Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 2013ko maiatzaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2308

15/2013 DEKRETUA, apirilaren 25ekoa, lehendakariarena, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lehendakariaren egitekoak direla-eta Eusko Jaurlaritzaren lehendakariaren eskumenak eskuordetzeko dena.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 8. artikuluak ezartzen du agentzia horren lehendakaritza garapenerako lankidetzan eskumena duen sailburuari dagokiola eta lehendakariordetza, gaian eskumena duen sailburuordeari.

Garapenerako lankidetzaren alorra Lehendakaritzari esleitu zaio, lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera. Dekretu horrek EAEren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen.

Ildo horretan, Lehendakaritzako egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuaren 3. artikuluak Lehendakaritzari atxiki dio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoa. Atxikitze hori Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez zehaztu da, agentzia hori sortu eta arautzeko ekainaren 19ko 5/2008 Legean xedatutakoaren arabera.

Horretatik guztitik ondorioztatzen da, indarrean dagoen araudiaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren lehendakariari dagokiola aipatutako agentziaren lehendakaritza, gaur egungo Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura organikoan Jaurlaritzaren kide bati atxikitako funtzio multzoa lehendakariak hartu behar baititu bere gain. Ondorioz, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari dagokio agentziaren lehendakariordetza.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen arazoaren 26ko 30/1992 Legearen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio publikoetako organoek administrazio bereko beste organo batzuen esku utz dezakete esleitutako eskumenak erabiltzea.

Administrazio-jarduera ahalik eta azkarrena eta eraginkorrena izan dadin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia Lehendakaritzari atxikitzetik sortutako egoera berezia dela eta, beharrezkoa da agentzia horren lehendakaritzari atxikitako eginkizunak eskuordetzea.

Horrenbestez, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lehendakariordea denez, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren esku uztea Eusko Jaurlaritzako lehendakariari atxikitako eskumenak.

2. artikulua.– Dekretu honen bitartez eskuordetutako eskumenak noiznahi beregana ditzake eskuordetzea egin duen organoak.

3. artikulua.– Dekretu honen bitartez eskuordetutako eskumena baliatuta emandako ebazpen guztietan berariaz jaso beharko da zirkunstantzia horren berri eta dekretu hau onartu zeneko eguna eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zenekoa ere zehaztu beharko dira.

4. artikulua.– Indarrik gabe geratzen da lehendakariaren apirilaren 12ko 12/2011 Dekretua, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lehendakariaren egitekoak direlaeta Eusko Jaurlaritzaren lehendakariaren eskumenak eskuordetzekoa.

5. artikulua.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko apirilaren 25ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana