Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2013ko ekainaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2644

EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 22koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, euskararen eremu geografikotik kanpo zinema eta literatura arloko sortzaileak eta eragileak nazioarteratzeko bidaia-poltsetarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du Institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu honek bere 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) idatzi-zatiak Institutuaren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskal zinema eta literatura euskararen jabari geografikotik kanpo sustatu eta hedatzeko lagungarri diren kultur jardueretan parte hartzeko diru-laguntzak emateko baldintzak ezarri eta arautzea.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da euskararen eremu geografikotik kanpo zinema eta literatura arloko sortzaileak eta eragileak nazioarteratzeko bidaia poltsetarako diru-laguntzak emateko modua arautzea.

2. artikulua.– Berariazko baldintzak eta bazterketak.

Diru-laguntza hauetarako honakoak hartuko dira aintzat:

Zinema: zinema alorreko agenteak (zuzendaria, aktoreak, ekoizlea) zinemaldietan eta zinema alorreko sariketetan parte har dezaten diru-laguntzak ematea, horietan beraien filmen bat aurkeztu edo ordezkatzeko hautatuak izan direnean.

Literatura: literatura sektoreko agenteek (idazleak, ilustratzaileak, itzultzaileak eta editoreak) literatura alorreko nazioarte mailako ekitaldietan parte hartzeko diru-laguntzak ematea, horietan libururen bat aurkeztu edo ordezkatu behar dutenean, sorkuntzaz jardun behar dutenean edo euskal ordezkaritza gisa doazenean.

Ebazpen honetatik kanpo geratuko dira ondokoak:

– Etxepare Euskal Institutuak sustatutako unibertsitate irakurletzen barruan antolatutako ekitaldiak, non eta ekitaldia ez duten gutxienez bi irakurletzek elkarlanean antolatzen.

– Ikasketa-bidaiak, ibilaldiak, txangoak, elkartrukeak, aisialdia edo antzekoekin lotura dutenak.

– Hezkuntza arautuarekin zerikusia duten gertakariak, eta edozein eratako ikastaroak.

– Izaera akademikoa duten kongresu, jardunaldi, hitzaldi, mintegi eta antzekoetan parte hartzea, horietan Etxepare Euskal Institutuak presentzia badu irakurletzen bidez.

– Gastronomia edo kirol topaketa, jardunaldi, erakustaldi eta antzekoak.

– Euskararen jabari geografikotik kanpo antolatuak izan arren, nagusiki edo osoki Euskal Etxeetako kideak hartzaile dituzten jarduerak.

3. artikulua.– Diru baliabideak.

Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra hamabost mila (15.000) eurokoa izango da.

4. artikulua.– Diru-laguntzak emateko modua

Diru-laguntza hauek baldintzak betetzen dituzten eskabideen artean banatuko dira aurrekontuko zuzkidura agortu arte. Beraz, ebazpena emateko, eskabideak zein ordenatan aurkeztuko diren hartuko da kontuan zorrotz, dauden funtsak agortu arte. Ondorio horietarako, Ebazpen honen arabera eskabidea erregistroan sartzen den eguna eta ordua hartuko dira kontuan.

5. artikulua.– Diruz laguntzen diren gastuak:

Dagokion ekitaldian parte hartzekoak: joan-etorria, ostatua eta dietak.

1.– Laguntzen zenbatekoak:

a) Ostatu eta otorduetarako gehienezko gastuak, pertsonako eta eguneko: Espainian, hirurogeita hamabost (75) euro ostaturako eta berrogeita bi (42) euro dietarako. Espainiatik kanpora, ehun eta hogei (120) euro ostaturako eta hirurogeita hiru (63) euro dietarako.

b) Soilik ostatu gau baten gastua eta bi egunetako dietak onartuko dira emanaldiko.

c) Ekitaldi bakoitzeko pertsona bakar baten gastuak lagunduko dira.

d) Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bederatzi (0,29) euro km-ko gehi autopista eta parking-a. Kilometro kopurua kalkulatzeko, diru-laguntza eskaera egin duen pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren sozietate egoitza hartuko da abiapuntutzat.

e) Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren faktura, erregaia, autopista eta parking-a.

f) Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, soilik maila arrunteko txartela onartuko da.

2.– Diru-laguntzen gehienezko zenbatekoa eta mugak.

– 5.000 km-tik harago egitekoak diren ekitaldiak: mila (1.000) euro.

– 1.200 km-tik 5.000 km artean egitekoak diren ekitaldiak: zortziehun (800) euro.

– Gehienez ere 1.200 km-tara egitekoak diren gertakariak: bostehun (500) euro.

Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina jasotako diru-laguntza guztien batura ez da inoiz izango bi mila (2.000) euro baino handiagoa.

6. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

7. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.

1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisiko edo juridiko pribatua izatea eta sozietate-egoitza edo helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, sozietateegoitza edo helbidea euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira.

2.– Eskaera onartua izateko, dagokion ekitaldiaren arduradunak sinatutako kontratua, gonbidapena edo ziurtagiria aurkeztu beharko da.

3.– Ez da onartuko nagusiki kapital ekarpen publikoa duten entitate pribatuen, fundazioen, «Ondasunen erkidego» izaerakoen eta dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteen eskaerarik.

4.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzetara aurkeztu laguntza publikoak eskuratzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekua dutenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku hori dutenak barne direla.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren bat eman badiote eta hori itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bateko izapideak egiten ari badira, ezinbestekoa izango da prozedura hori amaitzea diru-laguntza esleitu eta ordaindu ahal izateko.

8. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Etxepare Euskal Institutuari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Ekitaldi bakoitzeko eskabide bana aurkeztuko da. Eskatzaile berak eskabide bat baino gehiago aurkeztuko badu, nahikoa izango da eskatzaileari buruzko administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2013ko urriaren 31n amaituko da.

3.– Aurkez daitekeena honakoa izango da: 2013ko urtarriletik abenduaren 31ra arte egitekoak diren ekitaldiak.

4.– Ebazpen honen babesean aurkeztuko diren eskabideak eranskinetan ezarritakoari jarraituz egingo dira. Eranskinak Etxepare Euskal Institutuaren web orrialdean eskuragarri egongo dira: http://www.etxepareinstitutua.net

5.– Laguntzaren eskabidea ondorengo helbidean aurkeztu beharko da: Etxepare Euskal Institutua. Prim kalea 7. 20006 Donostia. 30/1992 Legean ezarritako beste edozein bide ere erabil daiteke eskabideak aurkezteko (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

10. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egitea galduko duela.

11. artikulua.– Ebazpenak.

1.– EEIko tekniko eta arduradunei dagokie ebazpenproposamena egitea, EEIko zuzendariak ebazpena eman dezan.

2.– Ebazpena Etxepare Euskal Institutuaren web orrialdean argitaratuko da, herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 legearen 59.5.b) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira ebazpenak, eskaera behar bezala osatzen den egunetik kontatzen hasita. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.

Ebazpena Etxepare Euskal Institutuaren web orrialdean argitaratzen den egunetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2013. urtean burutzea.

2.– Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren eta gastuen gauzatzea justifikatu behar du. Justifikazioari ekiteko, diru-laguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.

3.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan edo aurrekontuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz ematea EEIri. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

4.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

5.– Onuradunak, diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

6.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, katalogo, programa, iragarkikartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan, EEIren logoaren bitartez babesa jaso dutela adieraztea, horrelakorik sortuz gero.

14. artikulua.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Ebazpen bidez esleitutako diru-laguntza ordainketa bakar baten bidez gauzatuko da, jarduera amaitu eta behar bezala justifikatu ondoren.

2.– Jasotako diru-laguntzaren justifikazioa egiteko bi hilabeteko epea izango da, jarduera bukatutzat ematen den egunetik hasita. Jarduera abenduan bada, 2014ko urtarrilaren 31 baino lehen. Justifikazioa egiteko honako agiriak aurkeztuko dira:

a) Burututako jardueraren memoria-balorazioa.

b) Egindako gastu eta izandako sarreren balantzea.

c) Diruz lagundutako gastuen egiaztagirien zerrenda ordenatua eta burututako jarduera aurrera ateratzeko egindako gastuen ordainagiri originalak edo konpultsatuak.

d) Joan-etorriak, ostatua eta parking gastuak jatorrizko fakturen bidez edo EEIren egoitzan konpultsatutako fotokopien bidez justifikatuko dira. Dietak justifikatzeko, aski izango da eranskinetan doan fitxa betetzea.

e) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako materialen ale bana, euskarri fisiko nahiz magnetikoan, eta egin den hizkuntza guztietakoa.

f) Jarduera burutu den tokiko kudeaketa-organoarekin izandako kontratu-harremana adierazten duen agiria.

g) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko du.

15. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo izaera orokorreko beste edozein agindutan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako dirukopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetako laguntzak Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako «minimis» arauaren mende daude. Araudi hori Ituneko 87. eta 88. artikuluak minimis -L 379/5, 28.12.2006- laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (egun Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107 eta 108 artikuluak). Arau horiei jarraiki, enpresa jakin bati emandako laguntza osoak ezin du izan berrehun mila (200.000) eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen babesean, ebazpen honen izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko. Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Prim kalea 7, 20.006 Donostia.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Aurrekontua amaitzen baldin bada ebazpen honen ondorioetarako, EEIko zuzendariak, amaitutzat joko du eskabideak aurkezteko epea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpena argitaratzearen bidez, horretarako izendaturiko diru-funtsak agortu direla arrazoituta.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzierrekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2013ko maiatzaren 22a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARIA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala