Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2013ko apirilaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1773

AGINDUA, 2013ko apirilaren 10ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2013. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programako plazak deitzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazte-politikaren alorrean. Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, «Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko harremanei buruzkoak», bestalde, gazteen alorreko ekintza zuzenak garatzeko eskumena, besteak beste, esleitu zien Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei bere 7. artikuluan.

Arau-esparru horretatik abiatuta, eta jardun-arlo horretan inplikaturiko erakundeen eskumenak errespetatuta, Eusko Jaurlaritzak auzolandegiak antolatzeko programa bat kudeatu ohi du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren bitartez.

Ondorioz, hau

EBAzten DUT:

1. artikulua.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2013. urteko Auzolandegiak programako plazen deialdia. Agindu honetako I. eranskinean ezarritako oinarriek arautuko dute programa.

2. artikulua.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

3. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo berari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 10a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN 2013. URTEKO «AUZOLANDEGIAK» PROGRAMAKO PLAZEN DEIALDIKO OINARRI OROKORRAK

Lehenengoa.– Xedea.

Oinarri hauen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2013. urteko «Auzolandegiak» programako plazen deialdia arautzea.

Bigarrena.– Definizioa.

1.– Hona auzolandegitzat zer hartzen den: hainbat jatorritako gazteek beren borondatez eta eskuzabaltasunez konpromisoa hartzen dute gizarte proiekzioko egitasmo bat eta jarduera osagarriak garatzeko, denbora-tarte jakin batean, eta egitasmo horren bitartez, besteak beste, elkarbizitza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea eta kulturartekotasuna sustatzen dira.

2.– Auzolandegietan parte hartzen duten pertsonek ostatua eta mantenu osoa izango dituzte.

3.– Aseguruak. Deialdi honetan eskaintzen diren auzolandegietan parte hartzen duten pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hitzartutako istripu-aseguruko kontratuetan eta erantzukizun zibilekoetan ezarritako baldintzetan egongo dira aseguratuta.

4.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria Zuzendaritza gazteen eta autonomia-erkidegoaren edo auzolandegiaren erakunde antolatzailearen arteko lotura izango da, beste autonomia-erkidego batzuek eta Nazioarteko Boluntario Zerbitzuak (SVI) antolatutako auzolandegien kasuan. Auzolandegiok dagokien araudiari egingo diote men, eta ez da erantzule izango honako auziei dagokienez: behin betiko onartuak, data-aldaketak, txandak bertan behera uztea, ostatu- edo elikadura-motak, lanorduak, astialdiaren antolaketa edo kuota itzultzea.

5.– Auzolandegia dagoen tokirainoko bidaia parte-hartzailearen kontura izango da. Halaber, parte-hartzailearen erantzukizuna izango da, herritartasuna nongoa duen, auzolandegia dagoen atzerriko herrialde batean sartzeko beharrezko dituen dokumentuez hornitzea.

6.– Deialdi honetako partaideek ezin izango dute auzolandegi batean baino gehiagotan parte hartu.

Hirugarrena.– Eskaintzen diren plazei buruzko informazioa.

1.– Deialdi honetan plazak eskaintzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan, Estatuko beste autonomia erkidegoetan eta beste herrialdeetan garatuko diren auzolandegietan.

Eskaintzen diren plazak www.gazteaukera.euskadi.net atarian kontsulta daitezke, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua, Vitoria-Gasteiz) eta Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde zerbitzuetan (Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia).

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan eskainitako plazetatik, % 10 gordeko dira desgaitasunen bat dutenek betetzeko, auzolandegiko jarduera-motaren arabera.

3.– Desgaitasunen bat dutenek laguntzaile bat izango dute auzolandegian dauden bitartean.

4.– Eskaintzen diren plazen zerrenda aldatuz joango da, eskabideak aurkezteko epea irekitzen denetik aurrera plazok ezabatu egingo direlako arian-arian, erreserbatzen diren heinean, eta, bestalde, plaza berriak eskaini litezkeelako.

5.– Auzolandegien programari buruzko informazioa toki hauetan eskura daiteke: www.gazteaukera.euskadi.net atarian, Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Informazio Zerbitzuetan eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean eta bere Lurralde Zerbitzuetan.

Laugarrena.– Plaza lortzeko betekizunak.

Honako hauek dira deialdi honetako auzolandegietan plaza bat lortzeko betekizunak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri bateko erroldan inskribatuta egotea, oinarri hauek EHAAn argitaratu aurretik.

b) Dagokion auzolandegian lan egiteko eskatzen den adina izatea auzolandegia hasteko egunean.

c) Gazte emantzipatu gabeen kasuan, horien gaineko guraso-agintea edo tutoretza dutenen baimena.

d) Hala dagokionean, auzolandegian parte hartzeko ezaguera espezifikoak izatea.

e) Eskaria eta izen-ematea adierazten den epean eta moduan egin izana.

f) Auzolandegien programan inskripzio-kuota ordaindu izana.

g) Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzari eranskin honetako zazpigarren oinarriko bigarren puntuan adierazitako dokumentazioa eranskin honetako zazpigarren oinarriko hirugarren puntuan eskatzen den epearen barruan bidali izana.

Bosgarrena.– Izena aurretik emateko eskabideak aurkezteko eta plaza eskatzeko epea.

1.– Auzolandegietan parte hartu nahi dutenek agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dute izena aurrez emateko eskabidea, bost egun naturaleko epean, Internet bidez.

2.– Gaigabetasunak dituztenek plaza-eskaria Eusko Jaurlaritzaren bulegoetan egin beharko dute 15 egun naturaleko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Seigarrena.– Eskabideak tramitatzea.

Eskabideak tramitatzeko bi prozedura burutuko dira: txanda askekoa bata, eta gaigabetasunak dituztenentzakoa, bestea.

1.– Txanda askea.

1.1.– Izena aurrez emateko eskabidea.

Auzolandegietan parte hartzeko interesa dutenek izena aurrez emateko eskabidea egin beharko dute Internet bidez, www.gazteaukera.euskadi.net webgunean auzolandegiei dagokien helbidean dagoen formularioa beteta. Eskabide-zenbakia emango zaie. Eskabidearen eta dagokion zenbakiaren bitartez, beranduago egingo den zozketan parte hartu ahal izango dute.

Interesdun bakoitzak izena aurrez emateko eskabide bakarra egin ahal izango du. Formularioa betetzeko unean akatsen bat gertatuz gero, interesduna Gazteria Zuzendaritzarekin harremanetan jarri beharko da.

Izena aurrez emateko eskabideak baliorik gabe geratuko dira pertsona berak izena aurrez emateko eskabide bat baino gehiago egin duela antzematen bada, eskabideak behar bezala beteta ez badaude edo deialdi honetako auzolandegi batean plaza eskuratzeko baldintzak ez badira betetzen.

1.2.– Zozketa.

Izena aurrez emateko jaso diren eskabideak egiaztatu eta gero, behin-behineko zerrenda bat argitaratuko da www.gazteaukera.euskadi.net webgunean. Bi eguneko epea emango da akatsak zuzentzeko.

Akatsak zuzentzeko epea amaitu eta gero, izena aurrez emandakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da webgune horretan, eta zozketa egingo da.

Zozketa bat egingo da, notario aurrean, jaso eta egiaztatu diren preinskripzio-eskabide guztien artean.

Zozketa horretan zenbaki bat aterako da. Zenbaki hori eskabide bati dagokio, eta eskabide horretatik aurrerako guztiei esleituko zaizkie dei bat egiteko eguna eta ordua.

Zozketan ateratako zenbakia hautaketa-ordenako lehenengoarekin bat etorriko da, eta hautaketarako zenbakiak elkarren ondokoak izango dira, harik eta deialdian eskainitako auzolandegietako plaza-kopuruaren bikoitza bete arte,

Izena aurrez emateko eskabide gehiago egongo balitz eskainitako plaza-kopuruaren bikoitza baino, zozketan dei-txandarik eskuratu gabe geratuko liratekeenek ezingo lukete deialdi honetan izena eman.

Izena aurrez emateko eskabideen kopurua deialdian eskainitako plaza-kopuruaren azpitik balego, dei-txanda esleituko zaie eskaera guztiei.

Zozketan hitzordua lortzen duten eskatzaileek sms bat eta e-posta bat jasoko dute eskuratutako hitzorduaren berri emateko: auzolandegiko plaza aukeratzeko eta izena emateko deitu behar duten eguna, ordua eta telefono-zenbakia.

Zozketaren emaitza eta esleitutako eguna eta ordua www.gazteaukera.euskadi.net webgunean argitaratuko dira. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria Zuzendaritzan ere kontsultatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua. Vitoria-Gasteiz), bai eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Zerbitzuetan ere (On Diego López de Haro Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia).

1.3.– Izena ematea.

Esleitutako egunean eta orduan, telefono-deia egin beharko da une horretan eskuragarri dauden plazen artean bat hautatzeko. Plaza aukeratzeko eta dagokion izenematea burutzeko nahikoa denbora emango da. Denbora hori aukera egin gabe agortuko balitz, txanda eta hautatzeko aukera galduko dira.

Eskatzaileak bere aukeren arteko lehentasuna erabakita izan beharko du, deia egin aurretik, plazak agortuta baleude ere, dei bakoitzerako denbora-muga jakina dagoelako.

Plaza aukeratu eta gero, eskatzailea bertan izena emanda geratuko da. Plazari buruzko dokumentazioa Interneten izango du eskuragarri, www.gazteaukera.euskadi.net webguneko auzolandegien atalean.

Plaza-eskaera egitean, plaza hori desagertu egingo da eskuragarri dauden plazen eskaintzatik, izena emateko kuota ordaintzeko ematen den eperako.

Zozketan deia egiteko esleitu den egunean eta orduan telefono-deia egiten ez duenak txanda galduko du eta, hartara, deialdi honetako auzolandegi batean izena emateko eskubidea ere bai.

Plazak agortzen diren unean, www.gazteaukera.euskadi.net webgunean jakinaraziko da hori, bai eta izena emateko eskura jarriko den telefonoan ere, eta izena emateko prozesua itxi egingo da.

2.– Desgaitasuna duten pertsonentzako txanda.

2.1.– Plaza-eskaera.

Desgaitasuna duten lagunek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko bulegoetan bertaratuta eskatu beharko dute plaza.

Gazteria Zuzendaritza.

Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua

01010 Vitoria-Gasteiz

Telefonoak: 945 01 95 01-945 01 95 36.

Bizkaiko Lurralde Zerbitzua

Kale Nagusia 85

48011 Bilbao

Telefonoa: 94 403 16 53.

Gipuzkoako Lurralde Zerbitzua

Andia kalea 13

20004 Donostia

Telefonoa: 943 02 29 64.

Pertsona bakoitzak plaza bat hautatu ahal izango du. Eskaintza handiegia izanez gero, zozketaren kariaz, eskaera-zenbaki bat esleituko zaio.

2.2.– Zozketa eta plazaren erreserba.

Auzolandegia desgaitasuna duten bi lagunek edo gutxiagok eskatu badute, plaza zuzenean erreserbatuko zaie, izena emateko ezarritako epea bete eta gero.

Auzolandegi batean edo gehiagotan plaza-kopurua baino eskaera gehiago egonez gero, zozketa egingo da. Zozketan zehaztuko da eskabideen zein hurrenkeraren arabera hautatu ahal izango diren plazak. Gazteria Zuzendaritzak ateratako hurrenkeraren arabera egingo ditu deiak, eta interesdunek hurrenkera horren arabera hautatuko dute plaza.

Plazak agortzen diren unean edo eskatzaile guztiei hautua egiteko aukera eman zaienean, www.gazteaukera.euskadi.net webgunean emango da horren berri, eta izenemate-prozesua itxi egingo da.

Zozketaren edo zozketen emaitza, esleitutako plazaren erreserba barne, www.gazteaukera.euskadi.net webgunean argitaratuko dira, bai eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria Zuzendaritzan ere (Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua. Vitoria-Gasteiz), bai eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Zerbitzuetan (Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia). Zerrendan eskaera-zenbakiak eta zozketatik ateratako plaza erreserbatuak agertuko dira.

Gazteria Zuzendaritzak telefono-dei eta posta elektroniko bidez konfirmatuko ditu, bai zozketen emaitza, bai hautatutako plazaren edo plazen erreserba eginda dagoen ala ez.

Zazpigarrena.– Inskripzioen tramitazioa eta plazen esleipena.

1.– Izenemate-kuota ordaintzea.

Plazaren eskabidea txanda askean egin duen interesatuak dagokion inskripzio-kuota ordaindu beharko du, egun natural bateko epean, plaza hautatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Behin kuota ordainduz gero, plaza erreserbatuta gelditzen da eskatzailearen izenean.

Desgaitasuna dutenen kasuan, Gazteria Zuzendaritzak eskatutako dokumentazioa bidali eta plazaren erreserba konfirmatu eta hurrengo bi egun naturalen barruan egingo da ordainketa.

Kuota 90 eurokoa izango da, Auzolandegiak egitasmoan izena emateko kuotaren prezio publikoa ezartzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2013ko martxoaren 6ko Aginduari jarraiki.

Beste herrialde batzuetako auzolandegiek diru-sarrera osagarria ezartzen dute (aparteko kuotak). Boluntarioak auzolandegira heltzen den egunean bertan esku-dirutan ordaindu behar ditu kuota horiek.

2.– Izena emateko eskatutako dokumentazioa.

Gazteria Zuzendaritzara bidaliko da ondoko dokumentazioa:

a) Eskaera-orria beteta eta sinatuta.

b) Inskripzio-kuota ordaindu izana egiaztatzen duen agiria.

c) Gazte emantzipatugabeen kasuan, horien gaineko guraso-agintea edo tutoretza dutenen baimena.

d) Desgaitasun-ziurtagiria, hala badagokio.

e) Partaideak dokumentazioa paperean aurkeztu beharko (fotokopia). Honakoen bitartez egiaztatuko da: Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo antzeko egiaztagiria eta erroldatze-ziurtagiria, Auzolandegiak egitasmoaren 2013ko deialdia EHAAn argitaratu ondoren.

Hala ere, dokumentazio honen ordez, partaideak bere baimena eman dezake Administrazioak nortasun-datuak Barne Ministerioan eta dagokion udalerriko erroldan konproba edo egiazta ditzan. Administrazioak berariaz galdetzen dionean, eman dezake baimena partaideak.

3.– Dokumentazioa bidaltzeko epea.

1) Plaza txanda askean eskatu eta hautatu duenak, izena emateko kuota ordaindu eta gero, dagokion dokumentazioa inprimatu beharko du eta Gazteria Zuzendaritzara bidali, behar bezala beteta eta sinatuta, eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera, egun natural bateko epean, plaza aukeratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Desgaitasuna dutenek, ordainketa egin eta dokumentazioa jaso eta gero, Gazteria Zuzendaritzari itzuli beharko diote dokumentazioa, behar bezala beteta eta sinatuta, eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera, lau egun naturaleko epean.

Izena emateko formularioa eta atxikitako dokumentazioa Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.

4.– Izenemateak bertan behera uztea.

Preinskripzio-eskabideak baliorik gabe geratuko dira, honako kasu hauetan:

Preinskripzioaren eskabideko datuak eta identifikazio-datuak bat ez badatoz.

Izenemate-kuota ordaintzeko epea igaro eta ordainketarik egin ez bada.

Inskripzioari dagokion dokumentazioa aurkezteko epea igaro bada; edota pertsona interesdunak berariaz eta idatziz hala eskatzen badu. Interesdunak idazkian honako datu hauek adierazi beharko ditu: bere izena eta bi abizenak; bere NANaren edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren zenbakia; zein auzolandegitan utzi nahi duen bertan behera bere izen-ematea eta auzolandegi horren datak; interesdunak sinatu egin beharko du idatzizko eskabidea.

Izen-ematea bertan behera uzteko eskatzeko idazkia Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariari zuzendu behar zaio, eta Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan aurkeztuko da (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia) zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

5.– Plazak behin betiko esleitzea.

Gazteria Zuzendaritzak eranskin honetako zazpigarren oinarriko bigarren puntuan adierazitako inskripzio-agiria eta dokumentazioa jaso eta gero, eskatutako plaza esleituko da. Pertsona interesdunari berariaz jakinarazteaz gainera, plazen esleipena jendaurrean jarriko da Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpen baten bidez, HAEEen argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, sei hilabeteko epean.

Atzerriko auzolandegietan, plaza esleitu aurretik, dagokion auzolandegiaren tokian tokiko arduradunen oniritzia beharko da, bai eta oniritziaren berariazko jakinarazpena ere.

Zortzigarrena.– Akatsak zuzentzea.

Izenemate-eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren agirietakoren bat faltako balitz, agiriotan formazko akatsen bat balego edo baloraziorako aurkeztutako dokumentazioan akatsik aurkituko balitz, hamar laneguneko epea emango zaio interesatuari, akatsa zuzen dezan edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzan. Jakinarazpen horretan adieraziko zaio hori egin ezean, ebazpena emango dela eta, ondoren, eskabidea baliogabetutzat edo eskabidea izapidetzea onartzeko eskubidea amaitutzat joko dela.

Bederatzigarrena.– Deialdiaren tramitazioan argitara eman beharrekoak non jarriko diren.

Deialdi honen tramitazioan argitara eman beharrekoak honako toki hauetan jarriko dira jendaurrean: www.gazteaukera.euskadi.net atarian, Gazteria Zuzendaritzaren iragarki tauletan (Donostia kalea, 1, O eraikina, 3. solairua, Vitoria-Gasteiz) eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko lurralde zerbitzuetan (Kale Nagusia 85, Bilbao, eta Andia kalea 13, Donostia).

Hamargarrena.– Plazari uko egitea eta inskripzio-kuota itzultzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko eta atzerriko auzolandegietan izena emateko ordaindu beharreko prezio publikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen Testu Bategina onartzeko den irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren 34.6 artikuluan xedatutakoaren arabera itzuli ahalko da, hau da, prezioa ordaintzera behartutakoari egoztekoak ez diren arrazoiengatik jarduera egiterik ez dagoenean, edo zerbitzua ematen ez denean.

2.– Parte ez hartzeko arrazoia Administrazioari egotzi ezin zaionean, honakoak egiaztatu beharko dira:

2.1.– Auzolandegian parte hartzea galarazten duen zergatia honako egoera hauetakoren bat dela:

a) Gazteari auzolandegian parte hartzea galarazten dion gaixotasuna edo istripua.

b) Bigarren mailara arteko odolkide edo ezkontza-ahaide baten gaixotasuna edo heriotza.

c) Ezinbestez, arrazoiak behar bezala justifikatuta.

Beste zergati hauek ez dira aintzat hartuko: zazpigarren oinarriaren 2. puntuan eskatutako dokumentazioa ez igortzea edo epez kanpo igortzea, lana aurkitu izana, ikasketetan emaitza txarrak lortu izana, auzolandegiaren data berberetan egitekoa den beste jarduera-programaren batean plaza lortu izana, izan ere, egoera horiek prezioa ordaintzera behartuta dagoen pertsonari egoztekoak ez diren arrazoien multzotik kanpo daudela jotzen da.

2.2.– Plazari uko egiteko orria (agindu honen II. eranskinean jasoa), Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zerbitzu zuzendariari zuzendua, auzolandegia hasi baino lehenago aurkeztu dela, ondo beteta eta sinatuta, Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia) zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Plazari uko egiteko orriarekin batera plazari uko egiten dion pertsonaren NANaren edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren fotokopia ere aurkeztu beharko da.

Plazari uko egiteko orria www.gazteaukera.euskadi.net gazte-atariko Auzolandegiak atalean egongo da.

2.3.– Gainera, kuota itzultzeko eskatu nahi duenak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2013ko urriaren 31 baino lehenago:

a) Kuotaren itzulketa eskatzeko orria (agindu honen III. eranskinean), ondo beteta eta sinatuta.

b) Auzolandegian parte hartzea galarazten duen gorabeheraren justifikazio frogagarria aurkeztea, kasuan kasuko erakunde publikoak emana, hala badagokio.

c) Hirugarren interesatuaren datuei alta emateko orria (agindu honen IV. eranskinean jasoa), behar bezala beteta eta sinatuta, eta dagokion banketxe edo kutxaren zigilua duela. Hirugarren interesatua auzolandegirako izena emandako pertsona da.

d) Auzolandegiak programan izena eman eta ordaindutako kuota itzultzeko eskatzen duen pertsonaren NANaren edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren fotokopia.

Bai kuota itzultzeko eskatzeko orria bai hirugarren interesatuaren datuei alta emateko orria www.gazteaukera.euskadi.net gazte-atariko Auzolandegiak atalean eskura egongo dira.

3.– Behin gaztea auzolandegian hasita, ezinbestez jarraitzerik ez duenean kuota itzuli ahalko zaio, betiere ondo justifikatutako kasuetan. Halakoetan, gazteak auzolandegian parte hartzen ez duen egunen kopuruari dagokion proportzioan itzuli ahalko zaio dirua, baina egun-kopuru horrek auzolandegiaren txandak orotara irauten duenaren % 50 izan beharko du gutxienez.

4.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zerbitzu zuzendariak ebazpena emango du kuota itzultzeko eskaera aurkezten den egunetik hasi eta bi (2) hilabeteko epean. Epe horretan berariazko ebazpenik eman ez badu, kuota itzultzeko eskaera ezetsitzat jo ahal izango da; nolanahi ere, bi hilabeteko epea amaitu eta gero ere eman ahalko du berariazko ebazpena.

5.– Estatuko beste autonomia erkidegoetako auzolandegietako inskripzio-kuotaren itzulketa erkidegoan erkidegoko araudietan xedatutakoaren arabera egingo da.

Hamaikagarrena.– Jarduera bertan behera uztea.

Gazteria Zuzendaritzak, ikuspuntu teknikoaren aldetik edo egokitasunaren aldetik beharrezkoa dela deritzonean, bertan behera utzi ahal izango du Euskadiko Autonomia Erkidegoan egin beharreko auzolandegi bat, aldez aurretik Gazteria zuzendariak horren aldeko ebazpena eman ondoren.

Hori gertatzen denean, bertan behera utzitako auzolandegian inskribaturiko pertsonak beste auzolandegi batera bideratu ahalko dira, baldin horretarako aukera badago eta beti ere haien borondatez. Bestela, inskripzio-kuota itzultzeko eskubidea izango dute. Halere, ordaindutako kuota berreskuratzea dagokien pertsonek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte urriaren 31 baino lehenago, Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia) zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena):

a) Kuotaren itzulketa eskatzeko orria (agindu honen III. eranskinean), ondo beteta eta sinatuta.

b) Hirugarren interesatuaren datuei alta emateko orria (agindu honen IV. eranskinean jasoa), behar bezala beteta eta sinatuta, eta dagokion banketxe edo kutxaren zigilua duela. Hirugarren interesatua auzolandegirako izena emandako pertsona da.

c) NANaren edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren fotokopia.

Bai kuota itzultzeko eskatzeko orria bai hirugarren interesatuaren datuei alta emateko orria www.gazteaukera.euskadi.net gazte-atariko Auzolandegiak atalean eskura egongo dira.

Hamabigarrena.– Datu-pertsonalen erabilera.

1.– Auzolandegietan izena emateko beharrezkoa izango da, aurretik, berariazko baimen idatzia aurkeztea, non pertsona interesdunak onespena ematen duen bere datu pertsonalak erabiliak izateko eta eskatutako auzolandegiak kudeatuko dituzten autonomia erkidegoetako administrazioei eta atzerriko elkarteei jakinarazteko, betiere Auzolandegiak programaren kudeaketarako ezinbestekoa baldin bada.

Horrenbestez, Auzolandegiak programan plaza eskatzen duten gazteen datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzako Auzolandegiak / Campos de trabajo izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Gazteria Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna, eta Auzolandegiak programaren kudeaketarako baino ez du erabiliko.

2.– Gainera, Auzolandegiak programaren deialdian parte hartu eta baimena ematen duten pertsonen datuak Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Gazteria Zuzendaritzaren ardurapekoa den harremanetarako fitxategian sartuko dira. Fitxategiaren helburua Gazteria Zuzendaritzaren kudeaketarekin loturiko informazioa zabaltzea da.

3.– Aipatutako bi fitxategiak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko eta HABEko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen 2006ko uztailaren 27ko Aginduari jarraiki sortu dira (2006ko irailaren 11ko EHAA, 173. zenbakia), eta Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikopean eta otsailaren 25eko 2/2004 Legearen mendean geratuko dira (Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko Legea).

4.– Interesatuak bere datuak ikusi, zuzendu edo ezabatu ahal izango ditu, baita fitxategian ez sartzeko eskatu ere; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara idatzi beharko du (Donostia kalea 1-01010 Vitoria-Gasteiz, Araba).

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala