Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2013ko ekainaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2551

13/2013 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako honako erabaki hau argitara emateko dena: «Erabaia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunen eta behin-behineko langileen etika- eta jokabide-kodea onartzen duena ».

2013ko maiatzaren 28an egindako bileran, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako erabaki hau onartu zuen: «Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunen eta behin-behineko langileen etika- eta jokabide-kodea onartzen duena»; eta erabaki horri behar bezalako zabalkundea ematearren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian honako erabaki honen testua argitara ematea: «Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunen eta behin-behineko langileen etika- eta jokabide-kodea onartzen duena», ebazpen honen eranskin gisa ageri dena.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 28a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAK MAIATZAREN 28AN EMANDAKO 13/2013 EBAZPENARENA
ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO ETA INSTITUZIONALEKO KARGU PUBLIKODUNEN ETA BEHIN-BEHINEKO LANGILEEN ETIKA- ETA JOKABIDE-KODEA ONARTZEN DUENA

2012ko abenduan, orduko lehendakariaren hautagaiak, Iñigo Urkullu jaunak, politikaren etika-zentzua berreskuratu beharra nabarmendu zuen, Eusko Legebiltzarreko inbestidura-ekitaldia egin aurreko hitzaldian, etorkizuneko gobernu-programaren ildo nagusiak osatzen zituzten proposamenen azken ohar edo amaiera gisa. Eta orobat azpimarratu zuen politikaren zentzu morala berreskuratu beharra.

Lehendik zehaztutako ildo horretan, gaur egungo Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko goi-kargudunen eta behin-behineko langileen etika-kodea egitea, euskal herritarrek erakundeengan eta, zehatzago, Eusko Jaurlaritzaren eguneroko jardunean konfiantza berreskuratzeko neurri gisa.

Egia da, aurreko Legegintzaldian, Jaurlaritzaren Kontseiluak erabaki bat hartu zuela, 2011ko maiatzaren 10ean egindako bileran; eta, erabaki horren bidez, Etika eta gobernatze onaren kodea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzura dauden gobernuko kide, goi-kargudun, behin-behineko langile eta gainerako zuzendarientzat.

Hala ere, testu horren diseinua, edukia eta jarraipen-sistema, neurri batean, ez dator bat hemen proposatzen denarekin. Testu hori onartze hutsak hasieran zuen balio handia ukatu gabe, gaur egungo egoerak eta beharrek horretan jasotako aurreikuspenetatik haratago joatera behartzen gaituzte, orain. Bada, nolabait, Espainiako hainbat gobernatze-mailatan ugaritu diren jokabide-kodeen ereduari jarraikiz egin zen, baina jokabide-kode horietan jaso dena urrun dago zorrotzagoak ziren etika-kode edo jokabide-kodeetatik.

Etika- eta Jokabide-Kodearen asmoa da identifikatzea zer jokabide eta portaera eska dakizkiekeen Eusko Jaurlaritzako Goi Mailako Zuzendaritza Betearazleko kide diren kargu publikodunei, haien jarduera publikoak eta pribatuak guztiz bat etor daitezen dokumentu honetan aurrez zehaztutako balio, oinarri eta jokabide-estandarrekin.

Kodeak abiapuntu duen egitura urruntzen da Estatuko, autonomietako eta tokian tokiko erakundeek orain arte onartutako kodeetatik. Hain zuzen, Espainian, orain arte, onartu eta argitaratu diren etika eta gobernatze oneko kodeen ezaugarritzat hartu da etikaren eta jokabideen printzipio-multzo zabal samarra, baina, betiere, oso adierazpen zehaztugabeak zituzten. Eta, batez ere, ez dute benetan beteko direla bermatzen duen sistemarik ez eta ez-betetzeagatik sortutako ondorioak ezartzeko sistemarik ere ez.

Mundu anglosaxoian, horrelako tresnak eratzean kontuan hartzen dituzten xehetasun-mailetara inolaz ere iritsi gabe, horrelakoetan etika-kodeak hedadura handia har baitezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunen eta behin-behineko langileen Etika- eta Jokabide-kodearen helburua da orain artekoak baino zehatzagoa izatea eta, horren bidez, kargu publikoetan dihardutenei ezinbestean eskatzekoak diren hainbat portaera aurrez zehaztea. Xedea, hain zuzen, honako hau da: eredugarritasuna sustatzea osotasunaren bitartez, erakundearen irudia zaintzea, haren eraginkortasuna indartzea eta bermatzea herritarrek erakundeengan duten konfiantza ez dutela galduko.

Ezin dugu ezkutatu sustatzen ari garen kodea, zalantzarik gabe, zorrotza dela, orain arte, behintzat, Espainiako erakunde jakin batzuek onartu dituztenekin alderatuz.

Gainera, Etika- eta Jokabide-kode hau sustatzean, Eusko Jaurlaritzak lortu nahi du Estatuko sektore publikoaren etika publikoaren eta osotasunaren defentsaren abangoardian jartzea; baita, arlo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoa beste eredu batzuetara hurbiltzea ere; izan ere, zalantzarik gabe, goi-mailako zuzendaritza-postuetako etika publikoaren alorrean nahitaezko erreferentzia baitira.

Ez dugu egokitzat jo kode honetan legezko edo arauzko betebeharrei buruzko aipamenik egitea, hau da, ordenamendu juridikotik ondorioztatutako eskakizunak zorrotz betetzeari buruz, eskakizun horiek berariaz emandako legeetan edo erregelamenduetan nabarmendu beharko baitira (adibidez, goi-kargudunen bateraezintasunen erregimenari buruzko legean). Eta hala, interes-gatazkei buruzko jokabide batzuk jasotzea baztertu gabe, dudarik ez dago gai honen arautze espezifikoena, batez ere kargua bete aurretik eta ondoren jarduera jakin batzuetan aritzeari dagokionez, gaia berariaz arautzen duen legean jasoko dela, eta bertan zehapen-araubide espezifiko bat aurreikusi ahal izango da, legezkotasun-printzipioa kontuan hartuta lege-mailako testu batean arautu behar dena. Kode honek, berez, ez du arau-baliorik, ez bada kodea ez betetzeari lot dakizkiokeen ondorioengatik, edo jasotako jokabideak baliagarriak izan daitezkeelako legeetan, kasuan kasu, aipatzen diren urraketa-motak interpretatzeko.

Hortaz, ziurtzat jotzen da legezko eskakizun horiek (hala nola zigor- edo zehapen-zuzenbideari dagozkionak) kargu publikodunak arduradun publiko moduan eta, hala egokituz gero, herritar moduan dauzkan legezko betebeharren eta eginbideen beharrezko parte direla.

Orobat, nabarmentzekoa da «kode ireki» gisa eratu dela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunen eta behin-behineko langileen Etika- eta Jokabide-kodea. Izan ere, sartutako jarraipen-sistemaren bitartez, kodearen edukia urtean behin aztertu nahi da eta adierazpenak hobetu, baita jokabide edo portaera jakin batzuk sartu ere, hain zuzen, egokitzat joko direnak, gizartearen bilakaeraren eta eskakizunen arabera, Goi Mailako Zuzendaritza Betearazlearen osotasun-irudia indartzeko eta, hartara, euskal herritarrek erakundeengan duten konfiantza sendotzeko.

Kodearen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunei eta behin-behineko langileei aplikagarri zaizkien etika- eta jokabide-arauak ezartzea. Arau horiek jokabideari loturiko gutxieneko estandar gisa prestatu dira, eta sektoreko kodeen edo berariazko kodeen pean ezar daitezke.

Izaera bereko beste dokumentu batzuen aldean, ez da deklarazioko kodea edo benetako eraginik ez duen agiria; izan ere, arau-hausteren bat izan dela egiaztatzen bada, barneko jarraipen-sistema bat aktibatuko da, eta horrek ekar dezake langilea kargugabetzea edo, kasuan kasu, eskumeneko organoei zenbait gomendio egitea, gertatutako okerrak zuzen daitezen. Banakako atxikitze-sistema aurreikusten da.

Etika eta Jokabide-kodea zenbait arau orokorrek osatzen dute eta, gainera, balioen, printzipioen eta portaera edo jokabideen bitartez egituratzen da.

Eusko Jaurlaritzako Goi Mailako Zuzendaritza Betearazleko kargu publikodunen jarduna balio hauek gidatzen dute:

● Osotasuna.

● Bikaintasuna.

● Politika eta kudeaketa bat etorraraztea.

● Lidergoa.

● Berrikuntza.

Balio horien intentsitatea zehaztu ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko Goi Mailako Zuzendaritza Betearazleko kargu publikodun eta parekatuen mailen artean. Argi dago, esate baterako, lidergoak ezin duela intentsitate eta irismen bera izan balio hori bere jardunean zuzendaritza baten titularrak erakusten duenean. Hori bera esan daiteke politika eta kudeaketa bat etorrarazteari buruz, baita berrikuntzari buruz ere. Osotasuna, nolanahi ere, intentsitaterik handienaz hedatu behar da, Goi Mailako Zuzendaritza Betearazleko maila guztietara.

Hona hemen Etika eta Jokabide-kodea osatzen duten printzipioak:

● Inpartzialtasuna eta objektibotasuna.

● Kudeaketari lotutako erantzukizuna.

● Gardentasuna eta gobernatze irekia.

● Onestasuna eta ezaxola subjektiboa.

● Errespetua.

● Eredugarritasuna.

Kasu horietan guztietan, balioetan bezala, kontuan izan behar da Etika eta Jokabide-kodea egiten ari garela kargu publiko betearazleak dituzten pertsonentzat. Hortaz, jarduera politikoetan aritzen diren pertsona guztiek agertu behar dituzten printzipio eta balio orokorrez gain, beste zenbait balio eta printzipio ere sartu behar dira, portaera etikoari ere lotuta izango diren arren, batik bat erakunde publikoak eta bere baliabideak eraginkortasunez eta arduraz zuzentzera eta kudeatzera hedatuko direnak. Ezin da ahaztu, funtsean, politika-, zuzendaritza- edo kudeaketa-erantzukizuneko lanpostu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko betearazteko erabaki-mailak direla.

Hortaz, aipatutako balioek edo, kasuan kasu, printzipioek osatzen dituzte kargu publiko eta parekatuei eskatu ahal zaizkien jokabideak eta portaerak. Horien arteko gertutasuna edo senidetasuna ikusita, zenbait kasutan jokabide horiek balio gehi printzipio baten edo batzuen barnean bateratu ditugu. Beraz, jokabide horiek honela egituratuko dira:

● Kargu publikodunaren osotasunari, inpartzialtasunari eta objektibotasunari lotutako jokabideak eta portaerak.

● Bikaintasunari lotutako jokabideak eta portaerak.

● Politika eta kudeaketa bat etorrarazteari lotutako jokabideak eta portaerak.

● Lidergoari lotutako jokabideak eta portaerak.

● Berrikuntzari lotutako jokabideak eta portaerak.

● Onestasunari, desinteres subjektiboari eta jarduera pribatuak edo publikoak dituzten kargu publikodunek kargua bete bitartean izan ditzaketen interes-gatazkak saihesteari lotutako jokabideak eta portaerak.

● Erakundeekiko eta pertsonekiko errespetuari dagozkion jokabideak eta portaerak.

● Gardentasunari eta gobernatze irekiari buruzko jokabideak eta portaerak.

● Kudeaketaren erantzukizunari buruzko jokabideak eta portaerak.

● Eredugarritasunari eta kanpoko beste adierazpen batzuei buruzko jokabideak eta portaerak.

Atal edo epigrafe horietako bakoitzaren barruan zenbait jokabide eta portaera sartzen dira sistematikoki; batzuetan gehiago, besteetan gutxiago. Adierazpenak horrela ordenatzeak aukera ematen du horiek hobeto identifikatzeko eta, era berean, portaera horiek berenganatu behar dituzten pertsonei errazago ulertzen eta barneratzen lagun diezaieke.

Halaber, kodean jasotakoa aldian behin aztertzeko eredua ezarri da, eta, hortaz, inguruabar edo une bakoitzera egokitzen den ala ez ere aztertuko da.

Batzorde Etiko Publikoa sortu da, eta garrantzi handiko eginkizunak izango ditu kodea bultzatzeko, koordinatzeko eta jarraitzeko.

Kode etikoa hedatzeko zenbait neurri aurreikusten dira eta, orobat, banakako atxikitze-sistema ere; horrek berekin dakartza betebehar garrantzitsuak, baldin eta testuan jasotako aurreikuspenak urratzen badira.

Azkenik, kode hau gai horri buruzko legediaren osagarri dela ulertzen dugu. Hortaz, une honetan Legebiltzarrean izapidetzen ari den lege-proposamenak eratuko duen bateraezintasunen, interes-gatazken eta gobernatze onaren erregimenari buruzko araudia egiteko edo aldatzeko lanaren zatitzat jotzen dugu jarduera hau. Horregatik guztiagatik, Jaurlaritzaren Kontseiluak, Herri Administrazio eta Justizia sailburuaren proposamenez eta gaia eztabaidatu ondoren, honako hau erabaki du

ERABAKIA

«Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunen eta behin-behineko langileen Etika eta Jokabide Kodea onartzea. Erabaki honen I. eranskin gisa jaso da.

Bigarrena.– Onartutako Etika eta Jokabide-kode honi loturiko kargu publikodunen eta behin-behineko langileen banakako atxikitzeko aitorpen-eredua onartzea. Erabaki honen II. eranskin gisa jaso da.

Hirugarrena.– Baliorik gabe uztea 2011ko maiatzaren 10eko Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzura dauden gobernu-kideen, goi-kargudunen, behin-behineko langileen eta gainerako zuzendarien Etika eta Gobernatze onaren Kodea onartzen duena.

Laugarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea».

I. ERANSKINA
EUSKADIKO AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO ETA INSTITUZIONALEKO KARGU PUBLIKODUNEN ETA BEHIN BEHINEKO LANGILEEN ETIKA ETA JOKABIDE KODEA

1.– Etika eta Jokabide Kodearen xedea.

1.1.– Kode honen xedea da zehaztea zer arau etiko eta jokabide-arloko bete behar dituzten Eusko Jaurlaritzako kideek, EAEko Administrazio Orokorreko eta Administrazio Instituzionaleko goi-kargudunek, aldi baterako langileek eta konfiantzazkoek, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeetako zuzendaritzetako kideek.

1.2.– Kode honetan bildutako etika- eta jokabide-arauek Eusko Jaurlaritzako Goi Mailako Zuzendaritza Betearazlea osatzen duten kargu publikodun eta parekatuen integritate etikoa eta jardun eraginkorra sustatzea dute xede. Arau horiek, gainera, badute beste helburu bat ere: Eusko Jaurlaritzako Goi Mailako Zuzendaritza Betearazlearen kalitate handiari eustea, are kalitate hori areagotzea ere, maila handiko zerbitzu publikoak eman eta, ondorioz, herritarrek beren erakundeetan duten konfiantza gorde eta indartzeko.

1.3.– Kode honetan jasotzen diren balioak, printzipioak eta, hala egokituz gero, jokabideak berehala egokituko dira Eusko Jaurlaritzaren legeek gai honetan jasotako aurreikuspenetara, betiere azken horiek eta aurreko haiek zerbaitetan bat ez etorriz gero.

1.4.– Nolanahi ere, kode hau tresna bizia eta malgua da, eta aldatu, egokitu eta zuzendu ahal izango da Etika Publikorako Batzordeak, urtero egindako txostenen arabera, berariaz emandako gomendioak eta proposamenak kontuan hartuta.

2.– Etika eta Jokabide Kodearen hartzaileak.

2.1.– Hauek dira Etika eta Jokabide Kode honen hartzaileak:

a) Lehendakaria.

b) Eusko Jaurlaritzako sailburuak.

c) Euskadiko Administrazio Orokorreko goi-kargudunak, 7/1981 Lege, ekainaren 30eko, Jaurlaritzari buruzkoaren 29. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

d) Sortze- edo izendatze-arauan aurrekoekin parekatutako kargu publikodun guztiak.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeetako publikoetako zuzendaritzetako kideak.

2.2.– Etika Kodea berdin aplikatuko zaie Euskadiko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko aldi baterako nahiz konfiantzazko langileei, baldin eta ez badute lotura zuzenik eduki betearazle hutsa duten edo zerbitzuak zuzenean emateko diren jardueretan aritzearekin.

2.3.– Kode hau ez zaie aplikatzen Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra eta Instituzionalaren zerbitzuko funtzionarioei eta langile lan-kontratudunei, enplegu publikoari buruzko euskal legeek horretarako xedatutakoari jarraituko baitiote, edo, bestela, Eusko Jaurlaritzak, kasuan kasu, Ebazpen edo erregelamenduzko arau-xedapen bidez zehaztutako Jokabide Kodeak xedatutakoari, alde batera utzi gabe 7/2007 Lege, apirilaren 12ko, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua onartzekoaren 52. artikulutik 54. artikulura bitartekoen eta lehen xedapen gehigarriaren aplikagarritasuna.

2.4.– Era berean, kasuan kasuko gobernu-organoek hala erabakiz gero, kode hau administrazio independenteetako kargu publikodun eta parekatuei edo epigrafe honetako lehenengo eta bigarren atalean jasota ez dauden autonomia-erkidegoko Herri Administrazioko gainerako instituzio edo erakundeetakoei aplikatu ahal izango zaie.

3.– Etika eta Jokabide Kodearen izaera.

3.1.– Kode honek gutxieneko etika- eta jokabide-arau batzuk jasotzen ditu, kargu publikodunek eta 2. epigrafean aurreikusitako parekatuek errespetatu beharko dituztenak. Arau horiek gutxieneko estandarrak dira, eta beren eskakizun-mailetan osatu egin daitezke kasuan kasuko esparruetan edo erakundeetan onar daitezkeen berariazko edo sektoreko kodeen bidez.

3.2.– Etika- eta jokabide-arauak ez direla betetzen edo jokabide-estandar horiek ez direla behar bezala betetzen zalantzarik gabe egiaztatu ondoren, Etika Publikorako Batzordeak hurrengo neurri hauetakoren bat hartzeko proposatuko dio izendapenaren organo eskudunari egindakoen edo egin gabe utzitakoen eragin instituzionala aztertu eta haren larritasuna edo izandako ondorioak kontuan hartuta:

a) Kargua berehala uzteko gomendioa, baldin eta pertsona batek edo batzuek, egiteagatik edo egin gabe uzteagatik, bete ez badituzte zehaztutako balioak, printzipioak edo jokabide-estandarrak, edo haiei kalte egin badiete.

b) Organo eskudunera jotzea, aplikagarria den legediaren arabera pertsona horiei ezar dakiekeen diziplina-zehapena abiarazi, bideratu eta, hala egokituz gero, ezartzeko.

c) Ministerio Fiskalera jotzea autonomia-erkidegoko Administrazioko organo eskudunaren bitartez, ez-betetzea berekin ekarri duen egintza edo ez-egitea falta edo delitua bada.

3.3.– Kargu publikodun eta parekatuek, banan-banako atxikitze-egintzan, bere egingo dute dimisioa organo eskudunari aurkezteko konpromisoa, Kode honetan aurreikusitakoaren arabera, jokabideak betetzeari dagokionez, berekin kargu-uztea dakarten kasuetakoren bat egokitzen bazaie.

3.4.– Nolanahi ere, balioek, printzipioek eta portaerek (jokabide-estandarrek) argituko dute nola interpretatu eta aplikatu behar diren aplikagarria den legediak, horrelako kargu publikodun eta parekatuen egintzei edo ez-egiteei dagokienez, jasotako zehapen-erregimena eta administrazio-arloko urratze-motak.

4.– Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra eta Instituzionalaren Goi Mailako Zuzendaritza Betearazlearen jarduna gidatu behar duten balioak.

4.1.– Goi Mailako Zuzendaritza Betearazleko kargu publikodunen jarduna balio hauek gidatzen dute:

4.1.1.– Integritatea.

Integritatea, kode honen ikuspuntutik, alde batetik, kargu publikodunek eta parekatutakoek honako hauei atxikimendu sistematiko eta iraunkorra izatea da: onestasun-, inpartzialtasun-, objektibotasun-, gardentasun-printzipioei, esparru juridikoaren errespetuari eta, zer diren gorabehera, ingurune publiko horretan esku hartzen duten edo harekin harremana duten pertsona guztiei; bestetik, beren eskumeneko gaien kudeaketan erantzukizun-parametroen arabera jokatzea da.

4.1.2.– Bikaintasuna.

Bikaintasun-balioak berekin dakar inplikatzea eta etengabe ahalegintzea beti hobetzeko, eta, horren ondorioz, herritarren eskakizunak guztiz betetzeko erabaki publikoetan eta ematen diren zerbitzu publikoetan, eraginkortasunez jokatuz eta bat etorraraziz erakundean lan egiten duten pertsonak helburuetan, hala nola teknologiei eta prozesuei dagokienez.

4.1.3.– Politika eta kudeaketa bat etorraraztea.

Kalitate instituzionalak nahitaezkoa du estrategiak, helburuak eta baliabideak ildo beretik joatea Goi Mailako Zuzendaritza Betearazlearen egiturako maila politikoetan eta zuzendaritzako nahiz bitarteko mailetan, hala nola erakunde horretan lan egiten duten gainerako pertsonen artean (enplegatu publikoak). Bat etortze horretan, beharrezkoa da proiektuak eta informazioa partekatzea, konfiantza eta taldean lan egiteko giroa sortzea, eta ideiak eta jarduna sustatzea, gobernu-programa garatzeko eta, horrenbestez, herritarren beharrak betetzeko.

4.1.4.– Lidergoa.

Lidergoak beharrezkoa du ikuspegi estrategikoa izatea, zentzua eta norabidea ematea erakundeari, balioa egiaztatzea eta giro egokia sortzea, prestasuna, inplikazioa, gogoa eta egitura horretan lan egiten duten pertsonen arteko leialtasuna sustatzeko, taldeak trinkotzeko eta jokabide proaktiboa izateko, ardurak, kasuen arabera, delegatuz behar izanez gero.

4.1.5.– Berrikuntza.

Goi Mailako Zuzendaritza Betearazlean, berrikuntza-balioak berekin dakar kultura-molde hau ezartzea eta sustatzea: erakundean zehar sormena sustatzen duena; pertsonen lanbide-gaitasunak garatzen dituena; eta prozesuen, produktuen eta zerbitzuen emaitzak etengabe hobetzen dituena. Berrikuntzaren ondorio da erabakitasunez eta etengabe egitea aldaketaren alde, herritarren eskariei eta beharrei aurrea hartzea, eta egokitzeko ahalmena eta irekitasuna izatea ideia, kontzeptu eta prozesu berrien aurrean.

4.2.– Epigrafe honetako 1. atalean jasotako balioak gehiago zehaztu ahal izango dira, hala egokituz gero, Goi Mailako Zuzendaritza Betearazlea osatzen duten kargu publikodun eta parekatuen maila bakoitzean benetan daukaten aplikagarritasunaren norainokoari dagokionez, Etika Publikorako Batzordeak horretarako landutako proposamena hartu eta Eusko Jaurlaritzak erabakitzen duenaren arabera.

5.– Etika eta Jokabide Kodearen printzipioak.

5.1.– Lehen aipatutako balioek eta epigrafe honetan jasotako printzipioek argi uzten dute zer ardatzetatik abiatuta egituratzen diren kode honetan aurreikusten diren portaerak eta jokabide-estandarrak.

5.2.– Honako printzipio hauek dute eragina kode honetan aurreikusitako jokabideak zehaztean:

5.2.1.– Inpartzialtasuna eta objektibotasuna.

Erabakiak hartzeko prozesuan eta, bereziki, beren eskumenak erabiliz egiten dituztenetan, kargu publikodun eta parekatuek beti jokatuko dute inpartzialtasun- eta objektibotasun-printzipioen arabera. Proiektu horiek, bereziki, kontratazio-prozeduretan, diru-laguntzak ebaztean, normen aplikazioan eta finantza-baliabideen edo bestelakoen erabilpenean baliatuko dira.

5.2.2.– Kudeaketari lotutako erantzukizuna.

Kargu publikodun eta parekatuek gauzatutako kudeaketagatik erantzun beharko dute, hala nola beren eskumenen eta funtzioen esparruaren barruan hartutako erabakiengatik, egindakoengatik nahiz egin gabe utzitakoengatik. Haien erantzukizuna, kasuan kasu, politikoa edo kudeaketari lotutakoa izan ahal izango da, eta erantzukizun horrek –legez aurreikusitako kasuetan– kontuak ematea ekarri ahal izango du berekin, eta, horrenbestez, are kargua utzi behar izatea edo kargutik kentzea ere. Erantzukizun hori eraginkorra izateko, kargu publikodun eta parekatuek beren ebazpenetan, egintzetan edo beste erabakietan neurri horien arrazoi objektiboak jakinarazi eta justifikatu beharko dituzte, eta, horrela, Parlamentuaren eta herritarren azterketa egokiaren mende egongo dira.

5.2.3.– Gardentasuna eta gobernu irekia.

Kargu publikodun eta parekatuek, erabaki eta egin dituztenak jakinarazteaz gain, herritarrei informazio fidagarria eta osoa eman behar diete hartzen dituzten erabakiei buruzko arrazoiez, azterlanez, ikerketez eta prozedurez, hala nola, bereziki, haien finantza-kostuez eta kostuok ordaintzeko moduaz. Informazio hori legeek salbuespen moduan aurreikusiz gero soilik mugatu ahal izango da. Gardentasunarekin batera, erabakitasunez eta gero eta zorrotzago egin beharko da gobernu irekiaren alde, eta, bereziki, finantza-ondorioak dituzten erabaki edo egintza guztiei buruzko informazio zehatza emateko konpromisoaren alde. Aurrekontu-egonkortasuna eta zorpetze jasangarria zaintzea izango da haren jardunaren ildo nagusia.

5.2.4.– Onestasuna eta desinteres subjektiboa.

Kargu publikodun eta parekatuek bere eginkizunak zuzen betetzea eragotz edo traba dezaketen interes publiko edo pribatu oro aitortu behar dute, eta beharrezko urratsak egingo dituzte edozein interes-gatazka konpontzeko, organo eskudunei horrelako edozein gorabehera jakinaraziz, garrantzi txikienekoa izanda ere. Horren ondorio da, halaber, erabaki guztiak interes publikoaren eta herritarren onurarako baino ezin hartu ahal izatea, eta guztiz baztertzea erabaki edo ebazpen bat hura hartzen duen pertsonaren, haren senideen, ezagunen edo lagunen mesederakoa nahiz edozein motatako interes partikularrek eragindakoa izan daitekeelako edozein susmo edo zalantza.

5.2.5.– Errespetua.

Kargu publikodun eta parekatuek pertsonek merezi duten eta eska dakiekeen errespetu eta duintasunarekin tratatu behar dituzte herritarrak, enplegatu publikoak, beste kargu publikodunak eta ordezkariak. Beraz, ez dute mespretxuzko hitzik erabiliko, ez dute bazterkeriazko jokabiderik izango, iruzkinik egingo, eta bereziki zainduko dute generoa, arraza, erlijioa, sinesmenak, ideologiak, sexu-orientazioa, ezintasuna edo beste edozer dela eta inor ez diskriminatzea. Jendaurrean, terrorismoaren edo beste edozein indarkeria-motaren biktimekiko errespetu berezia erakutsiko dute. Pertsonak kortesiaz eta adeitasunez tratatuko dituzte, eta haiek beren instituzio edo erakundeetan betetzen duten eginkizuna aintzat hartuko du.

5.2.6.– Eredugarritasuna.

Kargu publikodun eta parekatuak, bereziki gobernu- edo erakunde-egituretan postu nagusiren bat betetzen badu, erakundearen ispilua dira, herritarrei bezala erakunde publiko horretan diharduten gainerako pertsonei ere erakundearen irudia itzultzen diena, eta, horregatik, ez du ezer egin behar edo egin gabe utzi behar horrek kalte egiten badio, txikiena izanda ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra eta Instituzionalaren ospe, duintasun eta irudi instituzionalari, herritarrek sistema instituzionalean duten konfiantza ez gutxitzeko.

5.3.– Epigrafe honetako 2. atalean jasotako printzipioak gehiago zehaztu ahal izango dira Goi Mailako Zuzendaritza Betearazlea osatzen duten kargu publikodun eta parekatuen maila bakoitzean benetan daukaten aplikagarritasunaren norainokoari dagokionez, Etika Publikorako Batzordeak horretarako landutako proposamena hartu eta Eusko Jaurlaritzak erabakitzen duenaren arabera.

6.– Kargu publikodun eta parekatuen integritateari, inpartzialtasunari eta objektibotasunari lotutako jokabideak eta portaerak.

Kargu publikodun eta parekatuek hurrengo jokabide eta portaera hauek izan beharko dituzte integritate-balioari eta inpartzialtasun eta objektibotasun-printzipioei dagokienez:

● Ez dute egingo pertsona edo erakunde publiko edo pribatu batzuen alde edo faboritismo-nahiak eraginda jokatu duelako edozein susmo pitz dezakeen ezer.

● Inoiz ez dituzte erabiliko postu instituzionala edo karguaren ondoriozko pribilegioak zuzenean edo zeharka abantailak lortzeko norberarentzat, hala nola abantailak edo desabantailak lortzeko edozein pertsona edo erakunderentzat, betiere neurri horiek ez badaude babestuta indarreko araudi-esparruan.

● Bere erabakiak edo irizpideak beste enplegatu edo kargu publikodun batzuek betez gero, eskura dituen bitarteko guztiak jarri beharko ditu irizpide edo erabaki horiek interes publikoa betetzen erabil daitezen, eta inoiz ere ez enplegatu edo kargu publikodun horiek haietatik zuzenean edo zeharka etekina atera dezaten beraientzat edo beste batzuentzat.

● Bere erabaki, ebazpen eta ekintza guztiak informazio fidagarrian oinarrituta egongo dira (txostenak, azterlanak, proiektuak, irizpenak), bai eta ebatzi beharreko gaiari lotuta eskura dauden datuen azterketa objektiboetan ere. Horretarako, aholkularitza teknikoa baliatuko da, bitarteko propioen eta, hala egokituz gero, kanpokoen bidez, arazoak modu objektiboan hartzen eta behar bezala konpontzen laguntzeko.

7.– Bikaintasunari lotutako jokabideak eta portaerak.

Kargu publikodunak eta parekatuak, bere eginkizunak betetzean, bikaintasun-jokaeretan oinarrituta eta haiei egokituta jardungo du arlo politikoan eta betearazte-eginkizunetan, eta zehazki:

● Karguari lotutako eginkizunak konpromiso handiz bete beharko dituzte, hala nola beti ahaleginduz gidatzen duen saila edo unitatea etengabe hobetzeko.

● Dagozkion eginkizunak betetzean, herritarren eskakizunak betetzea eta haiei zerbitzu publiko hobeak ematea izan behar ditu xede nagusi.

● Baliabideen erabileran eraginkortasuna lortzea izango dituzte helburu, baliabideak pertsonalak izan nahiz teknologikoak edo kudeaketa-prozesuen arlokoak.

● Gaitasun profesionalak eta pertsonalak garatu beharko dituzte, arreta etengabe jarriz prestakuntzan. Lanbide-garapenean jarritako arreta horrek ez die inoiz ere ezertan ere kalte egin beharko daukan kargu publikoari dagozkion eginkizunei.

● Era berean, hizkuntzetan etengabe hobetzeko konpromisoa hartuko dute, batez euskarari eta karguari lotutako eginkizunak zuzen betetzeko nahitaezkoak diren beste hizkuntzei dagokienez.

8.– Politika eta kudeaketa ildo berekoak izateari lotutako jokabideak eta portaerak.

Kargu publikodunek eta parekatuek politikaren eta kudeaketaren bat etortze egokia lortzen ahalegindu beharko dute beren sail, unitate edo erakundeetan. Zehazki, honako hauek bat etortze horren ondorio dira:

● Jomugak eta helburuak leialtasunez partekatzea, hala nola eskura dauden bitarteko guztiak jartzea, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra eta Instituzionalaren politika publikoek emaitza ona izan dezaten, eta onuragarriak izan daitezen herritarrentzat.

● Era berean, ideiak, proiektuak eta informazioa partekatzea gainerako lankideekin, kargu bera dutenekin edo enplegatu publikoekin, eta eginkizunak, lana, elkarrekiko leialtasun-giroan, konfiantza-giroan gauzatzea.

● Sare-lana bultzatzea, eta, bereziki, politika eta kudeaketa bat etorraraztea informazioaren eta komunikazioen teknologien bidez.

● Sailean, unitatean edo erakundean zuzendaritza-ardurako postuak betetzen dituzten pertsonek leialki eta profesionaltasunez lan egitea Gobernuaren proiektua eraginkorki garatzeko eta agintaldiko programa edo plana betetzeko, bakoitzaren ideologia edozein izanda ere.

● Kargu publikodun eta parekatuek aurrekontua politika eta kudeaketa bat etorrarazteko tresna moduan erabili behar izatea helburuen diseinuan eta emaitzen lorpenean.

9.– Lidergoari lotutako jokabideak eta portaerak.

Lidergo-balioaren erabilera zuzena jokabide hauetan adierazten da:

● Kargu publikodunek eta parekatuek lehentasuna eman behar diete beti ikuspuntu estrategikoari eta plangintzari beren eginkizunak betetzean, etorkizuneko erronken eta arazoen konponbidea aurreikusteko.

● Era berean, babesten duten proiektuaren alde jarduteko gogo bizia zabaldu behar dute erakundean eta hartan lan egiten dutenen artean, eta bere taldeari nahiz lankideei inplikazioa, buru-belarri aritzea eta leialtasuna eskatu behar dizkiete, bai eta kutsatu ere.

● Lantaldeen trinkotasuna sustatuko dute, elkarreragina eta jarrera proaktiboa bultzatuko dituzte haien funtzionamenduan, eta, erakundeak funtzionamendu ona izan dezan, beharrezko ardura guztiak utziko dituzte gaitasuna duten pertsonen esku.

10.– Berrikuntzari lotutako jokabideak eta portaerak.

Berrikuntza-balioari lotutako jokabideak eta portaerak honela adierazten dira:

● Kargu publikodunen eta parekatuen jardueran, berrikuntza jarraibide nagusietako bat izango da, bai erakundean bertan, bai dagozkien eginkizunak betetzean, bai sailean, unitatean edo erakundean ematen diren zerbitzuetan.

● Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra eta Instituzionalaren egitura guztietan, berrikuntza sustatu egingo da, epe luzean balioa sortzeko estrategia sostengarri moduan.

● Ingurune hurbilean eta lankideen artean etengabeko berrikuntza-kultura sustatu beharko dute, eta, horren ondorioz, beren emaitzetan behar bezala ebaluatuko diren berrikuntza-proiektu zehatzak abiaraziko dira aurrekontu-ekitaldi bakoitzean.

● Berrikuntzak berekin ekarriko du uneoro galdetzea eta aztertzea ea gauzak egiteko modu tradizionalak eta egungo metodoek egokienak, beharrezkoenak eta eraginkorrenak izaten jarraitzen duten, eta etengabe sustatuko du aldaketak egitea pertsonak, prozesuak eta bitarteko teknologikoak kudeatzeko moduetan.

● Era berean, beren erakundeak etengabe irekita egotearen, egokitzeko gaitasuna izatearen alde egin beharko dute, kasuan kasuko erakundeen lehiakortasuna hobetzeko, sektore publikoko beste ingurune batzuez den bezainbatean.

● Berrikuntza-ekintzak bereziki eta etengabe hedatuko dira pertsonen, erakundeen, prozesuen eta ondasun nahiz zerbitzuen ekoizpenaren kudeaketan.

11.– Onestasunari, desinteres subjektiboari eta jarduera pribatuak edo publikoak dituzten kargu publikodunek kargua bete bitartean izan ditzaketen interes-gatazkak saihesteari lotutako jokabideak eta portaerak.

11.1.– Onestasunari, desinteres subjektiboari eta kargu publikodun eta parekatuen interes-gatazkak saihesteari lotutako jokabideak eta portaerak bi motatakoak dira nagusiki:

a) Interes-gatazkak sor ditzaketen jokabideak.

b) Opariekin eta litezkeen mozkinekin zerikusia duten jokabideak.

11.2.– Goi-mailako kargudunek beren postu publikoaren interesekin batera norberaren interes pribatuak, zuzeneko senideen interesak edo hirugarren pertsonekin partekatutakoak agertzen diren kontuekin zerikusia duten erabakietan esku hartzean sortzen dira interes-gatazkak.

11.3.– Inola ere baztertu gabe Legeak kasu bakoitzean jasotako jokabideak eta haietan bildutako betebeharrak, kargua bete bitartean beti saihestu beharreko interes-gatazka posibleei lotutako jokabideak hauek dira:

● Kargu publikodun eta parekatuak inoiz ere ez dituzte erabiliko bere pribilegioak edo eskumen instituzionalak prozedurak azkartzeko, kargetatik salbuesteko edo onuraren bat emateko hirugarren pertsonen edo erakundeen alde, Eusko Jaurlaritzarenak edo haren erakunde instrumentalenak ez diren interesengatik.

● Edozein erabaki edo jardueratan interes propioek eta interes publikoak talka egiten badute, horren berri eman beharko dute jendaurrean, eta inoiz ez dute ezer egingo baldin eta egin beharreko horretan zuzeneko edo zeharkako interes pertsonala badute, edo litekeena bada aipatutako interes-borroka piztea.

● Ez du inolako negoziorik edo jarduerarik egingo, zuzenean edo zeharka talka egin badezake interes publikoekin, edo zalantzan jar badezake erabakiak hartzeko prozesuaren edo Herri Administrazioaren funtzionamenduaren objektibotasuna.

● Balizko interes-gatazka batean nahas daitezkeen kargu publikodun eta parekatuek lehentasuna eman behar diete beti interes publikoei.

● Bere betebeharrekin eta erantzukizunekin talka egiten duten edo egin dezaketen interes-gatazka posible baten eraginpean egon daitekeen kargu publikodun eta parekatuek berehala jakinarazi beharko diote hori Etika Batzordeari eta, idatzita ahal bada, gatazka horren berri eman beharko dute, edo, bestela, gutxienez, unean bertan edo etorkizunean balizko interes-gatazka bat egon daitekeelako zalantza jakinarazteko betebeharra dute. Idazkiak aipatu organo horren erantzuna jasoko du berehala. Interes-gatazka bat pizten bada, edo gatazka hori egon daitekeelako zalantza sortzen bada, kargu publikodun eta parekatuek, erakundearen izen ona zaintzeko kautelazko neurri gisa, ez dute esku hartuko ezer erabakitzeko edozein prozesutan, prozesuan esku hartuta interes-gatazka bat pizteko zalantza txikiena ere egonez gero.

● Kargu publikodun eta parekatuek, aurreko atalean aurreikusitako egoeretako batean badaude, nagusi hierarkikoaren esku utzi beharko dituzte bere ardurak, edo, bestela, egoera horietako ezeinetan ez dagoen saileko edo erakundeko beste kargu publikodunen baten esku.

● Era berean, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra eta Instituzionaleko kargu publikodun batek kargua hartu baino lehen edo ondoren izandako lanbide-jarduerak direla eta sor daitezkeen interes-gatazkak arautuko ditu legeak.

11.4.– Opariei edo litezkeen onurei lotutako jokabideak edo portaerak:

● Kargu publikodun eta parekatuek ez dute onartuko pertsona edo erakunde publiko edo pribatuen inolako ematerik edo oparirik, ohiko ohiturei edo kortesiari lotuta ez badaude, betetzen duten karguagatik jasoz gero, geroago bere erabaki publikoetan interferentziak oro saihesteko eta, horrenbestez, erakundearen inpartzialtasun- eta integritate-irudia zaintzeko. Opari edo emate guztiak lehenbailehen itzuliko zaizkie haiek egin dituzten erakundeei edo pertsonei. Itzultze hori, dena delakoagatik, ezinezkoa bada, erakunde publikoetako gizarte-zerbitzuei edo gobernuz kanpoko erakundeei emango zaizkie gauza horiek, geroago premia duten pertsona eta kolektiboen artean bana ditzaten. Opariok ezin badira banatu aurreko atalean adierazi bezala, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ondareari gehituko zaizkio, eta, horrenbestez, legez bidezko den erabilera emango zaie.

● Bidaiei dagokienez, hirugarrenek bidaiatzeko txartelak, hotela eta mantenua ordaintzea baino ez du onartuko, baldin eta kargu publikodun eta parekatuek, instituzio pribatu, publiko edo instituzio publikoen mendeko erakundeek ofizialki gonbidatuta, jarduera, bilera, jardunaldi edo kongresuren batean parte hartu behar badute bere ardura betearazleekin zerikusi zuzena duten gaiak lantzeko.

● Inoiz ere ez dute onartuko diruzko edo gauzazko saririk hitzaldiak emateagatik edo eztabaidetan parte hartzeagatik, jarduera bere kualifikazioen edo aurretiazko lanbide-jardueren arabera gauzatzen ez bada, eta ekitaldi horretan parte hartzearen xedeak batere zerikusirik ez badu kargu publikoa betetzearekin.

● Ez dute onartuko pertsona fisikoen nahiz erakunde pribatuen faborezko traturik, ez eta arrazoirik gabeko pribilegioa edo abantaila dakarren egoerarik ere.

● Era berean, beharrezkoak diren zentzuzko neurri guztiak hartu beharko dituzte hurbileko senideek inola ere oparirik edo mozkinik jaso ez dezaten edozein pertsonarengandik edo erakundetatik, baldin eta jasotze horrek hirugarrenen aldeko faborezko tratua dagoelako susmo txikiena ere pitz badezake eta, horrenbestez, kalte egin badiezaioke herritarrek beren erakundeez duten inpartzialtasun- eta konfiantza-irudiari.

● Kargu publikodun eta parekatuek gainerako herritarrentzat aurreikusitako baldintza eta eskakizun berak bete beharko dituzte finantza-eragiketetan, ondare-betebeharretan edo egiten dituzten negozio juridikoetan.

● Ez dituzte desegokiro erabiliko Administrazioak, betetzen duen karguagatik, eskura jartzen dizkion ondasunak eta zerbitzuak.

11.5.– Onestasunak jokabide zuzen, zintzo eta prestua izatea dakar berekin, hitza eta jokaera kasu bakoitzean zuzentzat jotakora egokitzea, bidegabeko abantailak baztertzea eta ez erabiltzea karguari lotutako pribilegioak ezein onura-mota lortzeko.

11.6.– Era berean, kargu publikoan jokabide onesta izatearen ondorio da gauza izatea egiazkotasuna eta sinesgarritasuna adierazteko, eta ez engainatzea, nahastea edo estaltzea konpondu beharreko arazoak.

● Kode honen eraginpeko pertsonek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, hartako Administrazio Instituzionala osatzen duten erakundeak edo sektore publikoa ordezkatzen badituzte partzuergoetako edo partaidetutako beste erakunde batzuetako administrazio-kontseiluetan edo beste gobernu-organo batzuetan, inoiz ere ez dute babestuko zuzendaritza-mailako pertsonen kontratazioa, baldin eta kontratu horietan blindaje-klausulak edo kargua uzteagatiko kalte-ordainak ezarri eta haiek Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zuzenbide pribatuko sozietate eta erakunde publikoetako zuzendaritzetako kideentzat legez onartutako kopurua baino handiagoak badira.

12.– Erakundeekiko eta pertsonekiko errespetuari dagozkion jokabideak eta portaerak.

Kargu publikodun eta parekatuek honako jokabide hauek izango dituzte, erakundeekiko eta pertsonekiko errespetuari dagokionez:

● Kargu publikodun eta parekatuek arretaz eta begirunez hartuko dituzte erakunde bereko gainerako kargu publikodunak, enplegatu publikoak eta herritarrak, bai eta karguaren eta arduren ondorioz gauzatutako harremanetan parte hartzen duen edonor ere.

● Kargu publikodunek eta parekatuek ezingo dituzte inolaz ere faltsutu curriculum profesionalari, titulazioari eta esperientziari buruzko datuak, ez eta haiei buruz gezurretan aritu ere, ordezkatzen duten erakundeari eta herritarrei zor zaien begiruneagatik. Arlo horiei buruzko edozein faltsutze eta gezurren ondorioa izango da kargu publikoari berehala uko egitea, eta hala badagokio, funtziogabetzea.

● Kargu publikodun eta parekatuek adeitasunez, jendetasunez eta enpatiaz garatu behar dituzte betiere edozein erakundeko ordezkariekiko harremanak (erakunde publiko zein pribatuetakoak barne hartuta), bai eta edonorekiko harremanak ere.

● Halaber, kargu publikodun eta parekatuen arteko harremanak, bai eta gainerako aktore politikoekin eta beste kargu publikodun batzuekin dituzten harremanak ere, begirunean eta hizkuntza zaindu eta zuzenean oinarritu behar dira.

● Oposizio politikoarekiko harremanetan adeitasun eta begirune berezia adieraziko dute, bai erakundeetan, bai erakundeetatik kanpo, eta eztabaida publikoan desadostasunak argi eta irmo azalduko dituzte, baina fintasun osoz, betiere irainak eta gaitzespen pertsonal zein politikoak alde batera utzita.

● Orobat, begirune eta arreta berezia izango dute enplegatu publikoekin, batez ere beren funtzioei dagozkien arlo edo jarduera-sektoreko kideekin. Horrenbestez, pertsona horiei zor zaien errespetua eta begirunea erasan dezaketen jokabideak saihestuko dituzte.

● Ardurapean dituzten edota erakundean lanean diharduten enplegatu publikoen aurkako jazarpentzat har daitekeen edozein neurri edo ekintza saihestuko dute erabat, eta esplizituki zein inplizituki bereizkeriazko tratua dakarren jokaera oro alde batera utziko dute. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko errespetua bereziki zaindu eta sustatuko dute. Edozein bereizkeria-egoera berehala salatu ahal izango da Etika Publikorako Batzordearen aurrean, eta salaketa hori bidezkoa ala bidegabea den argitzeko ikerketa egingo du Batzordeak, informazio-espedientea irekitzea objektiboki justifikatzen duten zantzuak abiapuntutzat hartuta. Albistea oinarrigabea baldin bada, gertaera horien ondorioa izango da funtsik gabe salaketa jarri duenari diziplinazko espedientea irekitzea, legeak ezarritakoaren arabera.

● Zuzentasun finez eta begirunez arreta emango diete herritarrei, eta haien proposamen, iradokizun eta kexak aktiboki entzungo dituzte. Halaber, herritarrentzat ulergarria den komunikazio publikoa gauzatzen ahaleginduko dira, eta erabaki publikoak hartzeko garaian pertsonen tokian jarriko dira, betiere bitarteko eta berehalako egoerak zer-nolakoak izan behar duten aintzat hartuta.

● Iradokizun, kexa zein jabeldura oinarridun guztiak kontuan hartu beharko dituzte. Orobat, beren eskumenen alorreko edozein arazo edo gaietan inplikatutako alderdiei aktiboki entzungo diete.

13.– Gardentasunari eta gobernu irekiari buruzko jokabide era portaerak.

Honako hauek dira gardentasunari eta gobernu irekiari buruzko jokabideak eta portaerak:

● Kargu publikodun eta parekatuek gardentasun-printzipioaren arabera gauzatuko dituzte zerbitzuak ematen dituzten sail zein erakundeetako jarduera politiko, zuzendaritza publiko eta kudeaketa-jarduna, legeak konfidentzialtasuna xedatutako egoeretan edota hirugarrengoen eskubideak kaltetzeko moduko egoeretan izan ezik. Dena dela, salbuespen horiek era murriztailean interpretatuko dira, legeek xedatutakoaren arabera.

● Publikotasun-printzipioa benetan betetzea garatuko dute, dagozkien sail zein erakundeetan gardentasuna bermatze aldera, eta behar den heinean, legez ezarritako obligazioak betetzeaz gain, bai ekintzei bai sail zein erakundeen politika edo jarduerei gardentasun-gehigarri bat eransten ahaleginduko dira.

● Kargu publikodun eta parekatuen betebeharra da herritarrengan konfiantza sortzea, gardentasunaren bidez, eta erabakiak arrazoituta, ezagueraz eta objektibotasunez hartzea.

● Herritarrek eta erakundeek informazio publikoa benetan eskura izatea bultzatuko dute, legeek ezarritako mugak aintzat hartuta. Muga horiek era murriztailean interpretatuko dira, datu pertsonalei eragiten dieten kasuetan izan ezik, batez ere dagozkien legedietan bereziki babestutako datu gisa aurreikusitakoak aintzat hartuta.

● Informazio-eskaerei erantzun arinak eta egoki arrazoituak emango zaizkiela bermatuko dute.

● Dagozkien erakunde zein sailetan gobernu irekia benetan ezartzearen alde, datuak berrerabiltzearen alde eta administrazio elektronikoaren alde egingo dute.

● Interneten eta gizarte-sareen bidez herritarrek politika publikoen diseinuan eta erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea sustatuko dute ahal duten guztietan, dagozkien egitekoen arabera.

● Administrazio harkorra, sinplifikatua, eta hizkuntza erraz eta ulergarria erabiltzen duena, eratzearen alde lan egingo dute.

● Dagozkien funtzioak betetzean, betiere datu pertsonalak babestea zainduko dute. Gardentasun-printzipioa gauzatzearen ondorioz datu pertsonalei eragingo zaien susmo zentzuzkoa dagoen guztietan datuak bereiztearen alde egingo dute kargu publikodun eta parekatuek, ahal izanez gero.

● Gardentasunaren eta gobernu irekiaren ondorioz sortutako betebehar guztiak betetzean, bai eta herritarren parte-hartzean ere, euskararen erabilera bereziki zainduko da, bai publizitate aktiboan, bai informazio publikoa eskuratzean.

14.– Kudeaketaren erantzukizunari buruzko jokabide era portaerak.

Honako hauek dira kudeaketaren erantzukizunari buruzko jokabideak eta portaerak:

● Kargu publikodun eta parekatuek prestutasunez eta arduraz beteko dituzte dagozkien funtzioak, eta kontuan izango dute erabaki eta ekintzen erantzule direla beti instantzia eskudunen aurrean. Horregatik, kargu publikodunek beren jarduteen erantzule izango dira nagusien aurrean, eta ez dituzte erantzukizunak egotziko mendeko gainerako enplegatu publikoen gain, kausa objektiboren bat izan ezean, edota egitekoen eskuordetzea aurreikusi ezean.

● Kargu publiko bat betetzen dutenek arduraldi osoa eta esklusiboa eman behar diote dagozkien funtzioak betetzeari, aplikatu beharreko legedian jasotakoaren arabera.

● Helburuak eta jomugak ezartzen jardungo dute, bai eta kudeaketa-adierazleak ezartzen ere. Hartara, lortutako emaitzen ebaluazio objektiboa bideratuko da, eta horrenbestez, emaitzak neurtzeko sistemak ezarriko dira. Sistema horien bidez pizgarriak eta zigorrak ezarriko dira, unitateen kudeaketaren emaitzak eta unitate horietan diharduten pertsonen kudeaketaren emaitzak aintzat hartuta.

● Dagozkien erakundeetan enplegatu publikoen lanbide-sustapenerako sistemak eta gauzatutako lana ebaluatzeko sistemak ezartzearen alde egingo dute, unitate bakoitzaren kudeaketa hobetzeko bitarteko diren aldetik.

● Isil-gordean eutsiko diote egitekoak betetzean jakindako informazioari, eta ez dute inolaz ere informazio konfidentzialik hedatuko, ez eta karguagatik jakindako informaziorik ere. Horrenbestez, etikaren ikuspegitik onartezina izango da kargua betetzean lortutako edozein informazio hirugarrenei edota hedabideei jakinaraztea, informazio horrek gobernu-ekintza zuzenean edo zeharka kaltetu badezake, edota gobernu-ekintza hori arriskuan jartzea eragin badezake.

● Baliabide publikoak eraginkortasunean, efizientzian eta ekonomian oinarrituta kudeatuko dituzte. Ez dute ez baliabide ez ondasun publikorik erabiliko interes pribatuetarako.

● Tratu berdina bermatuko dute, bai herritarrentzat, bai erakundeentzat, inolako arrazoi edo egoeratan oinarritutako bereizkeriarik gabe, diskriminazio positiboa bideratzeko legez aurreikusitako egoeretan izan ezik.

● Ekitatea sustatuko dute, eta bete-betean gauzatzea eragozten duten oztopo guztiak kenduko dituzte.

15.– Eredugarritasunari eta kanpoko beste adierazpen batzuei buruzko jokabideak eta portaerak.

Eredugarritasun-printzipioari eta kanpoko beste adierazpen batzuei dagokienez, hauek dira kargu publikodun eta parekatuen jardunbide eta portaerak:

● Kargu publikodunek eta parekatuek ez dute inolaz ere jokatu behar, ez ekitaldi publikoetan, ez eta pribatuetan ere, ordezkatzen duten edo zerbitzatzen duten erakundearen irudia kaltetzea ekar dezaketen jardunbide edo jarreren arabera.

● Edozein kargu publikodunek izan behar duen eredugarritasun publikoaren irudia zuzenean kaltetzen duten ekintza, jardunbide zein gertaerek zuzenean kaltetzen badute herritarrek erakundeaz duten irudia, eta ordezkatzen duten erakundearen ospean eragina badute, Etika Publikorako Batzordeari jakinaraziko zaizkio. Batzordeak aztertu beharko ditu horiek guztiak, eta kasu bakoitzari dagokion gomendioak emango ditu.

● Zuzendaritza-funtzioak dituzten kargu publikodun eta parekatuek jardunbide eredugarria izan behar dute jarduera pertsonaletan, eta inguru etikoa sustatu behar dute dagozkien erakundeetan. Izan ere, bertan lanean diharduten gainerako pertsonentzat, hedabideentzat, eta batez ere, jardun publikoak etengabe ikusten eta aztertzen dituzten herritarrentzat eredu izateko erantzukizuna dute beren gain.

● Kargu publikodunen eta parekatuen protokolozko tratamendua jauna edo andrea izango da, bakoitzari esleitutako karguaren izenaren ostean.

● Kargu publikodun eta parekatuak edozein prozesu penaletan zein administrazio-zehapenetan inputatuz gero, karguari dagozkion egiteko publikoak betetzeari lotutako gertaeren ondorioz, edota garrantzi publiko berezia duten ekintzen ondorioz, horren berri emango zaio Etika Publikorako Batzordeari, kasu bakoitzean egoki iritzitako gomendioak eman ditzan. Prozedura izapidetzean egiaztatzen bada kargu publikodun eta parekatuek ez dutela erantzukizunik, errehabilitazio publikoari ekingo zaio. Horrenbestez, kargua kendu baldin bazitzaion, berriro emango zaio, edota dagozkion bitartekoen bidez errehabilitatuko da.

● Kargu publikodunek eta parekatuek, dagozkien egitekoak betetzen dituzten bitartean, ezingo dituzte kargu organikoak zein kudeaketa-karguak bete fundazio, elkarte nahiz bestelako entitateetan, ordainsaririk gabekoak izanda ere, haien helburuak eta funtzioen xede diren interes publikoak aurkakoak izatea litekeena baldin bada, edota interesen arteko gatazka sor badaiteke. Gobernu-ekintzaren aurkakoak izan daitezkeen xede eta jarduerak dituen edozein elkarte nahiz erakundetan parte hartzea Etikako Batzordeari jakinaraziko zaio berehala, eta dagokion gomendioa emango du.

● Kargu publikodun eta parekatuek erreklamazio-eskubide legitimoak eska ditzake Administrazio Publikoaren aurrean, eta egoki izanez gero, epaileen eta auzitegien aurrean babes judiziala eska dezakete, edozein gatazka zein eztabaida juridikori dagokionez. Hala eta guztiz, erreklamazio hori edo ekintza horiek egokiak izanez gero, kargu publikodunak bere gain hartzen du funtzioak betetzeko epean gauzatzearen konpromisoa, eragin duen jazoera ez baldin bada egoera hori amaitu ondoren gertatu.

● Kargu publikodunek eta parekatuek ezezkoa eman behar diote zuzenean zein zeharka nolabaiteko ordainsari edo konpentsazio ekonomikoa dakarten irratiko hizketaldietan edo telebistako eztabaidetan parte hartzeari.

● Kargu publikodunek eta parekatuek edozein hedabidetako eztabaidetan eta gogoeta-prozesuetan parte hartu ahal izango dute, bai eta ekitaldi publikoetan ere, Gobernuaren berezko jarrerak defendatzeko. Hala eta guztiz, Gobernuaren jarrera horietatik puntu zehatzen batean aldentzen badira, ez dute parte hartuko, eta bestela, adierazi behar dute iritzi horiek pertsonalak direla, eta horrenbestez, Gobernuaren politikarekin zerikusirik ez dutela.

● Nolanahi ere, kargu publikodun eta parekatuek ez dute adierazi behar Gobernuaren jarrera politikoekiko desadostasunik, eta jarrera horiek ez dituzte argi eta garbi kritikatu behar hedabideetan, gizarte-sareetan edo Internet bidez. Kargu publikoaren titularrak desadostasun horri eusten badio, askatasun ideologikorako eta adierazpen-askatasunerako oinarrizko eskubidean babestuta, dimisioa aurkeztu beharko du, koherentzia instituzionalari euste aldera, eta kargutik kentzea onesteko eskumena duen organoak erabakiko du dimisio hori onartu behar den edo ez den.

● Kargu publikodunek eta parekatuek hedabideetan parte hartzeko, Gobernuak edo kargu publikodunaren nagusi hierarkikoak baimena eman behar du aldez aurretik, berariaz zein tazituki, Gobernuan duen eskumen-alorrarekin zerikusirik ez duten gaiei buruzko elkarrizketa zein erreportajeetan izan ezik.

● Betetzen duten karguaren ondorioz liburutan, aldizkaritan, egunkaritan eta beste edozein hedabidetan ekarpenak egiteagatik ez dute inolako ordainketarik onartu behar, baldin eta ekarpen horiek funtzioak betetzeari lotuta badaude.

● Gobernuaren zein sailen politikak hedabideetan eta gizarte-sareetan hedatzeko, dagozkien erakundeetako prentsa-kabineteak erabili behar dituzte lehentasunez kargu publikodun eta parekatuek.

16.– Etika Publikorako Batzordea.

16.1.– Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra eta Instituzionalaren Goi Mailako Zuzendaritza Betearazlearen Etika Publikorako Batzordea sortzen da.

16.2.– Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

● Herri Administrazioaren alorreko eskumenak dituen sailburua, batzorde buru arituko dena.

● Funtzio Publikoaren alorreko eskumenak dituen sailburuordea.

● Etikaren eta sektore publikoko zein pribatuko erakundeen etikarekin, zuzenbidearekin edo gobernantzarekin lotutako gaietan esperientzia, gaitasun eta ospe profesional egiaztatua duten bi pertsona, Eusko Jaurlaritzak izendatuak.

● Eusko Jaurlaritzako goi-kargudun bat, idazkari-lanak egingo dituena, hitzarekin baina botorik gabe.

16.3.– Honako hauek izango dira Etika Publikorako Batzordearen egitekoak:

● Etika Publikorako Batzordea izango da oharpen, kontsulta eta iradokizunak jasotzeko eskumena izango duen organoa. Halaber, Kode honetan ezarritako aurreikuspenetan adierazitako egokitzapen-proposamenak gauzatzeko prozedura jasoko du.

● Etika eta Jokabide Kodea benetan abian jartzea sustatzea, horretarako beharko diren ekintzen eta neurrien bidez.

● Etika eta Jokabide Kodean egin beharreko aldaketak proposatzea Gobernu Kontseiluari.

● Etika eta Jokabide Kodea aplikatzearen inguruan kargu publikodunen eta parekatuen kontsultei zein beste edozein instantziak egindako kontsultei irtenbidea ematea.

● Etika eta Jokabide Kodean jasotako balio, printzipio zein jokabideen balizko ez betetzeei buruzko kexak edo salaketak jasotzea, halakorik balego, eta dagozkien izapideak bideratzea.

● Kargu publikodunei eta parekatuei, bai eta sailei eta erakundeei ere, Etika eta Jokabide Kodea betetzeari buruzko gomendioak egitea.

● Etika eta Jokabide Kodea betetzen dela egiaztatzeko urtero egingo den txostena lantzea.

● Etika publikoaren alorrean erakundeen hobekuntza helburu duten hedapen- eta prestakuntza-programak zein berariazko tailerrak egitea sustatzea, dagozkien instantzietan.

● Lantaldeak sortu ahal izango ditu gai zehatzak aztertzeko, azterkizun dituzten gaietan aldaketak ala gomendioak egin ahal izango dizkiotenak.

16.4.– Etika Publikorako Batzordea urtean bi aldiz bilduko da gutxienez. Idazkariak egingo du horretarako deialdia, lehendakariaren aginduz.

Aurrekoa dena dela, beharrezko diren aparteko bilkurak egin ahal izango dira, erabaki behar diren gaien izaerak edo urgentziak hala eskatzen badute. Kasu honetan, batzordekideak bertan daudela edo bide telematikoak erabiliz egin ahal izango dira batzarrak.

16.5.– Urtean behin, esan bezala, txosten bat egingo da Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra eta Instituzionaleko kargu publikodunek eta parekatuek Etika eta Jokabide Kodea betetzen dutela ikuskatzeko. Txostenean gomendioak eman ahal izango dira eta Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaio. Txostenean jasotako ondorio eta gomendioak publikoak izango dira.

16.6.– Etika Publikorako Batzordeko kideak, beren jardunean ezagutu ditzaketen indormazio oro isilpean gordetzera behartuta daude, eta bereziki aztertutako gertakari edo egitateei buruz, ikerketen eta eztabaiden edukiari eta hartutako erabakiei buruz eta izaera pertsonaleko datu pribatuei buruz. Halaber, ez dute egingo aipatutako guztiari buruzko inolako adierazpen publiko zein pribaturik, ez eta Batzordea jorratzen diharduen gairi buruz.

Prozeduraren azken erabakiak baino ezin izango dira plazaratu, behin pertsona interesduni jakinarazi ondoren.

16.7.– Instituzioen ordezkaria Kode honetan aurreikusitako kausaren batean sartuta badago, honako hau izango da bere ordezkapena egiteko araubidea:

1.– Kausa baten eraginpean Batzordeburua egonez gero, indarrean dagoen Jardun Arloen Dekretuan ezartzen den lehentasun hurrenkeraren arabera dagokion Saileko titularrak ordezkatuko du.

2.– Administrazioaren izenean batzorde honetan dagoen beste ordezkaria kausa baten eraginpean balego, Administrazio Publikoaren arloan eskumena duen Sailaren egitura-dekretuan aurrikusitako ordezkapen araubideari jarraituz, dagokion sailburuordeak ordezkatuko du.

17.– Kodearen zabalkundea.

Kode honen zabalkundea bideratuko da idatzizko argitalpenen, eskuliburuen, bideoen eta azalpenak emateko liburuxken bitartez, bai eta Eusko Jaurlaritzaren webgunearen edo egoitza elektronikoaren bidez ere. Halaber, informazioa helarazteko berariazko kanpainak egin ahal izango dira, bai eta Kode honen hartzaileei, gainerako enplegatu publikoei eta EAEko herritarrei oro har zuzendutako prestakuntza-programak ere.

18.– Banakako atxikitzea.

18.1.– Eusko Jaurlaritzako Goi Mailako Zuzendaritza Betearazleko kargu publikodun eta parekatu guztiek, bere garaian egindako izendapenen ondorioz zereginak betetzen badituzte, banaka atxiki beharko dute Kode honen eduki osoa, 15 eguneko epean, gehienez ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako egunetik zenbatzen hasita. Ez atxikitzeak kargutik berehala kentzea ekarriko du.

18.2.– Kode honek helburu dituen kargu publikodunak eta parekatuak izendatzen direnean, tresna honen eduki osoa banaka atxiki beharko dute nahitaez kargua hartu aurretik. Kargu publikodunek eta parekatuek ezingo dituzte beren karguak hartu Kodea aldez aurretik banaka atxiki gabe. Kargua hartzeko izapiderik aurreikusi gabeko karguak baldin badira, izendapenaren aurretik atxiki beharko dute Kodea.

18.3.– Kodea banaka atxikitzearen ondorioz, kargu publikodunek eta parekatuek beren gain hartzen dute beren bizitza publiko zein pribatuan betiere Kodean berariaz adierazitako balio, printzipio eta jokabideen edukiarekin, asmoarekin eta espirituarekin bat datozen jokabide eta portaerak izateko betebeharra eta obligazioa.

18.4.– Halaber, banaka atxikitzearen ondorioz beren gain hartzen dute dimisioa aurkeztu eta kargua uzteko obligazioa, Kode honetan ezarritako jokabideren bat betetzen ez den kasuetan neurri hori aurreikusita baldin badago.

18.5.– Herri Administrazioaren arloko eskumena duen saileko titularra den pertsonaren Aginduz finkatuko da banaka atxikitzeko prozedura eta horretarako egin beharko diren izapideak.

19.– Etika Kodea, eta zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikotik eratorritako printzipioak.

19.1.– Kode honen arabera jokatu behar duten kargu publikodun eta parekatuek zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoari dagozkion printzipioen eta arauen eremuan garatuko dituzte beren egitekoak eta jarduerak, herritarren oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak bereziki aintzat hartuta.

19.2.– Orobat, kargu publikodun eta parekatuek beren egitekoak betetzean, erantzukizun publikoen arabera egokituko dute jokabidea, eztabaida demokratiko baten esparruan, eta indarkeriarik gabeko ingurua sustatuko dute aktiboki, terrorismoaren zein bestelako indarkeriazko adierazpenen biktimekiko begirune berezia izatea aintzat hartuta.

II. ERANSKINA
EUSKADIKO AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO ETA INSTITUZIONALEKO KARGU PUBLIKODUNEN ETA BEHIN-BEHINEKO LANGILEEN ETIKA ETA JOKABIDE KODEARI ATXIKITZEKO AITORPENA

Behean sinatzen dudanak, .........................ko Jaurlaritzaren Kontseiluan onartutako Etika eta Jokabidearen Kodearen edukiari jarraituz, honakoa aitortzen dut:

1.– Bai dokumentu honen izenburuan aipatzen den kodearen bai kode hori onartzeko den Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako Erabakiaren ale bana dudala.

2.– Irakurri ondoren, kodearen edukiari erabat atxikitzen natzaiola, bertan jasota dauden printzipio eta betebeharrak betetzeko konpromisoa hartuta.

3.– Kodea hedatzen eta erabiltzen laguntzeko konpromisoa onartzen dudala, baita horri atxikitzeak dakartzan betebeharrak ere.

Eta horrela jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, honako hau sinatzen dut, ..........................(e)n, 20.....(e)ko ....................ren.........(e)an.

Izpta.:
Lehendakaria, sailburuak, sailburuordeak, idazkari nagusiak edo zuzendariak...

Azterketa dokumentala