Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2013ko abuztuaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3528

1209/2013 EBAZPENA, uztailaren 22koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Arabako Unibertsitate Ospitaleko zuzendari medikoaren lanpostua betetzeko deialdi publikoa iragartzen duena.

Arabako Unibertsitate Ospitaleko zuzendari medikoaren lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 27. artikuluan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Nagusi honek. Hona hemen

OINARRIAK

Lehenengoa.– Arabako Unibertsitate Ospitaleko zuzendari medikoaren lanpostua, ebazpen honen bidez deialdia duena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeei atxikitako langile finkoek (funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratukoek) eska dezakete, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionarioek eta horko erakunde autonomoetako funtzionarioek ere. Horretarako, honako eskakizun hauek bete behar dituzte:

1.– Medikuntza eta kirurgiako lizentziatura eduki beharko dute.

2.– Administrazio- eta kudeaketa-lanetan esperientzia izan beharko dute.

Bigarrena.– Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erakunde Zentraleko Giza Baliabideetako Zuzendaritzara igorri beharko dituzte eskabideak, 10 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Halaber, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako leku eta moduetan ere aurkeztu ahal izango dira agiriak (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

Hirugarrena.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek, eskabidearekin batera, honako hauek adierazten dituen curriculum vitaea aurkeztu beharko dute:

– Titulu akademikoak.

– Orain arte betetako lanpostuak.

– Lanean eta kudeaketa sanitarioan daukaten eskarmentua.

– Ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak eta egoki iritzitako beste edozein merezimendu.

Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak ere aurkeztu beharko dituzte. Halaber, argitalpenak, txostenak edota egokitzat jotako beste edozein agiri ere aurkez dezakete.

Laugarrena.– Deialdi hau Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bosgarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 22a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.


Azterketa dokumentala