Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2012ko azaroaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
5035

AGINDUA, 2012ko urriaren 16koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloetako irakasleentzako enpresetako trebakuntza-proiektuen oinarri arautzaileak ezartzen dira.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 102.1 artikuluan xedatzen duenaren arabera, etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, eta hezkuntza-administrazioen eta ikastetxeen erantzukizuna.

Etengabeko prestakuntzako programetan, jakintzak eta metodoak berariazko zientzien, teknologien eta didaktiken bilakaerara egokitzeko zeregina hartu beharko da kontuan, baita irakaskuntzaren kalitatea eta ikastetxeen funtzionamendua hobetzera zuzenduta eta koordinazioari, orientabideari, tutoretzari, aniztasunarekiko hezkuntza-arretari eta antolamenduari lotuta dauden alderdi guztiak ere.

Lanbide Heziketako irakasleen kasuan, trebakuntza horrek zientziaren eta teknologiaren alorreko ezagutzak eguneratzea izan behar du helburu; horretarako, benetako ingurune profesionalera gerturatzea komeni zaie, industriaren eta zerbitzuen arloan etengabe ari direlako prozesuak eta teknologiak eraldatzen, puntako enpresek modu egokian erabil ditzaten hala baliabideak nola ekipamenduak.

Horregatik, ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzkoak, 6.2 artikuluan, enpresen eta bestelako erakundeen lankidetza aurreikusten du, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketako Sistema Nazionalean, irakasleen trebakuntzaren arloan.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak trebakuntza-proiektuak enpresetan gauzatzeko aukera bultzatu nahi du, Lanbide Heziketako irakasleen etengabeko trebakuntzak hala eskatzen duelako; hala, proiektu horien bidez, areagotu egingo da irakasleen eta Lanbide Heziketako zentroen zein lan- eta enpresa-munduaren arteko lankidetza.

Ondorioz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak ematen dituzten irakasleak enpresetako trebakuntza-proiektuetan parte hartzera bultzatzea da, eta partaidetza hori arautzea, Lanbide Heziketako irakasleen etengabeko prestakuntzaren esparruan sartutako trebakuntza-modalitate gisa.

2. artikulua.– Helburuak.

Enpresetako trebakuntza-proiektu horien helburuak honako hauek dira:

a) Irakasleen teknologia-ezagutzak eguneratzen laguntzea, lan-ingurune errealean.

b) Ikastetxeen eta haien ekoizpen-ingurunearen arteko lankidetza sustatzea, irakasleen zein Lanbide Heziketako zentroen eta lan-munduaren arteko harremana erraztuta.

c) Irakasleek lan-prozedurei, instrumentazioari eta antolakuntza-metodoei buruz daukaten ezagutza zabaltzea, horiek ekoizpen-prozesu ezberdinetan integratuta.

d) Irakasleak euren familia profesionalarekin eta, bereziki, titulu berriekin lotutako eguneratze-beharrei buruz orientatzea.

3. artikulua.– Hartzaileak.

Ikastetxe publikoetan edo itundutako ikastetxe pribatuetan Lanbide Heziketako Prestakuntza Zikloak ematen dituzten jarduneko irakasleek hartu ahal izango dute parte lantokietako trebakuntza-proiektuetan.

Era berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileen Kudeaketa Zuzendaritzak kudeatutako ordezkapenetarako hautagaien zerrendetan erregistratutako irakasleek ere parte hartu ahal izango dute.

4. artikulua.– Irakasleek bete beharreko baldintzak.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako aplikazio-eremuan zerbitzuak ematea, trebakuntza-proiektua gauzatuko den ikasturtean. Hori egiaztatzeko, eskatzailea jarduten ari den ikastetxearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, irakasten ari den prestakuntza-zikloa eta proposatutako trebakuntza-proiektuak emandako zikloarekin zerikusia duela adierazita (V. eranskina).

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileen Kudeaketa Zuzendaritzak kudeatutako ordezkapenetarako hautagaien zerrendetan erregistratutako irakasleen kasuan, nahikoa izango da trebakuntza-proiektuaren edukiak izena emandako zerrendako espezialitatearekin zerikusia izatea.

2.– Proiektua gauzatuko duen enpresarekin edo erakundearekin inolako lan- edo kontratu-loturarik ez izatea. Hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute hala eskatzaileak (VII. eranskina) nola enpresaren edo erakundearen legezko ordezkariak (III. eranskina).

3.– Diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zigor-zehapena edo administrazio-zehapena jaso dutenek eta horretarako gaitasunik gabe uzten dituen legezko debekua dutenek ezin izango dute proiektu honetan parte hartu (VII. eranskina).

5. artikulua.– Trebakuntza-proiektuen baldintzak.

1.– Irakasleek edo ikastetxeek proposatu ahal izango dituzte trebakuntza-proiektuak gauzatzeko enpresak edo erakundeak, enpresa kolaboratzailearekin adostuta daukaten lan-proiektuaren arabera.

2.– Trebakuntza-proiektuak gauzatzen diren bitartean, irakasle parte-hartzaileek Autonomia Erkidegoko Administrazioak sinatutako erantzukizun zibileko eta istripuetarako aseguru osagarriaren estaldura izango dute.

3.– Trebakuntza-proiektuak irakasleen banakako eskola-ordutegiarekin bat ez datozen aldietan gauzatuko dira; ikasleen eskola-aldiarekin bat etorriko balira, ikastetxearen baimena beharko da, eta agindu beharko du trebakuntza-proiektuak ez duela irakaskuntza-jardueren garapen normalean eraginik izango.

4.– Trebakuntza-orduak 20 izango dira gutxienez, eta 150 gehienez; ezin izango dira egunean 8 ordu baino gehiago eman. Irakasleen trebakuntza-ordutegia enpresako langileen lanaldiaren barnean egon beharko da.

5.– Ikasturte bakoitzeko, trebakuntza-proiektu bakar bat baimenduko da. Aurreko ikasturteetako deialdietan parte hartu duten irakasleek beste trebakuntza-proiektu bat gauzatzeko baimena jaso ahal izango dute, baldin eta hautatutako enpresa edo enpresaren saila aurrez aukeratutakoa ez bada, eta trebakuntza-plana bera ez bada.

6.– Trebakuntza-proiektuak enpresa ezberdinetan gauzatzeko trebakuntza-ekintzak jaso ahal izango ditu. Edozer kasutan, proiektuaren trebakuntza-orduen gutxieneko eta gehieneko kopurua artikulu honen 4. paragrafoan zehaztutakoa izango da.

7.– Ikastetxe bakoitzean baimendutako irakasleen trebakuntza-proiektuak Ikastetxeko Treba­kuntza Planean sartuko dira egokitutako ikasturterako, eta ikastetxeko trebakuntzako arduradunak egingo die segimendua.

6. artikulua.– Proiektuen izaera.

1.– Enpresako trebakuntza-aldian gauzatu beharreko jarduerak irakasle eskatzailearen espezialitatearekin bat etorri beharko dira; eskabidearekin batera aurkeztu beharreko trebakuntza-proiektuak hala jaso beharko du (II. eranskina).

2.– Enpresetako trebakuntza-proiektuek ez dute lan-izaera. Proiektua gauzatzen den aldian, irakasle parte-hartzaileek ez dute inolako lan-loturarik edo -harremanik izango harrera-enpresarekin.

3.– Enpresak trebakuntza gauzatuko duten irakasleen zerrenda emango die langileen legezko ordezkariei, trebakuntzaren datak zein ordutegia ere zehaztuta.

4.– Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Unitateek irakasle parte-hartzaileen eta proiektuak gauzatuko dituzten enpresen arteko harremanaren berri emango diote dagokion lurraldeko Lan Ikuskaritzari.

7. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Parte-hartzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahalko du; Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariari zuzenduko dio, eskatutako trebakuntza egiteko eta eskabidea ebazteko beharrezko diren gainerako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten dokumentuekin batera; horien artean, eskatzaileak, harrera-enpresak eta ikastetxeak sinatutako trebakuntza-proiektua egon beharko da.

2.– Edozer kasutan, eskabideak ondoko hauek jaso beharko ditu:

a) Eskabide-formularioa, Agindu honetako I. eranskinaren araberakoa.

b) Enpresarekin adostutako proiektua, Agindu honetako II. eranskineko ereduaren araberakoa.

c) Enpresaren onarpen-ziurtagiria, Agindu honetako III. eranskinaren araberakoa.

d) Konfidentzialtasun-konpromisoa, Agindu honetako IV. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa.

e) Trebakuntza-proiektuaren gauzapena eskatzailearen eskola-aldiarekin bat etorriz gero, ikastetxeko Zuzendaritzaren txostena, trebakuntza-proiektuak irakaskuntza-jardueren garapen normalean eraginik izango ez duela adieraziz (VI. eranskina).

3.– Proiektuan aurreikusitakoaren arabera, trebakuntza-ekintzak hainbat enpresatan egin behar badira, II., III. eta IV. eranskinen ale bana aurkeztu beharko da, harrera-enpresa bakoitzeko.

8. artikulua.– Eskabideak formalizatzeko eta balioesteko epea.

1.– Trebakuntza-proiektuak gauzatzeko eskabideak ikasturte osoan zehar aurkeztu ahalko dira.

Aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera, eskabideak eta horiekin batera aurkeztu beharreko agiriak onartzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

2.– Balioespen Batzordeak urtean lau bilkura egingo ditu; zehazki, ekaineko, iraileko, abenduko eta martxoko lehenengo astean. Bilkura horietan, bilkura-eguna baino gutxienez hamabost egun natural lehenago Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Lurralde Unitateek jasotako eskabideak aztertuko ditu.

3.– Agindu honetan halako proiektuetarako ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideak Batzorde batek aztertuko ditu, eta honako hauek izango ditu kide:

Batzordeburua: Etengabeko Ikaskuntzako zuzendaria.

Batzordekideak:

– Lanbide Heziketako irakasleen trebakuntzaz arduratzen den teknikaria.

– Lurralde Ordezkaritza bakoitzeko, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Unitateko teknikari bat, xede horretarako Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak izendatutakoa.

4.– Balioespenaren helburua eskatutako proiektuaren trebakuntza-egokitasuna aztertzea izango da, eskatzaileak irakasten duenari dagokionez. Horretarako, ondoko irizpide hauek aplikatuko ditu:

a) Proiektuak duen balioa, irakasle eskatzailearen eguneratze zientifiko-teknikoari dagokionez, 3 puntu gehienez.

b) Proiektuak duen balioa, irakasleak enpresako lan-prozeduren, instrumentazioaren eta antolakuntza-metodoen inguruan duen ezagutzari dagokionez, 3 puntu gehienez.

c) Ikastetxearen eta enpresaren arteko lankidetzaren sustapena, 2 puntu gehienez.

d) Proiektuan proposatutako jardueren egokitzapen-maila, irakasle eskatzaileak irakasten dituen moduluei dagokienez, 2 puntu gehienez.

5.– Batzordeak aurkeztu beharreko balioespen-proposamena ez bada proiektua baimentzearen aldekoa (ez duelako baldintzaren bat bete, edota ez dituelako gutxienez 5 puntu lortu), entzunaldia egiteko eta txostena ikusteko aukera emango zaizkio eragindako irakasleari, ebazpen-proposamena aurkeztu aurretik egokiak iruditzen zaizkion alegazioak aurkeztu ahal izateko.

9. artikulua.– Trebakuntza-proiektuetarako baimena.

1.– Baimen-eskaerak Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak ebatziko ditu, Balioespen Batzordeak egindako balioespenean oinarrituta; gehienez ere hiru hilabeteko epea izango du ebazpen emateko, eskaera edota horren zuzenketa edo hobekuntza Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean aurreikusitako erregistroetako edozeinetan sartzen denetik kontatzen hasita.

2.– Aipatutako ebazpenak ezetsi egingo ditu ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak, bai eta Balioespen Batzordeak egindako balioespenean 5 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerak ere.

3.– Baldin eta 1. paragrafoan aipatutako epea amaitu, eta ebazpenik jakinarazi ez bada, eskatzaileak eskaera onartutzat jo ahal izango du, eta, ondorioz, trebakuntza-proiektua baimendutzat joko da. Nolanahi ere, proiektuaren baimena egiaztatu ahal izateko, eta horren aitorpena eta ziurtapena jasotzeko, izandako isiltasuna egiaztatzen duen ziurtagiria eskatu ahal izango du.

4.– Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariaren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, baimena ukatzen duen ebazpenaren jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

10. artikulua.– Trebakuntza-proiektuaren garapena.

1.– Trebakuntza-proiektuak ez du irakasle parte-hartzaileen administrazio-egoera aldatuko; beraz, proiektuak irauten duen bitartean, beren administrazio-egoerari dagozkien eskubideak, betebeharrak eta erantzukizunak izango dituzte.

2.– Trebakuntzak irauten duen bitartean, irakasle parte-hartzaileek ez dute kontratu-harremanik edo lan-loturarik izango harrera-enpresarekin edo erakundearekin, eta ezin izango dute bertan lanposturik izan; beraz, lan-legeriaren esparrutik kanpo egongo dira.

3.– Trebakuntzak irauten duen bitartean, irakasleen jarduera baimendutako trebakuntza-proiektuan adierazitakora egokituko da.

11. artikulua.– Trebakuntza-proiektuaren segimendua.

1.– Irakasle eskatzailearen helburuko lantokia dagoen Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Unitateak trebakuntza-proiektuaren garapenean garatutako jardueraren segimendua egingo du.

2.– Ondorio horietarako:

a) Proiektuaren garapenean sor litezkeen arazoak konponduko ditu.

b) Bere Lurraldeko parte-hartzaileen memoriak aztertuko ditu.

c) Gauzatutako proiektuen ebaluazio-txostena prestatuko du.

d) Behar izanez gero, Hezkuntza Ikuskaritzaren esku-hartzea eskatu ahal izango du.

3.– Hezkuntza Ikuskaritzak egokiak iruditzen zaizkion ikuskaritza-bisitak egin ahal izango ditu harrera-enpresara edo -erakundera. Era berean, informazioa jaso ahal izango du harrera-enpresaren edo –erakundearen aldetik zein irakasle parte-hartzailearen eskutik.

12. artikulua.– Trebakuntza-proiektuaren justifikazioa.

1.– Trebakuntza-proiektua amaitutakoan eta, gehienez ere hilabeteko epean, irakasle parte-hartzaileak proiektua justifikatuko du; horretarako, jarraian adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu ikastetxea dagoen eremuko Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Unitatean.

1) Irakasle parte-hartzaileak egindako eta sinatutako memoria. Gutxienez, honako atal hauek izan beharko ditu:

a) Proiektuaren garapena. Atal honetan, sintetikoki jasoko dira egindako lana, irakaskuntzan izango duen aplikazioa, ikastetxean izandako eragina eta betetako helburuak.

b) Ondorioak eta iradokizunak. Prozesuaren balioespena eta programa hobetzeko proposamenak.

2) Proiektuaren gauzapena egiaztatzen duen enpresaren edo erakundearen ziurtagiria (IX. eranskina), hurrengo datuak jasotzen dituela:

● Ziurtagiria igortzen duen pertsonaren identifikazioa eta erakundean edo enpresan duen postua.

● Trebakuntza-proiektua gauzatu duen irakaslearen datuak: NAN, izen-deiturak.

● Trebakuntza-proiektuaren datuak: enpresaren edo erakundearen izena, sektorea, eremua edo espezialitatea eta herria, hasiera- eta amaiera-datak eta proiektuaren iraupen errealaren ordu kopurua.

● Ziurtagiria igorri den tokia eta data.

● Ziurtagiria igortzen duen pertsonaren sinadura eta enpresaren edo erakundearen zigilua.

2.– Onartutako proiektuaren arabera, trebakuntza-ekintzak enpresa ezberdinetan egin izanez gero, IX. eranskina eragindako enpresa bakoitzeko bete beharko da, kasu bakoitzean dagozkion datuekin.

13. artikulua.– Trebakuntzaren garapenaren balioespena eta aitorpena.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako dokumentuak jaso ondoren, dagokion Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Unitateak trebakuntza-proiektuaren garapenari eta emaitzei buruzko txostena prestatuko du hamabost egun naturaleko epean. Bertan, Unitateak egindako segimendua sartuko da.

Dokumentazio hori jaso eta gehienez ere hogei egun naturaleko epean, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Unitateak dokumentu horiek eta bere txostena Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzara bidaliko ditu. Horrek positiboki edo negatiboki balioetsiko ditu bere aitorpenerako eta egiaztapenerako gauzatutako trebakuntza-proiektuak, gehienez ere hiru hilabeteko epean, dokumentuak Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu direnetik aurrera.

2.– Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak aurkeztutako dokumentuen eta trebakuntza-proiektuaren garapenari eta emaitzei buruzko Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako txostenaren arabera egingo du balioespena. Balioespen-proposamena negatiboa izanez gero, entzunaldia egiteko eta espedientea ikusteko aukera emango zaizkio eragindako irakasleari, ebazpena eman aurretik.

Proiektuan aurreikusitako trebakuntza errealeko orduen gutxienez % 90 gauzatu izana egiaztatzen ez duten trebakuntza-proiektuek ez dute Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren ziurtagiririk jasoko.

3.– Proiektua aitortzeari eta egiaztatzeari begira balioetsi duen Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariaren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordearen aurrean, balioespenaren ebazpena jakinarazi denetik hilabeteko epean.

4.– Trebakuntza-proiektu horien inguruko ziurtagiriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Irakasleen Berrikuntza eta Trebakuntza Jardueren datu-basean erregistratuko dira, ofizioz.

14. artikulua.– Laguntza ekonomikoak.

1.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Agindu honetan araututako trebakuntza-proiektuak gauzatzearren lekualdatzeko laguntza ekonomikoak eman ahal izango ditu; betiere, enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan badaude.

2.– Laguntza horiek itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira, eta proiektu horiek sortutako lekualdaketa-gastuak ordaintzen laguntzeko izango dira, enpresa ez dagoenean eskatzailearen ikastetxea edo etxebizitza dagoen udalerrian.

3.– Helburuko ikastetxearen eta enpresaren udalerriaren arteko joan-etorriak finantzatu ahal izango dira; betiere, enpresa eskatzailearen ikastetxea edo etxebizitza dagoen udalerri berean ez dagoenean.

4.– Ikasturte bakoitzerako, trebakuntza-proiektu hauetarako emango diren laguntzen zenbateko osoa eta finantzatu beharreko kilometro bakoitzeko zenbatekoa Lanbide Heziketako Irakasleen trebakuntza- eta hobekuntza-jardueren eskaintza instituzionala argitaratzen duen Aginduan ezarriko dira. Era berean, horrek horien gauzapenerako deialdia arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, Etengabeko Trebakuntza Planaren barnean, bai eta jarduera horietan parte hartzen duten irakasleentzako banakako laguntza ekonomikoak ere.

5.– Ez dute laguntza ekonomikorik jasoko proiektuan aurreikusitako benetako trebakuntza-orduen gutxienez % 90 egin izana 12.1.2 artikuluan aipatutako enpresaren ziurtagiriaren bidez egiaztatzen ez dutenek.

6.– Eskabideak aurkeztea: laguntzen eskabidea Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariari zuzendu beharko zaio, VIII. eranskineko ereduaren arabera, eta azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako edozer tokitan aurkeztu ahal izango da. Eskabidea aurkezteko epea hilabetekoa izango da, prestakuntza-jarduera amaitzen den egun beretik aurrera.

7.– Baldintzak: hona eskatzaileek bete beharreko baldintzak:

a) Laguntza eskatzea, aurreko paragrafoan adierazitako moduan.

b) Proiektuan aurreikusitako benetako trebakuntza-orduen gutxienez % 90 ziurtatzea.

c) Prestakuntza-jardueraren lantokia eta irakaslearen bizilekua udalerri berean ez egotea.

d) Ezin izango dute Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen edo laguntza publikoen deialdietan parte hartu zigor-arloko zehapena edo administrazio-zehapena dela-eta diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu dutenek, edo horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean daudenek, sexu-diskriminazioagatik zigortutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera. Egoera horretan daudenek ezin izango dute deialdietan parte hartu, zehapenak ezartzen duen aldian.

8.– Bateraezintasunak: laguntza hauek bateraezinak dira edozer erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako beste edozer laguntzarekin.

9.– Laguntzak ebazteko eta jakinarazteko epea: hala dagokionean, 13.3 artikuluan aipatutako Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariaren ebazpenean, egokitutako laguntza ekonomikoa adieraziko da.

Ebazpena banaka jakinaraziko da, ondoko alderdi hauek adierazita:

a) Laguntza emanez gero, eskuratuko den zenbatekoa.

b) Osterantzean, ezezkoa emateko arrazoia.

13.1 artikuluan adierazitako epean ebazpenik ematen ez bada, aurkeztutako eskabideak onartutzat joko dira.

10.– Errekurtsoak: banakako laguntza ekonomikoari buruzko ebazpenak ez du administrazio-bidea agortuko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordearen aurrean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluek xedatutako moduan.

11.– Laguntza onartzea: laguntza onartutzat joko da, baldin eta, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita hamabost eguneko epean, onuradunak, espresuki eta idatziz, laguntza horri uko egiten ez badio.

12.– Laguntza ordaintzea: laguntzak ordainketa bakarrean emango dira, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

13.– Ez da laguntzarik emango, Lanbide Heziketako Irakasleen trebakuntza- eta hobekuntza-jarduerenen eskaintza instituzionala argitaratzen duen eta, Etengabeko Prestakuntza Planaren barnean, Euskal Autonomia Erkidegoan horiek egiteko deialdia eta horietan parte hartzen duten irakasleen banakako laguntza ekonomikoak arautzen dituen Aginduan adierazitako zenbatekoa agortu ondoren. Une horretatik aurrera, eten egingo da 13. artikulu honen eraginkortasuna, eta EHAAn argitaratuta jakinaraziko da.

14.– Laguntza hauen onuradunek deialdi honen kontura jaso dituzten diru-laguntzei buruzko informazioa eman beharko diete Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, euren zereginak betetzearren hala eskatzen badiete.

Onuradunek deialdi honetan zehaztutako baldintzaren bat edo batzuk betetzen ez badituzte, ezin izango dute laguntza eskuratu, eta, eskuratu badute, jaso dutena itzuli beharko dute, legezko interes eta guzti, kopurua ordaindu zitzaienetik aurrera zenbatzen hasita.

15.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

16.– Laguntza hauek emateko orduan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, ebazpena aldatu ahal izango da; betiere, laguntzak jaso ahal izateko ezarritako gutxieneko baldintzak mantentzen badira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetan prozedurari buruz aurreikusi ez den guztirako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea aplikatuko da, ordezko modura.

Bigarrena.– Datu Pertsonalen Babesaren inguruko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdi hau bideratzerakoan jasotako datu pertsonalak (parte-hartzaileek horien tratamendua eta argitalpena baimentzen dute) Lanbide Heziketako Irakasleen Trebakuntza izeneko fitxategian sartuko dira. Horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, bai eta horretan parte hartzen duten pertsonei horren garapenaren berri ematea ere.

Fitxategi horren arduraduna Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da. Bertan jasotako datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta ukatzeko eskubideak erabili nahi izanez gero, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzara jo beharko da, hurrengo helbidean: Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek aurkeztutako dokumentuen egiatasuna beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko baimena ematen diote Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari.

Hirugarrena.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Agindu honekin lotutako ahozko zein idatzizko harremanetan berarekin euskaraz edo gaztelaniaz erlazionatzeko eskubidea bermatuko die irakasleei eta enpresei zein erakundeei.

Laugarrena.– Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariari Agindu hau garatu eta aplika dadin beharrezkoak diren jarraibideak emateko baimena ematen zaio.

Bosgarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 16a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala