Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2013ko urtarrilaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

EMILIO SOLDEVILLA FUNDAZIOA
516

ERABAKIA, enpresaren ekonomiari lotutako gaien gaineko ikerlanak egiteko laguntzak esleitzeari buruzkoa.

2012ko abenduaren 13ko Erabakia, Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioaren Patronatuko Batzordearena, enpresa-ekonomiarekin zerikusia duten gaien inguruko ikerkuntza sustatzeko diru-laguntzak esleitzeko merezimendu-lehiaketarako deia egiten duena. Hona deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Enpresaren ekonomiarekin zerikusia duten gaien inguruko ikerketa-proiektuak burutzeko diru-laguntzak esleitzea da deialdi honen helburua.

Bigarrena.– Diru-laguntzen esleipendunek enpresa ekonomiarekin zerikusia duen gai baten inguruko aukerako ikerketa-lan bat egin beharko dute.

Hirugarrena.– Deialdi honetan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoak dira betekizun hauek:

a) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Lizentziatura edo antzeko tituluren bat edukitzea.

c) Enpresa-ekonomiaren inguruko doktorego-programa bateko lehenengo bi urteak gaindituta eta Ikerketaren Gaitasun agiria izatea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publiko bateko enpresa-ekonomiaren sail batean edo antzeko batean ikerlana burutzeko konpromisoa hartzea, betiere sail horretako doktore-irakasle baten zuzendaritzapean.

Laugarrena.– Diruz lagundutako ikerketa-lanak Fundazioari aurkeztu beharko zaizkio 12 hilabeteko epean, laguntza eman denetik kontatzen hasita. Lana aurkezten ez bada, esleipendunak laguntza jasotzeko eskubidea galduko du eta jasotako diru-kopurua itzuli beharko du.

Bosgarrena.– Honako obligazio hauek ere hartzen dituzte diru-laguntzak eskuratzen dituztenek:

a) Diru-laguntzaren emakidaren oinarri den egoeran egotea.

b) Jarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela, eta diru-laguntza esleitzea erabakitzen duen jarduera egin dutela justifikatu beharko dute, entitate esleitzailearen aurrean.

c) Entitate esleitzaileak jarriko dituen frogatze-jarduerak gainditzea.

d) Helburu berbererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla jakinaraztea entitate esleitzaileari.

e) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu bada, horren berri ematea entitate esleitzaileari.

Seigarrena.– Ikerketa-lanak burutzeko beharrezkoak diren gastuak ordaintzeko baino ez da diru-laguntzarik emango, esaterako:

– Iberiar penintsulan barrena joan-etorriak egitea.

– Doktoregaien egonaldi atzerrikoak, baldin eta haiek ez badute lotura egonkorrik Unibertsitatearekin edo irakasle laguntzaileak badira. Horretaz gain, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

● Ikertzaile finantzatutakoari egindako berariazko gonbitea.

● Ikertzailearen lan-zuzendariaren abala.

● Ikertzailea gonbidatzen duen irakaslearen Curriculum Vitae.

– Datu-baseak eskuratzea.

– Informatikako programak erostea.

– Inkestak eta elkarrizketak egitea.

– Bibliografia lortzea.

– Hardwarea eskuratzea.

– Lana fotokopiatu eta koadernatzea.

Gastu justifikagarrien zenbateko osoari ehuneko hamabost gehi dakioke gehienez ere, nekez justifika daitekeen gastu gisa.

Norbanako diru-laguntza, gehienez ere, 7.000 eurokoa izango da; diru-laguntzen kopuru osoa, berriz, 20.000 eurokoa izango da, gehienez ere.

Proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoak izanik, beste deialdi publiko edo pribatuen bidez lortutako laguntza edo diru-laguntzak erabiliz ordaindu ezin izan diren gastuetarako soil-soilik izango dira diru-laguntzak.

Finantzaketa aurrerakinen bitartez eman ahal izango da, harik eta gastuen agiriak aurkeztu arte; lana aurkeztean, jaso bai baina justifikatu ez duen laguntzaren zatia itzuli beharko du esleipendunak.

Era alternatiboan, enpresa edo instituzio sozial gisa, Fesideren parte hartzearekin bideratu ahal izango da laguntza; betiere ikerketako proiektu lehiatzaileetan, bestek beste, honako helburua dutenetan: hirugarren oinarrian jasotako baldintzak betetzen dituen pertsonak doktorego-tesia egitea erraztea. Kasu horretan, proiektua finantzatzeko, Fesidek egindako gehienezko ekarpena 7.000 eurokoa izango da.

Zazpigarrena.– Diru-laguntzak ez dakar berekin ezelango kontratu-loturarik laguntzaren esleipendunaren eta Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioaren artean.

Halaber, bateraezina izango da jarduera bera laguntzeko beste edozein laguntza edo diru-laguntzarekin, salbu eta lana egitearen ondoriozko gastuak estaltzeko osagarria bada.

Zortzigarrena.– Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla fundazioari aurkeztu beharko zaizkio diru-laguntzak jasotzeko eskabideak. Posta ziurtatuz bidali beharko dira, helbide honetara:

Pérez Galdós 14, nagusia eskuina, 48010 Bilbao.

Hamar egun naturalekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bederatzigarrena.– Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) «Curriculum vitae», eskatzaileak dituen merezimendu akademiko eta profesionalak eta egindako lan eta argitalpen zientifikoak jasotzen dituena. Alegatzen diren merezimenduak behar bezala kreditatu beharko dira.

b) Egingo den ikerketaren programa-proiektua, hamar orrikoa gehienez ere.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duen unibertsitateko enpresa-ekonomia edo antzeko sail baten egiaztagiria, ikerlanaren tutoretza bere gain hartzen duela adierazteko.

d) Sail berari atxikitako irakasle-doktore baten egiaztagiria, aipatutako ikerketa-lanaren zuzendaritza bere gain hartzen duena.

e) NANaren fotokopia.

f) Espediente akademikoa, titulu akademikoaren fotokopia edo eskatu izanaren frogagiria, eta ikerketaren gaitasun-agiriaren fotokopia.

g) Errolda-ziurtagiria, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batekoa.

Hamargarrena.– Proiektuaren helburuaren egokitzapena, proiektua ondo gauzatzeko eskaintzen dituen bermeak eta, batez ere, hautagaiak aldez aurretik burutu dituen ikerketa-jarduerak kontuan hartuz baloratuko dira aurkeztutako proiektuak.

Hautagaien merezimenduak hobeto baloratu ahal izateko eta ikerketaren helburua egokitzeko, hautagaiekin elkarrizketa bat egin daiteke, non hautagaiak proiektuaren defentsa egin baitezake.

Hamaikagarrena.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik hamabost egun naturalen barruan esleituko dira diru-laguntzak. Esleipenaren berri idatziz emango zaie esleipendunei.

Hamabigarrena.– Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioaren Patronatuak laguntzen esleipenari buruz hartzen duen erabakia apelaezina izango da.

Hamahirugarrena.– Esleipendunak diru-laguntza onartzeak oinarri hauetan ezartzen diren arauak ere onartu beharra dakar berekin.

Arauok ez badira betetzen, galdu egingo dira laguntzari dagozkion eskubide ekonomikoak.

Hamalaugarrena.– Diru-laguntzari uko egin zaiola idatziz jakinarazi beharko da, eta horrek, une horretan igaro gabe dagoen epeari legozkiokeen eskubide ekonomiko guztiak galtzea eta ordura arte burututako ikerketa lanaren edukia aurkeztu beharra ekarriko du.

Hamabosgarrena.– Diru-laguntzak emateari buruz ez bada idatziz ezer jakinarazten oinarri hauetan aurreikusitako epean, ezetsitzat joko da diru-laguntza.

Hamaseigarrena.– Diru-laguntza erabiltzeko epea hemezortzi hilabetekoa izango da, Fundazioak diru-laguntza eman eta hurrengo egunetik aurrera.

Bilbao, 2012ko abenduaren 13a.

Patronatuko lehendakaria,

ARTURO RODRÍGUEZ CASTELLANOS.


Azterketa dokumentala