Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2013ko ekainaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
2895

EBAZPENA, 2013ko ekainaren 25koa, Trafikoko zuzendariarena, zeinen bidez xedatzen baita Gipuzkoako Lurralde Historikoko errepide-sareko puntu batean zinemometroak eta beste zenbait tresna osagarri ezartzeko kabina bat instalatzea eta erabiltzea, hain zuzen ere, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko.

1999ko ekainaren 15eko Ebazpenaren bidez, zinemometroak eta beste zenbait tresna osagarri instalatzea eta erabiltzea xedatu zen, hain zuzen ere, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko. Ildo horretan, zirkulazio-istripuetako arrisku-faktore nagusienetako bat abiadura da nazioarteko aditu eta erakunde gehienen ustez, eta Europako Batzordearen 2004/35/CE Gomendioan –bide-segurtasuneko arauak aplikatzeari buruzkoa– ezartzen du abiadura, alkohola eta segurtasun-uhalari buruzko jardunbide egokiak zein diren, eta, gainera, abiadura kontrolatzeko sistema automatizatuei buruzko aholkuak ematen ditu.

Zinemometroak ezarriz, gidariak era eragingarrian konbentzitu nahi dira, hain justu ere, gune edo puntu bereziki korapilatsuetarako berariaz ezarritako mugetara egokitu dezaten abiadura. Abiadura neurtzeko lehenengo ekipoak ezartzea eragin zuen filosofia hori bera da egun ere, baina, egun, indartua da; izan ere, urte hauetako esperientziak erakutsi du gehiegizko abiadura neurtzeko gailuak –eta beste tresna batzuk– instalatzearen eta martxan ezartzearen ondorioz istripu- eta ezbehar-kopurua gutxitu egin dela azken 13 urteetan. Azken batean, prebentzioa lehenesten da zehapenaren aitzinetik. Ekipo hauek instalatzearen azken helburua, berez, ez da gehiegizko abiaduragatiko salaketak egitea, baizik eta bide-segurtasuna indartzea eta zirkulazio erraza hobetzea. Jendarteak behin eta berriz eskatutako faktoreak dira bi-biak, desplazamenduen zalutasunean eta segurtasunean zuzenean eragiten baitute: ekonomia- eta lan-harremanen egungo esparrua baldintzatzen duten oinarriak dira, eta baita bizi-kalitatea ere (aisiagatiko desplazamenduak, oporrak eta abar).

Gainera, tresna horiek ez dira soilik disuasio-arrazoiengatik instalatzen, areago, bide-segurtasuna mantentzeko «arriskutsu» gisa nahikoa eta gehiegi ohartarazitako jokamoldeak zuzendu nahi ditu. Eskuartean dugun kasuan, aspaldi honetan bide-zati batean gertatzen ari den istripu- eta kaltegarritasun-tasa handiari ematen zaion erantzuna da abiadura neurtzeko tresna instalatzea. Gune hori GI-636 errepidean dago, Molinao tunela delakoaren inguruan, Irunerako noranzkoan (Gipuzkoako Lurralde Historikoa).

Zati hori 2008. urtean ireki zitzaion trafikoari, eta, ordutik, istripu-kopurua igo egin da, batez ere 1,600 KP-an, Irunerako noranzkoan. Istripurik gehienak tunelaren barnean gertatzen badira ere, puntu zehatz hartan gertatzen den istripu-kopurua zergatik igo den ulertzeko, ohartu behar gara, batetik, zein diren puntu horren ezaugarriak, eta, bestetik, puntu horren aurreko zatiaren ezaugarriak. Erradio zabaleko eskuineranzko bihurgunea da (260 metro), baina aurretik erradio handiagoko ezkerreranzko bihurgune bat dago, gutxi gorabehera % 5eko hasierako desnibela duen malda. Bidearen geometria berezi horren ondorio da, bide-zati honetan gidariek duten portaerarekin batera, hainbeste ibilgailu galtzadara ateratzea: bide-zati zehatz honetako istripuen % 73,4 «galtzadatik ateratzeak» dira, hain zuzen ere. Galtzadak bi errei ditu zirkulazioarentzat Irunerako noranzkoan, eta, galtzadaren eskuineko aldean, bazterbide bat dago tunelaren aurretik dagoen zatian, 2,85 metro zabal dena. Tunelaren sarrera baino 200 metro lehenago, galtzadaren bi aldeetan egun dagoen zutikako seinaleztapenaren bidez adierazten da berariaz ezarritako gehienezko abiadura 80 km/h-koa dela bide-zati horretan ibilgailu guztientzat.

Hauek dira GI-636 errepideko 0,1 eta 1,9 KP-en arteko (goranzko norabidean) istripu-tasaren datuak, non, lehenago esan bezala, toki horretan gertatzen baitira istripurik gehienak:

2010ean, 27 istripu gertatu ziren; 2011n, 39 istripu; eta 2012an asko igo zen istripu-kopurua: 53 izan ziren, eta azpimarratzekoa da horiekin loturiko biktima-kopuru handia –% 40,6–.

Hauek dira bide-zati horretako –0,1 eta 1,9 KP-en tartea– kaltegarritasun-datuak: 2010ean, 27 zauritu arin izan ziren; 2011n, 17 zauritu arin eta 2 larri; eta 2012an, 27 zauritu arin eta 4 larri.

Abiadura-kontroleko puntuari eragiten dion aurretiko seinaleztapenean, informazio-seinale baten bidez gidariei jakinarazten zaie abiadura radarrez kontrolatzeko tresna bat dagoela. Lehenik, kontrol-puntuaren aurretik, GI-636 errepideko 0,200 KP-an Irunerako noranzkoan (goranzko norabidean), radarrez kontrolatutako gunearen abisu-panel bat dago, eta, abisu-panel horren ondoren, 0,830 KP-an, R-301 seinaleztapen bertikal finko bat dago gidariei adierazteko gehienezko abiadura 80 km/h-koa da gune horretan ibilgailu

Azaldutako guztiagatik, eta Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agintzea ibilgailuen abiadura neurtzeko zinemometro-ekipo batentzako eta beste zenbait tresna osagarrirentzako kabina bat instalatzea eta erabiltzea errepide-sareko puntu finko batean, operatzailerik gabe, hain zuzen ere, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako. Kilometro-puntua: GI-636 errepidea, 1,220 KP, Irunerako noranzkoa (goranzko norabidea), Gipuzkoako Lurralde Historikoa.

Bigarrena.– Abiadura-kontrola ezarriko den puntuaren aurretik, kontrol hori dagoela jakinaraziko zaie herritarrei, horretarako ezarritako seinaleen bidez.

Hirugarrena.– Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatura helaraziko dira bide-segurtasunaren araudiaren aurkako administrazioko arau-hauste izan litezkeen gertakariak biltzen dituzten irudiak, zentro horrek izapideak egin eta dagokion zehapen-prozedura ebatz dezan. Zigor-arloko arau-haustea egon dela ondorioztatzen bada irudietatik, orduan, eskumena duen epaitegira bidaliko dira hartutako irudiak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 25a.

Trafikoko zuzendaria,

GARBIŃE SAEZ MOLINUEVO.


Azterketa dokumentala