Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2013ko maiatzaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2215

ERABAKIA, 2013ko apirilaren 25ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Erregistro Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamendurako eta Erregistro Elektronikoa Sortzeko Arautegiaren 26. artikulua aldatzeko dena.

AURREKARIAK

Administrazioaren eta administratuen arteko harremanetarako, sinadura da identitatea egiaztatzeko tresna juridikoa, eta tradizioz, horixe izan da ere borondatea adierazteko bidea. Sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legeari jarraituz, e-administrazioko ereduan ondokoa da sinadura elektronikoaren definizioa: datu multzo elektronikoa, beste batzuekin batera idatzita edota beste horiei lotuta dagoena, eta sinatzailea identifikatzeko modu gisa erabil daitekeena. Legeak sinadura elektronikorako hiru sistema arautzen ditu:

Sinadura elektroniko onartua: sinatzailea identifikatzen duen sinadura elektronikoa da, eta sinatutako datuen ostean egondako edozein aldaketa hauteman dezake. Sinatzaile bakarrarekiko eta sinadurak berak biltzen dituen datuekiko lotura du, eta sinatzaileak bakarrik ezagutu dezakeen moduan sortzen da. Ziurtagiri onartu batean dago oinarrituta eta sinadura sortzeko, sistema segurua erabiltzen da.

Sinadura elektroniko aurreratua: sinadura horrek daukan konfigurazio teknikoaren ondorioz, posible da sinatzailea identifikatzea (sinatzaileak berak bakarrik ditu pasahitzak), eta sinatutako datuen ostean egondako edozein aldaketa hauteman dezake; horrez gain, sinatzaile bakar bati dago lotuta.

Sinadura elektronikoa (oinarrizkoa): datuen sinatzailea identifikatzen du, baina ezin da bermatu sinatzaileari lotutako datuak benetakoak direnik.

Kasuan kasuko administrazioari dagokio horietako zein erabil daitekeen zehaztea. Egin beharreko izapidearen arabera erabakiko da zein sinadura onartu, neurriz erabaki ere, zentzuzkoa izan behar baita egin beharreko izapiderako eskatutako segurtasun maila. Nahiz eta borondate adierazpena egin behar izan, segurtasun maila handiegia behar ez bada, ez da beharrezkoa herritarrari erabiltzaile ziurtagirian oinarritutako tresna bat ematea, egon badago-eta baliabide erraz eta merkeagorik (eraginkorra eta fidagarria, hura lortzeko prozesuaren ikuspegitik zein erabilgarritasunaren ikuspegitik), izapidea egiteko baliagarri izango dena.

UPV/EHUko Erregistro Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamendurako eta Erregistro Elektronikoa Sortzeko Arautegiaren 26. artikuluan jasota dago sinadura elektronikoko zein sistema dagoen onartuta erregistro elektronikorako, eta sinadura elektroniko onartua baino ez du zehazten, hau da: ziurtagiri onartu batean oinarritua, horixe baita seguruena, eta legeak berak ere, eskuz idatzitako sinaduraren balio bera aitortzen baitio.

Hala ere, gerta daiteke prozedura jakin batean erregistro idazpena egin behar izatea, baina horren helburu bakarra izatea jasota uztea noiz bidali den eta noiz hartu den. Gerora garatuko diren faseetan egiaztatuko da emandako informazioa. Horrelakoetan, aski da adostutako gako baten bidez identifikatzea (erabiltzailea eta pasahitza), arautegian jaso beharreko gaia izanik. Izan ere, unibertsitateak berak ere sortzen ditu erabiltzaile izenak eta pasahitzak hainbat tramite egiteko sistema informatikoak erabilita: GAUR, META4 (Langileen Ataria), posta elektronikoko zerbitzua, iragarki oholak (EHUtaula) eta abar.

Hori guztia kontuan hartuta, idazkari nagusiaren proposamenari jarraituz, Gobernu Kontseiluak honakoa

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Erregistro Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamendurako eta Erregistro Elektronikoa Sortzeko Arautegiaren 26. artikuluan 2. paragrafo bat sartzea, eta 26. artikulua era honetara idaztea:

«26. artikulua.– Erregistro Elektronikoak onartzen dituen sinadura elektronikoko sistemak.

1.– UPV/EHUk ondoren aipatzen diren sinadura elektronikoko sistemak onartuko ditu, nortasuna egiaztatzeko tresna gisa, herritarrekin eta beste herri-administrazioekin dituen harreman elektronikoetan: UPV/EHUren korporazio-txartela, ONA txartela (herri erabilera anitzeko osasun txartela) eta herritarren txartela, horiek guztiak UPV/EHUk onartutako ziurtapen-zerbitzu prestatzaileek igorriak; Moneta eta Tinbre Fabrika Nazionalak igorritako ziurtagiriak; eta, oro har, Nortasun Agiri Nazional Elektronikoaren barnean dauden pertsona fisikoen ziurtagiri errekonozituak, baita ordenamendu juridikoak ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta UPV/EHUren egoitza elektronikoan jasotzen diren gainerako ziurtagiriak ere.

2.– Hala ere, UPV/EHUko deialdi bateko erabakian edo oinarrietan zehaztuta badago deialdian egin beharreko izapideren bat jasota geratu behar dela UPV/EHUko Erregistro Orokorreko sarrera liburuan, sinadura elektronikoko beste sistema batzuk ere erabili ahal izango dira, nahiz eta sistema horiek identifikaziorako duten tresna erabiltzailearen ziurtagirian oinarritua ez izan. Sistema hori, edozelan ere, oinarrietan zehaztutakoari jarraituz erabili beharko da».

Horrelakoetan, dena delako identifikaziorako sistema horrek oinarri baldin baditu erabiltzaileak lehenago egindako erregistro batean hitzartutako gakoak, UPV/EHUk bermatu egin beharko du ezestapen printzipioa, informazioaren osotasuna eta agiria sinatzeko emandako gakoak pertsona bakar batenak direla.

Bigarrena.– Agindua ematea aldaketa hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko. Aldaketa indarrean sartuko da EHAAn argitaratu eta biharamunean.

Leioa, 2013ko apirilaren 25a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSÉ LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala