Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2013ko urtarrilaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
434

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2012ko azaroaren 8ko bilkuran hartua, «Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren Kontua. 2010» txostena behin betiko onesten duena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak, 2012ko azaroaren 8an egindako bilkuran, honako hau

ERABAKI DU:

«Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren Kontua. 2010» txostena behin betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 8a.

HKEEren lehendakaria,

JOSÉ IGNACIO MARTÍNEZ CHURIAQUE.

HKEEren idazkari nagusia,

TERESA CRESPO DEL CAMPO.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIO OROKORRAREN KONTUA. 2010

Laburdurak

TVCP/HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.

AFA: Arabako Foru Aldundia.

AKPP: Administrazio Klausula Partikularren Plegua.

LZ: Lanpostuen Zerrenda.

DOUE: Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala.

EHU: Euskal Herriko Unibertsitatea.

ETS: Euskal Trenbide Sarea.

BPG: Barne Produktu Gordina.

Euskal Y: Euskal Herriko Trenbide Sare berria.

BERC: Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentroak.

SPKL: 30/2007 Legea, urriaren 30ekoa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa.

DLO: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.

AELO: 18/2001 Lege Orokorra, abenduaren 12koa, Aurrekontuaren Egonkortasunari buruzkoa.

EFPL: 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.

APKLEO: 1098/2001 Errege Dekretua, urriaren 12koa, Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorra onartzeko dena.

EOLTB: 2/2007 Legegintzako Dekretua, azaroaren 6koa, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzeko dena.

EAATB: 1/1994 Legegintzako Dekretua, irailaren 27koa, Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu Bategina onartzen duena.

EAEONAL: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

I.– Sarrera.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Kontuaren 2010eko ekitaldiari dagokion fiskalizazio txosten hau mamitu du, epaitegia arautzen duen 1/1988 Legeak agindutakoari eta Lanerako Urteko Programak ezarritakoari jarraiki.

Fiskalizazioak honako alderdi hauek besarkatzen ditu:

– Legezkoak: ezargarria den arautegia honako alor hauetan betetzen dela egiaztatzea: aurrekontua, zorpetzea, finantza-eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak, diru-laguntzak eta laguntza publikoak eta zuzenbide publikoko diru-sarrerak.

– Kontularitzakoak: Kontu Orokorra ezargarriak diren kontularitzako printzipioen arabera mamitu den aztertuko dugu.

– EAEren Administrazio Orokorraren egoera ekonomikoaren finantza analisia.

– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta zuhurtasunari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi ere, azaleratu diren hutsak «barne kontrolerako sistemari buruzko irizpenak» idazpuruan zehaztu ditugu, horiek hobetzeko gomendioekin batera.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

1.– Ondotik adierazitako obra kontratuek aldaketak eta/edo kitapenak nozitu dituzte eta horien ondorioz, hasiera batean esleitutako aurrekontuen zenbatekoa nabarmen gehitu dute, SPKLn jasotako lehiaketa printzipioak urratuz; gogoan izan behar da kontratuak aldarazteko eskumena beti ere zuhurtziazko muga baten baitan gauzatu behar dela, zenbatekoaren igoerak kontrataren bolumen ekonomikoa ez itxuraldatzeko moduan.

(Ikus .PDF)

2.– Zarautzen 87+240 eta 87+430 kilometro-puntuetan trenbide-pasaguneak kentzeko obretan (59 zk. espedientea), 2010ean 1,2 milioi euroren zenbatekoan esleitu zirenak, kontratua aldatu da bideratu nahi diren ustekabeko arrazoiak justifikatu gabe eta lanak onartu aurretik exekutatu ziren; horrek guztiak, SPKLren 202 eta 217 artikuluak urratzen ditu.

3.– Mutrikuko postuko zentral undimotriza konpontzeko lanak (57 zenbakiko espedientea), guztira 7 milioi euroren kostua izan duena, 2010ean esleitu ziren larrialdiko izapide bidez; ez zen, baina, behar hainbat egiaztatu SPKLren 96. artikuluak arautzen duen presako tramitazioa baliatuta emaitza bera eskuratuko ez zenik.

4.– Barakaldoko Justizia Auzitegiaren artxiboa handitzeko hiru areto erosi dira 1,6 milioi euroren zenbatekoan (26. espedientea); erosketa zuzeneko esleipen bitartez gauzatu da, presa eta ondasunaren egokitasun berezia oinarri hartuta. Alabaina, prozedura hau erabiltzeak EOLTBren 43. artikulua urratzen du, ez baitu ondare ondasunen erosketan prozedura hau erabiltzeko bertan jasotzen diren inguruabarretarik batere betetzen.

5.– Guztira 62 ondasun eta zerbitzu erosketa egin dira kontratuaren xedea bidegabe zatikatuz edo dagokin kontratazio espedientea izapidetu gabe, 1,1 milioi euroan; hona hemen: Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailean, 25; Justizia eta Herri Administrazioan, 22; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean (6); Kultura Sailean, 4; Lehendakaritza Sailean, 2; eta Ekonomia eta Ogasun Sailean, 3. Kontratazio horiek guztiak publizitate eta lehia printzipioak bermatuko zituzten lehiaketa publiko bidez egin behar ziratekeen.

6.– Gobernu Kontseiluak, EAEren Ekonomia eta Kontabilitatearen Kontrolerako 14/1994 Legearen 24.4 artikuluan aurreikusitako aparteko prozeduraren bitartez, 2010eko ekitaldiko gastuen aldeko fiskalizazio juridiko-ekonomikoa hartu du bere gain, 23,8 milioi euroren zenbatekoan, aurrez Ekonomia Kontrolerako Bulegoak (EKB) kontrako txostena jaulkia zuela. Gastu hauek honako hauei dagozkie: 1,76 milioi euroren 3 obra kontraturi; 20 milioi euroren 57 zerbitzu kontraturi; 1,87 milioi euroren 8 hornidura kontraturi eta 0,17 milioi euroren 3 kontratu pribaturi; hona hemen ez-betetze nagusienak: publizitate eta lehia printzipioak ez betetzea; behin epea iraungia dela zerbitzua ematen jarraitzea; kontratuaren xedea bidegabe zatikatzea; kontratu bidezko euskarririk gabe zerbitzu ematea eta dagokion administrazio espedientea izapidetu gabe aldaketak/gehikuntzak egitea.

7.– Halaber, 6,5 milioi euroren diru-laguntzak eman dira 27 onuraduni Gobernu Erabaki bitartez; onuradun horiek aurreko bi ekitaldietan ere helburu berbererako diru-laguntza arruntak jaso zituzten; honek EAEONALen 49.7 artikuluaren apartekotasun betekizuna urratzen du.

8.– Diru-laguntza zuzenak eman dira Gobernu Kontseiluaren Erabaki bidez, nahiz diruz lagundutako jarduera arautzen zuten izaera orokorreko hainbat xedapen existitzen ziren; horrek urratu egiten du EAEONALen 49.7 artikuluaren apartekotasun eta xedapen orokor bidez deialdia egiteko ezintasuna; hona hemen onuradunak:

– Eibarko Udala, 2,8 milioi euroren zenbatekoarekin, «Juan Antonio Mogel» izeneko multzoa osorik zaharberritzeko, nahiz jarduera hauek 317/2002 Dekretu bidez araututako laguntzetan barne hartzen diren, abenduaren 30ekoa, urbanizatutako ondarea zaharberritzeko babestutako jarduerei buruzkoa.

– Gasteizko Udala, 1,5 milioi euroren zenbatekoarekin, Gasteizko Alde Zaharraren inguruko komunikazioa eta irisgarritasuna hobetuko duen ibilbide irisgarria finantzatzeko; izan ere, jarduera hori Etxebizitza, Herrilan eta Garraio sailburuaren 2010eko irailaren 8ko Aginduan aurreikusitako laguntzetan koka daiteke, irisgarritasun planak garatu eta gaurkotzeko toki administrazioarentzat diru-laguntzak arautzen dituena.

9.– Gobernu Kontseiluaren Erabaki bitartez diru-laguntzak eman dira, xedapen orokor bitartez laguntzen deialdi publikoa egiteko ezintasuna justifikatu gabe, EAEONALen 49.7 artikuluan ezarritakoari jarraiki:

– Euskadiko Egurraren Sektorearteko Mahaia, 3,7 milioi euroren zenbatekoarekin, Klaus eta Xinthia zikloiek sortutako baso masaren arazo sanitarioak saihestuko dituen beharrezko jarduerak egiteko. Espedientean eskura dagoen dokumentazioan ez da justifikatzen jarduerak gauza ditzakeen entitate bakarra izatea.

10.– 2010eko ekitaldirako onartutako aurrekontuek ez dute sarrera eta gastuen lurraldearen araberako sailkapena barne hartzen eta honek EAATBren 57. artikulua urratzen du.

Gure iritzira, EAEren Administrazio Orokorrak, aurreko idatz-zatietan aipatutako lege-hausteak alde batera, zuzentasunez bete du 2010eko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege araudia.

II.2.– Administrazio orokorraren kontuari buruzko iritzia.

1.– Euskal enpresei Finantza Babesa emateko Programa arautzen duen arautegian eta finantza-erakunde kolaboratzaileekin izenpetutako hitzarmenetan aurreikusitakoari jarraiki, EAEren Administrazio Orokorrak funts likidoak bideratu ditu eta finantza-erakundeek horiek baliatu dituzte programaren onuradunei kreditu eragiketak edo maileguak emateko. Funts hauek bankuetako kontu korronteetan daude gordailuan, gauzatutako maileguen indarreko saldoaren pareko saldoak mantentzeko konpromisoarekin. Kontuen saldo biziak une bakoitzean emandako finantzaketa erakusten du, oso-osorik elkarren bermerako bi sozietatek abalatzen dutena. Ekitaldi itxieran kontu horietan gordailatutako zenbatekoa 472,3 milioi eurokoa zen. Honek esan nahi du 2010eko abenduaren 31n Diruzaintza Geldikin erabilgarria diru-kopuru horretan murriztu behar litzatekeela.

2010eko abenduaren 31ko Egoera Balantzearen Diruzaintza eta Finantza Inbertsioen idazpuruetako saldoak, 472,3 milioi euroan murriztu eta gehitu behar lirateke, hurrenez hurren.

Gure iritzira, 1. paragrafoan jasotako ez-betetzea eta 2010eko Aurrekontuaren Likidazioan 1etik 4ra bitarteko Oharretan adierazitakoa aintzat hartuta, EAEren Administrazio Orokorraren kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2010eko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa erakusten dute.

III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.

III.1.– Aurrekontuak eta kontabilitatea.

3.1.1.– Egoeraren Balantzeak ez du ibilgetuko hainbat kontu-saili dagokionez, hala nola, instalakuntza teknikoak, ekipo informatikoak, makineria, lanabesak eta altzariak, aplikazio informatikoak, e.a. horiek osatzen dituzten ondasun guztien banakako xehapenik. Elementuak erosketa urtearen arabera multzokatuak erregistratzen dira. Modu honetan erregistratutako zenbatekoa, guztira, 337,7 milioi euro da.

3.1.2.– Finantzen Euskal Erakundeak 2010eko ekitaldi itxieran 53,3 milioi euroren diru-funts likidoak zituen kontu korronteetan, EAEren Administrazio Orokorrak Funts Sozialari egindako ekarpenetik zetozenak. Erakundeak gaur egun ez du diru-funts hauek ibilgetzea justifikatuko duen jarduerarik betetzen.

3.1.3.– Aldeak daude Laguntza Finantzarioko Programan kolaboratzaile diren finantza etxeetan irekitako kontu berezietako saldoen eta programa horrek araututako mailegu eta kredituen kontzeptuan emandako abalen zenbatekoaren artean. Hitzarmenetan ezarritako baldintzen arabera, kontuetako saldoek data jakin batera, indarreko abalen zenbatekoaren pareko edo txikiagoak behar lukete izan; ordea, ekitaldi itxieran aldea kontrako zeinukoa da eta Administrazioak ez du horren gaineko argibiderik ematerik izan. Kontu horien zenbatekoak gauzatutako maileguen indarreko saldoaren pareko diren saldoak mantentzeko konpromisoak barne hartzen dituenez gero, horiek egoki kontrolatzea bermatuko duten prozedura beharrezkoak finkatu behar lirateke.

3.1.4.– Itunpeko zergen diru-bilketaren aurreikuspena goranzko joerarekin berrikusiko zelakoan horren kontura eta azaroaren 9ko 291/2010 Dekretu bidez, aurrekontuaren hainbat programatan kredituak gaitu ziren, 249 milioi euroren zenbatekoan. 2011ko otsailean gauzatutako zergen diru-bilketaren likidazioa, aurreikusitako kopuruaren gainean 24 milioi euro txikiagoa izan zen.

Ekarpenen sistemaren gaineko behin-behineko kalkuluetatik eratorritako gaikuntzak finantzaren nahikotasun eta segurtasun baldintzari meneratzea gomendatzen dugu.

3.1.5.– Gaur egun aurrekontuen legeek Administrazioak urtero eman beharreko bermeen bolumena mugatzen dute, baina ez dute inongo mugarik ezartzen abalak berriz bermatzeko. Eragiketa hauek hartzen ari diren tamaina ikusita, gomendagarria litzateke aurrekontuen legeek muga bat barne hartzea, izan ere, praktikan modu zuzenean emandako bermeek konprometitzen duten modu berean konprometitzen baitute administrazioa.

3.1.6.– 2010eko ekitaldiaren Aurrekontuen 2/2009 Legean aurreikusitako zorpetze garbiaren muga 1.914,3 milioi eurorena zen. 2/2009 Legea aldarazten duen 3/2010 Legearen Xedapen gehigarri hirugarrenak agintzen du Lege hori ezartzetik eratorritako gastu murrizketak 2/2009 Legeak hasiera batean baimendutako zorpetzearen muga kopuru baliokidean murriztea ekarriko duela. EAEren Administrazio Orokorrak ez du 3/2010 Legean jasotako neurriak ezartzetik ekitaldian sortutako gastuan zenbat aurreztu den zehaztu; honenbestez, ezin izan da ondoriozko muga berria zehaztu. Nolanahi ere, ekitaldiaren zorpetze garbia 1.769,3 milioi eurorena izan da.

3.1.7.– EAEren Sektore Publikoaren Aurrekontu Orokorren eta Urteko Kontuen likidazioan jasotako informazioak EAEren Ekonomia Kontrol eta Kontabilitateko 14/1994 Legearen 8. artikuluak eta EAATBren 124. artikuluak gutxiengo izaerarekin eskatzen duten informazioa jasotzen du. Gomendagarria litzateke EAEren sektore publikoa osatzen duten erakunde multzoaren egoera bateratuak barne hartzea, horien guztien ekonomia-, finantza- eta ondare-egoera, eragiketen emaitza eta aurrekontuen likidazioa erakutsiko dutenak.

3.1.8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Urteko Kontuetan eta aurrekontuetan ez dira sartu sektore horretako fundazio eta partzuergoei dagozkienak, EAEONALen 7.4 artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz. Egoera hau 1/2011 Legegintzako Dekretua, maiatzaren 24koa, onartzearekin zuzendu da; izan ere, Euskadiko aurrekontu araubidearen gaietan indarrean dauden legezko xedapenen Testu Bategina onartu da eta EAEren Fundazio eta Partzuergoei ezargarria zaien aurrekontuko araubidea arautu da.

3.1.9.– Administrazioak 2009ko maiatzaren 20an erakunde kreditu emailea den aldetik konpromisoen gutun bat izenpetu zuen, bi finantza erakunderi zuzendua, Bibalo Ría 2000, SA sozietatearen alde emandako 180 milioi euroren zenbatekoan, honek bere jarduerak finantza ditzan. Gutun hori Sozietatearen akziodun guztiek izenpetu zuten, bakoitzak kapital sozialean zuen parte-hartze ehunekoaren arabera (Eusko Jaurlaritzak % 15, Bilboko Udalak % 15, Barakaldoko Udalak % 5, SEPESek % 25, Bilboko Portuko Agintaritzak % 10, ADIFek % 10 eta FEVEk % 5). Komenigarria litzateke kontuen txostenak eragiketa mota honi buruzko informazioa besarkatzea.

III.2.– Langileen gastuak.

Lanpostuen Zerrendak (LZ)

3.2.1.– Indarreko Lanpostu Zerrendek ez dituzte 2010eko ekitaldian aurrekontuko zuzkidura zuten guztira 2.205 plaza barne hartzen, ondoko xehapenaren arabera:

(Ikus .PDF)

Uztailaren 20ko 202/2010 Dekretu bitartez eta martxoaren 29ko 68/2011 Dekretu bitartez Bulego Judiziala osatzen duten 10 unitateren LZk onartu dira; guztira 354 lanpostu besarkatzen dituzte (182, 2010ean eta 172, 2011n). EAEn Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduen langileriari dagokion LZ berriak Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren oniritzia jaso du, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 522.2 artikuluak agintzen duen legez.

III.3.– Diru-laguntzak.

Zuzeneko diru-laguntzak

3.3.1.– EAEONALek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian lehiara meneraturik emandako diru-laguntzen zerrenda argitara emateko obligazioa ezartzen du; ordea, Diru-laguntzen Lege Orokorraren arabera, Gobernu Kontseiluaren Erabakiz zuzenean emandako haiek ere argitaratu behar lirateke.

3.3.2.– Honako diru-laguntza zuzen hauek aztertu ditugu:

(Ikus .PDF)

– ESS Partzuergoari emandako 90 milioi euroren diru-laguntzaren ekonomia-txostenak ez ditu barne hartzen helburu neurgarriak, betetze mailaren adierazleak, inbertsio proiektuak, proiektuaren errentagarritasun analisiak, ustiapen- eta kapital-aurrekontuak, finantza egoera aurreikusgarriak eta zorpetzea; hori guztia, EAEren Administrazio Publikoaren esparruan barne ekonomia kontrola eta kontabilitatearen aribidea garatzen duen 464/1995 Dekretuaren 43.3 artikuluak, urriaren 31koak, agintzen du.

– Aztertu ditugun diru-laguntzetarik hamarretan, guztira 22 milioi eurorenak, frogagiriak aurkeztu aurretik konturako ordainketa araubidea ezarri da. Aldez aurretik egindako finantzaketa honek aparteko izaera behar du izan eta diru-laguntzari lotutako ekintzak gauzatu ahal izateko beharrezkoa dela justifikarazi gabe eman da, EAEONALen 49.11 artikuluan ezarritakoari jarraiki.

– Sestao Berri, SAri, BERC Zentro berriak sustatzeko Ikerbasque Fundazioari eta Egurraren Sektorearteko Mahaiari guztira 9,7 milioi euroren diru-laguntzak eman zaizkie; horietan, ordea, ez dira diruz lagunduko diren jardueren aurrekontuak jaso. Gainera, azken bi diru-laguntza hauetan, guztira 6,5 milioi euro egin dutenak, ez da zehaztasunez azaldu diru-laguntzaren xedea.

– Ondotik adierazitako hauei guztira 8,5 milioi euroren diru-laguntzak eman zaizkie: Gasteizko Udalari Alde Zaharrerako irisgarritasuna bideratzeko; EHUri Animaliategia handitzeko eta 1. Plataformaren eraikina eraikitzeko eta Ikerbasque Fundazioari BERC Zentro berriak sustatzeko; ordea, ez dira denboran egokitzen diru-laguntzaren aurrekontu izendapena 2010eko ekitaldian eta diruz lagundutako xedearen egikaritza, geroko ekitaldietan garatuko dena. Hori dela eta, diru-laguntza aurrekontuan konpromiso kreditu bitartez bideratu behar zatekeen, diru-laguntza gastua aurreikusitako egikaritza erritmora egokituz.

– EHUri Zientzia Guneko 1. Plataformaren eraikina eraikitzeko eta Animaliategia handitzeko emandako diru-laguntzak, guztira 4,2 milioi euroren zenbatekoan, aldi bakoitzean indarrean zegoen Unibertsitate Plana saihestuz gauzatu dira. Aipatutako Planean barne hartu gabeko zeinahi inbertsio planaren aldakuntza modura izapidetu behar litzateke.

– Errezeta elektronikoa garatu eta ezartzeko 2 milioi euroren diru-laguntza eman zitzaion Euskal Herriko Farmazialarien Kontseiluari; alabaina, jarduera horiek oso-osorik hirugarren batek gauzatu ditu. Ez dago jasota kontratazioa SPKLren 176. artikuluak –erakunde onuradunari ezargarria zaiona– agintzen dituen printzipioak betez egin denik.

Diru-laguntza izendunak

3.3.3.– Aztertu ditugun diru-laguntza izendunetatik lau zabaldu egin ziren 2010erako EAEren Aurrekontuen 2/2009 Legearen 15. artikuluan erabakitakoari jarraiki. Alabaina, laguntzen zabalkuntza emakida aginduetan hasiera batean aurreikusitakoez besteko jarduera osagarriak finantzatzeko gauzatu zen; honek gainditu egiten ditu onuradunarekin hitzartutako finantzaketa mugak, aurrekontu arauaren III. eranskinaren 17. atalak agintzen duen moduan. Hona hemen aipatutako diru-laguntzak:

(Ikus .PDF)

Lehiaketa publiko bidez emango diren diru laguntzak

3.3.4.– Honako laguntza hauek berrikusi ditugu:

– 2010-2011ko ikasturtean zehar jabetza pribatuko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko eskolei emandako laguntzak; horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko urriaren 7ko Aginduaren babesean eman ziren, 30 milioi euroren zenbatekoan eta horietatik 9 milioi euro 2010eko ekitaldiaren konturakoak dira eta 21 milioi euro, 2011ko ekitaldiaren konturakoak.

– EAEren udalerriei, apirilaren 27ko 125/2010 Dekretuaren babesean emandakoak; dekretu horrek EAEko udalerrien eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza ekonomikoa arautzen du eta tokiko programa eta jarduera jakinak egiteko diru-laguntzak deitzen ditu, 30 milioi eurorenak, 2010eko ekitaldiaren kontura.

Jabetza pribatuko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko eskolentzako laguntzei dagokienez, esan beharra dago Hezkuntza Saileko txostenek ez dituztela xede duten sektorean laguntzen eragina neurtzea bideratuko duten adierazleak jasotzen, ez eta laguntza horien eraginkortasuna eta eragimena neurtzen ere.

3.3.5.– Bestetik, 450.000 euroz gainetiko hamar diru-laguntza lerrori dagokien araudi erregulatzailea aztertu dugu, lerro horiek EAEONALi eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren oinarrizko legedia osatzen duten artikuluei egokitzen zaiela egiaztatzearren. Aurrez adierazi bezala programen aurrekontuko txostenek adierazleak jaso ditzatela gomendatzen dugu, emandako laguntzak zenbatzera soilik mugatu gabe, horien eraginkortasuna eta eragimena neurtzen utziko dutenak.

III.4.– Kontratazioa.

Txosten hau idatzi dugun datan Gobernuak ez du Kontratuen Erregistrorik, SPKLren 308. Artikuluak eta EAEren Kontratazioaren Araubideari buruzko ekainaren 5eko 5 Dekretuaren 136/1996. artikuluak aurreikusten dutena.

2008ko maiatzaren 1etik aurrera, kontratazio publikoaren alorrean araudia sustraitik aldatu da 30/2007 Legearen eskutik, urriaren 30ekoa, Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoa; lege honek, aldi berean, ondoren hainbat aldaketa izan ditu. Horregatik, beharrezkoa da EAEren Kontratazioko Araubideari buruzko 136/1996 Dekretua, ekainaren 5ekoa, ordezkatuko duen erregulazio berria onartzea.

Ekitaldi honetan egikaritu diren eta lehenagoko ekitaldietan esleitu ziren 39 espedienteko lagina eta 2010ean esleitutako 25 espedienteko lagina aztertu dugu.

III.4.1.– Aurreko ekitaldietan esleitutako espedienteak.

– Hiru kontratutan (19, 24 eta 27 zk. espedienteak) ez dago jasoa kontratazio atalak gauzatu diren obren azken ziurtagiria onartu duela, SPKLren 218. artikulua urratuz.

– Lau kontratutan (17, 18, 34 eta 35 zk. espedienteak), zeinen egikaritza 2010ean amaitu den, ez dago jasoa Administrazioak kontratuaren xedea eman edo gauzatu eta hurrengo hilabetean zehar burutu behar duen harrera edo adostasun ekintza formal eta positiboa egin dela; horrek SPKLren 205 artikulua urratzen du.

III.4.2.– 2010ean esleitutako espedienteak.

– Guztira 34,6 milioi euroan esleitutako bi kontratu (54 eta 61 zk. espedienteak) presako izaerarekin izapidetu dira, izaera hori justifikatuko duen arrazoia jaso gabe, SPKLren 96. artikuluak xedatutakoa betez.

– Guztira 301,1 milioi euroren zenbatekoan esleitutako lau kontratutan (42, 43, 44 eta 64 zenbakiko espedienteak), argitaratutako lehiaketa iragarkietan ez da adierazi erabili diren irizpideak eta horien balio-neurketa, SPKLren 134.5 artikuluan ezarritakoari jarraiki. Honezaz gain, DOUEn 3,7 milioi euroren zenbatekoan esleitutako 60 zenbakiko espedientearen lizitazio iragarpenak, aurreko ez-betetzeaz gain, ez du kontratua luzatzeko aukera barne hartzen.

– 2,7 milioi euroren zenbatekoan esleitutako kontratu batean (64 zenbakiko espedientea) esleipen irizpideen artean enpresaburuaren kaudimen tekniko edo profesionala egiaztatzera zuzendutakoak barne hartzen dira; horrek SPKLren 134. artikuluan xedatutakoa urratzen du, balorazio irizpideak eskaintzari dagozkionak behar dutela izan, eta ez eskaintzaileari dagozkionak esaten baitu.

– Administrazio-klausula berezien agiriek judizio-balioa egitea eskatzen duten esleipen irizpideak barne hartzen dituzte eta horiei guztira % 80ko haztapena ematen zaie. Ahal den neurrian behinik behin, irizpide hauek azpi-irizpideetan bereiztea komeniko litzateke eta horietako bakoitzari eman zaion puntuazioa jakinaraztea (40, 41, 42, 43, 44 eta 45 espedienteak).

– Hamahiru kontratu (40, 41, 42, 43, 44, 45, 47, 48, 49, 53, 58, 59 eta 64 zk. espedienteak) guztira 629,1 milioi euroan esleitu dira; horietan guztietan espedienteetan ez da behar hainbat justifikatzen eskaintza egokiena bereizteko hautatu diren esleipen irizpideak, SPKLren 93.4 artikuluak agintzen duen modura.

– Guztira 602,3 milioi euroan esleitutako sei kontratutan (40, 41, 42, 43, 44 eta 45 espedienteak) berariaz gaitutako erakunde teknikoak eskaintzak neurtzen dituen laburpen txostenarekin batera, bere ondorioak euskarritzen dituen dokumentazioa aurkeztu behar luke, txertatu gabe.

– Guztira 7,4 milioi euroan esleitutako bi kontratutan (58 eta 60 zk. espedienteak) ez da jaso balio judiziora meneratutako irizpideen baloraketei emandako puntuazioen justifikazioa.

– Guztira 614 milioi euroan esleitutako zortzi kontratutan (40, 41, 42, 43, 44, 45, 48 eta 53 zk. espedienteak) kontratazio atalak aldez aurretik eman behar duen baimena falta da bildutako material eta/edo instalakuntza eta ekipoen kontzeptuko konturako ordainketetarako, APKLEOren 155.1 eta 156.2 artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

– 3,7 milioi euroan esleitutako kontratu batean (60 zk. espedientea), 55 sortatan zatitua eta sorta bakoitza aldi berean bi azpi-sortatan, ez APKPak, ez aldizkari ofizialetako iragarkiek ez dute ohartarazten esleipendun bati baino gehiagori sorta bat edo azpi-sorta bat esleitzeko dagoen aukera; berebat, ez du zehazten, hala gertatuz gero, nola gauzatuko zatekeen banaketa. Esleipena azpi-sortatan egin da lehiaketan onartutako esleipendun guztien alde, bakoitzak zein puntuazio eskuratu duen alde batera utzita.

– Bi kontraturen pleguetan jasotako prezioen balioetsitako balioak, 6,9 milioi euroren zenbatekoan esleitu zirenak (63 eta 64 zk. esp.), ez du kontratuaren balizko luzapenik barne hartzen, SPKLren 76.1 artikuluan agintzen den moduan.

– Guztira 3,7 milioi euroan esleitutako kontratu batean (58 zk. espedientea) proiektua aldatu da eta ez da ageri kontratazio atalak dagokion gainbegiraketa eta ondoko onarpena egin duenik, SPKLren 105.1 artikulua urratuz; gainera, obrei ekin zaie Bizkaiko Foru Aldundiaren derrigorrezko baimena izan gabe, 2/1993 FAren 35 eta 42 artikuluak urratuz, Bizkaiko errepideei buruzkoa, errepideen foru sarea babesteko gunean egindako jarduera izateagatik.

– Guztira 4,7 milioi euroan esleitutako kontratu batean (55 zk. espedientea), luzaketa ez da dagokion administrazioko agirian gauzatu.

– Ondotik zehaztutako kontratuek atzerapenak izan dituzte honako atal hauetan:

  • Segurtasun eta osasun plana onestean (40, 43, 44, 48, 53 eta 59 zk. espedienteak), obrak abiarazi ostean egin baita; horrek urriaren 24ko 1627/1997 EDren 7.2 artikulua urratu du, eraikuntza lanetan segurtasun eta osasunari buruzko gutxiengo xedapenak ezartzen dituena.
  • Lan programak onartzean (47, 53 eta 59 zk. espedienteak), garaiz kanpo egin baita, APKLEOren 144.1 eta 2 artikulua urratuz. Bestetik, kontratu batean (48. espedientea) ez da jaso kontratazio atalak lan programa onartu duenik.
  • Zuinketa egiaztatzeko aktak (46, 58 eta 59 zk. espedienteak), hurrenez hurren, bat, bi eta hiru hilabeteko atzerapenarekin izenpetu ziren, SPKLren 212 artikuluak ezarritako gehiengo epea gaindituz.
  • Betetzeko epea (49. espedientea) hamar hilabetera arte luzatu da, bederatzi astetan egitea aurreikusi zenean; horrek SPKLren 205.1 artikulua urratzen du.

III.5.– Kontratu txikiak.

Guztira 10,2 milioi euroko zenbatekoa egin duten 435 eragiketari dagozkion gastuak azaleratu dira, lehiaketa bidezko lizitazio bidez kontratatzeko gutxienekora iristen ez badira ere, kontzeptu homogeneotan meta litezkeenak eta aleko prezioen araberako hornidura kontratu modura lizitatu zitezkeenak. Eragiketa hauen zenbatekotik % 89 Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren obra txikiei dagokie eta bereziki gailentzen da kontratugile berarekin 1,67 milioi euroren zenbatekoan gauzatutako obra txikien kontratazioa.

Bestalde, espediente berria esleitu bitartean kontratuak iraungi zitzaizkien 11 zerbitzu-emaile edo hornitzailerekin kontratatzen jarraitu da eta guztira 0,9 milioi euroko gastuak egin dira.

Gobernuak beharrezko diren prozedurak ezarri behar ditu egoera hauek gertatu baino lehenago antzeman eta saihestuak izan daitezen; halaber, iraungitzear dauden hornidura eta laguntza teknikoak esleitzeko izapideak ere behar hainbat aurreratu behar ditu.

III.6.– Lurraldeka bereizitako gastuak eta sarrerak.

Gobernuak gainbegiratu egin beharko lituzke, batetik, lurraldeka bereizgarri diren gastu kontzeptuak, adiera duten gastuak soilik aintzat hartuz, diru-laguntzak eta inbertsioak esaterako, eta bestetik, gastuak lurraldeka egozteko irizpidea aldatu, bakoitzaren erakundeak duen gizarte egoitzaren kokalekuaren araberakoa dena, eta zerbitzua ematen den tokiaren arabera egotzi.

III.7.– Bestelako alderdiak.

Visesa, SA sozietate publikoak (Eusko Jaurlaritzak kapital sozialean % 67ko partaidetza du) Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailaren beraren bitarteko modura dihardu babes ofizialeko etxebizitza berriak, alokairukoak eta tasatutakoak sustatzeko, SPKLren 24.6 artikuluak botere esleitzaile baten berezko bitarteko izaera eskuratzeko agintzen dituen betekizunak bete gabe.

IV.– Finantza analisia.

2009 eta 2010eko ekitaldietako ekarpenak likidatzeko foru aldundiek aurkeztutako informazioarekin bat, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak onetsitakoa, ondoko taulan diru bilketak ekitaldi horietan izan duen bilakaera ikus daiteke:

(Ikus .PDF)

Ikus daitekeen moduan 2010eko ekitaldian zergen diru-bilketak % 8,4ko errekuperazioa izan du aurreko ekitaldiarekiko; horren arrazoia, batik bat, BEZen diru-bilketak gora egin izana da batetik -zerga honen tipo zergagarria aldatu izanaren ondorioz 2010eko uztailean- eta Zerga Agentziak Arabako Foru Aldundiari 2010eko martxoan egin zion ordainketa, bestetik, 297 milioi eurorena, R13/2009 Ebazpenaren ondorioz, ekainaren 19koa, Itun Ekonomikoaren Arbitraje Batzordeak M.G. Rover Espańa, SAren eragiketen ondorioz BEZ salbuesteko eskumenari buruzkoa.

Honen aldean, zerga zuzenen diru-bilketa gero eta txikiagoa da 2008ko ekitaldiaz geroztik. Aldiz, NUIZen zergak gora egin du, nahiz Sozietateen Zergaren diru-bilketak beheranzko joerari eusten dion. Bestetik, 2010eko ekitaldian desagertu egin da Gipuzkoako Lurralde Historikoan Ondareari buruzko Zerga kontzeptuko zerga-ordainketa; Gipuzkoakoa da 2009ko ekitaldira arte zerga honen ordainketari eutsi dion lurralde bakarra.

Administrazio batek etorkizuneko inbertsio programei aurre egiteko duen gaitasuna sarrera eta gastu arrunten egiturak eta finantza zama handiagoa bere gain hartzeko aukerek mugatzen dute.

Ondoko taulan Aurrezki gordinak, emaitza arruntak eta aurrekontu saldoak azken lau ekitaldietan izan duten bilakaera erakusten du:

(Ikus .PDF)

Sarrera arruntak azken ekitaldian 963,3 milioi euroan gehitu dira, nagusiki ondoko arrazoiengatik:

– Foru aldundiek egindako ekarpenak 900,5 milioi euroan gehitu dira, batik bat, BEZen diru-bilketak gora egin izanaren ondorioz.

– Ondare sarrerak % 71,2 gehitu dira ondotik zehaztutako eragiketen ondorioz, zeinu kontrajarrikoak:

1.– Energiaren Euskal Erakundeak Naturgas, SAren akzioak saldu izanaren ondorioz, 67,4 milioi euroren zenbatekoan.

2.– Finantzetxeekin hitzartutako interes tipoen eta banku-kontuetako hileroko saldoen murrizketak aurreko ekitaldiarekiko 17,4 milioi euroren beherakada ekarri du.

Gastu arruntek aurreko ekitaldikoekiko % 8,6 egin dute behera; honek termino absolutuetan 2009ko ekitaldian baino 104,6 milioi euro gutxiago izatea ekarri du, batik bat arrazoi hauek tarte:

– Langile gastuetan 15,5 milioi euroren murrizketa, zeinu kontrajarriko zenbatekoak eragin dituzten honako egoeren ondorioz:

1.– 3/2010 Legearen ezarpena, ekainaren 24koa, 2010eko ekitaldirako EAEren Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea aldatzen duena; honek sektore publikoaren mendeko langileen ordainsarien murrizketa eta Administrazio Orokorrak Itzarriri egiten dion ekarpena % 50ean murriztea aurreikusten du, guztia 2010eko ekainaren 1etik aurrera.

2.– 2010eko urrian praktiketan zeuden bigarren hezkuntzako 320 irakasle funtzionario eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko 131 funtzionario laneratzea; eta abenduan, praktiketan zeuden Ertzaintzako 320 agente, hurrenez hurren, 2009ko azaroan eta uztailean deitutako enplegu eskaintza publikoetan hautatutakoak.

– Transferentzia eta diru-laguntza arruntetan 83,7 milioi euroren murrizketa, sektore pribatuari 100,4 milioi euroren diru-laguntza gutxiago eman izanaren ondorioz.

(Ikus .PDF)

Sarreren igoerak eta gastu arrunten eusteak aurrezki gordina, nahiz negatiboa izaten jarraitzen duen, 2009ko zifretara ez iristea ekarri du eta aurreko ekitaldiarekiko defizita % 91,2 murriztea.

Inbertsio garbiek 92 milioi euro egin dute behera; hona hemen kapitulu aipagarrienak

– Kapital transferentziak, 60,3 milioi euroren murrizketarekin, emandakoen eta jasotakoen arteko aldearen ondorioz:

1.– Emandako kapital transferentzia eta diru-laguntzek 42,4 milioi euroren igoera izan dute, 2009ko ekitaldiarekiko honako bariazio hauetatik eratorria:

  • ETSri egindako transferentziak 151,5 milioi euroan gehitu dira.
  • Uraren Euskal Agentziari eta Osakidetzari egindako transferentziek 53,4 milioi euroan egin dute behera.
  • Sozietate publikoei egindako transferentziak 55,9 milioi euroan murriztu dira.
  • Espalazio bidez neutroien zentro bat abiarazteko Administrazio Nagusiaren eta Euskal Administrazioaren artean osatutako Partzuergoari 16,5 milioi euroren transferentzia.

2.– Jasotako kapital transferentzia eta diru-laguntzek 102,7 milioi euroren igoera izan dute, Euskal Y finantzatzeko Estatuko Administrazio Nagusitik eratorritako diru-sarreren aitorpenak gora egin duelako.

– Gipuzkoako zatian egin diren euskal Y-aren obrek % 72 egin dute gora aurreko ekitaldiarekiko 3 eta 167,1 milioi euroren exekuzioa izan dute. Ordea, inbertsioen kapituluko gainerako ia kontzeptuek behera egin dute, soil-soilik kapitulu honek izan duelarik 82,8 milioi euroren igoera 2010eko ekitaldian.

– Finantza aktiboetan gastuek 117,1 milioi euro egin dute behera, nagusiki 2009an 80 milioi euro Finantzen Euskal Institutua Erakunde Publikoaren funts sozialera ekarpen bidez eman zirelako. Bestetik, Administrazio Orokorrak toki erakundeei, zuzenbide publikoko erakundeei eta enpresa pribatuei emandako epe luzeko maileguak 36,3 milioi euroan murriztu dira.

Nahiz aurreko ekitaldiarekiko sarrera arruntek gora egin duten eta gastu arruntari bere horretan eutsi zaion beharrezkoa izan da berriz ere 1.893 milioi euroan zorpetzea, ekitaldiko inbertsio garbi guztiak eta emaitza arrunta finantzatu ahal izateko; horrek guztiak 170,1 milioi euroren aurrekontu saldoa eragin du.

Hona hemen adierazle nagusienen bilakaera grafikoan jasota:

(Ikus .PDF)

Azken lau ekitaldietan Gauzatutako Diruzaintza Geldikinaren bilakaera honakoa izan da:

(Ikus .PDF)

EAEren Administrazio Orokorraren egoera ekonomikoak krisi ekonomikoaren egoera orokorra islatzen du; nahiz Diruzaintza Geldikina 2010eko ekitaldian bere onera etorri den aurreko ekitaldiarekiko, aztergai izan dugun aldian sarrera arrunten % 25 baino gehiago zen Diruzaintza Geldikinetik % 5,08 egiten duen Diruzaintza Geldikina izatera aldatu da. Epaitegi honek proposatu dituen doiketak eta 1. Oharraren eragina aintzat hartuta, 2010eko abenduaren 31n Diruzaintza Geldikin Erabilgarria 322,8 milioi eurorena izango litzateke. Bestalde, erabilitako zorra bikoiztu egin da aurreko ekitaldiarekiko eta 2.301,3 milioi euroan gehitu da. Honi dagokionez, 2011ko ekitaldirako hasierako aurrekontuak zorra 1.187,3 milioi euroan gehitzea aurreikusi du, 1.436,1 milioi euroren zenbatekoan aurrekontu egindako kapital eragiketak finantzatzeko (inbertsioak eta transferentziak).

Aurrekontuaren egonkortasuna

Bai Aurrekontuaren Egonkortasunari buruzko Lege Orokorrak (AELO), bere 5. Azken xedapenean, bai aurrekoaren osagarri den abenduaren 13ko 5/2001 Lege Organikoak 1. Azken xedapenean, biek ere aurreikusten dute egonkortasunari buruzko lege horietan xedatutakoa Euskal Herriko Autonomia Erkidegoari aplikatzerakoan, Kontzertu Ekonomikoaren Legean erabakitakoa kaltetu gabe egingo dela.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Kontzertu Ekonomikoa onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 48. artikuluak Estatuarekiko koordinazioa eta kolaborazioa aurreikusten ditu aurrekontuaren egonkortasun gaietan (hirugarren atala). Lege beraren 62. artikuluak, bestetik, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren egitekoen artean aurrekontu egonkortasunaren gaietan kolaborazio eta koordinaziorako konpromisoa hitzartzeko egitekoa zehazten du.

2009ko ekainean Eusko Jaurlaritzak eta Estatuak egonkortasun eszenategi berria aurreikusi zuten 2010-2012 aldirako, bertan, BPGren gaineko defizit maila % 2,5 izatea aurreikusi zen 2010erako; eta % 1,7koa eta % 1,3koa 2011 eta 2012rako, hurrenez hurren. Egoera berri honek, 2007ko uztailaren 30eko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren 8. erabakiaren indarrez, aipatutako aldirako orekazko Finantza Plan Ekonomikoa aurkeztea eskatzen du. Plan hori 2010eko apirilaren 23ko bileran onetsi zuten bi administrazioek; ordea, uztailaren 5ean egindako bileran 2010eko ekitaldiari zegozkion neurriak gaurkotu ziren, defizitari jarritako helburu berrira –% 2,4an finkatu zutena– egokitzearren. Bi bileretan eskuratutako erabakiak 2010eko azaroaren 22ko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak baitetsi ditu.

Estatuko Administrazioaren Artekaritza Orokorrak kalkulatutako behin-behineko superabita aurrez aipatutako irizpideen arabera, EAEko BPGren % 2,4koa izan da.

2010eko azaroaren 22an 2011-2013 aldirako aurrekontuaren egonkortasun xedea onartu zen, zeinetan BPGren gainean defizit-helburua % 0,75ean ezarri zen 2011rako eta % 0,0an 2012 eta 2013ko ekitaldietarako. Nolanahi den ere, Euskal Autonomia Erkidegoak 2011-2013 aldirako berrorekarako Ekonomia-Finantza Plana gaurkotuko balu eta hartutako neurriak Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak egokitzat joko balitu, aurrekontuaren egonkortasun helburuak BPGren % 1,30 egin ahal izango du 2011 eta 2012ko ekitaldietan eta BPGren % 1,10 2013ko ekitaldian, betiere gehiengo izaerarekin eta ekoizpen inbertsioen programetatik eratorritako aparteko defizitak inola ere gaindituko ez dituela.

V.– 2010-EKO EKITALDIAREN KONTUAK.

2010-EKO AURREKONTUAREN LIKIDAZIOA

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

2010-EKO AURREKONTUAREN LIKIDAZIOARI OHARRAK

1. oharra.– EAEren Administrazioaren diruz lagungarri diren gastuak diru-laguntzak ematen diren unean erregistratzen dira, Euskadiko Aurrekontu Araubidearen Legeak ezarritako irizpideari jarraiki. Irizpide honen ondorioz, 2010eko abenduaren 31n oraindik eskagarriak ez diren ordainketa obligazioak existitzen dira, 494,8 milioi euroren zenbatekoa egin dutenak.

2. oharra.– 2010eko abenduaren 31ra arte jasotako funts komunitarioetatik 873,6 milioi euro Europar Batasunak ikuskatu ditzake eta ezinezkoa da zehaztea finantzatutako proiektuen berrikuspenak Diruzaintza Geldikinaren gainean izan lezakeen eragina. Nolanahi dela ere, iragan esperientzia oinarri hartuta, ez dirudi eragin hori adierazgarria izan litekeenik.

3. oharra.– Zorpetze publikoari dagozkion sortutako eta iraungi gabeko interesak, 38,6 milioi eurorenak, urteko kontuetan erregistratzen dira eta ondarearen emaitza ekonomikoaren atal dira (ikus txostenaren 12.2 oharra). Aurrekontuaren exekuzioak ez du kopuru hau islatzen, izan ere, interesen gastuak kutxa irizpideari jarraiki erregistratzen baititu.

4. oharra.– Bizkaiko Garraio Partzuergoaren finantza planak, Bilboko Hiri Trenbidearen inbertsioei buruzkoak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak 2011tik 2027ra bitarteko urteetan 665,7 milioi euroren ekarpena egitea aurreikusten du, urte horietako EAEren Aurrekontu Orokorretan kontsignatuko direnak, Partzuergoari ekitaldi bakoitzean egin beharreko transferentziari dagokion kopuruan.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

BALANTZEA ETA GALERA ETA IRABAZIEN KONTUA

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

OHARRA: ARRISKU ETA GASTUETARAKO ZUZKIDURAK

Abalek edo abian dauden auziek eragindako balizko zein egiazko erantzukizunak, pasibo horiek azaleratzen diren ekitaldiaren emaitzen aurka hornitzen dira, zenbatekoaren balioespen arrazoizkoaren arabera. 2010eko abenduaren 31n zenbatekoa 126,8 eurorena zen.

Berebat, «Gobernu Legea»ri buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak, 38. artikuluan agintzen du biziarteko pentsioa eskuratzeko eskubidea izango dutela, beti ere hirurogeita bost urteak beteak badituzte, 1936ko urritik 1979ko abenduaren 15era arte Eusko Jaurlaritza osatu zuten Lehendakariak eta Sailburuek, iraungia den Euskal Kontseilu Orokorraren Lehendakari eta Kontseilariek eta ondotik izan diren Autonomia Erkidegoko Gobernuetako Lehendakari, Sailburu eta Sailburuordeek; azken hauek, gainera, gutxienez bi urteko zerbitzu aldia osatua izan beharko dute.

Bestetik, maiatzaren 13ko 1/1986 Legegintzazko Dekretuak, Euskal Administrazio Autonomoari zerbitzu eman zien langileen eskubide profesional eta pasiboei buruzko testu bateratua onesten duenak ezartzen du, 1936ko urriaren 7tik 1978ko urtarrilaren 6ra bitarteko aldian Eusko Jaurlaritzaren agindu eta destino bidez Euskal Administrazioan edo bestelako administrazio zein antolakuntzetan urtebetekoa baino txikiagoa ez den denboran zerbitzuak izaera ohiko eta jarraituarekin eman zituzten funtzionario eta administrazio edo lan kontratupekoek, erretiroagatik pentsioa jasotzeko eskubidea izango dutela.

Azkenik, Ertzaintzako langileriari ezargarria zaion araudiak pentsioen osagarri diren aldizkako prestazio ekonomikoak jasotzeko eskubidea aitortzen du, zerbitzualdian heriotza gertatzen deneko hainbat kasutan edota zerbitzualditik eratorritako ezgaitasunagatiko nahitaezko erretiro kasuetarako.

2010eko abenduaren 31n ez da kontzeptu hauen izenean inongo zuzkidurarik erregistratu.

Bi kontzeptu horien ordainetan 2010eko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak bere langileekiko legezko obligazioengatik egindako ordainketak 2,5 milioi eurorenak izan dira.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN FISKALIZAZIOAREN 2010EKO EKITALDIKO EMAITZEI BURUZKO ALEGAZIOAK

I.– Sarrera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren fiskalizazioaren 2010eko ekitaldiko emaitzei erantzute aldera, otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 13. artikulua betez, txosten honetan aipatutako gaiari buruz kudeaketa-organo bakoitzak egoki iritzi dituen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak zentralizatu dituen alegazioak eta justifikazioak bildu dira.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

3.– Premiazko obrak.

A) Mutrikuko portuko olatu-energiako zentrala konpontzeko obrak.

Gipuzkoako Portuen Zerbitzuaren 2009ko azaroaren 2ko hasierako txostenean ohartarazi zen hautemandako matxurek okerrera eginez gero egitura apurtu egin daitekeela. Dikea hondatzearen edo erabat apurtzearen benetako arrisku hori dela eta jo da premiazkotzat konponketa-lanak egitea.

Erantzukizun hori hartuta, berrikuntza abiatzeko bitartekoak berehala lortzeko Legeak ematen dituen aukerak baliatu dira. Azaroaren 9ko Ebazpenaren bidez ezarri zen esku-hartze horiek premiazkoak direla, eta bi egun geroago jada agindu ziren laguntza teknikoko lanak, obra egiteko Oinarrizko Proiektua idazteko.

Hilabete bat igaro baino lehen idatzita zegoen Oinarrizko Proiektua, eta, abenduaren 9an, obra egiteko eskaintza eskatu zitzaien sei enpresari; hilabete horretako 30era arteko epea eman zitzaien eskaintzak aurkezteko. 2010eko urtarrilaren 26an bidali zitzaion obra egiteko mandatua enpresa adjudikaziodunari, eta otsailaren 2an obraren zuzendaritzaz arduratuko den ingeniaritzari.

Laburbilduz, presako izapidegintzaren bidez ezinezkoa izango litzateke horrelako obra handi baterako bi laguntza tekniko kontratatzea, hain azkar eta gardentasunez, hondamendia ekar lezaketen kalteak gertatzeko arriskurik hartu gabe.

4.– Hiru lokal eskuratzea Barakaldoko Justizia Jauregiko artxiboa handitzeko.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategineko 43. artikuluak ezartzen du zuzenean esleitzeko aukera dagoela arau horretan jasotako zortzi gorabeheretako batzuk aldi berean agertzen direnean. Epaitegiaren esku jarri den eskuratze-espedientean, Justizia Administrazioa Modernizatzeko zuzendariaren justifikazioko memoria ageri da, 2010eko irailaren 3ko data duena. Memoria horretan zehazten diren arrazoiek azaltzen dute Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategineko 43. artikuluan aurreikusitako bi gorabehera agertzen direla aldi berean: urgentea izatea eta ondasuna bereziki egokia izatea (alegazio hauetako II. Eranskina dokumentuan dago memoria horren kopia bat). Hortaz, aipatutako espedientean, bete egin da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategineko 43. artikuluan xedatutakoa.

5.– Kontratuen zatikapena.

B) Sustapen-filmen produkzioa eta errealizazioa (Lehendakaritza Saila).

Lehendakaritza Sailak bi espediente izapidetu zituen, erakunde-sustapenerako bi film produzitzeko eta errealizatzeko, izenburu honekin: «Euskadi, herrialde irekia». Film horien helburua zen Euskadiren sustapena egitea, euskal ordezkaritzak Estatu Batuetara eta Txinara egindako bidaietan.

Espediente horiek bi kontratu txikiren estaldurarekin izapidetu ziren. Lehenengoaren helburua zen «Euskadi, herrialde irekia» sustapen-filma produzitzea eta errealizatzea, AEBra egitekoa zen erakunde-bidaiarako. Era berean, Txinan erakunde-sustapena egiteko ikus-entzunezko lan baten errealizazioa kontratatzeko espedientea ere izapidetu zen.

Aurrez azaldutakoa aintzat hartuta, aipatu beharra dago bideo horiek atzerrian Euskadiren sustapena egitea helburu badute ere, bi kontratuen xedea desberdina dela, eta horrek bide ematen duela modu independentean erabiltzeko (ikus D puntua). Eta hala dago jasota gastua onartzeko ebazpenetan eta adjudikaziodunak aurkeztutako aurrekontuetan, bai eta dagozkien fakturetan ere, mandatuak honela identifikatzen baitira: «Euskadi, herrialde irekia – AEB proiektua» eta «Euskadi, herrialde irekia – Shanghai proiektua».

D) Auditoria-txostenen kontratazioa (Ekonomia eta Ogasun Saila).

Kontratu horiek erabat betetzen dute Estatuaren Kontratazio Administratiboko Kontsulta Batzordeak 1/2009 eta 69/2009 txostenetan adierazitako irizpidea; hau ezartzen du azken horrek:

«Kontratuaren zatikapena dagoela esateko bete behar den lehenengo baldintza da unitate operatibo edo substantzial bat egotea prestazioen (edo prestazioen zatien) artean. Hori ondorioztatzen da, zalantzarik gabe, Sektore Publikoko Kontratuen Legetik, hau ezartzen baitu 3. atalean: Kontratuaren objektua zatitu ahal denean eta espedientean behar bezala justifikatzen bada, zati bakoitza banan-banan gauzatzea aurreikus daiteke, kontratua lotetan zatituz, betiere loteok bereiz erabili edo aprobetxatzeko modukoak badira eta unitate funtzionala osatzen badute, edo xedearen izaerak hala egitea eskatzen badu».

Artikulu hori bereziki adierazgarria da, onartzen baitu kontratuaren objektua zatitu daitekeela eta prestazioaren zatiak lotetan bana daitezkeela, betiere loteok bereiz erabili edo aprobetxatzeko modukoak badira eta unitate funtzional bakar bat osatzen badute. Horrek esan nahi du onartzen bada prestazio baten zatiak banan-banan tratatzea, kontratuaren ikuspegitik, zatiek aipatutako bi baldintza horiek betetzen dituztenean, are onargarriagoa dela unitate bat osatzen ez duten bi prestazioren kontratazioa banan-banan egitea.

Azkenik, hau xedatzen da lehen aipatutako 3. atalaren azken paragrafoan: «Halaber, prestazioak bereiz kontratatu ahal izango dira, bakoitza bere aldetik, [...] obra baterako, baldin eta, prestazioen berezko ezaugarriak direla-eta, bakoitza bere aldetik gauzatzeko modua ematen badute, hain zuzen ere gaikuntza jakin bat duten enpresek egin behar dituztelako». Horretatik ondoriozta daiteke gauzatzeko modu propioa duten prestazioak, obra bakar batean integratu beharrekoak eta baterako xedea dutenak izanik ere, modu independentean kontrata daitezkeela, betiere baldintza hau betetzen bada: gaikuntza jakin bat duten enpresek gauzatu beharrekoak izatea. Xedapen hori, noski, baldintza hau betetzen duten kasuei dagokie: kontratuaren zati bat gaikuntza jakin bat duen enpresa batek egin beharrekoa izatea, eta kontratuaren gainerako zatiaren adjudikazioduna den kontratistak gaikuntza hori ez izatea.

Laburbilduz, esan daiteke ezin izango direla bereiz kontratatu berezko izaera dela-eta objektu bakar batean integratuta dauden prestazioak, edota kontratu bidezko prestazioaren funtzionaltasuna multzo gisa hartuta bermatzen dutenak eta batera bildu ezean funtzionaltasun hori ezinezko egingo luketenak.

Aldiz, modu independentean kontrata daitezke antzeko izaera izanik ere unitate funtzional bat osatzen ez dutenak; bata bestea gabe kontratatzea ezinezkoa izatea ekarriko luke unitate funtzional bakarra izateak.

Beraz, ideia nagusia da elkarren artean erlazioren bat duten prestazioak bereiz kontratatzeko aukera arautzean, alderdi hau hartu behar dela kontuan: ea unitate operatibo edo funtzional bat osatzen duten; hau da, ea xede bera duten elementuak diren eta hura lortzeko banaezinak diren, edota ezinbestekoak diren kontratuaren bidez lortu nahi den horrek zuzen funtziona dezan bermatzeko.

Estatuaren Kontratazio Administratiboko Kontsulta Batzordearen txostenaren arabera, eta aintzat hartuta aipatutako kasua, ezin daiteke esan kontratuaren zatikapena dagoenik, kontratatutako zerbitzuek, antzekoak izanik ere, ez baitute osatzen bereiz kontratatzea ezinezkoa izatea ekarriko lukeen unitate operatibo edo funtzional bat.

9.– Zuzeneko diru-laguntzak.

B) Euskadiko Zur Mahaiarentzako diru-laguntza.

Euskadiko Zur Mahaiak basogintzaren produktibitateari eta basoen osasun-egoerari eustea bermatzeko jarduerak egin ditzan diru-laguntza zuzen bat ematen dion Gobernu Kontseiluaren Akordioaren proposamenari buruzko azalpen-txostenean, interes publikoko eta gizarte-intereseko arrazoiak ematen dira diru-laguntza hori emateko; hitzez hitz, hau argudiatzen da:

«Txosten ekonomikoan azaltzen denez, basogintzaren produktibitatean eta basoen osasun-egoeran kalte handiak izan dira Klaus eta Xynthia zikloiek eragindako haize bortitzen ondorioz, eta baso-masa oso hondatuta geratu da. Bi hondamendi horiez gain, beste hiru faktore aipatu behar dira: merkatuan lehengaiak duen prezio merkea duela bi hamarkadako prezio berean merkaturatzen da; pinu-zuraren bolumen handia eta zahartze-prozesua; eta fusarium circinatum (N&O) onddoaren hedapena kontrolatu beharra».

Horrez gain, modu esplizituan aipatzen da diru-laguntzaren xedea; hitzez hitz, honela dio: «basogintzaren produktibitateari eta basoen osasun-egoerari eustea bermatzeko ekintzak egitea».

Deialdia xedapen orokor baten bidez egiteko aukerari dagokionez, azpimarratu beharra dago ekintza hori egiteak berekin dakarrela sektore osoaren kohesioa eta koordinazioa, solaskide bakar gisa hartuta. Diru-laguntza horren bidez lortu nahi diren helburuak ez lirateke lortuko, esaterako, baso-jabeek egin beharreko ekintzak soilik diruz lagunduz gero.

Horregatik, deialdi publikoaren aukera baztertu egin da, eta diru-laguntza zuzena Euskadiko Zur Mahaiari ematea erabaki da. Izan ere, entitate hori da Hitzarmenean jasotako ekintzak aurrera eraman ditzakeen bakarra, eta mahai horretan ordezkaritza dute azpisektoreetako enpresek: zerrategiek, zur-ekoizleek, errematatzaileek eta birrintze-enpresek. Euskadiko Zur Mahaia irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, basogintzako sektorea osoki ordezkatzen duena. Borondatezko elkargunea da sektore horretarako, eta haren antolaketa-organoa da, helburu duena gizartearentzat eta sektorearentzat onuragarriak diren ekintzak egitea, basogintzaren kudeaketa-eredu iraunkor baten bidez.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Euskadiko Zur Mahaiak sinatutako Hitzarmenean, bi jarduera-eremu handietako bakoitzerako aurrekontua zehazten da, bai eta alde bakoitzaren konpromisoak, jarraipenerako eta kontrolerako organoak eta abar ere.

10.– Lurraldearen araberako sailkapena.

Euskadiko Aurrekontu Araubideari buruzko Legearen 57. artikuluan adierazitakoa betez, Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak lurraldearen araberako sailkapena eginda prestatzen dira, 57. artikuluan aurreikusten diren aurrekontuak prestatzeko arau teknikoetan bildutako irizpideekin bat etorriz.

Behin aurrekontuak Legebiltzarrean onetsita, gauzatzea ere lurraldearen arabera azaltzen da.

Ondorioz, 57. artikuluan xedatutakoa bete da, aurrekontu-programen egiturak lurraldearen araberako sailkapena hartzen baitu barnean.

Bestalde, Aurrekontuen Legea onartzea Legebiltzarraren eskumena da, eta, beraz, ez da bidezkoa EAEko Administrazioaren jarduera ekonomiko-finantzarioaren legezkotasunaren ez betetze gisa aipatzea.

II.2.– Administrazio orokorraren kontuari buruzko iritzia.

1.– Saldoak mantentzeko konpromisoa duten kontu korronteak, Finantza Laguntzaren Programari atxikiak.

Euskal enpresentzako Finantza Laguntzaren Programa finantza-erakundeekin egindako hitzarmenen bidez bideratzen da, eta haren ezaugarrietako bat da kontu bereziak irekitzen direla enpresei beharrezko likidezia bermatzeko. Kontu berezi horiek Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko azaroaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 5. artikuluan daude araututa.

Finantza-erakunde horiei, EBBen abalarekin, onuradunen alde mailegu eta kredituak eman ahal izateko likidezia nahikoa ematearren, titulartasun publikoko kontu korronteak eratu dira hitzarmena sinatu duten erakundeetan, eta emandako maileguen baliokideak diren zenbatekoak transferituko dira, epe berdinekin, Eusko Jaurlaritzaren ageriko kontuetatik kontu horietara. Kontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasunekoak dira, baina saldoak mantentzeko konpromisoa dute, eta funtsen mugimenduek ez dakarte jabetzaren eskualdatzerik. Gainera, Epaitegiaren txosteneko A.13 atalean adierazita dagoen bezala, Finantza Laguntzaren Programari atxikitako kontu horiek guztiak Jaurlaritzaren gainerako kontu korronteen baldintza berberetan daude ordainduta.

Ezaugarri horiek direla eta, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak adierazitako doitzeak ez dira bidezkoak, arrazoi hauengatik:

1) Diruzaintzako gerakina magnitude zenbakarria da, onartutako eta likidatutako eskubideen eta hartutako obligazioen arteko aldea hain zuzen, eta gauzatzen den partidekiko independentea da. Bestela esanda, ondare garbia (kapital-sozietateetan erabiltzen den kontzeptu horren baliokidea da diruzaintzako gerakina) ez dago funtsen eskuragarritasunaren mende, ez eta data zehatz bateko haien pasiboaren galdagarritasunaren mende ere.

2) Diruzaintzako gerakina, izen hori badu ere, ez da diruzaintzarekin lotutako magnitude bat, aurrekontuaren likidazioaren emaitza baizik, Finantza Legearen 17. artikuluan adierazten denez. Sortzapen-irizpidea aplikatuz kalkulatzen da, ez kutxa-irizpidea aplikatuz; hau da, onartutako eskubideen eta onartutako obligazioen arteko aldearen bidez, ez sarreren eta ordainketen arteko aldearen bidez.

3) Kontuetan ez denez titulartasunaren eskualdatzerik gertatzen, ez da izan aurrekontuaren konturako gastu edo obligazio onarturik. Beraz, Finantza Laguntzaren Programaren jarduerek ezin izan dute inolako eraginik izan diruzaintzako gerakinaren emaitzan; esan denez, honela kalkulatzen da hori: obligazio horien eta onartutako eta likidatutako eskubideen arteko aldearen bidez.

III.– Barne-kontrolerako sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko irizpenak.

III.1.– Aurrekontuak eta kontabilitatea.

3.1.4.– Kredituak gaitzea.

Indarrean dagoen araudiaren arabera, kredituak gaitzeko kasuetako bat da aurrekontuan sartutako zenbatekoa baino sarrera gehiago lortzea. EAEko erakunde komunen finantzaketa-sistemaren berezitasunak direla eta foru-aldundien ekarpenen mendekoak dira gehienbat erakunde horiek, urrian Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan egiten den berrikusketa goranzkoa den ala ez hurrengo ekitaldian soilik jakin daiteke, eta orduan jada ezin daitezke kredituak gaitu sarrerak onartu diren aurrekonturako. Hala ere, Administrazioak zenbait aldiz gaitu ditu kredituak sistema honen bidez, eta hori zentzuzkoa da. Izan ere, ulertuko balitz ezin dela hartara jo ziur jakin gabe amaierako likidazioan ez dagoela sarrera gehigarririk, bideraezina izango litzateke. Era berean, kredituen gaitzea ezin daiteke eraginkortasunez baldintzatu. Izan ere, baldintza bete den ala bete ez den (diru-jasotzea bat etortzea goranzko berrikusketarekin) gaitutako kredituei dagokien ekitaldia amaitu ondoren soilik egiaztatuko litzateke. Zuhurtasun-printzipioa Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren iritzirako kalkuluaren bidez bermatuko litzateke.

III.3.– Diru-laguntzak.

3.3.1.– Zuzeneko diru-laguntzak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.7 eta 49.9 artikuluek diote zuzeneko diru-laguntzei ezin izango zaiela aplikatu horiek emateko akordioen publizitatea. Horren ordez, horien berri eman behar zaio, sei hilean behin, Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontuen Batzordeari.

Euskal Autonomia Erkidegoan ez da aplikatu behar Estatuko 38/2003 Legeak ezarritakoa, bertako hogeita bigarren xedapen gehigarrian azaldutakoaren arabera.

3.3.2.– Zuzeneko diru-laguntzak.

A) ESS Partzuergoarentzako diru-laguntza.

Diru-laguntza horren txostenean ez dira jaso EAEko Administrazio Publikoaren barneko ekonomiaren kontrola eta kontabilitatea garatzen dituen urriaren 31ko 464/1995 Dekretuko 43.3 artikuluan ezarritako baldintzak. Horren arrazoia da aipatutako baldintza horiek kontrol ekonomikoa eta arau-emailea aplikagarri zaizkien espedienteei soilik eska dakizkiela, 43. artikuluan bertan ezartzen denez (horren tituluak berak adierazten du dokumentazioa kontrol ekonomiko eta arau-emailearen ondorioetarako soilik aipatzen dela, ekonomia- eta antolamendu-modalitatean). Horregatik, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ezin du ulertu dokumentu-eskakizun hori aplikagarri bezala ESS Partzuergoaren kasuan, diru-laguntza ematearen ekintza administratiboa ez baita kontrol ekonomiko eta arau-emailea proiekta dakiokeen ezein xedapen administratibo.

B) Ikerbasque Fundazioarentzako diru-laguntza.

Diru-laguntzaren helburua nahikoa zehaztuta dago espedientea osatzen duen dokumentazioan. Zuzeneko diru-laguntza izapidetu zenean, 2010eko azaroan, hiru bikaintasun-zentro berriak (BERC) ebaluazio-prozesuan zeuden. Izapidetze-txostenak hau zehazten du diru-laguntzaren xedeari buruz (5. puntua):

«Ikerbasque Fundazioaren 2010-2013 aldiko plan estrategiko berriak, 2009ko abenduaren 14an haren Patronatuak onartuak, barnean hartzen du 2007-2009 aldiko lehen plan estrategikoak sustatutako 6 BERCez gain beste 4 ikerketa-zentro berriren eraketa sustatzeko helburua.

Gaur egun, BERC zentroak sortzeko hiru proiektu ebaluazio-prozesuan daude, bikaintasun-kalifikazioa lortzeko. Ebaluazio horren ostean, behin Ikerbasque Fundazioko Patronatuak onartuta, beharrezkoa izango da Administrazio honek Ikerbasque Fundazioaren bidez instrumentalizatu nahi dituen zentroak ezartzeko eta abian jartzeko lanei ekitea.

Alde horretatik, Ikerbasque Fundazioari 2,8 milioi euroko diru-laguntza ematea proposatzen da, ikerketa-zentro berrien eraketa sustatzeko. Ikerbasquek zentro berrien eraketa sustatuko du, eta Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntza zentroen artean lankidetza-hitzarmenak egiteko eta zentroak eratzeko eta abian jartzeko hasierako gastuak finantzatzeko erabiliko da; gastu horiek ezarpenari, langileei, erosketei eta hornikuntzari, kanpoko zerbitzuei edota ekipamendu eta eraikinetako inbertsioei dagozkienak izan daitezke».

C) EHUrentzako diru-laguntzak, Zientzia Parkeko 1 Plataforma eraikina eraikitzeko eta Animaliategia handitzeko.

Diru-laguntza horiek Unibertsitate Planetik kanpo geratu dira, 2007-2010 aldiko planean ez baitzegoen aurreikusita aldaketak egitea. 2011-2014 aldiko plan berriak, aldiz, hasierako idazpenean, badu horrelako ekimenak bideratzeko moduari buruzko atal bat.

D) Euskadiko Farmazialarien Kontseiluarentzako diru-laguntza.

Sektore Publikoko Kontratuen Legeko 176. artikuluaren urraketari dagokionez, arau hori onuradunari aplikagarria izan zein ez, urraketarik gertatuz gero ezin izango litzaioke Administrazioari egotzi, Kontseiluari berari baizik.

3.3.3.– Diru-laguntza izendunak.

A) Tekniker. Instalazio berriak.

EAEko 2010. urterako Aurrekontuen 2/2009 Legeko III. eranskineko 17. atalak ezartzen du diru-laguntza izendunen kasuan aukera dagoela kreditu-gehikuntzarako, onuradunarekin hartutako konpromisoen muga aintzat hartuta.

Onuradunarekin hartutako konpromisoa 2010eko azaroaren 23an Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eta Tekniker Fundazioak sinatutako Hitzarmenean ageri da. Haren helburua da diru-laguntza izendunaren baldintzak arautzea, zentro teknologiko horren egoitza berriaren eraikuntza finantzatzeko.

Beraz, ez da egokia adierazitako akats hori egon izana aipatzea, aurrekontuaren gehikuntza indarrean dagoen araudiarekin bat egin baitzen, hasieran aurreikusitako jarduera bererako.

B) EHIK. Hizpro 2010.

Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzen, euskararen eta gaztelaniaren, arteko elebitasun orekatua lortze aldera, bai eta atzerriko hirugarren hizkuntza baten ezagutza areagotze aldera ere, beharrezkoa da ikastetxeetan Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua egiteko lan-ildoak sustatzea. Proiektu hori garatzeko, Berritzeguneen laguntza dute ikastetxeek, bai prestakuntzarako, bai beharrezko materialak lortzeko.

Ikastolen Konfederazioak Hizkuntza Proiektuaren eredu baten diseinua eta aplikazioa abiatu du. Hezkuntza Sailaren ikuspegitik, ekarpen interesgarria da hori, eta laguntza ekonomikoa jasotzeko modukoa. Gainera, sortutako material guztia Berritzeguneen esku jarri da, proiektu hori bera garatzen ari diren ikastetxe publikoei aholku emateko.

Alde horretatik, Hezkuntza Sailak egokitzat jo du Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioari diru-laguntza izendun bat ematea. Horretarako, hitzarmen bat sinatu zuten 2010eko maiatzaren 14an. Helburu hauek finkatu ziren:

1.– Hizkuntza Proiektua abian jartzen duten ikastetxeen kopurua handitzea.

2.– Berritzeguneen bidez, proiektu hori zehazten laguntzea interesa duten ikastetxeei.

3.– Oinarrizko gaitasunen garapena bermatzeko edukietan, metodologian eta abarretan egin beharreko aldaketak identifikatzea.

4.– Hezkuntza Sailaren eta Ikastolen Konfederazioaren arteko lankidetza sustatzea, Hezkuntza Marko Hirueleduna garatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2010eko ekitaldirako aurrekontu orokorretan, abenduaren 23ko 2/2009 Legeak onartutakoetan, 300.000 euro aurreikusi ziren hasieran helburu horiek sustatzeko; haietatik, 278.000 euro baimendu ziren Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioarekin egindako Hitzarmenerako.

Horrez gain, gehikuntza egin dakiekeen kredituak ere aipatzen ditu 2/2009 Legeak, III. Eranskinean; zehazki, hau adierazten da hamazazpigarren puntuan: «kreditu handigarriak izango dira Onuradunen finantzaketari aurre egiteko diru-laguntza nominatiboak, onuradunekiko konpromisoetako muga gainditu gabe».

Bestalde, hitzarmen horren garapenean beste alderdi batzuk ere aipatu dira; haiek aintzat hartuta, egokitzat jotzen da laguntzaren gehikuntza, egin beharreko jarduerak finantzatzeko.

Jarduera hauek gehitu dira:

1.– Oinarrizko gaitasunak hizkuntza-gaitasunaren ikuspegitik garatzea errazteko proposamenak egitea. Hori lantzeko, hizkuntza-gaitasunaren garapenari buruzko azalpen-eredu bat diseinatu da, eta gainerako oinarrizko gaitasunekin duen lotura aztertu da, bai eta curriculum-arloen bidez nola gara daitekeen ere. Horrez gain, bilerak egin dira, lana abian jartzeko modua antolatzeko; lehendabizi, ikastolen sareko ikastetxeetan eta, gero, beste sare batzuetako ikastetxeetan.

Egokia da gehikuntza onartzea, aipatutako azalpen-eredua ezartzeko prozesua adarkatu egin baitzen, eta eragina izan baitzuen hasieran (hitzarmena sinatu zenean) aintzat hartu ez ziren baina hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak oso garrantzitsutzat jo zituen gainerako arloetan. Horregatik, Hezkuntza Sailak beharrezkotzat jo zuen gehikuntza, proposatutako lan horretatik sor zitezkeen ekarpenak hezkuntza-sistemarentzat oro har oso onuragarriak izan zitezkeela iritzita.

Aipatutako ekarpen horiek zerikusia dute hainbat alderdirekin: programazioa, metodologia, antolaketa, ebaluazioa, materialak sortzea...

2.– Hezkuntza Sailaren eta Ikastolen Konfederazioaren arteko lankidetza, Hezkuntza Marko Hirueleduna garatzeko. Ikastolen Konfederazioak egindako ekarpenak bildu dira, lagungarriak izan direnak marko hori egituratzeko. Gainera, Marko Hirueleduna abian jartzeko baldintzak aztertu dira eskatu zuten ikastoletan.

Alderdi horrek aurrekoak bezalako eragina ez badu ere, zaila izan zen noraino hel daitekeen aurreikustea. Izan ere, Hezkuntza Marko Hirueledunaren esperimentazio-prozesua hasierako faseetan zegoen oraindik. Abian jartzearekin batera, beste behar batzuk sortu ziren, eta behar horien erantzuna 2010eko irailetik abendura bitartean garatu behar zen.

Ekintza horiek finantzatzeko, kopurua 477.806 euro handitu zen. Pentsa daiteke agian hitzarmenaren hasierako aurreikuspenetan aukera horiek jaso behar zirela. Baina azpimarratu nahi dugu laguntza areagotzea azaltzen duten arrazoiak gerora agertu zirela, eta Ikastolen Konfederazioak egindako lanaren garrantziak eta kalitateak, bai eta hura orokortzeko aukerek ere, argi eta garbi justifikatzen dutela gehikuntza horrek sortutako gastua.

C) Kultura Live.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, 2009an Kultura Live elkartea sortu zenetik, elkarte horri buruzko zuzeneko informazioa izan zuen, eta lankidetzan aritu zen elkartearekin. Bada, sorrera-helburuen balorazio ona egin zuen, besteak beste honako hauek nabarmen daitezkeela:

(...)

2.– Kultura Live elkarteko kide diren kontzertu-areto pribatuen eginkizuna eta industria- eta turismo-arloetan duten garrantziaren aintzatespena lortzea, administrazio publikoen eta erakunde pribatuen aldetik.

(...)

5.– Zuzeneko musika-emanaldiak sustatzea, haien berri ematea eta hedatzea, bai eta elkarteko gainerako kideen gainerako jarduerak ere.

6.– Zuzeneko musika-emanaldiak egiteko lekuak sortzea eta mantentzea.

(...)

8.– Baterako lan-zirkuituak eta jarduerak hedatzeko mekanismoak sortzea.

(...).

11.– Elkarteko kide direnen eta artisten taldeen, sustatzaileen eta gainerako eragileen arteko akordioak sustatzea, bi aldeen onurarako.

(...)

14.– Kontzertu-aretoei buruz gizarteak duen ikuspegia hobetzea, kultura-erakunde gisa har daitezen.

(...)

16.– Gizarte-segurantzaren edo beste erakunde publiko baten barnean gestoria bat sortzen laguntzea eta horretarako elkarlanean jardutea, musika-aretoetan zuzeneko emanaldiak egiten dituzten artista guztiak alta-egoeran egon daitezen errazteko.

Horrekin lotuta, Kulturaren Euskal Planaren markoan (geroago, Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua), Hezkuntza Sailak Elkartearen jardueretarako laguntza ekonomikoa ematea erabaki zuen, diru-laguntza izendun baten bidez; lehen entregatzea 2010eko ekitaldian gauzatu zen.

Elkarteak, aipatutako diru-laguntza izenduna eskatzeko aurkeztu zuen txostenean, elkartearen ekintza-ildo nagusiak zehaztu zituen; besteak beste, musika-programazioa sendotzea eta dinamizatzea, musika-zirkuitu pribatua sendotzea eta tokiko musika-taldeei laguntzea.

Edonola ere, Hezkuntza Sailaren aurrekontuetan aurreikusitako diru-laguntza izendunaren zenbatekoa kontuan hartuta, Elkarteak jarduera jakin batzuetara mugatu zuen eskaera: sektorearen koordinazioa, talde berrientzako ikastaroak, webgunea, etab. Une hartan, ez zituen aipatu aretoetako zuzeneko musikaren programazioarekin zerikusia zuten jarduerak.

Geroago, 2010. urtean zehar, Elkarteak zenbait aldiz jo zuen berriro Kultura Sailera, proposamen zehatz batekin: euskal taldeen programazioa oinarri duen zirkuitu bat egitea, 2010eko urritik abendura bitartean. Eskaera hori egin zenean, Kultura Saila bera kezkatuta agertu zen kultura-programazioaz oro har; batik bat, kultura-ekoizpenaren eta musika-ekoizpenaren kontratazioaren beherakadagatik. Horrek ondorio larriak zituen herrialdeko kultura-sortzaileengan. Kultura Saila, gainera, zenbait programa ari zen abian jartzen edo sendotzen, kulturaren programazio-zirkuituak eta kultura-kontsumoa oro har sustatzeko (Dantza zirkuitua, Antzerki zirkuitua, kultura-bonoa, etab.).

Hortaz, Kultura Live elkartea eta Kultura Saila bat zetozen egoerari buruzko ikuspegi horretan. Hori dela eta, Sailak Kultura Live elkartearen eskaerari baiezkoa ematea erabaki zuen, bertako taldeen programazioa oinarri hartuta musika-zirkuitu bat egiteko. Zirkuitu horri Zuzen-Zuzenean izena eman zitzaion, eta gaur egun oraindik ere urtero egiten da, arrakastaz gainera. Gaur egungo krisiak bereziki kultura-jarduerari dagozkion arloetan eragiten dituen ondorio kaltegarriak nolabait arintzeko lagungarria da hori. Une honetan, zirkuitu horretarako laguntzak berariazko deialdi baten bidez kudeatzen dira: «Musika-jarduera profesionaletarako laguntzak».

Hortaz, Kultura Live elkarteari diru-laguntza osagarria ematea ekarri zuen jarduera hori (Zuzen-Zuzenean zirkuitua), laguntza horrek hasierako diru-laguntza izendunean aurreikusitako zenbatekoa dezente gainditzen bazuen ere, bat zetorren erabat elkarte horrek bere estatutuetan eta proiektuan zehaztutako helburuekin eta jarduera-esparruarekin, baina agerikoa zen jarduera berezia zela eta ezin zela inondik ere hasieran emandako laguntzaren bidez garatu. Gogoan izan behar da, gainera, Kultura Sailak berak interesgarritzat jo zuela proposamen hori, bat baitzetorren une horretan sustatzen ari zen helburu eta proiektuekin. Hala, Zuzen-Zuzenean zirkuituaren diseinuan eta kudeaketan, bai eta emandako diru-laguntza osagarriaren helburuan eta kudeaketan ere, etengabe eta zuzenean parte hartu zuten Kultura Saileko teknikariek.

3.3.4.– Konkurrentziaren mendeko diru-laguntzak.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txostenean adierazten da Haur Hezkuntzako ikastetxe pribatuentzako diru-laguntzei buruzko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren txostenetan ez daudela jasota diru-laguntzek helburu duten sektorean duten eragina ebaluatzeko adierazleak, ez eta laguntzen efikazia eta efizientzia ebaluatzekoak ere.

Diru-laguntzen eragina ebaluatzeko adierazleak titulartasun pribatuko Haur Hezkuntzako ikastetxeentzako 2010-2011 ikasturterako diru-laguntzen deialdiaren Aginduaren 2. artikuluan zerrendatzen dira:

«2. artikulua.– Helburua.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak emango dira, hain zuzen ere, zero eta hiru urte bitarteko umeentzako titulartasun pribatuko haur-hezkuntzako lehenengo zikloko eskolei eusten laguntzeko, familien kuotak gutxitu eta homogeneizatzeko, eta hezkuntzaren eta asistentziaren kalitatea hobetzeko. Izan ere, dagoen eskaintza sendotu nahi da, eta beharrezkotzat joz gero zabaldu, abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen plangintza-irizpideekin bat etorrita».

Deialdia egiteko unean, bai eta ebazpena egitean ere, ezinezkoa da aurreikustea zer eragin izango duten emandako laguntzek. Horregatik, ezinezkoa da datu hori txostenetan jasotzea.

Deialdiaren Aginduaren txostenean, aurreikuspenak aztertzen dira, bai eta aurreko deialdian diru-laguntza jaso zuten ikasleen kopuru zehatzak ere. Txosten horretan jasotzen eta egiaztatzen denez, diru-laguntza jaso duten ikastetxeen eta ikasleen kopurua handitu egin da, eta hori da, hain zuzen, 2. artikuluan jasotako helburuaren alderdietako bat.

Diru-laguntza horiek eman ondoren, Sailak, Hezkuntzako Ikuskaritzako zerbitzuen bidez, deialdian ezarritako baldintzen jarraipenari eta kontrolari buruzko txostena egiten du. 2010-2011ko deialdian laguntzak jaso zituzten Haur Hezkuntzako 253 ikastetxe pribatuetako 73 aztertu ziren. Laginketa-irizpideak aldatu egiten dira deialdi bakoitzean; aipatu dugun honetan, Haur Hezkuntzako lehen zikloa soilik ematen dutenak aztertu ziren.

Esku-hartzearen azken fasean, Hezkuntzako Ikuskaritzak ikastetxe bakoitzari buruzko txosten bat egiten du, baita txosten orokor bat ere. Txosten horiek honako hau adierazten dute, besteak beste:

– Laguntza jaso duten ikastetxeetatik zenbat aztertu diren.

– Ikasle eta ikasgela kopurua, eta ratioak, adin-tartearen arabera.

– Ikastetxean egoteko ordutegiak eta egokitze-aldiak badiren.

– Jangelaren erabiltzaile kopurua eta zerbitzari kopurua.

– Ikastetxeen banaketa, aintzat hartuta familiengandik jasotzen dituzten kuoten zenbatekoa, bai eta aurreko ikasturtearekiko kuota murriztu duten ikastetxeen kopurua ere.

– Diru-laguntzak zer kontzeptutan eragin duen eskainitako kalitateari begira, eta kontzeptu hori dagokien ikastetxeen kopurua:

  • Hezitzaile kopurua handitzea.
  • Egokitze- eta hobekuntza-lanak.
  • Hezkuntza-materiala areagotzea.
  • ...

Horregatik guztiagatik, hauxe ondoriozta daiteke:

– Ezinezkoa dela diru-laguntzen eragina aurrez zenbatestea eta, beraz, ezin daitekeela hori deialdiari eta ebazpenari dagozkien txostenetan jaso.

– Hezkuntza Sailak nahikoa kontrol ezartzen diola diru-laguntza jasotzen duenari.

– Badela kontrol horri buruzko dokumentazioa, bai eta diru-laguntzen efikazia eta efizientzia zehazten duten adierazleen zenbatespena ere.

III.4.– Kontratazioa.

III.4.1.– Aurreko ekitaldietan adjudikatutako espedienteak.

Esp.: 34 eta 35

Kontratuak jasotzeko egintza formalari dagokionez, kontabilitateko aplikazio informatikoan egin zen (EKEE - Ertzaintzaren Kudeaketarako Ekonomia Eredua) zegokion faktura kontabilizatu baino lehen. Aplikazioak berak egiten duen agiri bat dago horretarako, baina ez dago kontratazio-espedientean sartuta.

III.4.2.– 2010ean adjudikatutako espedienteak.

Esp.: 40, 41, 42, 43, 44 eta 45

Epaitegiak berak adierazten duenez, «Y»aren espediente guztien «balio-iritzien bidez aplikatu beharreko irizpideen balorazioari (C gutun-azala) jarraituz egindako ebaluazio-txostena» laburpen- eta ondorio-txosten bat da, ETS erakunde publikoko zerbitzu teknikoek egindako diziplina anitzeko lana.

Puntuatu beharreko irizpidean aditua den teknikari batek ebaluatzen du eskaintza bakoitza, eta ebaluazio horren emaitza laburbiltze-taula batean adierazten da eskaintza bakoitzerako, azken puntuazioa zehaztuz.

Datuen kopurua eta ebaluatutako parametroak aintzat hartuta, laburbiltze-txostenean eskaintza bakoitzaren alderdi esanguratsuenak eta bereizgarrienak baino ez dira bildu, bai eta lortutako amaierako puntuazioa ere.

Dokumentazio horren zatirik handiena Epaitegiaren esku dago, ETSren bulegoetan. Aurreko ekitaldiei buruzko auditoriak egiteko ikustaldietan, berrikusi egin du, eta nahikoa dela iritzi dio.

Esp.: 46

Bilboko Karmelo LHIren zentro berria egiteko obra adjudikatuta, eta zuinketa-aktarako aldeei dei eginda, lurzoruen aurretiko ezaugarritzea egiteko jarraibideak ezarri dira. Kontratak ez du lurzoruen ezaugarritzearen faktorearen berri, eta ikusi da hegala malkartsua dela eta lurzorua oso ezegonkorra dela, eta zati-askatzeak nabarmenak direla. Horregatik, ez da egokia berehala hastea.

Baldintzek aukera eman dutenean adostu da hastea, eta horretarako ezarritako administrazio-epetik kanpo sinatu da Zuinketa Egiaztatzeko Akta.

Hala ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Baliabide Zuzendaritzak jarraibide zehatzak eman ditu horri buruz: zenbait egoera direla-eta ezinezkoa denean obra hasteko Akta sinatzea, Akta negatibo bat formalizatuko da, dauden eragozpenak konpondu bitartean.

Esp.: 60

Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialeko lizitazio-iragarkian haren irizpideak eta/edo haztapena ez dela zehazten adierazten duen oharrari dagokionez, Sektore Publikoko Kontratuen Legeko 134.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz, aipatu nahi da iragarkiak EBAOri baliabide informatikoen bidez bidaltzeko aplikazioak ez duela aukera ematen espediente hau adjudikatzeko irizpideen kapitulurako onartu zen bezalako banakapen zabal bat jasotzeko. Adjudikaziorako zenbait irizpide zeuden, lote bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuta eta, zehazki, espediente honek 55 jasotzen zituen.

Txostenaren beste alderdi bat da balio-judizioaren mendeko irizpideen balorazioetan emandako puntuazioak ez direla justifikatu. Azpimarratu behar da aplikatzeko balio-judizio bat eskatzen duten irizpideen balorazioari buruzko txostenaren sarreran azaltzen eta deskribatzen dela atal horretan lortutako puntuazioaren justifikazioaren argudiaketa.

III.5.– Kontratu txikiak.

Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Unitate Teknikoek eskolaratzeko beharrezko obrak udako oporraldirako programatzen dituzte, ikasturtearen plangintza nolakoa izango den jakin ostean; horretarako, aintzat hartzen dute urte bakoitzean martxotik apirilera bitartean izandako matrikulazio-kopurua. Obra hasi aurretik egin beharreko prestakuntza-lanak azkar egin behar izaten dira, ekaineko laugarren astean obrak hasi behar baitira, iraileko lehen astean ikasturtea hasi baino lehen amaituta egongo direla bermatzeko.

Egia da eraikuntzan lan asko zegoenean ez zegoela enpresa askorik zenbateko txikiagoko kontratuekin udan lan egiteko prest zegoenik. Hori dela eta, enpresa gutxi batzuek hartu dute egin beharreko obra guztien ardura eta, hala, ia espezializatu egin dira. Hori deigarria da Gipuzkoako Ordezkaritzaren kasuan, enpresa berari adjudikatzen baitizkio obra asko eta asko.

Baina praktika hori erabat aldatu da. Batetik, merkatuaren beraren dinamika dela eta, obrak egiteko prest dauden enpresen eskaintza handitu egin delako. Baina, batez ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Baliabide Zuzendaritzatik jarraibide zehatzak eman direlako: banakako jarduera bakoitzerako hiru eskaintza eskatu behar direla gutxienez, ahalik eta modurik orekatuenean jokatu behar dela, eta adjudikazioen kontzentrazioak eragotzi behar direla.

BOTO PARTIKULARRA, HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAREN KONTSEILARI DIREN JOSÉ M.Ş GORORDO BILBAO, BEGOŃA MARIJUAN ARCOCHA ETA EUSEBIO MELERO BEASKOETXEA JAUN-ANDREEK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN 2010-eko KONTUAREN FISKALIZAZIO TXOSTENARI JARRITAKOA

Gure lankideen irizpideari beti zor diogun begirune osoz, desadostasunezko boto partikular hau aurkeztu nahi dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren 2010eko Kontuaren fiskalizazio-txostenari dagokionez, 2012ko azaroaren 8ko Osoko bilkuran onetsi zena, ondoko irizpen eta egitateak oinarri hartuta, txostena funtsean eta nabarmen eragiten dutenak:

1.– Ondoko gertakariak.

Txostenak ez ditu Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen eta Estatuaren artean ordaindu beharreko kupoaren kalkuluari dagokionez dauden desadostasunak ondoko gertakari modura jasotzen. Desadostasun hauek 2008ko likidazioan izan zuten hasiera eta esanguratsuak dira 2011tik aurrera; honenbestez, txosten hau onartu den datan (2012ko azaroa) egitate garrantzitsua da eta kasuari ezargarriak zaizkion auditoriako printzipioak oinarri hartuta azaleratu behar zatekeen, horren gaineko ezagutza eta erabakiak hartzea errazago egiteko.

2011ko abenduaren 31n Estatuak egin dituen deskontuak 366,8 milioi eurorenak izan dira; hona hemen xehapena:

– Hezkuntzako Lege Organikoa (0tik 3 urtera bitarteko Haur hezkuntza eta Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak indartzea) 71,4 milioi euro.

– Mendekotasuna, 2009ko aparteko ekarpena, bermatutako babesa finantzatzera emandako kredituen % 6,24koa baino kopuru txikiagoa esleitzeagatik; desadostasunak 2009an 25,3 milioi euro egin ditu.

– Eguneratze indizea, 183,5 milioi euro 2011n, zeina 2012an areagotuko den.

– Enplegu politika aktiboak, eskualdaketako 1441/2010 Errege Dekretuan aurreikusitako kontu-sailak baztertzeagatik eta ziurtagiriak bertan ezarritakoari ez egokitzeagatik, 80,5 milioi euroan, 2012an areagotuko direnak.

– Beste batzuk, 6 milioi euroan.

Dedukzioa Foru Aldundiei deskontatuz gauzatu da, BEZ doitzeagatik (138 milioi euro) eta Autonomiarako Sistema eta Mendekotasunari Arreta gutxiengo babes mailaren finantzaketan parte hartzea (38 milioi euro). Eusko Jaurlaritzari 191 milioi euro deskontatu zaizkio, Y trenaren finantzaketa urrituz (178 milioi euro), Ertzaintzaren erretiro adina aurreratzeko kostuan partaidetza murriztuz (6 milioi euro) eta Europako Gizarte Funtseko sarreren partaidetza murriztuz (7 milioi euro).

2.– Abiadura Handiko Trenaren espedienteak.

2010ean guztira 602,3 milioi euroan esleitutako 6 espediente aztertu dira, ondotik zehaztutako hutsak dituztenak eta txostenean jaso ez direnak; huts horiek jada 2009an fiskalizatutako espedienteetan azaleratu ziren (EAEren 2009ko fiskalizazio txostenaren 89. orrialdea):

– Esleipen proposamenaren euskarri diren txosten teknikoek aurkeztutako eskaintzak azaletik baloratzen dituzte, pleguan aurreikusitako irizpide bakoitzari esleitutako puntuaketak zehazten dituzte, baina ez dute lehiatzaile bakoitzari emandako puntuaketen balorazioa justifikatzen.

– Irizpide objektiboek duten berariazko pisua, balio judizioa egitea eskatzen dutenak, % 80koa da eta hori erabakigarria izan da kontratugileak hautatzeko orduan.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko azaroaren 9an.

BATERAKO BOTO PARTIKULARRA, HKEE-REN LEHENDAKARIORDE JOSÉ MIGUEL BONILLA JAUNAK ETA MARIANO GARCÍA KONTSEILARI JAUNAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN 2010-EKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN KONTUAREN FISKALIZAZIO TXOSTENARI JARRITAKOA

Baterako boto partikular hau egin dugunok adierazi nahi dugu Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) Administrazio Orokorraren 2010eko ekitaldiko Kontuaren fiskalizazio txostenean jasotako azken iritziarekin bat gatozen arren, ez gaudela ados ondotik azalduko ditugun atalekin:

Legea betetzeari buruzko iritzia, 4. atalari dagokionez

Euskadiko Ondare Legearen Testu Bategineko 43. artikuluak, 2/2007 Legegintzako Dekretu bitartez onartutakoa (EOLTB), Administrazioa zuzeneko esleipena baliatzeko gaitzen du kostubidez ondasun higiezinen erosketan, bertan aurreikusitako baldintzak betetzen direnean.

Ondare eta Kontratazioaren Zuzendaritzan dagoen espedienteak, «Barakaldoko Justizia Jauregiaren Artxibategirako Pabiloiko hiru moduluren erosketa»ri dagokiona, EOLTBren 43. artikuluan aurreikusitakoa betearazteko beharrezko diren txostenak eta agiri osagarriak barne hartzen ditu:

– 2010-10-28. Ondare eta Kontratazioko Zuzendaritzaren Txostena:

Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak interesatua den sailarekin batean elkar hartuta –Justizia Administrazioa Modernizatzeko Zuzendaritzaren Txostena-, uste du esku artean dugun kasu honetan EOLTBren 43.1 artikuluko a) eta d) hizkietan jasotzen diren suposamenduak betetzen direla zuzeneko esleipena gauzatu ahal izateko, bete beharreko beharrizanen premiari areto horien aparteko egokitasuna gaineratu behar baitzaio (xede duten egoitza judizialetik gertu, ezin hobeki komunikaturik eta bereziki egokiak diren eraikuntza ezaugarriak dituztela).

– 2010-10-28. Ondarearen aldeko txosten juridikoa.

– 2010-11-11. Erosketa zuzena baimentzeko erabaki proposamenari Ekonomia Kontrolerako Bulegoak aldeko txostena.

– 2010-11-16. Erosketa zuzena baimentzen duen Gobernu Kontseiluaren Erabakia.

– 2010-12-15. Ondasunak erosteko Ekonomia eta Ogasun Sailburuaren agindua.

– 2010-12-29. Ondare Zuzendariaren ebazpena, eraikina zerbitzu publikoari lotzeko eta Justizia eta Administrazio Publikoaren Sailari atxikitzeko.

– 2010-12-30. Justizia eta Administrazio Publikoaren Sailari aretoak emateko akta.

Aztertutako espedientean horrela jokatzeko behar hainbateko arrazoiak daude, azalpen arrazoitu eta arrazoizko bidez egiaztatu baita administrazioaren jarduera legeztatzen duten egitatezko baldintzak edo suposamenduak gertatu direla.

EAEren Administrazio Orokorrak baliatutako aribideari dagokionez komeni da azpimarratzea administrazio horrek 1996-2012 aldian gauzatutako ondasun higiezinen erosketetatik bakar batean ere ez duela (30etik gora EHAAn argitaratutako iragarkien arabera) kostubidez ondasun higiezinak erosteko erosketa zuzena ez den beste biderik erabili.

Aurrekariak ikusita, honako hau izenpetzen duten kontseilariek ulertzen dute espedientean barne hartutako aldeko txostenek eta agiri osagarriek, EOLTBren 43. artikulua betez justifikatu egiten dutela kostubidez ondasun higiezinak erosteko baliatutako prozeduraren legezkotasuna eta zuzentasuna eta administrazioaren jokabidea zuzenbideari lotzen zaionez gero, kendu egin behar litzatekeela txostenean adierazitako ez-betetzea.

Administrazio Orokorraren Kontuari buruzko Iritziaren 1. ez-betetzeari dagokionez

2009ko ekitaldian bezalaxe, honako hau izenpetzen dugun kontseilariok uste dugu ez-betetze hau fiskalizazio txostenetik kendu behar dela.

– Finantzei buruzko 8/1996 Legeak dio Diruzaintza Geldikina aurrekontuen likidazioaren emaitza metatua dela, ondare garbia.

Ondare garbia Diruzaintzak, Kobratzeko dauden eskubideek eta Ordaintzeko dauden obligazioek osatzen dute; kobragarritasuna (kaudimen-gabeziak, auziak, e.a.) edo eskagarritasuna (diru-laguntzak baliogabetzea, e.a.) murrizten duten egoerek soilik murriztu edo handitu dezakete.

Horixe da (eta izan da) diruzaintza geldikinaren eta diruzaintza geldikin erabilgarriaren arteko aldeen arrazoia: emaitza metatua osatu duten ekitaldietan aurrekontuan islarik izan ez duten egoerak eta honenbestez, ordainketarik eragiten ez duten gastu modura hartu behar liratekeenak, aurreikuspen modura.

2005eko urteaz geroztik, likidazioak xehapen hori barne hartzen du ondare garbi erabilgarriaren kontzeptua islatzeko, aurrekontuaren kontabilitatean erregistratzen errazak ez diren egoerak aintzat hartzen dituena, hala nola, huts egindako kobrantzengatiko arriskuak, auziak, e.a.

Beti jaso dira aurreikuspenak, ordaindu gabeko gastuak, ondare garbiaren egiazko balioa eragiten dutenak.

Saldoei eusteko konpromisoak ez du horren kobragarritasuna eragiten. Kontu horien saldoak EAErenak dira erregistroetan jasoak dauden balioarekin. Isla leialaren printzipioaz besteko da Diruzaintza Geldikina doitzea kontu korrontetik saldo horiek kentzeko, egiazkoak eta zuzen balioztatuak daudenak.

– 2010eko urterako Aurrekontu Orokorren likidazioak Ekitaldiaren Diruzaintza Kontua barne hartzen du, Euskadiko Aurrekontu Araubideari buruzko Legearen Testu bategineko 124. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

2010eko likidazioaren atal honetan honako ohar hau ageri da:

«2010eko abenduaren 31n Diruzaintza Nagusiaren kontu nagusietan dauden funtsek 489.261.434 euro barne hartzen dituzte bankuetako kontu korronteetan, saldoei eusteko konpromisoarekin.

Euskal enpresen finantzaketa babesteko programaren funtsak dira, 19/2008 Legearen xedapen gehigarri bederatzigarrenean ezarritakoa, abenduaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko Aurrekontu Orokorrak onesten dituena».

Epaitegiak 2005eko urteaz geroztik baliatutako irizpidea izan da kontularitzan ez-betetzetzat ez jotzea, ez diruzaintza geldikina doitzea ere, desadostasunak eragiten dituzten egoeren berri oharretan ematen denean.

Osokoak ez du txosten honetan irizpide hori zergatik ez duen baliatu justifikatuko duen inongo arrazoirik eman. Bateratasuna eta oreka eten da inongo arrazoirik gabe.

Saldoei eusteko konpromisoek ez dute pilatutako superabita eragiten (diruzaintza geldikina) eta honenbestez, kontularitzako iritziak ez du horri dagokionez inongo salbuespenik jaso behar.

Gainera, salbuespen hori barne hartzeak, arrazoirik gabe, likidazioan jasotako oharretan azaldutako irizpide aldeei dagokienez HKEEk 2005az geroztik baliatutako irizpidea urratzen du. Aurreko urteetako ildoarekiko koherenteak izateko, kontularitzako iritzitik kendu egin beharko litzateke ez-betetzea.

Aurrekontuak eta Kontabilitatea 3.1.4 atalari dagokionez

Urriko behin-behineko likidazioan finantzen Euskal Kontseiluak onetsitako itunpeko zergen aurreikuspenaren goranzko berrikuspenaren konturako kreditu gaitzeak.

– Kreditua aldatzeko berariazko prozedura honek EAEren erakunde komunak finantzatzeko sistemaren berezitasunetan du sorrera, Foru Aldundien ekarpenen mendekotasunean oinarritzen dena eta horren aplikazioa, 1982az geroztik indarrean dagoen araudiari jarraiki, sendotu egin da 30 urtetan zehar.

– Kreditua gaitzeko espedienteak, aldatzeko prozedura den aldetik, behin onartua dela eta finantzaketaren egiazko sarrera egina dela, ez du inongo akatsik. Behin-behineko likidazioaren (2010eko urria) eta behin-betiko likidazioaren (2011ko otsaila) arteko desbideratzeek ez dute bere garaian onartutako kredituak gaitzeko espedientearen zuzentasuna eragiten.

2010eko aurrekontuaren likidazioak 148 milioi euroren Aurrekontu Superabita erakusten du eta horrek esan nahi du 2010eko urtean aitortutako eskubideek kopuru horretan gainditzen dituztela aitortutako obligazioak. Horrek finantza nahikotasun eta segurtasunari buruzko zalantza arrazoizko eta arrazoituak izateko aukera saihesten du.

«Itunpeko zergen desbideratzeen analisia: zergatiak eta horren erabilera 2003-2005eko gastuak finantzatzeko» txostenean HKEEk, besteak beste, ondorio hauek ematen ditu:

– «Finantzen Euskal Kontseiluak zuhurtziazko balioespenak egiten ditu».

– «Aztertutako ekitaldietan zehar Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek diru-bilketa handiagatik diru-sarrerak gaitu dituzte soilik aurre egin behar dieten gehiegizko konpromisoak finantzatzeko».

Gauza bera gertatu da 2006, 2007, 2008 eta 2009ko ekitaldietan.

Hain zuzen ere, zeinahi izaerako aurrekontu sarrerak balioespenezkoak dira eta honenbestez, oso litekeena da ez betetzea. Sarreren aurreikuspenen zalantzak hein berean eragiten ditu erakunde publiko guztiak eta bereziki Lurralde Historikoak, hauek aurreikusi eta biltzen baitituzte itunpeko zergak. Eusko Jaurlaritzak itunpeko zergen kontzeptuko diru-bilketaren gainean egiten duen aurreikuspenaren zuzentasuna edo desegokikeria, Finantzen Euskal Kontseiluak egindako aurreikuspenen zuzentasun edo desegokikeriaren ondorio zuzena da eta hau, aldi berean, Lurralde Historikoetako foru ogasunek egindako diru-bilketa aurreikuspenen baitakoa da.

Epaitegi honek Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren kontu orokorra fiskalizatu du itunpeko zergen kontzeptuko diru-bilketa aurreikuspenei, aldakuntzei eta 2010eko abenduaren 31n horren exekuzioari dagokionez inongo irizpenik eman gabe.

Diru-sarrera iturriak fidagarriak, behar hainbatekoak eta finantza aldetik ziurrak baldin badira, ez daiteke iturri horien ondorio baizik ez denaz zalantza egin.

HKEEk ez dezake Finantzen Euskal Kontseiluaren erabakien ondorio diren aurrekontu aldakuntzen gainean zalantza egin, foru ogasunen jatorrizko datuez zalantza egin ez duenean.

Gure iritzira, ez dago inongo ez-betetzerik, ezta zuzendu beharreko prozedurazko alderdirik ere eta honenbestez, ezabatu egin behar da Finantzen Euskal Kontseiluaren erabakietatik eratorritako «finantza nahikotasun eta segurtasuna» auzitan jartzen duen berariazko gomendio hori.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 12a.


Azterketa dokumentala