Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2012ko urriaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4759

ERABAKIA, 2012ko irailaren 27koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordearen Arau­tegia onartzeko dena.

Estatutuetako lehenengo xedapen iragankorraren hirugarren atalean esaten zen Estatutuak indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean Gobernu Kontseiluak egutegi bat egingo du Estatutuak garatzeko arautegia berrikusteko.

Gobernu Kontseiluak garapen arautegia berrikusteko 2011ko ekainaren 23an onartutako egutegia betez, orain aurkezten diogu kontseilu honi 2012ko uztailaren 19an aurkeztutako UPV/EHUko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordearen arautegia, egokitzat joz gero, onar dezan.

Arautegi honek Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordea arautzen du UPV/EHUko Esta­tutuetako 90. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordearen Arautegiari egindako zuzenketak Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak diktaminatu ditu eta, irizpen horien arabera moldatutako testua aurkezten diogu orain Gobernu Kontseiluari.

Horregatik guztiagatik, eta idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– UPV/EHUko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordearen Arautegia onartzea eranskinean jasotako idazkeran.

Bigarrena.– Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Leioa, 2012ko irailaren 27a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

IKERKETA, GARAPEN ETA BERRIKUNTZA BATZORDEAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Osaera.

1.– Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeko burua errektorea izango da, edo horretarako eskuordetza daukan errektoreordea, eta batzordeko kide izango dira unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle edo ikertzaile doktoreen taldekoak izanik irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia egiaztatua duten hamabost lagun, hiru jakintzaren adar bakoitzeko. Gobernu Kontseiluak, aparteko kasuetan eta behar bezala arrazoituta, handitu ahal izango du batzordeko kide kopurua, betiere proportzioa gordeta; era berean, batzordeko kideak izendatzeko prozedura eta funtzionamendua arautu ahal izango ditu. Kideak izendatzeko prozeduran neurriak zehaztuko ditu emakumezko eta gizonezko kideen kopuruak orekatuak izan daitezen.

2.– Batzordeak idazkari teknikoa izango du; Ikerketari Laguntzeko Ataleko burua izango da idazkari teknikoa, eta ahotsa izango du, baina ez botorik.

3.– Gehienez ere segituko bi agintaldi bete ahal izango dira Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordean.

2. artikulua.– Eskumenak.

Hauek dira Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordearen eginkizunak:

a) Urteko eta urte anitzerako ikerketa programazioa proposatzea Gobernu Kontseiluari kontuan hartuta, besteak beste, campusen ikuspegia eta haien ekimenak.

b) Aurrekontua banatzeko irizpideak eta proposamenak egitea, Gobernu Kontseiluak onartutako irizpide eta prozedurei kalterik egin gabe.

c) Ikerketaren finantziaziorako deialdien berri ematea. Deialdiak publikoak izango dira.

d) UPV/EHUko ikerlanen berri izan eta hori ebaluatzeko aukera emango duten azterlanak eskatu eta egitea.

e) UPV/EHUko ikertaldeen urteroko memoria egitea, taldeen, sailen eta unibertsitateko ikerketa institutuen memorietan oinarrituta.

f) Estatutuek eta horiek garatzeko arautegiek eta indarreko legediak esleitutako gainerako eskumen guztiak, bai eta UPV/EHUko gobernu organoek eskuordetutakoak ere.

3. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileek bete beharreko baldintzak hautesle eta hautagarri izateko.

1.– Hautesle izango dira, nork bere jakintzaren adar nagusian aurkeztutako hautagai zerrendei botoa emateko, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile doktore iraunkor guztiak, betiere, jardunean badaude eta zerbitzuak betetzen UPV/EHUn.

2.– Hautagai zerrenda aurkeztu ahal izango dute (hautagarri izan ahalko dira) unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle edo ikertzaile doktoreen taldekoek, baldin eta jardunean eta zerbitzuak betetzen ari badira UPV/EHUn, eta irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia egiaztatua badute hautagai zerrendak ixteko epea bukatzean. Hautagai zerrendak jakintzaren adarren arabera aurkeztuko dira, eta hautagaiak kasuan kasuko adarrekoak izan behar dira.

a) Irakaskuntzaren arloko esperientziarako, gutxien dela 2 bosturteko izan beharko dira egiaztatuta edo horien baliokidea.

b) Ikerketako esperientziarako, azken sei urteotan lortutako ikerketako seiurteko bat edo aitortutako ikerketako hiru tarte izan beharko da Ikerketako Jarduna Egiaztatzeko Estatuko Batzordeak (CENAIk) egiaztatua edo Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak egindako pareko ebaluazioren baten bidez lortua edo Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziak edo pareko agentziaren batek emana; edo gaitasunengatik edo arlo akademikoan izandako ibilbidearengatik komunitate zientifikoan itzal handia aitortua daukan curriculuma izatea.

3.– Irakasle eta ikertzaileen agintaldia lau urtekoa izango da, eta epe horretan guztian bete beharko dira hautagarri izateko baldintzak.

4. artikulua.– Batzordeko kideek kargua uzteko arrazoiak.

1.– Ondokoak dira Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeko kideek kargua uzteko arrazoi:

a) Heriotza.

b) Ezintasun legala.

c) Kargurako gaitasuna kenduta izatea.

d) Dimisioa aurkeztea.

e) Agintaldia amaitzea.

f) Gobernu Kontseiluak kargutik kentzeko proposamena egitea.

g) Arautegi honetako 3.2 artikuluan zehaztutako baldintzaren bat betetzeari uztea.

h) Segidan hiru bileretara edo tarteka bost bileretara huts egitea.

i) Batzordearen osaera osoan desoreka handia izatea gizonezkoen eta emakumezkoen artean, xedapen gehigarrietatik bigarrenean zehaztutakoari jarraituz.

2.– Batzordeko kideren batek kargua utziz gero, errektoreak edo hark bere ordez izendatzen duen errektoreordeak Gobernu Kontseiluari proposatuko dio karguan berrestea hautagai zerrenda bereko ordezkoa edo, ordezkorik ez badago, arautegi honetan zehaztutako baldintzak betetzen dituen eta boto gehien lortu zituen hurrengo ordezkaria.

5. artikulua.– Kide hautetsiak eta errektoreak proposatutakoak.

UPV/EHUko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordean irakasle eta ikertzaileek hamabost ordezkari izango dituzte: hamar hautetsiak izango dira eta bost, errektoreak proposatuak.

6. artikulua.– Hauteskunde Batzordea.

1.– Hauteskunde prozesurako Hauteskunde Batzordea eratuko da, era honetara osatua: batzordeburua ikerketaren arloko eskumenak dituen errektoreordea izango da; idazkaria, idazkari nagusia; eta batzordekide bat, hautesleen artetik zozketaz aukeratua.

2.– Batzordearen eginkizunak izango dira: hauteskunde prozesua gainbegiratzea, arautegi hau interpretatzea, egon daitezkeen hutsuneak betetzea eta erreklamazioak ebaztea.

7. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileak aukeratzeko prozedurari hasiera ematea.

1.– Idazkari nagusiak egingo du hauteskunde prozesuari hasiera emateko deia, Ikerketa Batzorderako irakasle eta ikertzaileen ordezkariak aukeratzeko xedez. Deialdia egiteko erabakia argitaratu egingo da, eta ondokoak jaso beharko dira bertan:

a) Hautesle errolda ixteko eguna.

b) Behin-behineko errolda argitaratzeko eguna.

c) Behin-behineko errolda inpugnatzeko epea.

d) Behin betiko errolda argitaratzeko eguna.

e) Hautagarriek hautagai izateko guraria adierazteko daukaten epea.

f) Hautagai izateko guraria adierazi dutenek Hauteskunde Batzordeko buruari beren hautagaitza aurkezteko daukaten epea.

g) Behin-behineko hautagaiak aldarrikatzeko eguna.

h) Hautagaien kontra egiteko edo akatsak zuzentzeko epea.

i) Behin betiko hautagaiak aldarrikatzeko eguna.

j) Bozketa eguna eta tokia.

k) Behin-behineko emaitzak aldarrikatzeko eguna.

l) Emaitzen kontra egiteko epea.

m) Behin betiko emaitzak aldarrikatzeko eguna.

2.– Ikerketaren arloko eskumenak dituen errektoreordeak emango ditu argitara erroldak, hauta­gaitzak eta hauteskundeetako emaitzak.

8. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileak aukeratzeko prozeduraren nondik norakoak.

1.– Hautesle errolda jakintzaren adarren arabera osatuko da, oinarri hartuta UPV/EHUko ira­kasle eta ikertzaile doktore iraunkor bakoitzari atxikipenez dagokion jakintzaren adarra.

2.– Hautagai izan nahi duten unibertsitateko irakasle eta ikertzaileek idatzia aurkeztu beharko diote ikerketaren arloan eskumena daukan errektoreordeari, adieraziz hauteskunde prozesuan hautagai izan nahi dutela eta zehaztuta jakintzaren zein adarrekoak diren. Idatzia hauteskunde egutegian hautagai izateko guraria adierazteko zehaztu den epearen barruan bidali beharko da, eta, edozelan ere, arautegi honetako 3.2 artikuluan zehaztutako baldintzak bete beharko dira.

3.– Ikerketaren arloan eskumena daukan errektoreordeak, hiru eguneko epean, jakintzaren adar bakoitzean hautagai izateko guraria adierazi dutenen zerrenda igorriko die guztiei, horren arabera banakako hautagaitza (eta nahi izanez gero ordezko eta guzti) aurkez dezaten horretarako ezarritako epearen barruan.

4.– Hautagaitza aurkezteko epea behin amaituta, Hauteskunde Batzordeak egiaztatu egingo du hautagaiek baldintza guztiak betetzen dituztela, eta ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloan eskumena daukan errektoreordeak argitara emango ditu jakintzaren adar bakoitzerako aurkeztu diren hautagaitzak (ordezkoekin edo ordezkorik gabe).

5.– Bozketaren egunean, hautesleek beren jakintzaren adarreko hautagaitza bakar bati emango diote botoa.

9. artikulua.– Botoa aldez aurretik ematea.

Botoa ematea errazagoa izan dadin, hautesleek aldez aurretik eman ahal izango dute botoa Hauteskunde Batzordeko buruaren aurrean edo hark bere ordez izendatuko duen pertsonaren aurrean. Hori guztia Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

10. artikulua.– Hauteskunde mahaiak.

Hauteskunde egunean, Hauteskunde Batzordeak behar beste hauteskunde mahai eratuko ditu bozketa behar bezala gauzatze aldera. Hauteskunde mahaietako buruak ikerketaren arloan eskumenak dituen errektoreordeak izendatuko ditu, eta bi mahaikide izango dira jendaurrean egindako zozketa bidez aukeratuak hautagai ez diren hautesleen artetik.

11. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileak aukeratzeko prozesuaren amaiera.

1.– Errektoreak, edo eskuordetza daukan errektoreordeak, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeko kide izendatuko du jakintzaren adar bakoitzean boto gehien lortu duen hautagaia. Berdinketarik egonez gero, Hauteskunde Batzordeak zozketa egingo du berdinketa ebazteko.

2.– Ezin izango dira, inolaz ere, sail berera atxikitako hautagaiak izendatu batzorderako. Zerrendako lehenengo hiruren artean sail berera atxikitakoak badaude, kide izateko proposatuko dira lehenengoa eta sail berekoak ez diren bi hurrengoak.

12. artikulua.– Errektoreak proposatutako irakasle eta ikertzaileen ordezkariak.

1.– Gainontzeko bost ordezkariak (bat jakintzaren adar bakoitzeko) errektoreak proposatuko dizkio Gobernu Kontseiluari, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorren taldekoak izanik arautegi honetako 3.2 artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituztenen artetik aukeratuak. Errektoreak egindako proposamenak emakumezko eta gizonezkoen arteko oreka gorde beharko du.

2.– Gobernu Kontseiluak berretsi egin beharko ditu errektoreak proposatutako ordezkariak.

3.– Berretsi ezean, errektoreak beste proposamen bat egingo du Gobernu Kontseiluak berrets dezan.

4.– Kargua utzi delako hutsik geratu diren postuak edo batzordea handitzea erabaki delako bete beharrekoak betetzeko, hautetsien zerrendako ordezkoak izendatuko dira horretarako aukera baldin badago; bestela, ordezkorik ez badago, jakintzaren adar berean boto gehien lortu duen hurrengo hautagaia izendatuko da. Hala ere, batzordeak behar bezala funtzionatuko duela bermatzeko, errektoreak proposamena egin ahal izango dio Gobernu Kontseiluari batzordean hutsik dauden postuak betetzeko, hauteskunde prozesuaren ondorioz hutsik geratutakoak zein ezusteko arrazoiengatik hutsik geratutakoak betetzeko, betiere irizpide berberei jarraituz. Errek­toreak egindako proposamenak emakumezko eta gizonezkoen arteko oreka gorde beharko du.

13. artikulua.– Batzordea eratzea.

Gobernu Kontseiluak hautagaiak berretsi edo izendapena egin eta 15 eguneko epean Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzorde berria eratuko da.

14. artikulua.– Barne arautegia.

1.– Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak barne arautegia onartuko du. Bestelakorik ezarri bitartean, Ikastegien Oinarrizko Arautegian kide anitzeko organoetarako zehaztutako arauei jarraituko zaie, arau horiek ezartzea posible den heinean.

2.– Barne arautegian zehaztu egin beharko da zein irizpide ezarriko diren banakako hautagai zerrendetako ordezkoek kide anitzeko organoan parte hartu dezaten titularra ez dagoenean edo gaixorik dagoenean edo, oro har, behar bezala egiaztatutako arrazoiren batengatik titularra ez dagoenean. Egoera horretako batean dauden titularrek horren berri eman beharko diote batzordeburuari barne arautegian zehaztutakoari jarraituz.

3.– Eginkizunak hobeto betetzeko, batzordeak Batzorde Iraunkorra izendatu ahal izango du, bai eta behar beste azpibatzorde ere; horiek guztiak autonomoak izango dira eta erabakimena izango dute eskuordetuta dituzten gaietarako.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeko kide diren irakasle eta ikertzaileek kredituak lortu ahal izango dituzte jardun akademikoari buruzko araudian zehaztutakoari jarraituz.

Bigarrena.– Batzordearen osaera osoan desoreka handia baldin badago gizonezko eta emakumezkoen artean, batzordea berritu egin beharko da urtebeteko epean, parekotasuna lortze aldera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da apirilaren 7ko EHAAn (65. zk.) argitaratutako Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeko kideak aukeratzeko arautegia.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

ERANSKINA
JAKINTZAREN ADARRAK

Estatutuen 99.1 artikuluaren ondorioetarako, jakintzaren adartzat hartuko dira urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate ikasketa ofizialak antolatzen dituenak, II. eranskinean jasotakoak:

Arteak eta Giza Zientziak.

Zientziak.

Osasun Zientziak.

Gizarte eta Lege Zientziak.

Ingeniaritza eta Arkitektura.


Azterketa dokumentala