Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 2013ko maiatzaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2312

EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 8koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena; honen bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 1998ko urriaren 16ko Aginduan (Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioarena, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko aukera sustatzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena) aurreikusitako laguntzak 2013. urtean finantzatzeko baliabide ekonomikoak esleitzeari buruz hartutako Erabakia argitaratzen da.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2013ko apirilaren 22ko bilkuran hartutako Erabaki bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko aukera sustatzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituen Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan aurreikusitako laguntzak 2013. urtean finantzatzeko baliabide ekonomikoak esleitu ditu, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio erabaki hori argitaratzea.

Adierazitakoagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitaratzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2013ko apirilaren 22ko bilkuran 1998ko urriaren 16ko Aginduan (Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioarena, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko aukera sustatzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena) aurreikusitako laguntzak 2013. urtean finantzatzeko baliabide ekonomikoak esleitzeari buruz hartutako Erabakia (ebazpen honen eranskin gisa jaso dena).

Bigarrena.– Jakinaraztea ezagutzera ematen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak hartutako Erabakiak ondorioak Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango dituela.

Hirugarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabakiaren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 8a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNANDEZ.

ERANSKINA
ERABAKIA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN ADMINISTRAZIO KONTSEILUARENA; HONEN BIDEZ, 1998KO URRIAREN 16KO AGINDUAN (LAN ETA GIZARTE GAIETAKO MINISTERIOARENA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONAK ENPLEGU-ZENTRO BEREZIETAN LANERATZEKO AUKERA SUSTATZEKO LAGUNTZA ETA DIRU-LAGUNTZA PUBLIKOAK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK EZARTZEN DITUENA) AURREIKUSITAKO LAGUNTZAK 2013. URTEAN FINANTZATZEKO BALIABIDE EKONOMIKOAK ESLEITZEN DIRA

Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduaren xedea desgaitasuna duten pertsonei laneratzea errazteko –lan babestuaren formula bereziaren bidez eta enplegu-zentro berezietan sartzearen bidez– laguntzak arautzea da.

Araudi horrek enplegu-zentro berezien finantzaketa babesteko laguntza publikoak ezartzeko premiari erantzuten dio. Izan ere, Minusbaliatuak Gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legean, abenduaren 4ko 2273/1985 Dekretu bidez onartutako enplegu-zentro berezien Erregelamenduan eta Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legean esanbidez aurreikusita dago finantzaketa hori.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren eremuko lan-legeria betearazteko betetzen zituen eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu ondoren, enplegu-programa orokorren eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei zuzendutako programa espezifikoen kudeaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio.

Helburu bereko laguntzak arautuko dituen EAEko araudi bat landu eta indarrean hasi arte, Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan araututako diru-laguntzen programa egikaritzen jarraitzea da Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren asmoa, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko aukera sustatzeko premiari dagokionez arestian aipatutako araudien aurreikuspenak betez.

Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduak bi diru-laguntza linea hartzen ditu kontuan: linea bat, inbertsio-finantzaketara zuzenduta dago eta bestea, kolektibo horretako kideek enplegu-zentro berezi horietan dauzkaten lanpostuei eusten laguntzera. Urte honen laguntzek dauden lanpostuei eusteko finantzaketa ziurtatzen dute, krisi-egoeretan kolektiborik eta sektorerik ahulenak neurri handiagoan kaltetzen dituen enplegu-suntsipena saihestuz.

Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduaren indarraldia mugagabea da, eta laguntza horiek ez dira lehiaketa bidez ematen. Esleitutako aurrekontu-kreditua edo hori eguneratzetik ondorioztatzen dena izango da laguntzak emateko muga, eta hori esanbidez jasota dago Aginduaren Laugarren Xedapen Gehigarrian.

Hori dela-eta, diruz laguntzeko jarduerak jarraitu beharreko publikotasun-printzipioa betez, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, adierazitako Aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen guztizko zenbatekoa ezagutarazi behar da.

Bestalde, publikotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak errespetatuz, komeni da laguntzen hartzaile izan daitezkeenei, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko antolamenduari eta diru-laguntzei buruzko araudiaren zuzeneko aplikazioaren ondorioz diru-laguntzen prozedura eta erregimen juridikoari dagokionez laguntzak arautzen dituen Aginduan aurreikusitakoen desberdinak diren alderdi jakin batzuen berri ematea.

Azaldutako guztian oinarrituta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2013ko apirilaren 22ko bilkuran eztabaidatu ondoren, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– 2013ko ekitaldian, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko aukera sustatzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituen 1998ko urriaren 16ko Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren Aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak esleitzea, guztira 30.000.000 euroko zenbatekoarekin, 32110-Enplegua programaren kargura.

Baliabide ekonomiko horiek guztiak Agindu arautzailearen 4.B) artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitako diru-laguntzak finantzatzera baino ez dira zuzenduko. Diru-laguntza horiek desgaitasuna duten pertsonek betetako lanpostuen soldata-kostuen estaldurarako dira, lanpostuei eusteko xedea duen diru-laguntza linearen barruan.

Emateko laguntzen erabateko bolumenak ez du gaindituko aipatutako kantitatea edo bere gehikuntzatik ateratzen dena, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badituzte. Aldaketa horiek baldin badaude, gertaera hori argitara emango da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez.

Bigarrena.– Laguntza horiek kudeatzen dituen erakunde autonomoaren (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren) antolamendu- eta funtzionamendu-araudien eta Euskal Autonomia Erkidegoko diru-laguntzen erregimen juridikoaren zuzeneko aplikazioak laguntzen kudeaketaren inguruan eraginpean hartzen dituen honako alderdi hauei buruzko informazioa ematea:

– Ebazpen honi dagozkion diru-laguntzak lortzeko eskaerak aurkezteko, eredu ofiziala beteko da, http://www.lanbide.net webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan (Atxotegi 1, Vitoria-Gasteiz. PK: 01009) eta Lanbideren Lurraldeko Enplegu Bulegoetan eskuragarri dagoena.

Horretaz gain, eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak bere gain hartuko du eskaerak kudeatu eta izapidetzeko ardura, eta erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.

– Ebazteko gehienez sei hilabeteko epea izango da diru-laguntza jasotzeko eskaera aurkezten den egunaz geroztik, eta epe hori igarotakoan Ebazpenik eman ez bada, eskabidea administrazio-isiltasunaren bidez baietsi dela ulertuko da.

– Zuzendari nagusiaren Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta horren aurka berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango da organo horretan, hilabeteko epean jakinarazpenaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jarri ahal izango da Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean ebazpenaren jakinarazpenaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

– Laguntza-programa honi 1/1997 azaroaren 11ko Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. Tituluan eta VII. Tituluaren III. Kapituluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horren kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan diru-laguntzetarako aurreikusitako erregimen juridikoa aplikatuko zaio.

– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta, horretarako, ez du erakunde horien baimenik behar izango, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluan xedatzen denari jarraikiz.

Hirugarrena.– Zuzendari nagusiak erabaki honen edukia argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana