Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2013ko azaroaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4732

EBAZPENA, 2013ko urriaren 11koa, Euskal Herriko Unibertsitateko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Arloko errektoreordearena, Doktorego Ikasketak Kudeatzeko Arautegia aldatzeko dena.

Hirugarren zikloko doktoregoko ikasketek doktore titulua lortzera bideratzen dute, eta izaera ofiziala eta nazioko lurralde osorako balioa dute.

2013ko ekainaren 27an EHAAn argitaratu zen Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearen 2013ko maiatzaren 30eko ebazpena, Doktorego Ikasketak Kudeatzeko Arautegia argitaratzekoa.

2013ko uztailaren 13an 534/2013 Errege Dekretua argitaratu zen, uztailaren 12koa, honako hauek aldatzen dituena: urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua, unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituena, urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretua, doktorego ikasketa ofizialak arautzeko dena, eta azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretua, graduko unibertsitate ikasketetarako sarbide baldintzak eta Espainiako unibertsitate publikoetan onartua izateko prozedurak arautzen dituena.

Errege Dekretu berriak Doktorego Ikasketak Kudeatzeko Arautegiari eragiten dioten aldaketak ditu. Horrela, bada, hemen proposatzen diren aldaketen helburua da arautegi hori 534/2013 Errege Dekretura egokitzea, baita doktorego ikasketak behar bezala garatzeko bidea ematea ere.

Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Doktorego Ikasketak Kudeatzeko Arauak ezartzea erabaki zuen 2013ko urriaren 10eko bileran.

Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Herriko Unibertsitate Sistemarenak, honela dio 10.2 artikuluan: «Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gainekok aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira»

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Doktorego Ikasketak Kudeatzeko Arautegiaren aldaketak, eranskinean jasotako modua.

Leioa, 2013ko urriaren 11.

Errektorea.
Eskuordetzeaz (2013-01-30eko Ebazpena, 2013-02-13ko EHAA)

Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea,

MIREN NEKANE BALLUERKA LASA.

Lehenengoa.– 13. artikulua «Doktorego tesia aurkeztu», honela idatzita geratuko da:

Doktorego tesia amaitu ondoren, eta zuzendari, tutore eta programaren Batzorde Akademikoak baimendutakoan, eta doktorego tesia erregistratu den sailari horren berri eman eta gero, doktoregaiak Doktoregoko Azpibatzordeari aurkeztuko dio baimena eman dezan.

Tesia, bere jakintza arloan, komunikazio zientifikorako erabili ohi diren hizkuntzetan egin daiteke. Euskal Autonomia Erkidegoarenak ez diren hizkuntza batean egin edo defenditu bada, laburpen bat aurkeztu beharko du, bost orrialdekoa gutxienez, gaztelaniaz edo euskaraz.

Tesia hizkuntza jakin batean aurkeztu izanaren egiaztagiria lortzeko, gutxienez tesiaren % 45 hizkuntza horretan idatzita egon beharko da, bibliografia alde batera utzita. Euskarako C2 agiriaren pareko maila ematen duten doktorego tesien kasuan, defentsarako eskatutako baldintzez gain, lanaren % 75 egon beharko da euskaraz idatzita, edo, nazioarteko tesia bada, % 60. Egiaztagiria nahi duen doktoregaiak UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen Zerbitzuan eskatu beharko du.

Euskararen arloko Errektoreordetzak euskaraz idatzi eta defendatutakotzat hartzeko baldintzak betetzen dituzten tesi hauetarako itzulpen baliabide guztiak bermatuko ditu epaimahaikide guztiek doktoregaiaren aurkezpen publikoa ulertu eta geroago balioets dezaten.

Tesiaren hiru ale aurkeztu beharko dira ondorengo informazioarekin:

Azalean honakoak agertuko dira, gutxienez:

1.– UPV/EHUren sinboloa

2.– Doktorego tesiaren izenburua

3.– Egilearen izena

4.– Urtea

Azalean jar daitezke, UPV/EHUren sinboloarekin batera, doktorego eskolarenak, baita tesi zuzendarien izenak ere. Kontrazalean edo barruko aldean jar daitezke UPV/EHUkoak ez diren erakunde, enpresa edo instituzioenak, ez azalean, ordea. Horrela ez egiteak gordailuan uzteko epea abiatzea eragotziko du.

Hauek dira koadernatuta joango diren dokumentuak:

1.– Tesiaren zuzendariaren edo zuzendarien baimena tesia aurkezteko, jatorrizko sinadurekin.

2.– Doktorego programaren Batzorde Akademikoko koordinatzailearen baimena, jatorrizko sinadurarekin.

3.– Doktorearen graduko akta.

Doktoregaiak Doktoregoko Azpibatzordeari igorriko dio aurreko dokumentazioa, UPV/EHUko Erregistro Orokorraren bitartez.

Bigarrena.– 15. artikulua «Doktorego tesia epaitu behar duen epaimahaia izendatu», honela idatzita geratuko da:

Hamar kideko proposamena kontuan hartuta, UPV/EHUko Doktoregoko Azpibatzordeak zortzi kidez, hau da, bost titular eta hiru ordezkoz, osatutako epaimahaia izendatuko du. Honela banatuko dira:

Zortzi kideetatik:

1.– Proposatuetatik hiru kide (14. art.) UPV/EHUkoak izan beharko dira; bi epaimahaikide titularrak izango dira, eta bestea ordezkoa. Bi horietako batek huts eginez gero, ordezkoak beteko du haren lekua nahitaez.

2.– UPV/EHUko kideak kenduta (horiek hiru izango dira nahitaez: bi titularrak eta bestea ordezkoa), ezin izango dira egon estatuko edo atzerriko unibertsitate berekoak edo ikergune ofizial berekoak diren bi kide baino gehiago (14.3 art.).

3.– 14.6 artikuluak adierazten dituen erakundeen arteko kide bi ager daitezke, baina epaimahaiko titularren artetik bat besterik ez da agertuko.

4.– Bi kidek epaimahaiko buru izateko baldintzak bete beharko dituzte.

Epaimahaiko bost kide titularren artetik:

1.– Nazioarteko tesiak direnean, ezin izango dira epaimahaian egon estatukoak ez diren erakundeetako bi kide baino gehiago, eta haietako bat bakarrik izan ahal izango da Europar Batasunetik kanpoko erakunde batekoa. Estatuko tesiak direnean epaimahaikide titularretako bat baino ezin izango da izan atzerriko erakunde batekoa.

Hala ere, estatuko tesien kasuan, Graduondoko Batzordeak atzerriko erakundeetako bi kide egotea baimendu ahalko du, jakintza arloaren berezitasunean edo garapen zientifikoan oinarritutako arrazoi objektiboak egonez gero, arautegi honetako 22. artikuluan ezarritako muga ekonomikoak alde batera utzi gabe.

2.– Bost kide titularren artean, bi gutxienez izango dira unibertsitateko irakasleak.

3.– Kide titular baten tokian ordezko bat jartzeko beharrik izanez gero, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari eman beharko zaio horren berri, eta berak izendatuko du ordezkoa.

Hirugarrena.– 20. artikulua «Doktorego tesia defendatu eta kalifikatu», honela idatzita geratuko da:

Doktorego tesia bilkura publikoan egingo den defentsa ekitaldian ebaluatuko da. Aipatutako ekitaldian doktoregaiak prestatutako ikerlana azaldu eta defendatu beharko du epaimahaikideen aurrean. Azalpenenean sartuko dira, baita ere, izandako prestalana, tesiaren edukia eta ondorioak, eta doktoregaiak berak egindako ekarpen orijinalen aipamena batez ere.

Doktorego tesiaren defentsa ekitaldia urte osoan egin daiteke, abuztuan izan ezik.

Doktorego tesiaren defentsa UPV/EHUko egoitzetan egingo da, salbu eta tutorekidetza tesietan eta beste unibertsitate batzuekin elkarlanean egindako tesietan, unibertsitateen arteko doktorego programen markoan, horrela ezarri denean kasuan kasuko hitzarmenean.

Epaimahaiko kide titularren batek arrazoi justifikatuarengatik edo agertzeko gertatutako ezintasunarengatik uko eginez gero, epaimahaiburuak ordezkoetako bat jar dezake.

Epaimahaiak ezin izango du, inola ere, xede honetarako izendatutako bost kiderekin baino gutxiagorekin jardun.

Defentsa ekitaldian, doktorego tesia inskribatuta dagoen sailari bidalitako alea izango du epaimahaiak, eta doktorearen graduko aktan sartuko du, eta koadernatu gabeko doktorearen graduko akta bat ere izango du. Defentsa bukatutakoan, biak sinatu beharko dituzte epaimahaiko kide guztiek eta doktoregaiak.

Epaimahaiko kideek beren iritzia agertu beharko dute aurkeztutako tesiaren gainean eta haiei egoki iruditu behar adina galdera eta kontu plazaratu ditzakete, eta doktoregaiak erantzun egin beharko die. Ekitaldi publikoko doktoregaiek ere azal ditzakete beren galderak eta kontuak, eta doktoregaiak erantzun egin beharko die, epaimahaiko buruak esaten duen unean eta moduan.

Tesiaren defentsa eta eztabaida amaituta, epaimahaiko kide bakoitzak tesiari buruzko balorazioa egingo du idatziz.

Tesiaren defentsa bukatuta, epaimahaiak txostena egin eta tesiaren kalifikazio globala emango du honako eskala honen arabera: «ez gai», «gai», «oso ongi» eta «bikain».

Tesiari «cum laude» eman dakion proposa dezake epaimahaiak, baldin eta kalifikazio globala «bikain» bada eta horren aldeko boto sekretua aho batez ematen bada. Horretarako, epaimahaiko kide bakoitzak bere boto positiboa edo negatiboa emango du itxitako gutun azal batean. Botoak doktorego tesiaren defentsa saioan ez beste batean zenbatuko dira.

Epaimahaiak aukera eman dezake doktoregoko sari berezietara aurkez daitezen, baldin eta «cum laude» aipamena lortu eta horren aldeko boto sekretua eta aho batez ematen bada. Horretarako, epaimahaiko kide bakoitzak bere boto positiboa edo negatiboa emango du itxitako gutun azal batean. Boto positiboa aho batez eman bada, doktore eginberriak doktoregoko sari berezia eska dezake kasuan kasuko deialdian.

Tesia hizkuntza batean baino gehiagotan defendatu izanaren egiaztagiria lortzeko, tesiaren % 45 beste hizkuntza batean egin beharko da. Hori graduko aktan jasoko da.

Laugarrena.– 24. artikulua «Nazioarteko doktorea aipamena», honela idatzita geratuko da:

«Nazioarteko doktorea» aipamena jar daiteke, doktorego tituluaren atzeko aldean, ondorengo baldintzak betetzen direnean eta tituluak egiteko arauek hala baimentzen dutenean:

1.– Doktore titulua lortzeko beharrezkoa den prestakuntza denboran doktoregaiak gutxienez hiru hilabeteko egonaldia egina izatea, horietako bi gutxienez jarraian, Estatutik kanpoko hezkuntza erakunde edo sona handiko ikergune batean, tesiaren gaiarekin zerikusi zuzena duten ikasketak edo ikerlanak egiten. «Nazioarteko doktore» aipamena jasotzeko ez da aintzat hartuko kongresu, jardunaldi, mintegi eta halakoetara joatea. Egonaldiak eta jarduerek zuzendariaren bermea izan beharko dute eta doktorego programako Batzorde Akademikoaren baimena, eta doktoregaiaren jardueren dokumentuan jasoko dira.

2.– Doktorego tesiaren zati garrantzitsu bat, gutxienez laburpena, eztabaida orokorra eta ondorioak erredaktatuta izan eta haren jakintza arloan komunikazio zientifikoa egiteko erabili ohi diren hizkuntzetako batean aurkeztea, Euskal Autonomia Erkidegorenak ez diren beste hizkuntza batean. Arau hau ez da aplikatuko egonaldiak espainola hizkuntza duen herrialde batean egiten direnean.

3.– Estatukoa ez den goi mailako hezkuntza erakunderen edo ikerketa instituturen bateko kide egonkor diren doktore aditu bik tesiari buruzko aldeko txostena egitea. (Informazioan adituon curriculum laburtua sartu beharko da).

4.– Estatukoa ez den hezkuntzako institutu edo ikergune bateko aditu bat gutxienez –doktore titulua eduki eta a) atalean aipatutako egonaldiaren arduraduna ez dena– tesia ebaluatzeko epaimahaiko kidea izatea.


Azterketa dokumentala