Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2013ko ekainaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2688

EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 24koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egingo dituzten aholkularitza-entitate homologatuak kontratatzeko, enpresei eta entitate pribatuei 2013an diru-laguntzak emateko deialdia arautzen duena.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea benetakoa eta eraginkorra Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen eremu guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea; berdintasun hori, izatez eta zuzenbidez, bere osotasunean garatzeko dauden oztopoak kentzea; eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.

Helburu horiek lan-eremuan lortu ahal izateko, enpresek eta entitate pribatuek aktiboki parte hartu behar dute, alde batetik, emakumeek eta gizonek enplegua berdintasunez lortuko dutela eta lan-baldintza egokietan lan egingo dutela bermatzeari dagokionez, eta bestetik, euren produktuek eta zerbitzuek emakumeen zein gizonen beharrei eta interesei erantzuten dietela bermatzeari dagokionez.

Horrek duen garrantziaz jabeturik, eta ikusirik beharrezkoa dela enpresei diagnostikoak egiteko eta barneko berdintasun-planak ezartzeko laguntza teknikoa emango dieten aholkularitza-entitate espezializatuak egotea, 2002. urteaz geroztik Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea aholkularitza-enpresei prestakuntza ematen eta horiek egiaztatzen hasi zen, Europako Gizarte Funtsaren laguntzarekin. Eta hori guztia burutzeko, homologazio-prozesu bat ireki zen, jarduteko planteamenduetan gutxienez eduki beharreko kalitate-maila eta homogeneotasuna bermatzeko. Une honetan, zenbait aholkularitza-entitate homologatuk jada laguntza teknikoa eskain diezaiekete hala eskatzen duten enpresa eta entitate pribatuei.

Ebazpen honen oinarri juridikoa Emakunde- Emakumearen Euskal Erakundearen otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3.j) artikuluan eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2.2 m) artikuluan dago. Artikulu horren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitekoak dira, besteak beste, enpresa eta erakundeentzako laguntzak eta bestelako sustapen-neurri batzuk ezartzea, horiek baliabide material eta ekonomikoz eta giza baliabidez hornitzeko, eta hartara, emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak, programak eta jarduerak egiteko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Ebazpen hau enpresa edo entitate pribatuek aholkularitza-entitate homologatuak kontratatu ditzaten sustatu eta laguntzeko sortu da, horrela enpresek laguntza teknikoa jasoko baitute emakume eta gizonen berdintasunerako diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, bai barne-antolamendurako bai eskaintzen dituzten zerbitzu edo produktuetarako. Eta ebazpen honen bidez, hain justu ere, xede horretarako diru-laguntzak arautzen dira. Deskribatutako helburu guztiak kontuan hartuta, diru-laguntzen deialdi hau arautuko dugu, publizitate-, lehiakortasun- eta objetibotasun-irizpideen arabera. 2012. urteko deialdiko baldintzen oinarriei eutsi zaie, nahiz eta aldaketa batzuk izan.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen bidez enpresa eta entitate pribatuentzako diru-laguntzak arautzen dira eta diru-laguntzetarako deia egiten da, 2013. urtean aholkularitza-entitate homologatuak kontratatu ditzaten. Aholkularitza-enpresek laguntza teknikoa emango dute emakume eta gizonen arteko berdintasunerako diagnostikoak egiteko eta berdintasun-planak diseinatzeko, bai barne-antolamendurako, bai ematen dituzten zerbitzu edo produktuetarako.

2. artikulua.– Hautaketa eta diru-hornidura.

1.– Deialdi hau lehiaketa-prozeduraz ebatziko da. Ondorio hauetarako, lehiaketa izango da diru-laguntzak emateko prozedura, non aurkezten diren eskaerak alderatzen diren, 9. artikuluan finkatutako esleipen-irizpideei jarraituz eskaera horien arteko lehentasuna finkatzeko eta diru-laguntza irizpide horien arabera balioespenik onena lortu duten eskaerei soilik emateko.

2.– Erakundearen Aurrekontuetan ondorio horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako da aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko diru-hornidura. Zenbatekoa, hasieran behintzat, laurogeita hamasei mila (96.000) eurokoa izango da.

3.– Eskatutako laguntza guztien zenbatekoa kontuan hartuta, artikulu honetan esandako zenbatekoa handitu egin daiteke, betiere eskabideei buruzko ebazpena hartu baino lehen, baldin eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontu-baliabideak geratzen badira. Gora-behera hori gertatuz gero, argitara emango da Emakundeko zuzendariaren ebazpen bidez.

3. artikulua.– Eskatzaileak.

Betekizun hauek konplitzen dituzten enpresa eta entitate pribatuek eska ditzakete laguntzak:

a) Zuzenean edo zeharka enpresaren partaidetzarik edo kontrolik handiena administrazio publikoena ez izatea.

b) Entitatearen zuzendaritza eta administrazio-kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea. Horretarako, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egon behar da; bestela, lanlekuak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dira, eta horien zuzendaritza- eta administrazio-organoek antolamendu-aldaketak egiteko kudeatze-gaitasuna eta autonomia nahikoa izan behar dute, ebazpen honetan aipatzen diren berdintasunerako jarduera-planak bete ahal izateko.

c) Gutxienez 10 langile eta gehienez 250 edukitzea EAEko zentroetan.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ordainduta edukitzea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

f) Sexu-bereizkeria egiteagatik administrazio-zehapena edo zehapen penala duten entitateek, zehapenean jartzen den aldian, ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak jasotzerik ez dute izango, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera debeku horrekin zehatutakoek ere.

g) Laguntzen deialdi honetan, entitate hauek ere ez dute parte hartzerik izango: diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dien zehapena dutenek eta laguntza horiek jasotzeko gaitasunik gabe uzten dituen lege-debekuren bat dutenek.

Honako konpromisoak eta betekizunak hartzea:

h) Ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren arabera homologatutako aholkularitza-entitate baten laguntza teknikoa kontratatzea edo kontratatzeko konpromisoa hartzea (105/2004 Dekretua, enpresa eta erakundeei gizon eta emakumeen berdintasunaren alorrean laguntza teknikoa emango dien aholkularitza-entitateen homologazioa arautzekoa).

i) Zuzendaritzaren konpromisoa erakustea, adierazteko aurrera jarraituko duela diagnostikoa eta berdintasunerako plana egiteko hasitako lan-prozesuarekin, harik eta enpresa edo erakundea emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunerako Lankidetza Erakunde bihurtu arte, 424/1994 Dekretuan eta ebazpen honen II. eranskinean jasotako moduan.

j) Zuzendaritzak prozesua dinamizatuko duen arduraduna izendatzea erakundeko langileen artean, ebazpen honen I. eranskinean jasotako moduan.

k) Laguntzak kanpoan eta barruan ustez izango duen eraginari buruzko txostena aurkeztea. Gutxienez aurkeztu beharko du: diru laguntzaren onuradun zuzenen eta zeharkakoen kopuruari buruzko informazioa, ahal bada sexuaren arabera bereizita; heziketa egiteko aurreikusitako ordutegia, hezkuntzaren onuradunen kopurua sexuaren arabera bereizita; identifikatu, gutxienez, plana martxan jartzean aldatuko den entitatearen alderdi estrategiko bat; planaren garapenean parte hartuko duten entitateen zenbatekoa, eta abar.

l) 2013. urterako lan-proposamena aurkeztea, non honako hauek jasoko diren:

– Entitatearen aurkezpena.

– Berdintasunari buruzko diagnostikoa eta berdintasun-plana egiteko motibazioa.

– Entitateak berdintasun arloan daukan jardunbidea.

– Entitatearen alde edo alderdi estrategikoak non berdintasun politikaren sustapenak eragin handia izan dezake.

– Diagnostikoan berrikusi beharreko alderdiak.

– Erabiliko den metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa.

– Emakume eta gizonen berdintasunaren inguruan sentsibilizatzeko/trebatzeko saioen programa (hamar ordukoa, gutxienez).

– Ekintza-plana prestatzeko prozesua.

– Barneko lantaldea, eta taldea osatzeko irizpideak, ebazpen honen II. eranskinean jasotako moduan.

– Kronograma.

– Aurrekontua.

m) Eusko Jaurlaritzako Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. «Datuen alta / Hirugarren interesduna» inprimakia. Ez da bete beharko, eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, non eta inprimakian aipatzen diren datuak aldatu ez diren.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.– Aholkularitza-entitate homologatuak kontratatzeko izango da diru-laguntza. Aholkularitza-entitateek honako hauek egiten lagundu beharko die enpresei edo erakundeei:

a) Emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoa, barne-antolamenduri eta zerbitzuak edo produktuak eskaintzeari dagokionez. Diagnostikoak izan beharko du, gutxienez, hautaketa, karrera profesionalaren sustapen eta garapen, heziketa, lansari, lan osasun, komunikazio eta lana familiarekin eta bizitza pertsonalarekin bateratze politiken balorazioa eta analisia; eta izan daitezkeen genero-indarkeriaren,sexu-jazarpen eta sexuan oinarritutako jazarpen egoeren analisia. Gainera, entitatearen produktu eta zerbitzuen analisia sartuko da, eta erakundearen beste politiken eta planena ere bai. Horrela egiten ez bada, behar bezala ziurtatu beharko da.

b) Gutxienez 10 ordu ematea lan-munduan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan sentsibilizatzeko/trebatzeko eta horrek diagnostikoaren emaitza nagusienetan duen isla erakusteko. Saio horrek diagnostikoa alderatzeko balio behar du, eta berdintasun-plana diseinatzeko oinarri izateko, eta, gutxienez, langile guztien lagin adierazgarri batentzat egingo da. Proposamenak emango diren eduki orokorren xehetasunak izan behar ditu.

c) Berdintasun-plana diseinatzea enpresaren barne-antolamendurako eta zerbitzu edo produktuetarako. Aurkeztutako plana, gutxienez, urte anitzekoa izango da, adierazleak izango ditu espero diren emaitzak neurtzeko emakumeen eta gizonen arteko aldeen murrizketaren ildotik, erantsita izango ditu esleitutako pertsonak, aurrekontua, jarraipen eta ebaluazio sistema. Horrela egiten ez bada, behar bezala ziurtatu beharko da.

2.– Laguntza teknikoa 2013ko urtarrilaren 1etik abenduaren 20ra arte eman dezaten kontratuko dira aholkularitza-entitate homologatuak.

3.– Diruz lagun daitekeen zenbatekotik Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) kenduko da.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskabideak bertara joanda aurkeztu ahal izango dira, I. eranskinaren ereduari jarraikiz, eta datu guztiak eman beharko dira, hurrengo artikuluan eskatutako dokumentazioarekin batera, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari bidali (Manuel Iradier kalea 36, 01005, Vitoria-Gasteiz). Bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkeztu beharko dira.

Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak kartazal irekian jarri beharko dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.

3.– Era berean, entitate interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete prozedurako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko. Eskabideak aurkezteko, euskadi.net-en egoitza elektroniko honetan sartu behar da: http://www.emakunde.euskadi.net/enpresak-2013/u72-20030/eu/

Izapidetzeari buruzko zehaztapenak helbide elektroniko hauetan daude eskuragarri: http://www.emakunde.euskadi.net/enpresak-2013/u72-20030/eu/

Eskabidea aurkeztearen osteko izapideak egiteko helbidea: http://:www.euskadi.net/nirekudeaketak

4.– Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bideak –aurrez aurrekoa edo elektronikoa– ez dakar bide hori erabili beharra prozeduraren hurrengo izapideetan, edozein unetan alda baitaiteke bidea.

5.– Entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Interesdunek hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta agiriak.

1.– Entitate eskatzaileak I. eranskinean dagoen ereduaren araberako eskabidea aurkeztu behar du, non honako erantzukizunpeko adierazpen eta adostasun hauek jasoko diren:

– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko batetik, entitateak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik; eta bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera ez zaiola debekurik ezarri zehapenak irauten duen aldian ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko.

– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko entitateak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

– Erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatzeko beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik ez duela jasotzen ebazpen honetan araututako diru-laguntzaren helburu bera duen laguntzarik; edo laguntza eskatu duela eta eman egin diotela.

– Erantzukizunpeko adierazpena, entitatea itzultze- edo zehapen-prozedura batean sartuta dagoen edo ez adierazteko, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta beren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen entitatearen egoitza sozialean kudeatzen eta administratzen dela entitatea, edo Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lanlekuetako zuzendaritza- eta administrazio-organoek badutela nahikoa kudeaketa-gaitasun eta autonomia, ebazpen honetan aipatu berdintasunerako jarduera-planak betetzeko behar diren antolamendu-aldaketak egiteko.

– Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazteko, eta laguntza hauen onuradun izateko, indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adierazteko.

– Herri-administrazioek bere esku dituzten datuak eta agiriak ez ekartzeko eskubidea bermatzeko, deialdi honetan kudeatzen duen organoari enpresek eta entitate pribatuek emandako elkarreragingarritasun-baimena ezinbestekoa izango da, hau da, administrazio eskudunak entitatearen nortasuna eta zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzakoen betetzea, bide elektronikoen bitartez edo aukeran dauden baliabideen bitartez begiratzeko, egiaztatzeko edo frogatzeko baimena, betiere Administrazio Publikoak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko izendatuta dituen ahalmenak eragotzi gabe.

2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira.

a) I. eranskina, behar bezala betea, atal hauetan jasotako informazioa adieraziz:

– dinamizatzailearen izendapena.

– Zuzendaritzaren konpromisoa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lankidetza-erakundearen aitorpena lortzeari buruzkoa.

– eskatutako laguntzak eta jasotakoak, erakunde emaileak eta laguntzen zenbatekoa.

– barneko lantaldearen osaera eta lantaldea osatzeko irizpideak. Zehaztuko da entitatean sindikatu-ordezkaritza dagoen a la ez eta prozesuan parte hartzeko bideak.

b) II. eranskina, bidaltzen diren dokumentuen zerrenda.

c) Aholkularitza-entitate homologatuak laguntza teknikoari buruz egindako proposamena, 3. artikuluko h) atalean zehaztutakoari jarraiki.

d) Laguntzak kanpoan eta barruan ustez izango duen eraginari buruzko txostena.

e) Langile kopuruaren egiaztagiria, Gizarte Segurantzaren kotizazio-orrien bidez (TC1 eta TC2 ereduak), eskabidearen aurreko hilekoak.

f) «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia. Ez da bete beharko, eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, non eta inprimakian aipatzen diren datuak aldatu ez diren. Ebazpen honen 6.1 artikuluaren azken atalean aipatzen den baimena ematen denean ere ez da bete beharko. Inprimaki hori eskuratzeko helbidea: http:// www.emakunde.euskadi.net/u72-20010/es/contenidos/autorización/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

g) Estatutuak eta eratze-agiria.

h) Nortasunaren egiaztagiria, entitatearen IFZren kopiaren bidez, ebazpen honen 6.1 artikuluaren azken atalean aipatzen den elkarreragingarritasun-baimena ematen denean salbu.

i) Esleipen-irizpideetan oinarrituta, proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak.

3.– Eranskinik izendaturik ez duen dokumentazioa bidaltzeko, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta eta bide elektronikoz izenpetua bidaltzea onartuko da, helbide honetan de http:// www.euskadi.net/nirekudeaketak

4.– Aurretiaz aurkeztutako dokumentazioa ez da berriz aurkeztu beharko. Horretarako, noiz aurkeztu zen eta zein prozeduretan aurkeztu zen aipatu beharko da, II. eranskinean horretarako dagoen atalean.

5.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.

7. artikulua.– Eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta horretarako, hamar eguneko epea emango dio jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, ohartarazten zaio eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela, aurretiaz ebazpena eman ondoren, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan agindutakoari jarraiki (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

8. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

Hautaketa batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute:

Presidentea: Idazkari nagusia.

Epaimahaikideak:

– Generoaren arloko Plangintza eta Ikerketaren arduraduna.

– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko teknikari bat.

– Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.

– Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren arduraduna izango da.

9. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Diru-laguntzak esleitzeko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

A) Proposamenaren kalitatea. 50 puntu, gehienez:

– Bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, egutegiari, metodologiari eta aurrekontuari dagokienez. 15 puntu, gehienez.

– Berrikuntzak eta proposamenaren eta erakunde-motaren arteko egokitasuna. 20 puntu, gehienez.

– Proposamena diagnostikorako eta planak egiteko metodologietara egokitzea. 10 puntu, gehienez.

– Proposamenaren kalitatea, osotasunean. 5 puntu, gehienez.

B) Lan-prozesuan Zuzendaritza inplikatzea eta erakundeko denetariko pertsonek parte hartzea. 15 puntu, gehienez.

– Erakundeak alor honetan duen ibilbidea. 7 puntu, gehienez.

– Lantaldearen konfigurazioa. 8 puntu, gehienez.

C) Eragin biderkatzailea. 25 puntu, gehienez.

– Lurralde-ezarpena. 3 puntu, gehienez.

– Enpresaren tamaina. 6 puntu, gehienez.

– Jarduera eremua /sektorea. 6 puntu, gehienez.

– Barneko eta Gizarte-eraginerako diseinatutako jarduerak. 10 puntu, gehienez.

D) Askotariko bereizkeria jasateko arriskuan dauden bertako emakume langileen behar espezifikoak kontuan hartzea. 10 puntu, gehienez.

2.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.

10. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu nahi den jardueraren kostuaren % 50 izango da, gehienez ere; eta onuradun bakoitzeko, 10.000 eurokoa, gehienez ere.

2.– Ehuneko laurogeiko muga aplikatuko zaie irabazi-asmorik gabeko entitateei, alegia: onurak titular edo partaideen artean banatu gabe, produkzioan edo ondasun- eta zerbitzu-banaketan lortutako irabaziak edo soberakinak entitateen xedeak betetzeko inbertitzen edo bideratzen dituztenei.

11. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntzak bateragarriak izango dira helburu eta xede bererako ematen diren laguntza edo diru-laguntzekin, laguntzen izaera eta erakunde emailea edozein direla ere, baldin eta laguntza guztiak batuta egin beharreko ekintzaren guztirako kostua gainditzen ez bada, ez eta diruz lagunduko den jardueraren kostuaren % 50eko muga ere, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatzekoa denean.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Eskabideak Hautaketa Batzordeak ebaluatuko ditu, diru-laguntzak esleitzeko irizpideen arabera; ondoren, proposamena bidaliko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Emakundeko zuzendariak ebazpen adierazia eta arrazoitua emango du. Ebazpen horrek amaiera emango dio lehiaketari eta diru-laguntza nori eman eta nori ukatu zaion adieraziko du. Ebazpena jakinaraziko zaie enpresa edo erakunde onuradunei, banan-banan. Emandako diru-laguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

2.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera. Epe horretan enpresa edo entitate interesdunari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, diru-laguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

3.– Ebazpenean, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da -diruz lagunduko diren enpresa eta erakundeak eta, bakoitzari emandako zenbatekoak jarrita-, eta horretaz gain, ordezko erakundeen zerrenda ere jaso daiteke, onuradunen batek uko eginez gero, ordezkoengana jo ahal izateko. Erakunde horiek ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, diruz lagunduko diren proiektuak adieraziko dira eta, onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehienezko zenbatekoa ere azalduko da; zenbateko hori sekula ez da izango uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

13. artikulua.– Enpresa edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetan arautzen diren diru-laguntzak jasotzen dituzten enpresa edo entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betekizunak konplitu beharko dituzte, eta bereziki, honako hauek:

a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean enpresa edo entitate onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela esan nahiko du.

b) Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabili behar dute, non eta 15. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, diru-laguntzaren inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

d) Onartutako proiektuaren hasierako baldintzak edo edukia aldatzeko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko.

e) Komunikazio guztietan, barnekoetan nahiz kanpokoetan (Webgunean, Intranetean, prestakuntzarako erabilitako materialetan, langileei bidalitako e-postetan, iragarki-taulan agertzen diren oharretan), diagnostikoa eta planak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen finantziazioa dutela azaldu behar da. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu behar da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin bat etorriz. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean eska daiteke. Logotipoa diagnostikoan eta planean jarri behar da, bai eta horiek egiteko prozesuan sortzen diren dokumentuetan ere, izan barnean jakinarazteko, izan kanpoan jakinarazteko.

f) Prozesuaren hasieran, diagnostikoa eta plana egiteko asmoa jakinarazi behar zaie langileei, eta prozesuaren amaieran, diagnostikoaren eta adostutako planaren emaitza nagusienak. Horretarako, hori ziurtatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira.

g) Proiektua gauzatu bitartean egindako agirietan eta bukaerako memoria eta txostenetan hizkera sexistarik ez dela erabili ziurtatu behar da.

h) Enpresek Emakunderi jakinarazi behar diote langileen zenbaketan eragina duen aldaketa oro -plantillan egindakoak-, berdintasun-planen alorreko mugen ondorioetarako.

14. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Jarduerak gauzatu ondoren eta jarduera horien ondorioz izandako gastu guztiak Emakundek estali ez dituenak ere bai, alegia, diru-laguntzaren zenbateko osoa justifikatu ondoren ordainduko da diru-laguntza; horretarako, 2013ko abenduaren 20 baino lehen (egun hori barne), agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Egindako diagnostikoa ebaluatzeko kontuan hartuko da diru-laguntza lortzeko aurkeztu zen proposamena. Honela egingo da aurkeztutako proposamenaren eta azkenean bidalitako diagnostikoaren arteko koherentzia bermatzeko. Horrela egiten ez bada, behar bezala ziurtatu beharko da.

b) Berdintasunerako plana ebaluatzeko kontuan hartuko da diru-laguntza lortzeko aurkeztu zen proposamena. Honela egingo da aurkeztutako proposamenaren eta azkenean bidalitako planaren arteko koherentzia bermatzeko Horrela egiten ez bada, behar bezala ziurtatu beharko da.

c) 2014rako ekintza-plana.

d) Jasotako funts publikoak nola erabili diren justifikatzeko memoria. Egindako lan-prozesua eta lortutako helburuak deskribatuko dira, aurreikusitako egutegiaren arabera; halaber, sentsibilizazio-saioko edo saioetako edukiak, partaideak eta horiek saioei buruz egiten duten ebaluazioa.

e) Diruz lagundutako jardueren balantze ekonomikoa, IV. eranskinaren arabera, eta laguntza teknikoa egiaztatzen duen faktura, halaber, emandako kontsultoria zerbitzuen ordain agiriak. Fakturak edo froga-balio baliokidea duten agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo eraginkortasun administratiboa dutenak: diruz lagundutako jarduerei dagokienez, funtsak behar bezala erabili direla edo egindako gastua egiaztatzeko behar diren adina xehetasun eman beharko da; agertzen den gastuaren data 2013ko abenduaren 20 izan behar da, gehien jota.

f) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza aipatu dela egiaztatzen duen agiria, 13.e) artikuluan eskatutakoari jarraiki.

g) Prozesuaren hasieran nahiz amaieran, langileei prozesu horren helburuak eta emaitzak jakinarazi izanaren egiaztagiriak, 13.f) artikuluan ezarritakoari jarraiki.

h) Laguntzaren barne eta kanpo eraginari buruzko aurretiazko txostenean aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruzko txostena.

2.– Dokumentazio hori bidaltzeko, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta eta elektronikoki izenpetua bidaltzea onartuko da, helbide honetan:// www.euskadi.net/nirekudeaketak

3.– Ordaintzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.

4.– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada (diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean) edo gastuaren egiaztagirien bidez justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko da diru-laguntzaren zenbatekoan.

15. artikulua.– Diru-laguntza emateko inguruabarrak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira (betiere, diru-laguntzaren helburua bete bada) eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk aldi berean laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu.

2.– Aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa jasotzen denean, dokumentazioa aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatu egingo du (kasu bakoitzaren arabera), eta behar izanez gero, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion legezko interesak itzuli egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horretaz gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutako prozedurari jarraituko zaio emandako diru-laguntza itzultzeko. Dekretu horrek hau ezartzen du:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea 12 hilekoa izango da, gehienez ere.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Aurka egiteko, pertsona edo entitate interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean (ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera); bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hil biko epean (ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera).

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 24a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana