Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

1. zk., 2013ko urtarrilaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
3

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2010eko azaroaren 11ko bilkuran hartua, Muskizko Udalaren 2008ko Kontu Orokorraren fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2010eko azaroaren 11n egindako bilkuran honako hau

ERABAKI DU:

Muskizko Udalaren 2008ko Kontu Orokorraren fiskalizazio txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura agertzen dena.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko azaroaren 11.

HKEEren lehendakaria,

JOSÉ IGNACIO MARTÍNEZ CHURIAQUE.

HKEEren idazkari nagusia,

TERESA CRESPO DEL CAMPO.

ERANSKINA
MUSKIZKO UDALAREN 2008KO KONTU OROKORRAREN FISKALIZAZIO TXOSTENA

I.– Sarrera.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (aurrerantzean HKEE) otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Muskizko Udalaren eta bere Toki Erakunde Autonomoen 2008ko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.

Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:

– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida.

– Kontabilitatea Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek besarkatzen ditu: Udalaren eta bere Erakunde Autonomoen egoeraren balantzea, galera-irabazien kontua, memoria eta aurrekontuen likidazioa.

– Bestelako alderdiak: lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta zuhurtasunari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, Udalaren eta bere Erakunde Autonomoen kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen II. idazpuruan aztertu ditugu.

– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.

Berebat, informazio osagarria duen eranskin bat gehitu da; bertan Udalaren antolamenduzko alderdiak deskribatzen dira, hala nola, hainbat atalen osaera eta funtzionamendua, udala-hiritarraren arteko informazio fluxuen analisia, zuzendaritza sistemak, gardentasuna edota garrantzizko iritzi ditugun beste hainbat.

Muskizko udalerriak 7.089 biztanle ditu 2008ko urtarrilaren 1eko udal erroldaren arabera. Antolamenduan Udalaz gain, Muskizko udal Euskaltegiaren helduen alfabetatze eta euskalduntzerako Toki Erakunde Autonomoa eta Forlan Toki Erakunde Autonomoa besarkatzen ditu.

II.– Iritzia.

II.1.– Udala.

II.1.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

Langileria:

1) Hautaketa prozesuetako deialdien iragarkiak Udalaren iragarki oholean soilik eman dira argitara; deialdi horien bitartez bitarteko 4 funtzionario eta aldi baterako lan kontratupeko langile bat kontratatu dira, 2008ko urtean Udalean lan egin dutenak. Prozedura honek ez du bermatu Funtzio Publikorako sarbidean buru egiten duten publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak bete izana eta horrek Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 33.1 artikulua urratzen du (aurrerantzean EFPL).

Kontratazioa:

2) Udalak San Martin enpresa parkerako sarbidea eraikitzeko lanen kudeaketa, 1.620.517 euroko aurrekontua izan duena, Muskizko SI 1 - San Martin industri sektoreko Kooperaziorako Elkarte Administratiboari eman dio enkargu eta honek obrak zuzenean esleitu direla esan nahi du, administrazioaren kontratazioan buru egiten duten publizitate eta lehia printzipioak urratuta. Obra hauek Udalak 1.153.645 eurorekin finantzatu ditu eta gainerakoa, sektoreko jabeen artean. Horrezaz gain, 2006ko azaroaren 8an Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendurako Sailak udalari obra hauek egiteko 1.153.645 euroko diru-laguntza eman zion. Udalak aurrekontuz kanpo erregistratu ditu, 2008ko abenduaren 31n zorpetutako bai gastua, bai diru-laguntza ere; honek abenduaren 2ko 10/2003 FAren 5. artikuluak agintzen duena urratzen du, Bizkaiko Lurralde Historikoaren Toki Entitateen Aurrekontuei buruzkoa (aurrerantzean 10/2003 FA).

3) Udalak 198.448 mila euroko gastuetan ez ditu sektore publikoko kontratazio arauetan aurreikusitako kontratuen esleipen prozedurak bete, bi obra eta hornidura bati dagokienez.

4) 2006an Udalak haurtzaro, gazteria eta familiarekin giza-heziketazko esku-hartze zerbitzua emateko kontratua esleitu zuen 150.000 euroko zenbatekoarekin; zerbitzu honek 2008ko ekitaldian 171.300 euroko gastua eragin du, horretarako kreditu egoki eta behar hainbatekorik izan gabe, Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 11. artikuluak agintzen duen moduan (aurrerantzean, HAKLTB).

5) Antonio Trueba Zeharbidean aire zabaleko sarbideak instalatzeko kontratua 418.366 euroan esleitu zen; kontratu horri dagozkion administrazio klausula partikularren pleguek ez dute adierazten zein den lehiatzaileek egiaztatu behar duten sailkapena.

6) Udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren lizitazioa, guztira 495.000 euroan eta bi urtetarako esleitu zena, ez da ez Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean (DOUE), ez Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu eta horrek HAKLTBren 203 eta 78. artikuluetan xedatutakoa urratzen du.

7) Gazteriaren eta gazte zentroaren programazio zerbitzua 2005eko urtean 2 urtetarako guztira 129.035 euroko zenbatekoarekin esleitu zen; bertan egindako aldaketek, esleipen zenbatekoa % 61 garestitzea eragin dute. Igoaldi izugarri honek kontratuaren xedea guztiz eraldatzen du eta HAKLTBn jasotako lehia printzipioak urratzen ditu.

Epaitegi honen iritzira, Muskizko Udalak, aurreko idatz-zatietan aipatutako lege hausteak alde batera, zuzentasunez bete du 2008ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.1.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

Udalak Itunpeko zergetan, Udalkuntxan, parte hartzeagatik kitatutako eskubideak 2008ko ekitaldiaren azken kitapenaren konturako ordainketei eta 2007ko ekitaldiko likidazio positiboari dagozkio; erregistratzeko dago, alabaina, 2008ko ekitaldiaren likidazio negatiboa, 204.418 mila eurokoa. BFAren 2009ko urtarrilaren 24ko Gobernu Batzordeak erabakitakoari jarraikiz, kopuru horren itzulketa bederatzirenetan egingo da 2009ko apiriletik aurrera eta Udalkutxaren konturako dagozkion ordainketak kargututa konpentsatuko dira.

1) Udalak ez du gaurkotutako ondasun eta eskubideen zerrendarik, egoeraren balantzean jasotako ibilgetuaren kopuruak 2008ko abenduaren 31ko ondasun eta eskubideen egiazko egoerarekin bat datozen ondorioztatzen utziko duena, ez eta ibilgetu material eta ez-materiala amortizatzeagatiko gastu modura erregistratutako zenbatekoaren zuzentasuna ezagutzen ere.

2) Hona hemen 2008ko abenduaren 31n gastu orokorretarako Diruzaintza Geldikinak, data horretan itxitako Egoera Balantzeak eta Muskizko Udalaren Fondo Propioak eragiten dituzten doiketak:

(Ikus .PDF)

Epaitegi honen iritzira, 1. paragrafoan adierazitako alkantzearen mugaketak izan dezakeen eragina eta 2. paragrafoko salbuespenak alde batera, Muskizko Udalaren Kontu Orokorrak alderdi esanguratsu guztietan 2008ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa erakusten du, ondarearen eta 2008ko abenduaren 31n finantza egoeraren isla leiala eta ekitaldian zehar bere eragiketen emaitzena.

II.2.– Euskaltegia Toki Erakunde Autonomoa.

II.2.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

Langileria:

1) Lau irakasleren kontratazioan, 2008ko ekitaldian Erakundean iraupen mugatuko lan kontratuekin zerbitzu eman dutenetan, ez dira bete Funtzio Publikorako sarbidean buru egiten duten publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak eta horrek EFPLren 33.1 artikulua urratzen du.

2) Ez da Lanpostuen Zerrenda onetsi, EFPLren 13. artikuluak eta ondokoek agintzen duten legez.

Epaitegi honen iritzira, Euskaltegia Toki Erakunde Autonomoak, aurreko idatz-zatietan aipatutako lege hausteak alde batera, zuzentasunez bete du 2008ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.2.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

1) Udalak ez du gaurkotutako ondasun eta eskubideen zerrendarik, Egoeraren Balantzean jasotako ibilgetuaren zifrak 2008ko abenduaren 31ko ondasun eta eskubideen egiazko egoerarekin bat datozen ondorioztatzen utziko duena; berebat, ez du inongo gasturik erregistratu ibilgetu material eta ez-materialaren amortizazio kontzeptuan.

Epaitegi honen iritzira, aurreko idatz-zatiko ez betetzea salbuetsita, Euskaltegia Toki Erakunde Autonomoaren Kontu Orokorrak alderdi esanguratsu guztietan 2008ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa erakusten du, ondarearen eta 2008ko abenduaren 31n finantza egoeraren isla leiala eta data horretan amaitutako urteko ekitaldian zehar bere eragiketen emaitzena.

II.3.– Forlan Toki Erakunde Autonomoa.

II.3.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

Langileria:

1) Bost langileren kontratazioan erabilitako hautaketa prozedurak, 2008ko ekitaldian Erakundean Areako hondartzan uda partean begirale kategorian iraupen mugatuko lan kontratuekin zerbitzu eman dutenetan, ez da bermatu Funtzio Publikorako sarbidean buru egiten duten publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak bete izana eta horrek EFPLren 33.1 artikulua urratzen du.

2) Ez da Lanpostuen Zerrenda onetsi, EFPLren 13. artikuluak eta ondokoek agintzen duten legez.

Epaitegi honen iritzira, aurreko idatz-zatian azaldutako ez betetzeak alde batera, Forlan Toki Erakunde Autonomoak zuzentasunez bete du 2008ko ekitaldian ekonomia-finantza jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.3.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

1) Erakundeak ez du gaurkotutako ondasun eta eskubideen zerrendarik, Egoeraren Balantzean jasotako ibilgetuaren zifrak 2008ko abenduaren 31ko ondasun eta eskubideen egiazko egoerarekin bat datozen ondorioztatzen utziko duena; berebat, ez du inongo gasturik erregistratu ibilgetu material eta ez-materialaren amortizazio kontzeptuan.

2) Hona hemen 2008ko abenduaren 31n gastu orokorretarako Diruzaintza Geldikinak, data horretan itxitako Egoera Balantzeak eta Erakundearen Fondo Propioak eragiten dituzten doiketak:

(Ikus .PDF)

Epaitegi honen iritzira, aurreko idatz-zatietako ez betetzeak salbuetsita, Forlan Toki Erakunde Autonomoaren Kontu Orokorrak alderdi esanguratsu guztietan 2008ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa erakusten du, ondarearen eta 2008ko abenduaren 31n finantza egoeraren isla leiala eta data horretan amaitutako urteko ekitaldian zehar bere eragiketen emaitzena.

III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honetan jaso dira bai ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioen betetzea nabarmen eragiten ez duten hutsak, bai prozedurazko alderdiak ere, kudeaketa hobetzeko azaleratu ditugunak.

III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.

– 2008ko ekitaldiari dagokion aurrekontua hasiera batean 2008ko urriaren 9an onetsi zen. Aurrekontuari egindako alegazioen ondorioz, behin betiko 2008ko azaroaren 27an onetsi zen eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) 2008ko abenduaren 18an eman zen argitara. Aurrekontua dagokion ekitaldiaren aurreko urteko abenduaren 31 baino beranduago onesteak 10/2003 FAren 15.2 artikulua urratzea dakar.

– 2006ko ekitalditik eratorritako kredituak txertatu zaizkio udal aurrekontuari, 367.713 euroko zenbatekodunak, 10/2003 Foru Arauaren 32.4 artikuluan ezarritako mugaketa urratuz; izan ere, FA honek agintzen baitu txertatutako kredituak txertaketa gertatzen den ekitaldian zehar gauzatu beharko direla, eta ezingo direla txertaketa jarraituak egin, helburudun sarrerekin finantzatzen diren kapitalezko eragiketen kasua salbuetsita. Gainera, 10/2003 FAren 32.1 artikuluan ezarritako betekizunetatik batere betetzen ez zuten kredituak txertatu dira, 40.000 euroko zenbatekoarekin.

– Forlan Toki Erakunde Autonomoaren 2008ko Aurrekontu Likidazioan, aurrekontuan bi aldaketa erregistratu dira; aldaketa horiek Hezilan-Lanera eta aurreko ekitaldietako Lanbide-hastapeneko ikastaroetako programen gastuak finantzatzera emanak zeuden, 140.607 euroko zenbatekoarekin. Programak, hurrenez hurren, BFAk eta Eusko Jaurlaritzak lagundu ditu diruz % 100ean. Aldaketa hauek gastu orokorretarako diruzaintza geldikinaren kontura egin dira, izan ere, zegozkien diru-laguntzak aurreko ekitaldietan erregistratu eta kobratu baitziren, bere garaian izapidetu behar zen kreditu gaitasuna izapidetu gabe.

Kontularitzako erregistroari dagokionez, hona hemen azaleratu diren akatsak:

– 2008an Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren urteko finantza konpentsazioaren itzulketa, 106.359 eurokoa, «Zerga zuzenak» 1. kapituluan erregistratu da; ordea, izaeraren arabera, «Transferentzia eta diru-laguntza arruntak» 4. kapituluan erregistratu behar zatekeen.

– EIOZ kontzeptuko aurrekontu zordunak eta Kaudimengabezietarako zuzkidura kontusailak 476.954 euroan murriztu behar lirateke, 1991 eta 2001eko ekitaldietako kontularitzako erroreak zuzentzeko; izan ere, ez baitziren zegokion ekitaldian errekurritu eta baliogabetutako likidazioak desegin, jada likidazio berria jaulkia izanik.

– Forlan Toki Erakunde Autonomoak aurrekontuz kanpoko zordun modura barne hartu ditu epe finkorako ezarpenei dagozkien 559.994 euro; ordea, duten izaera aintzat hartuta, «Diruzaintza» idazpuruan erregistratu behar ziratekeen.

III.2.– Langileria.

– Udalaren zein erakunde autonomoen 2008ko ekitaldiaren aurrekontu plantilek ez dituzte dagozkien kreditu dotazioak ordaingarri diren ordainketa kontzeptuen arabera antolatuak barne hartzen, EFPLren 21. artikuluak agintzen duen legez.

III.3.– Diru-laguntzak.

– Fatxadak konpondu eta igogailuak jartzeko, hirugarren munduarekiko kooperaziorako eta kirol elkarteentzako diru-laguntzen emakida arautzen duten oinarri-arauak ez dira dagokion aldizkari ofizialean argitaratu, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren (aurrerantzean DLO) 9.3 artikuluak agintzen duen moduan; diru-laguntza horiek 164.343 euroko gastua eragin dute 2008an.

– Udalak ez du ez iragarki oholean, ez BAOn argitaratu diru-laguntzen emakida, DLOren 18. artikuluak agindutakoaren arabera beharrezkoa gertatzen den suposamenduetan.

III.4.– Kontratazioa.

Udalaren kontratazio administratiboa aztertu dugu eta iritziaren atalean aipatu ditugun ez betetzeak alde batera, honako alderdi hauek bereizi behar ditugu:

– Proiektua gainbegiratzeko txostena.

Guztira 1.985.683 euroan esleitutako lau obra espedientetan ez dago proiektuaren gainbegiraketa txostenik eta horrek APKLTBren 128. artikulua urratzen du (12., 13., 15. eta 16. espedienteak).

– Administrazio klausula partikularren pleguak.

Guztira 4.562.672 euroan esleitutako 7 kontraturi eta aleko prezioetan esleitutako kontratu bati (2008an 321.238 euroko gastua eragin duenak) dagozkien pleguek, besteak beste, lehiatzaileen esperientzian eta/edo kaudimenean oinarritutako irizpideak barne hartzen dituzte eta ez eskaintzaren ezaugarri teknikoetan oinarritutakoak, APKLTBren 15. artikuluak eta hurrengoek agintzen duten moduan (3., 4., 5., 6., 7., 8., 9. eta 11. espedienteak). Horietatik, guztira 2.996.229 euroan esleitutako 4k eta aleko prezioetan esleitutakoek objektiboa ez den esleipen irizpidea barne hartzen dute, Muskizko errealitatea ezagutzea, alegia eta horrek APKLTBren 86. artikulua urratzen du (3., 4., 6., 7. eta 8. espedienteak).

1.302.098 euroko zenbatekoarekin esleitutako 3 kontraturen pleguek prezioa balioztatzeko eskaintza merkeenak zigortzen dituen formula erabiltzen dute (1., 12. eta 13. espedienteak).

150.000 euroko zenbatekoarekin esleitutako kontratu bateko pleguek (11. espedientea) ez dituzte kaudimen ekonomikoa, finantzazkoa, teknikoa eta profesionala egiaztatzeko baliabideak adierazten, 1.098/2001, Errege Dekretuaren 67. artikuluak agintzen duen moduan, Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorra (aurrerantzean, HAKLEO).

– Kontratazio Mahaiaren osaera.

Guztira 1.289.985 euroan esleitutako lau kontratutan, Presidenteak, bokal batek eta Idazkariak edo Artekariak Mahaiaren idazkira modura osatu zuten mahaia; ordea, APKLTBren Bederatzigarren Xedapen Gehigarriak gutxienez 3 bokal egongo direla agintzen du (1., 11., 14. eta 16. espedienteak).

– Nortasun juridikoa, kaudimena, zerga obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta beste batzuk bete izana egiaztatzea.

Guztira 1.972.474 euroko zenbatekoarekin esleitutako 3 espedientetan (7., 9. eta 12. esp.), ez dago jasoa esleipen hartzailearen nortasun juridikoa egiaztatuko duen dokumenturik. Horietako batean, 560.000 euroan esleitutakoan, ez dago erasota, gainera, dagokion sailkapenaren ziurtagiririk (12. espedientea).

– Esleipen irizpideak.

Kontratazio mahaiak eskatutako txosten teknikoan, zeinaren arabera Udalak 4 kontratu 1.761.441 euroan eta beste bat aleko prezioetan esleitu dituen (3., 4., 10., 12. eta 13. espedienteak), pleguetan finkatutako irizpide objektiboak azpi-irizpideetan egituratu dira eta horiei ponderazio jakin bat esleitu zaie. Pleguetan ez zen jaso azpi-irizpideei esleitutako balioa eta gainera, 2 kasutan (12. eta 13. espedienteak) pleguetan aurreikusi gabeko azpi-irizpideak hartu dira aintzat.

– Zerga obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete izana egiaztatzea.

2.242.890 euroan esleitutako 4 espedientetan (7., 9., 12. eta 15. espedienteak) ez dago esleipen hartzaileak zerga obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituela egiaztatuko duen agiririk eta horrek APKLTBren 79.2 artikuluan ezarritakoa urratzen du.

– Esleipenaren publizitatea.

Aztertu ditugun espedienteetarik batean ere ez da argitaratu esleipena dagokion egunkari edo aldizkari ofizialean, APKLTBren 93.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

– Zuinketa egiaztatzeko akta.

Guztira 1.302.098 euroko zenbatekoarekin esleitutako 3 obra espedientetan (1., 12. eta 13. espedienteak) ez dago zuinketaren egiaztapen aktarik. Udalak 270.416 mila euroan esleitutako beste batean (15. espedientea), zuinketa akta izenpetu da APKLTBren 142 artikuluak kontratua gauzatzen den unetik agintzen duen hilabeteko epea igaroa zela.

– Kontratu aldaketak gauzatzea.

Guztira 129.035 euroko zenbatekoarekin esleitutako kontratu batean (9. espedientea), ez dago erasota gauzatu diren bi aldaketak, guztira 28.300 eurokoak, dagokion agiri administratiboan formalizatu direnik eta horrek APKLTBren 101. artikulua.

– Exekuzioan atzeraldiak.

Udalak 742.098 euroan esleitutako 2 obra espedientetan (1. eta 13. espedienteak), exekuzio epeak urratu direla ikusi dugu, epea luzatzeko dagozkion onespenak bideratu gabe, APKLTBren 96. artikuluak agindutakoari jarraikiz.

IV.– Finantzen analisia.

Etorkizunean Udal Administrazioek egingo dituzten inbertsioen balizko finantzaketa iturriak honako hauek dira: ekitaldi bakoitzean sortzeko gai diren aurrezki garbia (emaitza arrunta ken finantza pasiboen aldaketak eragindako gastuak), diruzaintza geldikinak eta diru-laguntza bidez edo zorpetze berri baten bidez eskura dezaten kanpoko finantzaketa.

Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua. Konparazio ondorioetarako, 5.001 eta 10.000 biztanle bitarteko (geruza honetan baitago udala) Bizkaiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalen batez bestekoen 2007ko ekitaldiari buruzko datuak barne hartu dira (eskuragarri dauden azken datuak).

(Ikus .PDF)

Sarrera arruntak: 2007an % 27 egin dute gora eta % 34 jaitsi dira 2008an, aurreko ekitaldietako bakoitzarekiko. Aldakuntza nagusiak honako hauek izan dira:

– Zerga zuzenak, zeharkakoak, tasak eta bestelako sarrerak: sarrera hauek % 23 egin dute gora 2007an eta % 10 jaitsi dira 2008an. Hona hemen aldakuntza nagusiak:

  • Zerga zuzenek eragindako sarrerak % 8 murriztu ziren 2008an, Bizkaiko Foru Aldunditik (aurrerantzean BFA) eta Eusko Jaurlaritzatik jasotako konpentsazio finantzarioa desagertu izanaren ondorioz, aurreko ekitaldietan kapitulu honetan erregistratu zena; gainera, 2007an jasotako konpentsazioaren itzulketa erregistratu zen, 106.359 eurokoa eta kontzeptu honekin berarekin.
  • Eraikuntza, Instalakuntza eta Obren gaineko Zergak (EIOZ) eragindako sarrerak 2006an 300.387 euro izatetik, 2007an eta 2008an, hurrenez hurren, 1.111.830 eta 602.263 euro izatera aldatu dira. Sarrera hauek ekitaldi bakoitzeko proiektuen eta ematen diren eraikuntza baimenen baitakoa da eta, honenbestez, merkatuko fluktuazioetara meneratua dago.
  • Tasak eta bestelako sarrerek eragindako sarrerei dagokienez, % 1 egin dute gora 2007an eta % 20 2008an. Igoera nagusienak lur azpia, lurzorua eta hegala okupatzeagatiko tasen, Zabor bilketa eta Kultur Zerbitzuen kontusailei dagozkie.

– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: transferentzia eta diru-laguntza arruntek eragindako sarrerak % 21 gehitu ziren 2007an eta % 13, 2008an, batik bat Udal finantzaketarako Foru Fondoaren kontzeptuan erregistratutako sarrerek izan duten bariazioaren ondorioz; izan ere, funts horiek 2006an 3.833.681 eurokoak izatetik, 2007an 4.494.110 euro eta 2008an 5.295.319 euro egitera aldatu baitira. Udalak funts honen likidazioak zorpetzen diren ekitaldian ez baizik eta hurrengoan erregistratzen ditu. Baldin eta likidazio bakoitza zegokion ekitaldian erregistratu izan balitz, kapitulu honetan aitortutako eskubideek % 20 egingo zuketen gora 2007an eta % 2 murriztu 2008an.

– Ondare sarrerak: ehuneko 117 egin zuten gora 2007an eta % 43 egin dute behera 2008an. 2007ko igoera, batetik, San Martingo 5. UAUren hirigintzako aprobetxamendu kontzeptuan egindako sarreren erregistroari dagokio, 325.000 eurokoa, eta bestetik, banku erakundeetan gordailuen interes kontzeptuan erregistratutako interesek gora egin izanari.

Bestalde, 2006 eta 2007 ekitaldi bakoitzean 300.000 erregistratu ziren, 2006an Covarongo hondakindegia ustiatzen zuen enpresarekin izenpetutako hitzarmenari dagozkionak. Hasierako bi ordainketa hauezaz gain, enpresak konpromisoa hartu zuen bete-lanean erabilitako m3 material bakoitzeko 0,60 euroko zenbatekoa ordaintzeko. Hondakindegia jardunean aritu ez denez gero, ez da kontzeptu honekin inongo diru-sarrerarik erregistratu 2008an. Berebat, azpimarratu egin behar da 2008an gora egin dutela baso aprobetxamenduko sarrerek, 2007an 3.661 euro egitetik 2008an 206.383 euro egitera pasa direnak.

Funtzionamendu gastuak: % 12 gehitu dira 2007an eta % 15, 2008an. Hona hemen izan diren aldaketa nagusiak:

– Langile gastuak: % 9 gehitu ziren 2007an eta % 11, berriz, 2008an. 2008an igoeraren arrazoia, urteko soldata igoeraz gain, % 5,20a, 2008ko maiatzaren 22an Udalbatzak onetsitako lanpostuen baloraziotik eratorritako ordainsari igoerei dagokie.

– Ondasun arrunten erosketa eta zerbitzuak: ehuneko 9 egin zuten gora 2007an eta ehuneko 17, berriz, 2008an. Hona hemen aztergai izan dugun aldian igoaldirik handien nozitu duten kontusailak: Bide garbiketa eta zabor bilketa (% 77); Bestelako hainbat gastu (% 127); Ur hornidura (% 34); Etxerako laguntza zerbitzua (% 75); Kultur eta kirol jarduerak (% 23) eta kiroldegiaren kudeaketa (% 20).

– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: % 43 gehitu ziren 2007an eta % 13, berriz, 2008an. Aztergai izan dugun aldian igoerarik garrantzizkoenak honako hauei dagokie: bi toki erakundeei egindako transferentziei, 118.000 eurokoak; fatxadak konpondu eta igogailuak jartzeko diru-laguntzei eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzei, hurrenez hurren, 83.606 eta 66.152 eurokoak.

Aurrezki gordina Sarrera arrunten eta funtzionamendu gastuen arteko aldea % 79 gehitu da 2007ko ekitaldian eta % 66 egin du behera 2008ko ekitaldian, bi ekitaldietan % 11ko igoera garbia ekarri duena.

Aurrezki garbia: finantza zamen ordainketari aurre egin ondoren erabilgarri geratzen den aurrezki gordinaren atala islatzen du eta Udalak baliabide arrunten bidez inbertsioak finantzatzeko duen gaitasuna erakusten du. Udalak zorpetzerik ez duenez gero, aldaki honen bilakaera aurrezki gordinak izan duen bera izan da.

Kapitalezko eragiketen emaitza: inbertsio garbia 665.127 eurokoa izan da 2006an, 1.737.419 eurokoa 2007an eta 3.110.205 eurokoa 2008an. Ekitaldi hauetan erregistratu diren eragiketa nagusiak honako hauei dagozkie:

– Inbertsioak besterentzeagatiko sarrerak: 2007an 60.485 euro erregistratu ziren herri-lurrak besterenganatzeko kontzeptuarekin. 2008an kontzeptu berarekin 30.214 erregistratu dira eta 15.600 euro areto baten besterenganatzearen ondorioz.

– Kapitalezko diru-laguntza eta transferentziek eragindako sarrerak: 2006an Udalak 235.871 euro jaso zituen BFAtik udaletxea handitzeko lanak finantzatzeko; horietatik 2008an 205.345 euro itzuli ditu, gastuak egiaztatzeko epea ez betetzeagatik.

Gainera, bai 2006an bai 2007an EAEren Administrazio Orokorretik diru-laguntzak jaso zituen, mehatze guneak zaharberritzeko 143.476 eurokoak eta Izartu programa finantzatzera emandakoak, 140.824 eurokoak.

– Inbertsio errealek eragindako gastuak Gastu hauek 2006an 1.418.895 eurokoak izatetik, 2007an 2.061.704 euro eta 2008an 2.962.389 euro izatera aldatu dira. Hiru ekitaldi hauetan egindako obra nagusienak honako hauek dira: udaletxea handitu eta zaharberritzea, 667.444 euroko gastua eragin duena; Kultur Etxean dagoen liburutegia birmoldatzea, 574.138 eurokoa; eta Antonio Trueba zeharbidean irispide mekanikoa instalatzeko lanak, 416.853 eurokoak.

Diruzaintza geldikina: aurreko idatz-zatietan adierazitakoaren ondorioz, diruzaintza geldikina 2006an 3.943.920 euro izatetik, 2007an 5.771.951euro eta 2008an 4.830.647 euro izatera aldatu da; honenbestez, aztergai izan dugun aldian % 22ko igoera izan du. Urtetik urterako terminoetan, magnitude honek % 16 egin du behera 2007ko ekitaldiarekiko. Udalak ez du itunpeko zergetan parte hartzeagatiko 2008ko ekitaldiko likidazio negatiboa (Udalkutxa) kontuetaratu, 204.418 euroren zenbatekoan. Udalkutxaren eragina eta epaitegi honek proposatutako doiketak (752.725 euro) aintzat hartuta, 2008ko ekitaldian Diruzaintza Geldikinaren beheraldia 2007ko ekitaldiarekiko % 7koa izan da.

Biztanleko ratioak: informazio modura, 5.000 eta 10.000 biztanle bitarteko (geruza honetan baitago udala) Bizkaia eta EAEko udalen batez bestekoaren 2007ko ekitaldiari buruzko datuak barne hartu ditugu (eskuragarri dauden azken datuak). Udalaren datuekiko alderaketak egin ahal izateko, gogoan hartu behar dira zerbitzuak ematean dauden aldeak, izan ere, zenbaitetan zerbitzuak zuzenean ematen baitira udal administraziotik bertatik, eta beste zenbaitetan, erakunde autonomo, merkataritza sozietate publikoen bidez edo zeharka, mankomunitate, partzuergo edo merkataritzako beste sozietate batzuen bidez.

Ondorioa: aztergai izan dugun aldian sortutako aurrezki garbiak ia osotasunean finantzatzen ditu ekitaldian egindako inbertsioak. Diruzaintza geldikina % 23 gehitu da aldi horretan zehar eta Udalak ez du zorpetzerik.

Honezaz gain, azpimarratzekoa da 2009ko otsailaren 10ean Tokiko Gobernu Batzarrak bi lizentzia eman zituela, Petróleos del Norte, S.A.ri CG6 Sortzeko Unitate bat eraikitzeko eta fuel-olioaren ekoizpena murrizteko hainbat Unitate eraikitzeko, guztira 354.066.133 euroko aurrekontua zuena; halaber, EIOZ kontzeptuko likidazioak, guztira 17.703.307 eurokoak.

2009ko urriaren 1ean eta 7an Petróleos de Norte, S.A.k administrazioarekiko bi auzi-errekurtso aurkeztu ditu Bilboko 3 eta 2 zk.ko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegien aurrean Tokiko Gobernu Batzarrak 2009ko ekainaren 23an hartutako erabakien aurka, ez baitituzte EIOZen likidazio hauen aurkako berraztertzeko errekurtsoak onartzen. Enpresak Udalari errekurritu ez duen kopurua ordaindu dio, 9.178.339 euro alegia, eta banku abala aurkeztu du gainerakoaren kontzeptuan. Txosten hau idatzi den datan errekurtso hauek ebazteko daude.

Udalaren finantza egoerak azken ekitaldietan izan duen bilakaera eta EIOZ kontzeptuan jaso beharko lituzkeen diru-sarrerak aintzat hartuta, Muskizko Udalak 2006, 2007 eta 2008ko ekitaldietakoak baino inbertsio zifra handiagoak zentzuz izan ditzake kanpoko finantzaketara jo beharrik izan gabe eta Diruzaintza Geldikina murriztu beharrik izan gabe.

V.– Urteko kontuak.

V.1.– Udala.

(Ikus .PDF)

V.2.– Euskaltegia toki erakunde autonomoa.

(Ikus .PDF)

V.3.– Forlan toki erakunde autonomoa.

(Ikus .PDF)
HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAK MUSKIZKO UDALAREN 2008KO KONTUEN FISKALIZAZIOARI BURUZ EGINDAKO TXOSTENARI EGINDAKO ALEGAZIOAK

Alegazioak:

Ikusi da Kontuen Euskal Epaitegiak alegazioak direla-eta igorritako behin-behineko txostena. Agiri horretan, 2. kontratazioaren legezkotasuna betetzeari buruz iritzia ematen duenean horretan, zera dio: Udal honek Kooperazio Elkarte Administratiboaren esku utzi zituela San Martín industrialdeko sarbidea eraikitzeko obrak, eta beraz, esleipena bere aldekoa da zuzenean. Hori dela eta, honakoa jakinarazten dizut: IS-1 San Martin sektoreko Plan Partzialaren arabera, «Urbanizazio Proiektuak egiteko, jabeek proposatuko dute Kooperazio Elkartea eratzea», eta hori betetzeko, jabeek, sektoreko lurraren titulartasuna % 100 ordezkatzen zutenek, "S.I.–1 San Martín industrialdeko Kooperazio Elkarte Administratiboaren estatutuak aurkeztu zituzten. Halaber, hori eratu ahal izateko, dagokion espedienteari hasiera emateko eskatu zuten.

(Ikusi 1. Oharra dokumentuaren amaieran) Aipatutako estatutuen 4. artikuluaren c) atalean zehazten denez, honakoa da Elkartearen xedea: «Urbanizatzeko obrak egikaritzeko esleipena eta kontratazio egitea, betiere publizitate eta lehia printzipioak kontuan izanik. Horretarako, erakundea kontratazio mahaian bilduko da, eta gutxienez hiru eskaintza bilduko ditu urbanizazio obrak egikaritzeko».

Elkartea eratzeko espedientea legeak ezarritako baldintzen arabera egin zen, eta azkenean, Bizkaiko Foru Aldundiko Hirigintza eta Udal Harremanen Sailaren Hirigintzako Erakunde Lankideen Erregistroan inskribatzeko eskatu zuen. Horrek honakoa dio abuztuaren 9ko 1353/2004 Foru Aginduan: «Dokumentazioa aztertu ostean, ikusi da legezko izapideak bete direla eta, era berean, dokumentazioaren edukia hirigintzako legedian zehaztutakoaren araberakoa dela. Beraz, Erregistroan inskribatzeko agindua eman da».

Laburbilduz, Muskizko Udalak ez zizkion Kooperazio Elkarte Administratiboari esleitu San Martin sektoreko urbanizazio obrak. Izan ere, sektoreko lurren jabeek hala eskatuta osatu zuen. Halaber, aplikatu beharreko legeek zehaztutakoa bete zuen. Gerora, Kooperazio Elkarte horrek bere estatutuetan aurreikusitako prozeduraren bitartez esleitu zituen obrak, eta elkartea Hirigintzako Erakunde Lankideen Erregistroan inskribatu ahal izateko nahitaezko legezkotasunaren kontrola gainditu zen.

Honekin batera doa S.I.–1 San Martíneko egikaritze unitateko Kooperazio Elkarketa Administratiboaren estatutuen kopia. Bizkaiko Foru Aldundiko Hirigintza Sailaren abuztuaren 9ko 1353/2004 Foru Aginduaren kopia ere erantsita doa, horren arabera, bidezko baita elkartea Bizkaiko Hirigintzako Erakunde Lankideen Erregistroan inskribatzea.

HKEEko oharrak:

1. oharra: Udalak Muskizko S1-1-San Martin Industri sektorea egiteratzeko hautatutako jarduera moldea kooperazioa izan zen. Kooperazioaren sisteman, Lurzoruaren erregimenari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legea garatu eta ezartzeko Hirigintza Kudeaketarako Erregelamenduaren (HKE) 186.1 artikuluak agintzen duen legez, poligono edo jarduera unitatearen jabeek nahitaez laga beharreko lurzorua jartzen dute eta Administrazioaren ardura da urbanizazio lanak egitea. Udalak San Martin enpresa parkerako sarbidea eraikitzeko lanak zuzenean agindu zizkion Kooperaziorako Elkarte Administratiboari. Elkarte administratiboen helburua urbanizazio lanen exekuzioan kolaboratzea da (HKEren 191.1 artikulua) eta bere egitekoak 193. artikuluan daude jasoak, urbanizazio lanen esleipena barne hartzen ez dela. Honez gain, eskumen administratiboa ezin du titularrak baliatu eta Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio-Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 12.1 artikuluaren arabera (HAAJAPE) ukaezina da. Ordezkotza suposamenduak Lege bereko 13. artikuluak arautzen ditu eta administrazio bereko edo horiei lotutako edo horien meneko diren zuzenbide publikoetako erakundeen beste organo batzuei dagokie soilik; eta hori ez da inola ere Kooperaziorako Elkarte Administratibo baten kasua.


Azterketa dokumentala