Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2013ko abenduaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5372

AGINDUA, 2013ko azaroaren 26koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Herriko Unibertsitateko doktoregoko ikasketa ofizialak ezartzeko baimena ematen duena.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bitartez aldatutakoak, 8.2 artikuluan zehazten duenez, Estatu osoan baliotasuna duten titulu ofizialak lortzeko ikasketak ezartzeko eta kentzeko erabakia autonomia-erkidegoek hartuko dute, bai Gobernu Kontseiluak proposatuta, bai beren ekimenez, Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluaren adostasuna dutela; bi kasuetan, Gizarte Kontseiluaren aldeko txostena beharko da.

Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legearen 51. artikuluak Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparruaren egokitzapena arautzen du. Unibertsitateen eskumena duen sailak eta unibertsitateek berek bultzatuko dituzte ikasketa-planetan, kreditu- eta balorazio-sistemetan eta beste edozein arlotan euskal unibertsitate-sistema Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparruan txertatzeko eta Europako titulazio-gehigarriaren diploma emateko egin behar diren egokitzapenak.

Ikasketa ofizialen ezartzea bi dekretu hauek arautzen dute: batetik, Unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak (uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak aldatuak); eta bestetik, urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuak, gradu, master eta doktoregoko tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzkoak.

Urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 16. artikuluan, gradu, master eta doktorego unibertsitate-ikasketak ezartzeko baimena lortzeko prozedura araututa dago. Bertan esaten denez, behin Unibertsitate Kontseiluak aldeko txostena emanez gero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, orain Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, agindu bat prestatuko du, gradu, master eta doktorego unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena emango duena.

Urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak, doktoretzako irakaskuntza ofizialak arautzen dituenak, 10.1 artikuluan xedatzen duenez, Unibertsitate Kontseiluak egiaztatu beharko ditu doktorearen titulu ofiziala lortzera bideratutako doktoretza-programak eta Autonomia Erkidegoek eman beharko diete programa horiei oniritzia, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

Uztailaren 12ko 534/2013 Errege Dekretuak aldatzen du urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorra, urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren lehen paragrafoa, eta, 2014-2015eko ikasturtea hasi aurretik, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera egiaztatutako indarreko doktoretza-programak egokitzeko epea ezartzen du. Halaber, aipatutako xedapen horretan zehazten denez, 2017ko irailaren 30a baino lehenago guztiz desagertu beharko dute programa horiek.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak, bere Gobernu Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren, 2013ko uztailaren 17an onartu du 2013-2014 ikasturtetik aurrera doktoregoko titulu ofizialak lortzeko ikasketak ezartzea erabaki du.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Unibertsitate Kontseiluak, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua aldatzen duen uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren 25.7 artikuluarekin bat etorriz, eta behin ANECA Kalitatea eta Kreditazioa Ebaluatzeko Estatuko Agentziaren ebaluazio-txostena jaso ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateak doktorego-ikasketei buruz aurkeztutako proposamenari (I. eranskinean zerrendatua) aldeko irizpena ematea.

Horregatik guztiagatik, gradu, master eta doktoregoko tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 16. artikulua betez, eta behin 2013ko maiatzaren 22ko bilkuran Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari aurkezturik jakinaren gainean egon dadin eta txostena egin dezan, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Doktoregoko ikasketa ofizialak, I. eranskinean zerrendatuta daudenak, ezartzeko baimena ematea.

2. artikulua.– II. eranskinean zerrendatuta dauden unibertsitate-doktoregoko ikasketa ofizialak ezartzeko baimena besterik gabe ematea. Horretarako, bi hauek bete behar dira: batetik, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikulua; eta bestetik, uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren 25.8 artikulua (errege-dekretu horrek Unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua aldatu zuen).

3. artikulua.– Horiek horrela, 2017ko irailaren 30a baino lehenago guztiz desagertuta egon beharko dute urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren bidez araututa dauden indarreko doktoretza-programek, uztailaren 12ko 534/2013 Errege Dekretuak bigarren xedapen iragankorraren lehen paragrafoan zehaztutakoaren arabera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari jakinaraztea, tituluaren izaera ofiziala ezartzeko proposamena Gobernuari igor diezaion, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskriba dadin eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman dezaten.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Sei urte igaro aurretik berritu beharko da baimendutako doktorego-ikasketa ofizialen egiaztapena, hasierako ikuskapen-egunetik hasita. Berritze hori urriaren 16ko 205/2012 Dekretuan ezarritako prozedurari egokituko zaio (dekretu horren bidez, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen egiaztapena berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dira).

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 19. artikulua betez, Euskal Herriko Unibertsitateak, ikasturte bakoitzaren matrikulazio-epea bukatu ondoren, abenduaren 30a baino lehenago betiere, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailera memori bat bidali beharko du, dagozkion matrikulazio-datuei eta aurreko ikasturteko titulazio bakoitzaren kostu ekonomikoari buruzkoa. Dekretu horren II. eta III. kapituluetan zerrendatutako baldintzaren bat bete ezean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak unibertsitateari eskatuko dio zuzentzeko behar diren neurriak har ditzan. Baldintza horrek bete gabe jarraitzen badu, Euskal Herriko Unibertsitateak erabaki beharko du ikasketa hori berriro prozedura batean aztertzea bere egiaztapenari eusteko, edo berriro ez eskaintzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 26a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala