Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2013ko ekainaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2555

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 21ekoa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, hainbat aktibo Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek inbertsioak egiteko aktibo egokitzat hartzeari buruzkoa.

Egun daukagun egoera ekonomiko eta finantzarioa aintzat hartuta, garai egokia izan daiteke enpresak finantzatzeko neurriak sustatzen dituzten erabaki ekonomikoak hartzeko. Horretarako, Europako ekonomiak, batera hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoak, zehazki, pairatzen duten likidezia-eskasiak eragindako krisia gainditzen lagunduko duten funtsak –ezaugarri jakineko funtsak– mugiarazteko balioko duten tresnak erabili behar dira.

Alde horretatik, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak finantza-iturri interesgarria izan daitezke, sistema finantzarioez gain, betiere haien parte-hartzea merkatu finantzarioan borondatezkoa, erakargarria eta haien izateko arrazoia –aurreikuspena– babesten duena bada. Gainera, xede publikoari lagunduko dion parte-hartzea dela bermatu beharko da, hau da, euskal produkzio-sistemak finantzazio fidagarria eta segurua izan dezan bermatzea.

Hori horrela izanik, ikusirik borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde jakin batzuek duten interesa parte hartzeko, erakunde finantzarioekin batera, finantzazio-iturri berriak euskal produkzio-ehunaren eskura jartzen lagunduko duten ekimen publikoko programetan, beharrezko da erakunde-mailako tresnak jartzea, horrekin batera, euren funtsak inbertitzeko interesa duten erakundeek aktibo egokietan inbertitu dezaten, betiere euren ohiko kideen eta kide onuradunen interesak, errentagarritasunaren eta arriskuaren arabera, aintzat hartuta.

Helburu horiek lortzeko, zehaztapen berriak sartu behar dira Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen inbertsio-arautegian; arautegi hori, bestalde, erakunde horiei buruzko autonomia-erkidegoko arautegian dago jasota.

Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen jarduera jakin batzuk arautzen dituen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11.3 artikuluan –Inbertitzeko jarraibideak– ezartzen da zeintzuk diren inbertsiorako eta aurreikuspen-planak gauzatzeko aktibo egokiak.

11. artikuluaren 8. paragrafoan, bestalde, Ogasun eta Herri Administrazio Sailari ahalmena ematen zaio aurreikuspen-planei loturiko beste aktibo batzuen inbertsioei dagozkien erregimena eta baldintzak ezartzeko; hori guztia, 3. paragrafoan zerrendatuta ez dauden aktiboen inbertsioei dagokienez, betiere.

11. artikuluaren 8. paragrafo horrek nolabaiteko malgutasuna ezartzen du inbertsiorako aktibo egokien zerrendari dagokionez, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek euren aktiboak inbertitzeko dituzten aukerak une edo egoera jakin batean zabaltzeko asmoz, betiere, 11. artikuluaren 2. paragrafoan jasota dauden printzipio hauek errespetatzen badira: segurtasuna, errentagarritasuna, likidezia, dibertsifikazioa, barreiatzea eta kongruentzia.

Aipatu 92/2007 Dekretuan finkatutako baimena erabiltzea arrazoizko eta beharrezkotzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak –Ogasun eta Finantza Sailaren bitartez– ulertzen du aurreikuspen-planak inbertitzeko aktibo egoki berriak finkatzea bide interesgarria izan daitekeela, BGAEek parte har dezaten, ETEei eta pertsona autonomoei begira, batik bat, EAEko herri-administrazioetatik atera daitezkeen babes finantzarioa emateko planen aldamio ekonomiko eta finantzarioari eutsiko dioten ekimen finantzarioetan, betiere, EAEko erakunde finantzarioekin, elkarren bermerako sozietateekin eta gainerako finantza-ekintzaileekin batera.

Ildo horretan, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek finantza-erakundeak funtsez hornitu ahalko lituzkete. Hornikuntza hori, finantza-erakundearen pasiboko kontu batean idatziko liratekeen epe baterako gordailuak harpidetuz gauzatuko litzateke, betiere, helburuari eta harpidetza-denborari dagokienez, jakineko destino-ezaugarri batzuk betez gero.

Agindu honetan aipatzen diren epe baterako gordailuak ohiz kanpoko inbertsio-aukera bat dira, sustatu nahi den programa hau amaitzean amaituko dena, BGAEek inbertsioak egiteko egokitzat har daitezkeen ekimen publikoko beste programa batzuekin etorkizunean gerta daitekeena kontuan hartu gabe.

Horiek horrela, lehenago emandako arrazoiak eta aurreikuspen-planei loturiko aktiboetan inbertitzeko araubidea eta baldintzak ezartzeko Ogasun eta Finantza Sailak duen ahalmena aintzat hartuta, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek inbertsioak egin ditzaten aktibo egokiak honako hauek dira: kreditu-erakundeetan zazpi urte edo epe motzagorako egindako gordailuak –betiere erakunde horien egoitza Europar Batasunaren estatu kide batean badago eta ELGAren dibisa-merkatuetan negoziatzen den dirutan izendatuta badaude– dagozkien erakunde finantzarioen pasibo-kontuetan idazten direnak, eta martxoaren 19ko 183/2013 Dekretuak enpresa txiki eta ertainak, banako enpresariak eta profesional autonomoak finantzarioki laguntzeko arautzen duen programan aipatzen direnak badira.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 21a.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala