Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2012ko urriaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4761

ERABAKIA, 2012ko irailaren 27koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Irakasleen Batzordearen Arautegia onartzeko dena.

Estatutuetako lehenengo xedapen iragankorraren hirugarren atalean esaten zen Estatutuak indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean Gobernu Kontseiluak egutegi bat egingo du Estatutuak garatzeko arautegia berrikusteko.

Gobernu Kontseiluak garapen arautegia berrikusteko 2011ko ekainaren 23an onartutako egu­tegia betez, orain aurkezten diogu kontseilu honi 2012ko uztailaren 19an aurkeztutakoUPV/EHUko Irakasleen Batzordearen arautegia, egokitzat joz gero, onar dezan.

Arautegi honek Irakasleen Batzordea arautzen du UPV/EHUko Estatutuetako 48. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

Irakasleen Batzordearen Arautegiari egindako zuzenketak Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak diktaminatu ditu eta, irizpen horien arabera moldatutako testua aurkezten diogu orain Gobernu Kontseiluari.

Horregatik guztiagatik, eta idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– UPV/EHUko Irakasleen Batzordearen Arautegia onartzea eranskinean jasotako idazkeran.

Bigarrena.– Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Leioa, 2012ko irailaren 27a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

UPV/EHUKO IRAKASLEEN BATZORDEAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Osaera.

1.– UPV/EHUko Irakasleen Batzordeko burua errektorea izango da, edo horretarako eskuordetza daukan errektoreordea, eta batzordeko kideak izango dira irakasle iraunkor doktoreen taldekoak izanik irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia duten zortzi lagun, arautegi honetan zehaztutako prozedurari jarraituz aukeratuak, eta era honetara banatuak: bi (2) Arte eta Giza Zientziak jakintzaren adarrekoak; bi (2) Gizarte eta Lege Zientziak jakintzaren adarrekoak; bi (2) Ingeniaritza eta Arkitektura jakintzaren adarrekoak; bat (1) Zientziak jakintzaren adarrekoak eta bat (1) Osasun Zientziak jakintzaren adarrekoak. Kideak aukeratzeko prozeduran neurriak zehaztuko dira emakumezko eta gizonezko kideen kopuruak orekatuak izan daitezen.

2.– Errektoreak, edo eskuordetza daukan errektoreordeak, Pertsonaleko Zerbitzuari atxikitako gestio teknikari bat izendatuko du batzordeari aholkularitza teknikoa eman diezaion. Aholkulari izateaz gain, idazkari teknikoa ere izango da, ahotsa izango du baina ez botorik, eta kargutik kenduz gero, gaixorik edo kanpoan egonez gero, administrazio eta zerbitzuetako langile bat, kategoria berekoa eta zerbitzu berera atxikitakoa, izango da haren ordezkoa.

3.– Gobernu Kontseiluak, aparteko kasuetan eta behar bezala arrazoituta, handitu ahal izango du batzordeko kide kopurua, betiere proportzioa gordeta.

4.– Gehienez ere jarraituko bi agintaldi bete ahal izango dira Irakasleen Batzordean.

2. artikulua.– Eskumenak.

Ondokoak dira Irakasleen Batzordearen eskumenak:

a) Aholku ematea errektoreari eta Gobernu Kontseiluari.

b) Irakasleei buruzko arautegia onartzeko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari.

c) Errektoreari proposamena egitea unibertsitateko irakasleen kidegoetan sartzeko eta irakasle kontratatuen plazak betetzeko lehiaketetako epaimahaietako kideak izendatzeko.

d) Irakasleen eta ikertzaileen premien inguruan sailek aurkeztuko dituzten memoriei buruzko iritzia ematea.

e) Estatutu hauek edo UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak esleituko dizkion gainerakoak.

f) Estatutuek eta horiek garatzeko arautegiek eta indarreko legediak esleitutako gainerako eskumen guztiak, bai eta UPV/EHUko gobernu organoek eskuordetutakoak ere.

3. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileek bete beharreko baldintzak hautesle eta hautagarri izateko.

1.– Hautesle izango dira, nork bere jakintzaren adar nagusian aurkeztutako hautagai zerrendei botoa emateko, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile doktore iraunkor guztiak, betiere, jardunean badaude eta zerbitzuak betetzen UPV/EHUn.

2.– Hautagai zerrenda aurkeztu ahal izango dute (hautagarri izan ahalko dira) unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle edo ikertzaile doktoreen taldekoek, baldin eta jardunean eta zerbitzuak betetzen ari badira UPV/EHUn, eta irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia egiaztatua badute hautagai zerrendak ixteko epea bukatzean. Hautagai zerrendak jakintzaren adarren arabera aurkeztuko dira, eta hautagaiak kasuan kasuko adarrekoak izan behar dira.

a) Irakaskuntzaren arloko esperientziarako, gutxien dela 2 bosturteko izan beharko dira egiaztatuta edo horren baliokidea.

b) Ikerketako esperientziarako, ikerketako seiurteko bat izan beharko da Ikerketako Jarduna Egiaztatzeko Estatuko Batzordeak (CENAIk) egiaztatua edo Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak egindako pareko ebaluazioren baten bidez lortua edo Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziak edo pareko agentziaren batek emana; edo gaitasunengatik edo arlo akademikoan izandako ibilbidearengatik komunitate zientifikoan itzal handia aitortua daukan curriculuma izatea.

3.– Irakasle eta ikertzaileen agintaldia lau urtekoa izango da, eta epe horretan guztian bete beharko dira hautagarri izateko baldintzak.

4. artikulua.– Batzordeko kideek kargua uzteko arrazoiak.

1.– Ondokoak dira Irakasleen Batzordeko ordezkariek kargua uzteko arrazoiak:

a) Heriotza.

b) Ezintasun legala.

c) Kargurako gaitasuna kenduta izatea.

d) Dimisioa aurkeztea.

e) Agintaldia amaitzea.

f) Gobernu Kontseiluak kargutik kentzeko proposamena egitea.

g) Arautegi honetako 3.2 artikuluan zehaztutako baldintzaren bat betetzeari uztea.

h) Segidan hiru bileretara edo tarteka bost bileretara huts egitea.

i) Batzordearen osaera osoan desoreka handia izatea gizonezkoen eta emakumezkoen artean, xedapen gehigarrietatik bigarrenean zehaztutakoari jarraituz.

2.– Batzordeko kideren batek kargua utziz gero, errektoreak, edo hark bere ordez izendatzen duen errektoreordeak, Gobernu Kontseiluari proposatuko dio karguan berrestea hautagai zerrenda bereko ordezkoa, edo, ordezkorik ez badago, arautegi honetan zehaztutako baldintzak beteta boto gehien lortu zituen hurrengo ordezkaria.

5. artikulua.– Hauteskunde Batzordea.

1.– Hauteskunde prozesurako Hauteskunde Batzordea eratuko da, era honetara osatua: batzordeburua irakasleen arloko eskumenak dituen errektoreordea izango da; idazkaria, idazkari nagusia; eta batzordekide bat, hautesleen artetik zozketaz aukeratua.

2.– Batzordearen eginkizunak izango dira: hauteskunde prozesua gainbegiratzea, arautegi hau interpretatzea, egon daitezkeen hutsuneak betetzea eta erreklamazioak ebaztea.

6. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileak aukeratzeko prozedurari hasiera ematea.

1.– Idazkari nagusiak egingo du hauteskunde prozesuari hasiera emateko deia, UPV/EHUko Irakasleen Batzorderako irakasle eta ikertzaileen ordezkariak aukeratzeko xedez. Deialdia egiteko erabakia argitaratu egingo da, eta ondokoak jaso beharko dira bertan:

a) Hautesle errolda ixteko eguna.

b) Behin-behineko errolda argitaratzeko eguna.

c) Behin-behineko errolda inpugnatzeko epea.

d) Behin betiko errolda argitaratzeko eguna.

e) Hautagarriek hautagai izateko guraria adierazteko daukaten epea.

f) Hautagai izateko guraria adierazi dutenek hauteskunde batzordeburuari beren hautagaitza aurkezteko daukaten epea.

g) Behin-behineko hautagaiak aldarrikatzeko eguna.

h) Hautagaien kontra egiteko edo akatsak zuzentzeko epea.

i) Behin betiko hautagaiak aldarrikatzeko eguna.

j) Bozketa eguna eta tokia.

k) Behin-behineko emaitzak aldarrikatzeko eguna.

l) Emaitzen kontra egiteko epea.

m) Behin betiko emaitzak aldarrikatzeko eguna.

2.– Irakasleen arloko eskumenak dituen errektoreordeak emango ditu argitara erroldak, hautagaitzak eta hauteskundeetako emaitzak.

7. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileak aukeratzeko prozeduraren nondik norakoak.

1.– Hautesle errolda jakintzaren adarren arabera osatuko da, oinarri hartuta UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile doktore bakoitzari atxikipenez dagokion ikastegia zein adarretakoa den.

2.– Hautagai izan nahi duten unibertsitateko irakasle eta ikertzaileek idatzia aurkeztu beharko diote irakasleen arloan eskumena daukan errektoreordeari, adieraziz hauteskunde prozesuan hautagai izan nahi dutela eta zehaztuta jakintzaren zein adarrekoak diren. Idatzia hauteskunde egutegian hautagai izateko guraria adierazteko zehaztu den epearen barruan bidali beharko da, eta, edozelan ere, arautegi honetako 3.2 artikuluan zehaztutako baldintzak bete beharko dira.

3.– Irakasleen arloan eskumena daukan errektoreordeak, hiru eguneko epean, jakintzaren adar bakoitzean hautagai izateko guraria adierazi dutenen zerrenda igorriko die guztiei, horren arabera banakako hautagaitza (eta nahi izanez gero ordezko eta guzti) aurkez dezaten horretarako ezarritako epearen barruan.

4.– Hautagaitza aurkezteko epea behin amaituta, Hauteskunde Batzordeak egiaztatu egingo du hautagaiek baldintza guztiak betetzen dituztela, eta irakasleen arloan eskumena daukan errektoreordeak argitara emango ditu jakintzaren adar bakoitzerako aurkeztu diren hautagaitzak (ordezkoekin edo ordezkorik gabe).

5.– Bozketaren egunean, hautesleek beren jakintzaren adarreko hautagaitza bakar bati emango diote botoa.

8. artikulua.– Botoa aldez aurretik ematea.

Botoa ematea errazagoa izan dadin, hautesleek aldez aurretik eman ahal izango dute botoa Hauteskunde Batzordeko buruaren aurrean edo hark bere ordez izendatuko duen pertsonaren aurrean. Hori guztia Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

9. artikulua.– Hauteskunde Mahaiak.

Hauteskunde egunean, Hauteskunde Batzordeak behar beste hauteskunde mahai eratuko ditu bozketa behar bezala gauzatze aldera. Hauteskunde mahaietako buruak irakasleen arloan eskumenak dituen errektoreordeak izendatuko ditu, eta bi mahaikide izango dira jendaurrean egindako zozketa bidez aukeratuak hautagai ez diren hautesleen artetik.

10. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileak aukeratzeko prozesuaren amaiera.

1.– Errektoreak, edo eskuordetza daukan errektoreordeak, UPV/EHUko Irakasleen Batzordeko kide izendatuko du jakintzaren adar bakoitzean boto gehien lortu duen hautagaia. Berdinketarik egonez gero, Hauteskunde Batzordeak zozketa egingo du berdinketa ebazteko.

2.– Ezin izango dira, inolaz ere, sail berera atxikitako pertsonak izendatu batzorderako. Zerrendako lehenengo hiruren artean egitura berera atxikitakoak badaude, kide izateko izendatuko dira lehenengoa eta egitura berekoa ez den hurrengoa.

11. artikulua.– Errektoreak proposatutako irakasle eta ikertzaileen ordezkariak.

Kargua utzi delako hutsik geratu diren postuak edo batzordea handitzea erabaki delako bete beharrekoak betetzeko, hautetsien zerrendako ordezkoak izendatuko dira horretarako aukera baldin badago; bestela, ordezkorik ez badago, jakintzaren adar berean boto gehien lortu duen hurrengo hautagaia izendatuko da. Hala ere, batzordeak behar bezala funtzionatuko duela berma­tzeko, errektoreak proposamena egin ahal izango dio Gobernu Kontseiluari batzordean hutsik dauden postuak betetzeko, hauteskunde prozesuaren ondorioz hutsik geratutakoak zein ezusteko arrazoiengatik hutsik geratutakoak betetzeko, betiere irizpide berberei jarraituz. Errektoreak egindako proposamenak emakumezko eta gizonezkoen arteko oreka gorde beharko du.

12. artikulua.– Batzordea eratzea.

Hautetsiak izendatu eta 15 eguneko epean eratuko da Irakasleen Batzorde berria.

13. artikulua.– Barne arautegia.

1.– Irakasleen Batzordeak barne arautegia onartuko du. Bestelakorik ezarri bitartean, Ikastegien Oinarrizko Arautegian kide anitzeko organoetarako zehaztutako arauei jarraituko zaie, arau horiek ezartzea posible den heinean.

2.– Barne arautegian zehaztu egin beharko da zein irizpide ezarriko diren banakako hautagai zerrendetako ordezkoek kide anitzeko organoan parte hartu dezaten titularra ez dagoenean edo gaixorik dagoenean edo, oro har, behar bezala egiaztatutako arrazoiren batengatik titularra ez dagoenean. Egoera horretako batean dauden titularrek horren berri eman beharko diote batzordeburuari barne arautegian zehaztutakoari jarraituz.

3.– Eginkizunak hobeto betetzeko, batzordeak Batzorde Iraunkorra izendatu ahal izango du, bai eta behar beste azpibatzorde ere; horiek guztiak autonomoak izango dira eta erabakimena izango dute eskuordetuta dituzten gaietarako.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– UPV/EHUko Irakasleen Batzordeko kide diren irakasle eta ikertzaileek kredituak lortu ahal izango dituzte jardun akademikoari buruzko araudian zehaztutakoari jarraituz.

Bigarrena.– Batzordearen osaera osoan desoreka handia baldin badago gizonezko eta emakumezkoen artean, batzordea berritu egin beharko da urtebeteko epean, parekotasuna lortze aldera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 2005eko uztailaren 27ko EHAAn (142. zk.) argitaratutako UPV/EHUko Irakasleen Batzordeko kideak aukeratzeko arautegia.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

ERANSKINA
JAKINTZAREN ADARRAK

Estatutuen 48.1 artikuluaren ondorioetarako, jakintzaren adartzat hartuko dira urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate ikasketa ofizialak antolatzen dituenak, II. eranskinean jasotakoak:

Arteak eta Giza Zientziak.

Zientziak.

Osasun Zientziak.

Gizarte eta Lege Zientziak.

Ingeniaritza eta Arkitektura.


Azterketa dokumentala