Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2013ko ekainaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2885

AGINDUA, 2013ko ekainaren 6koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Anoetako udalerriko Lasarbe aldean babes ofizialeko 28 etxebizitza esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona.

GERTAKARIAK

1.– Anoetako Udalak eta Construcciones Aburuzak, 2013ko martxoaren 26an sinatutako hitzarmenaren bidez erabaki dute Anoetako Udalaren esku uztea Construcciones Aburuzak Anoeta udalerriko A-14 Lasarbe Sektoreko RA-C Lursailean egingo dituen 28 babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozedura.

2.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Anoetako alkate-udalburuak hitzarmena sinatu dute, Etxebide-Babes Publikoko Etxebizitzak Esleitzeko Zerbitzu Publikoak aukeratu ditzan babes ofizialeko etxebizitzen esleipendunak.

3.– Aipatutako hitzarmenean ezartzen da, esleipen-prozedura etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko 2012ko urriaren 15eko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduan ezarritakoari jarraituz egingo dela.

4.– Etxebizitzako Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren 2013ko otsailaren 8ko Ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu du babes ofizialeko 28 etxebizitzako sustapen horrek. Sustapena Anoetako Lasarbe aldean kokatuta dago, eta Construcciones Aburuzak sustatzen du, EB3-0020/13-LE-000 espediente-zenbakiarekin. Etxebizitza horietako 2, bi logelakoak, mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude. Gainontzeko etxebizitzak honelakoak dira: 16 etxebizitza bi logelakoak eta 10 hiru logelakoak. Etxebizitzak lagatzeko araubidea jabetza izango da.

5.– Etxebizitza horietatik 2 kenduko dira Anoetako Udalarentzat, birkokatze-eragiketak direla eta. Kenduko diren etxebizitzak honako hauek izango dira: EB3-0020/13-LE-015 eta EB3-0020/13-LE-019; bi etxebizitza horiek hiru logelakoak dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio agindu hau ematea, hala xedatuta baitago Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 29. artikuluan, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoan.

2.– Lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko, bizikidetza-unitatea osatuko duten titularretako batek gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon beharko du, kasuan kasuko araudian ezarritako gutxieneko antzinatasuna duela, betiere Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denarekin bat etorriz.

3.– Babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2011ko irailaren 14ko Aginduan ezarritakoak izango dira.

4.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honako hau izango da: esleipen-prozedurari hasiera ematen dion aginduaren argitalpen-dataren aurreko zergaldia; betiere, amaituta egon behar du zergaldi horri dagokion aitorpena egiteko epeak, hau da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egitekoak.

5.– Lehenago aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen duenez, pertsonek edo bizikidetza-unitateek, babes ofizialeko etxebizitzen esleipen-prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dute. Baldintza hori betez gero, parte hartzea izango dute Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatzeko eskaeran adierazitako udalerrietan zein horien eremu funtzionaletan egindako esleitze-prozeduretan, non eta hori eragozten duen arau- edo hitzarmen-xedapenik ematen ez den.

6.– Agindu horretan bertan zehazten denez, prozeduran parte hartzea borondatezko izango da, eta prozedurari hasiera emateko aginduan finkatutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko da. Halaber, prozeduran sartzen direnek beren bizikidetza-unitatearen premietarako egokia ez den etxebizitza bat eskuratzeko interesa ere adierazi ahal izango dute, betiere horrek gainokupazioa eragiten ez badu. Egokitutako etxebizitza bat eskuratzeko interesa ere adierazi ahal izango dute, era horretako etxebizitzak esleitu gabe geldituz gero.

Kasu horretan, epea 15 egun naturalekoa izango da.

7.– Esleitzeko modua aldatu egiten da egoeraren arabera: prozeduran sartutako eskatzaileak sustapeneko etxebizitzak baino gehiago badira, esleipena notarioaren aurreko zozketa publiko bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 31. artikulutik 41.era bitartean jasotzen den prozedurari jarraituz; aitzitik, etxebizitzak eskatzaileak baino gehiago baldin badira, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notario aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak 42. artikulutik 44.era bitartean jasotzen den prozedurari jarraituz esleituko ditu.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Anoetako udalerrian babes ofizialeko 28 etxebizitza esleitzeko prozedurari hasiera ematea. Udalerri hori Tolosako eremu funtzionalean dago. Etxebizitza horietatik bi, hiru logelakoak biak, kenduko dira, birkokatze-eragiketak direla eta. Baztertutako etxebizitzak honako hauek izango dira: EB3-0020/13-LE-015 eta EB3-0020/13-LE-019.

Zozketatik kanpo gelditutako etxebizitzak, beharrezkoak ez izateagatik erabiliko ez balira, Etxebizitzako lurralde-ordezkariak esleituko lituzke.

Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea jabetza izango da.

Hirugarrena.– Esleipen prozeduran honako pertsona edo bizikidetza-unitate hauek parte hartu ahal izango dute: 2013ko martxoaren 2a baino lehen Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan Anoetako udalerrian erosketa-araubidean izena emanda daudenek, betiere hurrengo paragrafoetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Laugarrena.– Izena emateko eskabidean aukeratutako udalerrietako bat Anoeta izan beharko da.

Bosgarrena.– Etxebizitzaren titular izango direnetako batek Anoetan erroldatuta egon beharko du, prozedurari hasiera emateko agindu hau argitaratzen den eguna baino hiru urte lehenagotik, gutxienez, hala jasotzen baita Sailak eta Anoetako Udalak sinatutako hitzarmenean.

Seigarrena.– Egiaztatu beharko da 2011. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ez direla 9.000 euro baino txikiagoak, ez eta 39.000 euro baino handiagoak ere. Mugikortasun mugatua edo desgaitasun psikikoa izanez gero, aski izango da 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea.

Zazpigarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute Gipuzkoako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzan, 2013ko uztailaren 8a eta 22a bitartean (biak barne).

Lehenago aipaturiko Hitzarmenean jasotzen denaren arabera, esleitu gabe geratzen diren etxebizitzak Tolosako eremu funtzionaleko udalerriren batean erroldatuta egon eta Anoeta intereseko udalerri gisa eskatuta duten pertsona eta bizikidetza-unitateen artean esleituko dira. Pertsona edo bizikidetza-unitate horiek horretarako ezarrita dauden baldintzak bete beharko dituzte eta esleipen-prozeduran parte hartzeko interesa adierazi 2013ko uztailaren 8a eta 22a bitartean (biak barne).

Zortzigarrena.– Sustapeneko etxebizitzetatik 2 mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude. Bi etxebizitza horiek bi logelakoak dira. Etxebizitzok, hasiera batean, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat duten bizikidetza-unitateen artean esleituko dira.

Etxebizitza horiek hurrenkera honi jarraituz esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie; gero, bi makulu nahitaez erabili beharra duten pertsonei; eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko paragrafoekin lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei.

Esleitu gabe geratzen diren etxebizitza egokituak, halakorik baldin bada, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsonarik ez duten bizikidetza-unitateen artean esleituko dira, baldin eta egokitutako etxebizitza bat eskuratzeko interesa adierazia badute.

Bederatzigarrena.– Egokitu gabeko etxebizitzetatik bi, hiru logelakoak, Udalak eskuratuko ditu. Gainontzeko 24 etxebizitzetatik 16 bi logelakoak dira eta 8 hiru logelakoak.

Hamargarrena.– Eskatzaileak gehiago baldin badira sustapeneko etxebizitzak baino, esleipena notarioaren aurreko zozketa bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 31. artikulutik 41.era bitartean jasotzen den prozeduraren arabera.

Etxebizitza-kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notario aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta agindu horretako 42. artikulutik 44.era bitartean jasotzen den prozeduraren arabera esleituko ditu etxebizitzak.

Hamaikagarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxarote-zerrendak honako toki hauetan argitaratuko dira: Zuzenean-Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren iragarki-oholetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan.

Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 6a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIKE.


Azterketa dokumentala