Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2013ko urtarrilaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
483

ERABAKIA, 2012ko abenduaren 20koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren arautegia onartzeko dena.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak ikastegietarako arautegi markoa onetsi zuen 2012ko otsailaren 23ko Erabakiaren bidez, Gobernu Kontseiluaren 2011ko ekainaren 23an onetsitako garapen arautegia berrikusteko egutegia beteaz.

Arautegi markoa oinarrizko arautegi gisa eratu da, beraz, eta sailek horren gaineko alderdien inguruan arautu beharrekoaz erabaki dezakete, modu horretara, zeinek bere antolamendu autonomia bermatuz.

Ikastegien arautegi markoaren bigarren xedapen iragankorrak sei hileren epea ematen zuen, indarrean sartu zeneko datatik aitzina, ikastegiek bertan adierazitakora ekarri eta molda zitzaten tokian tokiko arautegiak.

Arkitektura Goi Eskola Teknikoak, arautegi honen babesera etorrita, onartu egin zuen, ikastegi batzarrak 2012ko urriaren 18an egindako bileran, bere arautegiaren arautegi marko berrirako egokitzapena.

Horregatik guztiagatik, eta idazkaritza nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren arautegia onestea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Hirugarrena.– Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren arautegia argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2012ko abenduaren 20a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

UPV/EHUKO ARKITEKTURA GOI ESKOLA TEKNIKOAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegiko Batzarrak 20 kide hautetsi izango ditu, era honetara banatuta unibertsitate sektoreen arabera:

  • Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaileak: % 60.
  • Gainerako irakasle eta ikertzaileak: % 5.
  • Ikasleak: % 20.
  • Administrazio eta zerbitzuetako langileak: % 15.

2. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 12.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Hauek izango dira ikastegiko Akademia Antolakuntzako Batzordea osatuko dutenak: ikastegiko zuzendaria edo hark bere ordez izendatzen duena, batzordeburu izango dena; ikastegiko idazkari akademikoa, batzordeko idazkari gisa arituko dena; hiru irakasle eta ikasleen ordezkari bat Ikasleen Kontseiluak proposatuta.

Ez da beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kide izatea batzorde honetako kide izateko.

3. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 14. artikuluaren zehaztapena.

1.– Eskolako Batzarrak Euskara Batzorde bat izango du, parte hartu, kontsultatu eta aholkuak emateko organoa izango dena.

2.– Ikastegiko Euskara Batzordearen helburua izango da euskararen erabilera bultzatzea UPV/EHUko planifikazio orokorraren barruan, euskarazko irakats eskaintzaren plangintzan eta jarraipenean parte hartuz eta unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatuz.

3.– Hauek izango dira Euskara Batzordeko kideak: zuzendaria edo zuzendariak izendatzen duena, batzordeburu izango dena; bost irakasle, jakintza arlo desberdinetakoak eta eskolari atxikiak egonik, bertan irakasten dutenak; ikasleen bi ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Ez da beharrezkoa Eskola Batzarreko kide izatea Euskara Batzordeko kide izateko.

4. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 5.2 l) artikuluaren zehaztapena.

5.– Eginkizunak. 2.– Hauek dira ikastegien eginkizunak: l) Ikastegian genero berdintasuna lortzeko neurriak hartzea. Berdintasun batzorderik sortzen ez den bitartean, ikastegiko zuzendariak beteko ditu arlo horretako eginkizunak.

5. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 24.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Ikastegiko Batzarrak hautatuko du zuzendaria. Ezin izango da Oinarrizko Arautegiko 19.2 artikuluan jasotzen den botoa eskuordetu.

6. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 19.3 artikuluaren zehaztapena.

Hautagai aurkeztu nahi izanez gero, hautagaiak idatzia bidali beharko dio kasuan kasuko organoari, eta Ikastegi Batzarreko kideen % 20aren babesa izan beharko du.

7. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 23.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Erabakiak Zuzendaritzaren iragarki taulan argitaratuko dira, hiru egun balioduneko epean, gehienez. Edozein kasutan, datuak babesteko indarrean dagoen arautegia errespetatu beharko da. Bestalde, organoko buruak eta idazkariak bermatu egin beharko dute publizitatea gutxienez hilabete bat egongo dela ikusgai, argitaratzen den egunetik kontatzen hasita. Aldi hori hartuko da kontuan errekurtsoak jartzeko epea zenbatzean.

8. artikulua.– Epaimahaiak.

Graduko eta lehenengo eta bigarren zikloko ikasketen gestio arautegiarekin bat etorrita, lehenengo deialditik laugarren deialdirako deialdietarako epaimahai espezifikoak eratuko dira.

9. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena kide anitzeko organoaren hurrengo bileran gauzatuko da, organoko idazkariak horren berri ematen duenetik kontatzen hasita.

10. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Kide anitzeko organoko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean arrazoi justifikaturen bategatik, behin-behineko ordezkoak beteko du haren lekua. Ordezkapena gauzatzeko, halako egoera batean dagoen titularrak kide anitzeko organoko buruari jakinarazi beharko dio, idatziz, gutxienez 72 ordu lehenago.


Azterketa dokumentala