Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2013ko azaroaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4729

431/2013 DEKRETUA, urriaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Sasoiko Lanari buruzko Erakunde arteko Mahaia sortu eta arautzen duen dekretua aldatzen duena.

Sasoiko Lanari buruzko Erakunde arteko Mahaia sortu eta arautzen duen apirilaren 29ko 9772003 Dekretuaren helburua da Sasoiko Lanari buruzko Erakunde arteko Mahaia sortzea, Legebiltzarraren 2002ko abenduaren 12ko osoko bilkuran onartu zen mandatua betez. Mandatu horren bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatu zitzaion sasoiko langileei arreta emateko plan integral bat prestatzeko eta erakunde arteko mahai bat sortzeko plan horren estrategiak eta helburuak koordinatuko zituena. Dekretu hori indarrean egon den bitartean, Mahaiak eraginkortasun handiz bete ditu bere eginkizunak, eta hala betetzen jarraitzen du.

7. artikuluko 1. paragrafoan arautu egiten da nortzuk izango diren Mahaiko bokalak, eta a) eta b) idatzi-zatietan honako hau ezartzen da, hurrenez hurren: «Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko ordezkari bat» eta «Justicia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Saileko ordezkari bat». Hala ere, sailen izenak eta eskumen-eremuak aldatzen direnean, dekretuaren hasierako idazkeran erabilitako nomeklaturak interpretazio-arazo ugari sortzen ditu. Hori dela-eta, artikulu hori aldatu beharra dago, hain zuzen ere Mahaian ordezkatutako pertsona benetan arlo horretako eskumena duena izan dadin, alde batera utzita legealdiz legealdi dagokion administrazio-organoak zein izen hartzen duen. Alde horretatik, ezinbestekotzat jotzen da lan-arloko ordezkari bat etengabe Mahaian egotea. Horretaz gainera, zenbait gai espezifiko jorratzeko beharrezkoa bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko ordezkari jakin batzuk –beste arlo batzuetako eskumena dutenak– Mahaian egotea, Mahaiko lehendakariak deitu diezaieke.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko urriaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Sasoiko Lanari buruzko Erakunde arteko Mahaia sortu eta arautzen duen apirilaren 29ko 97/2003 Dekretuaren 7. artikuluko 1. paragrafoa («Bokalak») aldatzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sasoiko Lanari buruzko Erakunde Arteko Mahaia sortu eta arautzen duen apirilaren 29ko 97/2003 Dekretuaren 7. artikuluko 1. paragrafoa («Bokalak») aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

1.– Honako hauek izango dira Erakunde arteko Mahaiko bokalak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean lan-arloko eskumena duen saileko ordezkari bat.

b) Arabako Foru Aldundiko ordezkari bat.

c) Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari bat.

d) Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari bat.

e) Eudel Euskal Udalen Elkarteko ordezkari bat.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sindikatu garrantzitsueneko ordezkari bat, eta historian zehar gai horrekin konpromisoa hartzeagatik gehien nabarmendu diren gizarte erakundeetako ordezkari bat; azken hau Mahaiko Lehendakariak izendatuko du.

g) Gaiaren ezaugarriak kontuan izanik beharrezkoa bada Mahaian egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailetako beste zenbait ordezkari –beste arlo batzuetako eskumena dutenak–, eta/edo Estatuko Administrazio Orokorraren menpeko Lan Ikuskaritza eta Gizarte Segurantzako ordezkariak beharrezkoak badira, edo, hala badagokio, erakunde arteko mahaiko kide izan gabe, gaiarekin zerikusia duten beste ordezkari batzuk behar badira, Mahaiko lehendakariak berak deitu ahal izango die. Horiek, betiere, gainerako bokalen eskubide eta betebehar berak izango dituzte, eta dagokien arazoa tratatzeko baino ez zaie deituko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari ematen zaio dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak emateko ahalmena.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko urriaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala