Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2013ko ekainaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2713

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 29koa, Osasuneko sailburuarena, 2013ko ekitaldian talde teknikoak mantentzeko, adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzeko, jarduera fisikoa sustatzeko programak egiteko eta arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko proiektuak egiteko laguntza ekonomikoetarako deialdia egiten duena.

Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraiki, euskal herri-aginteei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozio-ekonomikoan diharduten sektore guztietan, helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio txarrak saihestea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz jabetu eta kontzientziatzea. Zehatzago, bigarren atalak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasunaren erakunde-esparrua zaintzea Euskadin; xede horrekin, izan ere, gomendioak eman edo neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak, sektore politiko guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintzak bultzatuko ditu, osasun ekintzen osagarri gisa, biztanleen osasun maila etengabe hobetzeko.

Aipatu legearen 3. artikuluak adierazten du Euskal Osasun Administrazioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo guztiak, bakoitza dagokion sektoreko ikuspuntutik, elkar hartuta arituko direla osasun-hezkuntzaren eremuan sistematikoki gauza ditzaketen ekintzetan, funtsezkoak baitira pertsona bakoitzaren eta erkidegoaren osasuna hobetzeko.

Drogamendekotasunen alorreko prebentzio, asistentzia eta gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeak 3.b). artikuluan jasotzen du botere publikoei dagokiela, bakoitzaren eskumen-esparruaren barruan, herritarrek osasun-ohiturak har ditzaten lagunduko dien programak eta jarduerak garatzea, sustatzea, babestea, koordinatzea eta emaitzak kontrolatzea. Hezkuntza-programa horietan arreta berezia jarriko zaie gazteei.

Lege horren 3. idatzi-zatiko 4. artikuluan jasotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak drogamendekotasunen prebentzio komunitarioko jarduerak garatzeko egoki iritzitako lankidetza-harremanak izango dituela udalekin.

Gaixotasun kronikoen epidemiari aurre egiteko, OMEk «Elikadura-erregimenari, jarduera fisikoari eta osasunari buruzko munduko estrategian» bizi-estiloa hobetzea gomendatzen du, elikadura erregimen osasungarri bat sustatuz, jarduera fisiko gehiago eginez eta tabakoari uzteko programak inplementatuz maila sozioekonomiko guztietan.

Alde horretatik, 2002-2010 Osasun Planaren ebaluazioak ondorioztatu du, osasun-aurrerapenak gorabehera, prebentzio eta sustapen jarduera ugariek, gehiago eta kalitate hobearekin bizi izateak, Euskadiko Osasun Plan berriak erronka berriei egin behar diela aurre: zahartzeari, patologia kronikoen gehitzeari eta osasunaren arloko gizarte-desberdintasunei. Bizi-ohitura osasungarriak bultzatzea, osasuna politika guztietan sartzea eta kronikotasuna kudeatzea izango dira hamarkada honetako erronkak.

Horrenbestez, Euskadiko Osasun Plan berriak gehiegizko alkohol kontsumoa, tabako-kontsumoa eta obesitatea gutxitzeko, eta aisialdian eta eguneroko bizimoduan jarduera fisikoa egitea sustatzeko neurriak hartu beharko ditu, eta eginahal berezia egin beharko du gizarte-maila okerrenetan eta genero-desberdintasunetan, kontuan harturik gizonak eta emakumeak ez dutela berdin jarduten ohitura osasungarriei dagokienez.

Eusko Legebiltzarrak 2012ko apirilaren 4an onetsi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko 2011-2015eko Adikzioen VI. Planak misio hau du: «Adikzioen fenomenoari ekiteko ikuspegia zabaltzea, bizi-estilo eta balio osasungarriak eta gizartearen aldekoak sustatuz». Gainera, prebentzio unibertsalaren estrategiaren ildoan, eremu komunitarioari dagokionez, ekintza gisa jaso da bizi-estilo eta balio positiboak eta gizartearen aldekoak sustatzea, hala nola erabateko osasuna zaintzea (fisikoa, mentala eta harremanetakoa), arrisku eta balio negatiboko bizi-estiloei aurre egiteko, eta talde eta gizarte baliabideen gutxiespenari aurre egiteko.

Osasun Sailak, herritarren osasunaren eta bizi-kalitatearen aldeko apustuan, maila guztietako (tokiko, lurraldeko eta autonomia-erkidegoko) eta sektore guztietako politika publikoak antolatzean, osasuna eta ongizatea funtsezkotzat hartzea du helburu, besteak beste. Horregatik, aktiboki parte hartzen du EkoEuskadi 2020 estrategian, bai eta Udalsarea 21 sarean ere, 2011ko martxoan kide egin zenetik.

Agindu honen bidez, beraz, osasuna sustatu nahi da hainbat eremutan egiten diren jardueren bidez, bereziki toki-eremuko eta osasun-arlokoak ez diren sektoreetako jardueren bidez. Toki-erakundeek osasuna sustatzera bultzatzeko, bizi-estilo osasungarriak sustatuko dituzten programak egiteko diru-laguntzak arautu dira deialdi honetan, zehazki, jarduera fisikoa sustatzera bideratutakoak, Euskadin jarduera fisikoa bultzatzeko estrategiaren barruan ezarritako ildoari helduta.

Ekimena zeharo atxikita dago Europako Batasunak gomendaturiko «Sustatu osasuna, ekimen politiko guztietan» estrategiari, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen osasunaren gizarte baldintzatzaileei buruz Europako Batzordeak egindako txostenari ere.

Osasuna politika guztietan estrategiaren oinarrian dagoen egiaztapena da osasun-sektorearen eraginpeko eremutik kanpoko faktoreek eragiten dutela, batez ere, osasunean. Estrategia horren elementu dinamizatzailea da jakinaraztea biztanleen osasuna eta ongizatea gizarte-sektore orok zaindu eta sustatu beharreko balioak direla. Horrenbestez, osasuna ere jo behar dugu sektore-politiketan zaintzeko helburutzat.

Jarduera Fisikoaren Sustapenerako Torontoko Gutunak dio, argi eta garbi, ohiko jarduera fisikoak osasuna sustatu, gaixotasunei aurrea hartu, gizarte-harremanak eta bizi-kalitatea hobetu, etekin ekonomikoak eman eta, halaber, ingurumenaren jasangarritasunari laguntzen diola.

Jarduera fisikoari ematen diogun denbora gehituz, eta egoneko jarduerei ematen diegun denbora gutxituz, populazio aktiboagoa lortuko dugu; horrenbestez, zenbait erronkari aurre egiteko aukera izango dugu, esate baterako: biztanleen etengabeko zahartzaroa, osasun-sistemari eta gizarte-prestazioei eustea, hezkuntza, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta jasangarritasuna.

Aurreko urteetan lortutako esperientzia oinarri hartuta, aurten, jarduera fisikoa sustatzeko programak egiteko diru-laguntzak jarduera fisikoa egunero egitera bultzatzeko jardueretan zentratuko dira, bai aisialdian bai ohiko joan-etorrietan.

EAEn, diru-laguntzak emateko oinarrizko arautegia azaroaren 11ko 1/1997 Dekretuaren VI. tituluan jasotzen da. Dekretu horren bidez onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeari buruzko Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak Osasun Sailaren esku uzten du drogamendekotasunen eta osasun publikoaren arloko eskumena.

Era berean, laguntza-programa honek eskatzen duen izapidetze oro erakunde interesdunek modu telematikoz egiteko aukerari eutsi eta horretan aurrera egin nahi da; horretarako, izapideak modu horretan egin ahal izateko prozedura bat jarriko da, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN ARRUNTAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da osasun publikoaren eta adikzioen eremuan 2013. urtean emango diren diru-laguntzen deialdia egitea. Laguntza horiek, hain zuzen ere, adikzioen prebentziorako udal-taldeak mantentzeko, adikzioen prebentzio komunitariorako udal programa espezifikoak garatzeko, jarduera fisikoa sustatzeko programak egiteko eta arrisku eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko proiektuak egiteko emango dira.

Agindu honen bidez lortu nahi diren helburu orokorrak hauek dira:

– Toki-erakundeak bizi-estilo osasungarriak susta ditzaten bultzatzea, honako esku-hartze hauen bidez: gehiegizko alkohol-kontsumoa eta tabako-kontsumoa gutxitzera bideratutakoak, obesitatea gutxitzera eta egunerako zereginetan eta aisialdian jarduera fisikoa bultzatzera bideratutakoak.

– Adikzioen Euskal Autonomia Erkidegoko VI. Planaren jarduera-ildoetan hobekien sustraitutako programei eta proiektuei eustea. Plan hori 2012ko apirilaren 4an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak.

– Behar berriak azaltzea, eta, behar horiek kontuan hartuta, horiei erantzungo dieten proiektu berriak bultzatzea.

– Proiektuak eta programak hobetzen laguntzea eta, horretarako, esku hartzeko protokoloen diseinu eta sistematizazio prozedurei jarraitzea.

2. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzak eskuratzea bateragarria da jarduera bera finantzatzeko Administrazio berak edo beste batzuek edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek ematen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzearekin. Diru-laguntzen zenbatekoak ezin du gainditu erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako diru-laguntzekin edo laguntzekin batera bada ere.

2.– Aurrekoaren ondorioetarako, eskabidearekin batera, helburu bera lortzeko bestelako finantzaketa-iturrien (edo halakorik ez izatearen), eta iturri horien eta, hala badagokio, oraindik ebatzi gabe dauden laguntza-eskaeren zenbatekoaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da.

3.– Jasotako laguntzaren eta diru-laguntzen zenbatekoa, guztira, onartutako jardueraren aurrekontua baino gehiago bada, gehiegi emandako kopuru hori kendu egingo zaio eman beharreko diru-laguntzari.

3. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.

1.– Diru-laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzea araututa dago hauen bidez: ekainaren 22ko 11/2007 Legea, herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzkoa; otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa, eta apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroak sortzeari, antolatzeari eta funtzionatzeari buruzkoa.

2.– Bitarteko elektronikoak erabiltzeko jarraibideak osasun publiko eta adikzio-gaietan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, euskadi.net-en:

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ckdrog06/es/contenidos/ayuda_subvencion/cap2_manten_eq_tec_2013/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ckdrog06/es/contenidos/ayuda_subvencion/cap3_des_pr_prevencion_2013/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ckdrog06/es/contenidos/ayuda_subvencion/cap4_pro_actividad_fisica_2013/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ckdrog06/es/contenidos/ayuda_subvencion/cap5_des_pr_riesgos_danos_2013/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

3.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

4. artikulua.– Eskaerak aurkeztea: modua eta epea.

1.– Eskabideak aurkezteko hilabete izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik.

2.– Eskaerak Eusko Jaurlaritzaren Herritarren Arretarako Bulegoetan (Zuzenean) eta lurralde ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkez daitezke, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez. Eskabide-eredua osasun publiko eta adikzio-gaietan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan, euskadi.net-en, argitaratuko da.

Era berean, bide elektronikoak ere erabil daitezke laguntza-eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa eta prozedura eskura izango dira osasun publikoaren eta adikzioen arloan eskumena duen erakundeak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du esan nahi aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabili behar denik, eta nahi den bidea erabil daiteke batzuetan zein besteetan.

Eskabidearen osteko izapideak, modu elektronikoan, www.euskadi.net egoitza elektronikoan egingo dira Nire kudeaketak atalean.

4.– Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara zuzendu behar dira eskabideak –osasun publiko eta adikzioen alorrean eskumena duen organoaren euskadi.net-eko egoitza elektronikoan argitaratuko den ereduaren araberakoak izan behar dute–, eta han bertan adierazitako agiri osagarriak.

5.– Erakunde eskatzaileek laguntza jasotzeko eskabidea aurkeztu ahal izango dute horrekin batera aurkezten den dokumentazioarekin, haiek aukeratu duten hizkuntza ofizialean. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak ezartzen duenari jarraituz.

6.– Diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko ditu erakunde kudeatzaileak, behar beste aldiz, eskatzaileen baimenik eskatu beharrik gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Dekretu horren bidez onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina.

7.– Eskabideetan adierazi behar da laguntza eskatu duen pertsonak/erakundeak baimena ematen diola espresuki Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dokumentazioaren parte bat eskuratzeko edo egiaztatzeko, horregatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak duen egiaztatzeko, kontrolerako eta ikuskatzeko ahalmena.

● Pertsona fisikoen nortasun-datuak:

Kanal elektronikoan, interesduna aitortutako ziurtagiri elektroniko batekin identifikatu bada, ez du agiririk aurkeztu beharko.

Aurrez aurre edo bertaratuta: pertsonak bere nortasun-datuak eskumena duen administrazioak egiaztatzeko baimena ematen badio Administrazioari, ez du beste agiririk aurkeztu beharko, eta eskabidean zera markatu beharko du:

○ Baimena ematen diot deialdiaren erakunde kudeatzaileari eskumena duen administrazioan egiaztatzeko edo ziurtatzeko, bide telematikoen bidez, edo, hala badagokio, eskura daudenen bidez.

Pertsonak baimenik ematen ez badio Administrazioari datuak egiaztatzeko, paperean (fotokopia) edo elektronikoki (eskanerretik pasatako kopia pdf formatuan, eta elektronikoki sinatua) aurkeztuko dira datuak. Hauen bidez egiaztatuko dira: Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo pertsona fisikoaren nortasuna egiaztatzeko balio duen antzeko dokumenturen baten bidez.

8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuz, eskaeraren instantzia normalizatuan, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Helburu bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabideren bat eskatu dela, eta, jaso bada, administrazio edo erakunde publikoek nahiz pribatuek eman, horren berri ematea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzaren edo diru-laguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduretan sartuta ez dagoela edo horrelakoren bat bukatuta ez duela egiaztatzea.

Halaber, Agindu honetan aurreikusitako laguntzak ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulera- edo zigor-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean geratuko da.

c) Erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez duela zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoa barne.

9.– Horretaz gain, erantzukizunpeko adierazpen bat eska daiteke, honako hau egiaztatzeko:

– Erakundea legeak agindu bezala dagoela eratua eta erregistratua, Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan.

Kasu horretan, erantzukizunpeko adierazpenean jasotako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko, agiriak aurkeztu beharko dira edo erakunde kudeatzaileari adierazitakoak egiazkoak direla ziurtatzeko baimena eman beharko zaio, laguntza edo diru-laguntza emateko prozeduran onuradun izateko pertsonak proposatzeko ebazpena eman aurretik.

5. artikulua.– Instituzio eta erakunde onuradunen betebeharrak.

Aplika daitezkeen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan adierazitako betebeharrak alde batera utzi gabe, instituzio eta erakunde onuradunak honetara behartuta egongo dira (Aginduko beste artikuluetan ezarritako beste betebeharrez gain):

– Dirulaguntza onartzera. Diru-laguntza onartu dela ulertuko da, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epean diru-laguntza horri berariaz uko egiten ez badiote erakunde onuradunek.

– Diru-laguntza jasoko duten jardueren xede edo izaeraren aldaketa ekar dezakeen edozein gertakizunen berri ematera, eta Osasun Sailari jarduera horien egiaztapen, ikuskapen, jarraipen eta kontrolerako prozeduretan laguntzera.

– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak babesa adieraztera, diru-laguntza jasotzen duten jarduera guztietan, baldin eta zabaltzeko eta argitaratzeko badira.

– Jardueren destinoa eta aplikazioa harreman-bermeen edo berme errealen bidez bermatzera, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzuleren erregimen orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren Lehen Tituluan aurreikusitakoari jarraikiz.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Planean adierazitako konpromisoei jarraikiz, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 18.4 artikuluan adierazitakoa betez, laguntzak emateko agindu honetako jardueren ondorioz sortutako memoria, proiektu eta bestelako testu idatzietan hizkera sexistarik ez erabiltzera.

– Agindu honen bidez diruz lagundu diren proiektuen eta programen justifikazioarekin batera Adikzioen Planak izan duen irismena ebaluatzeko fitxak bidaltzera.

6. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzak jasotzeko eskabideak osorik betetzen ez badira edo laguntza-kapitulu bakoitzean zerrendatutako dokumentazioa falta bada, interesdunari errekerimendua egingo zaio, hamar eguneko epean, akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Halaber, hala egin ezean bere eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta Administrazioa behartuta geratuko da eskaera horri buruzko berariazko ebazpena ematera eta ebazpen hori jakinaraztera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen –urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua– 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

7. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok (betiere helburua betetzat hartuta) edo Administrazio Publiko honek edo beste batzuek edota erakunde publiko edo pribatuek emandako beste diru-laguntza batzuk lortzeak, diru-laguntzaren emakidari buruzko ebazpena aldatzea ekar dezake. Ondorio horietarako, Osasuneko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, diru-laguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuz, eta diru-laguntza jaso duten instituzioek eta erakundeek itzuli egin beharko dute jaso duten gehiegiko kopurua.

8. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Drogamendekotasunen alorreko laguntzak eta diru-laguntzak» eta «Laguntzak jasotzea dagokien entitateak» fitxategian sartuko dira, Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 2011ko abenduaren 22ko Aginduan ezartzen den moduan; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun eta Kontsumo Sailaren eta Kontsumobideren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen espedienteak kudeatzea; datuen segurtasuna bermatzeko segurtasun-neurri guztiak ditu, eta horien berri ez zaio legeak ezarritako hipotesietatik kanpoko beste inori emango. Nahi dutenek aukera dute espresuki DBLOk aitortutako datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabiltzeko; horretarako, idazki bat igorri beharko diote Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.

Administrazio Publikoak erkatu egin ahal izango ditu aurkeztutako datuak, bai eta egoki iritzitako egiaztapenak egin ere, laguntza behar bezala esleitzeko.

9. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, baliabideak eta publizitate-prozedura.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen kudeaketarako organo eskuduna Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza izango da.

2.– III., IV. eta V. kapituluetan aurreikusitako laguntzak lehiaketaren prozeduraren bidez ebatziko dira. Aurkeztutako eskabideak balioesteko, dagokion balioespen-batzordea eratuko da, eta honako hauek osatuko dute: Osasuneko sailburuordeak –batzordeko presidente izango da–, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, Hiesaren prebentzioko planaren arduradunak, eta Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan Osasun Publikoko eta Adikzioen zuzendariorde diren pertsonek. Presidenteak izendatuko du kide anitzeko organoko idazkaria batzordea osatzen duten kideen artean. Balioespen-batzordeko osaera parekidea izan dadin saiatuko dira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 3.7 artikuluan xedatutakoa bete dadin.

3.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzak jasotzeko, erakundeek egiaztatu beharko dute eskaerek, behar den epean eta moduan aurkezturik, Agindu honen 14. eta 15. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela.

4.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzetarako aurkeztutako proiektuak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aztertu eta balioetsiko ditu, eta, gainera, irizpen espezializatuetara jotzeko aukera ere izango du.

5.– Diru-laguntzak Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez emango dira.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak eta Balioespen-batzordeak egoki iritzitako informazio eta dokumentazio osagarri guztia eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko behar badute.

2013ko azaroaren 30a baino lehen ebatzi behar dira Agindu honen bidez emango diren diru-laguntza eskabideak.

6.– Laguntzen emakidari buruzko ebazpenek, Agindu honen 5. artikuluan aurreikusitako erakunde onuradunaren betebeharrak adieraziko dituzte eta laguntzen destinoa fiskalizatzeko funtzioak betetzean Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duen informazio guztia emateko betebeharra bereziki aipatuko dute.

7.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta ebazpenak berariaz eta banan-banan jakinarazi behar direla ahaztu gabe, xedapen honen babesean emandako diru-laguntzen onuradunak diren erakundeen zerrenda (esleitutako kopuruak adierazita) eta hasiera batean emandako diru-laguntza aldatu zaienena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.

8.– Osasuneko sailburuordeak Agindu honi jarraituz ematen dituen laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta ebazpen horien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Osasuneko sailburuaren aurrean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.– Isiltasunez ukatzea.

Agindu honen babesean egindako laguntza-eskaerak ebatzi eta jakinarazteko aurreko artikuluan ezarritako epea igaro ondoren, berariazko ebazpenik eman ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; edonola ere, Administrazioak badu berariaz ebazteko betebeharra.

11. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.

1.– Agindu hau betetzeko, gehienez ere, 2.369.858 euro erabiliko dira. Adierazitako zenbatekoa honela zatikatuko da II. kapitulutik V. era bitarteko lerroen artean:

– Adikzioen prebentzio komunitariorako talde teknikoak mantentzeko: 951.130 euro.

– Tokiko planetara atxikitako adikzioen prebentzio komunitariorako proiektuak garatzeko: 455.070 euro.

– Jarduera fisikoa egitea sustatzeko programetarako: 225.000 euro.

– Arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko proiektuak egiteko: 738.658 euro.

2.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzei esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura aurkeztutako eskaerei erantzuteko behar bestekoa ez bada, hau da, 17. artikuluan baimentzen den gehienezko kopurua nahikoa ez bada edo eskatutako kopurua baino txikiagoa bada, dagoen kopurua banatu egingo da eskaeren artean, behar besteko funtsa balego jaso beharko luketen hainbatekoan.

12. artikulua.– Ez-betetzeak.

Diru-laguntzaren onuraduna den erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluak adierazitako kasuren baten pean erortzen bada, edo Agindu honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta emakidari buruzko ebazpenean ezarritako edozein baldintza betetzen ez badu, Osasuneko sailburuordeak, ebazpen baten bidez, adieraziko du jasotzeko geratzen diren kopuruak hartzeko eskubidea galdu egin dela eta, hala badagokio, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak gehi diru-laguntza ordaintzen denetik sortu diren legezko interesak itzuli behar zaizkiola, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, egoki diren gainerako ekintzak alde batera utzi gabe. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena hauxe izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa.

13. artikulua.– Itzultzeko prozedurak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

Prozedura hasteak, edonola ere, eten egingo ditu oraindik egin ez diren ordainketak.

Osasuneko sailburuordeak itzultzeko prozeduraren hasiera eta horren funtsezko arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari. Halaber, 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

Alegazioak jaso ondoren edo aurkezteko epea alegaziorik egin gabe amaitzen bada, prozedurari amaiera emango zaio Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabetean ebatzi behar da.

Ebazpenak ez-betetzea izan dela adierazten badu, diru-laguntza jasotzeko eskubidearen galera eta, hala badagokio, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko gehieneko epean (ebazpenaren jakinarazpenetik aurrera kontatzen hasita) dagozkion kopuruak itzultzeko betebeharra deklaratuko du. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

Borondatezko epean dagozkion kopuruak itzuli ez badira, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, aplikagarri den legezko araudian xedatutakoa betez joka dezan.

II. KAPITULUA
TALDE TEKNIKOAK MANTENTZEKO LAGUNTZAK

14. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Adikzioen prebentzio komunitariorako talde teknikoak mantentzeko laguntzak, 8.000 biztanletik gorako herrietako toki-erakundeek (udalak, mankomunitateak edo partzuergoak) eskuratu ahal izango dituzte, betiere, drogamendekotasunei edo adikzioei buruzko toki-plana onetsita badute edo egiten ari badira.

Halaber, adikzio-gaien arloko talde teknikorik eratzeko behar besteko ahalmenik ez duten 8.000 biztanletik beherako udalerriei begira, honako erakunde hauek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek:

a) EAEko foru-aldundiek, baldin eta udalerri-multzo bateko biztanleen beharrei erantzuteko teknikariak badituzte eta baldintza hauek betetzen badituzte:

● Udalerri-multzo horrek mankomunitaterik ez osatzea (kasu horretan mankomunitatea bera izango litzateke hartzailea).

● Artatutako populazio guztia 8.000 biztanle baino gehiago izatea.

b) Hurbileko beste herri batzuen beharrei erantzuten dieten teknikariak dituzten Udalak, baldin eta herri horien populazioa, guztira, zuzenbideko 8.000 biztanletik gorakoa bada.

2.– Adikzioen prebentzio komunitariorako talde teknikoen funtzio nagusia da, Agindu honen 15.2 artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe, drogamendekotasunen arloko prebentzio, asistentzia eta gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legearen 4., 36.4, eta 37.2 artikuluek aipatzen duten Adikzioen Tokiko Planean finkatutako helburuak betetzea da.

15. artikulua.– Talde teknikoen baldintzak, funtzioak eta osaera.

Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak emateko, ezinbesteko baldintza izango da talde teknikoak, baldintzei, funtzioei eta osaerari dagokienez, ondoko paragrafoetan xedatutakoari egokitzea:

1.– Talde teknikoek baldintza hauek bete behar dituzte:

Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan adikzioen prebentzio komunitarioari lotutako politika eraginkortasunez gauzatzeko lanbide-trebakuntza egokia izatea.

Talde teknikoak erakunde eskatzailearen gizarte-zerbitzuen jarraibideak kontuan izanda jardungo du. Talde teknikoak kontratatzearen ondoriozko kostu ekonomikoa erakunde eskatzaileak hartuko du bere gain.

2.– Talde teknikoek, Agindu honen 14.2 artikuluan xedatutakoaz gain, funtzio hauek izango dituzte:

a) Komunitatean dagoen adikzioen fenomenoa ondo ezagutzeko beharrezkoak diren ekintzak garatzea, osasunerako hezkuntza sustatuz.

b) Jarduera fisikoa sustatzeko programak egitea.

c) Udal-arloak eta erakunde laguntzaileak adikzioen esparruko jardueren plangintzan eta Adikzioen Tokiko Plana gara dadin aholkatzea, esku-hartze integrala eta koordinatua lortzeko.

d) Pertsonei, familiei eta taldeei komunitatean eskuragarri dauden gizarte-baliabideei buruzko informazioa ematea eta gai horretan aholkatzea, eta, hala badagokio, ohiko gizarte-laguntzara edo zerbitzu espezializatuetara bideratzea (hala eskatzen duten kasuetan).

e) Beren funtzioak garatzean, osasun eta hezkuntza zerbitzuekin eta arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko zerbitzuekin lankidetzan aritzea.

f) Administrazio Publikoei laguntzea eta irabazi asmorik gabeko ekimen pribatuak sustatzea. Eusko Jaurlaritzak sustatutako udalaz gaindiko esparruko proiektuak gauzatzen lagunduko dute bereziki.

g) Adikzioen arrisku eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko berariazko jardun-programen garapenean kontuan hartzen diren guztiak.

3.– Adikzioen prebentzio komunitarioko talde teknikoak langile hauek osatu behar dituzte:

– 8.001-20.000 biztanle dituzten herrietako tokiko erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulua duen pertsona bat lanaldi osoan.

– 20.001-45.000 biztanle dituzten herrietako tokiko erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa izango duen pertsona bat lanaldi osoan, eta administrari-laguntzaile bat, lanaldi erdian.

– 45.000 biztanletik gorako herrietako tokiko erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa izango duten bi pertsona, eta administrari-laguntzaile bat, guztiak lanaldi osoan.

– Hurbileko beste herri batzuen beharrei erantzuten dietelako diru-laguntza foru aldundiei edo udalei ematen bazaie, ekipoak gainerako toki-erakundeen baldintza berberetan finantzatuko dira, alegia, kontuan harturik zenbat biztanle dituen toki-erakundeen multzo bakoitzak.

16. artikulua.– Eskabideen memorietan jaso beharreko datuak.

1.– Eskabideen memoriek Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan argitaratutako ereduaren araberakoak izan behar dute.

2.– Talde teknikoak mantentzeko laguntzetarako eskabideen memoriek, gutxienez, datu hauek eduki behar dituzte:

– Talde teknikoen deskribapena; helburuak, aurreikusitako proiektuak, eta zerbitzua emateko modua jasoko dira bertan.

– Talde teknikoak osatuko dituzten pertsonen kopurua: izen-abizenak, lanbide-maila eta titulazioa, lanaldi mota (osoa edo erdia), adikzioen prebentzio komunitarioari eskainitako denbora (orduak, lanpostuari dagozkion funtzioak eta garatutako egiteko zehatzak), lan-kontratuaren hasiera eta amaiera eguna eta taldekide bakoitzaren lan kostua (Gizarte Segurantza barne).

– Zerbitzuak erabil ditzakeen baliabide materialak.

3.– Laguntzak jasoko dituzten erakundeek «ERANZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAK» ereduan Adikzioen Tokiko Planaren atala bete behar dute, eta jaso, plana indarrean dagoela. Adikzioei buruzko plana egiten ari diren erakundeen kasuan, erakunde horretan fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria aurkeztuko da, Tokiko Plana lantzen ari direla egiaztatzeko.

4.– Zerbitzua azpikontratatuta duten herriek, azpikontratatutako erakundearekin duten kontratuaren kopia bat aurkeztu behar dute. Kontratuan agertzen ez bada, informazio hau eman behar da:

– Kontratatutako langileen prestakuntzari buruzko jatorrizko titulua edo fotokopia.

– Azpikontratatutako pertsonek prebentzio komunitarioari eskainitako denbora (orduak, lanpostuari dagozkion funtzioak eta garatutako egiteko zehatzak).

– Kontratatutako langile horien lan-kostua (Gizarte Segurantza barne).

17. artikulua.– Zenbatekoa eta ordaintzeko era.

1.– Osasun Sailak, 2013. urteari dagokion aipatutako talde teknikoetako langileen kostuaren % 75 finantzatu ahal izango du. Portzentaje hori aplikatzeko oinarria ez da ezein kasutan ondokoak baino handiagoa izango:

– Lanaldi osoko goi-mailako teknikaria: 45.470 euro (Gizarte Segurantzaren gastuak barne).

– Lanaldi osoko erdi-mailako teknikaria: 37.245 euro (Gizarte Segurantzaren gastuak barne).

– Lanaldi osoko administrariak: 30.024 euro (Gizarte Segurantzaren gastuak barne).

2.– Ordainketa zatika egingo da. Lehen % 80 diru-laguntza onartzen denean ordainduko da, eta gainerako % 20a, berriz, ekitaldia amaitu ondoren eta dagokion toki-erakundean fede publikoa duen pertsonak egiaztagiria eman ondoren. Egiaztagiri horretan, eskabidean exijitutako talde teknikoak osatu dituztenen datuak eta talde tekniko horien kontratazioaren ondoriozko guztizko kostu ekonomikoa jaso behar dira. Ziurtagiri horrek ezarritako ereduaren araberakoa izan behar du, eta 2014ko martxoaren 1a baino lehen aurkeztu behar da.

Era berean, Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara justifikazio-memoria bat bidali beharko da, diruz lagundutako jarduera edo proiektua balioetsiz eta zenbateraino bete den adieraziz. Ez du horrelakorik aurkeztu beharko Agindu honen III. kapituluko laguntzak eskatu baditu erakundeak; azken kasu horretan, 21. artikuluan adierazitako justifikazio-memoria besterik ez du aurkeztu beharko.

Memoria hori Eusko Jaurlaritzaren Herritarrei Laguntzeko bulegoetan eta lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu daitezke, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako erakundeetan, bestela, atal guztiak behar bezala beteta. Eredua euskadi.net-en egoitza elektronikoan jarri da eskura.

Era berean, bide elektronikoak ere erabili ahal izango dira justifikazioak aurkezteko, euskadi.net/Nire kudeaketak atalaren bidez. Informazioa eta prozedura eskura izango dira osasun publikoaren eta adikzioen arloan eskumena duen erakundeak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.

III. KAPITULUA
ADIKZIOEN PREBENTZIO KOMUNITARIOKO PROGRAMAK EGITEKO LAGUNTZAK

18. artikulua.– Xedea eta erakunde onuradunak.

1.– Kapitulu honen xedea hauxe da: 2013an, arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko programak eta esku-hartzeak garatzeko EAEko toki erakundeei emango zaizkien diru-laguntzak arautzea. Programa eta esku-hartze horiek adikzioen edo drogamendekotasunen tokiko planetan egon behar dute onartuta edo lantzeko prozesuan; Udalek banaka edo mankomunatuta garatu behar dituzte, eta ekintza egituratu eta koordinatuen multzo ordenatu bat osatu behar dute.

Programa horiek garatzeko berezko ekintzez gain, programa horiek laguntzeko jarduerak ere hartzen dira kontuan, Adikzioen VI. Planak emandako definizioari jarraiki, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude.

2.– Adikzioen prebentzio komunitariorako proiektuak garatzeko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte zuzenean edo erakunde espezializatuekin lankidetzan beren lurralde-esparruan adikzioen prebentzio komunitariorako programak kudeatzen dituzten toki-erakundeek. Halako programatzat hartuko dira gizarte-komunitatearen gaitasuna sustatzeko helburua dutenak eta adikzioen fenomenoan eta osasunerako hezkuntzan lan egiteko jarduerak garatzen dituztenak.

19. artikulua.– Eskabideen memoriek eta dokumentazio osagarriak eduki behar dituzten datuak.

1.– Eskaera egin duen erakunde bakoitzak diru-laguntzarako eskabide bakarra aurkeztu behar du, garatu beharreko jarduerak finantzatzen laguntzeko; horrenbestez, egin nahi dituzten proiektuak programa bakar batean bildu behar dituzte. Eskabide horrek Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan argitaratuko duen ereduaren araberakoa izan behar du, eta gutxienez datu hauek eduki behar ditu:

– Erakundearen eta programa aurkeztu duen pertsonaren identifikazio-datuak: nor edo zein den, zein erakunde eta zeren gisa ordezkatzen duen eta kokapen-datuak: posta-helbidea, teléfonoa...

– Programaren izena.

– Erakunde sustatzailea.

– Programarako harremanaz arduratzen den teknikariaren datuak.

– Proiektua nola txertatzen den Euskal Autonomia Erkidegoko 2011-2015eko Adikzioen VI. Planean. Zehaztu behar dira programa osatzen duten proiektu bakoitzaren ildoa eta programa.

– Programa nola txertatzen den Adikzioen edo Drogamendekotasunen Tokiko Planean edo Tokiko Planaren ildo estrategikoetan, lantzeko fasean baldin badago.

– Programa nola garatuko den (deskribapena).

– Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.

– Programaren eta programa sustatzen duen erakundearen berri ematea, labur-labur.

– Oinarri teorikoak: zein arlotan eragin nahi den.

– Programaren xedeak: helburu orokorra, helburu bereziak eta helburu operatiboak.

– Proiektuaren jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, ezarpen eta betearaztea, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.

– Programaren baliabideak, koordinazioa eta sareko lana barne.

– Programaren aurrekontua bi puntu hauek ere adierazita: kostu osoa, kontzeptuen arabera banaturik, eta diru-sarrerak.

2.– Laguntzak jasoko dituzten erakundeek «ERANZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAK» ereduan Adikzioen edo Drogamendekotasunen Tokiko Planaren atala bete behar dute, eta jaso, plana indarrean dagoela. Plana egiten ari diren erakundeen kasuan, erakunde horretan fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria aurkeztuko da, Tokiko Plana lantzen ari direla egiaztatzeko.

20. artikulua.– Esleipen- eta ponderazio-irizpideak.

1.– Ikusirik lehiaketa bidez emango direla laguntzak, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak. Horrenbestez, artikulu honetan agertzen diren balioespen-irizpideak erabiliko dira, laguntzak ematerakoan lehentasunak ezartzeko. Honako hauek dira balioespen-irizpideak, horien ponderazioa adierazita:

a) Diseinuaren kalitate teknikoa; erlazio koherentea eduki behar dute kontuan hartuko diren faktoreek, lortu nahi diren helburu espezifikoek, helburuak erdiesteko aurreikusitako jarduerek eta helburu horien lorpen-maila ebaluatzeko adierazleek: 20 puntu, gehienez.

b) Zuzenean edo zeharka onuradun izango diren pertsona hartzaileen edo onuradunen kopurua. Jarduerak populazioaren zer zati estaltzen duen: 15 puntu, gehienez.

c) Jarduera gizarte-ekimeneko beste erakunde batzuekin, gizarte- eta osasun-eremuetako edo eremu soziosanitarioko beste federazio edo erakunde batzuekin koordinatuta eta lankidetzan gauzatzea, eta sare-lana sustatzea: 10 puntu, gehienez.

d) Proposatutako jarduerak izaera berritzailea izatea, edo aurreko urtearekin alderatuta, hobekuntza berritzaileak sartzea proiektuan: 5 puntu, gehienez.

e) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, eta proposatutako jarduerak edo proiektuak jarraipenik baduen: 10 puntu, gehienez.

f) Erakunde horiei lehenago diruz lagundutako programak/proiektuak zehatz betetzea eta justifikatzea: 5 puntu, gehienez.

g) Erakunde eskatzailearen parte-hartze ekonomikoa: 5 puntu, gehienez.

h) Ebaluazioaren kalitatea: helburu operatiboen eta datuak eskuratzeko metodoaren artean koherentzia egotea: 25 puntu, gehienez.

i) Arrisku-maila (VI. Planean ezarrita dagoen bezala ulerturik, alegia, babesgabetasuna edo/eta bazterkeria bezala ulertuta), arrisku eta kalteen prebentzio-programaren hartzaile diren kolektibo edo pertsonena: 25 puntu, gehienez.

j) Programaren eraginkortasuna: programaren kostuaren, onuradun kopuruaren eta programa aplikatzeak eragingo dituen onuren artean harremana egotea: 20 puntu, gehienez.

k) Genero-ikuspegia kontuan hartzea; adikzioen arloko prebentzio komunitarioko programa batek kontuan hartzen du genero-ikuspegia, diseinatu, gauzatu eta ebaluatzean gizon eta emakumeen egoera, baldintza eta behar desberdinak aintzat hartzen baditu: 10 puntu, gehienez.

l) Diagnostikoaren kalitatea: beharrak eta hutsuneak antzemateko azterketa gisa planteatutakoa bat etortzea eragin nahi diren faktoreekin eta eskuratu nahi diren helburuekin: 20 puntu, gehienez.

2.– Aurreko atalean jasotako irizpideak erabiliz eskabideen artean lehenespena ezarrita, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei esleituko zaizkie laguntzak, harik eta laguntza-lerro horretarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

3.– Eman beharreko laguntzak zehaztu eta horien zenbatekoa kalkulatzeko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, onartutako aurrekontuaren % 75 eta, bestetik, programa baloratzean lortutako puntuak kalkulatuta sortzen den ehunekoa, programa batek artikulu honen arabera lor ditzakeen puntuekiko. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ezin da izan eskatutako kopurua baino handiagoa.

21. artikulua.– Zenbatekoa eta ordaintzeko era.

1.– Osasun Sailak aurreko artikuluan ezarritako moduan onartutako aurrekontuaren % 75 finantzatu ahal izango du gehienez ere. Onartutako aurrekontutzat hartuko da aurkeztutako programaren aurrekontu osoa. Eskabidean deskribatutako programa osatzen duten proiektu guztietarako egokia eta doitua izan behar du aurrekontuak. Programaren zuzeneko kostuak bakarrik onartuko dira.

Programa bakoitzak ez du jasoko kapitulu honi dagokion diruaren % 10a baino gehiago.

2.– Ordainketa zatika egingo da: % 80 diru-laguntza onartzen denean ordainduko da, eta gainerako % 20a, Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari diru-laguntza justifikatzeko memoria bidali ondoren. Memoria, jarduera bukatu eta bi hilabete igaro aurretik bidali behar zaio. Memorian, diruz lagundutako programa balioetsi behar da, zenbateraino bete den adierazi, eta garapenaren balorazio kualitatiboa egin.

3.– Justifikazioak Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara zuzendu behar dira, eta osasun publiko eta adikzioen alorrean eskumena duen organoaren euskadi.net-eko egoitza elektronikoan argitaratu den eranskinean jaso den ereduaren araberakoak izan behar dute.

Justifikazio-memoria horretan «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar da; hor egingo da gauzatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontua. Justifikazio-kontua erantzukizunpeko adierazpen bat da; hor agertu behar dira: onartutako aurrekontu guztia, bai eta gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda ere, adieraziz zer dokumentu mota den, norena, nork edo zer erakundek eman duen, azalpena, data, zenbatekoa eta programari egozteko ehunekoa.

Aurretik aipatutako justifikazio-kontuaz gain, dagokion toki-erakundean fede publikoa duen pertsonak egindako ziurtagiria ere eskatuko da, gauzatutako aurrekontua egiaztatzeko.

4.– Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Bulegoetan, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkeztuko dira, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez.

Era berean, bide elektronikoak ere erabili ahal izango dira justifikazioak aurkezteko. Informazioa eta prozedura eskura izango dira osasun publikoaren eta adikzioen arloan eskumena duen erakundeak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.

IV. KAPITULUA
JARDUERA FISIKOA SUSTATZEKO PORGRAMAK GARATZEKO LAGUNTZAK

22. artikulua.– Xedea eta erakunde onuradunak.

1.– Kapitulu honen xedea da: herritarren osasuna eta ongizatea hobetzeko, 2013an jarduera fisikoa sustatzeko esku-hartzeak eta programak garatzeko EAEko toki erakundeei emango zaizkien diru-laguntzak arautzea.

Jarduera hauek jasoko dute diru-laguntza:

a) Hiriguneetan eta hiri-inguruetako eremuetan oinezkoentzako ibilbideak egokitzea eta dinamizatzea jasotzen duten programa eta esku-hartzeak; seguruak eta behar bezala seinaleztatuak, biztanle guztiek oinez egiteko modukoak, aisia aktiboa sustatzeko.

b) Ikastetxeetara edo industrialdeetara doazen oinezkoentzako ibilbide-sareak egokitzea eta dinamizatzea jasotzen duten programa eta esku-hartzeak; seguruak eta behar bezala seinaleztatuak, ohiko joan-etorrietarako mugikortasun aktiboa erraz dezaten.

Balioetsiko dira: ibilbideetan jarritako seinaleak, ibilbideak erabiltzerakoan bertakoen segurtasuna bermatzeko hartutako neurriak, eta ibilbideak herritar-talde guztiek erabil ditzaten bultzatzeko egiten diren jarduera guztiak.

2.– Jarduera fisikoa sustatzeko programak eta esku-hartzeak garatzeko diru-laguntzak eska ditzakete Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, bestelako toki-erakundeek, tokiko erakunde autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek.

Tokiko merkataritza-sozietateek baldintza hauek bete behar dituzte: titulartasun publikoko kapital soziala izan behar dute, eta bazkideen gehiengoa udalek osatu behar dute. Gainera, partaide diren udalerrietako alkateek merkataritza-sozietate horiek aukeratu behar dituzte, diruz laguntzea eskatutako jarduera egiteko. Eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izan behar dituzte.

23. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastutzat joko dira 22. artikuluan ezarritako jarduerak egitetik zuzenean sortzen diren gastuak.

Ezin da diruz lagundu, inolaz ere, ondasunak eskuratu edo zerbitzuak ematetik sortutako gastuak, merkatuko balioa gainditzen badute.

2.– Ez dira diruz lagunduko gastu hauek:

a) Diruz laguntzen diren jarduketa horien BEZari dagozkionak.

b) Beharrezkoak ez diren edo behar bezala justifikatu ez diren gastuak, arrazoizkoak ez direnak edo gehiegizkoak direnak, betiere kontuan harturik ondoko printzipioak: ekonomia, kostua eta eraginkortasuna. Dena dela, 9. artikuluan ezarritako balioeste-organoak zehaztuko ditu gastu horiek.

Ez da finantzatuko bizikleta-bideak eraikitzea.

24. artikulua.– Eskabideen memoriek eta dokumentazio osagarriak eduki behar dituzten datuak.

22. artikuluan jasotako jardueratarako, dokumentu hauek aurkeztu behar dira, erakunde eskatzailearen eta garatu behar den jardueraren ezaugarrien arabera:

a) Eskabide-agiria eta jardueraren azalpen-txostena, behar bezala beteta. Eskuragarri daude izapideak elektronikoki egiteari buruzko artikuluan adierazitako euskadi.net webguneko egoitza elektronikoan.

b) Onespen-akordioa, hau da, diru-laguntza eskatu den jarduerari onespena ematen diona, batetik, eta jarduera finantzatzeko toki-erakundeak egingo duen ekarpenarena, bestetik.

c) Tokiko Agenda 21 ezartzeko prozesua abian jarri bada, Tokiko Agenda 21 gauzatzeko ekintza-plana onartu dela dioen udalbatzaren erabakia; edo, ezarrita badago, Tokiko Agenda 21 prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena.

d) Erakunde eskatzailea tokiko merkataritza-sozietate bat baldin bada, aurreko ataletan adierazitako dokumentazioaz gain, honako agiri hauek ere aurkeztu behar ditu:

● Jarduera egingo den udalerrietako alkateen onespen-erabakia, zeinaren bidez erakunde hori izendatzen den jarduera gauzatzeko.

● Erakundearen izenean eskaera egiten duena pertsona fisiko bat bada, hiritarrentzako ziurtagiri elektroniko onartu baten bidez identifikatu eta honako agiri hauek aurkeztu behar ditu, aurretik Osasun Sailari eman ez badizkio, behintzat:

○ Merkataritza Erregistroan izen emanda dagoen eta diru-laguntza eskatu duen lagunaren aldeko ordezkaritza-ahalordea.

○ Merkataritza Erregistroan inskribatutako estatutuen kopia.

Erakunde eskatzailea erakundeentzako ziurtagiri elektroniko onartu baten bidez identifikatu baldin bada, ez du egiaztatzeko dokumenturik aurkeztu behar.

e) Finantzaketa zer jarduera egiteko eskatu den hobeto jakiteko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.

25. artikulua.– Esleipen- eta ponderazio-irizpideak.

Ikusirik lehiaketa bidez emango direla laguntzak, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak. Horretarako, artikulu honetan agertzen diren balioespen-irizpideak erabiliko dira, laguntzak ematerakoan lehentasunak ezartzeko. Zenbatekorik handiena puntu-kopuru handiena lortutako eskaerei esleituko zaie, aurrekontu-saila agortu arte.

a) Proiektuaren deskribapen teknikoa: 50 puntu, gehienez.

○ Justifikazioa, helburuak eta garapena: 20 puntu, gehienez.

○ Kokapena eta irisgarritasuna ekitate irizpideen arabera egitea, eta seinale, mugaketa eta segurtasun egokiak izatea erabiltzaileentzat: 15 puntu, gehienez.

○ Ibilbidearen distantziak, eta dagoeneko badauden beste ibilbide batzuekin konektatzea: 5 puntu, gehienez.

○ Ibilbidea erabiltzea erakargarriago egiten duten egiturak izatea (eserlekuak, itzala, iturriak eta abar): 5 puntu, gehienez.

○ Ebaluazio-proposamena: 5 puntu, gehienez.

b) Ibilbideak erabiltzea eta partaidetza sustatzea: 25 puntu, gehienez.

○ Zabalkunde aktiboa: hitzaldiak, ibilbideetan jarduerak egitea, parte hartzeko jardunaldiak antolatzea: 10 puntu, gehienez.

○ Zabalkunde pasiboa. Inprimatutako informazioa eta banaketa: liburuxkak, publizitatea toki-komunikabideetan: 5 puntu, gehienez.

○ Seinaleak: Ibilbideak aurkitzeko seinaleak, osasunerako onurei buruzko seinaleak, ikusteko moduko planoak oinezkoek ibilbidea egiteko beharko duten denbora eta distantziak ageri dituztela: 10 puntu, gehienez.

c) Desberdintasun sozioekonomikoei eta genero-desberdintasunei arreta berezia jartzea: 10 puntu, gehienez.

d) Proiektua gauzatzeko gizarte- eta osasun-eremuko eta eremu soziosanitarioko beste eragile komunitario batzuekin koordinatzea: 10 puntu, gehienez.

e) Tokiko ekintza-planean kontuan hartutako jarduera izatea: 5 puntu, gehienez.

Soilik, guztira 50 puntu, eta a) eta b) irizpideak batuta gutxienez 30 puntu lortzen dituzten proiektuak, horietako bakoitzean, hurrenez hurren, gutxienez 20 eta 10 puntu lortzen badituzte, lagunduko dira diruz.

26. artikulua.– Zenbatekoa eta ordaintzeko era.

1.– Diru-laguntzek zenbateko hauek izango dituzte, gehienez ere:

a) 50.000 biztanle baino gehiagoko toki-erakunde edo udalerriz gaindiko eremuetan, gehienez ere, diruz lagundu daitezken gastuen zenbatekoaren % 20 eman daiteke, baina, gehienez ere, 8.000 euro proiektuko.

b) 50.000 eta 7.000 biztanle arteko toki-erakunde edo udalerriz gaindiko eremuetan, gehienez ere, diruz lagundu daitezken gastuen zenbatekoaren % 50 eman daiteke, baina, gehienez ere, 8.000 euro proiektuko.

c) 7.000 biztanle baino gutxiagoko toki-erakunde edo udalerriz gaindiko eremuetan, diruz lagundu daitezken gastuen zenbatekoaren % 80 eman daiteke, baina, gehienez ere, 8.000 euro proiektuko.

2.– Ordainketa zatika egingo da: % 80 diru-laguntza onartzen denean ordainduko da, eta gainerako % 20a, Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari diruz lagundu den proiektua oso-osorik egin dela adierazten duen memoria bidali ondoren. Memoria, jarduera bukatu eta hilabete igaro aurretik bidali behar zaio.

3.– Diruz lagundutako jarduera benetan burutu dela justifikatzeko, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Diruz lagundutako proiektua osorik egin dela dioen azalpen-memoria, euskadi.net webguneko egoitza elektronikoan dagoena.

b) Diru laguntza eskatu den proiektuaren helburua eta asmoa bete direla dioen toki-erakundeko idazkariaren ziurtagiria.

c) Diru-laguntza jaso duen proiektua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo bestelako ordainketa-egiaztagiriak.

d) Diru-sarrera eta gastuen zerrenda, hala badagokio, beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarreraren batzuk jaso diren zehaztuz.

e) Proiektua egin dela argi eta garbi uzten duten agiri grafiko osagarriak.

Diruz lagundutako proiektua osorik gauzatzearekin bat ez datozen justifikazio-agiriak ez dira onartuko izapidetarako.

4.– Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Bulegoetan, Eusko Jaurlaritzaren lurralde-ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkeztuko dira, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez.

Era berean, bide elektronikoak ere erabili ahal izango dira justifikazioak aurkezteko. Informazioa eta prozedura eskura izango dira osasun publikoaren eta adikzioen arloan eskumena duen erakundeak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.

V. KAPITULUA
ARRISKUAK ETA KALTEAK PREBENITZEKO ETA GUTXITZEKO PROIEKTUAK EGITEKO LAGUNTZAK

27. artikulua.– Xedea eta erakunde onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte 2013. urtean adikzioen eremuko arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek, baldin eta baldintza hauek ere betetzen badituzte:

a) Legearen barruan sortuta egotea, eta diru-laguntzen deialdia baino urtebete lehenagotik, gutxienez, dagozkien erregistroetan edo administrazio-erroldetan behar bezala erregistratuta egotea.

b) Irabazi-asmorik ez izatea, edozein dutela ere forma juridikoa: elkartea, fundazioa, gizarte-ekimeneko kooperatiba edo irabazi-asmorik gabeko besteren bat, eta helburu publiko bat edo gizarte intereseko helburua lortzea sustatzea.

c) Nagusiki, beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan garatzea.

d) Administrazioaren arauetara eta programaziora egokitzea.

e) Beren proiektuak eta aurrekontuak botere publikoen kontrolpean jartzea.

2.– Agindu honen ondorioetarako, arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko proiektuak izango dira helburu hau duten ekintzak bideratzen dituztenak:

– Osasunerako hezkuntza sustatzea.

– Adikzioekin erlazionatutako kalteak gutxitzea.

– Drogen gehiegizko erabilera eta adikzio-jokabideak murriztea.

– Legezko eta legez kanpoko drogak hartzen dituztenei edo substantziarik gabeko adikzioren bat dutenei ahalik eta informazio eta prestakuntza gehien ematea.

Helburu hauek lortzeko berezko ekintzez gain, gizarte-sentsibilizaziorako eta laguntzarako ekintzak hartzen dira kontuan, hala nola baliabideen koordinazioa eta eragile komunitarioen parte-hartzearen plangintza, diseinua eta sustapena.

Helburu horiek lortzeko ekintzez gain, proiektu horiek laguntzeko jarduerak ere hartzen dira kontuan, Adikzioen VI. Planak emandako definizioari jarraiki, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude.

28. artikulua.– Eskabideen memorietan jaso beharreko datuak.

1.– Proiektu bakoitzeko eskabide-memoria bat bete behar da, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan argitaratutako ereduaren araberakoa izan behar du eskabide-memoriak. Gutxienez, datu hauek eduki behar ditu:

– Erakundearen eta proiektua aurkeztu duen pertsonaren identifikazio-datuak: nor den, zein erakunde eta zeren gisa ordezkatzen duen eta kokapen-datuak: posta-helbidea, teléfonoa...

– Proiektuaren izena.

– Erakunde sustatzailea.

– Proiektu honetan harremanetan jartzeko teknikariaren datuak.

– Proiektua nola txertatzen den Euskal Autonomia Erkidegoko 2011-2015eko Adikzioen VI. Planean. Zehaztu behar dira proiektuen ildoa eta programa.

– Proiektua nola garatuko den (deskribatu).

– Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.

– Proiektuaren eta proiektua sustatzen duen erakundearen berria ematea, labur-labur.

– Oinarri teorikoak: zein arlotan eragin nahi den.

– Proiektuaren helburuak: helburu orokorra, helburu bereziak eta helburu operatiboak.

– Proiektuko jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, inplementazioa eta gauzatzea, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.

– Proiektuaren baliabideak, koordinazioa eta sareko lana barne.

– Proiektuaren aurrekontua, bi puntu hauek ere adierazita: proiektuaren kostu osoa, kontzeptuen arabera banaturik, eta proiekturako diru-sarrerak.

29. artikulua.– Esleipen- eta ponderazio-irizpideak.

1.– Ikusirik lehiaketa bidez emango direla laguntzak, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak. Horretarako, artikulu honetan agertzen diren balioespen-irizpideak erabiliko dira, laguntzak ematerakoan lehentasunak ezartzeko. Honako hauek dira balioespen-irizpideak, horien ponderazioa adierazita:

a) Diseinuaren kalitate teknikoa; erlazio koherentea eduki behar dute kontuan hartuko diren faktoreek, lortu nahi diren helburu espezifikoek, helburuak erdiesteko aurreikusitako jarduerek eta helburu horien lorpen-maila ebaluatzeko adierazleek: 20 puntu, gehienez.

b) Zuzenean edo zeharka onuradun izango diren pertsona hartzaileen edo onuradunen kopurua. Jarduerak populazioaren zer zati estaltzen duen: 15 puntu, gehienez.

c) Jarduera gizarte-ekimeneko beste erakunde batzuekin, gizarte- eta osasun-eremuetako edo eremu soziosanitarioko beste federazio edo erakunde batzuekin koordinatuta eta lankidetzan gauzatzea, eta sare-lana sustatzea: 10 puntu, gehienez.

d) Proposatutako jarduerak izaera berritzailea izatea, edo aurreko urtearekin alderatuta, hobekuntza berritzaileak sartzea proiektuan: 5 puntu, gehienez.

e) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, eta proposatutako jarduerak edo proiektuak jarraipenik baduen: 10 puntu, gehienez.

f) Erakunde horiei lehenago diruz lagundutako programak/proiektuak zehatz betetzea eta justifikatzea: 5 puntu, gehienez.

g) Erakunde eskatzailearen parte-hartze ekonomikoa: 5 puntu, gehienez.

h) Ebaluazioaren kalitatea: helburu operatiboen eta datuak eskuratzeko metodoaren artean koherentzia egotea: 25 puntu, gehienez.

i) Arrisku-maila (VI. Planean ezarrita dagoen bezala ulerturik, alegia, babesgabetasuna edo/eta bazterkeria bezala ulertuta), arrisku eta kalteen prebentzio-programaren hartzaile diren kolektibo edo pertsonena: 25 puntu, gehienez.

j) Programaren eraginkortasuna: programaren kostuaren, onuradun kopuruaren eta programa aplikatzeak eragingo dituen onuren artean harremana egotea: 20 puntu, gehienez.

k).Genero-ikuspegia kontuan hartzea; adikzioen arloko prebentzio komunitarioko programa batek kontuan hartzen du genero-ikuspegia, diseinatu, gauzatu eta ebaluatzean gizon eta emakumeen egoera, baldintza eta behar desberdinak aintzat hartzen baditu: 10 puntu, gehienez.

l) Diagnostikoaren kalitatea, beharrak eta hutsuneak antzemateko azterketa gisa planteatutakoa bat etor dadin eragin nahi diren faktoreekin eta eskuratu nahi diren helburuekin: 20 puntu, gehienez.

2.– Aurreko atalean jasotako irizpideak erabiliz eskabideen artean lehenespena ezarrita, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei esleituko zaizkie laguntzak, harik eta laguntza-lerro horretarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

3.– Eman beharreko laguntzak zehaztu eta horien zenbatekoa kalkulatzeko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, onartutako aurrekontuaren % 100 eta, bestetik, proiektua baloratzean lortutako puntuak kalkulatuta sortzen den ehunekoa, proiektu batek artikulu honen arabera lor ditzakeen puntuekiko. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ezin da izan eskatutako kopurua baino handiagoa.

30. artikulua.– Zenbatekoa, ordaintzeko modua eta baldintzak.

1.– Osasun Sailak onartutako aurrekontuaren % 100 finantzatu dezake, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera. Onartutako aurrekontutzat hartuko da aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoa; zeinak eskatutako proiektuan adierazitako jardueretara egokitua eta doitua egon behar duen. Zeharkako kostua ezin da programako zuzeneko kostuaren % 20 baino gehiago izan, hau da, administrazioa, kudeaketa, bulegoko materiala, telekomunikazioak, ura, gasa, elektrizitatea eta bestelako zerbitzuak, betiere, diru-laguntza eskatu den proiektuari argi eta garbi egozteko modukoak badira. Ez da diruz lagunduko kapitulu honi esleitutako zenbateko osoaren % 10 baino gehiago proiektuko.

2.– Ordainketa zatika egingo da: % 80 diru-laguntza onartzen denean ordainduko da, eta gainerako % 20a, Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari diru-laguntza justifikatzeko memoria bidali ondoren. Memoria, jarduera bukatu eta bi hilabete igaro aurretik bidali behar zaio. Memorian, diruz lagundutako proiektua balioetsi behar da, eta zenbateraino bete den adierazi, eta garapenaren balorazio kualitatiboa egin.

3..– Justifikazioak eta agiri osagarriak Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara zuzendu behar dira, eta osasun publiko eta adikzioen alorrean eskumena duen organoaren euskadi.net-eko egoitza elektronikoan argitaratu den eranskinean jaso den ereduaren araberakoak izan behar dute.

Justifikazio-memoria horretan «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar da; hor egingo da gauzatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontua. Justifikazio-kontua erantzukizunpeko adierazpen bat da; hor agertu behar dira: onartutako aurrekontu guztia, bai eta gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda ere, adieraziz zer dokumentu mota den, norena, nork edo zer erakundek eman duen, azalpena, data, zenbatekoa eta programari egozteko ehunekoa.

4.– Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Bulegoetan, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkeztuko dira, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez.

Era berean, bide elektronikoak ere erabili ahal izango dira justifikazioak aurkezteko. Informazioa eta prozedura eskura izango dira osasun publikoaren eta adikzioen arloan eskumena duen erakundeak euskadi.net-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Bi epe horiek kontatzen hasiko dira Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Araubide osagarria.

Agindu honetan aurreikusi gabeko prozedura-alderdi guztietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Instrukzioak.

Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu hau garatzeko eta betetzeko beharrezkoak diren instrukzioak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA.– Ondorioak izatea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 29a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala