Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2013ko azaroaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4991

AGINDUA, 2013ko azaroaren 13koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Arabako Lurralde Historikoko landa-bideen konponketa finantzatzeko laguntzen deialdia iragartzeko dena.

2013. urtearen hasieran, eurite, elurte eta izozte ikaragarriak gertatu ziren, eta, horiek kalte handia eragin zuten landa-bideen sarean; bideok presaz konpondu behar izan dira, edo konponketak behar dituzte oraindik ere.

Arabako Foru Aldundiak laguntza-programa bat badu ere landa-bideak egokitu, hobetu eta mantentzeko (martxoaren 26ko Diputatuen Kontseiluak onartutako 12/2013 Foru Dekretua), 2013ko ekitaldiko hainbat inguruabar tarteko, laguntza honetara bideratutako finantza-baliabideak ez dira nahikoak izan. Herri-administrazioen aurrekontu zailtasunak, batetik, eta lehen aipatu inguruabar klimatikoak, bestetik, finantzazio-beharrak ikaragarri handitu dituzte.

Aurreko guztiaren eraginez, zenbait toki korporazio eta administrazio-batzordek ez du laguntzarik eskatu lanen % 40 euren gain ezin baitzuten hartu edo 12/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa betetzen zuten aurkeztutako eskabide guztiei ezin erantzun baitzieten erantzun, horretarako ezarritako aurrekontu-kredituak ahitzeagatik.

2013ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren defizitaren marjina berria elkarrekin erabiltzearen kargura, ekonomia suspertzeko jarduerak eta inbertsio-proiektuak aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien artean egindako akordio instituzionalak ahalbidetzen du ekitaldi honetan gertatutako finantza-defizita arintzeko baliabideak ezartzea eta egiteke dauden obrak egitea.

Horrela bada, agindu honen xedea da kaltetutako landa-bideen konponketa finantzatzeko laguntza ematea, hainbat udaletxeri eta herri-erakunderi zuzenean, dituzten baliabideen arabera sakrifizio handia eginez konpondu dituztelako bide horiek, edo baliabide ezagatik oraindik konpondu ez badituzte ere, hori egitea premiazkoa delako. Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2013. urtearen hasieran gertatutako inguruabar klimatiko txarrek eragindako Arabako Lurralde Historikoko landa-bideen konponketa finantzatzeko laguntzen deialdia iragartzea.

2.– Agindu honen ondorioetarako, honako hauek izango dira landa-bide: herriguneak eta errepideak landa-finkekin, ibaiekin, basoekin, mendiekin, herri-lurrekin eta larreekin lotzen dituzten titulartasun publikoko komunikazio-bideak, eta batez ere nekazaritza-ustiategien edo -finken zerbitzurako badira.

Bigarrena.– Onuradunak eta eskakizunak.

Laguntza horien onuradun izan ahal izango dira baldintza hauek betetzen dituzten udaletxeak eta herri-erakundeak:

a) 2013. urtearen hasieran gertatutako inguruabar klimatiko txarrek eragindako ondasunen titular izatea.

b) Eragindako landa-bideak konpondu izana eta egindako konponketa-gastuak osorik edo partez euren gain hartu izana; edo konponketa horiek gehienez urtebeteko epean egiteko konpromisoa hartzea, agindu honetako laguntzak ematen direnetik.

Hirugarrena.– Laguntzen zenbatekoa eta kontabilitatea.

1.– Laguntza hauek itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira, eta izaera subsidiarioa izango dute eraginpeko erakunde onuradun izan daitezkeen kalteen bestelako estaldura-sistemarekiko, publikoak edo pribatuak izan.

2.– Hona hemen laguntzen zenbatekoak:

a) Konponketa-kostuen % 20, 2013ko ekitaldian landa-bideak egokitu, hobetu eta mantentzeko foru-programaren laguntzen babesean laguntza jaso duten udaletxeek eta herri-erakundeek egindako landa-bideen konponketa-lan eta -jarduerentzat.

b) Kostu horien % 80, euren baliabideen kargura udaletxeek eta herri-erakundeek egindako landa-bideen konponketa-lan eta -jarduerentzat, edo baliabide-ezagatik oraindik egin gabe daudenentzat.

Dena den, ehuneko horiek aplikatu eta gero, aurrekontu-baliabiderik balego soberan, ehuneko horiek handitu ahal izango dira geratzen den aurrekontuak ahalbidetzen duen mugaraino, handitze hori laugarren ebatzian aurreikusitako diru-laguntza kostuen eta gastuen arabera hainbanatuko da.

3.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste herri-administrazio batzuek helburu bererako eman ditzaketen laguntzekin, gainfinantzaketarik gertatzen ez bada, betiere. Hala gertatuz gero, diru-laguntzak murriztu egingo dira, gehienezko mugara egokitu arte.

Laugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Hauek dira gastu diruz lagungarriak:

a) Aurreko artikuluaren 2. puntuko a) idatzi-zatian aurreikusitako kasuan, aipatu foru-programaren babeseko laguntza emateko aintzat hartu ziren gastu berak.

b) Aurreko artikuluaren 2. puntuko b) idatzi-zatian aurreikusitako kasuan:

– Landa-bideak konpontzeko lanen kostua.

– Hala dagokionean, lanen proiektua idaztea; lanen zuzendaritza; segurtasunaren eta osasunaren ikerketa edo segurtasunaren eta osasunaren oinarrizko ikerketa; eta proiektua aurrera eramateko behar diren gainerako ikerketak.

– Balio Erantsiaren gaineko Zerga, erakunde onuradunak zerga hori zuzenean ordaintzen duenean eta ez duenean berreskuratzen edo konpentsatzen.

Bosgarrena.– Finantzazioa.

1.– Aurrekontu-kredituetatik, gehienez 1.500.000 euroko aurrekontu-kreditua bideratuko da laguntza hauetara 2013ko ekitaldiko ordainketa-kreditu gisa, eta 1.500.000 eurokoa, 2014ko ekitaldiko konpromiso-kreditu gisa.

2.– Artikulu honetan ezarritako zenbateko osoa aldatu ahal izango da –eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan harturik– Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzean agortzen ez diren aurrekontu-baliakizunen arabera, eta, betiere, diru-laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da horren berri.

Seigarrena.– Emateko prozedura.

1.– Lehiaketaren prozeduraren bidez emango dira laguntzok, Landa-bideak egokitu, hobetu eta mantentzeko laguntzen foru-programaren babesean 2013ko ekitaldian laguntza jaso duten udalek eta toki-erakundeek landa-bideak konpontzeko berriro laguntza-eskaria aurkezten badute, % 20 jasoko dute, laguntza horren osagarri.

2.– Landa-bideak egokitu, hobetu eta mantentzeko gainerako eskarietarako, honako haztapen-irizpide hauek ezartzen dira:

a) Diru-laguntzaren gai den bidearen gaur egungo egoera:

– Erabil ezin daitezkeen eta trafikoari itxita dauden bideak: 20 puntu.

– Egoera txarra dela-eta, segurtasun-arrisku larrikoak diren bideak: 15 puntu.

– Luizi-arrisku bizian dauden ezpondadun bideak: 10 puntu.

– Gainerako bideak: 5 puntu.

b) Lekuaren garapena proiektu-motarekiko. Lekuaren garapen-maila proiektu-motarekiko: 10 puntu.

c) Landa-izaeraren maila (G1etik G9ra, entitate mailan): 5 puntu.

d) Landa-populazio aktiboaren portzentaia populazio aktibo guztiarekiko (udalerri mailan): 5 puntu.

3.– Landa-bideak egokitu, hobetu eta mantentzeko laguntzen foru-programaren barruan 2013ko ekitaldian laguntza jaso duten eskabideek izango dute lehentasuna, hau da, lehenengo ebazpen puntuan aipatzen direnek. Jaso gabeko eskabideen kasuan, kreditua behar bestekoa ez bada, puntuaziorik handiena lortu duten eskabideei erantzungo zaie lehenik.

Zazpigarrena.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Erakunde bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du, eta erakunde eskatzailearenak diren bide guztiak sartuko dira eskabide horretan. Dena den, balorazioa, proiektua eta aurrekontua bide bakoitzarentzako egingo da. Halaber, bide bakoitzarentzat behar diren ebatzi honen 4. puntuan aurreikusitako agiriak ere aurkeztu beharko dira.

2.– Eskabideak Eusko Jaurlaritzaren Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari bidaliko zaizkio, agindu honen eranskin gisa doan ereduaren arabera, eta Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia 1, Vitoria-Gasteiz), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein lekutan.

3.– Eskabideak aurkezteko 15 eguneko epea izango da, agindu hau indarrean sartzen denetik.

4.– Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:

a) Erakunde eskatzailearen titulartasuneko landa-bideetan jasandako kalteei buruzko agiriak.

b) Konponketa jada egina bada, fakturak, ordainketa-egiaztagiriak eta egindako lanei buruzko agiriak, eta, hala dagokionean, konponketak horrengatik jasotako laguntzen agiriak.

c) Konponketa ez bada ordurako egina, lanen proiektua edo bide horiek konpontzeko Jardueren bestelako ikerketak; eta lanen aurrekontuak eta burutzeko jarduerak.

d) Erakunde eskatzaileak Balio Erantsiaren gaineko Zerga zuzenean ordaindu behar duela eta ez duela berreskuratuko edo dela konpentsatuko egiaztatzen duen agiria.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, hau guztia adierazteko: eskabidean jasotako informazioa egiazkoa dela; bestelako administrazio edo erakunde publiko eta pribatuetatik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso dituela; ez dagoela lehen jasotako laguntzaren bat itzultzeko prozedura baten edo zehapen-prozedura baten eraginpean edo prozedura hori amaitu dela; ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzea galarazten dion administrazio- edo zigor-arloko zehapenik eta legezko debekurik (Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean aurreikusitako debekua barne); aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla.

5.– Aurkeztutako eskaeran akats, hutsune edo okerren bat dagoela ikusiz gero, eskatzaileari horren berri emango dio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak, eta hamar eguneko epea emango dio zuzendu beharrekoa zuzen dezan edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eraman ditzan. Era berean, jakinaraziko zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako ebazpena emango da. Edonola ere, administrazioaren esku dagoen dokumentazioa ez da berriz aurkeztu behar, baldin eta behar bezala eguneratuta badago. Eskatzaileek organo kudeatzaileari baimena eman ahal izango diote beste administrazio edo erregistro publiko batzuetan dauden datuak edo ziurtagiriak eskura ditzan, laguntza horiek kudeatzeko behar badira.

Zortzigarrena.– Ebaztea, kudeatzea eta laguntzak ordaintzea.

1.– Aurkeztutako eskabideak baloratzeko, balorazio-batzorde bat osatuko da, honako kide hauek izango dituena: Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria edo eskuordetzen duen pertsona, batzordeko lehendakaria izango dena; eta bokal izango diren bi pertsona, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren menpeko Zuzendaritzetako teknikaren artean hautatuak eta Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez izendatuak izango direnak, eta ahotsa bai, baina botorik izango ez dutenak; ebazpen horretan Batzordeko idazkaria izendatuko da.

2.– Balorazio-batzordeak beste administrazio batzuen, entitateen edo pertsona adituen laguntza jaso ahal izango du. Batzorde horrek bidaliko du aurkeztutako eskarien balorazio-txostena.

3.– Aurreko atalean aurreikusitako balorazio-txostena ikusirik, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak ebazpena emango du eskatutako laguntza eman ala ukatzeko; hori, bi hilabetetan egingo du, eskabideak aurkezteko epean amaitzen denetik.

4.– Ebazteko epea igarota, horretarako eskumena duen organoak berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez badu, eskabideak baietsitzat joko dira, azaroaren 26ko 30/92 Legearen 44. artikuluarekin bat.

5.– Laguntza emanez gero, emandako zenbatekoaren % 50 aurretiaz ordainduko da. Laguntzaren gainerakoa edo saldoa ordaintzeko, aurretik Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek aldeko txostena eman beharko dute, eta aurreko atalean aurreikusitako epean laguntza jasotzen duten lanak edo jarduerak burutu izana eta erakunde onuradunak fakturak ordaindu izana egiaztatu beharko da. Bigarren ordainketa hori 2014ko ekitaldian egingo da.

Halaber, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek beste administrazio, entitate edo pertsona adituen laguntza teknikoa jaso ahal izango dute, laguntza eman zen helbururako lanak edo jarduerak jarraitu eta baloratu dezaten.

6.– Laguntza jasotzen duten lanak edo jarduerak laguntza ematen denetik urtebetean egin beharko dituzte erakunde onuradunek.

7.– Laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpenaren bidez, abeltzaintza-arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan (www.euskadi.net) argitaratuko da agindu honen babespean esleitutako diru-laguntzak eskuratu dituztenen zerrenda, esleitutako zenbatekoak adieraziz, publizitate modura balio izan dezan.

Bederatzigarrena.– Entitate onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun diren pertsonek betebehar hauek izango dituzte, betiere:

a) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen jardueran aritzea edo egoeran egotea, eta diru-laguntza eman duen erakundeari frogatzea diru-laguntza jasotzeko edo haren onuradun izateko bete beharreko betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera burutzen dutela.

b) Baliteke Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak informaziorik eskatzea beraien aginpideak bete behar horretan, agindu honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta, eta, beraz, informazio hori eman egin beharko zaie, eta egiaztatze-jarduerei men egin.

c) Diru-laguntza ematen duen erakundeari, bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako diru-laguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea, bai eta diru-laguntza ematean kontuan hartutako gorabehera objektibo edo subjektiboetan izandako aldaketen berri ere.

d) Esleitutako diru-laguntza onartu beharko da. Ildo horretatik, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak diru-laguntzari esanbidez uko egiten ez badio, pentsatuko da diru-laguntza onartu duela.

e) Bideen egoerari eta mantentzeagatik jasotako laguntzei buruzko txostena egin, eta garapenean eskuduna den zuzendaritzara bidali ekintzak eta lanak amaitu zirenetik urtebetera.

2.– Agindu hau aplikatzetik sortuko diren herri-administrazioekiko harremanetan, idatzizkoetan zein ahozkoetan, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea eta aukeratzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea izango dutela bermatuko da.

Hamargarrena.– Baldintzak aldatzea eta ez-betetzeak.

1.– Laguntzak ematerakoan kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, nahiz eta laguntzen xedea bete, edo, beste diru-laguntza batzuk jaso dituela-eta, gehienez jaso zitekeen laguntza gainditzen bada, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, laguntza bakoitzeko kudeaketa-organoak aldaketa-ebazpen bat egin beharko du, eta emandako diru-laguntzen zenbatekoa berriro zehaztu.

2.– Onuradunek ez badituzte agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen, jasotako dirua itzuli egin beharko dute, legezko interesak gehiturik. Hori guztia azaroaren 11ko 1/97 Legegintzako Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onestekoan, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jartzen duenaren arabera.

Hamaikagarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hamabigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 13a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala