhilekoa ere, unean uneko hilekoa izan ezik, baldin eta plaza betetzen bada ikasturtea amaitu bitartean geratzen den tartean.

LAUGARREN TITULUA
EGOILIARRAREN ESTATUTUA
LEHENENGO KAPITULUA
IKASTETXEKO BIZITZAN PARTE HARTZEA

26. artikulua.– Bizitza akademikoan parte hartzea.

Ikastetxe nagusiak sustatu eta babestutako akademi, kultur eta kirol jarduerak, UPV/EHUk berak bultzatutakoen artean sartuko dira, baldin eta aplikatu beharreko unibertsitate arauen arabera garatu badira, eta UPV/EHUko jardueren tratamendu berbera izango dute.

27. artikulua.– Batzordeak.

Ikastetxe nagusian egoiliarrek osaturiko batzordeak eratuko dira parte hartzea eta ikastetxe nagusiaren funtzionamenduaren gestio eraginkorra sustatzeko helburuaz, zein gehien interesatzen zaizkion arloetan.

BIGARREN KAPITULUA
ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

28. artikulua.– 1.– Ikastetxeko ikasleen eskubideak dira:

a) Ostatua, ikasturteak iraun bitartean, baldintza duin eta egokietan izatea, betiere unibertsitate egoerarekin bat etorrita.

b) Ikastetxe nagusiko zerbitzu, instalazio eta ekipamendu komunak erabiltzea, arautegi honek jasotako baldintzak betez.

c) Ikastetxeak bultzatutako gizarte, kultur eta kirol jardueretan ekimena izan, parte hartu eta agertzea.

d) Ikastetxeko kontseiluko eta batzarreko kidea izatea, arautegi honetako xedapenekin bat etorrita.

e) Ikastetxe nagusiko egonaldiarekin zerikusia duten gaiei buruzko argibideak jasotzea.

f) Zuzendariari ikasleak egoki jotzen dituen ekimen, iradokizun edo erreklamazioak egitea.

g) UPV/EHUren estatutuek, UPV/EHUko ikastetxe nagusiek arautegi oinarrizkoak eta gainontzeko unibertsitate arautegiek aitortuko lizkieketen beste guztiak.

2.– Ikastetxe nagusiko Zuzendaritza pertsona ezinduen eskubideak bermatzeaz arduratuko da.

29. artikulua.– Ikastetxeko ikasleen betebeharrak dira:

a) Errespetatzea unibertsitate legeria eta ikastetxeko arautegia, bai eta berori aplikatzeko ikastetxe nagusiko eta UPV/EHUko organo eskudunek ezarritako jarraibideak ere.

b) Ikastetxeko prestakuntza jardueretan nahiz gainerako bizitza ekintzetan esku hartzea.

c) Lagun hurkoaren eskubideak errespetatu, zuzen jokatu eta ikastetxe nagusiarekin zerikusia duten pertsona guztiak behar bezala tratatzea.

d) Emandako tokian eskuarki bizi eta logela eta bertako altzariak egoera onean mantentzea.

e) Eskainitako gela ez aldatzea bere kabuz, zuzendariak edo berorrek eskuordetutako pertsonak baimendu ezik.

f) Ikastetxe nagusiko instalazio, altzari, material eta ekipamenduak errespetatu eta egoera onean mantentzea.

g) Lokalen erabiltzeko eta elkarbizitzarako arauak eta ordutegiari buruzkoak betetzea, batik bat ikastetxeko ikasleen atsedena hartzeko eta ikasteko eskubidea bermatzeko.

h) Dagozkien ordainketak garaiz egitea.

i) Astean zehar eta asteburuetan ikastetxe nagusitik kanpo egun bat edo bi emateko idatziz jakinarazi beharko dute atezaintzan noiz irtengo diren, noiz itzuli eta nora joango diren adieraziz. Halaber, idatziz jakinarazi beharko dute Eguberrietako eta Aste Santuko oporraldiko irteera eta itzulera eta, ikasturtea amaitzean, ikastetxe nagusitik behin betiko irteeraren berri.

HIRUGARREN KAPITULUA
ELKARBIZITZARAKO ARAUAK ETA IKASTETXEKO ZERBITZU, INSTALAZIO ETA EKIPAMENDUAK ERABILTZEKO BALDINTZAK

30. artikulua.– Elkarbizitzarako arauak.

1.– Ikastetxe nagusian bizi diren pertsonek elkarbizitza gauzatzeko portaera egokia mantenduko dute eta bereziki:

a) Ikastegia zuzendu, bertan bizi eta lan egiten duten pertsona guztiak errespetatu beharko dituzte.

b) Ikastetxeko instalazio eta altxariak zaintzeko konpromisoa egin.

c) Portaera, arropa eta, oro har, janzkerari buruzko gizarte arauak errespetatu. Jarrera hau bereziki bete beharko da ikastetxe nagusiko ekitaldi ofizialetan eta pertsona anitzeko ekitaldietan.

d) UPV/EHUko unibertsitate ikastegi eta eremu guztietan erretzeko debekua bete.

e) Ikastetxe Nagusian edari alkoholdunik ez sartu eta ez edan.

f) Ikastetxera ez sartu, hordirik edo baldintza ez egokietan dela ez sartu.

2.– Zeharo dago debekaturik hasiberriei egindako trufarik.

31. artikulua.– Bisitak.

1.– Ikasteek atarian hartuko dituzte bisitak. Eraikinaren gainontzeko ataletara sartu nahi duten pertsonek zuzendariaren baimena lortu beharko dute eta atezaintzan behar bezala identifikatu. Ikastetxe nagusitik kanpoko pertsonak sartu eta bertan egon ahal izango dira, barne arautegiak zehaztutako ordu tartean.

2.– Egoiliar bakoitzak ezin du aldi berean 2 bisita baino gehiagorik izan. Kasu berezietan, lanak egiteko adibidez, bisitari kopuru hau areagotuko ahal da zuzendaritzaren baimenaz. Ahaleginak egingo dira ikastetxean aldi berean 10 bisita baino gehiago egon ez daitezen.

3.– Bisita jasotzen duen egoiliarra izango da bisitariaren portaeraren erantzule.

32. artikulua.– Hitzaldi aretoa eta telebista aretoa.

Hitzaldi aretoa kultur jardueretarako baliatuko da nagusiki, esaterako zikloak, jardunaldiak eta hitzaldiak. Telebista aretoa telebista ikusteko erabiliko da.

Bi aretootan zuhur jokatu beharko da soinu edo audioaren bolumenarekin, biblioteka zein geletan liratekeen egoiliarrei traba eta enbarazurik egin ez dakien. Era berean, jan edo edan nahi bada, areto hauetatik irten beharko da eginkizun horietara bideratutako aretoak erabiliz.

33. artikulua.– Jantokia.

1.– Jantokiko zerbitzuan gosari, bazkari eta afariak eskaintzen dira. Egoiliar bakoitzak kutxatilategi bat izango du mahai zapia gordetzeko. Ezin gorde daiteke elikagairik ez botikarik, kutxatilategi hauetan.

2.– Ikastetxe nagusiak jan erregimen bereziko egoiliarrak onartzen ditu, baina ikasturte hasieran jakinarazi beharko dute zuzendaritzan.

3.– Ikastetxeko administrazioak jakinaraziko du jantokiko ordutegia edo, halakorik balitz, beronen aldatzea.

4.– Ezin atera daiteke bazkaririk jantokitik, ez eta erretilurik, mahai tresnarik, zapirik zein baxerarik ere. Salbuespenezko gaixotasunik ezean, ezin da logeletara jatekorik eroan eta, egitekotan, zuzendariaren baimena beharko da.

5.– Ezin sar daiteke jantokia, sukalde zerbitzutik kanpoko janik.

34. artikulua.– Bibliotekak.

1.– Biblioteketan erabilera akademikoa besterik ezin da egin. Bere funtzionamendua ikastetxe kontseiluak onartuko duen arautegiari lotuko zaio.

2.– Ezin atera daiteke libururik biblioteketatik. Salbuespenez, zuzendaritzak baimenik eman ahal du liburuen mailegurako, maileguaren iraupena eta baldintzak zehaztuta.

3.– Taldeka ikasteko biblioteka taldekako lanak egiteko erabiliko da. Nolanahi ere, portaera egokia eta errespetuzko jarrera mantenduko da, gainontzeko erabiltzaileen ikastea eta lana ez trabatzearren.

35. artikulua.– Ekipamendu informatikoa.

1.– Ikastetxe nagusian den ekipamendu informatikoak erabilera akademikoa du xede, ez besterik. Debekatuta dago erabilera komuneko ordenagailuetan jolastea.

2.– Ikastetxe kontseiluak ezarriko ditu ordenagailu eta inprimagailuak erabiltzeko arauak.

36. artikulua.– Logelak.

1.– Egoiliarren logelak atseden eta ikasteko tokiak dira. Egoiliarrak lepora dakizkiekeen kalteen arduradun eta erantzule izango dira.

2.– Logelak erabiltzeko eta zaintzeko arauak ikastetxe kontseiluak ezarriko ditu.

3.– Isiltasuna gorde behar da eraikineko korridore eta eskaileretan egunean zehar eta, bereziki, gauez.

4.– Egoiliarrak ezin dira gelaz aldatu. Aldaketa guztiak zuzendaritzak baimendu beharko ditu.

5.– Ikastetxeko ikasleak arduratuko dira logelaren eta bertako altxarien zaintze eta gordetzeaz, ikasturtea amaituta, egoera ezin hobea itzuliko baditu.

6.– Segurtasuna dela eta, ezin da txigorgailu, erradiadore, mikrouhin labe bezalako gailu elektrikorik erabili logeletan, nahiz eta zuzendariaren baimena eta mantentzearen arduradunaren ontzat emana lortu ahal den. Bai erabil daitezke gailu elektronikoak (telefono mugikorrak, ordenagailu eramangarriak, tabletak, irrati-iratzargailuak eta beste).

7.– Ezin da animaliarik izan ikastetxe nagusian.

8.– Ikastetxekoa ikasleak logeletatik ateratzerakoan, atea giltzaz itxiko dute eta, ikastetxe nagusitik ateratzerakoan, giltza atezaintzan utziko dute.

9.– Zuzendaritzak ikuskaritzak egin ahal izango ditu aldian-aldian arautegi honen betetzen dela ziurtatzeko, beti ere ikaslea aurrean dela.

37. artikulua.– Pertsona minusbaliatuak.

Ikastetxe nagusiak zenbait logela egokituko ditu pertsona minusbaliatuek erabil ditzaten.

BOSGARREN TITULUA
DIZIPLINA ARAUTEGIA

38. artikulua.– Ikastetxe barruko diziplina.

1.– Ikastetxe barruko diziplina hautsita ere, berori zuzendu ahal izango da nahitakotasuna, ikastetxeko bizitzaren asaldapena, eragindako kalteak eta errepikatze edo berrerorikotasuna kontutan hartuta.

2.– Faltak arinak, larriak zein oso larriak izan daitezke.

39. artikulua.– Falta arinak izango dira:

a) Arautegi honetan eta ikastetxe kontseiluan onartutako arautegian araututako ikastetxeko logelak, zerbitzuak, instalazioak eta ekipamendua erabiltzeko arauen haustura ez errepikatua.

b) Arautegi honetan eta ikastetxe kontseiluan onartutako arautegian araututako elkarbizitzarako arauen haustura ez errepikatua.

c) Ikastetxe nagusiaren zerbitzuak zabarkeriaz erabiltzea eta ondasunak arinki kaltetzea, baldin eta konponketarik behar ez den.

d) Gainontzeko egoiliarren ikastea, jarduna edo elkarbizitza inoiz trabatzea.

e) Jantokia eta lana desegokiro erabiltzea.

f) Zerbitzu komunak ezarritako ordutegitik kanpo erabiltzea.

g) Logelan ikastetxeko alor edo zerbitzu komunei dagozkion gauzak izatea, zuzendariaren baimenik gabe.

h) Arlo komun eta logeletako garbitasun eta higieneari buruzko arauak haustea.

i) Arlo komunak desegokiro edo abusuz erabiltzea.

j) Ikastetxe nagusiaren barruko elkarbizitza asaldatuko lukeen edozein jarduera antolatu edo honelakoetan parte hartzea.

k) Esleitutako logelatik kanpo pasatu izana edo ikastetxetik alde egitea, zuzendaritzari jakinarazi gabe.

l) Janzkera desegokia erabiltzea arlo komunetan, barne ibiltorrietan aurreikusitakoari jarraiki.

40. artikulua.– Falta larriak izango dira:

a) Ikastetxeko edo unibertsitateko organoen agindu, jarraibide edo erabakiak era larri eta nabarmenean haustea. Larri irizten zaio ikastetxeko eremu eta lokaletan alkoholdun edarien kontsumorik eta izaterik debekatzeko agindu edo jarraibideak ez betetzeari.

b) Ez bizitzea eskuarki eta inolako arrazoirik gabe emandako tokian, hilabetetik gorako epeetan.

c) Logelak neurri batean edo erabat uztea ikastetxean plaza izateko eskubiderik ez duten pertsonei.

d) Gainerako ikasle eta ikastetxean bizi diren lagun eta bertako langileei errespetu falta larria agertzea, bai eta ikastetxearekin lotuta egon edo bertan daudenei ere. Hasiberriarenak egitea ere kasu honen barruan da.

e) Harena ez den logela batera sartu eta bertan egotea, han eskuarki bizi den ikaslearen baimena izan gabe.

f) Logela bakoitzeko guztientzako edo norberaren ondasun higiezin, higigarri edo tresnak nahita apurtu edo hondatzea.

g) Ikastetxea edo ondasun higigarri eta higiezinak erabiltzea arautegiak jasota ez dituen beste helburu batzuetarako.

h) Ikastetxeko langileen lanak eragotzi edo ikastetxearekin lotuta dauden pertsonei eskubideak mugatzea.

i) Ikasleak ikasten edo atsedena hartzen ari direnean modu nabarmenean oztopatzea, orobat gaueko isiltasuna behin eta berriro apurtzen duen beste egoera larriren bat sortzea.

j) Ikastetxe nagusiaren eremuetan, diziplina erregimenaren arautegi orokorrak falta larritzat jotako edozein portaera egitea, edo arau hauste penalik edo hiritarren segurtasunaren aurkako arau hausterik egitea; horien artean, hiritarren segurtasuna babesteko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 25. artikuluaren arabera, toki, bide, establezimendu edo garraio publikoetan droga toxiko, estupefaziente edo gai psikotropikorik ilizituki izatea dagoelarik, nahiz eta trafikorako izan ez, arau hauste penalik ez bada, bai eta aipatutako tokiotan haien kontsumorako baliatutako tresna edo lanabesik lagatzea ere.

k) Hiru hutsegite arin edo hutsegite arin bera behin eta berriro egitea ikasturte berean.

41. artikulua.– Falta oso larriak izango dira:

a) Ikasturte berean bi hutsegite larri edo gehiago egitea.

b) Delitu larritzat edo ez hain delitu larritzat jotzen den egintza egitea.

c) Unibertsitatetik botatzera daraman unibertsitate diziplinako arau bat haustea.

42. artikulua.– Zehapenak eta gainerako ondorioak.

1.– Ikasleek egindako hutsegite arinek honakoak ekar ditzakete:

a) Ohartarazpena.

b) Zerbitzu komunen bat erabiltzeko eskubidea aldi baterako bertan behera geratzea, eta, gainera, ordaindutako diruak galtzea.

2.– Hutsegite larriak egiteak honakoak ekar ditzake:

a) Zerbitzu komunen erabilera aldi baterako bertan behera gelditu eta ordaindutako diruak galtzea.

b) Ikastetxetik kanporatzea epe zehaztu baterako, gutxienez, aste betekoa eta, gehienez, hilabetekoa izango dena, ordaindutako zenbatekoak berreskuratzeko eskubiderik gabe.

3.– Oso hutsegite larriek, beste arlo batzuetan eragin ditzaketen ondorioak albo batera utzita, ikastetxe nagusitik kaleratzea ekarriko dute, ordaindutako diruak berreskuratzeko eskubiderik izan gabe.

43. artikulua.– Zehapen prozedura.

1.– Hutsegite arinen kasuan, ikastetxeko zuzendaritzak, interesdunari entzun ondoren, zein zigor jarri erabakiko du, baita hari jakinarazi ere.

2.– Hutsegite larria edo oso larria egin bada, ikastetxeko zuzendaritzak instrukzio egile bat izendatuko du, eta horrek egintzak aztertu eta zuzendaritzari beharrezkoak diren aldi baterako neurriak proposatuko dizkio, ikastetxeko bizikidetza eta azken erabakiaren eraginkortasuna bermatze aldera.

3.– Instruktoreak jarduketen artxibatzea proposatuko ahal du, falta egin dela probatzeko elementu nahikorik ez dela baleritzo. Instrukzioa amaituta, audientzia emanen zaio interesatuari bere burua defendatu eta bere zuzenbideari hobekien lihoakiokeena alega dezan.

4.– Jarduketak amaituta, ikastetxeko zuzendaritzari helaraziko zaio egin beharreko erabakia egin dadin, ikastetxeko kontseilua, hala balegokio, entzun eta gero. Zuzendaria instrukzioaren lekuko edo kaltetua balitz, erabakitzeko proposamena campuseko errektoreordeari helaraziko zaio.

5.– Edozein zehapen erabakiren aurka, berraztertze errekurtsoa jarriko ahal da errektorearen aurrean, berori ebatzita administrazio bidea agortuko delarik.

Errektoregoak aurkako erabaki espresa hartu ezean, errekurtso hori aurkeztuta ere ez da zehapenaren betetzea eragotziko.

SEIGARREN TITULUA
EGOILIARREN ORDEZKARITZA SISTEMA ETA KEXAK TRAMITATU ETA EBAZTEKOA

44. artikulua.– Ikastetxeko erabiltzaileek kexarik egingo ahal dute modu arrazoituan, emandako zerbitzuen funtzionamendu ezegokiaren inguruan, eta modu konfidentzialean tratatuko dira.

45. artikulua.– Kexak aurkezteko erak.

Kexarik egin gura luketenek idatziz egin beharko dute honetarako jarritako postontziaren bidez.

46. artikulua.– Tramitazioa.

Kexa edo erreklamazioa jasota, ikastetxe nagusiko zuzendariak jaso beharreko informazioa jasoko du, hura aurkeztu eta zazpi egunetako epean erantzungo badu.

ZAZPIGARREN TITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA ETA ADMINISTRATIBOA

47. artikulua.– Autonomia.

Ikastetxe nagusiak behar beste langile izango ditu helburuak bete eta berezko dituen jarduerak gauzatzeko. UPV/EHUren aurrekontu orokorrean partida bereziak izango ditu, eta autonomiaz gestionatuko ditu.

48. artikulua.– Aurrekontu hornidura.

Ikastetxe nagusiak UPV/EHUk urtero zehaztutako diru partida orokorretik jasoko du aurrekontu hornidura, bai eta honako hauetatik ere:

a) Eskolak burutzen dituen zereginen etekin garbiak.

b) Jasotzen dituen diru laguntzak, kasuan kasuko diru laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

c) Modu agerian eta beren beregi egiten dizkioten dohaintzak eta legatuak, emandako baldintza berberetan.

49. artikulua.– Gestio ekonomiko eta administratiboa.

1.– Ikastetxe nagusiko jardun ekonomikoek UPV/EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak eta aurrekontuak betetzeko arauek xedatutakoarekin bat etorri behar dute.

2.– UPV/EHUren aurrekontu orokorreko baliabideez gainera, bestelakoak izanez gero, gerentziaren aldeko txostena edukita, zuzendaritzak baliabide horiek ikastetxe nagusiko aurrekontuan txertatu eta gastatzeko proiektua onartuko du.

50. artikulua.– Tarifak.

Ikastetxe nagusiak eskainitako zerbitzu ezberdinen prezioen taula urtero emango da argitara, gobernu kontseiluak eta gizarte kontseiluak ikastetxeko kontseiluaren proposamena onetsi eta gero.

51. artikulua.– Ez ordaintzea.

Ikastetxe kuotak ez ordaintzeak, jakinarazi eta gero ordaindu gabe iraunez gero, egoiliarraren izaera eta plaza galtzea ekarriko du.

ZORTZIGARREN TITULUA
ARAUTEGIA ALDATZEA

52. artikulua.– Erreformarako prozedura.

Ikastegiko Batzarrak beren-beregi deituko duen ezohiko bilera batean onartu beharko da proposatutako aldaketa, eta emandako botoen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun kontrola behin eginda, gobernu kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala