Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2013ko urtarrilaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

EMILIO SOLDEVILLA FUNDAZIOA
513

ERABAKIA, enpresaren ekonomiari lotutako gaien gaineko ikerlanei ekiteko laguntzak esleitzeari buruzkoa.

Erabakia, 2012ko abenduaren 13koa, «Fundación Emilio Soldevilla para la Investigación y el Desarrollo de la Economía de la Empresa» fundazioaren Patronatu Batzordearena, enpresaren ekonomiarekin zerikusia duten gaien inguruko ikerkuntza sustatzeko diru-laguntzak esleitzeko merezimendu-lehiaketarako deia egiten duena.

OINARRIAK

Lehenengoa.– Enpresaren ekonomiarekin zerikusia duten gaiei lotutako ikerlanak egiteko laguntzak esleitzea da deialdi honen helburua.

Bigarrena.– Diru-laguntzen esleipendunek enpresaren ekonomiaren alorrean doktorego-tesia berrikitan bukatua izan beharko dute.

Hirugarrena.– Deialdi honetan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoak dira betekizun hauek:

a) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea edota lan-jarduera nagusia erkidego horretan garatzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duen unibertsitate publikoko sail edo institutu bateko kide izatea.

– Baldintzak:

1.– Gehienez ere 3 igaro izana tesia defendatu zuenetik.

2.– Behin baino ezin da eskaini.

3.– Gehienez ere banakako 3.000 euroko zenbatekoa.

4.– Kofinantzaketa baloratuko da.

5.– Guztira, gehienez ere: 15.000 euro.

Laugarrena.– Honako betebeharrak izango dituzte diru-laguntzak eskuratzen dituztenek:

a) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egotea.

b) Laguntza eman dien erakundeari behar bezala justifikatzea baldintzak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

c) Entitate esleitzaileak jarriko dituen frogatze-jarduerak gainditzea.

d) Helburu berbererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla jakinaraztea entitate esleitzaileari.

e) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu bada, horren berri ematea entitate esleitzaileari.

f) Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioa aipatzea, finantzatzaile gisa.

g) Emaitzei buruzko txostena aurkeztu beharko zaio Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioari. Fundazioak diru-laguntza eman eta hamazortzi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira txostenok.

h) Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioak diruz lagundutako gastuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Bosgarrena.– Diru-laguntzen zenbatekoa gehienez hamabost mila (15.000) eurokoa izango da eta Patronatuak finkatutako irizpenei jarraituz banatuko dira diru-laguntza eskatzen duten proiektuen artean.

Seigarrena.– Ikerkuntza isolatuari ekiteko laguntza batek, bakarka, ezingo du jaso hiru mila (3.000) euro baino gehiagoko laguntzarik.

Zazpigarrena.– Diru-laguntza horrek ez dakar berekin ezelango kontratu loturarik Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioaren eta laguntzaren esleipendunaren artean.

Zortzigarrena.– Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioari aurkeztu beharko zaizkio diru-laguntzak jasotzeko eskabideak. Posta ziurtatuz bidali beharko dira, helbide honetara:

Pérez Galdós 14, nagusia eskuma; 48010 Bilbao.

Hamar egun naturalekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bederatzigarrena.– Eskabideekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Ikertzaile nagusiaren eta ikertzaile laguntzaileen «Curriculum vitaeak», bertan dituzten merezimendu akademiko eta profesionalak eta burututako lan eta argitalpen zientifikoak adieraziko dira. Alegatzen diren merezimenduak behar bezala kreditatu beharko dira.

b) Ikertzaile nagusiaren eta ikertzaile laguntzaileen NANen fotokopia.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotearen ziurtagiria edo Euskal Autonomia Erkidegoan lanean jardutea egiaztatzen duen agiria.

Hamargarrena.– Proiektuaren helburuaren egokitzapena, ontsa gauzatzeko proiektuak eskaintzen dituen bermeak eta, batik bat, hautagaiak aldez aurretik burutu dituen ikerketa jarduerak kontuan hartuz baloratuko dira aurkeztutako eskabideak.

Hautagaien merezimenduak hobeki baloratu ahal izateko eta ikerketaren helburua lortzeko bidezkotzat joz gero, hautagaiekin elkarrizketa bat egin daiteke.

Hamaikagarrena.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hamabost egun naturalen barruan esleituko dira diru-laguntzak. Esleipenaren berri idatziz emango zaie esleipendunei.

Hamabigarrena.– Enpresaren Ekonomia Ikertu eta Garatzeko Emilio Soldevilla Fundazioaren Patronatuak laguntzak esleitzeari buruz hartuko duen erabakia behin betikoa izango da.

Hamahirugarrena.– Esleipendunak diru-laguntza onartzeak oinarri hauetan ezartzen diren arauak ere onartu beharra dakar.

Arauok ez badira betetzen, galdu egingo dira laguntzari dagozkion eskubide ekonomikoak.

Hamalaugarrena.– Diru-laguntzari uko egin zaiola idatziz jakinarazi beharko da eta, horrek, une horretan igaro gabe dagoen epeari proportzioan legozkiokeen eskubide ekonomiko guztiak galtzea eta ordura arte burututako ikerketa-lanaren edukia aurkeztu beharra ekarriko du.

Hamabosgarrena.– Oinarri hauetan aurreikusitako epean, diru-laguntzak emateari buruz ez bada idatziz ezer jakinarazten, ezetsitzat joko da diru-laguntza.

Hamaseigarrena.– Diru-laguntza erabiltzeko epea hemezortzi hilabetekoa izango da, Fundazioak diru-laguntza eman eta hurrengo egunetik aurrera.

Bilbao, 2012ko abenduaren 13a.

Patronatuko lehendakaria,

ARTURO RODRÍGUEZ CASTELLANOS.


Azterketa dokumentala