Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2013ko urtarrilaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
478

ERABAKIA, 2012ko abenduaren 20koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolaren arautegia onartzeko dena.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen gobernu kontseiluak ikastegietarako arautegi markoa onetsi zuen 2012ko otsailaren 23ko erabakiaren bidez, gobernu kontseiluaren 2011ko ekainaren 23an onetsitako garapen arautegia berrikusteko egutegia beteaz.

Oinarrizko arautegi hau, oinarrizko arautegi gisa eratu da, beraz, sailek horren gaineko alderdien inguruan arautu beharrekoaz erabaki dezakete, modu horretara, zeinek bere antolamendu autonomia bermatuz.

Ikastegien arautegi markoaren bigarren xedapen iragankorrak sei hileren epea ematen zuen, indarrean sartu zeneko datatik aitzina, ikastegiek bertan adierazitakora ekarri eta molda zitzaten tokian tokiko arautegiak.

Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolak, arautegi honen babesera etorrita, onartu egin zuen ikastegi batzarrak 2012ko azaroaren 15ean egindako bileran bertako arautegiaren arautegi marko berrirako egokitzapena.

Horregatik guztiagatik, eta idazkaritza nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolaren arautegia onestea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Hirugarrena.– Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolaren arautegia argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2012ko abenduaren 20a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

UPV/EHUKO DONOSTIAKO ERIZAINTZAKO UNIBERTSITATE ESKOLAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegiko Batzarrak 15 kide hautetsi izango ditu, era honetara banatuta unibertsitate sektoreen arabera:

  • Unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaileak: % 60 (9 kide).
  • Gainerako irakasle eta ikertzaileak: % 5 (kide 1).
  • Ikasleak: % 20 (3 kide).
  • Administrazio eta zerbitzuetako langileak: % 15 (2 kide).

2. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 12.2 artikuluaren zehaztapena.

Akademia Antolakuntzako Batzordeko kideak honakoak izango dira: zuzendaria, batzordeko burua izango dena; idazkari akademikoa, batzordeko idazkaria izango dena; bi irakasle iraunkor; irakasle kontratatu bat; administrazio eta zerbitzuetako langile bat, eskolako idazkaritzakoa; eta ikasleen ordezkari bat.

Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kide izatea.

3. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 14.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Euskara Batzordea eratuko da, parte hartzerako eta aholkurako organoa izango dena. Kide hauek izango ditu: zuzendaria, batzordeko burua izango dena; idazkari akademikoa, batzordeko idazkaria izango dena; bi irakasle iraunkor; irakasle kontratatu bat; administrazio eta zerbitzuetako langile bat; eta ikasleen ordezkari bat.

4. artikulua.– Berdintasun Batzordea. Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 5.2.l) artikuluaren zehaztapena.

5.– Eginkizunak. 2.– Hauek dira ikastegien eginkizunak: l) Ikastegian genero berdintasuna lortzeko neurriak hartzea. Berdintasun Batzordea eratu artean, Eskolako Batzarrak izendatuko du, ikusita zuzendaritzaren proposamena, arlo horretako eginkizunak beteko dituen pertsona.

5. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 10.2.b) artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegiko Batzarrak ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, batez ere honakoak:

b) Ikastegiko zuzendaria aukeratzea.

6. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 18.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Kide anitzeko organoko kideek eskubidea dute, beren eginkizunak aurrera eramateko, beharrezkotzat hartzen dituzten dokumentuak eskatzeko. Eskaria erregistro orokorraren bidez egingo dute, adierazita horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduta nola dokumentu horiek behar dituzten beren eginkizunak bete ahal izateko. Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, hamabost (15) eguneko epean gehienez ere, ikastegiak haren esku jarriko du dokumentazioa ikastegiko idazkaritzan.

7. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 19.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Botoa eskuordetu egin daiteke, hauteskundeetan izan ezik. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Organoa eratzeko quorumerako ez dira zenbatuko organoko kideek beste batzuen esku utzitako botoak, ez eta zuzendariaren hautaketarako botazioan ere. Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.

8. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 19.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa bertan egotea lehenengo deialdian, edo gutxienez kideen heren bat egotea bigarren deialdian. Deialdi bion artean 15 minutuko tartea egon beharko da.

Edozein kasutan, beti egon beharko dute bileran organoko buruak eta idazkariak edo, bestela, haien ordezkoek.

9. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 23.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegiak hartutako erabakien berri emateko, haien zerrenda jasoko duen ziurtagiria egingo du idazkari akademikoak, eta ziurtagiri hori emango da argitara. Ziurtagiria dekanotzako iragarki oholean argitaratuko da eta, halakorik badago, eskolaren iragarki ohol birtualean, gehienez ere hiru egun balioduneko epean, eta, betiere, datuak babesteko legeria errespetaturik. Erabakiak gutxien dela hilabetez egon behar dira jendaurrean, argitaratzen diren egunetik kontatzen hasita, eta egun horretan hasiko da, era berean, errektoreari kasuan kasuko errekurtsoa aurkezteko epea.

10. artikulua.– Kalifikazio epaimahaiak.

Ikasleen ebaluazioari buruzko arauei jarraiki beharrezkoa izanez gero epaimahaia eratzea, 1., 2., 3. edo 4. deialdirako, 5. eta 6. deialdietako epaimahaiak arituko dira.

11. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena astebetean gauzatuko da, idazkariak jakinarazi duenetik kontatzen hasita.

12. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Ikastegiko Batzarraren bilerarako deia behin eginda, edozein kide hautetsik, 24 orduko epean, eskari arrazoitua egin ahal izango du, ikastegiko idazkaritzan, bere ordezkoa joateko bilerara. Batzordeko buruak erabakiko du ordezkapena onartu edo ez, kontuan hartuta eskarian azaldutako arrazoiak. Onartuz gero, eskari egilearen hautagai zerrendako lehenengo ordezkoak beteko du haren lekua.


Azterketa dokumentala