Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2013ko uztailaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3064

EBAZPENA, 2013ko ekainaren 19koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2013ko aurrekontu orokorretan IVAPi zenbat diru esleitu zaion jakitera ematen duena, helburu honetarako: derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan egonik hizkuntza-eskakizun hori eskuratu arte euskara-ikastaroetara joaten diren langileak ordezkatzeko udal-administrazioei diru-laguntzak emateko. Era berean, ebazpen honen bidez, ordezkapenetarako diru-laguntzak bideratzeko ezarrita dauden moduluen kantitateak eguneratzen dira.

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan arautu zen, alde batetik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAPek) Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua; eta, bestetik, ezarri ziren euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Aipatutako Aginduaren Bigarren Kapituluan euskara-ikastaroetara joaten diren langileak ordezkatzeko dirulaguntzak arautzen dira, eta bere 7.2 artikuluak ezartzen du aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran dirulaguntzak emateko izendatutako diru-kopurua IVAPeko zuzendariaren ebazpen baten bidez jakinaraziko dela, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.

Halaber, Ordezkapenetarako dirulaguntza-modulu horien eguneratzea 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren hirugarren Xedapen Gehigarriak ezartzen du; eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan aurreko urtean Kontsumoko Prezioen Indizeak izandako gehitze bera gehituko zaie indarrean dauden moduluei.

Ikusirik aurreko urteko Kontsumoko Prezioen Indizeak % 2,7 egin duela gora, eta egin beharreko kalkuluak egin ondoren.

Hori guztia kontuan izanik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Jakitera ematea 2013ko aurrekontu orokorretan IVAPentzat izendatutako dirua, honako helbururako: udal-administrazioei derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan egonik eta partzialki edo guztiz liberatuta egonik hizkuntza-eskakizun hori eskuratu arte euskara-ikastaroetara joaten diren langileak ordezkatzeko kostua finantzatzearren dirulaguntzak ematea. Honakoak dira izendatutako diru-kopuruak:

47140 Programa «Euskalduntze eta hizkuntza-normalkuntza», 422.01 Kontzeptua «Udal langileen ordezkapenak egiteko diru-laguntzak». Guztira: 183.000 euro.

47140 Programa «Euskalduntze eta hizkuntza-normalkuntza», 422.11 Kontzeptua «Mankomunitateen langileen ordezkapenak egiteko diru-laguntzak». Guztira: 5.000 euro.

Bigarrena.– Euskara-ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko, honako dirulaguntza-modulu hauek ezartzea hilabeteko:

– Asteko 25 ikastorduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa: gehienez ere 2.025,33 euro hilabeteko.

– Asteko 15 ikastorduko ikastaroa: gehienez ere 757,26 euro hilabeteko.

– Asteko 10 ikastorduko ikastaroa: gehienez ere 501,27 euro hilabeteko.

– Asteko 8 ikastorduko ikastaroa: gehienez ere 403,63 euro hilabeteko.

2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 13.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, horiek ez bezalako ordu-moduluak ere –HAEEk Aginduaren bosgarren artikuluan ezarritakoari jarraituz deialdiak egin baititzake eta deialdi horietan ezarritakoaren arabera onartu bestelako ordu-modulu horiek– diruz lagundu ahal izango dira, eta dirulaguntzaren kalkulu proportzionala egingo da.

Mila biztanletik beherako lurralde-esparruetako administrazioetako idazkari-kontuhartzailearen lanpostuko titularra ordezkatzeko dirulaguntza-modulua hileko 3.037,41 euro arte gehituko da, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betetzeko.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko helegitea aurkeztu ahal izango zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 19a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.


Azterketa dokumentala