Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2013ko ekainaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2881

ERABAKIA, 2013ko maiatzaren 29koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Kimika Organikoa I sailaren arautegian aldaketa onartzeko dena, Donostiako Kimika Fakultatean sail atala sortzeko.

Kimika Organikoa I Sailaren arautegia UPV/EHUko idazkari nagusiak 2012ko abuztuaren 17an emandako ebazpenaren bidez onartu zen (2012-09-27ko EHAA), eta arautegiko 2. artikuluan jasotakoaren arabera, sailak sail atal bakar bat dauka, Gasteizko Farmazia Fakultatean. Sailak eskaria egin du, 2013ko apirilaren 16an bere Kontseiluak onartu ondoren, arautegian beste sail atal bat jasotzeko, hain zuzen ere, Donostiako Kimika Fakultatean. Izan ere, sailak bi sail atal horien arabera bete du bere jarduna beti, hau da, duela hamar bat urte sortu zenetik arautegia Unibertsitatearen Estatutuetara egokitu arte 2012ko irailean.

Aldaketa honen helburua da egungo arautegia onartu aurreko egoerara itzultzea sail atalen kopuruari dagokionean, hartara sailaren benetako jardunarekin bat etor dadin.

Aldaketa bat dator Sailen Oinarrizko Arautegiko 8. artikuluarekin (2012-02-01eko EHAA), hau da, artikulu horretan sail atalei buruz zehaztutakoarekin; bestalde, Lege Zerbitzuaren aldeko iritzia ere badauka aldaketa horrek.

Sailen Oinarrizko Arautegian, 4.3 artikuluan, jasotakoari jarraituz, idazkari nagusiak onartuko du, eskumenak eskuordetuta, Kimika Organikoa I Saileko arautegiaren aldaketa, betiere txosten guztiak aldekoak badira eta inork eskatu ez badu Gobernu Kontseiluan aurkezteko. Artikulu horretan zehaztutakoaren arabera, bestalde, honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek; arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako kontseiluek; eta kasuan kasuko saileko kideen % 15ek, gutxienez.

Horregatik guztiarengatik, idazkari nagusiak proposatuta, Gobernu Kontseiluak hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– UPV/EHUko Kimika Organikoa I Saileko arautegiko 2. artikuluko aldaketa onartzea; ondorioz, era honetara geratuko da idatzita artikulu hori:

«2. artikulua.– Sailen Oinarrizko Arautegiko 8. artikuluaren zehaztapena.

Kimika Organikoa I Sailak ikastegiko bi sail atal ditu, bata Farmazia Fakultatean (Unibertsitateko ibilbidea 7, 01006 Vitoria-Gasteiz), eta, bestea, Kimika Fakultatean (Manuel Lardizabal pasealekua, 3, Donostia)».

Bigarrena.– Agindua ematea Kimika Organikoa I Saileko Arautegian egindako aldaketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Leioa, 2013ko maiatzaren 29a.

UPV/EHUko errektorea.
Errektorea ez egoteagatik, gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko eta eskumenak eskuordetzeko UPV/EHUko errektorearen 2013ko urtarrilaren 30eko Ebazpenarekin bat etorrita.

Ikerketaren arloko errektoreordea,

FERNANDO PLAZAOLA MUGURUZA.

Idazkari nagusia,

JOSÉ LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala