Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2013ko azaroaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4731

434/2013 DEKRETUA, urriaren 29koa, Lan Harremanen Kontseiluari buruzkoa.

Lan Harremanen Kontseiluari buruzko irailaren 30eko 9/1981 Legearen bidez, Lan Harremanen Kontseilua sortu zen, gizarte solaskideen arteko topagune-organo gisa.

Lan Harremanen Kontseiluaren ekainaren 27ko 11/1997 Legeak –aipatutako Lan Harremanen Kontseiluari buruzko irailaren 30eko 9/1981 Legea indargabetuz– erregulazio berri bat ezarri zuen hauteskunde-sisteman egindako aldaketak oinarri hartuz batez ere (maiatzaren 19ko 11/1994 Legea, zeinen bidez aldatzen baitira Langileen Estatutuko eta Lan Arloko Prozeduraren Legearen eta Gizarte Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu artikulatuko zenbait artikulu).

Azkenik, Lan Harremanen Kontseiluari buruzko otsailaren 23ko 4/2012 Legeak zioen adierazpenean dioenez, Kontseilua kontsulta- eta elkarrizketa-organo iraunkor gisa indartzera dator, eta, aldi berean, bere egitekoak zehazteko eta funtzionamendua hobetzeko beharrezko iritzitako zenbait aldaketa sartzen ditu.

Hortaz, orain arte indarrean dagoen lege-testuak detailez arautzen ditu honako hauek: Kontseiluak nola baliatuko dituen bere funtzioak, haren osaera ezarri eta berritzea eta haren osoko bilkurak nola hartuko dituen erabakiak; eta oraingo dekretu honen bitartez, zenbait alderdi konkretatu egiten dira, eta, gainera, euren izaera kontuan izanik, erregelamendu bidez garatzeko alderdiak garatzen dira.

Ondorioz, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, dagozkion nahitaezko txostenak eman eta gero, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko urriaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Lan Harremanen Kontseiluari buruzko otsailaren 23ko 4/2012 Legea garatzea alderdi hauei dagokienez: manuzko txostenak emateari buruzko alderdiak, berau osatzen duten kideen agintaldia, horiek izendatu eta berritzeko prozedura, ohikoa nahiz ezohikoa, eta erabakiak hartzea.

2. artikulua.– Nahitaezko txostenak ematea.

1.– Lan Harremanen Kontseiluari buruzko otsailaren 23ko 4/2012 Legeko 3. artikuluaren a), b) eta c) idatzi-zatietan aurreikusitako nahitaezko txostena galdegiteko eskabidea, lege-proiektu edo dekretu egokia onartu aurreko unean egin beharko da, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenaren ondorioetarako eta haren arautegi espezifikoetan kontrol ekonomiko eta arauzkoari buruzko txostenaren ondorioetako ezarritakoa errespetatuaz.

2.– Eusko Jaurlaritzak aipatu manuzko txostena eskatzen duenetik hogeita hamar egun igarota legeen kasuan eta hamabost egun gainontzeko kasuetan, txostena eman ez bada, jarduketei ekin ahali zango zaie, hargatik eragotzi gabe Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari gero helarazi ahal izatea, egoki iritziz gero.

3. artikulua.– Kontseiluko kideen agintaldiaren iraupena.

1.– Sindikatu eta enpresa erakunde eta konfederazioen ordezkari gisa Kontseiluko kideen agintaldiak bi urte iraungo du, Lan Harremanen Kontseiluari buruzko otsailaren 23ko 4/2012 Legearen 6. artikuluan aurreikusitakoaren arabera; epe hori izendapen ofiziala argitaratu eta biharamunean hasik oda, hargatik eragotzi gabe erakundeek izendatutakoak ordezkatu ahal izatea –hori ere aurreikusia–.

2.– Batzordeko kideen agintaldia amaitutakoan, euren funtzioak gauzatzen jarraituko dute, harik eta euren kargu-uztea ofizialki argitara eman arte.

4. artikulua.– Kontseiluaren lehendakariaren eta idazkari orokorraren agintaldiaren iraupena.

1.– Kontseiluaren lehendakariaren eta idazkari orokorraren agintaldiak bost urte iraungo du, hargatik eragotzi gabe gehienez ere beste agintaldi baterako izendatzeko aukera, Lan Harremanen Kontseiluari buruzko otsailaren 23ko 4/2012 Legearen 12. eta 13. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

2.– Batzordeko kideen agintaldia amaitutakoan, euren funtzioak gauzatzen jarraituko dute, harik eta euren kargu-uztea ofizialki argitara eman arte.

5. artikulua.– Agintaldiak amaitu dituztela-eta Kontseiluko kideak berritzea ohiko bidetik.

Kontseiluko kideen bi urteko agintaldia amaituta, Kontseilua ohiko bidetik eta osorik berrituko da, aldi berean. Hortaz, Lan Harremanen Kontseiluari buruzko otsailaren 23ko 4/2012 Legean aurreikusitako kausetarikoren baten ondorioz, kargua uzten dutenen ordez Batzordean integratzen direnen agintaldiak iraun egingo du, harik eta ordeztutako kideak –ohiko bidetik– kargua utziko zuen arte.

6. artikulua.– Kontseiluko kideak berritzeko ohiko prozedura.

1.– Kontseiluko kideen agintaldiak amaitu baino lehen, lehendakariak berritze-prozedura hasiko du, eta, bestetik, Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoari –lan-agintaritza autonomikoaren menpeko denari– sindikatu erakunde eta konfederazioen ordezkaritzari buruzko egiaztapena eskatuko dio. Eta bulego horretan dauden datuekin bat etorriaz, prozedura irekitzen denean, egiaztapenean honako sindikatu hauei buruzkoak jasoko dira: EAEren eremuan ordezkaritza handiena dutenak, edo, herri-administrazioen organo eta enpresa-batzordeetako kide eta langileen delegatuetarik % 10 edo hortik gora lortu dutenak.

2.– Behin ziurtagiri hura jasotakoan eta agintaldiak amaitu aurreko hilabetean, ohiko berritze-prozedura irekitzeko iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Eta, iragarki horren bitartez, Sindikatu eta enpresa erakunde eta konfederazioei jakinaraziko zaie euretariko bakoitzari dagozkion kideak izendatzeko eskubidea baliatu dezaketela, baldin et Lan Harremanen Kontseiluari buruzko otsailaren 23ko 4/2012 Legearen 4. artikuluan eskatutako ordezkaritza badute.

3.– Hilabeteko epean aurkeztu beharko da ordezkarien izendapena, iragarkia ofizialki argitaratzen denetik hara, eta izendapen hartan honako hauek jaso beharko dira: izenak, titularrak eta ordezkoak, hau da, erakunde edo konfederazio bakoitzari dagozkion kideak.

4.– Jasotako jakinarazpen eta izendapenak ikusirik, lehendakariak egiaztatuko du egiaztagirian adierazitakoari dagokiola, eta kide titular eta ordezkoen izendapen-proposamena prestatuko du.

5.– Kontseiluaren lehendakariak lehendakariari helaraziko dizkio proposamena, aurkeztutako komunikazioak eta zerrendak eta, kasua bada, alegazioak, lehendakariak, hori guztia ikusirik, behar diren izendapenak egin ditzan.

7. artikulua.– Ezohiko berritze partziala.

1.– Lan Harremanen Kontseiluari buruzko otsailaren 23ko 4/2012 Legearen 4.3 eta 4.5 artikuluetan jasotako kasuetan, sindikatu edo enpresa erakunde eta konfederazio batek edo gehiagok Kontseiluan parte hartzeari uko egiten badiote agintaldiak dirauen artean, uko egitearen erabakia formalki jakinarazi beharko diote Kontseiluaren Lehendakaritzari.

2.– Erakundearen funtzionamendu normalari eragiten dion behin eta berriro egindako asistentzia-falta, zehazki, Lan Harremanen Kontseiluari buruzko otsailaren 23ko 4/2012 Legearen 4.3 artikuluaren aipatutakoa kasu honetan gauzatuko da: Kontseiluko kide bat edo gehiago bi batzarretara jarraian ez agertzea, edo, jarraian ez bada ere, urtean hiru batzarretara ez agertzea, erakunde edo konfederazio horrek berak proposatuta ordezko jarduteko kideren batek ordezkatu gabe gainera, non eta ezin ordezkatu izana egiaztatzeko arrazoiren bat ez den ematen, eta ez arrazoi hori ez bada aurreikusia, Kontseiluaren barne-funtzionamenduaren araudiaren arabera, erakunde bakoitzak izendatutako kideen botoa eman bertako kide bati edo gehiagori.

3.– Aurreko paragrafoetan zehaztutako kasuetan, erakundeari edo konfederazioari ohartaraziko zaio ezen entzunaldirako 7 eguneko epea izango dutela arazoaz nahi dutena adierazteko, eta, ohartarazpena gorabehera, ukoari eusten bazaio edo lehen ere ez direnak eta haien ordezkoak ez badira azaltzen parte diren organoen hurrengo bileretara, lehendakariak, gainerako kideei kontsulta egin eta eraginpeko erakundeari jakinarazi eta gero betiere, berritzeko prozedurari ofizioz ekingo dio ukoa edo asistentzia-falta dela-eta jazotako bakantea(k) betetzeko.

4.– Kontseiluaren azken berriztapenerako egiaztatutako ordezkaritzen arabera, kide berriak izendatzea dagokien gainerako sindikatu edo enpresa erakunde edo konfederazioei jakinarazita hasiko da partzialki berritzeko prozedura. Izendapenak jakinarazpena egin eta hurrengo 7 egunetan egingo dira.

5.– Haietako batek izendapenik egiten ez badu, Lan Harremanen Kontseiluari buruzko otsailaren 23ko 4/2012 Legearen 4.3 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoa hartuko da aintzat.

6.– Prozedura amaitutakoan, Kontseiluko lehendakariak kargutik kentzeko eta izendatzeko proposamenak helaraziko dio lehendakariari, eta baita erakunde batek egin lezakeen alegazioa ere; horiek oro ikusirik, lehendakariak egin beharreko kargutik kentzeak eta izendapenak egin ditzan.

7.– Izendatutakoen agintaldia kargutik kentzen diren egunean berean amaituko da.

8.– Artikulu honetan araututako prozedura subsidiarioki aplikatzekoa izango da, Lan Harremanen Kontseiluari buruzko otsailaren 23ko 4/2012 Legearen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, kasu guztietan Kontseiluaren kide bat edo gehiago partzialki berritzea beharrezkoa den.

8. artikulua.– Kontseiluaren Osoko Bilkuran erabakiak hartzea.

1.– Osoko Bilkura baliozkoa izango da talde bakoitza osatzen duten kideen heren bat gutxienez bertan bada.

2.– Gai-ordenean Lan Harremanen Kontseiluari buruzko otsailaren 23ko 4/2012 Legearen 3. artikuluaren f), g), h), i) eta j) idatzi-zatietan deskribatutako eskumenekin zerikusia duten gaiak daudenean, gai horiei buruzko baliozko erabakiak hartzeko, alderdi bakoitzaren kideen erdiak bertan egon beharko du.

3.– Akordioak eta erabakiak bertan dauden kideen gehiengo sinplez hartuko dira, salbu eta aurreko paragrafoan aipatutako eskumenekin zerikusia dutenak, kasu horretan, batetik, sindikatu taldearen partaide diren pertsonen gehiengo sinplearen aldeko botoak beharko dira, eta, bestetik, enpresa taldearen gehiengo sinplearen aldekoak.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko urriaren 29an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala