Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2013ko urtarrilaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

EMILIO SOLDEVILLA FUNDAZIOA
514

ERABAKIA, enpresaren ekonomiarekin zerikusia duten gaien inguruko ikerketa-proiektuak egiteko laguntzak esleitzeari buruzkoa.

2012ko abenduaren 13ko Ebazpena, «Fundación Emilio Soldevilla para la Investigación y el Desarrollo de la Economía de la Empresa» delakoaren Patronatu Batzordearena, enpresa-ekonomiarekin zerikusia duten gaien inguruko ikerkuntza sustatzeko diru-laguntzak esleitzeko merezimendu-lehiaketarako deia egiten duena. Ondokoak dira

OINARRIAK

Lehenengoa.– Enpresaren ekonomiarekin zerikusia duten gaien inguruko ikerketa-proiektuak burutzeko diru-laguntzak esleitzea da deialdi honen helburua.

Bigarrena.– Diru-laguntzen esleipenduna enpresaren ekonomiaren alorrean ikerketa-proiektu bat burutzen ari beharko da, edo duela gutxi burututa izan.

Hirugarrena.– Deialdi honetan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoak dira betekizun hauek:

a) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea edota lan-jarduera nagusia erkidego horretan garatzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duen unibertsitate publikoko sail edo institutu bateko kide izatea.

c) Aurkeztutako proiektuak deialdi publiko eta lehiaketa bidezko deialdietan erakunde publiko edo pribatuen finantziazioa jaso izana, baina finantziazio hori nahikoa ez izatea proiektua amaitzeko egin beharreko gastu guztiak ordaintzeko.

d) Bestela, aurkeztutako proiektuak deialdi publikoren bateko lehiaketan aldeko balorazioa jaso arren proiektua finantzatzea lortu ez izatea, deialdiko funtsek zituzten mugen ondorioz.

e) Deialdi publiko bidez finantzazioa edo aldeko ebaluazioa jaso zenetik bi urte baino gutxiago igarotzea edo urtebete baino gutxiago azken finantzazioaren likidazioa egin zenetik.

Laugarrena.– Honako betebeharrak izango dituzte diru-laguntzak eskuratzen dituztenek:

a) Diru-laguntzaren emakidaren oinarri den egoeran egotea.

b) Jarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela, eta diru-laguntza esleitzea erabakitzen duen jarduera egin dutela justifikatu beharko dute, entitate esleitzailearen aurrean.

c) Entitate esleitzaileak jarriko dituen frogatze-jarduerak gainditzea.

d) Helburu berbererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla jakinaraztea entitate esleitzaileari.

e) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu bada, horren berri ematea entitate esleitzaileari.

f) Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioak proiektua kofinantzatu duela aipatu beharko da proiektuari buruzko txosten eta argitalpenetan.

g) Proiektuaren emaitzei buruzko eta proiektuaren ustiapenari eta zabalkundeari buruzko txostena aurkeztu beharko zaio Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioari. Fundazioak diru-laguntza eman eta hamazortzi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira txostenok.

h) Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioak diruz lagundutako proiektuari dagozkion gastuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Bosgarrena.– Diru-laguntzen zenbatekoa gehienez berrogei mila (40.000) eurokoa izango da eta Patronatuak finkatutako irizpenei jarraituz banatuko dira diru-laguntza eskatzen duten proiektuen artean.

Ikerketa-proiektuek, bakarka, bost mila (5.000) euroko laguntza lortuko dute, gehienez ere, kofinantzaketaren kasuan; gainontzeko kasuetan, berriz, hamar mila (10.000) eurokoak, gehienez ere.

Proiektu kofinantzatuen kasuan, finantzaketa aurrerakinen bitartez eman ahal izango da, harik eta gastuen egiaztagiriak aurkeztu arte; proiektua bukatutakoan, jaso bai baina justifikatu ez duen laguntzaren zatia itzuli beharko du esleipendunak.

Kofinantzatu gabeko proiektuen kasuan, berriz, gastua justifikatzerakoan ordainduko da laguntza, hiruhileroko likidazioen bidez.

Seigarrena.– Proiektua gauzatzeko behar-beharrezko diren eta beste deialdi publikoen bidez lortutako diru-laguntzak erabiliz ordaindu ezin izan diren gastuak baino ez dira izango lagungarri.

Ezin izango da diru-laguntzarik erabili proiektuaren ikertzaile titularren zuzeneko lansariak ordaintzeko; bai, ordea, bekadunen eta langile tekniko laguntzaileen lansariak ordaintzeko.

Zazpigarrena.– Diru-laguntza horrek ez dakar berekin ezelango kontratu loturarik Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioaren eta laguntzaren esleipendunaren artean.

Zortzigarrena.– Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioari aurkeztu beharko zaizkio diru-laguntzak jasotzeko eskabideak. Posta ziurtatuz bidali beharko dira, helbide honetara:

Pérez Galdós 14, nagusia eskuina, 48010 Bilbao.

Hamar egun naturalekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bederatzigarrena.– Eskabideekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Ikertzaile nagusiaren eta ikertzaile laguntzaileen «Curriculum vitaeak», bertan dituzten merezimendu akademiko eta profesionalak eta burututako lan eta argitalpen zientifikoak adieraziko dira. Alegatzen diren merezimenduak behar bezala kreditatu beharko dira.

b) Proiektuarentzat aurreko diru-laguntza eskuratzeko deialdira aurkeztutako agirien kopia.

c) Ikerketa-proiektuaren onarpena eta jasotako diru-laguntzak egiaztatzea.

d) Ikertzaile nagusiaren eta ikertzaile laguntzaileen NANen fotokopia.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotearen ziurtagiria edo Euskal Autonomia Erkidegoan lanean jardutea egiaztatzen duen agiria.

Hamargarrena.– Proiektuaren helburuaren egokitzapena, ontsa gauzatzeko proiektuak eskaintzen dituen bermeak eta, batik bat, hautagaiak aldez aurretik burutu dituen ikerketa jarduerak kontuan hartuz baloratuko dira aurkeztutako proiektuak.

Hautagaien merezimenduak hobeki baloratu ahal izateko eta ikerketaren helburua lortzeko bidezkotzat joz gero, hautagaiekin elkarrizketa bat egin daiteke, non –hala irudituz gero– proiektuaren defentsa egin baitezake hautagaiak.

Hamaikagarrena.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hamabost egun naturalen barruan esleituko dira diru-laguntzak. Esleipenaren berri idatziz emango zaie esleipendunei.

Hamabigarrena.– Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioaren Patronatuak laguntzak esleitzeari buruz hartuko duen erabakia behin betikoa izango da.

Hamahirugarrena.– Esleipendunak diru-laguntza onartzeak oinarri hauetan ezartzen diren arauak ere onartu beharra dakar.

Arauok ez badira betetzen, galdu egingo dira laguntzari dagozkion eskubide ekonomikoak.

Hamalaugarrena.– Diru-laguntzari uko egin zaiola idatziz jakinarazi beharko da eta, horrek, une horretan igaro gabe dagoen epeari proportzioan legozkiokeen eskubide ekonomiko guztiak galtzea eta ordura arte burututako ikerketa-lanaren edukia aurkeztu beharra ekarriko du.

Hamabosgarrena.– Oinarri hauetan aurreikusitako epean, diru-laguntzak emateari buruz ez bada idatziz ezer jakinarazten, ezetsitzat joko da diru-laguntza.

Hamaseigarrena.– Diru-laguntza erabiltzeko epea hemezortzi hilabetekoa izango da, Fundazioak diru-laguntza eman eta hurrengo egunetik aurrera.

Bilbao, 2012ko abenduaren 13a.

Patronatuko lehendakaria,

ARTURO RODRÍGUEZ CASTELLANOS.


Azterketa dokumentala