Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2013ko urtarrilaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
477

79/2013 DEKRETUA, urtarrilaren 15ekoa, baimena ematen duena Euskadiko Zor Publikoaren jaulkipen bat edo hainbat egiteko, edo edozein modutan zorpetzeko, gehienez ere 220.723.334 euroko kopuruan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legeak dio zor publikoa jaulkitzea Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu bidez erabakiko duela, eta dekretu horretan zenbatekoaren mugak eta jaulkipena egiteko epea adierazi beharra dagoela, beste ezaugarri batzuk ere jaso daitezkeen arren. Halaber dio, dekretuan jaso ezean, ezaugarri horiek Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren agindu baten bidez finkatuko direla, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dela.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen Araubideari buruz indarrean diren legezko xedapenen testu bategina onartu zuen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintza-Dekretuan, luzapen-erregimena arautzen da. Zehazki, 128. artikuluko e) idatzi-zatian esaten da luzatuko diren aurrekontu orokorretan finkatutako zorpetzeen eta kreditu-eragiketen mugak luzapena indarrean den artean aplikatuko direla. Abenduaren 23ko 6/2011 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartu zituen. Bada, bere 10.1 artikuluko bigarren idatzi-zatian, baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari zorpetze-eragiketak egiteko. Horrela, zorpetze hori handitu ahal izango da, eta muga hau izango du: saldoa ekitaldiaren amaieran ez da izango ekitaldiaren hasieran baino 1.038.312.696 euro handiagoa.

Kontuan harturik Ministro Kontseiluak baimendutako zorpetze-eragiketen eta 2012an egindako zorpetze-eragiketen zenbatekoak, eta ikusirik 2012ko urriaren 26ko azken baimenak bidea ematen duela baimen horrek berak 2013ko martxoaren 31ra bitartean babestutako eragiketak egiteko, gehienezko zorpetze-kopurua oraingoz 220.723.334 eurokoa da.

Nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoera munduko krisialdi ekonomikoaren eta finantzazkoaren bilakaerak eragindakoa izanik, ahalik eta malgutasunik handienaz hartu behar dira zorpetze-arloko erabakiak.

Dekretu honen bidez baimendutako eragiketei buruzko erabakiak ahalik eta malgutasunik handienaz hartu nahirik, merkatuen egoerak horretarako aukera ematen duenean zehaztu ahal izango dira zor-jaulkipenak bideratzeko tresna eta modalitatea, bai eta finantza-baldintzak ere.

Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Zorpetze-eragiketak.

Erabaki da Euskal Autonomia Erkidegoak zor publikoaren jaulkipen bat edo gehiago egitea, eta edozein modutan zorpetzeko eragiketak adostea, bi kasuetan ere barneko eragiketen zein kanpokoen bidez egiteko. Gehienezko kopurua berrehun eta hogei milioi zazpiehun eta hogeita hiru mila eta hirurehun eta hogeita hamalau (220.723.334) eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen Araubideari buruz indarrean diren legezko xedapenen testu bategina onartu zuen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintza-Dekretuaren 128. artikuluaren e) idatzi-zatiaren bidez emandako baimenaren kontura.

2. artikulua.– Zorpetze-eragiketen ezaugarriak.

Dekretu honen bidez baimendutako zorpetze-eragiketek honako ezaugarri hauek izango dituzte:

1.– Gehienezko kopurua, guztira: 220.723.334 euro.

2.– Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.

3.– Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.

4.– Epea: 30 urtekoa gehienez ere.

5.– Jaulkipen-modalitateak: eragiketak honela egin ahal izango dira:

– Zor publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituen balioak zirkulazioan jarriz, euroa edo beste edozein dibisa erabiliz, formatua edo egitura zernahi direlarik ere.

– Beste edozein mailegu- edo kreditu-eragiketa mota erabiliz.

3. artikulua.– Helburua.

Zorpetze-eragiketen ondoriozko baliabideak, dekretu honen bidez baimenduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko izango dira.

4. artikulua.– Onurak.

Gaur egungo arauekin bat etorriz, baimentzen diren jaulkipenek Estatuaren Zor Publikoaren onura eta baldintza berberak izango dituzte.

5. artikulua.– Konputagarritasuna.

Dekretu honen arabera jaulkitako balioak gaitzat joko dira ondoren aipatzen diren entitateen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako. Hauek dira entitateak: elkarren bermerako sozietateak, aseguru pribatuko entitateak, borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateak eta Estatuaren Zor Publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten entitateak.

AZKEN XEDAPENA.– Gaitzeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 30. artikuluko 3. paragrafoan agindutakoren arabera, Ogasun eta Finantzako sailburuari dagokio, agindu baten bidez, dekretu honetan onartu diren zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu honetan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, zor publikoa balio gisa jaulkitzen bada, bere aurreikuspenen barruan betiere.

2.– Finantzetako zuzendariari baimena ematen zaio dekretu honen bidez baimentzen diren zorpetze-eragiketak egiteko behar diren kontratuak eta gainerako dokumentu erantsi eta osagarriak sina ditzan.

AZKEN XEDAPENA.– Indarra hartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko urtarrilaren 15ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GAZAGAECHEVARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala