Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2013ko urtarrilaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
482

ERABAKIA, 2012ko abenduaren 20koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Farmazia Fakultatearen arautegia onartzeko dena.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak ikastegietarako arautegi markoa onetsi zuen 2012ko otsailaren 23ko Erabakiaren bidez, Gobernu Kontseiluaren 2011ko ekainaren 23an onetsitako garapen arautegia berrikusteko egutegia beteaz.

Oinarrizko arautegi hau, oinarrizko arautegi gisa eratu da, beraz, sailek horren gaineko alderdien inguruan arautu beharrekoaz erabaki dezakete, modu horretara, zeinek bere antolamendu autonomia bermatuz.

Ikastegien arautegi markoaren bigarren xedapen iragankorrak sei hileren epea ematen zuen, indarrean sartu zeneko datatik aitzina, ikastegiek bertan adierazitakora ekarri eta molda zitzaten tokian tokiko arautegiak.

Farmazia Fakultateak, arautegi honen babesera etorrita, onartu egin zuen Ikastegi Batzarrak 2012ko urriaren 10ean egindako bileran bertako arautegiaren arautegi marko berrirako egokitzapena.

Horregatik guztiagatik, eta Idazkaritza Nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Farmazia Fakultatearen arautegia onestea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Hirugarrena.– Farmazia Fakultatearen arautegia argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2012ko abenduaren 20a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

UPV/EHUko FARMAZIA FAKULTATEAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegiko Batzarrak 33 kide hautetsi izango ditu, era honetara banatuta unibertsitate sektoreen arabera:

● Irakasle eta ikertzaile iraunkorrak: 20 kide.

● Gainontzeko irakasleak eta ikertzaileak: 1 kide.

● Ikasleak: 8 kide.

● Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 4 kide.

2. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 12.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Akademia Antolakuntzako Batzordeko kide izango dira: dekanoa, edo hark bere ordez izendatutako dekanordea; fakultateko idazkari akademikoa (batzordeko idazkari izango da); irakasleen bost ordezkari (titulazio bakoitzetik gutxienez bat); ikasleen hiru ordezkari (ezin izango dira egon titulazio bereko bi ordezkari).

3. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 14.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Euskara Batzordea eratuko da, parte hartzerako eta aholkurako organoa izango dena. Kide hauek izango ditu: dekanoa eta hark bere ordez izendatutako pertsona (batzordeko burua izango da); irakasle eta ikertzaileen hiru ordezkari; administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari; ikasleen bi ordezkari. Batzordea eratzeko bileran, idazkaria aukeratuko da.

4. artikulua.– Berdintasun Batzordea. Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 5.2.l) artikuluaren zehaztapena.

5.– Eginkizunak: 2.– Hauek dira ikastegien eginkizunak: l) Ikastegian genero berdintasuna lortzeko neurriak hartzea. Berdintasun batzorderik eratzen ez den bitartean, arlo honetako eginkizunak dekanoak edo berak horretarako izendatzen duen pertsonak burutuko ditu.

5. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 10.2.b) artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegiko Batzarrak ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, batez ere honakoak:

b) Dekanoa aukeratzea.

6. artikulua.– Dekanoa aukeratzeko hautagai zerrendak. UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18.4 artikuluaren zehaztapena.

4.– Ikastegiko dekanoaren kargurako hautagai zerrendari gobernu taldearen egitura eta programa erantsi behar zaizkio.

7. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 17.1 artikuluaren zehaztapena.

Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. Estatutuen 166. artikuluan aipatutako arrazoiengatik utziko dio organoko kide batek kide izateari. Kide izateari utziko dio bileretara justifikazio gabe huts eginez gero, eta hain zuzen ere elkarren segidako lau bileratara edo txandakako zortzi bileratara justifikatu gabe huts eginez gero.

8. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 18.3 artikuluaren zehaztapena.

Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute beren eginkizunak aurrera eramateko behar dituzten dokumentuak eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Horretarako, idatzizko eskaria aurkeztu beharko diote idazkari akademikoari, adierazita horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduko dute nola dokumentazio hori behar duten beren eginkizunak bete ahal izateko. Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, hamabost (15) egun balioduneko epean gehienez ere, ikastegiak haren esku jarriko du dokumentazioa ikastegiko Idazkaritzan.

9. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 19.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa bertan egotea lehenengo deialdian, edo gutxienez kideen heren bat egotea bigarren deialdian. Deialdi bion artean hamar minutuko tartea egon beharko da.

Edozein kasutan, beti egon beharko dute bileran organoko buruak eta idazkariak edo, bestela, haien ordezkoek.

10. artikulua.– kalifikazio epaimahaiak.

Ikasleen ebaluazioari buruzko arauei jarraiki beharrezkoa izanez gero epaimahaia eratzea, 1., 2., 3. edo 4. deialdirako, 5. eta 6. deialdietako epaimahaiak arituko dira.

11. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena astebetean gauzatuko da, idazkariak jakinarazi duenetik kontatzen hasita.

12. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Kide anitzeko organoko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean arrazoi justifikaturen bategatik, behin-behineko ordezkoak beteko du haren lekua. Ordezkapena gauzatzeko, halako egoera batean dagoen titularrak kide anitzeko organoko buruari jakinarazi beharko dio, idatziz, gutxienez 72 ordu lehenago. Ordezkoa onartuko da, baldin eta dekanotzak titularra ez etortzeko arrazoiak oinarritzeko agiririk badauka.


Azterketa dokumentala