Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2013ko apirilaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1629

AGINDUA, 2013ko martxoaren 27koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, dei egiten zaie Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Plana garatzeko proiektuak aurkeztuz sail honekin batera lan egin nahi duten erakunde publiko eta pribatuei.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagokio unibertsitateaz kanpoko irakasleak prestatzeko agintzea eta irakasle moduan prestatzeko duten eskubidea eta betebeharra jagotea, lanbide-premien arabera behar bezala eta behar besteko kalitateaz presta daitezen, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren III. tituluko III. kapituluan jasotzen denez.

Horregatik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak irakasleak prestatzeko plana egiten du urtero. Plan horretan, alde batetik, prestakuntza-proposamenak egin ditu, unibertsitateaz kanpoko irakasleen lan-gaitasuna hobetzearren, eta, zehatz esateko, hezkuntza-sistema hobetzearren; eta, beste alde batetik, bideak irekitzen ditu irakasleek beren lanean sumatzen dituzten beharren eta egiten dituzten eskaeren araberako prestakuntza etengabea emateko.

Plana erabat definitzeko eta, batez ere, plana abian jartzeko, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, bere zerbitzuez gain, zenbait erakundek lagundu eta parte har dezan behar du. Prestakuntzaren arloan aritzeko duten gaitasuna guztiz onartuta izan behar dute erakunde horiek; izan ere, horrek bermatuko du helburuak beteko dituela planak.

Agindu honen bitartez, plan honetan parte hartzeko interesa duten erakunde guztiei egiten diegu dei proiektuak aurkez ditzaten, kontuan hartuz 2013-2014 ikasturteko jarduera-esparruak eta prestakuntza-ikastaro eta ekintzak; proiektu horiek aurkezteko moduak eta epeak ezartzen dira, proiektuak aukeratzeko prozesuak finkatzen dira, eta argitara ematen dira proiektuak hautatzeko irizpide eta arduradunak. Halaber, prestakuntza-jarduerak zein baldintzatan burutuko diren ere adierazten da.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan irakasleak prestatzeko lanetan ari diren edo horrelako lanetan aritzeko prest egongo liratekeen erakunde publiko eta pribatu legez eratutakoei dei egitea, unibertsitatez kanpoko Irakasleak Etengabe Prestatzeko Plana garatzeko proiektuak aurkez ditzaten; Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin lankidetzan aritzeko proiektuak izan beharko dira.

2.– Helburu hori gauzatzeko 742.500 euro jarriko dira.

3.– Deialdi hau lehiaketa-sistemaren bidez ebatziko da.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

2.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen edo laguntzen deialdietan inork ezingo du parte hartu baldin eta zigor-arloko zehapena edo administrazio-zigorra dela-eta diru-laguntzak edo laguntzak jasotzeko aukera galdu badu edo horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean badago, sexua diskriminatzeagatik zigortutakoak barne, betiere otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren 4/2005 Legearen arabera eta kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Lankidetza-proiektuak segidan aipatzen diren multzo hauetako baten edo gehiagoren ingurukoak izan daitezke (aurrekontuak multzo bakoitzerako esleitzen duen diru-zenbatekoa ere zehazten da):

1. multzoa: 2013-2014 ikasturtean atzerriko hizkuntzen inguruan egingo diren prestakuntza-jarduerak. Zenbatekoa: 382.500 euro.

2. multzoa: Era honetako prestakuntza-jarduerak: unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-etapetan irakasleek izan beharreko lanbide-gaitasunak garatzeko prestakuntza-jarduerak, salbu heziketa-zikloetakoak; indarrean den curriculumarekin zerikusia duten jarduerak, eta Hezkuntza Sailaren jardute-eremuarekin lotutakoak. Epea: 2013-2014 ikasturtea (2013ko uztailaren 1etik 2014 ekainaren 30a arte). Zenbatekoa: 300.000 euro.

3. multzoa: Irakasleak etengabe prestatzeko jarduera osagarriak. Helburua da gai didaktiko eta pedagogikoetan eguneratzea Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bultzatzen dituen eremuko gaietan. Zenbatekoa: 60.000 euro.

2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak sustatutako jarduera-esparruak eta hiru multzoetako jarduera-esparruen ezaugarriak I. eranskinean daude zehaztuta.

3.– VII. eranskinean zehazten da zein diren 1. eta 2. multzoetako jarduera zehatzak eta jarduera horiek gauzatu ahal izateko gehien eragiten duten baldintzak; eta lehentasunezkotzat joko dira. Erakunde eskatzaileek baldintza zehatzak eskuratu ahal izango dituzte lurralde-ordezkaritzetan eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren internet orrialdean (http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net). Dena dela, erakundeek jardute-eremuetako beste jarduera batzuk ere proposatu ahal izango dituzte, baldin eta I. eranskinean adierazten den egitura errespetatzen badute. Multzo guztiak aztertzerakoan, lehenengo VII. eranskinean zehazten diren proposamenei erreparatuko zaie eta gero entitateek proposatutakoei.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Pedagogia Berrikuntzarako Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira deialdi honetan parte hartzeko eskabideak, edo, bestela, Zuzenean zerbitzuan (Kale Nagusia 85., Bilbao 48011; Andia kalea 13., Donostia 20003, edo Ramiro de Maeztu 10.–behea, Gasteiz 01008) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak adierazitako tokietako edozeinetan.

2.– Eskabideak aurkezteko 20 egun naturaleko epea egongo da, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3.– Eskabidearekin batera, diru-laguntza zein jardueretarako eskatzen den, jarduera horietako bakoitzaren datuak aurkeztu behar dira; III eta IV. eranskinetan zehazten dira datu horiek.

4.– Era berean, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

– IFZren fotokopia.

– Zerga-obligazioak beterik izatea egiaztatzeko beharrezkoak diren agiriak.

– Prestakuntza-jarduerak burutzeko baimena duela egiaztatzen duen agiria (Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta hartuta egotea prestakuntza-jardueren atalean).

5.– Erantzukizunezko adierazpena, egiaztatzen duena ez interesdunak ez duela legezko debekurik, diru-laguntza edo laguntza publikorik lortzeko aukera kentzen dionik, sexua bereiztearren izandakoak barne, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

6.– Diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera nahitaezko dokumentazioa aurkeztu ezean, interesdunari eskatuko zaio hamar egunetan akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dugu. Administrazioak, dena dela, eskaeraren gaineko ebazpena eman eta jakinarazi egin behar du berariaz, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan araututakoaren arabera.

5. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

6. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Batzorde batek aztertu eta ebaluatuko ditu proposamenak; Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo hark horretarako ordezko izendatzen duena izango da batzorde horretako buru, eta beste hauek kide: Hezkuntzako ikuskatzaile nagusia, lurralde-ordezkaritzetako Hezkuntza Berriztatzeko arduradunak, Irakasleen Hobekuntzarako arduraduna eta, gehienez ere, beste hiru funtzionario Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatutakoak; horietako bat Berritzegune bateko zuzendaria izango da.

2.– Batzorde horrek proiektuak era egokian baloratzeko beharrezkotzat jotzen dituen txosten teknikoak eskatu ahal izango ditu, eta aldaketak proposatu ere bai, aurkeztutako proiektuek ezarritako helburuak betetzen dituztela hobeto bermatzearren.

3.– Batzordeak proposamenak hezkuntzako sailburuordeari helaraziko dizkio.

7. artikulua.– Diru-laguntzak emateko irizpideak.

1.– Lankidetza-proiektuak eta, ondorioz, 1. eta 2. multzoetan eskaintzen diren prestakuntza-jarduerak hautatzeko, V. eranskinean aipatzen diren irizpideei eta baremazioari jarraituko zaie. Horretarako, jarduerek bakar-bakarrik jaso ahal izango dute diru-laguntza baldin eta hautaketa- eta balorazio-irizpideak aplikatuta, V. eranskineko baremoan 50 puntu edo gehiago lortzen badituzte eta baremoko atal guztietan % 20 baino gehiago lortzen badute.

2.– Lankidetza-proiektuek 3. multzoari dagozkion jarduerak proposatzen badituzte, horiek hautatu eta ekonomiaren aldetik baloratzeko VI. eranskinean aipatzen diren irizpideei eta baremazioari jarraituko zaie. Horrela, laguntzak lortzeko, jarduerek 50 puntu edo gehiago lortu beharko dute derrigorrez VI. eranskinean jasotzen den baremoan; bestalde, baremo horretako bost puntuetan, % 20tik gorako puntuazioa lortu beharko dute.

8. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Onartutako aurrekontu garbiaren % 100 esleitu ahal izango die hautatutako proiektuei Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, III. eranskineko gastuen kontzeptuak kontuan hartuz.

9. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasunak.

Diru-laguntza hauek jasotzea eta beste edozein laguntza jasotzea bateragarriak dira, nahiz iturri publikoetatik nahiz pribatuetatik jaso laguntza. Alabaina, xede bererako lortu diren diru-laguntzen zenbatekoa, guztira, kostu osotik gorakoa bada, dagokion neurrian murriztuko da deialdi honetan emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntzako sailburuordeak, Ebaluazio Batzordearen proposamenak ikusi eta gero, 3. artikuluko multzoei buruzko ebazpenak emango ditu; sei hilabeteko epea izango du horretarako, agindu hau EHAAn argitaratzen denetik aurrera. Ebazpen horiek jakinarazi egingo zaizkie interesatuei eta EHAAn argitaratuko dira, mundu guztiak izan dezan horien berri.

2.– Eskatutako baldintzak betetzen dituen proposamenik ez badago, edo proposamen gutxiegi, eta horren ondorioz agindu honen 3. artikuluan aipatutako multzoetakoren bati dagokion dotazioa agortzen ez bada, Ebaluazio Batzordeak bere esku izango du proposatzea soberakinak beste multzoetako edozeini ematea; betiere, gehikuntza jaso duen multzoari buruzko ebazpena eman gabe badago, eta gehikuntza hori agindu honek ezarritako betekizunak betetzen dituzten kontzeptu lagungarriak gauzatzeko erabiltzeko bada. Ebaluazio Batzordeak proposatuko du soberakinok nola erabili, baina behar bezala arrazoitu beharko du proposamena.

3.– Baldin eta epe horren barruan ez bada ebazpenik ematen, eskabideak ukatu egin direla jo ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Hezkuntzako sailburuordeak deuseztatu egingo ditu diru-laguntzak, betiere Agindu honen 15. artikuluan xedatzen den prozedurari jarraituz, baldin eta, matrikula egiteko hasierako epea igarota, jarduerak ez baditu betetzen proiektuko plazen % 40. Halakoetan, Hezkuntza Sailak jakinarazpena egingo die proiektu horien erakunde onuradunei.

5.– Ebazpenak ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Eman zaien diru-laguntza onartuko dute. Hain zuzen ere, baldin eta, deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoko egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten diru-laguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako.

3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa, deialdi honen kontura eskuratutako diru-laguntzen gainekoa, eman beharko diete.

4.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

5.– Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

6.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin lankidetzan jardutea ikastaroetara eta/edo prestakuntza-jardueretara joan diren irakasleen jarraipena egiten eta ebaluatzen eta prestakuntza-jarduera bera orokorrean ebaluatzen.

7.– Jarduerak aurrera eraman, horien jarraipena eta ebaluazioa egitearen ondorioz sortzen diren datuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari ematea, administrazio-kudeaketako behar dituenean.

8.– Emakumezko eta gizonezkoen arteko benetako berdintasunaren inguruan indarrean den arautegia betetzea.

12. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

Diru-laguntzak zatika ordainduko dira, bi epetan:

a) Lehenengo epea, diruz lagundutako guztiaren % 20koa izango da, eta ordaindu ere ikastarorako onartutako eskabideak kontuan hartuta, prestakuntza-jarduera guztiak egingo direla bermatzen denean ordainduko da, betiere 2013an.

b) Bigarren epean, gainerako % 80a 2014. urtean ordainduko da, 13. artikuluan adierazitako dokumentazioa jaso eta gero.

13. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako ekintza bakoitza amaitu eta hamabost eguneko epearen barruan, erakundeak honako hau bidaliko dio Irakasleen Hobekuntza Zerbitzuari: jardueraren gaineko txostena edo akta; bertan jaso beharko dira jardueraren garapenari buruzko balorazioa, ikasle bakoitzaren parte-hartze, inplikazio eta aprobetxamendu mailari buruzko txostena eta, azkenik, parte hartu duten irakasleen zerrenda (parte-hartzearen portzentajea adierazita) eta gaitzat jotakoena.

2.– Burututako jarduera bakoitza bukatu eta hilabeteko epearen barruan, erakundeak Irakasleen Hobekuntza Zerbitzuari bidaliko dizkio ikastaroan erabilitako ikasmaterialen kopia: apunteak edo inprimaturiko materiala, softwarea, aurkezpenak, tresnak eta ariketak, etab.

3.– Erakunde esleipendunak azken jarduera burutu eta hiru hilabeteko epearen barruan, erakundeak, dagokion organoaren bitartez, jarduera-programa guztiaren likidazio ekonomikoaren txostena aurkeztu behar du, eta, hor, gastuak, diru-sarrerak eta diru-sarreren jatorria zehaztu behar ditu. Erakunde onuradunak, emandako diru-laguntzaz egindako gastuak egiaztatzeko jatorrizko ziurtagiri, faktura eta horien baliokide edo ordezko izan daitezkeen gainerako agiriak jarri behar ditu Administrazioaren eskura.

4.– Ezarritako helburuak noraino bete diren egiaztatze aldera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak kasuan-kasuan ezarritako ebaluazio-prozeduren pean egongo dira jarduerak, erakundeek ezarrita dauzkaten barruko ebaluazio-tresnak direnak direla.

14. artikulua.– Laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Laguntza ematerakoan kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, laguntzaren helburua betetzen bada, edo beste edozein erakunde publikok zein pribatuk diru-laguntza eman badu, laguntza emateko ebazpena ere alda liteke horren ondorioz, betiere diru-laguntzaren arauan jasotzailea izateko ezarri ziren betekizunak zaindurik.

15. artikulua.– Ez-betetzea.

Onuradunak itzuli egin beharko ditu esleitutako diru-zenbatekoak eta are dagozkiokeen legezko interesak ere, honelakoren bat gertatuz gero: diru-laguntza zein helburu zehatzetarako eskatu zuen eta esleitu zitzaion, horretarakoxe ez erabiltzea; diru-laguntza esleitzeko arrazoi izan zen jarduera ez gauzatzea; diru-laguntza berak eskabidean adierazitako helburu jakin eta zehatzetan erabili duela ez justifikatzea; edo, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan (1998ko urtarrilaren 19ko EHAAn argitaratu zen), Agindu honetan edo diru-laguntza esleitzeko ebazpenean ezarritako betebeharrak ez betetzea. Eta itzuli, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarakoxe ezarritako jardunbideari jarraituz itzuli beharko ditu (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura esleitutako diru-laguntzak itzultzeko jardunbidearen eta diru-laguntza horien bermeen araubide orokorra ezarri zuen Dekretu horrek, eta, orobat, aurrekontu orokorrak kudeatzen laguntzen duten erakundeen betekizun, araubide eta betebeharrak arautu zituen). Hala ere, bidezko beste ekinbide batzuk ere erabili ahal izango dira onuradunaren aurka. Bestalde, horrela itzulitako diru-laguntza guztiak diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

16. artikulua.– Datuak babestea.

Deialdi hau kudeatzean jasotzen diren datu pertsonalak «entidadeak-garatu2011» izeneko fitxategi batean sartuko dira, eta parte-hartzaileek baimena ematen dute datuok landu eta argitaratzeko; izan ere, helburua da (diru-laguntzen) deialdi hau kudeatzea eta horren garapenaren berri ematea deialdi honetan parte hartzen duten lagun guztiei, betiere lege hauek kontuan hartuta: abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuak babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza izango da fitxategiaren arduradun. Datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideak betetzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara, hain zuzen ere: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, prozedura honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste herri-erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak benetakoak direla.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.– Agindu honetako 1. artikuluan finkatutako diru-zenbateko osoa aldatu egin ahal izango da, betiere egin beharreko prestakuntza-jardueren kopurua kontuan hartuta eta baldin eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste diru-laguntza programa batzuetako aurrekontu-zuzkidurak agortzen ez badira. Dena dela, diru-laguntzak ebatzi aurretik egin beharko da hori, eta Hezkuntzako sailburuordeak ebazpena eman eta EHAAn argitaratu beharko du.

Hirugarrena.– Prozedura-gaietan Agindu honek aurreikusten ez duen guztirako azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea.

Laugarrena.– Agindu hau EHAAn argitaratu, eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 27a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala