Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2013ko urtarrilaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
430

ERABAKIA, 2012ko abenduaren 20koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUren doktorego eskolen oinarrizko arautegia onartzeko dena.

Estatutuetako lehenengo xedapen iragankorraren hirugarren atalean esaten zen Estatutuak indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean Gobernu Kontseiluak egutegi bat egingo du Estatutuak garatzeko arautegia berrikusteko.

Gobernu Kontseiluak garapen arautegia berrikusteko 2011ko ekainaren 23an onartutako egutegia betez, orain aurkezten diogu kontseilu honi 2012ko uztailaren 19an aurkeztutako UPV/EHUren doktorego eskolen oinarrizko arautegia, egokitzat joz gero, onar dezan.

Doktorego eskolen oinarrizko arautegiari aurkeztutako emendakinak Estatutuak eta arautegiak garatzeko batzordeak aztertu zituen 2012ko abenduaren 12an datatutako diktamenean ezarritako baldintzetan. Era berean, balioetsi eta gehitu egin da UPV/EHUren doktoregorako azpibatzordeak eta master eta doktorego-eskolako kontseilu iraunkorrak egindako zenbait ekarpen, gobernu-kontseiluaren onarpenean jartzen den testu hau osatuz.

Horregatik guztiagatik, eta idazkaritza nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– UPV/EHUren doktorego-eskolen oinarrizko arautegia onartzea, atxikitako dokumentuan ageri bezala.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Leioa, 2012ko abenduaren 20a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

DOKTOREGO ESKOLEN OINARRIZKO ARAUTEGIA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Kontzeptua.

1.– Doktorego eskolak doktorego programak koordinatu eta kudeatzen dituzten ikastegiak dira. Bertan eman daitezke, halaber, master gehienbat zientifikoak eta ikerketarako prestakuntza emateari begirakoak. Masterrok arlo batekoak edo gehiagotakoak izan daitezke, edota diziplinartekoak.

2.– Doktorego eskolak UPV/EHUrenak berarenak izan daitezke. Bestalde, doktorego eskolak UPV/EHUk beste erakunde batekin edo batzuekin batera sortutakoak izan daitezke. Beste erakunde horiek izan daitezke unibertsitateak, I+G+B jardueretan aritzen diren organismo, gune, erakunde edo entitateak, publikoak zein pribatuak, estatukoak nahiz atzerrikoak. Halakoak bakoitza bere hitzarmenaren bidez arautuko dira. Edozelan ere, eskola horiek ere bete beharko dituzte arautegi honetako 5.1 artikuluan unibertsitateko eskolentzat eskatzen diren kalitate eta masa kritikoari buruzko irizpideak.

3.– Doktorego eskolek bermatu beharko dute beren estrategia garatuko dutela UPV/EHUren ikerketa estrategia orokorrari loturik, eta, hala dagokionean, eskoletan partea duten bestelako ikerketa erakunde publikoen eta gainerako erakunde eta entitateen estrategiekin uztarturik. Gainera, frogatu beharko dute beren helburuak betetzeko kudeaketa gaitasunik badutela.

II. KAPITULUA
DOKTOREGO ESKOLEN EGINKIZUNAK, ARAUBIDEA ETA EGOITZA

2. artikulua.– Doktorego eskolen eginkizunak.

Doktorego eskolek honako eginkizun hauek bereganatu ahal izango dituzte beren barne arautegien bitartez:

a) Beste doktorego eskola batzuekiko eta beste ikergune batzuekiko lankidetza bultzatzea.

b) Nazioartean gaitasun handia aitortua daukaten adituak erakartzeko ekintzak sustatzea.

c) Doktorego programen eskaintza zabaldu eta hedatzea, baita masterrena ere, halakorik dagoenean.

d) Elkarlanean antolatutako nazioarteko doktoregoak eta, hala dagokionean, masterrak, bultzatzea, bai eta doktoregoko eta, kasuan kasu, masterreko ikasleen trukeak ere.

e) Jardunbide egokien kodea bere egitea. Doktorego eskolako kide guztiek kode hori betetzeko konpromisoa izango dute.

f) Doktoregoko eta, kasuan kasu, masterreko ikasketak ezarri eta ezabatzeko ekimena, doktorego-programak proposatzeko arautegian ezarritako baldintzekin bat etorrita.

g) Doktorego eskolan doktorego edota master programa berriak ezarri, edo lehengoak aldatu nahiz kentzeko proposamenak onartzea, edo aldeko txostenak egitea, doktorego-programak proposatzeko arautegian ezarritako baldintzekin bat etorrita.

h) Jarraipena egitea doktorego titulazioei, eta masterrekoei halakorik dagonean, eta ebaluatzea eskolan ematen diren ikasketen irakaskuntzaren kalitatea.

i) Doktoregaien prestakuntza eta garapenerako jardueren eskaintza planifikatzea.

j) Doktorego eskolako doktorego programetan eta, hala dagokionean, masterretan izena emateko prozesua antolatzea, master eta doktorego ikasketak kudeatzeko arautegiei jarraiki.

k) Bere aurrekontu-zuzkidura gestionatzea, UPV/EHUn indarren diren estatutu eta exekuzio-arautegietan ezarritako printzipioekin bat eginik.

l) Eskolak zuzenean eskuratutako funtsez osatutako laguntzen deialdiak egitea, kudeatzea eta ebaztea beren ardurapeko doktorego eta masterreko ikasleentzat, Gobernu Kontseiluak Graduondoko Batzordearen proposamenez onartutako arautegian zehazten den legez.

m) Doktoregoko sari bereziak emateko proposamena egitea.

n) Honoris causa doktore izendapenak proposatzea.

o) Indarreko legeriak, UPV/EHUko Estatutuek eta unibertsitateari buruzko arautegiek ematen dizkioten gainerako guztiak.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Doktorego eskolek jardungo dute indarreko legeriaren, Estatutuen eta oinarrizko arautegi honen arabera. Arautegi hau gutxienekoa izango da eta zuzenean aplikatuko da UPV/EHUko doktorego eskola guztietan.

2.– Aurreko arau-multzoan aurreikusitako xedapenez gain, doktorego eskolek honako arautegi honetako xedapenak garatuko dituen barruko arautegia osatuko dute.

3.– Gobernu Kontseiluari dagokio doktorego eskola bakoitzaren arautegia behin betiko onartzea. Horretarako, beharrezko txostenak izan beharko ditu aldez aurretik, besteak beste legezkotasun txostena.

4. artikulua.– Doktorego eskolen egoitza.

1.– Barne arautegiak zehaztuko du zein izango den doktorego eskola bakoitzaren egoitza administratiboa.

2.– Egoitza aldatzeko Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, doktorego eskolako zuzendaritza batzordeak edo kontseilu iraunkorrak proposamena eginda, bere arautegiari jarraiki.

III. KAPITULUA
DOKTOREGO ESKOLAK SORTU, ALDATU EDO KENTZEA

5. artikulua.– Doktorego eskolak sortu, aldatu edo kentzea.

1.– Doktorego eskolek bermatu beharko dute beren arloan liderrak direla eta hirugarren zikloko irakasle doktoreen eta doktoregaien masa kritiko nahikoa dutela. Doktorego eskola guztiek izan beharko dute lidergo eta masa kritiko hori: gutxienez bost doktorego programa finko izan beharko dituzte, eta programon % 40k gutxienez bikaintasun aipamena edo antzeko aitorpenen bat izan beharko dute. Gainera, azken hiru urteotan gutxienez 50 doktore berri izan beharko dituzte lortuta, eta bere irakasleen artetik gutxienez 80 irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorrak izan behar dira. Dena dela, horrek ez du eragotziko lehen xedapen gehigarrian esaten dena.

2.– Doktorego eskola bat sortzeko prozesua errektoreak, UPV/EHUko doktorego eskola batek edo doktoregoaren arduradunen talde batek abiarazi ahal izango du.

3.– Gobernu Kontseiluari dagokio doktorego eskola bat sortu, arautu, aldatu eta kentzea, tartean diren sailen eta doktorego eta master programen iritzia entzunda eta ukitutako master, halakorik balego, eta ukitutako doktorego eskolen iritzia kontuan hartuta.

4.– Doktorego eskola sortu edo aldatzeko proposamenarekin batera, txostena aurkeztu behar da. Bertan adieraziko beharko da legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen direla, eta datu hauek bildu beharko dira:

a) Eskolaren izena.

b) Eskolan emango diren doktorego programak eta beren ikerketa ildoak, eta, hala dagokionean, bertan koordinatuko diren beste ikasketak, bermatuko dutenak eskola bere eremuan liderra dela eta hirugarren zikloko irakasle doktoreen eta doktoregaien masa kritiko nahikoa duela.

c) Eskolaren giza baliabideak, baliabide materialak eta azpiegiturak.

d) Behar diren baliabideen eta funtzionamendu gastuen ebaluazio ekonomikoa.

e) Eskolaren behin-behineko arautegia.

f) Eskola sortzeko proposamenaren justifikazioa. Doktorego eskola sortzea proposatzeko arrazoiak; eskolaren izenaren egokitasuna bertan landuko diren ikerketa ildoak kontuan hartuta; ikerketa eta prestakuntza estrategia; eskolak beste erakunde batzuekin kolaboratzeko arrazoiak eta unibertsitatearen edo beste erakunde batzuen I+G+B estrategiarekiko harremana; nazioarteko zein sare edo hitzarmenetan parte hartuko duen (halakorik dagoenean), eta zein mekanismo ezarri duen kanpoko erakundeekin lankidetzan jarduteko.

5.– Doktorego eskolak sortzeko arloko arautegiei jarraikiko zaie eta haren sorreraren berri eman beharko zaio Hezkuntza Ministerioari, Unibertsitate Politikako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, hartara Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan inskriba dadin.

IV. KAPITULUA
DOKTOREGO ESKOLEN OSAERA ETA EGITURA

6. artikulua.– Doktorego eskoletako kideak.

1.– Honako hauek dira doktorego eskolako kideak:

a) Doktorego eskolan irakasten duten irakasle eta ikertzaile doktoreak.

b) Eskolari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.

c) Doktorego programetako doktoregaiak, eta, beste ikasketarik ematen denean, ikasketa horietako ikasleak.

2.– Doktorego eskolako kide guztiek konpromisoa sinatu beharko dute eskolaren jardunbide egokien kodea betetzeko.

7. artikulua.– Doktorego eskoletako gobernu eta ordezkaritza organoak.

1.– Doktorego eskolako kide anitzeko organoak dira zuzendaritza batzordea eta haren kontseilu iraunkorra, halakorik duenean.

2.– Hauek dira doktorego eskolako kide bakarreko gobernu eta ordezkaritza organoak: doktorego eskolako zuzendaria, idazkari akademikoa eta, halakorik dagoenean, zuzendariordea.

8. artikulua.– Doktorego eskoletako zuzendaritza.

1.– Doktorego eskolako zuzendaria UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea izango da, itzal handikoa eta gutxienez ikerketako hiru seiurteko dituena. Zuzendaritza batzordeak aukeratuko du doktorego programen arduradunak diren edo izan direnen artetik, eta errektoreak izendatuko du.

2.– Zuzendariaren agintaldia lau urtetakoa izango da. Eskolaren arautegiak mugatu ahal izango du zuzendariak zenbat agintaldi egin ahal izango dituen segidan.

3.– Hauek izan daitezke zuzendariak kargua uzteko arrazoi: heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kentzea, dimisioa, doktorego eskolakoa edo UPV/EHUkoa izateari uztea, agintaldia amaitzea, eta Zuzendaritza Batzordeak haren kontrako zentsura mozioa onartzea.

9. artikulua.– Doktorego eskoletako zuzendarien eginkizunak.

Doktorego eskolako zuzendariak eginkizun hauek izango ditu:

a) Doktorego eskolaren jarduna gidatu eta koordinatzea eta beraren helburuei jarraipena ematen zaiela eta bete egiten direla bermatzea.

b) Doktorego eskolaren ordezkaria izatea UPV/EHUko gobernu organoen aurrean eta behar den leku guztietan.

c) Zuzendaritza batzordearen, edo halakorik daukanean, kontseilu iraunkorraren erabakiak betetzea eta betearaztea.

d) Administrazioaren eta aurrekontuaren kudeaketa gidatzea, bai eta doktorego eskolako gainerako zerbitzu guztiak ere.

e) Kredituak aintzatetsi eta transferitzeko espedienteak ebaztea, masterreko akademi batzordeak hala proposatuta.

f) Doktorego eskolari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileen zuzendari funtzionala izatea.

g) Urteko txostenak, plan estrategikoak eta aurrekontuari buruzko jarraibideak prestatzea, aurreko urteko ekitaldi ekonomikoaren itxiera egitea, eta guztiak zuzendaritza batzordeari edo haren kontseilu iraunkorrari, halakorik daukanean, bidaltzea, onespena eman diezaien.

h) Gidari izatea doktorego eskolako langileek jardunbide egokien kodea eta beren eginbeharrak bete ditzaten, eta hala egin dezaten gainbegiratzea. Era berean, behar diren neurriak hartzea sor litezkeen arazoak konpontzeko.

i) Arduratzea eskolako giza eta gauza baliabideak egokiak izan daitezen eskolak bere zereginak ondo betetzeko.

j) Doktorego eskolako zuzendaritza batzordeari, edo haren kontseilu iraunkorrari, bere gestioen berri ematea unean-unean.

k) Doktorego eskolako kideak jakitun edukitzea beraiengan eragina izan lezaketen eskolako kontu guztiez.

l) Doktorego eskolarekin zerikusia duten eta beste ezein organori modu agerian eman ez zaizkion beste zeregin guztiak, eta unibertsitateko arautegiek berari, zuzendariari, esleitutakoak edo zuzendaritza batzordeak edo haren kontseilu iraunkorrak edota UPV/EHUko gainerako gobernu organoek berari eskuordetutakoak.

10. artikulua.– Doktorego eskoletako idazkaritza akademikoak.

1.– Doktorego eskolako idazkari akademikoa itzal handiko UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea izango da eta errektoreak izendatuko du, zuzendariak proposatuta.

2.– Honako hauek izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kenduta izatea, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

3.– Idazkari akademikoari dagokio doktorego eskolako idazkaritza akademikoari berezkoak zaizkion eginkizunak betetzea, bai eta zuzendariari laguntzea ere.

4.– Idazkariak doktorego eskolako gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematen du; akta liburuak egiteaz eta zaintzeaz arduratzen da eta ziurtagiriak egiten ditu, hala erabakienak nola doktorego eskolako dokumentazio ofizialean jasota dauden ekintza edo gertakarienak.

11. artikulua.– Doktorego eskoletako zuzendaritza batzordeak.

1.– Zuzendaritza batzordeak honako osakide hauek izango ditu gutxienez: eskolako zuzendaria, eskolako idazkari akademikoa, doktorego programetako eta masterretako (halakorik balego) koordinatzaileak, doktoregoko eta masterretako (halakorik balego) ikasleen ordezkaria, ardura handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea, eta erakunde lankideen ordezkariak, halakorik dagoenean. Zuzendariak zuzendariorde bat aukeratu ahal izango du, eta errektoreak izendatuko du. Zuzendariordeak zuzendariari lagunduko dio eta ordezkatu ere egingo du, hura kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo zuzendari karguan inor ez dagoenean. Gainera, doktorego eskoletan hautesle talde guztien ordezkariak egongo dira, eskola bakoitzaren barne arautegian zehazten diren baldintzen arabera.

2.– Aurreko atalean esandakoari traba egin barik, doktorego eskola bakoitzeko barne arautegiak bere zuzendaritza batzordearen osaera zehaztuko du.

3.– Eskolari atxikitako doktoregaiek eta UPV/EHUko doktorego eskolari atxikitako masterren batean matrikulatuta dauden ikasleek eskubidea izango dute hauteslea eta hautagai izateko doktorego eskolako zuzendaritza batzorderako hauteskundeetan. Doktoregaiak ikasleen taldean sartuko dira, baina kontraturik baldin badute, gainerako irakasle eta ikertzaileen taldean sartu ahal izango dira. Aurrekoa gorabehera, doktorego eskoletako gobernu eta ordezkaritza organoetarako ordezkariak hautatzeko, doktoregaiek hautesle talde bakarra osatuko dute, beren egoera juridikoa alde batera utzita.

12. artikulua.– Zuzendaritza batzordeen eginkizunak.

1.– Doktorego eskolako zuzendariak egingo du deia eskolako zuzendaritza batzordea biltzeko. Zuzendaritza batzordeak antolaketa eta kudeaketa eginkizun hauek izango ditu:

a) Doktorego eskolako zuzendaria hautatzea.

b) Kontseilu iraunkorreko kideak hautatzea, halakorik balegokio, eta kontseilu iraunkorraren erabakien baliozkotasuna egiaztatzea, kideen heren batek hala eskatzen badu.

c) Barne arautegia prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.

d) Beste doktorego eskola batzuekiko eta beste ikergune batzuekiko lankidetza bultzatzea.

e) Nazioartean gaitasun handia aitortua daukaten adituak erakartzeko ekintzak sustatzea.

f) Doktorego programen eskaintza zabaldu eta hedatzea, baita masterrena ere, halakorik dagoenean.

g) Elkarlanean antolatutako nazioarteko doktoregoak eta, hala dagokionean, masterrak, bultzatzea, bai eta doktoregoko eta, kasuan kasu, masterreko ikasleen trukeak ere.

h) Jardunbide egokien kodea bere egitea. Doktorego eskolako kide guztiek kode hori betetzeko konpromisoa izango dute.

i) Doktoregoko ikasketak, eta hala dagokionean, masterrak, ezarri, aldatu eta kentzea proposatzea.

j) Doktorego eskolan doktorego edota master programa berriak ezarri, edo lehengoak aldatu nahiz kentzeko proposamenak onartzea, edo aldeko txostenak egitea –betiere, indarreko arautegietan ezarritako kalitate eskakizunak kontuan hartuta– Graduondoko Batzordeak proposamenok Gobernu Kontseilura bideratu baino lehen.

k) Doktoregoko eta masterreko (masterrik badago) titulazioei jarraipena egitea, eta bermatzea eskolan ematen diren graduondoko ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dela.

l) Doktoregaien prestakuntza eta garapenerako jardueren eskaintza planifikatzea.

m) Doktorego eskolako doktorego programetan eta, hala dagokionean, masterretan izena emateko prozesua antolatzea, master eta doktorego ikasketak kudeatzeko arautegiei jarraiki.

n) Bere zereginak betetzeko egoki deritzen batzordeak eratzea.

o) Zuzendaritzarekiko aholkularitza, nazioarteko aholku-batzordeko kideen proposamenean.

p) Indarreko legeriak, UPV/EHUko Estatutuek eta unibertsitateari buruzko arautegiek ematen dizkioten gainerako guztiak.

2.– Eskolaren barne arautegian aurreikusten bada kontseilu iraunkorrik sortzea, zuzendaritza batzordeak hari eskuordetu ahal izango dizkio bere zeregin guztiak, artikulu honetako a), b) eta c) letretakoak izan ezik.

13. artikulua.– Batzorde iraunkorrez.

1.– Eskolaren barne arautegiak kontseilu iraunkor bat sortu ahal izango du, arautegi horretan zehaztuko diren gaiak ebatziko dituena. Ezer zehaztu ezean, zuzendaritza batzordearen kontseilu iraunkorra osatuko da batzordeak 26 kide baino gehiago dituenean.

Kontseilu iraunkorrak kide hauek izango ditu, gutxienez: eskolako zuzendaria (kontseiluko burua izango da), eskolako idazkaria (idazkari lanak egingo ditu), ardura handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea, doktorego programetako eta masterretako (halakorik dagoenean) koordinatzaileen ordezkari bat eta doktoregaien eta masterretako (masterrik badago) ikasleen ordezkari bat, zuzendaritza batzordeko kideek beren artetik hautatua.

2.– Batzorde iraunkorra lau urtetarako hautatuko da estamentu guztietan, salbu eta eskolari atxikitako doktoregaiek eta, kasuan kasu, doktorego eskolari atxikitako masterretako batean indarreko matrikula duten ikasleek batzorde iraunkorrean duten ordezkaritzari dagokionean, berori bi urtetarakoa izanik.

V. KAPITULUA
KALITATEAZ

14. artikulua.– Doktorego eskoletako kalitate batzordeez.

1.– Doktorego eskolako kalitate batzordeak zein bere jardueraren kalitatea bermatzeko prozeduretan ezarriko liratekeen diseinu eta balioespen funtzioak garatuko ditu, UPV/EHUren arautegietan ezarritako markoarekin bat etorrita.

2.– Kalitate batzordearen osaera kasuan kasuko kalitaterako arautegiak ezarriko du.

3.– Doktorego eskola bakoitzean kalitate batzorde bat eratuko da, eskolako doktorego edota master ikasketak hobeto planifikatu eta haien jarraipena egiteko, bai eta irakaskuntzaren ebaluazioari buruzko txostenak egiteko ere.

4.– Hauek dira doktorego eskolako kalitate batzordearen eskumenak:

a) Titulazioak kalitatea bermatzeko sistemaren bidez diseinatu, martxan jarri eta haien jarraipena egin dadin bultzatzea.

b) Irakasleen lanaren ebaluazioan parte hartzea, Gobernu Kontseiluak zehazten dituen arauei jarraiki, UPV/EHUko Estatutuetako 107. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

c) Proposamenak egitea, ekintzak burutzea eta, oro har, lankidetzan jardutea unibertsitateko organoekin doktorego eskolaren jarduerak hobetu eta berritzeko eta ikastegiko kideen kualifikazioak hobetzeko.

d) Behar dituen laguntza batzordeak sortzea.

e) Arautegien edo eskuordetzaren bidez ematen zaizkion gainerako guztiak.

5.– Kalitate arautegian besterik zehazten ez bada, kalitate batzordeak jardungo du hurrengo kapituluan doktorego eskolaren kide anitzeko organoentzat zehazten diren arauei jarraiki, aplikagarriak zaizkion neurrian.

6.– Doktorego eskolako kalitate batzordeak, bere eskumenen alorrean, ebaluazioa egiteko behar duen informazioa eskuratu ahal izango du. Edonola ere, konfidentzialtasuna eta sekretua gorde beharko ditu, ezinbestean, emandako informazioa erabiltzean.

VI. KAPITULUA
DOKTOREGO ESKOLETAKO KIDE ANITZEKO ORGANOEN FUNTZIONAMENDU ERREGIMENA

15. artikulua.– Bilera motak eta bileren maiztasuna.

1.– Doktorego eskoletako kide anitzeko organoen bilerak ohiko eta ezohikoak izan daitezke.

2.– Ohiko bilerak, gutxien dela, urtean behin egingo dira.

3.– Ezohiko bilera egingo da aztertu beharreko gaiak direla-eta hala egin behar denean, baita aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ezin dira aurreko akten onarpenik eta galde-eskeei buruzko punturik agertu.

4.– Premiazko bilerak ezohikoak izango dira, eta deialdia, gutxienez, 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin beharko da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

16. artikulua.– Bilerarako deia.

1.– Kide anitzeko organoko buruak egin behar du bileretarako deia.

Gainera, kide anitzeko organoetako kideen % 33k eskatzen badu, organoen bilerara deitu behar da. Bilera horiek ezohikoak dira eta zazpi egun baliodunen epean egin behar dira gehienez, eskaera egiten denetik hasita.

2.– Bilerarako deia organoko idazkariak bideratu behar du, aurrerapen nahikoaz eta bilera baino 48 ordu lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta zein aztergai zerrendarekin zehaztuko du deian. Arrazoi justifikaturik egonez gero, aztergaien zerrendan puntu gehiago sartu ahal izango dira, bilera baino 24 ordu lehenagora arte.

Aztergaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, nolanahi ere, bilera baino 48 ordu lehenago.

3.– Edonola ere, aztergaien zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen gutxienez % 10ek behar den garaian eta moduan eskatutakoak.

4.– Guztiak jakitun egon daitezen, deiak argitara eman behar dira organoaren egoitzetan eta bere jarduna betetzen duen gainerako toki guztietan, argitara eman ere organoko kideei bilerarako deia bidaltzen zaien egun berean.

5.– Batzorde iraunkorraren bileretarako eguneko aztergaiei buruzko informazioa doktorego eskolako zuzendaritza batzordeko kide guztien eskura jarriko da.

17. artikulua.– Kide anitzeko organoetako kideen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta oinarrizko arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoko kideak, baina organoak beharrezko neurriak hartuko ditu kideak bileretara joateko eta aldi berean zerbitzua beteko dela bermatzeko.

2.– Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak betetzeko beharrezko dokumentazio eta informazio guztia eskatu eta eskuratzeko. Beraz, doktorego eskolaren arautegiak eskubide hori erabiltzeko prozedura eta epeak finkatu beharko ditu. Besterik zehaztu ezean, kideek idatziz eskatu beharko dute nahi duten dokumentazioa. Eskarian adierazi beharko dute horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduko dute nola dokumentazio hori behar duten beren eginkizunak bete ahal izateko. Eskatzaileak eskubidea daukala behin egiaztaturik, hamabost (15) eguneko epean, gehienez ere, haren esku jarriko da eskolak daukan dokumentazioa eskolako idazkaritzan.

18. artikulua.– Kide anitzeko organoa eratzea.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa bertan egotea lehenengo deialdian, edo gutxienez kideen heren bat egotea bigarren deialdian. Doktorego eskolaren arautegian zehaztuko da lehen eta bigarren deialdiaren artean egon beharreko tartea. Bestelakorik adierazi ezean, deialdi bien arteko tartea 30 minutukoa izango da. Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, beren ordezkoek.

2.– Organoak eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko 20. artikuluan arautzen diren boto eskuordetuak.

3.– Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezkoa den quoruma botazio guztietan izango da beharrezkoa.

19. artikulua.– Bileraren nondik norakoak.

1.– Kide anitzeko organoko buruak bermatu egin behar du bilera behar bezala burutuko dela, eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.

2.– Eztabaidak aztergaien zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, komenigarria izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak hala proposatuta.

3.– Beharrezko jotzen badu, organoko buruak gaia bozkatu aurreko eztabaidaren denbora muga dezake, bai eta ordura arte egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

4.– Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, aztergaien zerrendako punturen bati buruzko iritzia edo informazioa eman dezaten. Bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da aktan. Gonbidatuek ez dute botorik emateko eskubiderik izango.

20. artikulua.– Bozketa.

1.– Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, doktorego eskolaren arautegiak edo bestelako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Beraz, proposamen bakarra dagoenean, aurrera egingo du kontrako baino aldeko boto gehiago lortzen baditu. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengo osoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena. Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitateko botoak erabakiko du.

2.– Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen duenean, eta pertsonei buruzkoa denean beti izango da isilpekoa.

3.– Aurkako botoa eman eta aktan hala jasoarazten dutenek edo abstenitzen direnek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan. Horretarako, botazioa isilpekoa denean, organoko idazkariari eman beharko zaio boto txartela botazioaren unean. Boto txartel hori aktari erantsiko zaio.

4.– Hauteskundeetarako izan ezik, doktorego eskolaren arautegiak jaso ahal izango du botoa kide anitzeko organoko beste pertsona bati eskuordetzeko aukera, bai eta horretarako prozedura ere. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Kontseiluko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.

5.– Kide anitzeko organoko kideek aktan jasoaraz dezakete euren boto partikularra eta boto hori emateko arrazoiak. Halakorik egiteko asmoa izanez gero, bileran bertan adierazi beharko dute eta idatziz aurkeztu, saio amaitu eta 48 ordutako epean, aktan jasota gera dadin. Bozkatutakoak unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti aurkeztuko dira proposamenekin batera. Bestalde, beren parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jasotzea eskatzeko eskubidea dute organoko kideek. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, 48 ordutako epean.

21. artikulua.– Bilerako akta.

1.– Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa bilerako aztergaiei dagozkien dokumentuekin batera banatuko da.

Akta, onartu ostean, idazkariak sinatu behar ditu eta organoko buruak ontzat eman.

2.– Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda, eta bilera amaitu aurretik ezin etorria adierazi dutenen aipamena; aztergaiak; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta haien emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.

3.– Boto partikularrak ere jasoko dira aktan, kide anitzeko organoko kide interesdunek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, 48 ordutako epean.

4.– Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egingo ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo dira.

5.– Kide anitzeko organoa berritu baino lehen, bilera egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egin ditzaten. Esandako epearen barruan erreklamaziorik aurkezten ez bada, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berrituenen hurrengo bileran onartu beharko dira.

22. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.

1.– Kide anitzeko organoko idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.

2.– Doktorego eskolaren arautegian erabakiak argitaratzeko prozedura zehaztuko da. Edozelan ere, hiru eguneko epean argitaratu beharko dira, eta datuak babesteko legeria errespetatuz betiere. Organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egingo direla eta gutxien dela bi hilabete egongo direla jendaurrean. Besterik zehazten ez bada, erabakiak ezagutzera emateko, idazkariak ziurtagiri bat egingo du, eta hor jasoko du doktorego eskolak hartutako erabakien zerrenda. Ziurtagiria doktorego eskolako idazkaritzako iragarki oholean eskegiko da, eta, halakorik duenean, baita eskolaren iragarki ohol birtualean ere.

23. artikulua.– Erabakiak betearazi eta jakinaraztea eta errekurtsoak.

1.– Kide anitzeko organoren erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ezean. Erabakien berri eman beharko zaie kasuan kasuko organoei.

2.– Pertsonei buruzko erabakiak edo lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi beharko zaizkie eragindakoei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin beharko dira.

3.– Oinarrizko arautegi honetan aipatutako kide anitzeko organoen erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.

4.– Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

VII. KAPITULUA
DOKTOREGAIAK, TUTOREAK ETA TESI ZUZENDARIAK

24. artikulua.– Definizioa.

UPV/EHUko doktoregaia izango da, indarreko arauetan zehaztutako baldintzak betetzen dituela frogatu ondoren, UPV/EHUko doktorego eskola bateko doktorego programan onartua izan den eta bertan matrikulatu den pertsona.

25. artikulua.– Doktoregaien eskubideak.

UPV/EHUko doktorego eskoletako doktoregaiek honako eskubide hauek izango dituzte, indarreko legerian eta UPV/EHUko Estatutuetan aitortzen zaizkienez gainera:

a) Kalitateko ikertzaile prestakuntza jasotzea, bikaintasun zientifikoa sustatuko duena eta gizarte erantzukizuna eta zuzentasuna aintzat hartuko dituena.

b) Prestakuntza prozesuan gidatuko duen tutorea edukitzea, bai eta tesia zuzenduko dion zuzendari bat (edo gehiago) edukitzea ere, ikerketan esperientzia frogatua duena.

c) UPV/EHUk eta doktorego eskolek beren doktorego programetan doktoregaiak ikertalde eta ikerketa sareetan sartzea sustatzea.

d) Ikerketako karrera profesionala ezagutzea; halaber, UPV/EHUk bere programetan ikerketa karrera garatzeko aukerak sustatzea.

e) Ikerkuntza prestakuntzarako eta mugikortasun nazional edo nazioartekorako programa eta laguntza-deialdietan parte hartzeko eskubidea.

f) Prestakuntza jardueren ebaluazioa eta jarraipena egiteko arauen berri jasotzeko, besteak beste doktorego tesia egin, gordailuan utzi eta defendatzeko arauen berri.

g) Beren prestakuntza jardueren ebaluazioa egin dakien, irizpide publiko, objektibo, garden eta aurrez ezarrien arabera, eta kontuan harturik ikerlanek orokorrean erakusten duten sormena eta ikerketen emaitzak, hala nola argitalpenak, patenteak eta bestelakoak, eta hori guztia doktoregaiaren prestakuntzaren eboluzioaren testuinguruan azterturik.

h) Bere prestakuntzan zehar egindako lanen egiletza aitor dakien, eta haien jabetza intelektuala babes dakien, bereziki doktorego tesiaren eta haren aurretiko ikerlanen emaitzak, gai honi buruz indarreko legeriak zehazten dituen baldintzetan.

i) Egilekidetza aitortu eta ondo balora dadin, ikerketaren ikuspegi konstruktiboari dagokion bezala.

j) Ikerketa egiten duteneko erakundeen izenak erabiltzea, betiere UPV/EHUk «Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea» izena eta bere erakunde irudia erabiltzeko zehaztuta dituen baldintzak errespetatuz.

k) Askatasuna izatea arazoak konpontzeko metodoak proposatzeko, jardunbide eta printzipio etiko onartuen eta jabetza intelektualari buruzko arauen barruan betiere, eta kontuan hartuta kasuan kasuko zirkunstantzien mugak, hala nola ikerketarenak eta ingurunearenak, gainbegiratze, orientazio eta kudeaketa lanarenak, aurrekontuarenak edo azpiegiturarenak.

l) Doktorego programen jarraipenean eta erakundearen ebaluazio prozesuetan parte hartzea, indarreko legeriak aurreikusita legez.

m) UPV/EHUrekin doktorego aurreko kontratu bat egitea, indarreko legerian eta doktoregoko ikaskuntzarako gestio arautegian ezarritako baldintzetan.

n) UPV/EHUko gobernu organoetako ordezkaritza eskubideei dagokienean, prestakuntza bidean dauden ikertzaile izaera aitor dakien, zientzia eta ikerketari buruzko legerian ezartzen denaren arabera.

o) Doktoregoko ikasle guztiek eskubide eta betebehar berberak izatea, alde batera utzita zein doktorego programatan dauden matrikulaturik.

p) Doktoregaiek eskubidea izango dute aitor dakizkien doktorego programan sartu aurretik eskuratuak zituzten ezagutzak eta gaitasunak edo lan esperientzia, indarreko legerian eta UPV/EHUko Estatutuetan eta haiek garatzeko arauetan aurreikusitako baldintzetan, eta mugikortasunerako eskubidea bermatze aldera. Aitorpen hori tituluaren gehigarri europarrean sartuko da, haren garapen arauetan hala zehazten bada.

q) Indarreko legeriak eta UPV/EHUko Estatutuek eta gainerako arauek aitortzen dizkieten eskubide guztiak.

26. artikulua.– Doktoregaien betebeharrak.

UPV/EHUko doktorego eskoletako doktoregaiek honako betebehar hauek izango dituzte, indarreko legerian eta UPV/EHUko Estatutuetan jasotakoez gainera:

a) Ikastea eta bere hezkuntza osatuko duten jarduera akademikoetan modu aktiboan parte hartzea. Zehatzago esanda, tutore eta tesi zuzendariekin harreman egituratua eta maizkoa izatea, eta jardueren dokumentua eguneraturik edukitzea, indarreko legeriari jarraiki. Dokumentu horretan honako hauek jasoko ditu: ikerlanetan egindako aurkikuntzak, txostenak aurkeztean eta mintegietan jasotako erreakzioak, erantzun horien aplikazioa eta lanen aurrerabidea, kontuan hartuta aurretik zehaztutako egutegia, helburuak, aurkeztutako emaitzak edota ikerketatik sortutako produktuak. Era berean, lehen urtea amaitu aurretik ikerketa plan bat egin beharko du. Gutxienez honako hauek zehaztuko ditu planean: erabiliko duen metodologia, lortu beharreko helburuak eta horretarako baliabideak eta denbora antolaketa. Doktoregaiak plana hobetzen eta zehazten jarraitu ahal izango du programan zehar. Tutoreak eta zuzendariak bermea eman beharko diote planari.

b) Beren arloan onartutako jardunbide etikoei eta oinarrizko printzipio etikoei men egitea, bai eta estatuko, sektoreko edo erakundeko kode deontologikoetan jasotako arau etikoei ere. Konpromisoa sinatu beharko dute doktorego eskolaren jardunbide egokien kodea betetzeko.

c) Datuen jabetza intelektualaren edo jabekidetzaren printzipioa errespetatzea, ikerketa egiten duenean gainbegiratzaileekin edo beste ikertzaile batzuekin batera.

d) Segurtasun eta osasunari buruzko barne arauak ezagutu eta betetzea, bereziki laborategiak erabiltzeari, landa lanari eta ikerketaren bestelako inguruneei dagozkienak.

e) Ordezkaritza karguren baterako hautatua izanez gero, horri dagozkion eginbeharrak betetzea.

f) Ikerketa egiten duteneko erakundeen izenak erabiltzea, erakundeen barne arauei jarraiki eta haiek sinatutako akordio, itun eta hitzarmenen arabera.

g) Konfidentzialtasun betebeharra: Doktoregaiak isilpean gordeko du UPV/EHUk emandako informazioa, edozein modutan emandakoa dela ere, bai eta UPV/EHUko instalazioak, ekipoak edo azpiegiturak erabiltzean edo bertan lanean jardutean bereganatutako informazioa ere. Informazio hori publikoa ez den informazio guztia da, hala nola: UPV/EHUren sekretu industrialak, eskatutako patenteak, teknikak, prozesuak, protokolo esperimentalak, diseinuak, jarduerak edo azterlanak. Goiko paragrafoetan aipatutako informazioa konfidentziala izango da. Konfidentzialtasun betebeharra indarrean egongo da informazio hori publikoaren esku jartzen den arte.

Informazio hauek ez dira konfidentzialak izango:

1) Jakitera ematen aurretik ere publikoa zen informazioa, edo jakitera ematen dena bi aldeetako inork leialtasunari huts egin barik.

2) Jakitera ematen den momentuan bi aldeek dagoeneko ezagutzen zuten informazioa, baldin eta eskuratu ez badute betebehar legalen bati huts egitearen ondorioz.

3) Aldeetako batek epailearen aginduz jakinarazten duen informazioa.

h) UPV/EHUko Estatutuak eta haiek garatzeko arauak bete beharko dituzte.

27. artikulua.– Master ofizialetako ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

Doktorego eskola bati atxikita dauden master ofizialetako ikasleek indarreko legeriak aitortzen dizkien eskubide eta betebeharrak izango dituzte.

28. artikulua.– Tutorearen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Doktorego eskolako doktoregai baten tutorea izango da bertako doktorego programa bateko batzorde akademikoak izendatzen duena doktoregaiaren eta doktorego programaren arteko harremanak bideratzeko. Tutorea izateko, ezinbestekoa izango da doktoregoaren gestiorako UPV/EHUko arautegian horretarako zehaztutako baldintzak betetzea.

2.– Tutoreek izan beharko dute behar den denbora, jakintza, esperientzia, gaitasun teknikoa eta ardura doktoregaiei laguntza egokia emateko; gainera, tutoreek aplikatzen jakin beharko dute doktoregaiek lanean aurrera egiteko eta egindakoa berrikusteko prozedurak eta erreakzio mekanismoak.

3.– Tutorearen eskubideak dira:

a) Doktorego eskolaren egitura eta jardueretan bete-betean txertatzea, bertako doktorego programetarako zehaztutako arauei jarraiki.

b) Instalazio akademiko egoki eta erabilerrazez baliatzea, eta bere tutore lanerako baliabide material egokiak izatea.

c) Doktorego eskolak tutoreentzat eskaintzen dituen prestakuntza jardueretan parte hartzea, beren doktoregaien lana behar bezala gainbegiratu ahal izateko.

d) Indarreko legeriak eta UPV/EHUko Estatutuek eta gainerako arauek aitortzen dizkieten eskubide guztiak.

4.– Tutorearen betebeharrak dira:

a) Beren doktoregaien lana gainbegiratzeko konpromiso dokumentua sinatzea, UPV/EHUk zehazten duenaren arabera.

b) Doktoregaiei laguntzea beren prestakuntza prozesuan, ikasteko behar duten informazioa, orientazioa eta baliabideak emanez.

c) Doktoregaiei beren curriculum ibilbidea eratzen laguntzea.

d) Beren doktoregaien jarduera dokumentu pertsonalizatuak aldiro berrikustea.

e) Doktoregaien ikerketa planaz aldiro txostena egitea eta hari bermea ematea.

f) Doktoregaiak bultzatzea lan mundura sartzeko, ibilbide profesionalari hasiera emateko eta etengabeko prestakuntzari ekiteko.

g) Ezgaitasunak dauzkaten doktoregaien premiak aintzat hartzea, UPV/EHUk ezarritako jarraibideen arabera.

h) Doktorego eskolaren jardunbide egokien kodea betetzeko konpromisoa sinatzea.

i) Indarreko legeriak ematen dizkien gainerako guztiak.

29. artikulua.– Tesi zuzendarien eskubideak eta betebeharrak.

1.– Tesi zuzendariaren ardura izango da doktoregaiaren prestakuntza jarduerak koherenteak eta egokiak izatea, eta tesiaren gaiak bere arlora berrikuntza ekartzea eta eragina edukitzea. Era berean, zuzendariak doktoregaia gidatuko du tesirako lanak planifikatzean eta, hala dagokionean, lanok egokitzean doktoregaiaren gainerako proiektu eta jarduerekin ondo moldatzeko.

2.– Tesi zuzendariaren eskubideak dira:

a) Doktorego eskolaren egitura eta jardueretan bete-betean txertatzea, arautegi honetan bertako doktorego programetarako zehaztutako arauei jarraiki.

b) Instalazio akademiko egoki eta erabilerrazez baliatzea, eta tesiak zuzentzeko baliabide material egokiak izatea.

c) Tesi zuzendaritzan egindako lanen aitorpen akademikoa jasotzeko, doktorego programak proposatzeko arautegian ezarritako baldintzetan.

d) Doktorego eskolak tesi zuzendarientzat eskaintzen dituen prestakuntza jardueretan parte hartzea, bere doktoregaien lana behar bezala gainbegiratu ahal izateko.

e) Indarreko legeriak eta UPV/EHUko Estatutuek eta gainerako arauek aitortzen dizkieten eskubide guztiak.

3.– Tesi zuzendarien betebeharrak dira:

a) Beren doktoregaien lana gainbegiratzeko konpromiso dokumentua sinatzea, UPV/EHUk zehazten duenaren arabera.

b) Doktoregaiekin harreman konstruktibo eta positiboa eratzea, baldintza egokiak sortzeko jakintzaren transferentzia eraginkorrerako eta doktoregaiek etorkizunean ikertzaile karrera ondo garatzeko.

c) Beren doktoregaien jarduera dokumentu pertsonalizatuak aldiro berrikustea.

d) Doktoregaien ikerketa planaz aldiro txostena egitea eta hari bermea ematea.

e) Arduratzea beren doktoregaiek ezagutu ditzaten beren jardueraren eremuaren helburu estrategikoak eta finantzabideak, eta behar diren baimenak eska ditzaten lanari ekin aurretik edo baliabideak eskuratu aurretik.

f) Arduratzea beren doktoregaien ikerketak emankorrak izan daitezen eta emaitza horiek hedatu eta aprobetxa daitezen, adibidez komunikazioen bidez, beste ikerketa batzuetara transferituz edo, hala dagokionean, merkaturatuz.

g) Bidea erraztea beren doktoregaien ikerketak gizarte osora zabal daitezen, adituak ez direnek ulertzeko moduan, hartara jende guztiak hobeto ezagutu ditzan.

h) Arduratzea beren doktoregaiek modu seguruan lan egin dezaten beti, estatuko legeetan zehaztutako jarraibideak betez. Era berean, arduratzea beren doktoregaiek behar diren neurriak har ditzaten datuen babesari eta konfidentzialtasunari buruz legeak agindutakoa betetzeko.

i) Ezgaitasunak dauzkaten doktoregaien premiak aintzat hartzea, UPV/EHUk ezarritako jarraibideen arabera.

j) Doktorego eskolaren jardunbide egokien kodea betetzeko konpromisoa sinatzea.

k) Indarreko legeriak ematen dizkien gainerako guztiak.

VIII. KAPITULUA
NAZIOARTEKO AHOLKULARIEN BATZORDEAZ

30. artikulua.– Nazioarteko Aholkularien Batzordea sortzea.

Doktorego eskolaren barne arautegiak jaso ahal izango du nazioarteko aholku batzorde bat sortzeko aukera. Batzordean egongo da eskolan lantzen diren jakintza adar bakoitzeko edota jakintzaren transferentziaren arlo bakoitzeko pertsona bat gutxienez, eta osakide guztiak itzal handikoak izango dira.

31. artikulua.– Nazioarteko Aholkularien Batzorderako izendapen proposamena.

Doktorego eskolako zuzendariak proposatuko dizkio errektoreari, eskolako zuzendaritza batzordearen iritzia entzun eta gero, nazioarteko aholkularien batzordea osatuko duten pertsonen izenak.

32. artikulua.– Nazioarteko Aholkularien Batzordearen eginkizunak.

Doktorego eskolako nazioarteko aholkularien batzordeak eskolaren jarduera akademikoen eta jardun ildoen ebaluazioa egingo du urtero; gainera, kontseilu iraunkorrak eskatzen dizkion gainerako txostenak ere egingo ditu.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– 5.1 artikuluak ezarritako betebeharren egokitzapena.

Arautegi honetako 5.1 artikuluan eskatzen diren kalitate eta masa kritikoari buruzko eskakizunetako bat (1) betetzen ez duten doktorego eskolak sortzeko proposamenak banan bana aztertuko dira, proiektu bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz. Halakoak onartzeko oso garrantzitsua izango da gainerako irizpideak soberan betetzea.

Bigarrena.– Doktorego eskolen hauteskunde araubidea.

Estatutuetako 163.1 artikuluan Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 5.1 artikuluari lotuta zehazten denari dagokionez, doktorego eskola bakoitzaren barne arautegian zehaztuko da hauteskundeetarako sistema.

1.– Hauteskundeei buruzko arautegi orokorreko 6.2.e) artikuluaren ondorioetarako, doktorego eskoletan hauteskundeetarako deia egiteko eskumena zuzendariak dauka, zuzendaritza batzordearekin adostuta.

2.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 6. eta 9. artikuluen ondorioetarako doktorego batzordeetako hauteskunde batzordearen osakide izango dira doktorego eskolako zuzendaria, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango da) eta eskolako idazkaria (batzordeko idazkaria izango da).

Gainera, osakide hauek ere izango ditu:

a) Doktorego programetako eta master programetako (masterrik balego) koordinatzaileen ordezkari bat, kasuan kasuko eskolari atxikiak.

b) Doktoregaien eta masterreko ikasleen (masterrik balego) ordezkari bat.

c) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

d) Eskolako zuzendaritza batzordeko beste sektoreen ordezkari bat.

Guztiak zozketaz izendatuko dira eta botoa izan beharko dute hauteskundeetan.

Gobernu organorik ez balego, doktorego eskoletako hauteskunde batzordea honela eratuko da:

a) Batzordeko burua: Doktorego programetako eta master programetako (masterrik balego) koordinatzaileen artean kategoria eta antzinatasun handiena daukana, kasuan kasuko eskolari atxikia betiere.

b) Idazkaria: Doktorego programetako eta master programetako (masterrik balego) koordinatzaileen artean kategoria txikien eta urte gutxien dauzkan pertsona, kasuan kasuko eskolari atxikia betiere.

c) Beste osakide hauek ere izango ditu doktorego eskolako hauteskunde batzordeak: doktoregaien eta masterreko ikasleen (masterrik balego) ordezkari bat, eskolari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat eta, eskolako zuzendaritza batzordean dagoen beste sektore baten ordezkaria, halakorik balego. Hauek guztiak zozketaz hautatuko dira eta botorako eskubidea izango dute hauteskundeetan. Ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak egingo dira kasuan kasuko egitura sortu edo banatzeko egindako proposamenean jasotako egutegiaren arabera.

3.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 3.7 artikuluaren ondorioetarako, doktorego eskoletako hauteskundeetan hau izango da hauteskunde barrutia:

a) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak aukeratzeko, hauteskunde barruti bakarra egongo da: doktorego eskola.

b) Doktoregaien eta masterreko ikasleen (masterrik balego) ordezkariak, doktorego eta masterretako (masterrik balego) koordinatzaileak, erakunde laguntzaileen ordezkariak, eta eskolako zuzendaritza batzordean egon litekeen beste sektore bateko ordezkariak hautatzeko, hau izango da hauteskunde barrutia.

– Doktorego eskolan jakintza adar bakarra lantzen bada, hauteskunde barruti bakarra izango du: doktorego eskola.

– Doktorego eskolan jakintzaren adar bat baino gehiago lantzen badira, zenbat adar lantzen diren, horrenbeste hauteskunde barruti izango ditu.

Hautesleen erroldak eta hautagai zerrendak hauteskunde barrutiaren araberakoak izango dira.

4.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 6. artikuluari dagokionez arautegi honetako 1.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, onartzen diren egutegietan epe hauek errespetatu beharko dira:

Hautesleen errolda gutxienez 6 egunean egon beharko da argitaratuta doktorego eskolak irakaskuntza daukan ikastegietako iragarki oholetan (fisiko nahiz elektronikoetan) eta eskolaren egoitza administratiboan. Erroldan akatsik egonez gero, doktorego eskolak zuzenduko ditu ofizioz, edo interesdunak horretarako epean inpugnazioa aurkeztuta, eta eskolak akatsa dagoela egiaztatu eta gero.

Eskolaren barne arautegian sufragio unibertsala aukeratu bada, hautagai zerrendak aurkezteko epea gutxienez zazpi egunekoa izango da, eta gutxien dela botazio eguna baino hamar egun lehenago amaituko da.

5.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18. eta 19. artikuluen ondorioetarako:

«Artikulu horretan ikastegiko dekanoa edo zuzendaria aipatzen denean, doktorego eskolako zuzendariaz ere ari dela ulertu beharko da.

Artikulu horretan Ikastegiko Batzarra aipatzen denean ulertu beharko da doktorego eskolako zuzendaritza batzordeaz ere ari dela».

6.– Kontseilu iraunkorraren osaerari eta kideak hautatzeko erari dagokionez:

Doktorego eskolen kontseilu iraunkorrak osakide hauek izango ditu: doktorego eskolako zuzendaria, idazkaria, administrazioko burua eta hauteskunde talde bakoitzeko ordezkari kopuru bat, taldeek eskolako zuzendaritza batzordean daukaten ordezkaritza portzentajearen araberakoa. Edozelan ere, kontseilu iraunkorrean gutxienez ordezkari bana izango dute zuzendaritza batzordean ordezkaritza daukaten taldeek, eta behar izanez gero, gorantz biribilduko dira kopuruak.

Talde bakoitzaren ordezkariak taldeak zuzendaritza batzordean dauzkan ordezkariek hautatuko dituzte beren artetik.

7.– Erakunde laguntzaileen ordezkarien hautaketa edo izendapena.

Erakunde laguntzaileen ordezkariek beren artetik aukeratuko dituzte doktorego eskolako ordezkaritza eta zuzendaritza organoetan izango dituzten ordezkariak.

Hirugarrena.– UPV/EHUren master eta doktorego eskolaren egoera.

UPV/EHUko master eta doktorego eskolako zuzendaritza batzordeak eta kontseilu iraunkorrak oraingo osaerari eutsi ahalko diote barne arautegian. Era berean, kontseilu iraunkorrari eskuordetu ahal izango diote barne arautegia prestatu eta proposatzeko lana.

Laugarrena.– Jakintzaren adarrak.

Jakintza adarrak dira urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate-ikasketa ofizialak antolatzen dituenak, zehaztutakoak:

Arteak eta Giza Zientziak

Zientziak

Osasunaren Zientziak

Gizarte eta Lege Zientziak

Ingeniaritza eta Arkitektura

Bosgarrena.– Master eta doktorego eskolako ikasleen kontseilua.

Master eta doktorego eskolan ikasleen kontseilu bat eratuko da, bertako zuzendaritza batzordea ikasleen ordezkaritzak osatutakoa.

Master eta doktorego eskoletako ikasleen kontseiluei dagokie, besteak beste, saileko kontseiluetan izan beharreko masterreko ordezkaritza izendatzea, baldin eta eskola hauei atxikita dauden programetan ari badira.

Izaera profesionaleko masterretako ikasleen ordezkaritza izendatzea, kasuan kasu, atxikitako ikastegietako ikasleen kontseiluei dagokie.

Seigarrena.– Arautegi subsidiarioa.

Arautegi honetan jasota ez dagoen guztirako doktoregoaren, edota masterren, gestiorako indarreko arautegiari jarraituko zaio, bai eta kasuan kasuko doktorego eskolak eskaintzen dituen doktorego programetarako onartzen diren arauei ere, bereziki Doktorego Programak Proposatzeko Arautegiari.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Graduondoko batzordeaz.

Graduondoko batzordea eratzen ez den artean, arautegi honetan graduondoko batzordeaz egiten diren aipamenak Akademia Antolakuntzako Batzordeko Doktoregoko Azpibatzordeari dagozkiola ulertu behar da.

Bigarrena.– Sorrera proposamenen aurkezpena.

Doktorego eskola berriak sortzeko proposamenak UPV/EHUren gobernu-kontseiluari aurkeztu beharko zaizkio, honako oinarrizko arautegi hau indarrean sartu eta hamabi (12) hil iraganda.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala