Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2013ko apirilaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
1818

187/2013 DEKRETUA, apirilaren 9koa, Lehendakaritzako egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa.

Martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez aldatutako Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren arabera, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Lehendakaritzari:

a) Lehendakariari Jaurlaritzaren jarduna planifikatu eta koordinatzen laguntzea; eta, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen arteko lankidetza, koordinazioa, plangintza bateratua eta artikulaziorako harremanak zuzentzea.

b) Jaurlaritzaren bozeramailetza.

c) Jaurlaritzaren informazio- eta komunikazio-politika komunikabideen aurrean; eta teknologia berriei eta multimedia ekoizpenari buruzko politika.

d) Gizartearen eta herritarren parte-hartzea.

e) Gizarte- eta erakunde-harremanak.

f) Jaurlaritzaren politika ondorengo gaietan: Europar Batasuna, mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza, eta euskal gizataldeak eta euskal etxeak.

g) Euskadiren kanpoko ordezkaritza- eta proiekzio-politika.

h) Garapenerako lankidetza.

i) Generoaren aukera-berdintasunerako politika.

j) Genero-indarkeriaren biktimez arduratzeko politikak zuzendu eta koordinatzea.

k) Giza Eskubideen sustapena.

l) Terrorismoaren biktimez arduratzeko politikak zuzendu eta koordinatzea.

Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren antolamendu eta egitekoen esparru berria ezartzeko, hiru idazkaritza nagusitan egituratzen du Jaurlaritzaren Lehendakaritza dekretu honek: Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusia, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia eta Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia.

Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiari Lehendakaritzako zerbitzu komunak koordinatu, zuzendu eta kudeatzea dagokio, eta, bereziki, Lehendakariari laguntza politikoa eta teknikoa ematea eta gizarte- eta erakunde-harremanen politika. Eusko Jaurlaritzaren informazio- eta komunikazio-politika ezarri, diseinatu eta zuzentzea dagokio, baita Jaurlaritzaren bozeramailetza-arloa eta protokoloa ere. Herritarren parte-hartzearen arloan, gainera, herritarrek parte hartzeko eta euren proposamenei erantzun instituzionala emateko bideak sustatzea dagokio.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari Eusko Jaurlaritzaren kanpo-harremanak planifikatu, bultzatu eta koordinatzea dagokio.

Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiari bakearen eta bizikidetzaren aldeko estrategiak eta jarduerak diseinatu eta sustatzea, terrorismoaren biktimez arduratzeko politikak zuzendu eta koordinatzea eta Giza Eskubideak sustatzea dagokio.

Generoaren arloko aukera-berdintasunaren jardun-arloa eta genero-indarkeriaren biktimez arduratzeko politikak zuzendu eta koordinatzekoa Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagozkio.

Garapenerako lankidetzaren arloa Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio, berau sortu eta arautzeko ekainaren 19ko 5/2008 Legean xedatutakoa betez.

Ondorioz, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.c) artikuluak eta abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 4. artikuluak ematen dizkidaten eskumenen arabera eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko apirilaren 9ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
LEHENDAKARITZA

1. artikulua.– Jardun-arloak.

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak –martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez aldatua– bere 4. artikuluan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu. Dekretu horren arabera, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Lehendakaritzari: Jaurlaritzaren jarduna planifikatu eta koordinatzen Lehendakariari laguntzea; Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen arteko lankidetza, koordinazio, plangintza bateratu eta artikulaziorako harremanak zuzentzea; Jaurlaritzaren bozeramailetza; Jaurlaritzaren informazio- eta komunikazio-politika komunikabideen aurrean; teknologia berriak eta multimedia ekoizpena; gizartearen eta herritarren parte-hartzea; gizarte- eta erakunde-harremanak; Jaurlaritzaren politika ondorengo gaietan: Europar Batasuna, mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza, eta euskal gizataldeak eta euskal etxeak; Euskadiren ordezkaritza- eta proiekzio-politika kanpoan; garapenerako lankidetza; generoaren aukera berdintasunerako politika; genero-indarkeriaren biktimez arduratzeko politikak zuzendu eta koordinatzea; Giza Eskubideak sustatzea; eta terrorismoaren biktimei laguntzeko politikak zuzendu eta koordinatzea.

2. artikulua.– Egitura.

1.– Aurreko artikuluan adierazitako arloen inguruko eskumenak betetzeko, honako organo hauek daude Lehendakaritzan:

1.1.– Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusia:

a) Lehendakariaren Kabinetearen Zuzendaritza.

b) Araubide Juridikoaren Zuzendaritza.

c) Koordinaziorako Zuzendaritza.

d) Zerbitzu Zuzendaritza.

e) Komunikaziorako Zuzendaritza.

f) Gobernu Irekiaren Zuzendaritza.

g) Protokolo Zuzendaritza.

1.2.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia:

a) Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza.

b) Europako Gaietarako Zuzendaritza.

c) Kanpoko Euskal Komunitatearen Zuzendaritza.

d) Ordezkaritzak: Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritza, Euskadiren Argentinako Ordezkaritza (Mercosur), Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiako Ordezkaritza, Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritza eta Euskadiren Mexikoko Ordezkaritza.

1.3.– Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia:

Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza.

2.– Jaurlaritzaren Lehendakaritzako idazkari nagusiak Lehendakariaren menpe egongo dira zuzenean eta hierarkikoki, eta Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen ondorioetarako, sailburuordeen maila izango dute.

3.– Euskadiren kanpoko ordezkari bakoitzak zuzendari-maila izango du, ekainaren 30eko 7/1981 Legean jasotakoaren ondorioetarako.

4.– Lehendakaritzaren idazkari nagusiek emandako ebazpenek administrazio-bideari amaiera emango diote.

3. artikulua.– Sektore publikoko erakundeak.

1.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea administrazio-erakunde autonomoa Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikita dago Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiaren bidez, Emakunde sortzeko otsailaren 5eko 2/1988 Legean xedatutakoaren arabera. Erakunde honi dagokio generoaren aukera-berdintasunerako politikaren arloa, bai eta genero-indarkeriaren biktimez arduratzeko politikak zuzendu eta koordinatzea ere.

2.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoa Lehendakaritzari atxikia dago, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bidez, erakunde hori sortu eta arautzeko ekainaren 19ko 5/2008 Legean xedatutakoren arabera. Erakunde honi dagokio garapenerako lankidetzaren arloa.

4. artikulua.– Atxikipenak.

Lehendakaritzari atxikita daude, halaber, sortze-arauetan ezarritako baldintzetan, honako organo hauek:

a) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua, Lehendakariaren apirilaren 17ko 1/2007 Dekretuak sortu eta arautua.

b) Kanpo Harremanetarako Sailarteko Batzordea, abuztuaren 31ko 127/2007 Dekretuaren bidez arautua.

c) Kanpo Harremanetarako Erakunde Arteko Batzordea, martxoaren 18ko 52/2008 Dekretuaren bidez arautua.

d) Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordea, apirilaren 11ko 243/1995 Dekretuaren bidez arautua.

e) Euskal Etxeen Erregistroa, uztailaren 28ko 318/1994 Dekretuaren eta maiatzaren 14ko 106/1996 Dekretuaren bidez arautua.

f) Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordea, Garapenerako Lankidetzarako otsailaren 22ko 1/2007 Legearen bidez sortua eta martxoaren 24ko 71/2009 Dekretuaren bidez arautua.

g) Garapenerako Lankidetzarako Euskal Kontseilua, otsailaren 22ko 1/2007 Legearen bidez sortua eta irailaren 16ko 158/2008 Dekretuaren bidez arautua.

h) Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua, otsailaren 23ko 55/2010 Dekretuaren bidez arautua.

i) Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordea, Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 23ko 6/2010 Legearen bidez sortua eta azaroaren 22ko 237/2011 Dekretuaren bidez arautua.

II. KAPITULUA
LEHENDAKARITZAREN IDAZKARITZA NAGUSIA

5. artikulua.– Egitekoak.

1.– Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusia Lehendakariaren menpe egongo da zuzenean eta hierarkikoki, eta egiteko hauek izango ditu:

a) 1. artikuluan ezarritakoaren arabera Lehendakaritzari dagozkion jardun-arloak koordinatu eta bultzatzea, eta Lehendakaritza osorako diren zerbitzuen kudeaketa zuzentzea.

b) Jaurlaritzaren sailekiko eta Lehendakaritzarekin zerikusia duten erakundeekiko komunikazio-organo legez jardutea, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzako kideek Lehendakaritzarekin duten zuzeneko harremana eta dekretu honek Komunikaziorako Idazkaritza Nagusiari eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari esleitzen dizkien harremanak, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean ezarritakoaren arabera.

c) Lehendakariari bere erantzukizunak gauzatzeko behar dituen argibide politiko eta teknikoak eskaintzea. Horrek ez du sailburuen egitekoak gutxitzea ekarriko.

d) Lehendakariari Jaurlaritzaren jarduna zuzendu eta koordinatzeko behar duen laguntza ematea. Horretaz gain, aholkularitza ere eskainiko dio, hala eskatzen dionean.

e) Lehendakariaren gizarte- eta erakunde-harremanak gauzatu eta sustatzeko irizpide orokorrak ezartzea.

f) Sektoreetako jarduera- eta ekimen-planei buruzko informazio-prozedura egokiak ezartzea eta horiek mantentzea, Lehendakariari gobernu-lana koordinatzen laguntzeko.

g) Lehendakariak erakundeetan parte hartu behar duenean lagungarri izan dakiokeena eskatzea Jaurlaritzako sailei.

h) Sailen jardueren koordinazio orokorrerako eta sektorialerako prozedurak eta tresnak proposatzea, eta gauzatzen diren gainbegiratzea.

2.– Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiak egiteko hauek ditu komunikazio-arloan:

a) Eusko Jaurlaritzaren informazio- eta komunikazio-politika ezarri, diseinatu eta zuzentzea, gizarte-komunikabideez baliatuz.

b) Eusko Jaurlaritzaren jardunaren berri behar bezala ematen dela ziurtatzea, baita Lehendakariaren eta Jaurlaritzaren bozeramailearen jardunaren berri ere.

c) Beharrezko irizpide eta baliabideak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sail eta erakunde autonomoen prentsa-zerbitzuen nahiz erakunde-izaerako jarduerei eragiten dien zabalkunde- eta informazio-jardunaren koordinazioa bermatzeko.

d) Beharrezko irizpideak eta baliabideak ezartzea erakunde arteko jarduerei eragiten dien zabalkunde- eta informazio-jardunaren koordinazioa ziurtatzeko.

e) Jaurlaritzak komunikabideekin dituen harremanak zuzentzea.

f) Gizartea sentsibilizatzeko publizitate-kanpainak eta neurriak koordinatzea, baita Eusko Jaurlaritzaren eta bere sailen jardueren zabalkundea egitea ere, Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordearen bidez.

g) Euskadiren irudi instituzionala kanpoan zabaltzeko informazio- eta publizitate-irizpideak eta -politikak ezartzea.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak interneten duen presentzia-eredua arautzen duen ekainaren 8ko 108/2004 Dekretuan zehaztutako egitekoak.

i) Jaurlaritzari laguntza ematea Gobernuaren interes orokorreko gaiak euskal gizarteari komunikatzerakoan.

j) Gizarteak eta herritarrek politika sektorialak diseinatu eta ezartzen parte hartu behar dutela jakinaraztea Gobernu-organoei, eta horren gainean sentsibilizatzea.

k) Herritarrek parte hartzeko eta euren proposamenei erantzun instituzionala emateko bideak sustatzea.

3.– Lehendakaritzari dagozkion eskumenen eremuan, hauek dira Lehendakaritzaren idazkari nagusiaren egitekoak:

a) Lehendakariari xedapen orokorren eta erabakien proiektuak prestatu eta proposatzea, eta Lehendakaritzaren egitekoen eta jardun-eremuen arloan beharrezko diren zirkularrak, instrukzioak eta egintzak ematea. Berari dagokio, halaber, Lehendakaritzako diru-laguntzen deialdia egitea eta horiek ebaztea, salbu Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren eta Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren eskumen-arloari dagozkionak.

b) Lehendakariari laguntzea, Jaurlaritzaren Lehendakaritzari esleitutako jardun-arloetan, Jaurlaritzaren Kontseiluak edo horren baitan sortutako batzorde delegatuek onartu beharreko gaiak aurkeztu, defendatu eta izapidetzen.

c) Sektore Publikokok Kontratuen Legearen Testu Bateginak –azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onartua– Kontratazio Organoari esleitzen dizkion ahalmenak betetzea, hargatik eragotzi gabe Euskadiren Kanpoko ordezkariei dagozkien kontratazio-arloko ahalmenak.

Halaber, eskumena izango du Euskal Autonomia Erkidegoko baliabide propio eta zerbitzu teknikotzat hartzen diren entitateekin prestazioren bat hitzartzeko negozio juridikoak egiteko. Arlo publikoko kontratazioaren arauetan jarriko du zein diren baliabide propio eta zerbitzu tekniko horiek.

d) Lehendakaritzaren eskumenekoak diren espedienteak izapidetzeko gastuetarako baimenak ematea –hargatik eragotzi gabe zenbatekoaren arabera Jaurlaritzaren Kontseiluari dagozkion gastu-baimenak– eta aurrekontu-gaietan oro har sailburuenak diren ahalmenak erabiltzea.

e) Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10. artikuluak sail bakoitzari esleitzen dizkion eskumenak betetzea eta Lehendakaritzako aldi baterako langileak izendatzea.

4.– Lehendakaritzaren idazkari nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren arteko harreman-organo gisa jardungo du.

6. artikulua.– Lehendakariaren Kabinetearen Zuzendaritza.

Lehendakariaren Kabinetearen Zuzendaritzari egiteko hauek dagozkio:

a) Lehendakariaren lan-programaren jarraipena egitea.

b) Lehendakariari laguntza zuzena ematea bere karguaren arabera esleituta dituen egitekoetan.

c) Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen bidez, azterlanak, txostenak eta jarduerak gauzatzea, Jaurlaritzaren Lehendakaritzak gizarte-errealitatearen egoera eta bilakaeraren berri izan dezan.

7. artikulua.– Araubide Juridikoaren Zuzendaritza.

Araubide Juridikoaren Zuzendaritzari egiteko hauek dagozkio:

a) Lehendakaritzaren eskumen-eremuan, Jaurlaritzaren Kontseilua erabaki beharreko gaiak prestatu eta koordinatzea, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharrekoak ere.

b) Legebiltzarreko agerraldiak lantzen laguntzea Jaurlaritzaren Lehendakaritzako organoei, bai eta Lehendakaritzak Arartekoarekin, Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekin nahiz beste erakunde publiko batzuekin dituen harremanak koordinatu eta bideratzea ere, organo eskudunen bidez.

c) Lehendakaritzaren xedapen, hitzarmen eta akordioen proiektuak prestatzea eta horien berri ematea, eta Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren organoei aholku juridikoak ematea.

d) Lehendakaritzari interesa dakizkiokeen lege, jurisprudentzia eta doktrinen jarraipena egitea.

e) Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren organoekin sustatu, koordinatu eta lankidetzan jardutea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planean xedatutakoa betetzeko, dagokion berdintasun-unitatearen bidez.

f) Lehendakaritzaren interesen jarraipena egitea prozedura judizialetan, eta haren defentsan jardutea organo eskudunaren bidez.

8. artikulua.– Koordinaziorako Zuzendaritza.

Koordinaziorako Zuzendaritzari egiteko hauek dagozkio:

a) Gobernuaren jardunaren prestakuntza koordinatzea eta haren jarraipena egitea, baita horien informazio- eta jarraipen-prozeduren proposamena egitea ere.

b) Sailen arteko koordinazio-estrategiak eta elkarlan-mekanismoak zehaztea, Gobernuaren jardun bateratu baterantz jotzeko.

c) Sailei euren jardunak planifikatu, programatu eta ebaluatzeko aholkularitza ematea, bereziki sail arteko eta erakunde arteko eragina dutenean. Jardun hauetan, Herri Administrazio eta Justizia eta Ogasun eta Finantza Sailekin koordinatuta jardungo du.

d) Sail arteko edo erakunde arteko organoetan parte hartzea, horien jarduera Gobernuaren jardunerantz bideratzeko, eta organoen arteko koordinazioa eta horien funtzionamendu eraginkor eta eragimenezkoa sustatzea.

9. artikulua.– Zerbitzu Zuzendaritza.

Zerbitzu Zuzendaritzari egiteko hauek dagozkio:

a) Aurrekontu-aurreproiektua prestatzea, erakunde autonomoen, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta Lehendakaritzari atxikitako sektore publikoko gainerako erakundeen aurrekontu-proiektuak koordinatzea, aurrekontuaren jarraipena egitea, eta Lehendakaritzaren ekonomia- eta administrazio-kudeaketa egitea.

b) Lehendakaritzari atxikitako langileak administratu eta kudeatzea, bera baita diziplina-espedienteak izapidetzeko eskumena duen administrazio-organoa.

c) Langileak behar diren aztertzea eta Lehendakaritzako lanpostu-zerrendaren proposamena prestatzea.

d) Gizarte-ekintzako eta langileak prestatu eta trebatzeko planak eta programak prestatzea, hargatik eragotzi gabe gai horretan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak bereganatuta dituen aginpideak.

e) Barne-antolaketarako metodoak eta informazio-sistemak proposatzea, lan-sistemak arrazionalizatu eta hobetzeko.

f) Lehendakaritzako bulegoen barne-erregimenaz arduratzea, horiek administratzea, eta horien ondarea eta ekipamendua mantentzea.

g) Sortzen diren ondare-erantzukizuneko espedienteak hasi eta izapidetzea, ondoren Lehendakaritzaren idazkari nagusiari helarazteko, honek ebatz ditzan.

h) Euskadiren Kanpoko Ordezkaritzetako egoitzen funtzionamendu ona bermatzeko ordezkariekin koordinatzea eta elkarlanean jardutea, betiere Zuzendaritzari dagozkion gaietan.

i) Euskadiren Kanpoko Ordezkaritzek egoki funtzionatzeko jardueretan laguntzea eta jarduera horien gauzatzen direla ziurtatzea, bereziki gai hauetan: ondarea, obrak eta altzariak, informatika- eta telekomunikazio-baliabideak, ibilgailuak eta langileak, besteak beste.

j) Laneko Segurtasunerako eta Osasunerako unitatearen jarduerak zuzendu eta antolatzea.

k) Administrazioa aldatu eta modernizatzeko organo eskudunak ezartzen dituen ekimenak eta araubideak garatu eta betetzeko behar den euskarria bermatzea.

l) Sailean herritarrentzako informazio- eta arreta-zerbitzuek ezin hobeto funtzionatzen dutela ziurtatzea (arretarako 2. eta 3. maila), eta Zuzenean-Herritarren Arreta Zerbitzuarekin dauden harremanak egokiro antolatzea, beren eskumeneko arloetan solaskide operatiboak daudela bermatuz.

m) Lehendakaritzako langileen euskalduntze-prozesua eta hizkuntza-normalizazioa bultzatzea, bai eta euskararen erabilera sustatzea ere, dagokion euskara-unitatearen bidez.

10. artikulua.– Komunikaziorako Zuzendaritza.

Komunikaziorako Zuzendaritzari egiteko hauek dagozkio:

a) Eusko Jaurlaritzaren jardueren berri behar bezala ematen dela ziurtatzea, baita Lehendakariaren eta Jaurlaritzaren bozeramailearen jardueren berri ere.

b) Gobernuaren komunikatuak, erreferentziak eta prentsa-oharrak egitea.

c) Gizarte-komunikabideekiko harremanak ziurtatu eta erraztea.

d) Sailen informazio-lana erraztea eta sail horien prentsa-zerbitzuak koordinatzea.

e) Publizitate-kanpainak eta sentsibilizazio-neurriak koordinatzen eta Eusko Jaurlaritzaren jarduna zabaltzen kolaboratzea.

f) Informazio- eta publizitate-politikak ezarri eta gauzatzea, Euskadiko erakundeen irudi instituzionala kanpoan zabaltzeko.

g) Euskadiko nahiz nazioarteko gaurkotasunak komunikabideetan duen islaz azterlanak eta txostenak gauzatzea, eta politikaren, ekonomiaren eta gizartearen egoera aztertzea, ikuspuntu informatibotik.

11. artikulua.– Gobernu Irekiaren Zuzendaritza.

Gobernu Irekiaren Zuzendaritzari egiteko hauek dagozkio:

a) Eusko Jaurlaritzaren komunikatuak, erreferentziak eta prentsa-oharrak egitea, sailetako prentsa-zerbitzuekin elkarlanean, eta Jaurlaritzaren jarduerek ikus-entzunezko estaldura egokia izango dutela bermatzea.

b) Gizarte-komunikabideei Jaurlaritzaren ikus-entzunezko edukiak eskuratzeko modua eman eta erraztea.

c) Erakundearen «euskadi.net» web-orriaren bidez, Jaurlaritzaren jardun orokorraren informazio-edukiak zuzendu eta koordinatzea.

d) Interneteko komunikazioko ikus-entzunezko eta multimediako tresna berriak aztertu eta sustatzea, parte-hartzea bultzatzeko eta Jaurlaritzarekin sarean komunikatzeko.

e) Jaurlaritzak Interneten gauzatuko dituen jardueren gardentasuna erraztea.

f) Administrazio publikoaren jarduerak gizartean hedatzeko bide eraginkorrak ezartzeko proposamenak egitea.

g) Herritarren artean eztabaida eragiten duten gaiak zein diren identifikatzea, Administrazio publikoak horien gaineko gogoeta egin dezan.

h) Herritarrek aurkeztutako proposamen eta proiektuak koordinatzea eta, hala badagokio, proposamen eta proiektu horien ezarpena ahalbidetzea.

i) Ekimenak proposatzen dituzten eragile eta pertsonen eta dagokion arloko organo eskudunen artean harreman zuzena bultzatzea.

12. artikulua.– Protokolo Zuzendaritza.

Protokolo Zuzendaritzari egiteko hauek dagozkio:

a) Gizarte-eragile, herritar eta erakundeekiko Lehendakariaren harremanak gauzatzea eta horien jarraipena egitea.

b) Lehendakariak parte hartu behar duen ekitaldi ofizialak egoki antolatu eta burutzen direla bermatzea.

c) Lehendakaritzaren harreman publikoetarako behar diren jarduerak burutzea.

d) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiarekin elkarlanean, Lehendakariari laguntza logistikoa ematea kanpora egin behar dituen bidaietarako.

e) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiarekin elkarlanean, kanpoko pertsona ospetsuek Euskadira egiten dituzten bidaietarako laguntza logistikoa ematea.

f) Lehendakaritzari eta Jaurlaritzako goi-kargudunei protokoloaren araubidea ezartzea.

III. KAPITULUA
KANPO HARREMANETARAKO IDAZKARITZA NAGUSIA

13. artikulua.– Egitekoak.

1.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia Lehendakariaren menpe egongo da zuzenean eta hierarkikoki, eta laguntza emango dio Lehendakariari Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpo-harremanetarako estrategia politiko eta instituzionala zehaztu eta zuzentzeko.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan, hauek dira Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren egitekoak:

a) Eusko Jaurlaritzaren kanpo-harremana programatu, sustatu eta koordinatzea.

b) Kanpo-harremanen plan estrategikoaren zehaztapena eta martxan ezartzea sustatu eta koordinatzea.

c) Jaurlaritzari kanpo-harremanen arloan lagundu eta aholku ematea, eta eremu horretarako Lehendakariaren jarraibideak betearaztea. Ildo horretan, Lehendakaritzari laguntzea, Eskualdeen Komitean eta beste eskualde-organo edo -erakunde batzuetan Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari instituzionala den heinean dituen egitekoetan. Horrez gain, Lehendakariaren ordezkoa izango da Eskualdeen Komitean eta beste eskualde-organo edo -erakunde batzuetan.

d) Euskadin kanpoko pertsona ospetsuen presentzia planifikatu, sustatu eta koordinatzea.

e) Europar erakundeei buruzko jardun-politika definitzea, batez ere Europar Batasunari eta Europako Kontseiluari buruzkoa.

f) Eusko Jaurlaritzak Europako eskualde-mugimenduan duen ekimena zuzentzea; batez ere, Europako Eskualdeen Batzordean eta Euskadik parte hartzen duen eskualde arteko erakundeetan.

g) Mugaz gaindiko eta eskualde arteko lankidetza-harremanak sustatu, gauzatu eta koordinatzea.

h) Kanpoan diren euskal gizataldeekiko harreman-politika planifikatu, gauzatu eta kudeatzea.

i) Eusko Jaurlaritzak beste herri, eskualde edo erakunde azpiestatal batzuekin edota Nazioarteko Erakundeekin izan ditzakeen harreman bilateralak eta multilateralak sustatu, gauzatu eta koordinatzea.

j) Europar politikaren, Eusko Jaurlaritzaren kanpo-harremanen, eta Estatuaren nazioarteko politikaren jarraipena egitea Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenei eragiten dieten gaietan, eta gai horietan Estatuko Administrazioarekin elkarlan instituzionalean aritzea.

k) Nazioarteko Tratatuak egin eta negoziatzen Euskal Autonomia Erkidegoak izan behar duen parte-hartzea zuzendu eta koordinatzea, Estatuko Administrazioarekin adostutako bideetatik.

l) Gai horietan Estatuaren borondatea zehazteko eratzen diren konferentzia, batzorde edo organoetan Euskal Autonomia Erkidegoaren presentzia eta parte-hartzea koordinatzea.

m) Kanpo-harremanetan eragina duten jarduerak gauzatzen dituzten erakunde publikoekin edo pribatuekin harremanak izatea.

n) Euskal erakundeen arteko kooperazioa eta lankidetza sustatzea, Kanpo Harremanetarako Sailarteko Batzordearen eremuan, kanpo-harremanen eremuko proiektu komunak abian jartzeko.

o) Europako Batzordearen eta Europako Parlamentuaren Estatuko Ordezkaritzarekin harremanak garatzea.

3.– Jaurlaritzaren kanpo-harremanak bateratuak izan daitezen, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia eta bere organoak elkarlanean arituko dira Eusko Jaurlaritzako sailekin, erakunde autonomoekin, sozietate publikoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko erakunde publikoekin, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak kanpo-harremanekin zerikusia duten arau- eta xedapen-proiektuen berri emango du.

4.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari eta haren organoei esleitutako egitekoek lurralde historikoen eta lurralde-erakundeen jardunean eragiten dutenean, lankidetza- eta elkarlan-bitarteko egokiak ezarriz gauzatuko dira.

5.– Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak egingo du bere eskumeneko arloko diru-laguntzen deialdia, bere eskumen-eremuari dagozkion arloetan, eta horien ebazpena, aldiz, dagokion zuzendari eskudunek emango dute.

6.– Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia izango da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lehendakariordea.

7.– Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia izango da Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordearen lehendakaria.

14. artikulua.– Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza.

Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzak Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari gai horietan dagozkion egitekoak bete behar ditu, eta bereziki, honako hauek:

a) Kanpo Harremanetarako idazkaritza nagusiari laguntzea kanpo-harremanen politika kudeatu eta gauzatzen.

b) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak definitzen duen kanpo-harremanen plan estrategikoko jardun- eta jarduera-lerroak prestatu, sustatu, koordinatu eta ebaluatzea.

c) Jaurlaritzaren kanpo-harremanen estrategia politikoa eta instituzionala ziurtatzeko, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak kanpoan gauzatutako jarduerak koordinatzeko tresnak proposatu eta kudeatzea.

d) Eusko Jaurlaritzaren sail, erakunde autonomo eta sozietate publikoen kanpo-harreman oro sustatzea, horien jarraipena egin eta koordinatzea, Euskadiren ekonomia-, enpresa- eta kultura-sustapenaren koherentzia eta eraginkortasuna bermatzeko.

e) Euskadiren Kanpoko Ordezkaritzek egoki funtziona dezaten behar den jarduera oro proposatu eta sustatzea.

f) Ordezkaritzei babesa eta laguntza teknikoa ematea txostenak eta memoriak prestatzeko, solaskide edo eragileak identifikatu eta aurkitzeko, eta, oro har, bere eguneroko funtzionamendurako.

g) Eusko Jaurlaritzaren interesak koordinatzea Madrilen, Euskadiren Madrilgo Bulegoaren bidez.

h) Eusko Jaurlaritzaren eta nazioarteko erakundeen arteko harreman multilateralak sustatu eta erraztea.

i) Izaera horizontaleko erakunde eta sareetan parte hartzea, izan horiekiko harremanak sustatzeko, zein Eusko Jaurlaritzaren sail, erakunde autonomo eta sozietate publikoek erakunde eta sare horiekin dituzten harremanen jarraipena egiteko.

j) Euskadi kanpoan ezagutzera emateko jarduerak sustatzea, haren industrian, ezagupenean, berezitasun instituzionaletan, hizkuntzan eta kulturan oinarri hartuz.

k) Euskadin nazioarteko erakundeek euren egoitzak irekitzeko laguntza eta euskarria ematea.

l) Kide kontsularrarekiko harremanetan komunikazio-kanal izatea Euskadin.

15. artikulua.– Europako Gaietarako Zuzendaritza.

1.– Europako Gaietarako Zuzendaritzak Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari gai horietan dagozkion egitekoak bete behar ditu, eta bereziki, honako hauek:

a) Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari laguntzea Jaurlaritzaren Europako jarduna sustatu eta koordinatzen.

b) Autonomia Erkidegoaren eta Europar Batasuneko eta Europako Kontseiluko erakunde eta organoen arteko harreman-organo gisa jardutea, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin elkarlanean.

c) Koordinazio-neurriak bete daitezela bultzatu eta gauzatzea, Europar Batasuneko arauak eta politika landu eta aplikatzen Jaurlaritzak esku har dezan, eta neurri horiek betetzeko Jaurlaritzaren Sare Eragilea garatzea.

d) Europako erakundeetako organo eta lantaldeetan –Europar Batasunekoetan, batez ere– EAEko ordezkarien parte-hartzea sustatu, garatu eta koordinatzea.

e) Europako Erkidegoko zuzenbidearen erabilera gainbegiratu eta koordinatzea.

f) EAEko Administrazio Orokorraren komunikazio ofizialak Europako erakundeetara –batez ere, Europako Kontseilura– bideratu eta gidatzea, komunikazio horiek ordenamendu komunitarioak eragiten dieten betebeharrei buruzkoak direnean bereziki (xedapenen transposizioei, Estatu-laguntzen proposamenei, arau-hausteei eta abarrei buruzkoak). Horretarako legeak ezarritako bideak erabiliko dira.

g) Kanpo Harremanetarako eta Europar Batasunerako Estatu Idazkaritzekin elkarlan- eta lankidetza-harremanak izatea, Europar Batasunaren gaiei dagokienean.

h) Europako Batzordearen eta Europako Legebiltzarraren Madrilgo Ordezkaritzarekin harremanak izatea.

i) Jaurlaritzako sailek, bere erakunde autonomoek eta sozietate publikoek Europar Batasunaren programa eta ekimenetan duten parte-hartzea sustatu, koordinatu eta ebaluatzea, betiere, programa eta ekimen horiek programazio-dokumenturik edo programa eragilerik behar ez badute.

j) Jaurlaritzako sailek Europar Batasunaren ekimenen berri izateko eta ekimenoi jarraipena egiteko tresnak zuzendu eta koordinatzea.

k) Jaurlaritzako sailei arau, politika eta ekimen komunitarioei buruzko aholkuak ematea, arau, politika eta ekimenok sailon interesekoak direnean.

l) Europar Batasuna eraikitzearekin zerikusia duten gaiei buruzko hedapena eta zabalkundea egiteko jarduerak gauzatzea, gai horiei buruzko prestakuntza-egintzak eta -azterlanak gauzatzea, eta Europako Informazioaren Euskal Sarea sustatzea.

2.– Mugaz gaindiko lankidetzari buruzko jarduerei dagokienez, honako egiteko hauek ditu Europako Gaietarako Zuzendaritzak:

a) Euroeskualdeen Biltzarraren lan-bilkura eta batzordeetan parte hartzea.

b) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia ordezkatzea Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) batzarretan.

c) Jaurlaritzaren ordezkaritza teknikoa koordinatzea Eskualde arteko Ekimen Komunitarioaren kudeaketan.

d) Akitaniako, Pirinio Atlantikoetako eta Midi-Pyrénées eskualdeko erakundeekin eta muga inguruko udalerriekin harremanak ezartzea, bai eta mugaz gaindiko herritarrari zerbitzuak ematen dizkioten erakunde eta agentziekin ere.

e) Mugaren alde bietako eragile publikoen eta pribatuen artean mugaz gaindiko harremanak ezar daitezela bultzatzea.

f) Jaurlaritzaren mugaz gaindiko politiken eragina ebaluatzea.

g) Jaurlaritzaren sailen mugaz gaindiko jardueren aholkularitzan laguntzea.

16. artikulua.– Kanpoko Euskal Komunitatearen Zuzendaritza.

Kanpoko Euskal Komunitatearen Zuzendaritzari dagokio Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak bere jarduera-esparruan dituen egitekoak gauzatzea, eta, bereziki, hauek:

a) Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari laguntzea kanpoko euskal komunitatearen harreman-politika kudeatu eta gauzatzen; komunitate hori euskal etxeei bildutako edo bildu gabeko euskal jatorriko pertsonek osatzen dute.

b) Euskadi eta kanpoko euskal komunitatearen arteko loturak eta harremanak sustatu, koordinatu, ezarri eta areagotzea, batez ere, lotura eta harreman sozialak, kulturalak eta ekonomikoak.

c) Kanpoko euskal komunitatea egituratu eta interkonektatzea.

d) Euskal Autonomi Elkarteaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanetarako maiatzaren 27ko 8/1994 Legeak esleitzen dizkion egitekoak betetzea, lege horretan jasotako aurreikuspenak, eskubideak eta zerbitzuak ezarriz.

e) Euskal gizataldeak eta euskal etxeak indartzen laguntzea, horien barne-kohesioaren eta elkarte-jardueren eraginkortasunaren alde eginez.

f) Ordenamendu juridikoaren eta aurrekontu-baliabideen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi den euskal komunitateari laguntza eta babesa ematea ahalbidetzea.

g) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi den euskal komunitatearen eta EAEko botere publikoen arteko komunikazio-kanalak ezartzen laguntzea

h) Lau urtero, Kanpoko Euskal Gizataldeen Mundu Batzarra antolatzea.

i) Euskal Gizataldeei laguntzeko lau urteko plana koordinatzea eta, hala balegokio, gauzatzea.

j) Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeari laguntzea.

k) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila eta Etxepare Institutuarekin batera, kanpoko euskal komunitatean euskal kultura eta hizkuntza zabaldu eta mantentzeko proiektuak gauzatzea, bai eta Euskadik eta kanpoan diren euskal gizataldeek komunean duten errealitate horretako gai historikoei eta egungo gaiei buruzko ikastaroak, mintegiak, konferentziak, erakusketak eta kongresuak ere.

l) Euskal Etxeen Erregistroa eta Federazioak kudeatzea.

m) Euskadiko eta beste herrialde batzuetako euskal komunitateak elkarrengana gehiago hurbil daitezen behar diren azterlanak eta argitarapenak egin eta zabaltzea.

n) Euskal emigrazioaren Memoria Historikoa biltzen laguntzen duten jarduerak sustatzea.

17. artikulua.– Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritza.

1.– Euskadiren Bruselako Ordezkaritza Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren menpe egongo da zuzenean eta hierarkikoki, eta Europako Gaietarako Zuzendaritzarekin arituko da elkarlanean. Bruselako Ordezkaritzak Euskadi Europar Batasuneko erakundeetan ordezkatzen du, eta EAEk hainbat alorretan dituen interesak defendatu eta bultzatuko ditu erakunde horietan. Horretarako, honako egiteko hauek ditu:

a) Autonomia Erkidegoaren interesak ordezkatzea Europar Batasuneko erakunde eta organoen eta egoitza Bruselan duten erakunde multilateralen eta organoen aurrean.

b) Euskadiren interes sozioekonomikoak, sektorialak eta profesionalak kudeatzea, Europar Batasuneko ekimenek interesoi eragiten badiete, betiere.

c) Bere egitekoak betetzen Europako Gaietarako Zuzendaritzari laguntza ematea.

d) Europar Batasuneko lege-ekimenen inguruko erabakiak hartzeko prozesua jarraitzea eta informazioa eskuratzea, lege-ekimenok Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenei edo interesei eragiten badiete, betiere.

e) EAEko agintariak eta gizarte- eta ekonomia-alorreko eragileak Europar Batasuneko erakundeekin elkartzeko azpiegitura izatea.

f) Europar Batasunean parte hartzeko borondatea adierazten duten erakunde publiko nahiz pribatuei aholku teknikoak eskaintzea, laguntzarako zentro logistiko gisa.

g) Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Ordezkaritza iraunkorraren arteko harreman-organoa izatea.

h) Europako erakundeetan eta egoitza Bruselan duten bestelako erakundeetan zuzenean aritzea, Jaurlaritzako sailek Europako Erkidegoko arauak eta politikak landu eta ezartzen parte har dezaten; baita, premiazkoa denean, sailek egindako parte-hartzeen berri izatea ere.

i) Gainerako autonomia-erkidego, länder edo eskualdeek Bruselan dituzten bulegoekin elkarlanean aritzea.

j) Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko erakundeen eta Bruselan kokatutako beste erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza erraztea, Euskadiren hainbat sektoretako interesak defendatu eta sustatzeko.

k) Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariek Europar Erakundeen organoetan eta lantaldeetan eta, bereziki, Europar Batasunarenetan parte hartzeko behar diren jarduerei ekitea.

2.– Euskadiren Bruselako ordezkariak kontratazio-organo gisa jardungo du bere lurralde-eremuan egiten diren kontratuetan, baldin eta sektore publikoko kontratuei buruzko legerian araututako kontratu txikiak badira, eta higiezinak errentatzeko kontratuak badira, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 41. artikuluko 2. paragrafoko a) eta b) idatzi-zatietan ezarritako eran. Gainera, titularrak baimendu beharko du kontratazio horiek eragindako gastua.

18. artikulua.– Euskadiren kanpoko beste ordezkaritza batzuk.

1.– Euskadiren Argentinako (Mercasur), Txile, Peru eta Kolonbiako, Estatu Batuetako eta Mexikoko Ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkaritza-organoak dira euskal gizataldeekiko harremanen arloan, eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenen baitan hainbat sektoretako interesak babestu eta sustatzearen arloan.

2.– Euskadiren Kanpoko Ordezkaritza hauek, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren menpe daude zuzenean eta hierarkikoki, eta Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzarekin koordinatuta jardungo dute; hauek dira haien egitekoak:

a) Ordezkaritzak kokatuta dauden herrietan Euskal Autonomia Erkidegoko eragile sozial eta ekonomikoen arteko lankidetza eta elkarketa sustatzea.

b) Tokian tokiko erakunde, enpresa eta entitateekin harreman-organo gisa jardutea, bisitak, topaketak eta informazio-trukeak antolatzeko eta enpresa-, ekonomia- edo gizarte-arloko loturak ezartzeko.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko eragileen arteko topaketak antolatzeko azpiegitura eta laguntza-zentroa izatea.

d) Herrialde bakoitzeko araudi, politika eta aukerei buruzko aholkularitza, orientazioa eta informazioa ematea Jaurlaritzaren sailei zein toki- eta foru-erakundeei, bai eta interesa duten enpresei, unibertsitateei, zentro teknologikoei eta eragile ekonomiko eta sozialei ere.

e) Herrialde horietan jarduten duten Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen beharrizanak ebaluatzea, eta dagozkien proposamenak bideratzea.

f) Euskadiko kultura-ekitaldi guztien zabalkundea egitea. Arreta berezia eskainiko zaio euskarari, kanpoan diren euskal gizataldeetako herritarrek, edo gizatalde horietakoak izan ez arren interes berezia duten gainontzeko herritarrek, ikasteko aukera izan dezaten.

g) Lankidetza-harremanak ezartzea euskal kultura, tradizioak eta hizkuntza bultzatzeko erakunde, elkarte eta zentroekin, bai eta Euskadiri arreta berezia eskaintzen dioten tokian tokiko erakundeekin ere.

3.– Jaurlaritzaren Lehendakaritzako eta Ogasun eta Finantza Saileko dagozkion organoen menpe, Euskadiren Kanpoko Ordezkaritza bakoitzak, bere esparruan, ondoko egitekoak beteko ditu:

a) Ordezkaritza bakoitza dagoen herrialdean bizi diren lan-kontratuko langileak kontratatzea eta langileen eta langileen ordezkarien aurrean eta erakunde publiko eta pribatuen aurrean enpresariari dagozkion egitekoak betetzea.

b) Kontratazio-organo gisa jardutea bere lurralde-eremuan egiten diren kontratuetan, baldin eta sektore publikoko kontratuei buruzko legerian araututako kontratu txikiak badira, eta higiezinak errentatzeko kontratuak badira, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 41. artikuluko 2. paragrafoko a) eta b) idatzi-zatietan ezarritako eran. Gainera, titularrak baimendu beharko du kontratazio horiek eragindako gastua.

c) Administrazio publikoetan Eusko Jaurlaritza ordezkatzea Ordezkaritzaren ohiko funtzionamendurako beharrezkoak diren izapide guztietan, eta, batez ere, zergak kudeatu eta ordaintzeko eta lizentziak eta baimenak lortzeko.

IV. KAPITULUA
BAKEGINTZA ETA BIZIKIDETZARAKO IDAZKARITZA NAGUSIA

19. artikulua.– Egitekoak.

Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusia Lehendakariaren menpe egongo da zuzenean eta hierarkikoki, eta egiteko hauek dagozkio:

a) Giza duintasunean eta Giza Eskubideekiko konpromisoan oinarritutako bakearen eta elkarbizitzaren kultura sustatzeko sailen arteko estrategia bat diseinatu eta zuzentzea.

b) Memoria historikoko politika publikoak definitzea, eta, hala behar bada, Memoriaren Institutua abian jartzea.

c) Biktima guztien elkartasun-, aitortza- eta arreta-politiken jarraitutasuna, garapena eta hedapena diseinatu eta sustatzea.

d) Entitate, elkarte eta erakundeekin lankidetzan jardutea eta elkarri eragitea helburu berak gauzatzeko, batez ere, Eusko Legebiltzarrarekin.

20. artikulua.– Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza.

1.– Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari, Terrorismoaren Biktimei emandako arretaren arloan, egiteko hauek dagozkio:

a) Biktimekiko elkartasuna eta horien aitortza publiko eta soziala sustatzea, honela bakearen aldeko kultura, giza eskubideen eta askatasunen errespetua zabalduz eta iraganaren ikuspegi etikoarekin memoria kritikoa babestuz.

b) Biktimez zuzenean eta banaka arduratzea, kasu bakoitzaren beharrizanak zein diren jakiteko; indarreko legeriaren arabera dagozkien eskubide eta baliabideen berri emango zaie, eta horiek gauzatzen lagunduko.

c) Indarreko legerian erreparatze- eta laguntza-prestazioetarako eskabideak izapidetzea, eta, hala badagokio, ebaztea.

d) Giza Eskubideen urraketa ororen biktimen eskubideak gauzatzeko ekimenak eta jarduerak lagundu eta sustatzea.

e) Lankidetza- eta informazio-harremanak izatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko erakundeekin, bai eta bestelako instituzio, erakunde eta administrazio publikoekin ere, bakoitzaren eskumenen eremuan, biktimei laguntza osoa eta egokia emateko.

f) Oinarrizko helburutzat biktimei giza laguntza eta laguntza psikosoziala ematea eta haien eskubideen alde egitea duten elkarte, fundazio eta gizarte-mugimenduekin lankidetza-harremanak indartzea.

2.– Giza Eskubideen arloan egiteko hauek dagozkio zuzendaritza honi:

a) Giza Eskubideak eta Bakearen eta Elkarbizitzaren kultura sustatzeko politika publikoa bultzatzea.

b) Jaurlaritzako sailen jarduerak koordinatzea Giza Eskubideen, bakearen eta elkarbizitzaren arloan.

c) Aurreko idatzi-zatietan zerrendatutako gaietan sentsibilizazio- eta prestakuntza-jarduerak sustatzea, Autonomia Erkidegoaren eremuan.

d) Oinarrizko helburutzat Giza Eskubideen alde egitea eta horiek sustatzea duten elkarte, fundazio eta gizarte-mugimenduekin lankidetza-harremanak indartzea.

e) Gerra zibilaren eta diktaduraren garaian jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aitortu eta zabaltzen eta haien aldeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 26ko 52/2007 Legean ezartzen diren aurreikuspenak Autonomia Erkidegoan behar bezala betetzen direla zaintzea.

3.– Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egingo du bere eskumenen arloko diru-laguntzen deialdia eta ebazpena, arloaren arabera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskadiren Kanpoko idazkari orokor, zuzendari eta ordezkarien postuak hutsik badaude edo titularra bera falta bada nahiz gaixorik badago, ordezkapenak arau hauei jarraikiz egingo dira:

a) Idazkaritza nagusiei emandako eskumenak eta egitekoak idazkaritza nagusi horietako zuzendariek beteko dituzte egoera horrek dirauen bitartean, egiturako hurrenkeraren arabera.

b) Zuzendariei eta Euskadiren Kanpoko ordezkariei emandako eskumenak eta egitekoak hierarkikoki gainetik dagoen agintariak beteko ditu.

c) Aurreko arauak nahikoa ez diren kasuetan, administrazio-organoaren eskumenak gain-gainetik dagoen administrazio-organoak erabakitzen duenak beteko ditu.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Indarreko araudiak Herritarren Partaidetzarako Idazkaritza Nagusiari eta Komunikaziorako Idazkaritza Nagusiari egindako erreferentziak Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiari egindakotzat hartuko dira.

2.– Indarreko araudiak Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari egindako erreferentziak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari egindakotzat hartuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabe geratzen dira 1/2010 Dekretua, urtarrilaren 12koa, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituena, eta dekretu honetan adierazitakoaren aurka doan maila bereko edo apalagoko beste edozein xedapen.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko apirilaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana