Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2013ko maiatzaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2248

EBAZPENA, 2013ko apirilaren 4koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinen bidez erabakitzen baita Basauri AT – Llodio AT linea elektrikoko CH Barazar ATrako deribazioaren 132 kV-ko linean zortasunak egokitu eta zuhaitzak botatzeko proiektuak ingurumenean duen inpaktua ebaluatzeko prozedurari ez ekitea. Proiektua Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak sustatzen du, Zeanurin, Areatzan, Artean, Zeberion, Ugao-Miraballesen eta Arrankudiagan.

2012ko abenduaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzak honako dokumentu hau bidali zion Ingurumen Sailburuordetzari: Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k aurkeztutako ingurumen-dokumentua; zehazki, Zeanuri, Areatza, Artea, Zeberio, Ugao-Miraballes eta Arrankudiagako udalerrietan (Bizkaia), Basauri AT – Llodio AT linea elektrikoko CH Barazar ATrako deribazioaren 132 kV-ko linean zortasunak egokitu eta zuhaitzak botatzeko proiektuari buruzkoa. Dokumentu horren helburua zen ebaztea ia aipatu proiektua pasatu behar zen ala ez ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduratik, hartarako ebazpena ematea ingurumen-organoaren esku uzten zelarik.

Proiektuaren helburua da goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaitz-eremuetatik igarotzeko bete behar diren agindu espezifikoek ezarritakora egokitzea, hau da, berriro zehaztea zein den goi-tentsioko eroaleen eta zuhaitz-eremuen artean gorde beharreko segurtasun-distantzia. Horretarako, distantziak instalazioaren segurtasunerako behar bestekoak ez diren lekuetan, zuhaitzak botako dira. Ez da inola ere aldatuko linearen traza, ez eta gurutzamenduen ezaugarriak ere. Mozketak 20 metroko zerrenda batean egingo dira, linearen ardatzaren bi aldeetan.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legeren testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuarekin bat etorriaz, aipatu arauaren II. eranskineko k epigrafeko 9. taldean jasotako proiektuak ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluaziotik pasa beharko dira, baldin eta kasu bakoitzean hala erabakitzen badu ingurumen-organoak, betiere bat etorriaz aipatu legegintzako errege dekretuko III. eranskinean ezarritako irizpideekin, eta aldez aurretik kontsulta eginda proiektuak eragiten dien administrazio, pertsona eta erakundeei.

2013ko urtarrilaren 14an, ingurumen-organoak galdetu zien proiektuaren eragina izango zuten administrazio eta erakundeei ea jarduera horiek ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura bete behar zuten ala ez, eta, hala balitz, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanak nolako edukia eta gutxieneko irismena izan beharko lituzkeen.

Honako erakunde hauek izan dira erantzuna eman dutenak: Eusko Jaurlaritzatik, Osasun Saileko Bizkaiko Lurralde Zuzendaritza, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza eta Kultura Ondarearen Zuzendaritza; Bizkaiko Foru Aldunditik, Kultura Saila, Nekazaritza Saila eta Ingurumen Saila; eta, azkenik, Ugao-Miraballeseko Udala eta URA Uraren Euskal Agentzia.

Osasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Zuzendaritzak adierazi duenez, proiektuaren eragin-eremuan eta eraginpean dauden giza kontsumorako ur-bilketak behar bezala inbentariatu eta kokatu beharko direla. Hori dela-eta, uraren kalitatean inolako eraginik saihesteko neurri prebentibo eta zuzentzaileak hartuko dira.

Eusko Jaurlaritzan eta Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumenak dituzten agintarien txostenetan adierazten denez, proiektuak eragina izan dezake ondare-elementuetan. Hori dela-eta, obrari ekin aurretik, elementu horien eduki arkeologikoa ebaluatu beharko da, eta elementu horien gainean eraginik izango dela aurreikusiz gero, kontrol arkeologikoa egin beharko da.

Landaren eta nekazaritzaren garapenean eskumenak dituzten agintariek egindako txostenetan gomendatzen da proiektuak nekazaritza-sektorean duen eragina ebaluatzea, eta, bereziki, lur landuetan eta nekazaritza- eta abeltzaintza-aprobetxamenduetan izan dezakeen eragina ebaluatzea. Txosten horietan, ez da egiten ingurumen-eraginaren inguruko aipamenik.

Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak txosten batean aztertu du proiektuak biodibertsitatearen gainean duen eragina, eta neurri batzuk adierazi ditu proiektuak ingurumenean eta biodibertsitatean izango dituen eraginak eragozteko eta/edo arintzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak adierazi duenez, oro har zuzenak dira bai eraginen inguruko azterlana, bai aplikatu beharreko neurri zuzentzaileak, baina, zehaztu egin du mozketen eraginpean dauden ibai-ertzetan bete beharrekoa dela Europar Bisoiaren Kudeaketa Planari buruzko 118/2006 Dekretuan ezarritakoa eta, ibai-ertzetan, eragina izan dezakeen landaredia bakarrik moztuko dela, betiere lineen segurtasunari buruzko arautegian ezarritakoarekin bat etorriz.

URAk bere txostenean jakinarazten du ez dela aurreikusten sare hidrografikoaren gaineko eragin nabarmenik, baina, hala ere, zehaztu egiten du zenbait neurri hartu beharra dagoela sare hidrografikoaren gaineko ingurumen-eragina murriztu, deuseztatu eta konpentsatzeko.

Beraz, jaso diren erantzunetatik ez da ondorioztatzen ingurumenari kalte adierazgarririk egingo zaionik, eta, ondorioz, ez da beharrezkotzat jotzen proiektuak ingurumenaren gain izan lezakeen eragina ebaluatzea.

Proiektuak ingurumenaren gainean izan dezakeen eragina neurtze aldera, eskura dagoen informazioa aztertu da. Azterketa hori egiteko, Proiektuek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskineko irizpideei heldu zaie. Azterketaren emaitza honako hau izan da:

Proiektuaren ezaugarriak.

Ebazpen honetan aipatzen diren mozketa-lanak honako linea honetan egingo dira: 132 kV-ko tentsio nominala duen linea, CH Barazar TA lotzen duena Basauri TA – Llodio TA 132 kV-ko linea elektrikoarekin lotzen duena; guztira, 19,135 km da luze.

Proiektatutako zuhaitz-zerrenda sendotzeak ez dakar berekin linearen trazatua aldatzea, ez eta gurutzamenduen ezaugarriak aldatzea ere.

Linea elektrikoaren segurtasun-kaleak 76,63 ha-ko azalera bati eragingo dio, aintzat harturik bai egungo kalea, bai aurreikusitako zabalkuntza (goi-tentsioko linea elektrikoak igarotzeko preskripzioei buruzko arautegian ezarritakora egindako egokitzapena). Kale horren barruan, honako zuhaizti hauek daude: hostozabal autoktonoen 15,40 ha-ko basoak (hariztiak, gehien bat, eta haltzadiak eta urkien azalera txiki bat), eta baso-landaketak (16,10 ha). Segurtasun-kalean dauden beste landare-motek (sastrakak, larreak etab.) ez dute jasango proiektuaren xede nagusiaren eragina.

Sustatzaileak emandako informazioaren arabera, aurreikusitako zabalkuntzak 25,38 ha-ko azalera bati eragingo dio, eta, horren barruan, hasiera batean moztekoak diren zuhaitz-eremuak, eremu birlandatuak eta autoktonoak 12,17 ha ingurukoak izango dira.

Zabalkuntza-proiektuak azaleraren gainean izango duen eraginak ez ditu gainditzen otsailaren 27ko 3/1998 Legean eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako eragin-mailak; hain zuzen ere, eragin-maila horien arabera zehazten da proiektuek ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko prozeduratik pasatu behar duten ala ez.

Beste zenbait alderdiri dagokionez, egun izapidetzen ari da Basauri TA – Llodio TAren eta Cementos Rezolako deribazioaren 132 kV-ko linea elektrikoko zortasunak egokitu eta zuhaitzak mozteko proiektua, hori ere Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustatua, baina proiektu bakoitzaren eremuak ez dira gainjartzen, eta 22. euskarrian baino ez datoz bat. Euskarri hori da, hain zuzen ere, ebazpen honen xede den linearen abiapuntua.

Baliabide naturalen erabilera, hondakinen eta kutsaduraren sorkuntza, eta istripuak gertatzeko arriskua ez dira nabarmenak, eta ez dute eragin aipagarririk ingurumenaren gainean.

Proiektuaren kokalekua.

Proiektuak ez dauka lotura geografikorik edo funtzionalik ez Natura Gune Babestuekin, ez Natura 2000 Sarean sartzen diren tokiekin, ez eta babes-figuraren batean bildutako bestelako eremuekin ere.

Proiektuak izan dezakeen eraginaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak ikusirik, zuhaitz-multzoak zuzenean kentzea izango da balizko eraginaren iturri; beraz, habitat horien kontserbazio-egoeran izango duen eraginak, zatiketak eta urritzeak eta bertako faunan eta landaretzan izango dituen ondorioek ere izango dute eragina. Ondorio horiek eremu mugatu batean izango dira, azpiegitura bateko gehienez ere 20 metroko inguratzaile batean. Azpiegitura horrek segurtasun-pasabidea ere badu, kasu honetan tarte batzuetan handituko dena. Gainera, sarbideak ireki eta egokituko direnez, landaretza kendu ahal izango da; hala ere, proiektuaren dokumentazioaren arabera, sarbideak irekitzeko beharrak unean unekoak baino ez dira izango.

Horrez gain, makinak erabiltzearekin eta alde batetik bestera eramatearekin lotutako eraginak ere egongo dira (hots-kutsadura eta airearen kutsadura, lurra trinkotzea, landaredia suntsitzea eta fauna desagerraraztea, ura eta lurra kutsatzea gerta daitezkeen isuri eta jarioengatik...), baina proiektua txikia denez, ez dira oso nabarmenak izango.

Sustatzaileak aurreikusi dituen neurri zuzentzaileak eta babes-neurriak eta ebazpen honetan ezarritakoak aplikatzen badira, zabalkuntzaren ondoriozko ingurumen-eraginak ez dira garrantzitsuak izango.

Behin aztertuta proiektu honen ezaugarriak, Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskineko irizpideak, eta kontsultetan jasotako erantzunak, ondorioztatu da proiektuak ez duela izango ingurumenaren gaineko eragin txar nabarmenik, betiere ebazpen honetan adierazitako neurri babesleak eta zuzentzaileak betetzen badira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrarekin bat etorriz, lege horretako I. B eranskinean jaso gabeko jarduerak, zehazki, 5 ha eta 50 ha arteko azaleretan eginak izanik, lurra aprobetxatzeko era transformatzea eta arbolak edo zuhaixkak kentzea dakartzaten jarduerek pasatu egin behar dute ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio sinplifikatuko prozeduratik (aipatu arauan erregulatutakoa).

Organo honek du ebazpen hau emateko eskumena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuaren arabera.

Aintzat hartu dira Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1.– Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa ez egitea honako proiektu honi: Basauri AT – Llodio AT linea elektrikoko Barazar ATrako deribazioaren 132 kV-ko linea elektrikoan zortasunak egokitu eta zuhaitzak botatzeko proiektua, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustatua Zeanuri, Areatza, Artea, Zeberio, Ugao-Miraballes eta Arrankudiagako udalerrietan.

2.– Ebazpen honen xede den proiektua gauzatzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

● Proiektuari buruzko ingurumen-agiri bat prestatu beharko da, non babestu eta zuzentzeko neurriak jaso beharko diren, ebazpen honetan ezarritako neurriak, hain zuzen. Neurri horiek ez ezik, bidalitako ingurumen-agirian aipatutakoak ere jasoko dira, ingurumena egokiro babestuko dela bermatzeko behar bezain zehazturik daudela. Dokumentu horretako neurri horiek, gainera, obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute. Ingurumen-dokumentu hori proiektuari dagokion ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren espedienteari erantsiko zaio, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 49. artikuluari jarraikiz, eta I.C eranskineko 7. epigrafearekin lotuta.

● Eremuak kalteberak izanez gero, hala nola lehentasunezko eta interes komunitarioko habitatak, baso-masa autoktonoak, zuinketa-fasean eta zuhaitzak botatzen direnean, Botanikan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

● Gainera, lanei ekin aurretik, Botanikan aditua den batek xehetasun-azterketa bat egin behar du eta, azterketa horretan, proiektuaren eremuan izan litezkeen flora-espezie mehatxatuen populazioak non diren jaso, espezie horiek zaintzeko neurriak zehazte aldera.

● Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, ahal den neurrian, lehendik dauden bideak erabiliko dira, eta halakorik egon ezean, dagoen korridorea. Aurreko atalean aipatutako eremu kalteberetan, ahal dela, ez da sarbiderik egingo, eta, era berean, ibilguak ez dira zuzenduko, ez eta bideratuko ere.

● Jabari hidrauliko publikoan eta horri lotutako eremuetan, ez da isurketarik egingo, ez eta obra- eta inausketa-hondakinik eta halakorik utziko ere, eta soberan diren materialak zabortegi baimendun batera eraman beharko dira.

● Sarbide berriak ireki behar badira, eta proiektuak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak burutu diren lursailetan eragina badu, halako eremuetan edozein jarduketa egiteko, aurretiaz lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legeak aurreikusten duen ingurumen-organoaren baimena beharko du.

● Zuhaitz-mozketetan, garapen handienean linea elektrikoen segurtasuna bermatzen ez duen distantzia batera geratu daitezkeen zuhaitz-espezieak baino ez dira moztuko –hargatik eragotzi gabe zenbait baso-espezie autoktonoren erregimen espezifikoari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Arauan ezarritakoa betetzea–, eta, gainera, zuhaixka-geruza osoa bere horretan gordeko da.

● Gorago aipatutako eremu kalteberetan zuhaitzak botatzeko, esku-tresna arinak erabiliko dira.

● Mozketetara jotzea guztiz justifikatuta dagoen baso autoktonoetan eragina izanez gero, moztu behar diren zuhaitz-eremuak zuhaixka-espeziekin birlandatu beharko dira. Espezie horiek baso misto atlantiarrekoak dira, hala nola sahatsak eta hurritzak. Eragindako eremuko alde hondatuak leheneratzeko neurri konpentsatzaileak aplikatu beharko dira.

● Lanek ukitutako alde guztiak leheneratu egingo dira. Ingurumena leheneratzeko, besteak beste, landare-estalkiari eutsi diezaioketen espazioak birlandatuko dira.

● Europar bisoiaren kudeaketa-planen eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskudunak ezarritako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko eran, bai horiek egiteko momentuan, betiere kontuan hartuta zein diren zaindu beharreko aldiak, fauna mehatxatuaren ziklo biologikoei dagokienez (martxoaren 15a eta uztailaren 31).

● Kontuan hartuko beharko da, halaber, azterlanaren eremuan sai zuriaren gune kaltebera bat dagoela Ugarriko Atxa aldean.

● Jarduera-eremuan ondare-intereseko zenbait elementu daudela aintzat hartuta, lanei ekin aurretik azterlan bat egingo da horien gaineko eragina ebaluatzeko eta eraginak saihesteko beharrezko diren neurri zuzentzaileak zehazteko.

3.– Proiektuari ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaio, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorreko 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzari jakinaraziko zaio, bai eta Zeanuri, Areatza, Artea, Zeberio, Ugao-Miraballes eta Arrankudiagako udalei eta proiektuaren sustatzaileari ere.

5.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

6.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 4a.

Ingurumeneko sailburuordea,

JOSÉ ANTONIO GALERA CARRILLO.


Azterketa dokumentala