Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2012ko azaroaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA SAILA
5196

EBAZPENA, 2012ko uztailaren 30ekoa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Kultura Sailari atxikitako administrazio-zentroetan 2013-2014 urterako gasa eskuratzeko kontratazioa Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari eskuordetzen diona.

Baliabide Orokorren Zuzendaritzak du zuzendaritza horri esleitutako kudeaketa zentralizatuko eraikinetako erabilera orokorreko materia edo zerbitzuen kontratazioaren ardura, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio araubidea onartzen duen ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren V. kapituluan eta lehenengo xedapen gehigarrian, bai eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala onartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuko 18.e) artikuluan ere.

472/2009 Dekretuko 18.a) artikuluak ere Baliabide Orokorren Zuzendaritzari eskuordetzen dio erosketa zentralizatuko ondasun eta zerbitzuak kontratatzeko prozedurak garatzeko proposamena.

Gaur egun, uste da Baliabide Orokorren Zuzendaritzako eskumeneko kudeaketa zentralizatuko eraikinetan, Justizia eta Herri Administrazio Saileko gainerako eraikinetan, eta Eusko Jaurlaritzako gainerako sailei eta horien erakunde autonomoei atxikitako erakundeen eraikinetan –kudeaketa zentralizatua dutenetan– gasa era zentralizatuan kontratatzeak zerbitzuen hobekuntza eta gastu publikoa arrazionalizatzea dakarrela.

Goian aipatutako 136/1996 Dekretuaren 19. artikuluak aukera ematen du Baliabide Orokorren Zuzendaritzaren eskumenak kudeaketa zentralizatua ez duten eraikinetara ere zabaltzeko. Honela gauzatzen da zabaltze hori: hitzarmen bidez, klausula administratibo zehatzen pleguetako zehaztapenetan aurreikusitakoen bidez edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako formulen bidez.

Lehenago adierazitako eremuan gasa eskuratzeko kontratazioa modu zentralizatuan gauzatzeko formula egokia, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 13.1 artikuluan eskumenak eskuordetzeari dagokionez aurreikusitako formula bera da, hau da:

«1.– Herri-administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta bata bestearen mendekoak ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mende dauden zuzenbide publikoko erakundeetakoak badira».

Horregatik, 472/2009 Dekretuaren 4.2.c) artikuluak Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari kontratazio arloan ematen dizkion eskumenez baliatuz, eta kontuan izanik Kultura Saileko egitura organikoa ezartzen duen martxoaren 22ko 45/2011 Dekretuan ezarritakoa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio Administrazio Orokorrean indarrean dagoen araubideak sailen kontratazio-organoari emandako ahalmenez baliatzeko eskumena, zenbatekoa dela-eta Jaurlaritzaren Kontseiluari dagozkion ahalmenei, eta kontratazio-alorrean Euskadiren kanpoko ordezkaritzetako titularrei dagozkienei eragin gabe. Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

I.– Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari eskuordetzea eranskinean aipatutako eraikinetan 2013-2014 urterako gasa kontratatzeko eskumena.

Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren irailaren 14ko 3/2011 Legean aurreikusitako arloak ere hartuko ditu eskuordetzeak, betiere kontratuari aplikatzekoak badira:

– Kontratua prestatzea (II. liburua).

– Kontratua esleitzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).

– Administrazioaren eskuduntzak, IV. liburuan, I. tituluan, I. kapituluan orokortasunez aurreikusitakoak (aldaketa, iraungipena, uztea eta azpikontratazioa); eta, modu partikularrean, IV. liburuan, II. tituluan, IV. kapituluan jasotako zuzkidura-kontratuak.

– Kontratua gauzatzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).

II.– Kontratazio organoari dagozkion gainerako eskumenak, eta, batik bat, betetako zerbitzuak burutzeari oniritzia ematekoa eta horien ordainketa agintzekoa, eskuordetutako organoaren esku geldituko dira.

III.– Izenpetzen den egunaren biharamunetik aurrera hartuko du indarra eskuordetze honek.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 30a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

ANTONIO RIVERA BLANCO.


Azterketa dokumentala