Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2012ko abenduaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5895

EBAZPENA, 2012ko abenduaren 10ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, 2011-2018ko Ingurumen Ikuskapenerako eta Kontrolerako Plana onartzeko dena.

2011ko uztailaren 5eko bilkuran, Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak «Euskadi 2020ko Garapen Jasangarrirako Estrategia. EcoEuskadi 2020» onartu zuen. Estrategia horren agiriak 9 helburu estrategiko jasotzen ditu, eta Jaurlaritzaren planen oinarri izan behar dira. Helburu estrategiko horien artean, ondokoak daude, eta ingurumen plangintza egiteko balio dute.

● EAE ekonomia berritzaile, lehiakor, ekoeragingarri eta ireki legez jartzea.

● Gure natur baliabideak eta biodibertsitatea babestea, lurraldearen eta azpiegituren, ekipamenduen eta etxebizitzen antolamendu abegitsua eta orekatua zainduta.

● Energia mendekotasuna minimizatzea, jatorri fosileko energien erabilera gutxituz eta negutegi efektuko gasen emisioak eta klima aldaketaren ondoreak murriztuz.

● Lurraldeko egituratzea eta kanpoarekiko lotura baldintza onenekin errazteko mugikortasun integratu jasangarriagoa garatzea.

● Kalitateko balioen hezkuntza sistema, eskola arrakasta lortzekoa, malgua, jasangarritasuna kontuan hartzen duena eta lan merkatuak eta gizarteak bizitzaz osoan eskatutako kualifikazioei egokitua lantzea.

● Administrazio publiko berritzaile, eragingarria, irekia eta gardena lortzea.

Euskal Herriko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera, EAEko ingurumen politika lau urtean behin egindako Ingurumeneko Esparru Programan (IEP) azaltzen da. Gobernuak onartzen du programa hori eta Legebiltzarrari helarazten zaio.

Esparru horretan 2002-2006ko I. IEP eta 2007-2010eko II. IEP landu dira. Gobernu Kontseiluak 2011ko uztailaren 12ko bileran EAEko III. Ingurumeneko Esparru Programan (IEP) onartu zuen, eta bertan, 2011-2014rako ingurumen helburuak eta lehentasunak adierazten dira, honelaxe: «Eredu aldaketa sustatzea, administrazioaren eta administratuaren arteko harremanetan, aurretiko kontrolak gutxituz, agenteak erantzule eginez eta ikuskaritza euren zerbitzuan jarriz».

Eusko Jaurlaritzak 2004an onartu zuen Ingurumen Ikuskapenerako eta Kontrolerako Plana, eta indarraldia 2003-2007 zen, baina azkenik 2008ra arte luzatu zen.

Planak, ingurumen eskumenak Ingurumen Sailaren esku daudenez, ingurumen ikuskapen integratuen plangintza berritzailea egin zuen, beraz, administrazio egintza bakar batean ingurumen bektore guztiak (airea, ura, lurzorua, hondakinak, prebentzioa, zarata eta dardarak, etab.) arautzeko arautegia betetzen den ala ez egiaztatzen da, lehen, aldiz, ingurumen alderdi bakoitzarentzako ikuskapen berezia egiten zen.

2002-2020 aldirako Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategian ezarritakoarekin bat etorrita, Ingurumen arloko Ikuskaritza eta Kontrolerako Planak ondokoa dio: Ingurune garbi eta osasungarria lortzeko ahaleginak egin behar dira, EAEko airearen eta lurzoruen kalitatea hobetuz, hondakinak murriztuz eta hondakinon balioa atereaz eta EAEn garatutako jarduerei ingurumen arautegia betearaziz.

Horretarako, helburu estrategiko batzuk definitzen dira, Ingurumen arloko Ikuskaritza eta Kontrolerako Planean, bertan jasotako jarduketa guztiak bideratzeko:

a) EAEko IPPC enpresek ingurumen-araudia betetzen dela bermatzea.

b) Ingurumenerako arriskurik handiena dakarten legeztatu gabeko jarduketak identifikatu eta arautzea.

c) Arriskurik handiena duten IPPC ez diren jarduketek ingurumen arautegia betetzea, ingurumenean kalte esanguratsua eragin dezaketen jarduketei berebiziko garrantzia emanda.

d) Kopurua edo arriskugarritasuna dela eta, ingurumenerako kaltegarrienak diren jarduketek kudeaketa arautegia betetzea.

e) EAEko industri jarduerekin lotutako ingurumen arazoak konpontzen eta kontrolatzen laguntzea.

f) Ingurumen intereseko eremuak babestea ingurumen kalteetatik.

g) Ingurumenean eragina duten gorabeheren eta istripuengatiko oharrak, kexak eta salaketak kudeatzea.

h) Substantzia kimikoen eta nahasketen araudia (REACH-CLP) betetzea, ingurumenerako oso kantegarriak direnean.

i) Zerbitzuak ikuskatzeko duen gaitasuna handitzea.

j) Ikuskapenak Europako testuinguruaren arabera egitea, helburuei, estrategiari eta irizpideei dagokienez.

2008-2011ko Ingurumen Ikuskapenerako eta Kontrolerako Planaren txostena eman zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Batzordeak 2011ko urriaren 26ko bileran.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan esleitzen zaizkidan eskumenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2011-2018ko Ingurumen Ikuskapenerako eta Kontrolerako Plana onartzea, eta agiria hitzarmen honen eranskinean dago.

Bigarrena.– 2011-2018ko Ingurumen Ikuskapenerako eta Kontrolerako Planaren edukia hedatzeko beharreko neurriak hartzea.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 10a.

Ingurumeneko sailburuordea,

M.ª ARANZAZU LETURIONDO ARANZAMENDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala