Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2013ko azaroaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5002

AGINDUA, 2013ko urriaren 21ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Honen bidez, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Hauteskunde Sindikalen Batzordeko, lurralde batzordeetako eta Ikuskaritzako kide diren sindikatuentzako diru-laguntzak ematen dira 2013. urterako.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak, bigarren xedapen gehigarrian, zehaztu zuen dekretu horren bidez sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei orduko Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu-dotazioen kontura ematekoak diren diru-laguntzak emateko prozedura.

Halaber, aipatutako Dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkaritza-mailaren arabera.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko bigarren xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta, horren ondorioz, diru-laguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez bana daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkaritza-mailaren arabera. Hori guztiori, diru-laguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraikiz, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez kontuan hartuz.

Bigarren xedapen gehigarriko 2. idatzi-zatian agindutakoaren arabera, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, 2013ko uztailaren 10eko Aginduaren bidez (uztailaren 10eko EHAA, 131. zk.), hasiera eman zion Sindikatu Hauteskundeen Batzordean eta lurraldeetako batzordeetan parte hartzeagatik sindikatuei dagokien diru-laguntza emateko prozedurari (azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bidez arautu ziren horiek).

2013ko uztailaren 15ean, Hauteskunde Sindikalen Batzordeko sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariak erabaki bat hartu zuten: Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari proposatu zioten zati berdinetan bana zezala 2013. urterako abenduaren 23ko 6/2011 Legearen aurrekontu luzapenean, 2012ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartutakoak, 3112 programak (12 zerbitzua) ezarritako diru-laguntza, aurrekontuetan 218.757 euroko hornidura baitu.

Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 3. puntutik 5. puntura xedatutakoaren arabera, agindu honen bidez diru-laguntzak emango zaizkie Hauteskunde Sindikalen Batzordeko eta lurralde batzordeetako kide diren sindikatuei.

Hori guztiori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Diru-laguntza ematea.

1.– Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Hauteskunde Sindikalen Batzordeko eta lurralde batzordeetako kide diren sindikatuentzako diru-laguntzak ematen dira 2013 urterako. Dekretu horren bidez, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren.

2.– Dekretu horren bigarren xedapen gehigarriko 3. puntutik 5. puntura agindutakoaren arabera, eraginpeko alderdiek 2013 urterako abenduaren 23ko 6/2011 Legearen aurrekontu-luzapenak, 2013ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak ezarritako 218.757 euroko aurrekontu-dotazioa zati berdinetan banatzea erabaki zutenez, Hauteskunde Sindikalen Batzordeko sindikatu guztiek –ondoren aipatzen dira– 54.689,25 euro jasoko dituzte:

– Euskal Langileen Alkartasuna (ELA).

– Confederación Sindical de CC.OO. de Euskadi.

– Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB).

– Unión General de Trabajadores (UGT-Euskadi).

2. artikulua.– Diru-laguntza jasotzeko baldintzak.

Aurreko artikuluan ezarritako diru-laguntza jaso baino lehen, interesatuta dauden sindikatuek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Foru Ogasunek eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egindako egiaztagiri eguneratuak, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak konplituta dituztela egiaztatzeko.

b) Aurretik Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailetik jasotako diru-laguntzak justifikatuta daudela adierazteko agiria.

3. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Aldi bakarrean ordainduko da diru-laguntza, agindu honetan ezarritako agiriak aurkeztu ondoren.

4. artikulua.– Bateragarritasuna.

Laguntzak bateragarriak dira sindikatuek jaso ditzaketen beste laguntza, diru-laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaz araututako laguntzen helbururako barik, beste helburu baterako badira. Dekretu horren bidez, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio bideari amaiera ematen dio. Haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluetan xedatutakoaren arabera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 21a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala