Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2013ko urriaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4419

EBAZPENA, 2013ko irailaren 17koa, UPV/EHUko idazkari nagusiarena, unibertsitatearen diru sarreren araubideari buruzko xedapenak argitaratzeko agindua emateko dena.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak 81. artikuluan honako hau xedatzen du, unibertsitateen aurrekontuaren gainean:

«2.– Aurrekontua publikoa, bakarra eta orekatua izango da, eta diru-sarrera eta gastu guztiak agertu beharko dira bertan.

3.– Unibertsitateen aurrekontuan, diru sarreretan, honako hauek agertuko dira:

(...)

b) Zerbitzu akademikoen eta legean jasotako gainerako eskubideen diru-sarrerak.

Estatuko lurralde osoan balioa izango duten unibertsitateko titulu ofizialak eskuratzera zuzendutako ikasketen kasuan, prezio publikoak eta eskubideak autonomia erkidegoak onartuko ditu, Unibertsitateko Irakaskuntza Koordinatzeko Kontseiluak ezarriko dituen mugen barruan, eta lotuta egongo dira zerbitzua emateak daukan kostuari.

Era berean, legerian xedatutako prezio publikoen eta eskubideen gaineko salbuespenei eta murriztapenei dagozkien diru kopuruen ordainak jasoko dira.

c) Berezko ikasketen prezioak, espezializazio ikastaroenak eta unibertsitateek aurrera eraman ditzaketen bestelako jarduerenak bat etorri beharko dira Gizarte Kontseiluak ezarritakoarekin eta, edonola ere, aplikatu behar diren urteko aurrekontuekin batera onartuko dira.

(...)

e) Ondarearen etekinak eta lege honi jarraikiz zein unibertsitatearen Estatutuei jarraikiz erakundeak burutzen dituen bestelako jarduera ekonomikoen etekinak.

f) 83. artikuluan aipatutako kontratuetatik etorritako sarrerak. [Gaztelaniaz jatorrizkoan]

(...)»

Bestalde, UPV/EHUren Estatutuetako 232. artikuluak honela dio: «1.– UPV/EHUk urteko aurrekontu bat izango du, bakarra, publikoa eta orekatua. Urte naturaleko sarrera eta gastuak bilduko ditu.

(...)

3.– Ekitaldi bakoitzeko aurrekontuarekin batera aurrekontua gauzatzeko oinarri eta arau batzuk ere egongo dira, gastua modu deszentralizatuan kudeatzea bermatuko dutenak eta ekitaldi horretako ekonomia eta finantza jardunerako izango direnak».

Azkenik, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak honako hau xedatzen du 10. artikuluan:

«2.– Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta ez dira indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte».

Aipatutakotik ondorioztatzen da EHAAn argitaratu behar direla unibertsitatearen diru sarreren araubideari buruzko xedapenak.

Beraz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Argitara ematea UPV/EHUren 2013ko aurrekontuko diru sarreren araubidea, ebazpen honen eranskin moduan. Araubide hori Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2013ko ekainaren 20ko bileran, eta Gizarte Kontseiluak 2013ko uztailaren 17ko bileran.

Leioa, 2013ko irailaren 17a.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

DIRU-SARREREN ARAUBIDEA
SARRERA

Arautegi honen bidez diru-sarrerak sailkatu, eta sarrerak kudeatzeko arauak eta prozedurak finkatzen dira. Haren helburua da UPV/EHUren baliabide guztien kudeaketa eta kontabilizazio eraginkorra lortzea, baliabideok EAEk emandako diru laguntza izan, baliabide propioak izan edo ekitaldian zehar sortzen diren bestelako sarrerak.

Araubide honek eta etorkizunean egin daitezkeen aldaketek helburu izan behar dute diru-sarrera mota guzti-guztiak koherentziaz arautzea eta sarreren lorpenean inplikatutako gune organikoek gero eta hobeto kudeatzea aipatutako sarrerak.

Diru-sarreren tratamendua lotuta dago, batetik, sarreraren izaerarekin, eta, bestetik, baliabideak erabiltzen dituzten gune funtzionalen artean ezarritako gestio egiturarekin.

I. KAPITULUA
ZERBITZU ZENTRALEN DIRU-SARRERA OROKORRAK

1. artikulua.– Eusko Jaurlaritzak gastu arrunterako eta kapital gasturako emandako diru laguntzak.

UPV/EHUren baliabide orokorren parte bat dira. Eusko Jaurlaritzak ematen ditu urte bakoitzeko ekitaldian egiten diren gastu arruntak eta inbertsioak finantzatzeko.

2. artikulua.– Beste erakunde publiko batzuen diru laguntzak.

UPV/EHUko baliabide orokorren parte dira, baina batzuetan xede jakin baterako diru-sarrerak dira.

3. artikulua.– Tasa akademikoetatik etorritako diru-sarrerak.

UPV/EHUko baliabide orokorren zati dira eta ez daude inongo kreditu jakinen finantzazioari lotuta.

4. artikulua.– Tasa administratiboetatik etorritako diru-sarrerak.

– Kopia egiazko, egiaztatu, erkatze edo ziurtatuak emateak eragindako tasak. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturarako sailak ezartzen ditu akademi ikasturte bakoitzean UPV/EHUko goi hezkuntzarako zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak xedatzen dituen erabakian.

UPV/EHUko baliabide orokorren zati dira eta ez daude inongo kreditu jakinen finantzazioari lotuta.

– Kopia soilak emateak eragindako tasak.

Kopia soilik emateari zenbateko bat xedatu zaio, III. eranskinean adierazitakoa.

UPV/EHUko baliabide orokorren zati dira eta ez daude inongo kreditu jakinen finantzazioari lotuta.

5. artikulua.– Banku kontuetako interesek sortutako diru-sarrerak.

UPV/EHUko baliabide orokorren zati dira eta ez daude inongo kreditu jakinen finantzazioari lotuta.

II. KAPITULUA
GESTIO GUNEEN BESTELAKO DIRU-SARRERA OROKORRAK

6. artikulua.– Itxitako aurreko ekitaldietan egindako ordainketak itzultzearen ondorioz sortutako diru-sarrerak.

1.– UPV/EHUko baliabide orokorren zati dira eta, hortaz, ezin zaizkio gehitu haiek sortu zituen gestio gunearen aurrekontuari.

2.– Bere garaian gastuari sostengua eman zion aurrekontu partidak xede jakin baterako krediturik izango balu, Kontabilitate Zerbitzuari eskatuko zaio dagokion kreditu esleipena egiteko sortutako diru-sarreraren kontura. Halakorik eginez gero, zuzkidura horren beharra behar bezala arrazoitu beharko da, bere garaian ezarritako helburua betetzeko kreditu hori ezinbestekoa dela frogatuz.

3.– Honelako diru-sarrerak kudeatzeko prozedura hau erabiliko da:

a) Zenbatekoa kontuan sartu dela jakin bezain laster, Kontabilitate Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

b) Itzulitako ordainketa kreditu orokorrekin egin baldin bazen, diru-sarreraren kontabilizazioa egin beharko da soilik, eta Kontabilitate Zerbitzuak berak egingo du.

c) Diru-sarrera jaso duen gune organikoak eskatuko balu diru-sarrera horren kontura kreditua esleitzea, egiaztatu egin beharko du bere garaian ordainketa egin zuela xede jakin baterako kreditu baten kontura. Orduan Kontabilitate Zerbitzuak diru-sarrera kontabilizatuko du eta kreditu zuzkidura egingo dio gestio gune organikoari, honek eskatu bezala.

7. artikulua.– Argitalpen Zerbitzuak sortutako diru-sarrerak.

1.– Honelako diru-sarrerak egingo dira Argitalpen Zerbitzuak bere fakturazio sistema bereziaren ondorioz horretarako daukan kontuan. Unibertsitatearen diru-sarrera orokorrak izanik, UPV/EHUko aurrekontu osoa eratzen duten baliabideen artean bilduko dira.

2.– Argitalpen Zerbitzuak faktura bat kontabilizatuko du hilean behin, orotarako diru sarreretan sortutako BEZ mota bakoitzeko.

8. artikulua.– Fotokopiek sortutako diru-sarrerak.

1.– Gestio guneetan sortzen dira, ikasleei saltzen zaizkien fotokopien, apunteen eta, oro har, kopia zerbitzuen ondorioz. Argitalpen Zerbitzuak lortutako diru-sarrerak ez dira atal honetan jasotzen.

2.– Unibertsitatearen diru-sarrera orokor gisa sailkatzen dira, fotokopiagailuen mantentzea eta alokairua unibertsitatearen kreditu orokorrekin finantzatzen baitira.

3.– Salbuespen gisa, diru-sarrera hauek erabili ahal izango dira sarrerok sortu zituen gestio gunea xede jakin baterako kreditu batez hornitzeko, baldin eta kreditu hori erabiltzen bada sortutako ezusteko gastuak ordaintzeko.

4.– Fotokopia eta erreprografia zerbitzuen bidez lortutako diru-sarrerak honela gestionatuko dira:

a) Fotokopia eta erreprografia zerbitzuengatik kobratutako eskudirua horretarako zehaztuko den kontuan sartuko da. Horretarako, abonu agiria egingo da, eta bertan «fotokopiak» kontzeptua adieraziko da. Dirua gutxienez hilean behin sartu beharko da kontuan.

b) Modu honetara egindako ordainketak gune organikoaren kontuan geratuko dira, eta gutxienez hilean behin Kontabilitate Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio zenbat diru jaso den ordainketen bidez aurreko jakinarazpena egin zitzaionetik.

c) Fotokopien salmentaren jardueratik ezohiko gasturik sortuko balitz eta horregatik kreditu bat esleitu beharra egongo balitz, hala eskatuko zaio Kontabilitate Zerbitzuari, eta honek, sarrera horiek gastuak ordaintzeko direla egiaztatu ondoren, kreditu horren esleipena kontabilizatuko du. Kreditua gehienez ere izango da guneak ekitaldi horretan zehar lortutako diru sarreren adinakoa.

d) Honela zuzkitutako kredituak ezin izango dira hurrengo ekitaldira pasatu gerakin espezifiko gisa, ekitaldi horretako ezohiko gastuak egiteko baitira.

9. artikulua.– Ikastetxe Nagusiak sortutako diru-sarrerak.

1.– Egoitzan ostatu hartzen duten ikasleen kuotek sortutako diru-sarrerak dira. Gune organikoaren beraren kontuan sartzen da dirua, beren izaera bereziaren ondorioz. Unibertsitatearen diru-sarrera orokortzat sailkatu behar dira, UPV/EHUren aurrekontu orokorraz ordaintzen baitira egoitza hauen gastu orokorrak.

2.– Sarrera horiek guneak berak egingo du ondoko eskemari jarraikiz:

a) Egoki irizten zaion maiztasunez, eta egoitzaren kuotak zatika ordaintzeko ezarrita dagoen sistemaren arabera, eskubideen ezagutza erregistratuko da eta fakturak jaulkiko dira.

b) Ikasleek kuotak ordaindu ahala, zenbateko horiek aurrekontuan kontabilizatuz joango dira.

c) Behar den maiztasunaz sarreren kontuko dirua gunearen aurrekontuen kontura pasatuko da, bertatik erretira dadin.

Aldi baterako egonaldiengatik egin beharreko diru sarrerei aplikatuko zaie egoitzan bizi diren ikasleen kuoten prozedura bera.

Irakasle gonbidatuentzako eta aldi baterako egoiliarrentzako tarifak I. eranskinean daude.

10. artikulua.– Barne fakturaziotik sortutako diru-sarrerak.

1.– Gune organiko batek beste gune organiko bati zerbitzuren bat ematean sortzen dira honelako diru-sarrerak. Eragiketa honen xedea da zerbitzua eman duen gune organikoari zerbitzu horrek sortu dizkion gastuen ordaina ematea.

2.– Ordaina ematen da zerbitzua jaso duen gune organikoak zerbitzua eman duen guneari kreditua pasatuz sortutako gastuaren zenbateko berberean.

III. KAPITULUA
ALOKAIRUETATIK SORTUTAKO DIRU-SARRERAK

11. artikulua.– Kobratzeko modua.

Jaulkitako fakturak eta errentariek jarri beharreko fidantzak ordaindu beharko dira Kontabilitate Zerbitzuak horretarako izango dituen kontuetan.

12. artikulua.– Alokairuen tramitazioa.

Lokalen titularra den gunean hasten da izapidea, prozedura honi jarraikiz:

1.– Alokairua ezarrita dauden prezioen arabera hitzartu ondoren, errentariari adieraziko zaio fidantza sartu behar duela unibertsitateak horretarako izango duen kontuan. Fidantza kopuru osoaren % 25 izango da, BEZ barik. Alokatuko diren lokalak erabili aurretik sartu beharko da zenbateko hori kontuan.

2.– Fidantza sartu ondoren, horren berri eman beharko zaie zerbitzu zentralei, eragiketa hori kontabiliza dezaten. Diru-sarreren berri emateaz gain, faktura sortzeko informazio guztia bidali beharko zaien. Zerbitzu zentralek errentariari bidaliko diote faktura. Zerbitzu zentralek kreditua esleituko diote lokala alokatu duen gestio guneari. Honela egingo dute:

a) Lokala garbitzeko zerbitzuaren faktura 25300 ekonomikoari esleituko zaio.

b) Langile gastuen faktura 15011 ekonomikoari esleituko zaio, kontzeptu horren pean nominaren bidez ordain dadin eskatzeko.

c) Alokairuaren beraren zenbatekoaren % 50, BEZ barik, gunearen gastuetarako aurrekontuaren igoera bezala esleituko zaio 2. edo 6. kapitulutik nahi den ekonomikoan.

13. artikulua.– Fidantzaren kudeaketa.

1.– Alokatutako lokalak erabiltzen amaitutakoan, eta kalterik egon ez bada, gune errentatzaileak horren berri emango die zerbitzu zentralei fidantza itzul dezaten.

2.– Lokalak erabiltzean kalterik sortu balitz, horren berri emango zaio Kontabilitate Zerbitzuari, fidantzarekin eskubidearen aitorpena egin dezan, eta horrela konponketak ordaintzeko behar den fidantzaren zatia aurrekontuko sarrera bihur dezan. Fidantzaren gainerako zenbatekoa, ezer geratuko balitz, errentariari itzuliko zaio. Fidantza kalteak ordaintzeko adinakoa ez bada, unibertsitateak neurriak hartuko ditu falta den partea kobratzeko.

14. artikulua.– Alokairuetatik esleitutako kredituen erabilera.

1.– Alokairuen diru sarrerekin esleitutako kredituak kreditu orokorrak dira, eta, hala, eskubidea aitortu den ekitaldian soilik erabili ahal izango dira.

2.– Urtean urtekoari badagokio ere, alokairuetako diru sarreren kreditua ekitaldia ixtean guztiz esleitu gabe baldin badago, hurrengo ekitaldira pasatu ahal izango da, baina baldintza hauek bete beharko dira:

a) Alokairua eta dagokion eskubidearen aitorpena abenduan egiten direnez, ezinezkoa izan da guztia erabiltzea ekitaldia itxi baino lehen. Hala gertatuz gero, gerakin hori hurrengo ekitaldira pasatzeko eskatu ahal izango zaio Kontabilitate Zerbitzuari.

b) Alokairuak sortutako kreditua hornidura edo obra txiki baterako erabiltzeko konpromisoa dago. Hala gertatuz gero, gerakin hori hurrengo ekitaldira pasatzeko eskatu ahal izango zaio Kontabilitate Zerbitzuari. Eskariarekin batera, hornidura edo obra txikia egiteko kontratua dagoela egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dira.

15. artikulua.– Alokairuei aplika dakizkiekeen tarifak.

1.– Alokairuei aplika dakizkiekeen tarifak, bai orokorrak eta bai Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatekoak, arau hauen II. eranskinean jasotakoak dira, aldiro eguneratuko badira ere.

2.– Tarifa hauek UPV/EHUko lokal bat erabiltzeko eskaera egiten duten erakunde publiko zein pribatuei, elkarteei eta pertsona guztiei ezarriko zaizkie. Gerenteak tarifa hauek murriztea erabaki ahal izango du, kasu bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta.

16. artikulua.– Ondasun publikoen erabilera pribatiboagatik ordaintzen diren tasak.

Euskadiko Ondareari buruzko Legeak aukera ematen du beste subjektu batzuek UPV/EHUren ondasun publikoak erabili edo modu berezian ustiatzeko, unibertsitateko organo eskudunek emandako lagapen edo baimenen bitartez.

Halakoetan, lagapena edo baimena jaso dutenek, edo haien ordezkariek, tasa bat ordaindu behar dute.

Tasa ordaindu behar da lagamen edo baimena ematen den unean.

Lagapena edo baimena urtez urte luzatzen bada, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean ordaindu beharko da tasa.

Tasak ezaugarri hauek izango ditu:

1.– Ondasun publikoen erabilera pribatiboagatik urtean ordaindu beharreko tasa izango da ondasun horien balio eguneratuaren % 5. Balioa kalkulatuko da UPV/EHUko Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorraren arabera, eta kontuan hartuta erabiliko den azaleraren neurria eta non dagoen kokatuta eraikinean.

2.– Ondasun publikoaren ustiapen berezirako urteko tasa izango da zerga oinarriaren % 5, ustiapenak sortuko duen baliagarritasun ekonomikoa kontuan hartuta.

3.– Lagapenaren edo baimenaren lehen urtean tasa izango da urte horretan baimena edo lagapena indarrean egon denboraren araberakoa. Horretarako, aurreko paragrafoen arabera kalkulatutako zenbatekoaren zatiketa proportzionala egingo da. Era berean, banaketa proportzionalaren irizpide bera aplikatuko da lagapen edo baimenaren azken urtean.

4.– Lagapen edo baimenarekin batera onuradunari betebehar edo ordezko zerbitzu batzuk ezartzen zaizkionean, harentzako baliagarritasun ekonomikoa gutxituko dutenak, tasaren oinarria proportzio berean gutxitu beharko da, hurrengo artikuluan ezartzen denari trabarik egin gabe.

Kasu hauetan ez da kobratuko tasarik ondasun publikoen erabilera pribatiboagatik edo ustiapen bereziagatik:

a) Doako lagapen edo baimenak direnean.

b) Erabilera pribatiboak edo ustiapen bereziak baliagarritasun ekonomikorik ez dakarrenean onuradunarentzat, edo, baliagarritasun ekonomikorik egonez gero, onuradunak lagapen edo baimenaren truke baldintza edo ordezko zerbitzu batzuk bete behar dituenean, baliagarritasun hori berdintzen dutenak edo hutsaren pareko egiten dutenak.

Hori baldintzen orrietan zehaztuko da edo erabilera pribatiborako edo ustiapen berezirako baimena emateko dokumentuetan.

Honela kitatuko da tasa:

1.– Lagapen edo baimenak urtebeterako edo gehiagorako ematen direnean tasa hiru hilean behin kitatuko da, hiruhilekoaren hasieran, urtarrilean, apirilean, uztailean eta urrian. Gainerako kasuetan tasa lagapena edo baimena ematen den unean ordainduko da.

2.– Tasaren subjektu pasiboak tasa ordainduko du, eta hala dagokionean legeak agintzen duen bermea jarri, Kontabilitate Zerbitzuak horretarako dauzkan kontuetan.

UPV/EHUko inbentarioan eraikinek balorazio desberdinak dituztenez (transferituak izan diren ala unibertsitateak berak eraikiak diren), gerenteak zehaztuko du, ondare gaietan eskumena duenez gero, kasu bakoitzean dagokion tasa.

17. artikulua.– Tasak kopia soilak egiteagatik.

Tasak zehaztu dira agirien kopia soilak edo ziurtagiriak egiteagatik (betiere, administrazioak horiek egiteko baimenik badauka).

Bildutako diruarekin diru-sarrera egingo da «administrazio eta idazkaritza tasak» kontzeptupean.

Tasa III. eranskinean dago jasota.

IV. KAPITULUA
LETREN FAKULTATEKO HIZKUNTZA LABORATEGIAREN ERABILERATIK SORTUTAKO SARRERAK

Letren Fakultatean (Arabako Campusean) dagoen hizkuntza laborategiaren erabiltzaileek ordaindutako tarifetatik datozen sarrerak dira.

Arabako Campuseko Errektoreordetzako kontuan sartuko dira.

Arabako Campuseko Errektoreordetzako gune organikoan kudeatuko dira sarrera hauek.

Behar den maiztasunaz, Kontabilitate Zerbitzuari eskatuko zaio bildutako zenbatekoengatik dagozkion aitortutako eskubideak erregistratzea eta Arabako Campuseko Errektoreordetzako gune organikoan jartzea.

Aplikatuko diren tarifak V. eranskinean daude zehaztuta.

V. KAPITULUA
ZIENTZIA, TEKNIKA ETA ARTEAREN ARLOKO LANAK EGITEAGATIK EDOTA ESPEZIALIZAZIO IKASTAROAK EGITEAGATIK SORTUTAKO KANPOKO DIRU-SARRERAK

18. artikulua.– Lanen eta espezializazio ikastaroen kostuaren kalkulua.

1.– Diru-sarrerok 6/2000 lege organikoko 83. artikuluan eta UPV/EHUren Estatutuetako 318 artikuluan xedatutakoaren ondorio dira. Atal honetatik kanpo geratzen dira graduondoko ikastaroak ematetik sortutako diru-sarrerak.

2.– Orokorrean, atxikipena ezarriko zaie diru-sarrera hauei, LOUko 83. artikuluaren babespean sinatutako Kanpo Kontratuei buruzko Arautegian ezarritako formula erabiliz. Atxikipena kalkulatzeko, fakturako zenbatekoari (BEZik gabe) ezarritako portzentajea ezarriko zaio. Hitzarmenen bidez lortutako diru laguntza eta diru sarreren kasuan, atxikipena diru laguntzaren eta hitzarmenaren zenbatekoari egingo zaio.

3.– Fakturaren guztizko zenbatekoa kalkulatzeko ondoko urratsak egingo dira:

a) Zerbitzuen kostua. Zerbitzuak ekarriko dituen gastu errealen balorazioa.

b) Unibertsitatearen gastu orokorretarako atxikipena egin, 217. artikuluko 2. paragrafoaren arabera. Atxikipenaren kalkulatzeko, ezarritako formula aplikatuko zaio fakturaren zenbatekoari, BEZ barik. Atxikipenaren zenbatekoa zerbitzuen kostuari gehituko zaio, fakturaren zenbateko likidoa zenbatzean.

c) BEZ ezarri zerbitzuen kostuei.

d) Fakturaren zenbateko gordina aurreko hiru zenbatekoen batura izango da.

2012an indarrean diren kontratuen bidez edo LOUko 83. artikuluaren babespean sinatutako hitzarmenen bidez egindako lanengatik nominaren osagarri bezala, gehienez ere, 127.127 € kobratu ahal izango dira guztira.

19. artikulua.– Zientzia, teknika eta artearen arloko lanak egiteagatik eta espezializazio ikastaroak emateagatik lortutako diru sarreren kudeaketa.

1.– Mota honetako diru-sarrerak Ikerketako Errektoreordetzak horretarako duen kontuan ordainduko dira. Diru-sarrera hauen gestioa ITRBk burutuko du, eta hasiko da bulego horrek kontratuaren edo hitzarmenaren zirriborroa onartzeko egin beharreko barne tramiteekin.

2.– Une horretatik aurrera kanpo fakturazioak sortutako diru-sarreraren gestioa hasiko da. Urrats hauek izango ditu:

a) Faktura jaulki beharko da kontratuan zehaztutakoarekin bat etorriz. Hitzarmen edo diru laguntza bat izanez gero, ezin izango da fakturarik jaulki, horrelakoetan ez baitago kontraturik. Aldi berean, Kontabilitate Zerbitzuari eskubide aitortuaren berri emango zaio, kontabiliza dezan.

b) Aitortutako eskubidea erregistratu ondoren, zerbitzua eman duen gune organikoari aurrekontuko kreditua zuzkituko zaio fakturaren zenbatekoan, jasanarazitako BEZ eta gastu orokorren atxikipena kenduta. Diru laguntzen eta hitzarmenen bidezko diru sarreren kasuan, fakturaren zenbatekoari gastu orokorren atxikipena kenduko zaio soilik.

20. artikulua.– Zatikako diru-sarrera aurreratua.

Kapitulu honetako aurreko artikulu eta paragrafoei kalterik egiteke, sinatzen diren kontratu eta hitzarmenetan jasota egon beharko da aurrerapen bat ordainduko dela kontratuko lanari ekiteko «aurretik burutu beharreko zereginak egin eta bildu beharreko materialak biltzeko».

21. artikulua.– Kobratu ezineko diru-sarrera baten eragina zuzkitutako kredituan.

1.– Kontratu, hitzarmen edo diru laguntza batek eragindako diru-sarrera kobratzearen edo osorik kobratzearen inguruko zalantzarik balego, horrek ekar lezake zuzkitutako kreditua osoan edo zati batean blokeatzea.

2.– Kobratzeko ezintasuna segurua denean, edo diru laguntza edo hitzarmena bertan behera uzten direnean, kreditua erretiratuko da, zenbateko osoa edo geratzen dena. Modu honetara erretiratutako kreditua, dagoeneko jasotako sarrera itzuli behar ez denean, soberakintzat hartuko da.

Gunean kreditu saldorik ez balego ateratzeko, UPV/EHUk hartuko du bere gain diferentzia, ekitaldiko baliabide orokorren kontura.

VI. KAPITULUA
KANPOAN EMANDAKO BESTELAKO ZERBITZUETATIK ETA XEDE JAKIN BATERAKO DIRU-LAGUNTZETATIK LORTUTAKO DIRU-SARRERAK

22. artikulua.– Kanpora zuzendutako argitalpenen eta bestelako zerbitzu eta jardueren kostua kalkulatzea.

1.– UPV/EHUren Estatutuetako 318. artikuluko f) atalean jasotako diru-sarrerak biltzen dira hemen: «argitalpenen salmentatik eta UPV/EHUk ematen dituen gainerako zerbitzu eta jarduera orokorretatik eratorritako diru-sarrerak». Atal honetatik kanpo geratzen dira graduondoko ikastaroak ematetik sortutako diru-sarrerak.

2.– Orokorrean, % 5eko atxikipena egingo zaio lortutako diru sarreren guztizkoari.

3.– Atxikipena kalkulatzeko, fakturako zenbatekoari (BEZik gabe) ezarritako portzentajea aplikatuko zaio. Hitzarmen bidezko diru laguntza eta diru sarreren kasuan, atxikipena diru laguntza edo hitzarmenari dagokion zenbatekoari egingo zaio.

4.– Administrazio gastuetarako egiten den atxikipena UPV/EHUren diru-sarrera orokortzat hartuko da, eta hala, ezin izango zaio inongo gune organikori aurrekontuko krediturik esleitu atxikipen horren kontura.

5.– Fakturaren guztizko zenbatekoa kalkulatzeko ondoko urratsak egingo dira:

a) Zerbitzuen kostua. Zerbitzuak ekarriko dituen gastu errealen balorazioa.

b) Unibertsitatearen gastu orokorretarako atxikipena egin, 318. artikuluko f) paragrafoaren arabera. Atxikipena kalkulatzeko, ezarritako portzentajea aplikatuko zaio fakturaren zenbatekoari, BEZ barik.

c) BEZa ezarri zerbitzuen kostuei.

d) Fakturaren zenbateko gordina aurreko hiru zenbatekoen batura izango da.

23. artikulua.– Argitalpenetatik eta kanpokoentzat egindako bestelako zerbitzu eta jardueretatik lortutako diru-sarrerak.

1.– Diru-sarrera hauek zerbitzu nagusien kontuan ordainduko dira.

2.– Lehenengo tramitea izango da sarrera ekarriko duen kontratua, hitzarmena edo diru laguntza emateko behin betiko ebazpena bidaltzea zerbitzu zentraletara. Une horretatik aurrera urrats hauek egingo dira:

a) Faktura jaulki beharko da, kontratuan, hitzarmenean edo xede baterako diru laguntzan zehaztutakoarekin bat etorriz, eta aitortutako eskubidea kontabilizatu beharko da aurrekontuko kontabilitatean.

b) Aitortutako eskubidea erregistratu ondoren, zerbitzua eman duen gune organikoari gastu ahalmena emango zaio, aurrekontuko kreditu baten bidez. Kredituaren zenbatekoa izango da fakturaren zenbatekoa ken jasanarazitako BEZ, ken unibertsitateko gastu orokorretarako atxikipena, UPV/EHUren Estatutuetako 217. artikuluan ezarritakoaren arabera. Diru laguntzen eta hitzarmenen bidezko diru sarreren kasuan, fakturaren zenbatekoari gastu orokorren atxikipena kenduko zaio soilik.

24. artikulua.– Diru-sarrera partzial aurreratua.

Kapitulu honetako aurreko artikulu eta paragrafoei kalterik egiteke, sinatzen diren kontratu eta hitzarmenetan jasota egon beharko da aurrerapen bat ordainduko dela kontratuko lanari ekiteko «aurretik burutu beharreko zereginak egin eta bildu beharreko materialak biltzeko».

25. artikulua.– Kobratu ezineko diru-sarrera baten eragina zuzkitutako kredituan.

1.– Kontratu, hitzarmen edo diru laguntza batek eragindako diru-sarrera kobratzearen edo osorik kobratzearen inguruko zalantzarik balego, horrek ekar lezake zuzkitutako kreditua osoan edo zati batean blokeatzea.

2.– Kobratzeko ezintasuna segurua denean, edo diru laguntza edo hitzarmena bertan behera uzten direnean, kreditua erretiratuko da, zenbateko osoa edo geratzen dena. Modu honetara erretiratutako kreditua, dagoeneko jasotako sarrera itzuli behar ez denean, soberakintzat hartuko da.

Gunean kreditu saldorik ez balego ateratzeko, UPV/EHUk hartuko du bere gain diferentzia, ekitaldiko baliabide orokorren kontura.

26. artikulua.– Xede jakin baterako diru sarreren gestioaren deszentralizazioa.

Salbuespen gisa, eta guneek beren baliabide guztiak kudeatzeari begira -bai UPV/EHUko hasierako aurrekontutik lortutako baliabideak bai kanpora emandako zerbitzuen bidez lortutako baliabide osagarriak-, ikastegiei beren diru-sarrerak kontabilizatzeko baimena eman ahal izango zaie, bai eta diru-sarrera horien arabera kredituak esleitzeko baimena ere.

VII. KAPITULUA
GRADUONDOKO IKASTAROETATIK ETORRITAKO SARRERAK

27. artikulua.– Ezaugarri orokorrak.

1.– Berezko tituluak eskuratzeko graduondoko ikasketen arautegi orokorra jasota dago berezko ikasketen arautegian (2010eko abenduaren 22ko Gobernu Kontseiluan onartua). Arautegian zehazten denez, ikasketa hauek autofinantzatuak izan beharko dute beti.

2.– Ikasleen matrikulen zenbateko osoari unibertsitatearen gastu orokorretarako atxikipena ezarriko zaie, UPV/EHUren Estatutuetako 318. artikuluko f) paragrafoari jarraikiz.

3.– Atxikipena egiteko formula hau erabiliko da: Kreditu kopurua x ikasle kopurua x Gizarte Kontseiluak ikasturte bakoitzean krediturako ezartzen duen zenbatekoaren % 10.

4.– Administrazio gastuetarako egiten den atxikipena UPV/EHUren diru-sarrera orokortzat hartuko da, eta hala, ezin izango zaio inongo gune organikori aurrekontuko krediturik esleitu atxikipen horren kontura.

5.– Gainera, % 2ko atxikipena egingo zaie, eta zenbateko hori Akademia Antolakuntzaren arloko Errektoreordetzaren 3924 gune organikora joango da.

28. artikulua.– Berezko tituluaren aurrekontua onartzea.

1.– Berezko titulu bat onartzeko prozesuaren barruan, titulua sustatzen dutenek diru-sarrera eta gastuen aurrekontu bat aurkeztu beharko dute, ondoko baldintzak betez:

a) Aurrekontu orekatua izango da: diru-sarrerak eta aurreikusitako gastuak bat etorriko dira.

b) Diru-sarreren aurrekontuan hauek jasoko dira: ikasleen matrikulen zenbateko osoa, jasotzea espero duten diru laguntzen zenbatekoa eta, berezko titulua aurreko ikasturteetan ere eman izan bada, dagoen kreditu soberakina.

c) Gastuen aurrekontuan gastu arruntak eta inbertsio gastuak adieraziko dira, bai eta irakasleei zein administrazioko langileei (halakorik balego) dagozkien gastuak ere.

2.– Segurua denean titulua eman egingo dela, Akademia Gestiorako Zerbitzuak graduondoko ikastaroaren arduradunak bere garaian aurkeztutako aurrekontua igorriko dio Kontabilitate Zerbitzuari, eskubide aitorpen bat kontabilizatu dadin ikasleen matrikulen zenbatekoan, dagokion atxikipena kendu ondoren zenbateko horretako kreditua emateko.

29. artikulua.– Matrikuletatik eskuratutako diru sarreren kudeaketa.

1.– Ikasleen matrikulei dagozkien diru-sarrerak campus bakoitzeko graduondoko tituluetarako kontuetan ordaindu beharko dira.

2.– Diru-sarrera horien kontrola Akademia Gestiorako Zerbitzuak egingo du, eta aldian behin graduondoko tituluetarako kontuetan egindako ordainketen berri emango dio Kontabilitate Zerbitzuari, ordainketa horiek kontabilizatu ditzan.

3.– Ikasle batek baja eman duela jakin bezain laster, Kontabilitate Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio eta adierazi zenbat diru jasotzeari utziko zaion, bere garaian egindako kreditu zuzkidura beherantz zuzen dezan. Gauza bera egin beharko da, zuzenketa gorantz eginez ordea, ikastaroan beste ikasleren bat hasiko balitz.

30. artikulua.– Diru laguntzetatik eskuratutako diru sarreren kudeaketa.

1.– Diru-sarreren aurrekontuan jasotako diru laguntzak ez dira kontabilizatuko harik eta diru laguntza edo hitzarmen hori ordaintzeko konpromisoa egiaztatzen duen agiriren bat eduki arte.

2.– Berezko tituluek edo master ofizialek jasotzen dituzten diru laguntzen gestioa Akademia Gestiorako Zerbitzuak egingo du. Halakoetarako diru laguntzaren bat dagoela jakin bezain laster, horren berri emango dio Kontabilitate Zerbitzuari, eskubidearen aitorpena kontabilizatu eta dagokion kreditua esleitzeko, diru laguntzari dagokion zenbatekoan.

3.– Diru laguntza egongo dela jakinaraztearekin batera, hori egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia igorri beharko zaio Kontabilitate Zerbitzuari.

4.– Dokumentazioa atzera bota ahal izango da, baldin eta pentsatzen bada ez duela behar beste frogatzen finantzaketa konpromisoa dagoela.

31. artikulua.– Kobratu ezineko diru-sarrera baten eragina zuzkitutako kredituan.

1.– Kontratu, hitzarmen edo diru laguntza batek eragindako diru-sarrera kobratzearen edo osorik kobratzearen inguruko zalantzarik balego, horrek ekar lezake zuzkitutako kreditua osoan edo zati batean blokeatzea.

2.– Kobratzeko ezintasuna segurua denean, edo diru laguntza edo hitzarmena bertan behera uzten direnean, kreditua erretiratuko da, zenbateko osoa edo geratzen dena. Modu honetara erretiratutako kreditua, dagoeneko jasotako sarrera itzuli behar ez denean, soberakintzat hartuko da.

Gunean kreditu saldorik ez balego ateratzeko, UPV/EHUk hartuko du bere gain diferentzia, ekitaldiko baliabide orokorren kontura.

VIII. KAPITULUA
IKERKETA PROIEKTUETARAKO XEDE JAKINEKO DIRU-LAGUNTZAK

32. artikulua.– Ezaugarri orokorrak.

1.– Honelako diru laguntzak xede jakineko diru-sarrerak dira, ikerketa proiektu bat burutzekoak hain zuzen ere, diru laguntza emateko deialdiaren modalitatea edozein delarik ere.

2.– Orokorrean, % 5eko atxikipena aplikatuko da. Atxikipena kalkulatzeko, fakturako zenbatekoari ezarritako ehunekoa aplikatuko zaio. Hitzarmenen bidez lortutako diru laguntza eta diru sarreren kasuan, atxikipena diru laguntzaren edo hitzarmenaren zenbatekoari ezarriko zaio.

3.– Diru laguntza ematen duen erakundeak zuzenean administrazio gastuetarako atxikipena egiten duenean, atxikipen horixe aplikatuko da ezarriko dena diru laguntza jasotzen duen gune organikoari kredituak esleitzen zaizkionean.

4.– Administrazio gastuetarako egiten den atxikipena UPV/EHUren diru-sarrera orokortzat hartuko da, eta hala, ezin izango zaio inongo gune organikori aurrekontuko krediturik esleitu atxikipen horren kontura.

33. artikulua.– Ikerketa proiektuetarako diru sarreren kudeaketa.

1.– Ikerketa proiektuetarako diru sarreren gestioa Ikerketaren arloko Errektoreordetzak egingo du.

2.– Ikerketa proiektuetarako diru laguntzak zerbitzu zentralen aurrekontuetarako kontuetan ordainduko dira.

3.– Ikerketaren arloko Errektoreordetzak proiektuetarako diru laguntzak emateko ebazpenen edukia eta xehetasunak ezagutu bezain laster, Kontabilitate Zerbitzuari jakinaraziko dizkio, eskubidearen aitorpena kontabilizatu dezan.

4.– Aitortutako eskubidea kontabilizatuko da jaso den urteko zenbatekoan.

5.– Ikerketaren arloko Errektoreordetzak kreditu esleipena egingo die ikerketa proiektuak burutuko dituzten guneei, aitortutako eskubidean erregistratutako diru laguntzaren zenbatekoan. Zuzkidura hori II. edo VI. kapituluan egingo da, gastu korrontea edo kapital gastua den.

34. artikulua.– Kobratu ezineko diru-sarrera baten eragina zuzkitutako kredituan.

1.– Kontratu, hitzarmen edo diru laguntza batek eragindako diru-sarrera kobratzearen edo osorik kobratzearen inguruko zalantzarik balego, horrek ekar lezake zuzkitutako kreditua osoan edo zati batean blokeatzea.

2.– Kobratzeko ezintasuna segurua denean, edo diru laguntza edo hitzarmena bertan behera uzten direnean, kreditua erretiratuko da, zenbateko osoa edo geratzen dena. Modu honetara erretiratutako kreditua, dagoeneko jasotako sarrera itzuli behar ez denean, soberakintzat hartuko da.

Gunean kreditu saldorik ez balego ateratzeko, UPV/EHUk hartuko du bere gain diferentzia, ekitaldiko baliabide orokorren kontura.

IX. KAPITULUA
KIROL EKINTZETATIK SORTUTAKO DIRU-SARRERAK

35. artikulua.– Ezaugarri orokorrak.

1.– Hauek dira kirol ekintzetatik sortutako diru sarreren iturriak:

a) Unibertsitateko kirol txartelen kostua.

b) Kirol ekintzak egiteko diru laguntzak.

c) Unibertsitateaz kanpoko erakundeek kirol-instalazioak erabiltzeagatik ordaindutakoa.

d) Ikasleentzat antolatzen diren jardueren kostua.

2.– Diru-sarrera horiek kudeatzen dituen gunea aldatu egiten da campus batetik bestera, eta gainera, campus bakoitzak bere banku kontuak ditu. Horrek guztiak eragina dauka diru-sarrera horien gestioan.

3.– Araba eta Gipuzkoako campusen kasuan, campuseko errektoreordetzak egiten du gestioa, eta Bizkaiko campusean, berriz, Kirol Zerbitzuak berak kudeatzen ditu diru-sarrera horiek.

4.– Gestioa egiten duen gunea edozein delarik ere, hurrengo artikuluetan mota bakoitzeko diru sarrerentzat azaltzen den eskemari jarraitu beharko dio.

36. artikulua.– Kirol ekintzetatik sortutako diru sarreren kudeaketa.

1.– Kirol Zerbitzuaren «hainbat diru-sarrera» izeneko kontuan ordainduko dira Bizkaiko campusean, eta errektoreordetzen kontuetan Araba eta Gipuzkoako campusetan.

2.– Xede jakin baterako diru-sarrerak dira, 34. artikuluan azaldutako jarduerak burutzekoak, eta aurrekontuko kreditu espezifikoa esleitzen zaie.

3.– Diru-sarrera hauen gestioa ondoko eskemaren arabera egingo da:

a) Lehenengo eta behin, txartelen edo diru laguntzen egiaztagirien titularrek diru-sarrera egingo dute bankuko kontuetan, eta horren ordainagiriak entregatuko dira.

b) Beharrezko irizten zaion maiztasunez, Kirol Zerbitzuak eta Araba eta Gipuzkoako campusetako errektoreordetzek informazioa bidaliko diote Kontabilitate Zerbitzuari aurreko kontabilizazioaz geroztik jasotako ordainketez eta okerreko diru sarrerengatik egindako itzulerez. Modu honetara, kontabilizatuko dira metatutako sarrerak ken okerreko diru sarrerengatik itzulitakoa.

c) Sarrerak behin kontabilizatuta, lortutako baliabideak kudeatuko dituen guneari kreditua esleituko zaio.

X. KAPITULUA
LANGILEAK HAUTATZEKO PROZEDURETAN PARTE HARTZEAGATIK ESKURATUTAKO DIRU-SARRERAK

37. artikulua.– 1.– Euskal Herriko Unibertsitatean irakasleak zein administrazio eta zerbitzuetako langileak hautatzeko deialdietan parte hartzeko ordaindu beharreko tasak biltzen dira hemen.

2.– Diru-sarrera hauek unibertsitatearen baliabide orokorren zati dira eta, egitate zergagarria diren aldetik, beren araubide juridikoa, subjektu pasiboa eta sortzapena izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta EAEko erakunde autonomoek tasa eta prezio publikoei buruz ezarritakoak.

3.– Tasak eskabideak aurkeztean ordaindu beharko dira eta titulazio multzoaren araberakoak izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen Legean ekitaldi bakoitzerako ezarritako tarifekin bat etorriz.

2013ko ekitaldirako tarifak III. eranskinean daude.

XI. KAPITULUA
ODONTOLOGIA KLINIKAK EMANDAKO ZERBITZUETATIK ESKURATUTAKO SARRERAK

38. artikulua.– Ezaugarri orokorrak.

1.– Odontologia Klinikan egindako tratamenduetatik eta irakaskuntzatik nahiz bestelako jarduera klinikoetatik sortutako diru-sarrerak dira.

2.– Emandako zerbitzuak fakturatzeko UPV/EHUk faktura arautua jaulkiko du. Bezeroak hala eskatzen badu, Klinikako gestio programa espezifikoaren barruan ordaindutako tratamenduen fakturak egingo dira.

3.– Klinikak eskuratzen dituen sarrerak bere aurrekontua finantzatzeko erabiliko dira.

39. artikulua.– Odontologia Klinikak emandako zerbitzuetatik eskuratutako sarreren gestioa.

1.– Ordainketak egingo dira klinikak horretarako irekitako bankuko kontuan.

2.– Kasuan kasuko faktura jaulkiz hasiko da tramitea. Faktura ordaindu ahal izango da ematen denean edo, beranduago, diru-sarrera eginda klinikaren kontuan. Odontologia Klinikak kontuan sartuko ditu eskudirutan kobratutako fakturak, egokien iruditzen zaion maiztasunaz.

3.– Odontologia Klinikak gestionatuko ditu kontabilizatutako diru-sarrerak, jaulkitako fakturen zenbatekoak, bere kontura egindako ordainketak eta gerora ordaintzeko jaulkitzen dituen fakturen eskubideen aitorpenak. Horretaz gain, kontabilizatutako sarrerei dagozkien kreditu esleipenak kontabilizatuko ditu.

4.– Sarrerak gutxienez hilean behin kontabilizatuko dira.

5.– Kontabilitate Zerbitzuak klinikako sarrerak kudeatzeko ezarritako arauak betetzen diren gainbegiratuko du. Horretarako, honako hauek egingo ditu:

a) Kontabilitate Zerbitzuak kontabilizazio irizpideak ezarriko ditu bezeroen identifikazioaz, kontabilizazioaren maiztasunaz, kobratutako eta bankuan ordaindutako zenbatekoen dokumentazioaz etab.

b) Kobratzeke dauden fakturen antzinatasuna.

c) Sarrerak kudeatzeko arauak betetzen ez direla ikusiz gero, Kontabilitate Zerbitzuak kendu ahal izango dio bere sarrerak gestionatzeko gaitasuna klinikari. Hala erabakiko balu, halaxe jakinaraziko lioke aldez aurretik klinikako zuzendariari.

d) Arazorik antzemanez gero, Barne Kontroleko Zerbitzuari jakinaraziko zaio, kasuan kasuko ikuskaritza lana egin dezan.

40. artikulua.– Kobratu ezineko diru-sarrera baten eragina zuzkitutako kredituan.

1.– Zerbitzu batengatik jaulkitako faktura bat edo haren zati bat kobratzearen inguruko zalantzarik balego, horrek ekar lezake bere garaian esleitutako kreditua blokeatzea. Halakorik eginez gero, zenbateko hori ez da jasoko, harik eta egoera konpondu arte.

2.– Kobratzeko ezintasuna segurua denean eta faktura ezeztatzen denean, kreditua erretiratuko da, zenbateko osoa edo geratzen dena. Horretarako, Kontabilitate Zerbitzuak kredituaren transferentzia kontabilizatuko du klinikaren aurrekontutik zerbitzu zentraletan horretarako dagoen soberakinen partidara.

Tarifak IV. eranskinean daude.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala