Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2013ko apirilaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1819

188/2013 DEKRETUA, apirilaren 9koa, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa.

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren arabera –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa–, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura berria eman da, eta egitura horren arabera antolatu eta esleitu dira eskumenak, legegintzaldi honetan Jaurlaritzaren Programa osatzen duten programa-konpromiso guztiak ahalik eta eraginkortasun handienez burutzeko.

Aipatu dekretuaren 2. artikuluan ezartzen duenez, Herri Administrazio eta Justizia Saila Eusko Jaurlaritzaren organigramako parte oso da, eta haren 6. artikuluan xedatzen diren egitekoak eta arloak izango ditu; eta azken xedapenetatik lehenengoan eskatzen zaio saila egituratzeko araudi organikoak egiteko, bertan zehaztutako antolaketa-irizpideez eta aurreikuspenez ohartzeko.

Sailak lau sailburuordetza ditu: Erakunde Harremanak, Araubide Juridikoa, Funtzio Publikoa eta Justizia; eta, era berean, sailburuordetza hauek zuzendaritzaka antolatuta daude, bakoitzaren berariazko arloen arabera.

Erakunde Harremanetarako Sailburuordetza instituzioen arteko, Legebiltzarrarekiko eta Arartekoarekiko harremanez eta komunikazioez arduratzen da. Halaber, bereak dira Jaurlaritzaren Idazkaritzaren egitekoak eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari dagozkionak. Berari dagozkio halaber, Toki Administrazioaren arloan legeek eta araudiek Jaurlaritzari esleitzen dizkioten administrazio-egitekoak, batez ere, toki araubidearen alorrean Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren eskumeneko gaien txostena egin eta horiek ebaztea. Azkenik, Araubide orokorreko elkarteen, Fundazioen eta Elkargo Profesionalen alorrean, berari dagozkio babeslaritza-, erregistro- eta korporazio- arloko egitekoak, baita Notarioak eta Jabetza Erregistratzaileak izendatzea ere.

Araubide Juridikoaren Sailburuordetza Administrazioaren zentro aholku-emaile gorena da, bertan kokatzen dira Jaurlaritzaren zerbitzu juridiko zentralak; judizioan Jaurlaritza ordezkatzen eta defendatzen du. Egiteko hauek dagozkio: barne-araudia kontrolatzea; lege garapenaren alorrean jardutea, Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Zibil Forala eta Berezia zaindu, egokitu eta garatzea barne; autonomiaren garapen-politika eta, horretarako, Sailen jarduna koordinatzea; eta Euskadiko Autonomia Estatutua defendatzea. Gainera, berari atxikiko zaio Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen kide anitzeko organo aholku-emaile gorena.

Funtzio Publikoko Sailburuordetzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan giza baliabideen politika planifikatu, zuzendu eta koordinatzea, kalitatezko eta garapen etengabean dauden zerbitzu publikoetatik eratorritako beharrizanei erantzuteko. Horretarako, langileen arloko politika prestatu, zuzendu eta gauzatuko du, eta araubide juridikoaz eta ordainsari-erregimenaz arduratuko da, eta, oro har, ohiko langileen arloko kudeaketaz. Hauek ere badagozkio: prestakuntza arloko jarraibideak lantzea, langile lan-kontratudunen eta funtzionarioen ordezkariekin harremana eta negoziazioa, eta arriskuei aurre hartzeko zerbitzuen eta lan-baldintzak hobetzeko izaera sozialeko bestelako zerbitzuak kudeatzea. Gainera, sailburuordetza honi dagokio Administrazioaren modernizazio-prozesua sustatu, zuzendu eta koordinatzea, eta, zehazkiago, Administrazio eta gobernu elektronikoena, baita herritarrei arreta zentralizatua eta kanal askotarikoa emateko euskarri diren proiektuak kudeatu eta gauzatzea ere. Azkenik, Euskal Herri Administrazioen antolaketa eta prozeduraren araubidea ere berari dagokio, eta bai Euskal Herri Gobernantza aplikatzeko modeloa diseinatzea ere, politika publikoak definitu eta gauzatzerakoan.

Justizia Sailburuordetzari dagozkio egiteko hauek: Agintaritza Judizialarekiko eta Justizia Administrazioan jarduten duten beste erakunde eta organoekiko harremanak zaintzeari buruzko saileko eskumenak betetzea; Agintaritza Judizialak funtziona dezan baliabideak ezartzea; Administrazio honen esparruan, euskararen normalizaziorako oinarrizkoa arautegia betetzen dela bermatzea; espetxe-erakundeei eta -establezimenduei dagozkien eskumenak betetzea; Agintaritza Judizialak hartutako neurriak betetzea; eta adingabeko arau-hausleen arloko eskumenak betetzea, hargatik eragotzi gabe Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkionak.

Azkenik, zuzenean sailburuaren mende daude Zerbitzu Zuzendaritza eta Kabineteko Zuzendaritza; lehenengoa Saileko gainerako organoei laguntzeko organo gisa eratzen da saileko arlo guztiei dagozkien gaietan, eta Kabineteak laguntza zuzena emango dio bere, karguaren arabera dituen egitekoak betetzeko.

Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartu ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko apirilaren 9an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ANTOLAKETA OROKORRA

1. artikulua.– Egitekoak, jardun-eremuak eta eskumenak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 6. artikuluan zehazten diren egitekoak eta jardun-arloak dagozkio Herri Administrazio eta Justizia Sailari, baita hurrengo artikuluetan xedatutako eskumenak ere.

2. artikulua.– Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura orokorra.

1.– Aurreko artikuluan aipatu diren eskumenak betetzeko, honako organo hauek izango ditu Herri Administrazio eta Justizia Sailak:

1.1.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburua:

a) Zerbitzu Zuzendaritza.

b) Kabinetea.

1.2.– Erakunde Harremanetarako Sailburuordetza:

a) Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritza.

b) Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza.

1.3.– Araubide Juridikoaren Sailburuordetza:

a) Estatutuaren Garapenerako Zuzendaritza.

b) Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritza.

c) Auzibide Zuzendaritza.

1.4.– Funtzio Publikoko Sailburuordetza:

a) Funtzio Publikoko Zuzendaritza.

b) Lan Harremanen Zuzendaritza.

c) Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza.

1.5.– Justizia Sailburuordetza:

a) Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

b) Justizia Zuzendaritza.

2.– Organo hauek ere, Herri Administrazio eta Justizia Sailari atxikita edo lotuta daude, beren sortze-arauetan ezartzen den moduan:

a) Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 36.3 artikuluan sortua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 6tik 8rako artikuluetan arautua.

b) Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen eta haren Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduaren bidez arautua –2000ko azaroaren 13ko Aginduaren bidez argitaratua–.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren Erakunde Autonomoetako Lanpostuen Balorazio Batzordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Erakunde Autonomoetako Lanpostuen Balorazio Batzordea sortzeko apirilaren 12ko 80/2005 Dekretuaren bidez sortua eta arautua.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan zerbitzuak egin zituzten Langileen Eskubide Profesional eta Pasiboak aplikatzeko Batzordea, maiatzaren 13ko 1/1986 Legegintzako Dekretuaren bidez arautua, Euskal Herriko Autonomia-Administrazioan bere zerbitzuak egin zituen langilegoaren lanbide eta gozamen-eskubideei buruzko Eraberritutako Idazkera onartzezkoa, eta irailaren 19ko 193/1983 Dekretuaren bidez garatua, Euskal Herriko Autonomia-Elkarteari zerbitzu egindako lanarien lanbide eta gozamen-eskubideak betebidera daitezen sortutako Batzordearen osakerari buruzkoa.

e) Justizia Administrazioa Informatizatzeko Planaren Jarraipenerako Bitariko Batzordea, urriaren 4ko 383/1994 Dekretuaren bidez sortua eta arautua, Euskal Autonomi Elkartean Zuzentza Administrazioa Informatizatzeko Planaren Jarraipenerako Bitariko Batzordea sortzeko dena.

f) Eusko Jaurlaritzaren eta Idazkaritza Judizialaren arteko lankidetza-organoa, Eusko Jaurlaritza eta Idazkaritza Judizialaren arteko elkarlanerako organoa sortzeko maiatzaren 27ko 123/1997 Dekretuaren bidez sortua.

g) Aholku Kontseilua eta Doako Laguntza Juridikoaren Batzordea, Doako Laguntza Juridikoari buruzko ekainaren 19ko 110/2012 Dekretuaren bidez sortuak.

h) Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak, Doako Laguntza Juridikoko ekainaren 19ko 110/2012 Dekretuaren bidez sortuak.

i) Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea sortzeko abenduaren 1eko 328/1998 Dekretuaren bidez sortua, eta Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea arautzeko azaroaren 21eko 236/2012 Dekretuaren bidez arautua.

j) Justizia Administrazioaren Euskal Behatokia, Justizia Administrazioaren EAEko Aztergunea sortu eta arautzen duen maiatzaren 8ko 81/2001 Dekretuaren bidez sortua.

3.– Herri Administrazio eta Justizia Sailari atxikita daude:

a) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (HAEE/IVAP) administrazio-erakunde autonomoa, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Lege-Jaurpideari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legean ezarritako moduan.

b) Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa atxikitzen zaio, Administrazioaren egitura hierarkikoan integratu gabe, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridiko nagusiak mendean dituen organoari, Euskal Autonomia Erkidegoko Aholku Batzorde Juridikoari buruzko azaroaren 24ko 9/2004 Legean xedatu bezala, eta irailaren 12ko 167/2006 Dekretuan xedatu bezala Euskal Autonomia Erkidegoko Aholku Batzorde Juridikoaren antolaketa- eta funtzionamendu-araudia onartzekoa.

4.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburua buru dela, Zuzendaritza Kontseilua ere egongo da, Sailaren politika orokorra planifikatu eta koordinatzen laguntzeko. Sailburuordeen Kontseiluaren parte izango dira Zerbitzu zuzendaria, Kabineteko zuzendaria eta goi-kargudunak edo, landu beharreko gaiaren arabera, bileran parte hartzeko sailburuak deitzen dituen Saileko pertsonak.

II. KAPITULUA
SAILBURUA ETA SAILEKO GOI-KARGUAK

3. artikulua.– Sailburua.

1.– Honako egiteko hauek dagozkio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari: Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan aipatzen diren eskumenak eta indarrean dauden xedapenek bere egiteko eta jardun-arloetan ematen dizkioten guztiak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta jardun-arloak finkatzeari buruzko lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 6. artikuluak xedatzen duenaren ondorioz hartu zituen egiteko horiek.

2.– Honako hauek ere badagozkio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari:

a) Sailaren organo eta jarduera guztiak programatu, bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

b) Izendapen askeko lanpostuak betetzea –aurretik deialdi publikoa eginez–, eta aldi baterako langileak izendatzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan izendatutako diru-laguntzak ematea, Sailaren jardun-arloan.

d) Saileko organoen arteko esleipen-gatazkak, eta beste sailekiko bere planteamendua ebaztea.

e) Ondare-erantzukizunari buruzko prozedurak ebaztea.

f) Indarreko araudiak Sailari esleitzen dizkion eskumenak betetzea honako arlo hauetan: funtzio publikoa, ondarea, ekonomia eta aurrekontu kudeaketa, eta, oro har, dekretu honen 1. artikuluan aipatutako gaiekin lotutakoak, baldin eta dekretu horrek haren egitura organikoa osatzen duten beste organo batzuei egozten ez badizkie.

4. artikulua.– Sailburuordeak.

Herri Administrazio eta Justizia Saileko sailburuordeei, Sailburuaren artezko eta hierarkiazko mendetasunez, honako egiteko hauek dagozkie, oro har:

a) Saila ordezkatzea, haren titularrak eskuordetuta.

b) Sailburuordetzako eta haren mende dauden zuzendaritzetako organo guztiak eta jarduera guztiak koordinatu, sustatu, programatu eta gainbegiratzea; halaber, mendeko zerbitzuen eta organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko zirkularrak, jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea.

c) Jardun-politikak eta xedapen-proiektuak prestatzea eta sailburuari proposatzea; halaber, aginduta dauzkan egitekoen eremuan, hari laguntza ematea.

d) Sailburuordetzaren mende dauden zerbitzuetako proiektuak proposatzea, behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak definituz, aurrekontuen aurreproiektua prestatu ahal izateko.

e) Sailburuordetzari atxikita dauden zuzendaritza-zentroen eta erakundeen funtzionamendua ikuskatu eta kontrolatzea.

f) Sailburuordetzaren mendeko organoek emandako ebazpenen eta administrazio-egintzen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

g) Saileko langileak euskalduntzeko eta hizkuntza normalizatzeko prozesua bultzatzea, eta beraren eskumeneko alorretan euskararen erabilera sustatzea, herritarrei euskaraz erantzun ahal izateko Administrazioarekiko harremanetan.

h) Zehapen-ahalmena erabiltzea bere eskumen-eremuan, eta, indarreko legediari jarraituz, arintzat nahiz larritzat jotzen diren zehapenak ezartzea, betiere beste organo bati espresuki esleitu ez bazaio egiteko hori.

i) Indarreko legeriak espresuki esleitzen dizkien eskumen guztiak, eta, oro har, sailburuordeei izendatutakoak izateagatik guztientzat izan daitezkeenak.

5. artikulua.– Zuzendariak.

Zuzendariek, dagokion sailburuordearen zuzeneko eta hierarkiazko mendetasunez –Zerbitzu zuzendaria edo Kabineteko zuzendaria izan ezik, horiek sailburuaren mende baitaude–, eskumen hauek izango dituzte, oro har:

a) Sailburuaren eta sailburuordeen erabakiak gauzatzea eta eskuordetzen zaizkien eskumenak betetzea.

b) Saila ordezkatzea, sailburuak eskuordetuta.

c) Zuzendaritzaren jardunak programatu, bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

d) Espedienteen erregistroak eta artxiboak eta dagokion zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, organo eskudunek ezarritako arauekin bat eginik, eta hargatik eragotzi gabe Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumen orokorrak.

e) Goi-organoei proposamenak egitea, beren eskumeneko gaietan.

f) Xedapen arauemaileen proiektuen, Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki-proposamenen edo Sailaren ekimenez sinatzeko hitzarmenen azterketa egitea, eta, hala behar bada, txosten tekniko-juridikoa ere bai.

g) Errekurtsoak ebaztea, indarreko legerian agindutako kasuetan.

h) Zuzendaritza bakoitzaren arloetako estatistika-datuei buruz bidezkoa den informazioa helaraztea Zerbitzu Zuzendaritzari.

i) Bere zuzendaritzari esleitutako arloetan, Interneten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak izan beharreko presentzia-modeloari dagokionez, Sailari esleitutako egitekoak.

j) Beren eskumenaren eremuan zehapen-ahalmena erabiltzea, eta indarreko legeriari jarraikiz, arintzat eta larritzat jotako faltei dagokienez.

k) Indarreko legeriak espresuki ematen dizkien gainontzeko egitekoak, eta, oro har, Jaurlaritzako zuzendariei dagozkienak.

III. KAPITULUA
ZERBITZU ZUZENDARITZA ETA KABINETEA

6. artikulua.– Zerbitzu Zuzendaritza.

1.– Zerbitzu Zuzendaritzari, dekretu honen 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkion egitekoez gain, honako hauek ere badagozkio:

a) Sailari atxikitako giza baliabideak kudeatzea, Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10. artikuluak gai horri buruz esleitzen dizkion eskumenak baliatuz, Justizia Administrazioko langileei buruzkoak salbu.

b) Langileen prestakuntza-planak eta -programak koordinatu eta kudeatzea.

c) Sailaren kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontukoa egitea, dagozkion informazio-sistemak, ebaluazio jarraituko sistemak eta jarraipen-sistemak ezarriz eta mantenduz.

d) Zerbitzuen eta lan-moldeen barne-antolaketari, arrazionalizazioari eta informatizazioari buruzko proposamenak egitea, eta, halaber, zerbitzu publikoetako berrikuntzaren eta kalitate-hobekuntzaren arloan organo eskudunek emandako ekimenak eta jarraibideak sailetako organoek nola betetzen dituzten gainbegiratzea.

e) Sailari dagozkion gaietan, irizpen teknikoak prestatzea eta, oro har, laguntza juridikoa ematea, Saileko organoek hala proposatzen dutenean, eta, halaber, eskatzen zaion laguntza ematea xedapen orokorrak prestatzeko eta administrazio-egintzak emateko prozeduretan.

f) Sailburuak ebatziko dituen ondare-erantzukizuneko espedienteak hastea.

g) Kontratuen arloko informazioa ematea, espedienteak izapidetzea eta errekurtso arruntak eta gorabeherak ebaztea.

h) Sailarenak diren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak eta Jaurlaritzako Batzordeek landu beharreko gaiak bidaltzeko izapideak egitea.

i) Aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko gaiak izapidetzea.

j) Sailari dagozkion informatika-zerbitzuen segimendua egitea eta, behar izanez gero, zerbitzuok kudeatzea; halaber, datu pertsonalen babesari buruzko araudia betetzen ari dela ziurtatzea.

k) Politika publikoetan eta Sailak kudeatzen dituen administrazio-arloko gaietan hizkuntza normalizatzen eta euskara sustatzen laguntzea, Justizia Administrazioan salbu, hori guztia hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoaren irizpideekin bat.

l) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren argitalpenak arautzen dituen apirilaren 7ko 67/1998 Dekretuaren 10. artikuluan Sailari argitalpenaren arloan esleitutako egitekoak betetzea.

m) Informazio- eta telekomunikazio-sistemen arloan, Justizia eta Herri Administrazio Sailari dagozkion egitekoak, Informazio eta Telekomunikazio Sistemen Egitekoak eta Kudeaketa-Modalitateen Planifikazioa, Eraketa eta Banaketa arautu zituen otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuaren 7. artikuluko d) eta e) idatzi-zatien arabera.

n) Sailaren estatistika-lanak bultzatu, proposatu eta gauzatzea, hargatik eragotzi gabe Euskal Estatistika Erakundearen (EUSTAT) eskumenak.

o) Herritarrei informazioa eman eta harrera egiteko Sailaren zerbitzuen funtzionamendu onena ziurtatzea (harrerako 2. eta 3. mailak), baita Zuzenean-herritarrei harrera egiteko Jaurlaritzaren zerbitzuarekin harremanak behar bezala artikulatzea ere, bere eskumenen eremuko arloetan solaskide operatiboak badaudela ziurtatuz.

2.– Zerbitzu Zuzendaritzari atxikitzen zaio Saileko Saileko Estatistika Organo Espezifikoa, Herri Administrazio eta Justizia Saileko Estatistika Organo Espezifikoa sortzeko eta haren antolaketa eta egitekoak ezartzeko otsailaren 16ko 50/2010 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

3.– Zerbitzu zuzendaria izango da Sailaren kontratazio-organoa.

4.– Sailaren gastuak eta kreditu-transferentziak baimentzea ere, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzaren Kontseiluaren eskumenak. Kreditu transferentziak ere bere eskumenekoak dira.

5.– Zerbitzu zuzendariak izango du eskumena entitate bati prestazio jakin bat egitea eskatzeko egindako negozio juridikoak izenpetzeko, baldin eta, zerbitzu publikoko kontratazioa arautzeko araudian ezarritakoarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren bitarteko propioaren eta zerbitzu teknikoaren izaera esleitua badu.

7. artikulua.– Kabinetea.

Sailburuak, bere egitekoak burutzeko, Kabinete baten laguntza izango du, Zuzendaritzaren maila organikokoa, eta hark, dekretu honetako 5. artikuluan oro har ematen zaizkion egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Sailari emandako eskumenak betetzeko beharrezko laguntza eta aholkularitza ematea sailburuari, eta, halaber, eskumen horiei buruzko jardun-irizpideak eta -planak ezartzeko beharrezko direnak.

b) Saileko sailburuordetzen arteko koordinazio egokia zaintzea, eta, halaber, eta Sailak Eusko Legebiltzarrarekin eta Arartekoarekin dituen harremanak bideratzea, organo eskudunen bidez.

c) Sailaren programa eta jarduna gauzatzeko eta betetzeko arloek burutu beharreko jarduerak planifikatu, programatu eta ebaluatzeko teknikak eta metodoak proposatzea. Horretarako, sailburuari dagozkion jarraipen- eta koordinazio-egitekoak errazteko beharrezko laguntza eta agiriak eskatu ahal izango ditu arloka.

d) Sailaren plan estrategikoak eta plan horiei dagozkien jarraipen-txostenak prestatzen laguntzea, Saileko sailburuordetzekin koordinatuta.

e) Sailaren egitekoetan eragina duten gaien inguruko informazio egokia bildu, aztertu eta aurkeztea. Horretarako gaiarekin zerikusia duten Saileko beste organo eskudunekin batera lan egingo du.

f) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planean aurreikusitako neurriak gauzatzearren, Saileko zuzendaritzen eta Administrazio Instituzionaleko erakundeen eta hari atxikitako organoen lana zaintzea.

g) Europar Batasunaren Erakundeen inguruan Sailari dagozkion jardueren jarraipena egitea.

IV. KAPITULUA
ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDETZA

8. artikulua.– Erakunde Harremanetarako Sailburuordetza.

1.– Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzari, dekretu honen 4. artikuluan oro har ematen zaizkion egitekoez gain, honako hauek ere badagozkio:

a) Jaurlaritzaren Kontseiluaren lanak eta Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 22. artikuluaren babesean sortzen diren batzorde delegatuen lanak antolatzea.

b) Jaurlaritzak Legebiltzarrean hartutako konpromisoak zenbateraino betetzen diren zaintzea, Sailekin lankidetzan.

c) Lehendakariari Legebiltzarrarekiko eta Arartekoarekiko harremanetan laguntzea, Jaurlaritza Bozeramaileen Batzordearen aurrean ordezkatuz, hala dagokionean.

d) Araubide orokorreko elkarteen, fundazioen eta elkargo profesionalen arloan Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion araubide orokorrari, babesletzari eta erregistroari buruzko egitekoak betetzea.

e) Toki Administrazioaren arloko jardunak ikuskatu eta aztertzea.

2.– Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzaren mendean honako zuzendaritza hauek egongo dira:

a) Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritza.

b) Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza.

9. artikulua.– Jaurlaritzaren Idazkaritzarako eta Legebiltzarrarekiko Harremanenetarako Zuzendaritza.

1.– Jaurlaritzaren Idazkaritzarako eta Legebiltzarrarekiko Harremanenetarako Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan zehaztutako egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

1.1.– Jaurlaritzaren Kontseiluaren eta Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 22. artikuluaren babesean sortzen diren Batzorde delegatuei dagokienez, honako hauek:

a) Bileretako gai-zerrenda prestatu eta banatzea, eta erabakitzeko aztertu beharreko gaiak ezagutzeko behar diren agiriak, aurrekariak eta datuak.

b) Akordioak izapidetzeko eta, hala behar bada, balioztatzeko beharrezko eskakizun juridikoak, finantzarioak eta formalak betetzen direla zaintzea, hala behar denean, nahitaezko txostenak eskuratuz.

c) Jaurlaritzak gaiak izapidetzeko onartutako arauak eta jarraibideak eta legegintza-teknikarako onartutako gidalerroak betetzen direla zaintzea.

d) Hartutako erabakien aktak prestatu eta zaintzea, eta erabakiok betetzen direla zaintzea.

e) Hartutako erabakiak egiaztatzea, eta ezagutzeko, deliberatzeko eta onartzeko aipatutako organoei aurkezten zaizkien gaiei buruzko testuen kopia kautotuak egitea.

f) Bileretan aurkeztu behar diren agiriak normalizatzeko jarraibideak proposatzea.

1.2.– Legebiltzarrarekiko harremanetarako arloan, jarraian zehazten diren egitekoak:

a) Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren arteko harreman- eta komunikazio-organo gisa jardutea.

b) Legebiltzarreko fasean legegintza-programa nola betetzen den aztertzea, horren jarraipena egin eta koordinatzea.

c) Legebiltzarrak aurkezten zaizkion lege-proposamenak, proposamen ez-legezkoak eta mozioak aintzat hartu edo ez erabaki behar duenerako, Jaurlaritzaren irizpideak lantzeko azterlanak, dokumentazio-lanak eta prestaketa-lanak egitea.

d) Administrazioan eskumena duten organoei, Legebiltzarrari aurkezten zaizkion ekimenekin eta galdera eta interpelazioekin zerikusia duen informazioa eskatzea, eta informazio hori aztertzea, sailentzako txostenak egiteko eta haiei laguntza emateko.

e) Legebiltzarrak Jaurlaritzari ezartzen dizkion konpromisoen jarraipena egitea.

f) Eta, oro har, Legebiltzarraren jardueraren berri ematea Jaurlaritzari.

3.– Jaurlaritzaren eta Arartekoaren arteko harreman- eta komunikazio-organo gisa ere jarduten du.

4.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari dagokionez, haren araudiak ezartzen dizkion egitekoak betetzen ditu.

5.– Zuzendaritza honen eskumena da Euskal Autonomia Erkidegoko agintariek atzerrian eragina izan behar duten agirietan ezarri beharreko sinadura zinezkotzea, zinezkotze bakarrari edo bukaerako oharrari buruzko Hagako araudi aplikagarriarekin bat etorriz, betiere eginkizun hori ez bazaie beste organo batzuei esleitu.

6.– Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko organoek egiten dituzten irizpen-eskaerak Estatu Kontseiluari igortzeko prestaketa-jarduerak egitea dagokio.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sektore publikoa osatzen duten erakundeek euren artean edo beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatuen artean egiten dituzten hitzarmenen eta edozein eratako akordioen erregistroa ere badagokio.

8.– Zuzendaritza honi atxikiko zaio diru berezietarako diren kredituetako fondoak erabiltzeko aukera duten agintarien ondare-ondasunen eta -eskubideen Erregistroa.

10. artikulua.– Toki Administrazioekiko eta Administrazio Erregistroekiko Zuzendaritza.

1.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroekiko Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan zehaztutako egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Toki-araubideko arauak koordinatu eta prestatzea.

b) Toki-eginkizunen eta -zerbitzuen inguruko informazioa, azterketa eta aholkularitza ematea.

c) Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumen diren toki-araubideko gaiak aztertzea, horiei buruzko aholkuak eta irizpena eman eta ebaztea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen eta erakunde autonomoen eta foru- eta toki-administrazioaren arteko lankidetza- eta harreman-politika sustatu eta zaintzea.

e) Toki-erakundeak elkartu eta garatzeko formula organiko eta funtzionalak sustatzea.

f) Euskadiko Udal Kontseiluko idazkari izatea, Euskadiko Udal Kontseilua sortzeko uztailaren 28ko 326/1994 Dekretuaren bidez sortua.

g) Toki-administrazioari buruzko erregistro-tresnak kudeatzea.

h) Autonomia Erkidego honen eskumeneko elkarteen araubide orokorra, horretarako sortutako Erregistroa eramatea eta Onura Publikoko Elkarteen Babeslaritza.

i) Elkarteen Lurralde Bulegoak koordinatu, zuzendu eta gainbegiratzea.

j) Autonomia Erkidegoaren eskumeneko fundazioen araubide orokorra, eta horretarako sortutako Erregistroa eramatea eta Fundazioen Babeslaritza.

k) Elkargo Profesionalekin lotutako egiteko instituzional, orokor eta korporatiboak, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean xedatutakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe elkargo horiek beren sektore-eremuan Sailekin izan ditzaketen harremanak.

l) Notarioak eta jabetza-erregistratzaileak izendatzea, indarreko legeriaren arabera.

2.– Elkarteen Erroldaren Lurralde Bulegoak lurralde historiko bakoitzeko hiriburuetan daude, eta Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroekiko Zuzendaritzaren lurralde-zerbitzu deszentralizatuak dira.

V. KAPITULUA
ARAUBIDE JURIDIKOAREN SAILBURUORDETZA

11. artikulua.– Araubide Juridikoaren Sailburuordetza.

1.– Araubide Juridikoaren Zuzendaritzak, dekretu honetako 4. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren aholkulari- eta laguntzaile-lanak Euskal Autonomia Erkidegoko Aholku Batzorde Juridikoari ez dagozkion gaietan, Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia den heinean.

b) Administrazio horiek ordezkatu eta defendatzea ezein jurisdikzioren aurrean.

c) Euskal Herri Administrazioen antolaketa eta prozeduraren araubide juridikoaren arloko egitekoak prestatu eta betetzea, eta, azken kasu horretan, Administrazioa arrazionalizatzeko, hobetzeko eta eguneratzeko emandako gidalerroetara egokitzea ere bai.

d) Estatuarekin eta beste lurralde-erakunde batzuekin autogobernuaren eta garapen autonomikoaren arloan izan beharreko harremanen politika zuzendu, koordinatu eta betetzea, horretarako dauden bitariko organoetan parte hartuz.

d) Autonomia Erkidegoaren eskumenei dagozkien zerbitzuen eskualdaketak artikulatzeko politika zuzendu, koordinatu eta gauzatzea, bai Estatuarekiko eskualdatzeei dagokienean, bai lurralde historikoekiko eskualdatzeei dagokienean.

e) Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparrua erabat betetzeko eta autogobernuan sakontzea ahalbidetzen duten mekanismoak, ereduak eta tresnak analizatu eta aztertzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen antolaketa errazteko eta hobetzeko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

2.– Eskualdaketen balioespen ekonomikoari dagokionez, Araubide Juridikoaren Sailburuordetza Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunekin arituko da elkarlanean.

3.– Azaroaren 24ko 9/2004 Legean eta haren antolakuntza- eta jarduera-araudian ezarritako moduan, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa Araubide Juridikoaren Sailburuordetzari atxikitzen zaio, baina haren egitura organikoan sartu gabe, beraren aholkulari-lana autonomia hierarkiko eta funtzional osoarekin burutuko baitu.

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Araubide Juridikoaren Sailburuordetzako titularrak edukiko du aholkularitza-organo goren horren lehendakaritza.

4.– Ordezkaritzako, defentsarako eta jakinarazpenetarako Lurralde Bulegoak Araubide Juridikoaren Sailburuordetzatik deszentralizatutako Lurralde Zerbitzu gisa eratuko dira.

5.– Honako zuzendaritza hauek Araubide Juridikoko Sailburuordetzaren mende egongo dira:

a) Estatutuaren Garapenerako Zuzendaritza.

b) Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritza.

c) Auzibide Zuzendaritza.

12. artikulua.– Estatutuaren Garapenerako Zuzendaritza.

Estatutuaren Garapenerako Zuzendaritzak, dekretu honetako 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Ordenamenduko eskumenen azterketa juridikoa eginez, autonomiaren garapena sustatu eta analizatzea.

b) Txostenak, ekimenak, eskakizunak eta judizio aurreko beharrezko jarduketak egitea, baita Jaurlaritzaren interesak ordezkatu eta defendatzea ere konstituzio-jurisdikzioaren eta Arbitraje Batzordearen aurrean, betiere Auzibide Zuzendaritzarekin elkarlanean, dekretu honen 14. artikuluarekin bat.

c) Estatuarekiko eta beste lurralde-erakunde batzuekiko eskumen-eskualdaketen politikari buruz aholku ematea eta politika hori gauzatzea.

d) Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean eta Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanetarako Legearen lehenengo xedapen iragankorrean eskumenen eskualdaketetarako aurreikusitako bitariko batzordeetan idazkaritza-lanak egitea.

e) Jaurlaritzaren eta Estatuko Administrazioaren artean eskumenen inguruko gatazkak saihesteko beharrezkoak diren informazio-trukeak eta lankidetza-jarduerak egitea.

f) Estatuko Administrazioarekin, Foru Administrazioekin edo Toki Administrazioekin sor litezkeen gatazkak aztertzea, eta Jaurlaritzari aholku ematea.

13. artikulua.– Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritza.

1.– Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzak, dekretu honetako 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Sailek eta erakunde autonomoek hala eskatzen dutenean, haien eskumenekoak diren arazoei buruzko irizpenak edo txosten juridikoak lantzea.

b) Beste erakunde instituzional batzuek hala eskatzen dutenean, haientzat interesgarriak izan daitezkeen irizpenak edo txosten juridikoak lantzea.

c) Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari ez dagozkion lege-aurreproiektuen eta eduki arauemailea duten erregelamendu-xedapeneko proiektuen legezkotasunaren barne-kontrola, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak agintzen dizkion beste gai batzuk.

d) Defentsa jurisdikzionala egiteko ardura duten organoentzako txostenak lantzea eta aholku juridikoak ematea, zuzendaritza horrek landutako xedapenak aurkaratuz gero.

e) Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen eremuan beharrezko den arau oro prestatu eta garatzea, bai eta euskal herri-administrazioen egiturapen eta sailkapen instituzionalerako lanabesak eta ereduak prestatu eta proposatzea ere, Administrazioaren berrikuntzaren eta kalitate-hobekuntzaren eremuan emandako artezpideetara egokitzeko; hori guztia funtzio publikoaren, Administrazioaren berrikuntza eta hobekuntzaren arloko organo eskudunekin lankidetzan.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Zibil Forala eta Berezia zaindu, aldatu edo garatzera bideratutako jarduerak landu eta prestatzea.

2.– Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Lege Garapen eta Arau Kontrolerako zuzendaria izango da aholkularitza-organo goren horren lehendakariordea.

14. artikulua.– Auzibide Zuzendaritza.

Auzibide Zuzendaritzak, dekretu honetako 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren ordezkaritzako eta defentsako beharrezko aurre-ekintzak egitea, eta ekintza horiek gidatu eta koordinatzea.

b) Judizio-ekintzak hasarazteari buruz aholkuak ematea, txostenak lantzea eta jardunak koordinatzea.

c) Administrazioaren jarduna zuzentzeko neurriak proposatzea, ahalik eta errekurtso edo erreklamazio gutxien jar daitezen.

d) Epaiak betearazteak, prozesuen gastuetarako dirua biltzeak edo kostuak ordaintzeak sor ditzaketen administrazio-ekintzak koordinatzea.

e) Epaiek antolamendu juridikoaren gain izan dezaketen eragina eta, oro har, judizio-prozeduren ondorioak aztertzea.

f) Zerbitzu Juridiko Nagusikoak ez diren legelariak gaitzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Epaietarako Ordezkotzari eta Aldezpenari buruzko ekainaren 26ko 7/1986 Legearekin bat etorriz.

g) Elkargokide diren abokatuei agindutako egitekoak.

h) Haien jardueraren ondorioak direla kausa, Jaurlaritzako funtzionario eta goi-kargudunen defentsa zibil eta penala bere gain zein kasutan hartu behar duen erabakitzea.

VI. KAPITULUA
FUNTZIO PUBLIKOKO SAILBURUORDETZA

15. artikulua.– Funtzio Publikoko Sailburuordetza.

1.– Funtzio Publikoko Sailburuordetzari, dekretu honen 4. artikuluan oro har esleitzen zaizkion egitekoez gain, Herri Administrazio eta Justizia Sailari funtzio publikoaren, langileen araubide juridikoaren nahiz ordainsarien araubidearen eta negoziazio kolektiboaren arloan ematen zaizkionak ere badagozkio.

2.– Sailburuordeak eskumen hauek izango ditu:

a) Giza baliabideekin lotutako politikaren planifikazioa gauzatu, zuzendu eta koordinatzea, baliabide horiek gizartearen premiei eta eskaerei egokitzeko egin beharreko jarduerak proposatuz, eta bai Administrazioa egituratzen duten unitateak arrazionalizatu eta ordenatzea ere.

b) Ogasunaren arloan eskumena duen sailarekin batera, aurrekontu-plantilletako aurreproiektua lantzea.

c) Efektiboak arrazionalizatzeko eta berresleitzeko planak prestatu eta proposatzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren eremuko negoziazio kolektiboaren edukiak eta mugak prestatu eta proposatzea, bai eta solaskidetza-, koordinazio-, eta, beharrezkoa bada, erabaki-egitekoak bermatzeko irizpideak zehaztea eta lanabesak diseinatzea ere.

e) Autonomia Erkidegoko Administrazioa ordezkatzea funtzionarioen eta lan-kontratuko langileen ordezkariekin burutu behar duen negoziazioan eta beste administrazio batzuetako funtzio publikoan agintea duten beste organo batzuen aurrean.

f) Langileen ohiko kudeaketan sailetarako eta erakunde autonomoetarako aplikazio-irizpide komunak ezartzea, Jaurlaritzak arlo honetarako onartzen duen politika orokorra betez.

g) Laneko osasun- eta segurtasun-arloetan Jaurlaritzak onartzen dituen aplikazio komuneko prebentzio-politikako irizpideak ezartzea sail eta erakunde autonomoetarako.

h) Herri-administrazioa arrazionalizatu, hobetu eta eraberritzeko lanak bultzatzea, zuzendu eta garatzea.

i) Administrazio eta gobernu elektronikoak sustatu, zuzendu eta gauzatzea, eta, batez ere, zerbitzuen digitalizazioa.

j) Administrazioen arteko jarduna sustatzea Administrazioa modernizatzeko.

k) Euskal Herri Administrazioen antolaketaren eta prozeduraren araubidea, Araubide Juridikoaren Sailburuordetzarekin lankidetzan.

l) Herritarrei informazioa eman eta harrera egiteko mekanismo, tresna eta zerbitzu zentralizatua eta kanal anitzekoa bultzatu eta gauzatzea.

m) Jaurlaritzaren politika publikoak definitu, koordinatu eta gauzatzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publikoa diseinatu eta aplikatzea.

3.– Honako zuzendaritza hauek Funtzio Publikoko Sailburuordetzaren mende egongo dira:

a) Funtzio Publikoko Zuzendaritza.

b) Lan Harremanen Zuzendaritza.

c) Herritarrak hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza.

16. artikulua.– Funtzio Publikoko Zuzendaritza.

Funtzio Publikoko Zuzendaritzak Jaurlaritzak ezarritako gidalerroen arabera garatu, kontrolatu eta gauzatuko giza baliabideen politika, eta dekretu honetako 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 6. artikuluan aipatutako egitekoak betetzea, dekretu honetan beste organo batzuei berariaz esleitutakoak salbu.

b) Giza baliabideen kudeaketa-politika planifikatzea, eta hautaketa, prestakuntza, ebaluazioa eta karrerako lanabesak diseinatzea, lanpostuen analisiaren bitartez eta lan-tresnon eraginkortasuna eta efikazia begiztatzeko beharrezko azterketak eginda.

c) Saileko eta sailen arteko jarduna eta proiektuak landu, koordinatu eta ebaluatzea barne-egituraketaren eta langileen antolaketaren arloan, bat datozen Lanpostuen Zerrenden bidez. Ondoriozko lanpostuak baloratzea, Jaurlaritzak ezarritako giza baliabideen politikako jarraibideekin bat.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta haren erakunde autonomoak lanpostuez modu egokian hornitzeko behar diren lanabesak kudeatzea.

e) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan, Ertzaintzan, unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetan eta Segurtasun Administrazioko laguntza-zerbitzuetan sartzeko hautaproben deialdietako oinarri-arauei buruzko informazioa ematea, aginduz. Horrelakoetan, espresuki eman beharko da informazioa hautaprobako alderdi teknikoei eta metodologikoei buruz; eta, horretarako, deialdia egiten duenak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen laguntza eska dezake.

f) Funtzio publikoaren arloko irizpenak lantzea, Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailek edo haren erakunde autonomoek hala eskatutakoan.

g) Langileen prestakuntza-politika diseinatu eta gauzatzea.

h) Jardueren eta Ondarezko Eskubide-Ondasunen Erregistroa kudeatzea –Jaurlaritzako kideen, Administrazioko goi-kargudunen eta zuzenbide pribatuko entitate publikoen eta sozietate publikoen zuzendaritza-taldekideen jarduerak eta ondarezko eskubide-ondasunak adieraztea eta erregistratzea arautzen duen otsailaren 23ko 129/1999 Dekretuaren bidez sortua–.

i) Langileei eragiten dieten administrazio- eta lan-arloko gorabeherak izapidetzeko eta ebazteko jarraibideak ematea, bai eta gorabehera horiek ebaztea ere, baldin eta Administrazio Orokorreko sailei edo haien erakunde autonomoei espresuki egotzita ez badaude.

17. artikulua.– Lan Harremanen Zuzendaritza.

Lan Harremanen Zuzendaritzak, dekretu honetako 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Funtzio Publikoko Sailburuordetzari laguntzea Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren eremuko negoziazio kolektiboaren edukiak eta mugak prestatu eta proposatzen.

b) Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren ordezkari izatea sindikatuekin eta langileen beste ordezkapen-organo batzuekin egiten diren elkarrizketetan eta negoziazioetan.

c) Langileen ordezkariekin lortutako edo izenpetutako akordio edo hitzarmenen ondorioz sortutako organo edo lantaldeetan Sailaren ordezkari izatea, baldin eta akordioan espresuki beste organo bati egotzi ez bazaio egiteko hori.

d) Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileen ordezkariekin lortu edo izenpetu beharreko akordio edo hitzarmenen berri ematea, izenpetu baino lehen eta derrigorrez.

e) Sailei, erakunde autonomoei, zuzenbide pribatuko erakunde publikoei eta elkarte publikoei laguntza ematea, langileen ordezkariekin egin beharreko negoziazioetan.

f) Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen ordezkariekin izenpetutako akordio eta hitzarmenen indarraldiari eta aplikazioari buruz sortzen diren administrazio- eta lan-arloko gorabeheren berri ematea eta horiek ebaztea, eta aplikazio komuneko jarraibideak ezartzea.

g) Langileen asistentzia kontrolatzeko aplikazio-irizpide komunak ezartzea, eta aplikazio informatikoa administratzea.

h) Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Instituzionalak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde edo sistemetan duen parte-hartzea kudeatu eta koordinatzea, bazkide edo ekarpen-egile gisa esku hartzen badu.

i) Langileei gizarte-laguntzak ematea eta laguntzok kudeatzea, eta izapidetu eta ebatzi behar duten sailek eta erakunde autonomoek jarraitu beharreko gidalerroak ezartzea, indarreko legeen arabera.

j) Lan-harremanekin, lan-baldintzekin eta giza baliabideak antolatzearekin eta zerbitzu publikoen kalitate handiko eredu batera egokitzearekin zerikusia duen guztiaren segimendua eta ebaluazioa egitea.

k) Funtzio Publikoko Sailburuordetzak Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen eremuan hartutako laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko aplikazio-irizpide komunak betearaztea.

l) Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko kultura egokia sustatzea, bai eta prebentzio- eta zuzenketa-neurriak diseinatzea ere, eta organo eskudunek betearaz ditzatela bultzatzea, koordinazio-irizpideak ezarrita, beharrezko balitz.

m) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen Prebentzio Zerbitzua kudeatzea.

n) Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean aurreikusitako pentsioei dagokienez, espedienteak eta emate-proposamenak izapidetzea.

18. artikulua.– Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza.

Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak, dekretu honetako 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Zerbitzu publikoak berritzeko eta horien kalitatea hobetzeko, sailen arteko planak prestatu, koordinatu eta bultzatzea, eta herri-administrazioetan administrazio elektronikoa ezartzea, dela administrazio-prozeduretan, dela gai publikoen kudeaketan.

b) Antolaketaren eta prozeduraren arloko xedapen orokorren proiektuak, ekimenak eta arau-gidalerroak prestatu eta proposatzea, horiek sinplifikatzea eta horien kalitatea eta gizarterako eraginkortasuna hobetzea bilatuz.

c) Erakunde instituzionalen barne-egituraketaren, antolaketaren eta sorreraren arloko sailaren jarduerak, eta erakunde horiek ezartzen dituzten xedapen orokorrak aztertu eta ebaluatzea; eta, halaber, administrazioko sail eta erakundeei aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea antolaketaren eta prozeduren arloan.

d) Euskal Autonomia Erkidegoaren Herri Administrazio osorako diren telematika-izapideetarako zerbitzuak aitortu eta kudeatzea, besteak beste, agiri-erregistroa, telematika-jakinarazpena edo paper-egiaztagiriak baztertzea xede duten datuen truke automatikorako baimenak.

e) Zerbitzuen berrikuntzako eta kalitatearen hobekuntzako ereduak eta lantresnak diseinatu eta garatzea, politika publikoak ebaluatzea, eta gobernatza-sistemak ezartzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publikoa ezartzea politika publikoak definitu, koordinatu eta gauzatzean, eta, horretarako, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko eta berritzeko tresnak eta ereduak diseinatu eta garatzea, politika publikoak ebaluatzea eta gobernamendu onerako sistemak sartzea.

g) Herritarren zerbitzu publikoetarako eta informaziorako sarbidea erraztuko duten prozesuak ezarri eta kudeatzea, bai eta herritarren parte-hartzea erraztea ere.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak interneten duen presentzia-eredua zuzendu, antolatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

i) Administrazioek eta sektore publikoko organismoek landutako eta zaindutako informazioa jendearen eskueran jartzea, informazioa berrerabiltzeko, sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legea aplikatuta.

j) Intraneta eredu kolaboratiborantz bideratzea, barne-komunikazioari, talde-lanari, ezagutza partekatuari eta antolamendu-ikaskuntzari euskarri emango diona.

k) Ikuskaritza orokorra, zerbitzuei eta langileei dagokienez, Funtzio Publikoaren arrazionaltasuna eta eraginkortasuna bermatu ahal izateko.

VII. KAPITULUA
JUSTIZIA SAILBURUORDETZA

19. artikulua.– Justizia Sailburuordetza.

1.– Justizia Sailburuordetzari, dekretu honen 4. artikuluan oro har ematen zaizkion egitekoez gain, honako hauek ere badagozkio:

a) Botere Judizialarekiko, Justizia Ministerioarekiko eta Justizia Administrazioan diharduten gainerako erakunde eta organoekiko harremanez arduratzea, baita notario, erregistratzaile, abokatu, prokuradore, epaile, fiskal eta idazkari judizialen korporazio eta ordezkaritza-antolakundeekiko harremanez ere.

b) Justizia Administrazioaren funtzionamendurako giza baliabideak eta baliabide materialak jartzea oro har, eta haren antolaketa eta jarduerak planifikatzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan Zuzenbide Estatua garatzeko eta Justizia sendotzeko neurriak bultzatzea.

d) Euskararen erabilpena arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legeak herritarrei ematen dizkien eskubideak Justizia Administrazioan erabili ahal direla bermatzea, eta Justizia Administrazioaren euskalduntze-prozesua sustatzea.

e) Agintaritza Judizialak xedatzen dituen neurri guztien betearazpena koordinatzea, bereziki adingabeko arau-hausleei dagokienez.

f) Espetxeen gaian Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenak planifikatzea.

2.– Honako zuzendaritza hauek Justizia Sailburuordetzaren mende egongo dira:

a) Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

c) Justizia Zuzendaritza.

20. artikulua.– Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

1.– Justizia Administrazioko Zuzendaritzari, dekretu honen 5. artikuluan, oro har, ematen zaizkion egitekoez gain, honako hauek ere badagozkio:

a) Justizia Administrazioa hobetzeko eta modernizatzeko programak egitea eta betearaztea.

b) Justizia Administrazioari dagokion informatika-plana egitea, eta plan horren ondorioz dagozkion informatika-zerbitzuak ematea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan organo eta zerbitzu judizial berriak sortzeko beharrak planifikatzea.

d) Justizia Administrazioan hizkuntza-normalizazioa bultzatzea, hizkera juridikoa bateratuz eta euskararen ezarpen dokumentala garatuz; eta, halaber, beraren zerbitzuko langileen euskalduntzea eta alfabetatzea antolatu eta kudeatzea.

e) Lanbide juridikoetara eta Justizia Administrazioarekin lotutakoetara sartzeko prestakuntzako laguntza-sistema bat planifikatu eta garatzea.

f) Justizia Administrazioaren funtzionamendurako beharrezko baliabide material eta ekonomikoak planifikatzea, ematea eta antolatzea.

g) Justizia Administrazioaren eremuko kontratazio-organoari dagozkion laguntza teknikoari eta materialari buruzko egiteko guztiak betetzea.

h) Bake-epaitegiei laguntzeko programak kudeatzea eta Bake Justiziaren gaian ekintzak sustatzea.

i) Justizia Administrazioaren zerbitzuko peritu judizialen eta euskara-itzultzaileen sarea antolatu eta gidatzea.

j) Destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan duten epaile, magistratu, fiskal, eta idazkari judizialentzako prestakuntza-programak kudeatzea erkidego horretan.

k) Organo eta zerbitzu judizialen segurtasuna zaintzea, eta haietako larrialdi-plana prestatu eta gainbegiratzea.

l) Bulego eta zerbitzu judizialen, fiskaltzen eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Antolaketa Plana egitea, proposatu eta ezartzea, eta haren jarduerak koordinatzea.

m) Lanpostuen zerrenden bidez, plantilla organikoa, langileen antolamendua eta haiek bulego judizialen egitura osatzen duten unitateetan banatzeko modua organo eskudunari proposatzea, eta horren ondoren, hura kudeatu eta hornitzea.

n) Organo eta bulego judizialak, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua barne, langilez hornitzea, beren egitekoak bete ditzaten errazteko. Horretarako, lan-araubideko kontratuak egingo dira, edo Euskal Autonomia Erkidegoko kidegoetako funtzionarioak atxikiko.

ñ) Justizia Administrazioaren eremu bakoitzeko langileen arloko politika planifikatu, gidatu eta bultzatzea, besteak beste, prestakuntza, gizartea, sustapena, arriskuen prebentzioa, diziplina eta ordainsariak, Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparruaren arabera.

2.– Eraentzako Antolapide Teknikoak (EAT) izeneko administrazio-unitateak lurralde historiko bakoitzeko hiriburuetako justizia-jauregietan daude, eta Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren mende egongo dira organo-mailaketari dagokionez; eta, haien egitekoen eskuduntza duen Justizia Sailburuordetzako zuzendaritzaren mende, bestalde, egitekoei dagokienez.

Hauek dira unitate horien egitekoak:

a) Sailburuordetzako Zuzendaritzen eta Organo eta Zerbitzu Judizialen artean lotura iraunkorra egitea.

b) Bere lurraldeko Organo eta Zerbitzu Judizialen beharrei erantzutea.

c) Bulego eta zerbitzu erkideen antolaketa-plana ezartzeko laguntza zuzena ematea.

21. artikulua.– Justizia Zuzendaritza.

Justizia Zuzendaritzari, dekretu honetako 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkion egitekoez gain, honako hauek ere badagozkio:

a) Tutoretza judizialaren eraginkortasunera eta doako justiziarako sarbidera bideratutako neurriak hartzea.

b) Zuzenbideko profesionalen prestakuntza koordinatu eta programatzea, doako laguntza juridikoko zerbitzuak eskaintzearen inguruan.

c) Justizia Administrazioaren esparruko gatazka-ebazpen alternatiboa sustatu eta garatzea, auzi penal, zibil eta familiarretan bitartekaritza bultzatuz.

d) Justizia Administrazioari buruzko informazio-, ezagutza- eta hurbilketa-planak sustatu eta betearaztea.

e) Zehapen- eta espetxe-legeria betearaztea, bere eskumenen eremuan, Jaurlaritzak eremu horietan dituen gainerako jarduerekin koordinatuta.

f) Gazte-justiziaren arloko jarduerak diseinatu, planifikatu, antolatu eta ebaluatzea, Jaurlaritzako sail guztien lana koordinatuz.

g) Lantalde psikosozial judizialen antolaketa eta funtzionamendua hornitzea, eta lantalde horiek osatzen dituzten langileen prestakuntza zaintzea.

h) Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak Sortu eta kudeatzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Saileko sailburuordetzetako edo zuzendaritzetako titularrik ez badago –absentziagatik edo gaixotasunagatik–, horiei esleitutako eskumenak, honela beteko dira, betiere egoera hori gertatu aurretik ardurok esleitu ez badira eta egoera horrek dirauen artean:

a) Sailburuordetzei esleitutako eskumenak sailburuordetza horietako zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera.

b) Zuzendaritzei esleitutako eskumenak sailburuordetza bereko zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera, hau da, zuzendariaren gain-gainean dagoenak ordezkatuko du zuzendaria, eta lehenengoarena sailburuordetzako pertsona titularrak beteko du; eta, halakorik ezin bada, hierarkikoki zuzenean gain-gainean dagoenak, hurrengo atalean adierazitakoa izan ezik.

c) Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumenak Kabineteko zuzendariak beteko ditu, eta alderantziz.

d) Aurreko arauak nahikoa ez diren kasuetan, administrazio-organoaren eskumenak gain-gainetik dagoen administrazio-organoak erabakitzen duenak beteko ditu.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko lehendakariaren mendetasun funtzionalaren pean, Zerbitzu Zuzendaritzak administrazio-laguntza- eta -babesa emango dizkio Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari –honek hala eskatuz gero– lege horren 14. artikuluak hainbat arlotan (langileak, kontratazioa, bitarteko material eta informatikoak eskuratzea eta kudeaketa ekonomiko eta aurrekontukoa) esleitzen dizkion eskumenez baliatzeko, betiere, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 13.2 artikuluan xedatutako bermea betetzeko, eta batzorde horren antolamenduaren eta funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duen irailaren 12ko 167/2006 Dekretuaren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Justizia-arloan eta administrazio publikoaren arloko indarreko legeriak lehengo Justizia eta Herri Administrazio Sailari egiten dizkion aipamenak Herri Administrazio eta Justizia Sailari egiten zaizkiola ulertuko da, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta jardun-arloak finkatzeari buruzkoak, sail horri esleitutako egitekoak eta jardun-eremuei dagokienez, eta dekretu honetan Sailari esleitzen zaizkion eskumenei dagokienez.

2.– Arau eta xedapenen batean Justizia Administrazioa Eraberritzeko Zuzendaritzari eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzari buruzko aipamenak egiten badira, Justizia Administrazioko Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira aurrerantzean.

3.– Indarreko arau eta xedapenen batean Herritarrei Arreta Emateko Zuzendaritza eta Berrikuntzaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritzari buruzko aipamenak egiten badira, Herritarrak hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira aurrerantzean.

4.– Indarreko arau eta xedapenen batean iraungitako Jarlaritzaren Lehendakaritzako Koordinazioko Idazkaritza Nagusiko Autonomia Garapenerako Zuzendaritzari buruzko aipamenak egitean, Estatutuaren Garapenerako Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira aurrerantzean.

5.– Indarreko arau eta xedapenen batean Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Jaurlaritzaren Idazkaritzarako eta Legebiltzarrarekiko Harremanenetarako Zuzendaritzari buruzko aipamenak egitean, sail honetako Jaurlaritzaren Idazkaritzarako eta Legebiltzarrarekiko Harremanenetarako Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira; eta Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzari eta iraungitako Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Toki Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritzari egindakoak, Toki Administrazioekiko eta Administrazio Erregistroekiko Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira aurrerantzean.

6.– Azterlanen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzari honako dekretu hauetan egiten zaizkion aipamenak, azkenik, aurrerantzean Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzari egindakotzat ulertuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 145/2008, eta Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretua.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Izapidetzen ari diren espedienteak, dekretu honetan ezarri diren organoek izapidetuko eta ebatziko dituzte, kasuan kasuko gaiaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Justizia eta Herri Administrazio Saileko egitura organiko eta funtzionalari buruzko abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretua indarrik gabe gelditzen da; eta indarrik gabe gelditzen da, halaber, dekretu honetan adierazitakoaren aurka doan beste edozein xedapen ere, maila berekoa zein baxuagokoa izan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko eta zuzendaritzaren mailara heltzen ez diren unitate organikoak bateratu, sortu edo desagerrarazteko, baldin eta horrek gastuak areagotzen ez baditu.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko apirilaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala