Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2013ko ekainaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2893

AGINDUA, 2013ko ekainaren 12koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, museoak sustatzeko eta kultur ondarearekin eta zabalkundearekin zerikusia duten museo-jarduerak garatzeko 2013ko diru-laguntzak emateko modua arautu eta deitzen duena.

Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren arabera, Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio EAEko museo eta bildumentzako diru-laguntzen sistema kudeatzea.

Beraz, alde horretatik, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egoki iritzi dio laguntzak emateko bideari ekitea kultur ondarearekin eta zabalkundearekin zerikusia duten museoen eta bildumen jarduerak sustatzeko eta garatzeko.

Esandakoagatik guztiagatik, beharrezko iruditu zaigu tresna egoki bat jartzea, alde batetik, diru-laguntzak emateko prozesuan objektibotasun, konkurrentzia eta publizitate printzipioak bermatuko dituzten gutxieneko lege-oinarriak zehazteko eta, bestetik, mekanismo aproposak finkatzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak diru publikoak egoki erabili diren jakin dezan. Hortaz, diseinatutako laguntza-esparrua behar bezain zabala da era horretako jarduerak zorroztasunez bete nahi dituzten entitateek diru-laguntza hauek jaso ahal izan ditzaten. Alde horretatik, bi muga baino ez dira jartzen: Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan ekitaldi honetarako berariaz ezarritako diru-kopurua eta agindu honetan ezarritako balorazio-irizpideak.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen bitartez, jarraian aipatzen diren diru-laguntzak emateko modua arautu nahi da:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko museoak eta bildumak babesteko eta ezagutarazteko jarduera zehatzak finantzatzeko diru-laguntzak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko museoak sustatzeko diru-laguntzak.

2. artikulua.– Diru-kopuruak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako xederako 600.000 euro erabiliko dira.

3. artikulua.– Diru-laguntza jasotzerik ez duten jarduerak.

Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo daude:

● Foru-aldundien titulartasuna duten museo edo bildumak.

● Gobernu-organoetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila partaide duten fundazioak.

● Kapitalean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra partaide duten merkataritza-entitateak.

● 2013rako Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailari dagozkion Aurrekontu Orokorretan diru-laguntza izendunak esleiturik dituzten museo eta bildumenak ere.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatu ahal izateko, nahitaezkoa izango da museo edo bildumetako titular izatea (berdin da pertsona fisiko edo juridiko, publiko zein pribatu izatea) –3. artikuluan adierazitakoak izan ezik– eta museo edo bilduma Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatuta egotea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindu hau argitaratzen den egunean.

5. artikulua.– Betebeharrak.

1.– Laguntzak ematea eta horien ordainketa baldintzaturik geratzen dira erakunde eskari eta onuradunek zerga mailako obligazioak eta Gizarte Segurantzarekiko baldintzak bete dituztela egiaztatzeko, 1991ko urriaren 7koa, Ogasun eta Finantza sailburuarena, Euskal Autonomi Elkartearen aurrekontu orokorren pentzutan dirulaguntzak eskuratu dituztenek, zerga mailako obligazioak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Aginduan xedatutakoaren arabera (1991ko urriaren 15eko EHAA, 208. zk.), bere eranskina 2006ko ekainaren 19ko aginduaren bidez eguneratuta izan zena.

2.– Pertsona onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

3.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko apirilaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

6. artikulua.– Dirua jaso dezaketen jarduerak.

1.– Alor hauetako bat lantzen duten jarduera zehatzengatik jaso daiteke diru-laguntza:

a) Erakusketak eta argitalpenak: erakusketa iraunkorra berritzea, aldi baterako erakusketak eta hainbat euskarritako argitalpenak.

b) Heziketa eta kulturgintza: programa eta material didaktikoak garatzea, jardunaldi eta hitzaldiak, web-orriak sortzea eta garatzea.

c) Dokumentazioa: museoko edo bildumako funtsak inbentariatzeko eta katalogatzeko, eta digitalizatzeko lanak EMSIME sistemaren bidez.

d) Azterlanak: ikerketa-lanak, zerbitzu-karta lantzea, plan zuzentzailea, kalitate-plana, merkatu-azterketak, bezeroen azterketak.

2.– Onuradun bakoitzak bi laguntza jaso ahal izango ditu, gehienez.

3.– Deialdi honetako diru-laguntzak jaso ahal izateko, jarduerak 2013. urtean gauzatu behar dira, hasiera eta amaiera barne.

7. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Agindu honen bitartez emango diren diru-laguntzek ez dute gaindituko egin beharreko jardueraren aurrekontu osoaren % 85.

2.– Edonola ere, jarduera bakoitzari gehienez 45.000 euro eslei dakizkioke.

8. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Beraz, esleipena egiteko, aurkeztutako eskariak erkatu eta, 15. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan, lehentasunen arabera ordenatuko dira. Bakarrik emango zaie diru-laguntza irizpide horien arabera 65 puntu gutxienez lortu dituzten eskabideei.

2.– Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa finkatzeko, gutxieneko puntuazioa (65 puntu) lortu duten eskabideen artean Batzorde Kalifikatzaileak deialdiari zuzendutako gehienezko diru-kopuru osoaren hainbanaketa egingo du.

a) Hainbanaketa hori bi aldagai kontuan hartuta egingo da: lortutako puntuazioa eta eskatutako diru-kopurua. Formula hau erabiliko da horretarako:

(Ikus .PDF)

non,

Si = programa edo jarduera bakoitzari dagokion hasierako diru-kopurua.

Ei = kasu bakoitzean eskatutako laguntzaren diru-kopurua.

Pi = programa edo jarduera bakoitzari Batzordeak esleitutako puntuazioa.

b) Baldin eta aurreko atalean ezarritako prozeduraren arabera kalkulatutako kopuruen batuketak aurrekontuen muga gainditzen badu, kasu bakoitzean eman beharreko laguntzaren diru-kopurua honela kalkulatuko da:

(Ikus .PDF)

non,

Si’ = programa edo jarduera bakoitzari dagokion behin betiko diru-kopurua.

D = laguntzagai diren programa edo jarduera guztien artean banatu beharreko diru-kopurua.

Si = aurreko formularen arabera programa edo jarduera bakoitzari legokiokeen hasierako diru-kopurua.

9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Pertsona eta erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

2.– Agindu honen edukia eta inprimakiak euskadi.net-en honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/museo/eu

3.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.net/misgestiones

10. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea eta tokia.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak behar bezala beteriko eskaera-orri normalizatu baten bidez aurkeztuko dira, modu presentzialean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean bertan (Donostia 1, Vitoria-Gasteiz), Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan (Bilboko kale Nagusia 85 – 40001 eta Donostiako Andia kalea 13 – 20004) edo Herritarrentzako Arreta Bulegoetan, hala zuzenean nola azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Eskabide-eredua euskadi.net-eko helbide honetan egingo da eskuragarri: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/museo/eu

3.– Bide elektronikoaren bitartez ere egin ahal izango da eskabidea; euskadi.net-eko helbide honetan hain zuzen: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/museo/eu

4.– Laguntza-eskabide presentzial edo elektronikoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1.– Pertsonari edo entitateari buruzko agiriak:

a) Pertsona fisikoa bada, nortasun agiri nazionala (NAN), pasaportea edo antzeko agiri bat.

b) Pertsona juridikoa bada, legezko ordezkariaren nortasun-agiri nazionala, ahalordetze agiria edo dagokion organoak egindako egiaztagiria.

4.2.– Jarduerari buruzko agiriak:

a) Diru-laguntzaren xede den jarduerari buruzko txostena eta datuak.

b) 2012an egindako jarduerei eta 2013rako aurrekontuetan sartutako jarduerei buruzko txostena.

c) Jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.

11. artikulua.– Pertsona eta entitate eskatzaileen betebeharrak egiaztatzea.

1.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki eta behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duenak Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituela, eta horretarako ez du eskatzaile horren oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.

2.– Eskatzaileak baimena eman ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak datu edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatu ditzan, bai bide presentziala erabiltzen denean bai elektronikoa erabiltzen denean ere, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

a) Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu berarako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero –eta, hala badagokio, eskuratuz gero–, horren berri ematea.

b) Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea. Gainerako betebeharrak egiaztatzeko modua lehenago aipaturiko euskadi.net gune elektronikoan adieraziko da.

12. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak.

13. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

14. artikulua.– Batzorde kalifikatzailea.

Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, batzorde kalifikatzaile bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Kultura Ondarearen zuzendaria edo horrek izendatutako pertsona bat, batzordeko lehendakari izango dena.

– Agindu honen gaian aditu den bokal, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatua.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako bi teknikari, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak. Horietako bat batzordeko idazkaria izango da.

Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

Batzorde horrek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

15. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko eta horien zenbatekoa finkatzeko orduan, batzorde kalifikatzaileak irizpide hauek erabiliko ditu:

1.– Diruz lagundu nahi den jardueraren kalitatea eta interes museologikoa, bai eta bideragarritasuna, aurrekontuaren koherentzia eta autofinantziazio-maila ere: 60 puntu.

2.– Museo edo bildumaren ibilbidea, jarraitutasuna eta oreka, 2012. urtean egindako jarduerak eta 2013rako aurrekontuan sartutakoak: 40 puntu.

16. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

17. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak eman eta jakinaraziko du, Batzorde Kalifikatzailearen proposamena ikusita, sei hilabeteko epean, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera kontatuta.

2.– Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, interesdunek horren berri izan dezaten.

3.– Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

18. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza emateko ebazpena argitaratu eta hamar egun balioduneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea, ez beste ezertarako.

c) Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

d) Publikoarekiko harreman ahozko zein idatzietan euskara erabiltzea.

e) Museoen Euskal Sistemaren koordinazioa hobetzeko jarduerak bultzatzea: besteak beste, museoko funtsei eta museo edo bildumetan izandako bisitariei buruzko informazioa bidaltzea.

f) Diruz lagundutako jarduketaren ondorioz sortzen diren materialetan sexismorik gabeko hizkera erabiliko dela bermatzea, otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa betez.

19. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa.

Agindu honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonek edo entitateek konpromisoa hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa berariaz eta argi aipatzeko, diruz lagundutako jarduera dela-eta diru-laguntzak emateko ebazpena argitaratzen denetik aurrera egiten dituzten katalogo, programa eta iragarki-karteletan eta argitaratzen dituzten gainerako material grafiko zein soinudunetan.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Agindu honen ondorioz ematen diren diru-laguntzak bi zatitan ordainduko zaizkie onuradunei:

a) Lehenengo ordainketan esleitutako diru-laguntzaren erdia emango zaie. Horretarako, hiru hilabeteko epea egongo da, diru-laguntza esleitzen duen ebazpena argitaratzen denetik.

b) Bigarren ordainketan beste erdia emango zaie, 2014an, lagundutako jarduketa eta haren benetako kostua 21. artikuluan adierazitako eran justifikatu ondoren.

21. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Agindu honetako diru-laguntzen pertsona edo entitate onuradunek jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dituzte diruz lagundutako jarduera amaitu eta hiru hilabeteko epean eta, edozein modutan, 2014ko otsailaren 28a baino lehen.

a) Diruz lagundutako jarduerari buruzko txostena. Bertan, diru-laguntzaren helburua bete dela justifikatuko da.

b) Gastuen justifikazioa:

b.1.– Onuraduna pertsona fisikoa denean edo enpresa-kontabilitateko erregimenaren menpe dagoenean, diruz lagundutako jardueraren sarrera eta gastuen balantzea aurkeztu beharko du. Horretarako, jatorrizko fakturak edo egindako gastua justifikatzeko balio duen beste edozein ziurtagiri aurkeztu beharko du.

b.2.– Onuraduna beste herri-administrazio bat denean, organo eskudunak ziurtagiri bat aurkeztu behar du emandako diru-laguntzaren helburua bete dela adierazteko eta horretan erabilitako zenbatekoak zehazteko.

c) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako emandako bestelako diru-laguntzen zerrenda.

2.– Gastuak zuritzeko beharkizuna ez betetzea, edo gutxiegi zuritzearen kasuan bidezkoa izango da diru-laguntza itzularaztea. Itzuli beharrekoa proportzionala izango da jardueraren behin betiko kostua aurrekontuaren kostua baino txikiagoa baldin bada.

22. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

23. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako laguntzak Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako «minimis» arauaren mendean daude (araudi hori Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean 2006ko abenduaren 28an argitaratu zen: L379/5). Ondorioz, museo edo bilduma jakin bati emandako laguntza osoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa aurtengo ekitaldia eta aurreko bi ekitaldi fiskalak kontuan hartuta.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten dizu deialdi honen eskabidean bildutako datuak laguntza-espedienteak kudeatzea helburu duen eta «Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Laguntzak» izena duen fitxategi batean sartuko direla, zeina 2006ko uztailaren 27ko agindu batez arautzen baita. Aldez aurretik, fitxategi horren berri emango zaio Datuak Babesteko Euskal Agentziari. Fitxategia datuen segurtasun osoa bermatzeko moduko neurriez hornituta dago, eta datuok ez dira beste hirugarren batzuen esku jarriko, legeak baimendutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruzko araudia betez, datuon titularra, hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez balia daiteke, 15/1999 Lege Organikoak aitortzen duen moduan, eta horretarako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzarekin jarri behar da harremanetan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zena) eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 12a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala