Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2012ko azaroaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
5034

202/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta konde­korazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko dena.

Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 79. artikuluak zerbitzu-egintza arautzen du. Aurreikuspen hori garatze aldera, apirilaren 27ko 71/2004 Dekretua, Ertzaintzako langileei aplika dakiekeen kondekorazio- eta sari-erregimenari buruzkoa, egin zen. Dekretu horrek, aitorpen horren ondorio juridiko eta ekonomikoez gain, Ertzaintzako kondekorazioak eta ohorezko sariak arautzen zituen.

Araudi hori aplikatzean pilatutako esperientziak eta gerora sortutako legezko beste xedapen batzuek izandako eragina direla-eta, gomendagarria da aldatzea.

Hori horrela, zerbitzu-egintzatzat jotzea merezi duten kasuen zerrendari dagokionez, indarrean dagoen araudiaren aplikazioak hobetu du zerbitzu-egintzaren balizko kasua eratzen duten kontzeptu juridiko zehaztugabeen interpretazioa; hain zuzen, Ertzaintzako funtzionarioek polizia-jarduera burutzean azaltzen diren zein euren osotasun fisikoa murrizten duten inguruabarretan atzemandako kasuistika zabala kontuan izanda. Hartutako esperientziatik legea garatzeko araudian hainbat zehaztapen erantsi behar dira legezko xedapen orokorrak interpretatzeko jarraibide gisa baliagarri izan daitezen.

Horretaz gain, komenigarria da apirilaren 27ko 71/2004 Dekretuak egindako arauketa aldatzea, zerbitzu-egintzaren aitorpenari atxikitako ondorio ekonomiko eta administratiboena zein kondekorazio eta sarien erregimenarena.

Sariak eta donariak ezarri dira ezohiko jarduerak aitortzeko; hain zuzen, zentzu zabalean sustapen-jarduera bat egitean, betiere funtzionario-harremanari atxikita, interes orokorrentzat onuragarritzat hartzen diren jokabideak bultzatzen dituelako.

Kondekorazioen eta ohorezko sarien arauketa berriak domina- eta sari-motak berrantolatzen ditu; hain zuzen, beroriek emateko irizpideak uniformeagoak eta homogeneoak izan daitezen. Hartara, berez merituzkoa eta eredugarria den jarduera pertsonal eta aktibo kasuetan bakarrik emango dira.

Polizia-lanarengatiko hiru domina mota aurreikusten dira, meritudun egitateen salbuespen-egoeraren graduazioa eta garrantzia aintzat hartuz. Polizia-lanarengatiko dominak eta polizia-zerbitzuarengatiko diplomak meritutzat hartuko dira lanpostuak betetzeko eta barne-sustapeneko deialdietan, indarrean dagoen araudian eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoarekin bat etorriz. Arauketa berrian unitateburuek edo berorien nagusiek behin eta berriz zorion-adierazpenak egiteak, betiere langileen erregistroan jasoz gero, polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina ematea eragin dezake.

Era berean, aurreikusten da pertsona fisikoak edo juridikoak bereizteko aukera, Ertzaintzaren xedeak betetzeko egindako lanagatik.

Horrenbestez, Ertzaintzaren Kontseiluak txostena eman eta gero, eta Aholku Batzorde Juridikoari entzunda; Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak proposaturik, 2012ko urriaren 16ko bileran Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Arau honen xedea da Ertzaintzako kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzea, baita Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen III. Tituluko V. Kapituluan jasotako zerbitzu-egintzaren deklarazioaren ondorioena ere.

2. artikulua.– Zerbitzu-egintza.

1.– Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 79. artikuluan xedatutakoaren arabera, zerbitzu-egintzatzat jo ahalko da funtzionarioak burututako ezohiko polizia-jarduera; baldin eta zerbitzu publikoa betetzean besteren mesederako bada, nork bere bizitza arriskuan jarriz eta gogoz, adoretsu eta gizabidez aritzeko sekulako dohainak agerian utzita.

Bestetik, zerbitzu-egintzatzat ere joko da funtzionarioa istripuz edo beste modu bortitz batean hiltzea, betiere zerbitzua egin bitartean edo dagozkion eginkizunak betetzean gertatzen bada.

2.– Aurreko paragrafoan araututakoaren ondorioetarako, atentatu terroristan edo hirugarrenen bortxazko beste ekintzen ondorioz gertatutako lesio baliagabetzaileak edo baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorrak bertan aipatutako sekulako dohain horiek agerian ipintzen dituztela jotzen da, bai zerbitzu-egintzan, bai eginkizunak betetzean, bai funtzionarioa Ertzaintzako kide izateagatik gertatuta.

3.– Ertzaintzako funtzionarioei zerbitzu-egintza aitortu ahalko zaie artikulu honetan ezarritako kasuetan, dekretu honen 3., 4. eta 5. artikuluetan aurreikusita dauden ondorioekin; baita, hala egokituz gero, dekretu honetan ezarritako kondekorazioak eta sariak ematean ere.

3. artikulua.– Heriotza.

1.– Dekretu honen 2. artikuluko 1. paragrafoaren bigarren lerrokadan aurreikusita dagoen bezala, heriotzagatik gertatutako zerbitzu-egintza deklaratzeak berekin dakar hildako funtzionarioari dagozkion bi urtesari osoren kopurua jasotzeko eskubidea.

2.– Eskubide horren onuradunak izango dira, behin bakarrik, ondoren adierazten diren pertsonak eta aipatutako ordena preklusiboari jarraiki:

a) Alarguna edo, hala egokituz gero, bizirik dagoen bikotekidea, izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legean ezarritakoaren arabera.

b) Legezko oinordekoak.

3.– Aurreko paragrafoak aipatzen dituen ordainsariak izango dira hil zen momentuan, lanpostua hornitzeko edozein eraren bidez, funtzionarioak betetzen zuen lanpostuaren oinarrizkoak eta osagarriak, finkoak eta aldizkakoak.

4. artikulua.– Nahitaezko erretiroa ezintasunagatik.

1.– Baldin eta zerbitzu-egintzatzat jotako egitateek funtzionarioaren nahitaezko erretiroa, haren ezintasunagatik, badakarte, zerbitzu-egintzatzat jotzeak berekin dakar aldizkako prestazio ekonomiko bat jasotzeko eskubidea. Prestazio hori, dagokion pentsioari gehituta –ohikoa zein apartekoa izanda–, funtzionarioa sartuta dagoen gizarte-aurreikuspeneko sistemaren arabera, zerbitzu-egintzatzat hartutako egitatea gertatzean betetzen zuen lanpostuaren ordainsarien ehuneko laurogeira iritsiko da.

2.– Aurreko paragrafoak aipatzen dituen ordainsariak izango dira hil zen momentuan funtzionarioak betetzen zuen lanpostuaren oinarrizkoak eta osagarriak, finkoak eta aldizkakoak; hain zuzen, lanpostua hornitzeko edozein eraren bidez, nahitaezko erretiroa hartzeko lesioak eragin zituen egitatea gertatu zenean betetzen baitzuen.

3.– Aurreko paragrafoak aipatzen duen prestazio ekonomikoa hilero ordainduko da, eta legez aurreikusita dagoen adina betetzeagatik funtzionarioaren nahitaezko erretiroa deklaratu beharko litzatekeen egunera arte iraungo du. Adin hori bete aurretik hilez gero, prestazioa jasotzeko eskubidea iraungiko da.

4.– Prestazio ekonomikoa jasotzea ez da bateragarria izango lan-errentak jasotzearekin, ezta legez edo arauz bateragarritzat jotako pentsioak edo sorospenak jasotzearekin ere, betiere beroriek artikulu honen lehenengo paragrafoan ezarritako muga gaindituz gero.

5.– Artikulu honek aipatzen duen prestazio ekonomikoaren urteko gehikuntza azaldutako ordainsari finkoei eta aldizkakoei aplikagarria zaien gehikuntza bera izango da eta, interesdunari ordaindu ahal izateko, urteko lehen hilean aurkeztu beharko du prestazio hori jasotzeko eskubidea sortu duten egoerak mantentzen direla behar bezala egiaztatzen duen dokumentazioa. Dena den, Administrazioak ofizioz xedatu ahalko ditu artikulu honetan aurreikusitako erregimena aplikatzeko beharrezko neurriak, baldin eta lehenago aipatutako egoerak aldatu direla jakiten badu.

6.– Artikulu honen aurreko paragrafoetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, pentsioen, hartzeko pasiboen eta lan-errenten eta aitortutako prestazio ekonomikoaren batuketak inola ere ezin izango du gainditu gizarte-babeseko araubide publikoan aurreikusitako gehieneko pentsioa.

Beste pentsio publiko batzuekin elkartuz gero, pilaketari buruzko arauak kontuan hartu beharko dira.

7.– Artikulu honek aipatzen duen nahitaezko erretiroaren deklarazioak dekretu honen 5. artikuluan aurreikusita dauden eta funtzionarioak jaso litzakeen prestazio ekonomikoetarako eskubidea iraungitzen du.

5. artikulua.– Lesio iraunkorrak.

1.– Zerbitzu-egintza deklaratzea eragiten duten egitateek lesio, mutilazio eta deformazio iraunkorrak ekarriz gero, ezintasunarengatiko erretiroa izan gabe, baina Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak langileari osotasun fisikoan aitortutako urritasuna izanda, hilero aldizkako prestazio ekonomiko bat jasotzeko eskubidea sortuko da. Prestazio horren kopurua izango da zerbitzu-egintzaren deklarazioa ekarri duten egitateak gertatzean interesdunak zuen lanbide-kategoriaren hirurteko bati dagokiona.

2.– Lesio iraunkorrengatiko beste zerbitzu-egintza batzuen deklarazioak ez du handituko artikulu honen aurreko paragrafoaren arabera aitortuta dagoen hileroko prestazio ekonomikoa.

3.– Artikulu honetan aurreikusitako prestazio ekonomikorako eskubideak dekretu honen 6. artikuluan xedatutako prestazioa ere barne hartzen du.

4.– Prestazio ekonomiko hori jasotzeko eskubidea eten egingo da funtzionarioa zerbitzu aktiboaz edo bigarren jardueraz bestelako administrazio-egoerara igaroz gero.

5.– Prestazio ekonomiko hori jasotzeko eskubidea iraungi egingo da funtzionarioak Ertzaintzako funtzionario izateari uzten dionean.

6. artikulua.– Bestelako ondorio ekonomikoak.

1.– Zerbitzu-egintza deklaratzea eragiten duten egitateek lesio, mutilazio eta deformazio iraunkorrak ekarri ezean, hilero aldizkako prestazio ekonomiko bat jasotzeko eskubidea sortuko da. Prestazio horren kopurua izango da zerbitzu-egintzaren deklarazioa ekarri duten egitateak gertatzean interesdunak zuen lanbide-kategoriaren hirurteko bati dagokiona. Prestazio ekonomiko hori ezingo da handitu beste zerbitzu-egintzaren deklarazio batzuk emateagatik.

2.– Prestazio ekonomiko hori jasotzeko eskubidea eten egingo da funtzionarioa zerbitzu aktiboaz edo bigarren jardueraz bestelako administrazio-egoerara igaroz gero.

3.– Prestazio ekonomiko hori jasotzeko eskubidea iraungi egingo da funtzionarioak Ertzaintzako funtzionario izateari uzten dionean.

7.– artikulua.– Kondekorazioak eta ohorezko sariak.

1.– Ertzaintzako funtzionarioei hurrengo kondekorazioak eta ohorezko sariak eman ahal zaizkie:

a) Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun, berdedun edo zuridun domina.

b) Polizia-zerbitzuarengatiko bereizgarri gorridun edo zuridun diploma.

2.– Halaber, Ertzaintzaren xedeak betetzeko egindako lanagatik, pertsona fisiko edo juridikoei hurrengo kondekorazioak eta ohorezko sariak eman ahal zaizkie:

a) Polizia-lanarengatiko bereizgarri urdindun domina.

b) Ohorezko plaka.

8. artikulua.– Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun domina.

1.– Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun domina Euskal Autonomia Erkidegoan poliziaren arloan eskumena duen Saileko titularrak emango du; hain zuzen, zerbitzu-egintzaren deklarazioa merezi duen polizia-jarduera bat aitortzeko; betiere, besteen alde aritzeko Ertzaintzan saririk handiena jasotzea merezi duten aparteko dohainak agerian utzita, jarrera pertsonal positiboek eragindako ekintzetan oinarritzen bada.

Bestetik, domina hori jasotzeko eskubidea izango dute ezohiko polizia-jarduerek, baldin eta beren izaeragatik, hain meritu handikoak izanda, goi-mailako aitorpena merezi badute. Horretarako, funtzionarioak bere bizitza arriskuan jarri behar izan du, nahiz eta jarduera horiek zerbitzu-egintzaren deklarazioa ez duten merezi.

2.– Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun domina zerbitzu-egintzaren deklarazioarekin batera eman ahalko da, biak aitortzea egokia bada.

3.– Domina jaso izana meritutzat joko da lanpostuak betetzeko eta barne-sustapeneko deialdietan, funtzionarioak Kidegoan jarraituz gero, indarrean dagoen araudian eta deialdien oinarrietan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.– Polizia-lanarengatiko bereizgarri berdedun domina.

1.– Polizia-lanarengatiko bereizgarri berdedun domina Segurtasun Sailburuordetzako titularrak eman ahalko du egitate garrantzitsuak edo ezohiko polizia-jarduerak burutzen direnean, baldin eta beren izaeragatik, hain meritu handikoak izanda, goi-mailako aitorpena merezi badute. Dena den, ez da nahitaezkoa funtzionarioaren bizitzarako arriskugarriak izatea edo zerbitzu-egintzaren deklarazioa merezi izatea.

2.– Domina jaso izana meritutzat joko da lanpostuak betetzeko eta barne-sustapeneko deialdietan, indarrean dagoen araudian eta deialdien oinarrietan ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina.

1.– Polizia-lanaregatiko bereizgarri zuridun domina Segurtasun Sailburuordetzako titularrak eman ahalko du jokabide eredugarriak saritzeko, kasu hauetan aparteko meritutzat jo daitezkeenak:

a) Zailtasun edo garrantzi handiko zerbitzuetan izandako parte-hartze arrakastatsua, berorietan lanbide arloko edo gizalegezko dohainak erakutsi badira.

b) Polizia-eginbeharrak betetzean behin eta berriro nabarmentzea.

c) Kidegoaren ospea hobetzeko eta zerbitzuan erabilgarriak diren lanbide edo zientzia arloko lan edo azterketa bikainak egin izana, betiere ezohikoak badira.

2.– Aurreko paragrafoaren b) idatzi-zatian aurreikusitakoaren ondorioetarako, kontuan hartuko da unitateburuek edo berorien nagusiek behin eta berriz zorion-adierazpenak egin izana; hain zuzen, funtzionarioaren eginkizunak burutzeari buruzko meritudun ekintzak aitortze aldera, baldin eta dominak emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira. Bereziki kontuan hartuko dira burutza desberdinek eman dituztenean. Beste alde batetik, kontuan hartu ahalko dira funtzionarioen unitateko lankideen edo menpekoen eskabide arrazoituak, betiere unitate horretako kide baten meritudun ekintza bati loturik.

Zorion-adierazpen horiek idazki arrazoitu bidez egin beharko dira, domina emango duen polizia-agintariaren nagusi hierarkikoaren oniritzia eta bere kideen lanbide-portaera aztertzeaz arduratzen den Ertzaintzako unitatearen ebaluazioa jasoko baititu. Interesdunari jakinaraziko zaio eta zoriondutako pertsonaren espedientean idatziko da.

3.– Domina jaso izana meritutzat joko da lanpostuak betetzeko eta barne-sustapeneko deialdietan, indarrean dagoen araudian eta deialdien oinarrietan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Polizia-zerbitzuarengatiko diploma.

1.– Polizia-zerbitzuarengatiko diplomaren xedea da Ertzaintzako funtzionarioei ibilbide profesionalean zehar beren eginkizuna bete izana aitortzea.

2.– Polizia-zerbitzuarengatiko Diplomak bi kategoria ditu:

a) Bereizgarri gorridun diploma, Ertzaintzan zerbitzu aktiboan hogeita hamar urte betetzean emango dena.

a) Bereizgarri zuridun diploma, Ertzaintzan zerbitzu aktiboan hogei urte betetzean emango dena.

3.– Polizia-zerbitzuarengatiko Diploma jaso ahal izateko beharrezkoa izango da espediente pertsonalean zehapenik ez izatea. Hortaz, diziplinazko hutsegiteagatik zehatu dituzten funtzionarioei ez zaie diploma emango ezarritako zehapena ezereztatzen ez den bitartean.

4.– Polizia-zerbitzuarengatiko Diploma emateko, bere kategorietako edozein dela, benetako zerbitzutzat joko da administrazio-egoera hauetan egindakoa: zerbitzu aktiboa, destinodun bigarren jarduera, senitartekoak zaintzeko eszedentzia, genero-indarkeriagatiko eszedentzia eta zerbitzu bereziak.

5. Segurtasun Sailburuordetzako titularrari dagokio Polizia-zerbitzuarengatiko Diploma ematea.

6. Polizia-zerbitzuarengatiko Diploma meritutzat joko da lanpostuak betetzeko eta barne-sustapeneko deialdietan, indarrean dagoen araudian eta deialdien oinarrietan ezarritakoaren arabera.

12. artikulua.– Polizia-lanarengatiko bereizgarri urdindun domina eta ohorezko plaka.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan poliziaren arloan eskumena duen Saileko titularrak jarraian aipatzen direnei polizia-lanarengatiko bereizgarri urdindun domina eman ahalko die: beste segurtasun-indar eta -kidego batzuetako kideak, larrialdi eta babes zibil zerbitzu publikoetako langileak, segurtasun pribatuko langileak, agintariak eta herritarrak; hain zuzen, segurtasun publikoaren defentsan garrantzi handiko ekintzak egiteagatik edo Ertzaintzaren mesederako edo ospea hobetzeko harekin funtsezko lankidetzan aritzeagatik.

2.– Arrazoi berberengatik erakundeak, elkarteak edo nortasun juridikoa duten zerbitzu publikoak edo pribatuak saritu behar badira, ohorezko plaka emango zaie.

13. artikulua.– Prozedura.

1.– Zerbitzu-egintza deklaratzeko prozedura ofizioz edo interesdunaren eskariz hasi ahalko da.

Prozedura interesdunaren edo haren ordezkariaren eskariz hasten bada, horrek eskabidearekin batera aurkeztu beharko du eskatzen den zerbitzu-egintza deklaratzeko oinarriak badaudela egiaztatzen duen dokumentazioa.

Zerbitzu-egintza deklaratzeko espedientearen instrukzioak izan beharko du bere unitateko kideen jokabide profesionala aztertzeaz arduratzen den Ertzaintzako unitateak inguruabarrei buruz prestatutako ebaluazioa. Bestetik, deklarazioa egin baino lehen, Ertzaintzaren Kontseiluari hizpidea eman beharko zaio.

Bidezkoa denean, Euskal Autonomia Erkidegoan poliziaren arloan eskuduna den Saileko titularrak zerbitzu-egintza dagoela aitortzeko ebazpen berean erabaki ahalko du polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun domina ematea.

Zerbitzu-egintza deklaratzeko espedientearen ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa da interesdunaren eskariz izanez gero eta, epe hori igarota, baietsitzat jo daiteke aurkeztutako eskabidea.

2.– Dekretu honetan aurreikusitako kondekorazioak eta sariak ematea ofizioz hasten da, horiek aitortzeko organo eskudunak, norberaren ekimenez, goragoko batek aginduta edo onuradun izan daitekeen pertsonaren nagusien, lankideen edo menpekoen proposamen arrazoitu bidez.

Ertzaintzako funtzionarioei kondekorazioak eta bereizgarriak emateko espedientearen instrukzioak izan beharko du bere unitateko kideen jokabide profesionala aztertzeaz arduratzen den Ertzaintzako unitateak inguruabarrei buruz prestatutako ebaluazioa.

Sei hilabeteko epean espedientea ebatzi eta jakinarazi ezik, prozedura iraungi egingo da.

3.– Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun, berdedun, zuridun eta urdindu dominak ezartzeko eta ohorezko plaka emateko ekitaldia ahalik eta osperik handienaz burutuko da eta, halaber, Ertzaintzarentzat esanahi berezia duten egunetan egiten ahalegindu da, baldin eta presa- edo egokiera-arrazoiengatik beste une batean egitea gomendagarria ez bada.

14. artikulua.– Kondekorazioen eta sarien erregistroa.

1.– Dekretu honetan araututako kondekorazioak eta ohorezko sariak langileen erregistro-liburuaren atal batean jasoko dira. Erregistro horretaz Herrizaingo Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritza arduratuko da. Atal horrek araututako kondekorazioak eta ohorezko sariak adina atal izango ditu.

2.– Ertzaintzako langileei emandako kondekorazioak eta sariak eta burutzen zorion-adierazpenak funtzionarioaren espediente pertsonalean jasoko dira.

15. artikulua.– Dominen ezeztapena.

1.– Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun, berdedun eta zuridun dominak beroriek eman dituen organoak ezeztatuko ditu, kontraesaneko espedientea izapidetu ondoren, hutsegite oso larriarengatiko diziplina-zehapen irmoa egonez gero, betiere zehapen horrek berekin bi urtetik gora zerbitzutik kanpo uztea edo eginkizunez gabetzea ekartzen badu. Ezeztapenak dominari datxezkion ondorio guztiak galtzea eragingo du.

2.– Diziplina-espedientea izapidetu bitartean, kautelaz erabaki ahalko da emandako kondekorazioak ekitaldi publiko edo instituzionaletan uniformean erabiltzeko eskubidea aldi baterako etetea.

16.– artikulua.– Uniformeetan erabiltzeko baldintzak eta era.

Dekretu honetan xedatutakoa eta uniformeei buruzko araudiak ezarritakoa aplikatzeko, Segurtasun Sailburuordetzako titularrak jarraibideak eman ahalko ditu arau honetan aurreikusitako kondekorazioak eta sariak uniformeetan erabiltzeko moduei eta baldintzei buruz, baita beste polizia-kidego edo erakunde batzuek Ertzaintzako funtzionarioei emandako beste kondekorazio edo sari batzuei buruz ere.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu honetan xedatutako dominak ematea eta horien tipologiak hartuko dira kontuan Ertzaintzako funtzionarioei dagozkien produktibitateko osagarrien arauketan eta zehaztapenean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Dekretu hau eta bere ondorioak indarrean sartu aurreko gertaerengatiko zerbitzu-egintzaren deklarazioak lehenago indarrean zegoen araudi aplikagarrian aurreikusitakoa bete beharko du.

Bigarrena.– 1.– Dekretu hau indarrean sartu aurreko gertaerengatik kondekorazioak eta sariak emateak lehenago indarrean zegoen araudi aplikagarrian aurreikusitakoa bete beharko du, hurrengo paragrafoetan aipatutakoaren kalterik gabe.

2.– Polizia-lanarengatik lehengo erregulazioaren babesean emandako dominak Ertzaintzan zerbitzuan jarraitzen dutenentzat polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun dominaren baliokide izango dira, dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera, lanpostuak betetzeko eta barne-sustapeneko deialdietan meritu gisa hartzeko ondorioetarako soilik.

3.– Ertzaintzako langileei aplika dakiekeen kondekorazio eta sari erregimenari buruzko apirilaren 27ko 71/2004 Dekretuaren babesean Segurtasun Sailburuordetzako titularrak emandako zorion-adierazpenak, baldin eta dekretu hau indarrean sartu aurreko gertaerengatik funtzionarioaren espediente pertsonalean jasota badaude, polizia-lanarengatiko bereizgarri berdedun dominaren baliokide izango dira, dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera, lanpostuak betetzeko eta barne-sustapeneko deialdietan meritu gisa hartzeko ondorioetarako soilik.

4.– Polizia-zerbitzuarengatik lehengo erregulazioaren babesean emandako bereizgarri gorridun edo zuridun diplomak dekretu honetan aurreikusitako diploma korrelatiboen baliokide izango dira, dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera, lanpostuak betetzeko eta barne-sustapeneko deialdietan meritu gisa hartzeko ondorioetarako.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratu da Ertzaintzako langileei aplika dakiekeen kondekorazio eta sari erregimenari buruzko apirilaren 27ko 71/2004 Dekretua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoan poliziaren arloan eskumena duen Saileko titularraren aginduz arau honetan aurreikusitako kondekorazioen eta sarien deskribapena eta forma arautuko dira.

Bigarrena.– Aldatu egin da Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen abenduaren 22ko 388/1988 Dekretuaren 9. artikuluko 1. paragrafoko f) idatzi-zatia, eta horrela idatzita egongo da hemendik aurrera:

«f) Euskal Herriko Polizia Kidegoetako kondekorazioak eta sariak ezarriko den araudiarekin bat etorriz baloratuko dira.»

Hirugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 16an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala