Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2012ko urriaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
4764

EBAZPENA, 2012ko urriaren 17koa, Herrizaingo, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariarena eta Justizia eta Herri Administrazio Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen zuzendariarena. Honen bidez, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoko hainbat lanposturen behin betiko barne-hornidurarako deialdia egiten da. Lanpostuei 14. edo hortik gorako ordainsari-maila dagokie.

Segurtasuneko zerbitzu lagungarrietako kontratupeko langileen plantillaren bilakaera historikoan, berez hutsik dauden lanpostu asko behin-behinean bete dira. Horrek ezegonkortasun handia eragiten du plantillan, eta behar diren egiturak finkatzea baldintzatzen du, baita langile-baliabideak eraginkor esleitzea eta optimizatzea ere. Bestalde, lanbide-garapena eta administrazioak egindako inbertsioa itzultzea ere baldintzatzen ditu.

Sortu den egoera dela-eta, ezinezkoa da berez hutsik egonik behin-behinean beteta dauden lanpostu guztiak deialdi bakar eta orokor batean sartzea; izan ere, mugimendu ugariak izan litzakeen ondorioek zerbitzuen jardunean disfuntzio ugari sor litzakete. Hori horrela, eta adierazitako ezaugarriak betetzen dituzten lanpostu guztietarako deialdiak egiteko helburuz, hainbat deialdi egingo dira, pixkanaka, antolakuntza-eremu, jakintza-sektore eta lanpostu zehatz eta orokorren arabera, helburu hori bete arte.

Sektoreko negoziazio-mahaiko kideak diren sindikatuei asmo eta helburu horien berri eman zitzaien. Era berean, deialdirako hasierako baldintzak eta lehen fase honetan deituko diren lanpostuak jakinarazi zitzaizkien. Hainbat bilera eginda langileen ordezkariekiko negoziazioak amaitu ondoren, barne-lehiaketarako deialdia egin behar da, Herrizaingo Sailaren eta Eusko Herriko Poliziaren Ikastegia erakunde autonomoaren lan-kontratuko langileen hitzarmen kolektiboaren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat (hitzarmen hori Lan eta gizarte Segurantza zuzendariaren 2008ko martxoaren 18ko Ebazpen bidez egin zen eta 2008ko apirilaren 17ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen).

Ildo horretan, betiere hitzarmen horrek 13. artikuluan ezarritako irizpideei jarraitzearren, alde batetik, 14. edo hortik gorako maila duten lanpostuen deialdia egiten da, eta, bestetik, aurrekontuan bildutako eta, sindikatuekiko negoziazioan adierazitako irizpideen arabera, ezinbestean eta lehentasunez behin betiko hornitu beharreko gainerakoena.

Aurreko guztia kontuan hartuta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren eta Araubide Juridiko eta Zerbitzuen zuzendariak, Herrizaingo Sailaren Giza Baliabideen zuzendariaren 2012ko otsailaren 17ko Ebazpen bidez –ebazpen hori Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzari hainbat eskumen eskuordetzeko eman zen ebazpen bidez, alegia– esleituta dituen eskumenak baliatuz, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Erakunde Autonomoko lan-kontratupeko langile finkoentzat gordetako lanpostu hutsak barne-hornidura bitartez betetzeko deialdia egitea ebatzi du, betiere honako oinarri hauen arabera:

Lehenengoa.– Lehiaketaren helburua.

Hitzarmen honen helburua da Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Erakunde Autonomoaren eremuko lan-kontratupeko langile finkoentzat gordetako 14. edo hortik gorako ordainsari-mailako lanpostu hauek hornitzeko arauak ezartzea:

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Lehiaketa honetan parte har dezaketen langileak.

1.– Lehiaketa honetan parte har dezakete Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta Euskal Herriko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoaren lan-kontratupeko langileen indarreko hitzarmen kolektiboaren aplikazio-eremuaren barnean hartutako lan-kontratupeko langile finkoek. Era berean, honako baldintza hauek ere bete behar dituzte:

a) Lan-kontratupeko langile finko egin zutenetik urtebetez zerbitzua eman izana.

b) Lanpostu-zerrendan ezarritako titulua eta gainerako betekizunak izatea. Eskainitako lanpostu jakin batzuetan aritzeko antzeko eginkizunetan esperientzia edukitzea eskatzen denez gero, deitutako lanpostutik gehienez 4 maila aldentzen den ordainsari-maila duten lanpostuetan egindako lanarekin egiaztatu ahal izango da betekizun hori edo, bestela, zuzenean nahiz hierarkikoki deitutako lanpostuaren menpean dagoen lanpostuan egindako lanarekin.

c) Titulazioaren goreneko maila nahi den lanpostuak eskatzen duen gutxieneko titulu mailaren baliokidea izateko baldintza bete behar du, nahiz eta titulazio hori finkotasuna eman zion lanpostuari zegokiona izan edota behin betiko lanpostuen barne sustapenean barruko lehiaketa bidez esleitutako lanpostuari zegokiona izan. Hala ere, eskakizun hori bete ezean, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailak aitortuko dio dagozkion hautatze-probak egitearen eta gainditzearen bidez betetzeko deialdiaren esparruan; hortaz, deialdian onartua izateak probak gainditzea baldintzatzen du.

2.– Honako hauek ezingo dute lehiaketa honetan parte hartu:

a) Eginkizun-etendura irmoan dauden langileek, egoera horretan dauden bitartean.

b) Norberaren interesagatik edo familia batzeagatik borondatezko eszedentzian dauden langileek, non eta ez den berriro laneratzeko eskatutako gutxieneko denbora igaro.

Diziplina-espediente baten ondorioz lekuz aldatu dituzten langileek, oraindik zigorra betetzen ari badira, ezin izango dute lanpostua herri berean eskatu.

3.– Aipatutako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete behar dituzte izangaiek. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizunak. Parte hartzeko baldintzak ordura arte betetzen ez dituzten parte-hartzaileak ezin izango dira esleitutako lanpostuaz jabetu.

Hirugarrena.– Esleitzeko prozeduraren faseak.

Esleitzeko prozedurak honako etapa hauek izango ditu:

1.– Eskainitako lanposturako onartutako eskatzaile guztien merezimendu orokorrak baloratzea.

Behin-behineko emaitzak Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren ohar-tauletan edo Gurenet Intranet korporatiboan emango dira aditzera, eta horien kontra erreklamazioa aurkeztu ahal izango zaio deialdia egin duen organoari bost egun balioduneko epean.

2.– Bosgarren oinarrian aurreikusitako proba egitea aurreko etapa gainditu dutenek.

Behin-behineko emaitzak Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren ohar-tauletan edo Gurenet Intranet korporatiboan emango dira aditzera, eta horien kontra erreklamazioa aurkeztu ahal izango zaio deialdia egin duen organoari bost egun balioduneko epean.

3.– Kalifikazio-batzordeak deialdia egin duen organoari lanpostua esleitzeko proposamena helaraztea, betiere merezimenduen balorazioan –euskara barnean hartuta– eta, hala badagokio, bosgarren oinarrian aurreikusitako proban lortutako puntuazioen baturaren arabera.

4.– Araubide Juridiko eta Zerbitzuen zuzendariaren ebazpena, eskainitako lanpostua behin betiko esleitzen eta barne-lehiaketa ebazten duena, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren ohar-tauletan edo Gurenet Intranet korporatiboan argitaratzea.

Laugarrena.– Lehiaketako puntuazioa.

1.– Prozesuan gehienez ere 170 puntu lor daitezke, euskararen jakintzari buruzko balorazioa kontuan hartu gabe.

2.– Lehen fasean (merezimenduen balorazioa) gehienez ere 110 puntu lor daitezke. Lehenengo fasea gainditzeko, gutxienez 30 puntu lortu behar dira.

3.– Bigarren fasean, gehienez ere 60 puntu lor daitezke. Gainditu den ala ez ebazteko, seigarren oinarrian ezarritakoa hartuko da kontuan.

Bosgarrena.– Merezimenduen balorazioa.

Lehiakideek aurkeztutako merezimenduak honako baremo honen arabera baloratuko dira:

1.– Antzinatasuna: kontzeptu horri loturik gehienez 15 puntu lor daitezke.

Balorazioa honako irizpide hauen arabera egingo da:

Herri-administrazioetan lanean emandako hilabete oso bakoitzeko, 0,089 puntu, eta, orotara, gehienez ere 15 puntu.

Horretarako, lan-kontratupeko langile finko izatera iritsi aurretik emandako zerbitzuak ere baloratuko da, beste herri-administrazio batzuek egiaztatuz gero. Aldi berean betetako zerbitzuak ez dira birritan kontatuko.

2.– Lanbide-kategoria: gehienez ere 5 puntu emango zaizkio eskatzaileak titulartasunez duen lanpostuaren ordainsari-mailaren balorazioari, honela banatuta:

● Eskatutako lanpostuarenetik maila bat –edo gehiago– gorago dagoen maila duen lanpostuaren titulartasuna: 5 puntu.

● Eskatutako lanpostuaren maila bereko lanpostuaren titulartasuna: 4 puntu.

● Eskatutako lanpostuarenetik maila bat beherago dagoen maila duen lanpostuaren titulartasuna: 3 puntu.

● Eskatutako lanpostuarenetik bi maila beherago dagoen maila duen lanpostuaren titulartasuna: 2 puntu.

● Eskatutako lanpostuarenetik 3 maila beherago dagoen maila duen lanpostuaren titulartasuna: 2 puntu.

● Eskatutako lanpostuarenetik lau maila –edo gehiago– beherago dagoen maila duen lan­postuaren titulartasuna: 0 puntu.

3.– Egindako lanaren balorazioa: gehienez 60 puntu emango zaizkio eskatutako lanpostuaren zereginekin zerikusia duten lanpostuetan azken hamar urteotan egindako lanari, honako puntuazio honen arabera:

● Deitutako lanpostuaren balorazio-maila baino hiru edo maila gehiagoko lanpostuetan egindako lana: 0,53 puntu zerbitzu-hilabete osoko, gehienez ere 60 puntu.

● Deitutako lanpostuaren balorazio-maila baino maila bat edo bi gehiagoko lanpostuetan egindako lana: 0,49 puntu zerbitzu-hilabete osoko, gehienez ere 55 puntu.

● Deitutako lanpostuaren balorazio-maila bereko lanpostuetan egindako lana: 0,45 puntu zerbitzu-hilabete osoko, gehienez ere 50 puntu.

● Deitutako lanpostuaren balioespen-maila baino maila bat gutxiagoko lanpostuetan egindako lana: 0,41 puntu zerbitzu-hilabete osoko, gehienez ere 45 puntu.

● Deitutako lanpostuaren balorazio-maila baino bi maila gutxiagoko lanpostuetan egindako lana: 0,36 puntu zerbitzu-hilabete osoko, gehienez ere 40 puntu.

● Deitutako lanpostuaren balorazio-maila baino hiru maila gutxiagoko lanpostuetan egindako lana: 0,325 puntu zerbitzu-hilabete osoko, gehienez ere 35 puntu.

● Deitutako lanpostuaren balorazio-maila baino lau edo maila gutxiagoko lanpostuetan egindako lana: 0,28 puntu zerbitzu-hilabete osoko, gehienez ere 20 puntu.

4.– Prestakuntzaren balorazioa: deitutako lanpostuaren funtzioekin lotutako berariazko prestakuntzak 50 puntuko balorazio izango du gehienez, honako arau hauei jarraiki:

A) Titulazio akademikoak edo graduondokoak. Ikasketa-titulu ofizialak baloratuko dira, baita unibertsitateek edo izen handiko erakundeek berezkoak dituzten masterrak, diplomak eta tituluak ere. Horiek guztiak bete beharreko lanpostuan aritzeko baliagarri diren heinean baloratuko dira: nolako baliagarritasuna, halako balorazioa. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

Titulazio talde desberdineko lehiakideek lanpostu bera eskatzen badute, beheragoko mailako langileei ezin izango zaizkie merezimendu gisa baloratu lanpostua lortzeko eskatzen diren goragoko mailako titulu ofizialak.

Baten batek unibertsitate-ikasketa berbereko hainbat ziklo gainditu izana ziurtatzen badu, ziurtatutakoen artetik goreneko zikloari dagokion titulua besterik ez zaio baloratuko.

Merezimendu modura aurkezturiko goragoko beste titulu bat lortzeko beharrezko tituluak ere ez dira baloratuko.

B) Bestelako ikasketa- edota unibertsitate-tituluak eta deitutako lanpostua lortzeko enborrekoak edo beharrezkoak ez direnak, gehienez 20 puntu.

● Doktoregoa: titulu bakoitzeko gehienez ere 10 puntu.

● Lizentziatura, arkitektura edo goi-ingeniaritza: titulu bakoitzeko gehienez ere 10 puntu.

● Diplomatura, arkitektura teknikoa edo ingeniaritza teknikoa edo baliokidea: titulu bakoitzeko gehienez ere 7 puntu.

● Unibertsitateetako titulu, diploma eta masterrak, aurrekoez bestelakoak: gehienez ere 5 puntu titulu bakoitzeko.

C) Lanpostuari dagozkion eginkizunekin lotura zuzena duten hobekuntza-ikastaroak, azken 7 urteetan eginak. Ikastaro horiek Herri Administrazioaren Euskal Erakundeak, Administrazio Publikoen beste eskola batzuek edo Unibertsitateak deituak eta homologatuak izan behar dute. Ikastaroengatik gehienez ere 30 puntu emango dira, betiere baremo honen arabera:

● 20 ordu edo gehiagoko eta 40 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: ikastaro bakoitzeko 1,5 puntu gehienez.

● 40 ordu edo gehiagoko eta 80 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: ikastaro bakoitzeko 2,5 puntu gehienez.

● 80 ordu edo gehiagoko ikastaroak: ikastaro bakoitzeko 4 puntu gehienez.

5.– Irakaskuntza eta ikerkuntza: gehienez 10 puntu emango dira deitutako eredu-lanpostuaren eginkizunekin edo horiek betetzeko behar diren trebeziekin lotutako irakasle- edo ikerlari-lanagatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta/edo beste herri-administrazio batzuek, unibertsitateek eta beste izen handiko erakundeek antolatuak edo homologatuak badira. Baremo hau aplikatuko da:

● Emandako ikastaro-ordu bakoitzeko, gehienez 0,10 puntu, eta guztira 5 puntu lor daitezke guztira.

● Komunikazioak edo ponentziak, biltzarretan, mintegietan edo jardunaldietan, gehienez 1 puntu bakoitzeko, eta, gehienez, guztira, 4 puntu.

● Ikerketa-proiektuetan parte hartu izana: gehienez ere 1,5 puntu proiektu bakoitzeko, eta, guztira, gehienez, 3 puntu.

● Argitalpenak, gehienez 7 puntu:

6.– Europar Batasuneko hizkuntza ofizialei, gaztelania ez direnei, buruzko jakintza: Europar Batasunean ofizialak diren beste hizkuntza batzuen (ingelesa, frantsesa eta/edo alemana) jakintza gehienez ere 10 puntuz baloratuko da. Jakintza-maila hizkuntza-eskola ofizialaren tituluaren edo horren baliokidea den eta homologatuta dagoen titulu baten bidez egiaztatuko da, honako baremo honen arabera:

● Ingelesa:

– Hizkuntza-eskola ofizialeko 4. mailari dagokion jakintza: 10 puntu.

– Hizkuntza-eskola ofizialeko 3. mailari dagokion jakintza: 5 puntu.

● Frantsesa:

– Hizkuntza-eskola ofizialeko 4. mailari dagokion jakintza: 5 puntu.

– Hizkuntza-eskola ofizialeko 3. mailari dagokion jakintza: 3 puntu.

● Alemana:

– Hizkuntza-eskola ofizialeko 4. mailari dagokion jakintza: 5 puntu.

– Hizkuntza-eskola ofizialeko 3. mailari dagokion jakintza: 3 puntu.

7.– Euskara.

Eskaturiko lanpostuak lanpostu-zerrendan derrigortasun-data iraungirik ez baldin badu soilik baloratuko da euskara.

Euskara merezimendu gisa baloratuko da, gehienez ere prozesuaren gainerako ataletako guztizko puntuazioaren % 20ra arte, honako puntuazio honen arabera:

● 3. eta 4. hizkuntza-eskakizuna dagokien lanpostuak:

– 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 5.

– 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 10.

– 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 15.

– 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 20.

● 1. eta 2. hizkuntza-eskakizuna dagokien lanpostuak:

– 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 5.

– 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 10.

– 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 15.

– 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 15.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 43.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da; horren arabera, derrigorrezko 4. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuei dagokienez, inork egiaztatzen ez badu hizkuntza-eskakizun hori, 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten lehiakideek lanpostua betetzeko aukera izango dute.

Bosgarrena.– Proba.

1.– Lanpostu guztietarako, arazoei irtenbidea emateko proba bat edo proiektu bat egiteko proba bat egin beharko da, dagokion lanposturako monografian bildutako konpetentzien ingurukoa izango dena. Eskatu dituzten lanpostuen monografiaren kopia bidaliko zaie parte-hartzaileei, ahal dela formatu elektronikoan.

Arazoei irtenbidea emateko proba edo aurreikusitako proiektua egiteko proba baztertzailea izango da 16. mailako edo hortik gorako lanpostuetarako, eta proba gainditzeko, gutxienez 60 puntu lortu beharko dira.

3.– Arazoei irtenbidea emateko probak edo proiektu bat egitekoak deitutako lanpostu bakoitzerako berariazkoak izango dira. Nolanahi ere, baldin eta bi lanpostu edo gehiagorako jakintza edo trebezia berberak badira, kalifikazio-batzordeak eskaintzen den lanpostu desberdinetarako proba praktiko bera egitea erabaki dezake.

4.– Arazoei irtenbidea emateko probaren eta proiektu bat egiteko probaren edukia.

– Arazoei irtenbidea emateko proba teorikoa edo praktikoa izan daiteke. Nolanahi ere, proba horretan galdera teorikoei buruzko galdera sorta bat txertatuko da.

– Proiektu bat egiteko proban, gertaera jakin bat emanda egin beharko da proiektua, betiere 6. atalean adierazitako jarraibideen arabera.

– Arazoei irtenbidea emateko probak zereginak betetzean sortzen diren arazoak konpontzeko jakintzak, printzipioak, trebetasunak, prozedurak eta estrategiak baliatzea baloratzeko balioko du.

– Proiektua egiteko proba praktikoan, hau baloratuko da: izangaiak nola aplikatzen dituen ezagupenak, printzipioak, trebetasunak, prozedurak eta estrategiak, helburua lortzeko behar diren ekintzak planifikatzean eta programatzean, denbora-, kostu- eta baliabide-mugak kontuan hartua.

5.– Arazoei irtenbidea emateko probaren erantzuna ondoren azaltzen den eskema orokorrera egokituko da. Dena den, kalifikazio-batzordeak eskema lanpostuaren berezitasunetara egokitu ahal izango du.

1) Arazoa ulertzea eta deskribatzea.

2) Zer konponbide izan dezakeen aztertzea.

3) Konponbiderik egokiena aukeratzea eta aplikatzea.

4) Konponbidea ebaluatzea eta horren segimendua egitea.

6.– Proiektua egiteko probaren erantzuna ondorengo eskema orokorraren araberakoa izango da. Dena den, kalifikazio-batzordeak eskema lanpostuaren berezitasunetara egokitu ahal izango du.

1) Diagnostikoa.

2) Diseinua: izenburua, helburuak, justifikazioa, aurreikusitako ekintzak, kronograma, baliabideak.

3) Gauzatzea edo ezartzea.

4) Proiektuaren segimendua eta ebaluazioa.

7.– Izangaiak bere proba defendatu beharko du kasu guztietan ebaluazio-batzordearen aurrean, proba edozein modalitatetakoa izanik ere.

8.– Eskainitako lanpostu bakoitzerako proba egiteko eguna, ordua, tokia eta modua onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartzen duen ebazpenarekin batera eta modu berean argitaratuko da.

Seigarrena. Eskabideak.

1.– Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabideak ebazpen honen I. eranskin gisa argitaratutako ereduan aurkeztuko dira. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Sortu berriak diren eta EHAAn argitaratzeke dauden lanpostuetarako eskabideak kautelaz egingo dira, EHAAn argitaratu arte, adierazitako moduan.

3.– Eskabideek eskainitako lanpostuei buruzkoak izan behar dute, eta, eskabideak egiteko, I. eranskina bete behar da. Lanpostu batera baino gehiagora aurkezteko, eskabidean haientzat nahi den lehentasun-ordena ezarriko da. Eraginkortasun-arrazoiak tarteko deialdia bi zatitan egiten denez gero, deitutako lanpostuen mailaren araberako zatitan alegia, inor 14.etik beherako maila duten lanpostuetarako aurkezten bada, lehentasun-ordena adierazteko orri bakarra egingo da, norberaren lehentasunak adierazita.

4.– Lehiaketa honetan parte hartzen duten langileek deialdia egin duen organoaren erregistro orokorrean aurkeztu behar dute eskabidea, edo Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduan, eta Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio.

5.– Eskabideek eskatzaileak lotetsiko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan. Daturen bat eman ez edo oker emanda dagoela gertatzen bada, interesdunak ezin baliatu ahal izango du datu hori bere aldeko erreklamazioren bat aurkeztu nahi izanez gero. Era berean, horrek ez dio bide emango bere interesak eta/edo eskubideak urratu dizkiotela uste izateko.

6.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, deialdian onartu eta handik kanpo utzitako eskatzaileen behin-behineko zerrenda zehazteko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzak emandako ebazpena argitaratuko da Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiaren ohar-taula guztietan eta Gurenet Intranet korporatiboan argitaratuko da, eta argitaratu eta biharamunetik aurrera bost egun balioduneko epea emango da baztertutako izangaiek nahi dituzten alegazioak aurkezteko eta gainerako zuzenketak egitea eskatzeko.

7.– Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendan honako datu hauek bilduko dira:

– Onartutakoen eta baztertutakoen izendun zerrenda.

– Hala badagokio, izangaiak baztertzeko baliatutako arrazoia.

8.– Hartarako ezarritako epea iragandakoan aurkaratzerik aurkeztu ez bada, zerrenda hori behin betikoa izango da.

Erreklamazioak aurkezten badira, onartutako izangaien behin betiko zerrenda onartzeko emango den beste ebazpen batean baietsi edo ezetsiko dira. Ebazpen hori Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren ohar-tauletan eta Gurenet Intranet korporatiboan argitaratuko dira.

Aurkaratzeak Administrazio Prozedurari buruzko legearen 125. artikuluak eta Lan Arloko Prozeduraren Legearen Testu Artikulatua onartzen duen apirilaren 27ko 521/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren 69. eta hurrengo artikuluek aipatzen duten lan-arloko auzibidearen aurretiazko erreklamaziotzat hartuko dira.

9.– Lan-arloko epaitegian demanda aurkezteak ez du ekarriko prozesua eteterik, eta eskatzailea prozesuan kautelaz onartuko da, konponbiderik ez duen kalterik ez eragiteko, demanda baiesten badiote. Kasu horretan, baldintzapean onartu dela agerrarazi beharko da behin betiko zerrendan. Horretarako, ezinbestekoa da interesdunak berehala jakinaraztea Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzari ebazpena argitaratzen denetik edo zuzenean jakinarazten zaionetik 5 eguneko epean demanda aurkezteko asmoa duela, baita aurkeztu egin duela ere; eta demandaren kopia aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena.– Merezimenduak eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Datu, betekizun eta merezimendu guztiak eskabideak aurkezteko epearen azken egunari loturik egongo dira.

2.– Merezimenduak eta betekizunak honela aurkeztu eta egiaztatu behar dira:

Langileak Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailean eta/edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian duen antzinatasuna ofizioz txertatuko da. Beraz, ez da beharrezkoa egiaztatzea. Langileak beste herri-administrazioetan duen antzinatasuna dokumentu bidez egiaztatu behar da; hain zuzen ere, hartarako egindako jatorrizko ziurtagirien bidez edo ebazpen honen laugarren oinarrian bildutakoaren arabera.

Aldi berean betetako zerbitzuak ez dira birritan kontatuko.

Langileak duen lanbide-kategoriari dagokion lanpostuaren ordainsari-maila ofizioz txertatuko da. Hortaz, ez da beharrezkoa izango egiaztatzea.

Baloratuak izateko moduko nahi beste titulu ofizial, master, diploma eta ikastaro aurkeztu behar izango dira.

Soilik egiaztatu beharko dira Langileen Erregistroan jasota ez dauden titulu ofizialak.

Eskainitako lanpostuan aritzeko antzeko funtzioetan esperientzia edukitzea eskatzen bada, deitutako lanpostutik gehienez 4 maila aldentzen den ordainsari maila duten lanpostuetan egindako lanarekin egiaztatu ahal izango da, edo, bestela, zuzenean nahiz hierarkikoki deitutako lanpostuaren menpean dagoen lanpostuan egindako lanarekin.

Soilik baloratuko dira parte-hartzaileek aurkeztu eta egiaztatutako merezimenduak; administrazio honek aitortutako merituak eta Langileen Erregistroan jasotakoak ofizioz baloratuko dira. Soilik baloratuko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunera arte egindako merezimenduak.

Ez dira merezimendu moduan baloratuko betekizunak betetzeko eman edo beharrezkoak diren datuak.

Hizkuntzen jakintza egiaztatzeko, eskatzen den maila gaindituta edukitzeari buruzko hizkuntza-eskola ofizialeko ziurtagiria edo horren baliokidea den titulu homologatua aurkeztu beharko da.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak emandako hizkuntza-eskakizunak ofizioz hartuko dira kontuan; ez dago zertan aurkeztu.

Gainerako kasuetan, izangaiek euskaraz zenbateraino dakiten egiaztatzeko, bai eskakizun modura bai merezimendu modura egiaztatzeko, erakunde ofizial baten egiaztagiria aurkeztu beharko da.

3.– Kalifikazio-batzordeak, alegatu diren merezimenduak edo betekizunak egiaztatzeko beharrezkoa baderitzo, azalpenak emateko edo agiri gehiago aurkezteko eskatu ahal izango die interesdunei, prozesuaren edozein unetan.

4.– Behar bezala egiaztatutako ezgaitasunen bat duten langileek eskatutako lanpostua egokitzeko eskatu ahal izango dute eskabidean bertan. Horretarako, egokitzapena egin beharra eta eskatzen den lanpostuari dagozkion funtzioak betetzearekin bateragarria dela egiaztatzen duen gai horretan eskuduna den organoak egindako txostena aurkeztu beharko du. Eskatutako egokitzapenari dagokionez, beharrezkotzat jotzen duen informazioa eskatu ahal izango dio administrazioak interesdunari. Era berean, lan-arloko edo osasun-arloko administrazioaren irizpena eskatu ahal izango du, lanpostua egokitzea bidezkoa den eta dagozkion funtzioak betetzearekin bateragarria den zehazteko.

Zortzigarrena.– Kalifikazio-batzordea.

Kalifikazio-batzorde bakarra eratuko da deialdian barne hartutako lanpostu guztietarako, honako irizpide hauei jarraiki:

1.– Osaera.

Epaimahaiburu batek, hiru kidek eta idazkari batek osatuko dute. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez. Kalifikazio-batzordea osatzen duten guztiek indarrean dagoen lanpostu-zerrendan eskatzen den maila bereko edo goragoko mailako titulazioa eduki behar dute. Epaimahaikideek, idazkariak izan ezik, karrerako funtzionarioak edo sektore publikoko lan-kontratupeko langile finkoak izan behar dute. Epaimahaikideetako bat sindikatuen ordezkariek proposatuta izendatuko dute.

Epaimahaiak inpartzialtasun- eta objektibotasun-arauei jarraiki jardungo du.

Batzordeko kideen zerrenda izenduna Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren ohar-taula guztietan edo Gurenet Intranet korporatiboan argitaratuko da prozesuan onartu diren eta handik baztertuta utzi direnei buruzko behin-behineko ebazpenaren aurretik edo harekin batera.

2.– Abstentzioa eta ezespena.

Kalifikazio-batzordeko kideren bat Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. artikuluan bildutako kasuetako batean bada, ezin izango du prozesuan parte hartu eta deialdia egin duen agintaritzari jakinarazi beharko dio. Gauza bera gertatuko zaie deialdia argitaratu aurreko bost urteetan hautaprobetan parte hartuko duen izangairen bat prestatzen jardun dutenei ere.

Aurreko kasuetakoren bat gertatzen denean ere, interesdunek epaimahaikideak ezetsi ahal izango dituzte, betiere aipatutako legearen 29. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3.– Aholkularitza.

Nolanahi ere, kalifikazio-batzordeak komenigarritzat jotzen dituen aholkuak eta behar duen materiala eskuratu ahal izango ditu, hautapen-prozesuaren edozein etapatan.

4.– Bilerak eratzea.

Kalifikazio-batzordea ezin izango da eratu, eta ez du jarduterik izango, epaimahaiburua, idazkaria eta gutxienez bi kide bertan ez badaude.

5.– Erabakiak hartzea.

Batzordearen erabakiak daudenen botoen gehiengoaz hartuko dira, eta berdinketa gertatzen bada, epaimahaiburu diharduenaren botoak erabakiko du.

6.– Kalifikazio-batzordeari dagozkion funtzioak:

A) Prozedura objektiboa dela ziurtatzeko ardura duenez gero, bermatu behar du deialdiaren oinarriak betetzen direla, eta gainera beharrezko akordioak hartu behar ditu dagokionean arauetan dauden hutsuneei aurre egiteko, eta haiek aplikatzean nabari azaltzen diren kontraesanei erantzun egokia emateko.

B) Deialdia egin duen organoari prozesuan onartutakoen eta handik bazter utzitakoen behin-behineko eta behin betiko zerrenden proposamenak helaraztea.

C) Aurreikusitako funtzioak betetzea eta sortzen diren zalantzak ebazteko eta lehiaketa ahalik eta ondoen gauzatzeko beharrezkoak diren beste guztiak betetzea, betiere oinarri hauetan aurreikusi ez den guztiari dagokionez.

D) Egoki irizten dizkion behin-behineko erabakiak Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren ohar-tauletan edo Gurenet Intranet korporatiboan argitaratzea.

Aurrekoaren aurka, interesdunek dagokion batzordeko buruari aurkaratzeak aurkeztu ahal izango dizkiote, 5 eguneko epean, eta batzordeak ebatziko ditu, hartarako erabaki bat emanez. Erabaki horren aurka, berriz, auzibidearen aurretiazko erreklamazioa aurkeztu ahal izango zaio Araubide Juridiko eta Zerbitzuen zuzendariari, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 125. artikuluan eta Lan Arloko Prozeduraren Legearen 69. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

E) Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzari helaraztea egindako jardun guztiak eta, behin betiko sailkapenaren arabera puntuaziorik handiena lortu duenari lanpostua esleitzeko proposamenak, behin-behinekoak eta/edo behin betikoak.

7.– Jakinarazpenetarako eta erreklamazioetarako, kalifikazio-batzordeak Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Giza Baliabideen Zuzendaritzan izango du egoitza: Larrauri Mendotxe bidea, 18; posta-kodea: 48950 Erandio.

Bederatzigarrena.– Lanpostua esleitzea eta horren ondorioak.

1.– Hirugarren oinarriko 3. etapa amaitutakoan, deialdia egin duen organoak lanpostua esleitzeko behin betiko ebazpen bidez esleituko du lanpostua, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldez aurretik txostena emanda. Ebazpen horretan, garbi adieraziko da zer egunetan jarriko diren indarrean prozesuaren ondorio diren harreman juridiko eta lan-arlokoei egin beharreko aldaketak.

2.– Deialdi honen ondoriozko lekualdaketa borondatezkotzat hartuko da; era berean, ez du ezein kontzepturi lotutako kalte-ordainerako eskubiderik sortuko. Horrez gain, lanpostua esleituta, ezin izango zaio uko egin, baldin eta lanpostuan hasteko epea amaitu baino lehen deialdi publiko bidez dagokion langileak beste destino bat lortu ez badu.

3.– Lanpostua esleitzeak lan-kontratuaren nobazioa ekarriko du-

4.– Lanpostua esleitzen zaion langileak hitzarmenaren 11. artikuluan ezarritako probaldia egin beharko du.

5.– Deialdian barne hartutako lanpostua esleitzeko ordena lortutako guztizko puntuazioaren araberakoa izango da. Horretarako, berriz, merezimenduen baremoa hartuko da kontuan, euskara barne, eta, hala badagokio, bosgarren oinarrian aurreikusitako proban lortutako puntuazioa.

Puntuetan berdinketa gertatuz gero, emakumeek izango dute lehentasuna, baldin eta deialdiaren iragarkia argitaratzen denean lanpostuari dagokion ordainsari-mailan emakumeen agerpena % 40tik beherakoa bada. Salbuespen bakarra da neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duen egoeraren bat gertatzea, sexuagatiko bereizkeriarik ez dakarrena; esate baterako, enplegua lortzeko zailtasun handiak dituzten beste talde batzuetako pertsonak aukeratzea. Hala ere, oraindik berdinketa ematen bada, jarraian ematen diren kontzeptuetan (eta zehaztutako hurrenkeran) puntu gehien dituen hautagaiak izango du lehentasuna: antzinatasuna, egindako lana, euskara eta, azkenik, adin nagusieneko langilea.

6.– Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko lanpostuak betetzeko prozedura horretan lehentasuna izango dute horri atxikitako lan-kontratupeko langile finkoek.

7.– Lanpostua esleitzeko behin betiko ebazpena argitaratuta jakinaraziko zaie interesdunei.

8.– Langileak ebazpen hori argitaratzen den egunaren hurrengo hiru egun baliodunetan utziko du aurreko lanpostua.

9.– Langileak aurreko lanpostua utzi eta hamar egun balioduneko epea izango du esleitutako lanpostuan hasteko. Lanpostua gordetzea dakarren egoeran parte hartuta lehiaketa honetan beste lanpostu bat lortuz gero, dagokion langilea esleitutako lanpostuan hasi ahal izango da, edo egoera horretan geratu. Egoera horretan geratzea aukeratzen badu, esleitutako lanpostuan izango du erreserba.

10.– Aurreko lanpostua uzteko eta berrian hasteko epeak interesdunei eman zaizkien baimenak edo lizentziak amaitu eta biharamunean hasiko dira, edo alta medikoaren biharamunean, langilea aldi baterako bajan badago.

11.– Lanpostu berrian hasteko epea zerbitzu aktibotzat hartuko da ondorio guztietarako.

Hamargarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka demanda aurkeztu ahal izango da lan-arloko jurisdikzioan, aldez aurretik Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzan erreklamazioa aurkeztuta, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 125. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Erandio, 2012ko urriaren 17a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

ELENA MORENO ZALDIBAR.

Araubide Juridiko eta Zerbitzuen zuzendaria,

IÑAKI CALONGE CRESPO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala