Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2013ko ekainaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2710

350/2013 DEKRETUA, maiatzaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari San Mamés Barria S.L. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

San Mames Barria, S.L. sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2013ko maiatzaren 6an egindako bileran, erabaki du Akziodunen Batzar Orokorrari kapital-gehikuntza bat proposatzea, guztira berrogeita zortzi milioi eta zortziehun mila (48.800.000) eurokoa, euro baten balio nominaleko 48.800.000 partaidetza sozial berriren jaulkipenaren bidez egingo dena. Partaidetza berri horiek zatiezinak eta metakorrak izango dira, eta gaur egunekoek dituzten eskubide politiko eta ekonomiko berberak izango dituzte.

Kapital-gehikuntza hori diru-ekarpenen kontura egingo da, bi fasetan: 2013ko ekainaren 1a baino lehen, bazkide bakoitzak lehendik harpidetuta zeukan zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar ordaindu beharko du, eta 2013ko urriaren 1a baino lehen, gainerako ehuneko berrogeita hamarra.

San Mamés, S.L. sozietateak, gaur egun, 91.966.103 euroko kapital soziala du, honela banatuta: Athletic Club-ek % 29,58ko sozietate-partaidetza du; Bizkaiko Foru Aldundiak % 35,67koa; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak % 18,49ko partaidetza du; Kartera 2, S.L. sozietateak % 16,20koa; eta Bilboko Udalak, berriz, kapital sozialaren % 0,06 du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, sozietatean jaulkitako partaidetza berrietatik 15.600.000 hartuko ditu bere gain, eta lehenago adierazitako moduan egingo ditu ordainketak. Gainerako bazkideek osatuko dute kapital-gehikuntza horren harpidetza, honako zenbateko hauek ordainduta: Athletic Club-ek, 10.100.000 euro; Kartera 2, S.L. sozietateak, 15.500.000 euro; eta Bizkaiko Foru Aldundiak, 7.600.000 euro.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

San Mames Barria, S.L. sozietatearen helburu soziala kirol-estadio berri bat sustatzea, eraikitzea eta ustiatzea da, sozietateak Bilbon dituen lur-sailetan. Estadio berriaren ustiapenak kirol-jarduerak hartuko ditu, bai eta, estadiorako legez onartutako erabilerak aintzat hartuta, han egin litezkeen bestelako jarduera osagarriak ere; sozietateak zuzenean edo beste batzuen bitartez egin ahal izango ditu jarduera horiek.

Behin bazkideek partaidetza sozialak eskuratzen dituztenean, Administrazioak San Mames Barria, S.L. sozietatean duen partaidetza % 23,16koa izango da.

Sozietateko kapital-gehikuntzek berekin dakarte sozietatearen estatutuak aldatzea, eta beraz, beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren partaidetzen ordezkariari baimena ematea, aldaketa horiei dagokienez bere adostasuna adieraz dezan, hala xedatzen baita Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 111. artikuluan.

Ondorioz, Ogasun eta Finantzako sailburuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko maiatzaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari San Mamés Barria, S.L. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Horretarako, Administrazioak 15.600.000 partaidetza erosiko ditu sozietate horretan, hamabost milioi eta seiehun mila euroko (15.600.000) balioa izango dutenak, eta, halaber, ordainketa egingo du, Akziodunen Batzar Orokorrak kapital-gehikuntzari buruzko Erabakian ezarritako eran. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, aurreikusitako kapital-gehikuntzari buruzko erabakia gauzatu ondoren, % 23,16ko partaidetza izango du.

2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren partaidetzen ordezkariari San Mamés Barria, S.L. sozietatearen estatutuetako 5. artikuluaren aldaketa onartzeko.

3. artikulua.– Ahalmena ematea Ondare eta Kontratazioko zuzendariari, aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko behar diren jarduketak egin ditzan.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko maiatzaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GAZAGAECHEVARRIA BASTIDA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala