Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2013ko irailaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE ANTOLAMENDU SAILA
3888

EBAZPENA, 2009ko apirilaren 30ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, altzairuzko piezak elektrolisi bidez zinkean galvanizatzeko jarduerarako ingurumeneko baimen bateratua ematen duena, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerrian (Bizkaia) eta Recubrimientos Aglan SA enpresak sustatua.

AURREKARIAK

2007ko urriaren 30ean, José Ignacio González de Langarica jaunak, Recubrimientos Aglan SA enpresaren izenean eta ordezkaritzan, Eusko Jaurlaritzako orduko Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari ingurumeneko baimen bateratua ematea eskatu zion, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2007 Legeak xedatutakoaren arabera, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) udalerrian altzairuzko piezak elektrolisi bidez zinkean galvanizatzeko jarduerarako. Eskaerarekin batera ondorengo agiri teknikoak aurkeztu ziren:

● «Recubrimientos Aglan SA enpresari ingurumeneko baimen bateratua emateko oinarrizko proiektua» (2007ko urria).

● «Recubrimientos Aglan SA enpresari ingurumeneko baimen bateratua emateko laburpen ez-teknikoa» (2007ko urria).

● Gero udalari txostena eskatu zitzaion, proiektuaren eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako hirigintza-planaren arteko bateragarritasunari buruzkoa.

Erreferentziako baimena eskatzeko orduan, Recubrimientos Aglan SA enpresak, besteak beste, 1992ko martxoaren 13ko zabaltzeko baimena eta 2007ko maiatzaren 2ko kolektorera isurtzeko baimena zituen, uren alorrean indarrean dagoen araudian xedatutakoari jarraituz zuen.

2008ko otsailaren 20an eta 2008ko uztailaren 14an, Ingurumen Organoak agiri osagarriak txertatzeko eskatu zion sustatzaileari, eta espedientea 2008ko irailaren 12an osatu zen.

Aurkeztutako agiriak nahikoa zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordeak 2008ko urriaren 10ean emandako Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, Recubrimientos Aglan SA enpresak sustatutako proiektua, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian nahiz Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2008ko urriaren 29an. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi egunkaritan argitaratu zen 2008ko urriaren 26an, eta proiektuak hartuko duen eremuaren ondoko auzokide bakoitzari jakinarazpena bidali zitzaion.

Jendaurrean jartzeko izapidetze-epea bete ondoren, alegazio-idazkirik aurkeztu ez zela egiaztatu zen.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa betez, 2008ko abenduaren 12an Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Bilboko Udalari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, espedientean ageri den emaitza jasoz.

2009ko apirilaren 1ean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, espediente osoa Recubrimientos Aglan SA enpresaren esku utzi zen, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak egindako ebazpen proposamena gehituz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila altua helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu eta burutzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoa betez, baimen honetan sartzen dira ekoizpen-elementu eta lerro guztiak; 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jardueren instalazioetan gauzatzen direnak eta jarduera horrekin zerikusia dutenak.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 9. artikuluari jarraituz, ingurumeneko baimen bateratua behar dute 1. eranskinean aipatzen diren jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua, berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten Herri Administrazio desberdinen artean koordinatuta izango den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era beran, indarrean dagoen araudiaren araberako administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi izan dira. Recubrimientos Aglan SA enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuen sortzaileak behar dituen baimenak; kolektorera isurketak egiteko baimena; ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta hari aurre hartzeari dagozkion baimenak. Era berean, eskumeneko beste administrazio eta organismo batzuk kasuan kasu txostenak luzatuz egindako parte-hartzea egiaztatuko da espedientean.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuak aurreikusten duen jarduera sailkatuetarako udal baimenaren prozedura ordezkatzen du; ez du ordezkatzen, ordea, udal-agintaritzak emango duen behin betiko ebazpena. Ondorio horietarako, ingurumeneko baimen bateratua udal-agintarientzat loteslea izango da baldin eta lizentzia ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere. 29. artikulu horretan aipatzen denez, goiko guztiak ez ditu kaltetuko autonomia-erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak diren gainerako arauak. Transkribatutako aginduak aplikatuz, Recubrimientos Aglan SA enpresari dagokion ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak barne hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapideak, eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak eskatu dira, espedientean agertzen den bezala.

Instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazte aldera, Ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira teknika onenen erabilera eta aplika dakiokeen alorreko legerian ezarritako baldintzak. Zehazki, Europako Batzordearen 2006ko abuztuko metalen eta plastikoen gainazaleko tratamenduen «Reference Document on Best Available Techniques for the Surface Treatment of Metals and Plastics» izeneko agiria.

Espedienteko txostenak aztertu eta proiektuaren osotasunaren ingurumen-ebaluazioa egin ondoren, ebazpen-proposamena sinatu eta Recubrimientos Aglan SA enpresak sustatutako proiektuak bete beharreko baldintzak ezarri ziren.

Goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.

Organo hau da ingurumeneko baimen bateratu hau emateko eskuduna, aipatutako legearen 13. artikuluan eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Ondorengo araudia ikusi da: Ingurumen eta Lurralde Plangintza Sailak 2009ko apirilaren 21ean emandako ebazpen-proposamena; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurumena Babesteari buruzkoa; 16/2002 Legea, uztailaren 1ekoa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa; urriaren 25eko 340/2005 Dekretua, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta aplikatzeko den gainerako araudia, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerriko el Campillo industrialdeko C-6 poligonoan helbide soziala duen eta IFK: B-48432389 duen Recubrimientos Aglan SA enpresari Ingurumeneko Baimen Bateratua ematea altzairuzko piezak elektrolisi bidez zinkean galvanizatzeko jarduerarako, eta ebazpen honen bigarren atalean ezarritako baldintzekin.

Jarduera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskineko 2.6 kategorian sartuta dago, «Metalen eta plastikozko materialen gainazala prozedura elektrolitiko edo kimiko bidez tratatzeko instalazioak, tratamendurako erabilitako kubeten edo linea osoen bolumena 30 m3-tik gorakoa denean» izenekoan.

Recubrimientos Aglan SA enpresa Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerriko el Campillo industrialdeko C-6 poligonoan kokatuta dago. Eta enpresak 500 m2 baino gehiagoko azalera hartzen du.

Jarduera nagusiena kategintza-industriatik, estanpazio-piezetatik eta mota guztietako hagaxketatik datozen altzairuzko piezak elektrolisi bidez zinkean galvanizatzea da. Instalazioaren ekoizpen-gaitasuna aldakorra da, estali beharreko piezen neurrien arabera (oso pieza txikiak edo oso pieza handiak dira). Azken urteotako ekoizpena urtean 1.000-1.200 t ingurukoa da.

Zinkean galvanizatzea, ioi metaliko edo elektrolitoko disoluzio batean (korrosioaren aurkako funtzioa egiten du) murgildutako piezaren gainazalean elektrokimikaren bidez metalaren xafla finak ezartzen joatea da.

Azal-tratamendurako prozesu honetan oxidazio-erredukzio erreakzio bat egiten da: lehenik anodoan dagoen zinka oxidatu egiten da eta gero disoluzioko ioiak erreduzitu egiten dira edo estali beharreko piezaren gainean metalizatzen dira, kanpoko korronte zuzeneko iturriaren laguntzarekin.

Tratamendua bi motako lerrotan egiten da, tratatu beharreko piezen neurriaren, geometriaren eta formaren arabera (prozedura berdin-berdina da bietan): lerro nagusia bastidorean: pieza handienak, luzeenak edo plantxak tratatzen dira. Eta Danbor- edo dunbal-lerroa: pieza txikiak edo biribilduak tratatzeko.

Hainbat eragiketek osatzen dituzte lerro hauek, eta, kalitate-eskakizunen arabera eta hautatutako aplikazio-esparruaren arabera honela sailkatzen dira: aldez aurreko tratamenduak, koipegabetzeko, desugertzeko eta aktibazioko (neutralizatzea) eragiketak egiten dira; tratamendu nagusia, bereziki zink estaldura bat ezartzen da; eta geroko tratamenduak, pasibatze kromodun urdina edo horia egiten da, eta idortzea.

Ekoizpen-prozesuan isurketa barreiatuak sortzen dira, eta ez dago biltzeko sistemarik. Airera egindako isurketak handiak dira lan-eremuetan, eta beraz, isurketa handieneko esparruetan airea erauzteko elementuak ezarri dira.

Hondakin-ur fekalak, industrialak eta euri-urak guztiak batera isurtzen dira isurketa-puntu bakarraren bidez Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera. Azal-tratamenduko eragiketen ondorengo irakuzketetatik eta garbiketetatik datozen isurketa industrialak araztegi batera bideratzen dira. Ur sanitarioak ez dira aurrez tratatzen.

Instalazioetan sortutako hondakin arriskutsu nagusienak hauek dira: araztegiko lohiak eta opilak, azal-tratamenduan sortutako azido agortuak eta ur zianurodunak, eta zerbitzu orokorretan sortutakoak, adibidez material xurgatzaileak, ontziak, etab. Sortutako hondakin ez-arriskutsuak: txatarra, tonerrak, paletak eta hiri-hondakinak.

Proiektuak, besteak beste, Teknika Erabilgarri Egokienak (TEE) izan daitezkeen ondorengo neurriak hartzen ditu barne: prozesuko disoluzioetan bero-galerak murriztea; disoluzioaren osaera eta tenperatura-tarteak optimizatzea hozteko eta berotzeko energiak minimizatzeko; zenbait ur berrerabiltzea, barneko uren ondoriozko gastuen kontrola; uraren kontsumoa murriztea urberritze estatiko soilaren bidez; konposatu kimikoen erabilera minimoa eta bainuen iraupena luzatzea; koipegabetzeko disoluzioak metodo soilen bidez mantentzea.

Bigarrena.– Recubrimientos Aglan SA enpresak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerrian (Bizkaia) sustatutako altzairuzko piezak elektrolisi bidez zinkean galvanizatzeko jarduera ustiatzeko ondorengo baldintzak eta eskakizunak ezartzea:

A) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Recubrimientos Aglan SA enpresak aldaketa horien berri emango du.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusita bezala burutuko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz:

B.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.– Baldintza orokorrak.

Recubrimientos Aglan SA enpresaren instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isurtzeek ez dituzte isurtzeko muga-balio hauek gaindituko:

Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isuri ez-zarratuak biltzea teknikoki edota ekonomikoki bideragarria ez denean, edo ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurriak hartuko dira ustekabeko isuririk ez egiteko, eta egiten direnak giza osasunerako eta gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta zainduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

B.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Recubrimientos Aglan SA enpresaren instalazioek gaur egun ez dute atmosferara isurtzeko iturri zehatzik. Hala ere, besteak beste HCl eta H2SO4 gasen isurtze barreiatuak gertatzen dira ondorengo prozesuetan:

● Desugerketa.

● Koipegabetzea.

● Pasibatze horia.

B.1.3.– Gasak biltzeko eta husteko sistema.

Gaur egun gasak biltzeko eta kanporatzeko sistemarik ez izan arren, isurtze barreiatuak minimizatzeko asmoz egunero eta astero instalazioak garbituko dira, kanpoko ateak itxiko, etab. Aipatutako informazio guztia agiri honen D.3 ataleko prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan jaso eta erregistratuko da.

Haizagailuak isurketa-puntutik gertu kokatuta badaude isurtze-foku moduan hartuko dira, ez instalazioko aireberritze orokor moduan, eta beraz, atmosferako kutsadurari buruz indarrean dagoen araudian xedatutakoak bete beharko dira. Hala, aipatu arauan adierazitako dokumentuak eman beharko zaizkio organo honi.

B.2.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

B.2.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: Metalen tratamendua eta estaldura.

Jarduera-taldea: 16.

Mota-taldea-EJSN: 3-16-28510.

(Ikus .PDF)

B.2.2.– Gehienez isuri daitezkeen emari eta bolumenak.

(Ikus .PDF)

B.2.3.– Isurtzeko muga-balioak.

Azken isurketak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko kolektorera isurtzeko Araudian adierazitako mugak eta baldintzak bete beharko ditu. Gainera, zink eta kromoaren guztizko muga-balio hauek bete beharko dira:

(Ikus .PDF)

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 22.2 artikulua aplikatuz, zinkari dagokion isurketarako muga-balioa betetzea aldi baterako salbuetsiko da. Recubrimientos Aglan SA enpresak ebazpen honetako Hirugarren atalean aurreikusitako sei hilabeteko epean aurkeztu beharko du aipatu muga-balioak betetzeko hartu beharreko jardueren kronograma. Aldi horretan zinkarentzat 5 mg/l izango da muga-balioa.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurtzeko muga-balioak lortzeko.

B.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Jardueratik datozen hondakin-urak arazteko instalazioa du enpresak, eta arazketaren prozesuko lehen fasean 3 motako hondakin-urak tratatzen dira bereizita:

● Hondakin-ur azido/alkalinoak: 4.000 l/o.

● Hondakin-ur kromikoak: 2.000 l/o.

● Garbitegietako hondakin-urak: 2.000 l/o.

Gainera, agortutako kontzentratuak ere aldizka tratatzen dira, eta emari txikian dosifikatzen dira dagozkion ontzietara, araztegian.

Hondakin-urak isuri aurretik aurretratatu egiten dira. Lehenik neutralizazio-prozesua egiten da eta gero prentsa-iragazkitik pasatzen diren lohien dekantazioa, araztegiko opilak sortu arte. Kudeatzaile baimenduak kudeatzen ditu eta ura Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera isurtzen dira, aurrez tratatzen ez diren ur sanitarioekin batera.

Kontrolerako gailu hauek ditu: pH-neurgailua (beira-elektrodoa) eta erredox-neurgailua (platino/zilar eta zilar-klorurozko elektrodoa)

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Recubrimientos Aglan SA enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketako instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Aurkeztutako agirien arabera, kontrol-kutxeta bat jarriko da baimendutako hondakin-ur mota bakoitzerako; kutxeta horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Kutxetak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira, hala badagokio.

B.3.– Instalazioetan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortzen diren hondakin guztiak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplikatzekoa den berariazko gainerako araudian xedatutakoari jarraituz kudeatuko dira; hala badagokio, hondakinak karakterizatu egin beharko dira horien izaera zehaztu eta helmuga egokiena erabakitzeko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro baliotu egin behar da, eta horretarako balioztagune baimendu batera eraman behar dira. Hondakinak ezabatu ahal izango dira, baldin eta horiek baliotzea teknika, ekonomia edota ingurumen aldetik bideragarria ez dela behar bezala egiaztatzen bada. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira baliotzeko beste modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Baimendutako zabortegian ezabatzea aurreikusita dagoen hondakinen karakterizazioa, 2002ko abenduaren 19ko Kontseiluaren 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz gauzatuko da. Erabaki horren bidez, hondakinak zabortegian hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dira. Bestela, erabaki hori garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako artezpideekin bat etorriz gauzatuko da.

Hondakinak biltegiratzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira ezbeharrean gerta daitezkeen jarioak kanpora irten ez daitezen. Hondakina hautsa bada, euri-urarekin kontakturik izan dezan edo haizeak arrasta dezan saihestuko da; behar izanez gero, estali egingo da.

Hondakinek desagertu, galdu edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalean.

B.3.1.– Hondakin Arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak hauek dira:

● 1. prozesua: «Araztegia».

  • 1. hondakina: «Araztegiko lohi eta opilak».
  • - Identifikazioa: 48432389/4817942/1/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q9//D9//S27//C24//H5//A243//B0006.
  • - EHZ: 110109.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 10 t.

Lohiak edukiontzietan biltzen dira 4 hilabetez, kudeatzaile baimenduak jaso arte.

● 2. prozesua: «Azal tratamendua».

  • 1. hondakina: «Azido agortua (desugertze agortua)».
  • - Identifikazioa: 48432389/4817942/2/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q8//D9//L27//C23//H8//A243//B3251.
  • - EHZ: 110105.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 21 t.

Bainu agortuak erretiratzean sortzen da. Kanpoko kudeatzaile baimenduak kudeatzen ditu.

  • 2. hondakina: «Ur zianurodunak».
  • - Identifikazioa: 48432389/4817942/2/2.
  • - Hondakinaren kodea: Q7//D9//L27//C21//H6//A243//B3251.
  • - EHZ: 060311.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 15,6 t.

Edukiontzietan biltzen dira kudeatzaile baimenduak jaso arte.

● 3. prozesua: «Koipegabetzea».

  • 1. hondakina: «Koipegabetzea».
  • - Identifikazioa: 48432389/4817942/3/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q8//D9//L21//C24//H8//A243//B0010.
  • - EHZ: 110107.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 1 t.

Kanpoko kudeatzaile baimenduak kudeatzen ditu bainu agortuak.

  • 2. hondakina: «Koipegabetze alkalino agortua».
  • - Identifikazioa: 48432389/4817942/3/2.
  • - Hondakinaren kodea: Q8//D9//L29//C24//H8//A243//B0019.
  • - EHZ: 110113.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 6 t.

Kanpoko kudeatzaile baimenduak kudeatzen ditu bainu agortuak.

● 4. prozesua: «Zerbitzu orokorrak».

  • 1. hondakina: «Material xurgatzaile zikina».
  • - Identifikazioa: 48432389/4817942/4/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q8//D15//S40//C41//H5//A243//B0005.
  • - EHZ: 150202.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 3-4 zapi.

Hondakin horrentzat identifikatutako gunean biltzen da, hornitzaileak baliotzeko asmoz jaso arte.

  • 2. hondakina: «Produktu arriskutsuak izan dituzten ontziak».
  • - Identifikazioa: 48432389/4817942/4/2.
  • - Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C3//H5//A243//B0019.
  • - EHZ: 150110.
  • - Urtean sortutako kantitatea: Noizean behin.

Hondakin horrentzat identifikatutako gunean biltzen da, hornitzaileak baliotzeko asmoz jaso arte.

  • 3. hondakina: «Hodi fluoreszenteak».
  • - Identifikazioa: 48432389/4817942/4/3.
  • - Hondakinaren kodea: Q14//R13//S40//C16//H6//A243//B0019.
  • - EHZ: 200121.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 1-3 unitate.

Bere ontzi propioan biltzen da, hondakin horrentzat identifikatutako gunean, hornitzaileak baliotzeko asmoz jaso arte.

a) «Azido agortuak (desugertze agortua)», «Koipegabetzea» eta «Koipegabetze alkalino agortua» prozesuetan sortutako hondakinak, sortzen den instalazioko gordailutik jaso behar dira zuzenean, aurretik ontziratu eta biltegiratu gabe, eta baimendutako kudeatzaileari eman behar zaizkio.

b) Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

c) Aurreko atalean aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.

d) Hondakin arriskutsuak ezingo dira 6 hilabetetik gora biltegiratu.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren zati bat garraiolariari emango zaio, zamarekin batera jatorritik helmugaraino eraman dezan. Recubrimientos Aglan SA enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtean gutxienez.

g) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

h) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak, horien artean hodi fluoreszenteak, otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan, tresna elektriko zein elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzkoan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

i) Recubrimientos Aglan SA enpresak poliklorobifeniloak eduki dezaketen gailuak dituenez, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak, eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

j) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2037/2000 EE Arautegian ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Recubrimientos Aglan SA enpresak era horretako substantziarik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen-ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparailuak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu edo suntsitu baino lehen.

k) Recubrimientos Aglan SA enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda.

l) Erregistro bat edukiko du, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, jasotzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa betez, eta uztailaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bidezko aldaketan ezarritakoa betez. Sei hilean behin, kontrolerako erregistro horren kopia bidaliko da Ingurumen Sailburuordetzara.

m) Hondakin arriskutsuen kudeaketako funtsezko oinarrietako bete dadin, hau da, hondakin horiek ahal den gutxiena sortzeko, Recubrimientos Aglan SA enpresak prebentziozko neurriak erabiliz hondakin arriskutsuen sorrera gutxitzeko plana aurkeztu beharko du Ingurumen Sailburuordetzan, gutxienez lau urtean behin.

n) Aurreko e), f) (kudeatzaileak EAEn daudenean), k) eta l) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

o) Amiantoa duten hondakinak detektatuz gero, Recubrimientos Aglan SA enpresak amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 108/1991 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

B.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezingo dira urtebetetik gora biltegiratu. Hondakinen azken helburua baliotzea denean, 2 urtez biltegiratu ahal izango dira.

b) Oro har, hondakinak hustu aurretik, kudeatzaile baimendu batek onartzen dituela dioen agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Agiri horren kopia bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Recubrimientos Aglan SA enpresak artxibategian erregistratu eta gorde beharko ditu onarpen-agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, aginduzkoak direnean, bost urtean gutxienez.

c) Halaber, hondakinak zabortegietan utzita eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da. Agiri horiek bost urtez gorde beharko dira.

d) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaio kontrolerako erregistro horren kopia.

e) Aurreko b), c) (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta d) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

B.4.– Lurzoruari buruzko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako agindua betez lurzoruaren egoerari buruz aurkeztu duten aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera, Recubrimientos Aglan SA enpresak hau guztia bete beharko du:

● Gainazaleko tratamenduaren lerroan danbor motako atxikipen-sistema edo segurtasun-kubeta ezartzea, hondakin-urak hormigoizko zolara isurtzea ekiditeko.

● Arrisku-iturri nagusien eta instalazioen mantentze-lanetarako eta garbiketarako protokoloa ezarri, aldizkakotasun zehatzak dituena, izan daitezkeen hutsak identifikatu eta ahalik eta lasterren jarduteko, arrisku-egoerak gerta ez daitezen.

● Makinen eguneroko jardunean hormigoizko zolaren gainean gertatutako ihes edo isurketak (olioak, gasolioa, etab.) eutsi eta kontrolatzeko elementuak aldizka ikuskatzea.

● Hondakinak biltzeko gune mugatu bakarra izatea, jarioak biltzeko sistema edo eusteko edo xurgatzeko tresnak izatea, segurtasun-kubeten modukoak.

B.5.– Zaratari buruzko baldintzak.

Jarraian adierazitako zarata-mailak ez gainditzeko neurriak instalatuko dira:

a) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 40 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 08:00ak eta 22:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 45 dB (A) ere gehienezko balioetan.

b) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 30 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 22:00ak eta 08:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 35 dB (A) ere gehienezko balioetan.

c) Era berean, zarata ezin da 60 dB (A) baino handiagoa izan, Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, industria-eremuaren kanpoko itxituran.

d) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzerakoan egiten den zaratak ez du handituko akustikoki oso sentikorrak diren aldeetako zarata-maila.

C) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta ondoko atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

C.1.– Isuritako uren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Derrigorrezkoa da ur tratatua neurtzeko pH-neurgailu jarraiki bat eta isuritako uren emari neurgailu bat izatea, neurketaren tokiko adierazlea, beharrezko bi puntutan alarmak, eta datu historikoak gordetzeko eta kudeatzeko sistema informatizatua dutenak. Horiek Administrazioaren esku egon beharko dute gainera.

c) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek edo saneamendu-sarearen kudeaketa-arduradun den erakundeak (hala badagokio) egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketa-puntu bakoitzeko lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

Isurketen kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira laginak hartzen direnetik hilabeteko epean.

d) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira.

e) Isurketak baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, B.2.3 ataleko parametro guztientzat ezarritako mugak betetzen baditu.

C.2.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko.

(Ikus .PDF)

C.3.– Zarataren kontrola.

Jarduera garatzen den lur zatiko kanpoko baldintza akustikoak hiru urtean behin kontrolatuko dira, batez ere zarata etxe barruetara sartzeko arriskurik handiena dagoen aldeetan. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak urtero egin ala ez.

Sustatzaileak neurketa-proposamen zehatz bat landu beharko du eta neurketa-metodo zehatzak adierazi bertan. Proposamena ebazpen honen C.6 atalak aipatzen duen ingurumena zaintzeko programaren agiri bateginari gehituko zaio.

C.4.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, beti martxoaren 30a baino lehen, ingurumenaren gaietan aditua den erakunde aske batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua, eta prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.

C.5.– Ingurumena Zaintzeko Programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan ezarritako betekizunak bilduz. Programa horrek hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Ingurumena zaintzeko programan jardueraren ohiko adierazleak eta horiek analizatzeko sistematika sartuko dira, ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko enpresak berak ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatzeko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretan, kutsadurari aurre hartzeko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako mantentze-lanei dagokienez, isurien eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere bai.

D.2.– Jarduera uztea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legea (28.510 epigrafea «Metalen tratamendua eta estaldura»), eta kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Hori dela-eta, Recubrimientos Aglan SA enpresak hasiera eman beharko dio lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedurari, gehienez ere bi hilabeteko epean, jarduera behin betiko uzten duenetik kontatzen hasita, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak 17.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

D.3.– Ezohiko jardunean aplikatzeko neurriak eta jarduerak.

Aurkeztutako dokumentazioan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen ihesak antzemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko jarioak biltzeko sistemak.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

c) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburu horretan atmosferara eta uretara egindako isurtzeak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

d) Era berean, ustiapenari buruzko eskuliburu bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

e) Produktu kimikoak eta hondakinak, besteak beste, maneiatzeak lurzorua eta ura kutsatzeko arriskua sor dezake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

g) Larrialdi-egoera sortzen denean, berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar beste material eduki behar da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

h) Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko protokolo edo agiri bidezko prozedura; eraginkortasunean eragin dezaketen produktuen jarioak ez dira tratamendu-instalaziora eramango.

i) Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira.

j) Arazte-prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak aldizka aterako dira instalazioa behar bezala ibil dadin. Behar izanez gero, andel iragazgaitzetan eta hondoan hustubiderik ez dutenetan biltegiratuko dira.

k) Lohien tratamendutik xukatutako ura araztegiko sarrerara birzikulatuko da, bertan tratamendua emateko.

l) Urtean behin instalazio horien garbiketaren eta mantentze-lanen fakturaren kopia bat bidaliko da.

m) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

n) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko.

o) Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ez-ohiko gertaeraren baten aurrean gorabehera edo ez-ohiko gertaera horren berri eman beharko dio Recubrimientos Aglan SA enpresak Ingurumen Sailburuordetzari.

p) Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isurketa edo isuri atmosferikoren bat eginez gero, Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazteaz gain, SOS Deiak eta Udalari ere jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, datu hauek agertuko dira:

● Gertakari mota.

● Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

● Iraupena.

● Ustekabeko isurketa bada, emaria eta isuritako gaiak.

● Mugak gaindituz gero, isuriei buruzko datuak.

● Eragindako kalteen balioespena.

● Hartutako neurri zuzentzaileak.

● Berriro ez gertatzeko aurreikusitako neurriak.

● Prebentziozko neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

q) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu egin beharko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

E) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzean, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

F) Urtean behin Recubrimientos Aglan SA enpresak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio atmosferara eta uretara egindako isurtzeei, eta sortu dituen hondakinei buruzko datuak, E-PRTR-Euskadi, botatako eta eskualdatutako kutsagarrien Europako Inbentarioa landu eta eguneratzeko, apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuaren, E-PRTR Erregelamenduko eta ingurumeneko baimen bateratuetako isurketen gaineko informazioa ematea arautzen duenari jarraituz.

Informazio hori osatzen duten datuak zein ekitaldikoak direnak, ekitaldi horren hurrengo martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dira. Informazioa Ingurumenari buruzko Adierazpenaren (IA) bidez gauzatuko da, hori baita kanpoko erakundeek eta Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak ingurumen-informazioa batak besteari elektronikoki emateko ardatza. Informazio-trukaketa horren funtsa Ingurumenari buruzko Adierazpenari (IA) dagozkion ingurumeneko datu teknikoak eta prozedurakoak sartzean datza, IKS-L03 Sistemako erakundeentzako bertsioaren bidez (www-eper-euskadi.net web-orrian eskuragarri). Datu horiek guztiek Ingurumenean Eragina duten Jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa osatuko dute, Europako Ingurumen Agentziaren Erregistrora (Europako E-PRTR Erregistroa) egiten diren informazio-bidalketen oinarri dena.

Halaber, ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-trukeak aipatutako Ingurumenari buruzko Adierazpenaren bidez gauzatuko dira, ahal izanez gero.

Informazio hori agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

G) 2007ko apirilaren 21eko 509/2007 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. atalari jarraituz, lehendik dauden instalazioen titularrek agintaritzari jakinarazi beharko diote instalazio horietan erabiltzen eta ekoizten diren substantziek, 1907/2006 EE Erregelamenduan erregistratu eta ebaluatzeko aurreikusitako prozesuan identifikatu direnak, giza osasunerako eta ingurumenerako izan dezaketen arriskua.

H) Ingurumeneko baimen bateratu honen eraginpeko instalazioan egindako aldaketek bat etorri beharko dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko 2002ko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-erregimenarekin. Hori horrela, ingurumeneko beste baimen bateratu bat beharko da aldaketak funtsezkoak direnean.

Hirugarrena.– Ebazpen hau eraginkorra izan dadin, aurretik Ingurumen Sailburuordetzari agiri bidez egiaztatu beharko zaio ebazpen honetako bigarren ataleko puntu hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla: B.2.3 (Zink parametroaren muga-balioak betetzeko jardueren kronograma); B.3.1.e) eta B.3.2.b) (Hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak onartzeko dokumentuak); B.3.1.l) eta B.3.2.d) (Hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak erregistratzeko ereduak); B.4 (Lurzorua babesteko neurriei buruzko baldintzak); C.3 (Zarata kontrolatzeko proposamena); C.5 (Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina); D.1 (mantentze-lanetan botako diren kutsagarrien eta sortuko diren hondakinen balioespena); D.3.a) (Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua); D.3.g) (Larrialdi egoeretarako eskuragarri dauden materialen zerrenda); D.3.h) (kubetak husteko eragiketen protokoloa); D.3.q) (Suteen aurkako babesaren ziurtagiriak).

Halaber, baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskapen-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla. Horretarako, aipatutako ikuskapen-bisitaren aurretik, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu beharko du baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen agiria, teknikari aditu batek eginda.

Atal honetako baldintza horiek guztiak betetzeko 6 hilabeteko epea ezarri da, ingurumeneko baimen bateratua eraginkorra dela adierazteko Ingurumen Sailburuordetzak emandako ebazpen hau jakinarazten den biharamunetik kontatzen hasita.

Adierazitako baldintzak betetzen direla ziurtatzean, ebazpena emango da eta, horren bitartez, ingurumeneko baimen bateratua eraginkortzat aitortuko da.

Laugarrena.– Ingurumeneko baimen bateratu hau 8 urteko epean egongo da indarrean, aurreko atalean ezarritakoaren arabera ondorioak dauzkan egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, baimena berritu egin beharko da eta, hala badagokio, jarraian datozen aldietarako eguneratu.

Ingurumeneko baimen bateratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin beharko du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Edonola ere, ingurumeneko baimen bateratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluan ezarritako kasuak aintzat hartuta.

Seigarrena.– Recubrimientos Aglan SA enpresak ebazpen honen xede den ltzairuzko piezak elektrolisi bidez zinkean galvanizatzeko jardueran titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori Ingurumen Sailburuordetzan jakinarazi beharko du, horrek onar dezan.

Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du kausa hauek gertatzen direnean:

● Epearen barruan ez egiaztatzea ebazpen honetako hirugarren atalean ingurumeneko baimen bateratuak ondorioak izan ditzan ezarritako baldintzak betetzen direla, interesdunak behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen ez badu.

● Recubrimientos Aglan SA enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

● Baimena indarrean jartzen dela adierazten duen ebazpenean xedatutakoak.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Recubrimientos Aglan SA enpresari, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamargarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta ondorengoetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Vitoria-Gasteiz, 2009ko apirilaren 30a.

Ingurumeneko sailburuordea,

IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana