Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2012ko urriaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4758

ERABAKIA, 2012ko irailaren 27koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Graduko Batzordearen Arautegia onartzeko dena.

Estatutuetako lehenengo xedapen iragankorraren hirugarren atalean esaten zen Estatutuak indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean Gobernu Kontseiluak egutegi bat egingo du Estatutuak garatzeko arautegia berrikusteko.

Gobernu Kontseiluak garapen arautegia berrikusteko 2011ko ekainaren 23an onartutako egu­tegia betez, orain aurkezten diogu kontseilu honi 2012ko uztailaren 19an aurkeztutako UPV/EHUko Graduko Batzordearen arautegia, egokitzat joz gero, onar dezan.

Arautegi honek Graduko Batzordea arautzen du UPV/EHUko Estatutuetako 87. eta 88. arti­kuluetan zehaztutakoari jarraituz.

Graduko Batzordearen Arautegiari egindako zuzenketak Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak diktaminatu ditu eta, irizpen horien arabera moldatutako testua aurkezten diogu orain Gobernu Kontseiluari.

Horregatik guztiagatik, eta idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– UPV/EHUko Graduko Batzordearen Arautegia onartzea eranskinean jasotako idazkeran.

Bigarrena.– Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Leioa, 2012ko irailaren 27a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

GRADUKO BATZORDEAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Osaera.

1.– Graduko Batzordeko burua errektorea izango da, edo horretarako eskuordetza daukan pertsona, eta batzordeko kide izango dira: unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle edo ikertzaileen arteko hamabost lagun, hiru jakintzaren adar bakoitzeko, talde horretakoak izanik irakaskuntzaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia badute eta graduko ikasketa ofizialen gestioan esperientzia badute; eta graduko bost ikasle, jakintzaren arlo bakoitzeko bat. Gobernu Kontseiluak, aparteko kasuetan eta behar bezala arrazoituta, handitu ahal izango du batzordeko kide kopurua, betiere, proportzioa gordeta; era berean, batzordeko kideak izendatzeko prozedura eta funtzionamendua arautu ahal izango ditu. Kideak izendatzeko prozeduran neurriak zehaztuko ditu emakumezko eta gizonezko batzarkideen kopuruak orekatuak izan daitezen.

2.– Graduko Batzordean ikasleek erraztasuna izan dezaten beren eginkizunak betetzeko, ordezkari titularrek zein ordezkoek hartu ahal izango dute parte.

3.– Batzordeak idazkari teknikoa izango du; Akademia Antolakuntzako burua izango da idazkari teknikoa, eta ahotsa izango du, baina ez botorik. Kargua utziz gero edo gaixorik edo kanpoan egonez gero, Akademia Antolakuntza Zerbitzuko teknikari abokatua izango da haren ordezkoa.

4.– Gehienez ere segituko bi agintaldi bete ahal izango dira Graduko Batzordean.

2. artikulua.– Eskumenak.

Graduko Batzordearen eskumenak dira:

a) Aholku ematea errektoreari eta Gobernu Kontseiluari.

b) Gobernu Kontseiluari honako hauek aurkeztea, ontzat eman ditzan: graduko ikasketen helburuen proposamena, plangintza estrategiko orokorraren arabera egina, eta ikasketa horien akademia antolakuntza eta gestiorako arautegien proposamena.

c) Ikastegietako kalitate batzordeek zereginak zuzentasunez betetzen dituztela zaintzea.

d) Graduko titulu ofizialetako eta berezko tituluetako ikasketen eta graduko titulurik izan gabe egin daitezkeen beste ikasketa batzuen garapena ebaluatzea, bai eta UPV/EHUko graduen kalitateari buruzko urteko txostena egitea ere.

e) Graduko tituluak sortu edo aldatzeko proposamenen berri ematea.

f) Graduko ikasketen arloko ikasketa berrikuntzako programen berri ematea.

g) Ikastegiak eta sailak sortu, aldatu eta kentzeko proposamenen berri ematea Gobernu Kontseiluari, kasuan kasuko campuseko batzarra entzun ondoren.

h) Graduko ikasketetarako plaza mugak urtero aurkeztea Gobernu Kontseiluari, Campuseko Batzarra entzun ondoren.

i) Batzordearen eskumeneko diren berezko tituluak luzatzeko erabakia hartzea.

j) Graduko sari bereziak onartzea ikastegiaren proposamenari jarraituz.

k) Graduko ikasketen harmonizazioa zaintzea.

l) Estatutuek eta horiek garatzeko arautegiek eta indarreko legediak esleitutako gainerako eskumen guztiak, bai eta UPV/EHUko gobernu organoek eskuordetutakoak ere. Graduko ikasketen arloari buruzko unibertsitate araudian Akademia Antolakuntzako Batzordea aipatzen den bakoitzean, aipamen horiek Graduko Batzordeari buruzkoak direla ulertuko da.

m) Bere eskumeneko ikasketetako kalitatezko prestakuntza programen katalogoei buruzko iritzia ematea.

3. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileek bete beharreko baldintzak hautesle eta hautagarri izateko.

1.– Hautesle izango dira, beren jakintzaren adar nagusian aurkeztutako hautagai zerrendei botoa emateko, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile iraunkor guztiak, betiere, jardunean badaude eta zerbitzuak betetzen UPV/EHUn.

2.– Hautagai zerrenda aurkeztu ahal izango dute (hautagarri izan ahalko dira) unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle edo ikertzaileek, baldin eta jardunean badaude, irakaskuntzaren edo ikerketaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia egiaztatua badute eta esperientzia badute graduko ikasketa ofizialen gestio lanean, hautagai zerrendak ixteko epea bukatzean.

a) Graduko ikasketa ofizialen arloan izandako esperientziatzat hartuko da: ikastegiko dekano edo zuzendari izana edo izatea; saileko zuzendari izana edo izatea; ikastegiko dekanorde edo zuzendariorde izana edo izatea eta titulazioko koordinatzaile izatea; ikastegiko idazkari akademikoa izana edo izatea; titulazioetako koordinatzaile izatea; eta AADBko edo antzinako Akademia Antolakuntzako Batzordeko kide izandakoak. Horiez gain, akademia gestioaren arloko karguren batean aritu izana ere hartuko da esperientziatzat.

b) Irakaskuntzaren arloko esperientziarako, gutxien dela 2 bosturteko izan beharko dira egiaz­tatuta edo horren baliokidea.

3.– Irakasle eta ikertzaileen agintaldia lau urtekoa izango da, eta epe horretan guztian bete beharko dira hautagarri izateko baldintzak.

4. artikulua.– Ikasleek bete beharreko baldintzak hautagai izateko.

1.– Hautagai zerrenda aurkeztu ahal izateko eta hautetsi izanez gero Graduko Batzordeko kide izan ahal izateko, ikasleak matrikula indarrean izan behar du UPV/EHUko graduko ikasketaren batean edo lehenengo edo bigarren zikloko ikasketaren batean.

2.– Ikasleen agintaldia bi urtekoa izango da.

5. artikulua.– Batzordeko kideek kargua uzteko arrazoiak.

1.– Ondokoak dira Graduko Batzordeko ordezkariek kargua uzteko arrazoiak:

a) Heriotza.

b) Ezintasun legala.

c) Kargurako gaitasuna kenduta izatea.

d) Dimisioa aurkeztea.

e) Agintaldia amaitzea.

f) Arautegi honetako 3.2 eta 4. Artikuluetan zehaztutako baldintzaren bat betetzeari uztea.

g) Gobernu Kontseiluak kargutik kentzeko proposamena egitea.

h) Segidan hiru bileretara edo tarteka bost bileretara huts egitea.

i) Batzordearen osaera osoan desoreka handia izatea gizonezkoen eta emakumezkoen artean, xedapen gehigarrietatik bigarrenean zehaztutakoari jarraituz.

2.– Batzordeko kideren batek kargua utziz gero, errektoreak, edo hark bere ordez izendatzen duen errektoreordeak, Gobernu Kontseiluari proposatuko dio, UPV/EHUren Ikasle Kontseilua entzun ondoren, karguan berrestea hautagai zerrenda bereko ordezkoa, edo, ordezkorik ez badago, arautegi honetan zehaztutako baldintzak beteta boto gehien lortu zituen hurrengo ordezkaria.

6. artikulua.– Irakasleen eta ikertzaileen ordezkari hautetsiak eta errektoreak proposatutakoak.

1.– UPV/EHUko Graduko Batzordean irakasle eta ikertzaileek hamabost ordezkari izango dituzte: hamar hautetsiak izango dira eta bost, errektoreak proposatuak.

2.– Ikasleen bost ordezkarietatik hiru Unibertsitateko Klaustroan ikasleek dituzten ordezkarien artetik aukeratuko dira; arautegi honetako 4. Artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten ikasleak aurkeztu ahal izango dira eta horretarako zehaztutako epean aurkeztuko diote hautagaitza Klaustroko Mahaiari. Gainontzeko bi kideak errektoreak egindako proposamenari jarraituz aukeratuko dira, arautegi honetan zehaztutakoa betez.

7. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileen ordezkariak aukeratzeko prozesuko Hauteskunde Batzordea.

1.– Hauteskunde prozesurako Hauteskunde Batzordea eratuko da, era honetara osatua: batzordeburua akademia antolakuntzaren arloko eskumenak dituen errektoreordea izango da; idazkaria, idazkari nagusia; eta kide bat, hautesleen artetik zozketaz aukeratua.

2.– Batzordearen eginkizunak izango dira: hauteskunde prozesua gainbegiratzea, arautegi hau interpretatzea, egon daitezkeen hutsuneak betetzea eta erreklamazioak ebaztea.

8. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileak aukeratzeko prozedurari hasiera ematea.

1.– Idazkari nagusiak egingo du Graduko Batzordeko kideak aukeratzeko prozedurarako deia. Deialdia egiteko erabakia argitaratu egingo da, eta ondokoak jaso beharko dira bertan:

a) Hautesle errolda ixteko eguna.

b) Behin-behineko errolda argitaratzeko eguna.

c) Behin-behineko errolda inpugnatzeko epea.

d) Behin betiko errolda argitaratzeko eguna.

e) Hautagarriek hautagai izateko guraria adierazteko daukaten epea.

f) Hautagai izateko guraria adierazi dutenek hauteskunde batzordeburuari beren hautagaitza aurkezteko daukaten epea.

g) Behin-behineko hautagaiak aldarrikatzeko eguna.

h) Hautagaien kontra egiteko edo akatsak zuzentzeko epea.

i) Behin betiko hautagaiak aldarrikatzeko eguna.

j) Bozketa eguna eta tokia.

k) Behin-behineko emaitzak aldarrikatzeko eguna.

l) Emaitzen kontra egiteko epea.

m) Behin betiko emaitzak aldarrikatzeko eguna.

2.– Akademia antolakuntzaren arloko eskumenak dituen errektoreordeak emango ditu argitara erroldak, hautagaitzak eta hauteskundeetako emaitzak.

9. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileak aukeratzeko prozeduraren nondik norakoak.

1.– Hautesle errolda jakintzaren adarren arabera osatuko da, oinarri hartuta UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile bakoitzari dagokion jakintzaren adarra.

2.– Hautagai izan nahi duten unibertsitateko irakasle eta ikertzaileek idatzia aurkeztu beharko diote akademia antolakuntzaren arloan eskumena daukan errektoreordeari, adieraziz hauteskunde prozesuan hautagai izan nahi dutela eta zehaztuta jakintzaren zein adarretakoak diren. Idatzia hauteskunde egutegian hautagai izateko guraria adierazteko zehaztu den epearen barruan bidali beharko da, eta, edozelan ere, arautegi honetako 3.2 artikuluan zehaztutako baldintzak bete beharko dira.

3.– Akademia antolakuntzaren arloan eskumena daukan errektoreordeak, hiru eguneko epean, jakintzaren arlo bakoitzean hautagai izateko guraria adierazi dutenen zerrenda igorriko die guztiei, horren arabera banakako hautagaitza (eta nahi izanez gero ordeko eta guzti) aurkez dezaten horretarako ezarritako epearen barruan.

4.– Hautagaitza aurkezteko epea behin amaituta, Hauteskunde Batzordeak egiaztatu egingo du hautagaiek baldintza guztiak betetzen dituztela, eta akademia antolakuntzaren arloan eskumena daukan errektoreordeak argitara emango ditu jakintzaren adar bakoitzerako aurkeztu diren hautagaitzak (ordezkoekin edo ordezkorik gabe).

5.– Bozketaren egunean, hautesleek beren jakintzaren adarreko hautagaitza bakar bati emango diote botoa.

10. artikulua.– Botoa aldez aurretik ematea.

Botoa ematea errazagoa izan dadin, hautesleek aldez aurretik eman ahal izango dute botoa hauteskunde batzordeko buruaren aurrean edo hark bere ordez izendatuko duen pertsonaren aurrean. Hori guztia Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

11. artikulua.– Hauteskunde mahaiak.

Hauteskunde egunean, Hauteskunde Batzordeak behar beste hauteskunde mahai eratuko ditu bozketa behar bezala gauzatze aldera. Hauteskunde mahaietako buruak campuseko idazkariak izendatuko ditu, eta bi mahaikide izango dira jendaurrean egindako zozketa bidez aukeratuak hautagai ez diren campuseko hautesleen artetik.

12. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileak aukeratzeko prozesuaren amaiera.

1.– Errektoreak, edo eskuordetza daukan errektoreordeak, UPV/EHUko Graduko Batzordeko kide izendatuko du jakintzaren adar bakoitzean boto gehien lortu duen hautagaia, aurreko artikuluan aipatutako zerrendei jarraituz. Berdinketarik egonez gero, Hauteskunde Batzordeak zozketa egingo du berdinketa ebazteko.

2.– Ezin izango dira, inolaz ere, sail berera atxikitako pertsonak izendatu batzorderako. Zerrendako lehenengo hiruren artean sail berera atxikitakoak badaude, kide izateko izendatuko dira lehenengoa eta egitura berekoak ez diren hurrengoak.

13. artikulua.– Errektoreak proposatutako irakasle eta ikertzaileen ordezkariak.

1.– Gainontzeko bost ordezkariak (bat jakintzaren adar bakoitzeko) errektoreak proposatuko dizkio Gobernu Kontseiluari, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile izanik arautegi honetako 3.2 artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituztenen artetik aukeratuta. Errektoreak egindako proposamenak emakumezko eta gizonezkoen arteko oreka gorde beharko du.

2.– Gobernu Kontseiluak berretsi egin beharko ditu errektoreak proposatutako ordezkariak.

3.– Berretsi ezean, errektoreak beste proposamen bat egingo du Gobernu Kontseiluak berrets dezan.

4.– Kargua utzi delako hutsik geratu diren postuak edo batzordea handitzea erabaki delako bete beharrekoak betetzeko, hautetsien zerrendako ordezkoak izendatuko dira horretarako aukera baldin badago; bestela, ordezkorik ez badago, jakintzaren adar berean boto gehien lortu duen hurrengo hautagaia izendatuko da. Hala ere, batzordeak behar bezala funtzionatuko duela bermatzeko, errektoreak proposamena egin ahal izango dio Gobernu Kontseiluari batzordean hutsik dauden postuak betetzeko, hauteskunde prozesuaren ondorioz hutsik geratutakoak zein ezusteko arrazoiengatik hutsik geratutakoak betetzeko, betiere irizpide berberei jarraituz. Errektoreak egindako proposamenak emakumezko eta gizonezkoen arteko oreka gorde beharko du.

14. artikulua.– Ikasleen hautagai zerrendak.

1.– Ikasleen hiru ordezkariak aukeratzeko, ikasleek hautagai zerrenda aurkeztu beharko diote Klaustroko Mahaiko buruari; horretarako epea hauteskundeak egingo diren Klaustroko bilerako zehaztapenetan adierazitakoa izango da.

2.– Hautagai zerrendetan titularrak eta ordezkoak zehaztu beharko dira.

15. artikulua.– Bozketa Unibertsitateko Klaustroan.

Hautesle izango dira Unibertsitateko Klaustroan ikasleek dituzten ordezkariak.

16. artikulua.– Ikasleen ordezkariak aukeratzeko hauteskunde prozesuaren amaiera.

1.– Errektoreak, edo eskumenak eskuordetuta dituen errektoreordeak, proposamena egingo dio Gobernu Kontseiluari UPV/EHUko ikasleen ordezkari berrets ditzan boto gehien lortu dituzten hiru hautagaiak, baina ezin izango dira sexu berekoak izan. Edozelan ere, hautagai horiek UPV/EHUko graduko titulu ofizialen batean edo lehenengo edo bigarren ziklokoan egon beharko dira matrikulatuta.

2.– Berdinketarik egonez gero, Klaustro Mahaiak zozketa bidez ebatziko du.

17. artikulua.– Errektoreak proposatutako ordezkariak.

1.– Ikasleen beste bi ordezkariak errektoreak proposatuko dizkio Gobernu Kontseiluari 4. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten ikasleen artetik aukeratuta; ikasleok indarrean izan behar dute UPV/EHUn. Errektoreak egindako proposamenak emakumezko eta gizonezkoen arteko oreka gorde beharko du.

2.– Batzordeak behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko, errektoreak proposamena egin ahal izango dio Gobernu Kontseiluari batzordean hutsik dauden postuak betetzeko, hauteskunde prozesuaren ondorioz hutsik geratutakoak zein ezusteko arrazoiengatik hutsik geratutakoak betetzeko.

18. artikulua.– Batzordea eratzea.

Gobernu Kontseiluak hautagaiak berretsi edo izendapen egin eta 15 eguneko epean eratuko da Graduko Batzorde berria.

19. artikulua.– Barne arautegia.

1.– Graduko Batzordeak barne arautegia onartuko du. Bestelakorik ezarri bitartean, Ikastegien Oinarrizko Arautegian kide anitzeko organoetarako zehaztutako arauei jarraituko zaie, arau horiek ezartzea posible den heinean.

2.– Barne arautegian zehaztu egin beharko da zein irizpide ezarriko diren banakako hautagai zerrendetako ordezkoek kide anitzeko organoan parte hartu dezaten titularra ez dagoenean edo gaixorik dagoenean edo, oro har, behar bezala egiaztatutako arrazoiren batengatik titularra ez dagoenean. Egoera horretako batean dauden titularrek horren berri eman beharko diote batzordeburuari barne arautegian zehaztutakoari jarraituz.

3.– Eginkizunak hobeto betetzeko, batzordeak Batzorde Iraunkorra izendatu ahal izango du, bai eta behar beste azpibatzorde ere; horiek guztiak autonomoak izango dira eta erabakimena izango dute eskuordetuta dituzten gaietarako.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– UPV/EHUko Graduko Batzordeko kide diren irakasle eta ikertzaileek kredituak lortu ahal izango dituzte jardun akademikoari buruzko araudian zehaztutakoari jarraituz. Ikasleek kredituak izango dituzte batzordeko kide izateagatik, arloko araudiari jarraituz.

Bigarrena.– Batzordearen osaera osoan desoreka handia baldin badago gizonezko eta emakumezkoen artean, batzordea berritu egin beharko da urtebeteko epean, parekotasuna lortze aldera.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arautegi hau indarrean jarri ostean egiten den lehen Klaustroko aztergaien zerrendan Graduko Batzorderako ikasleen ordezkarien hauteskundeei buruzko puntu bat sartuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratuko da Akademia Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordea aukeratzeko hauteskundeei buruzko arautegia (2005eko apirilaren 7ko EHAAn argitaratua), baina batzordeak jardunean jarraituko du Graduondoko Batzordea eta Graduko Batzordea eratu arte.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

ERANSKINA
JAKINTZAREN ADARRAK

Estatutuen 87.1 artikuluaren ondorioetarako, jakintzaren adartzat hartuko dira urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate ikasketa ofizialak antolatzen dituenak, II. eranskinean jasotakoak:

Arteak eta Giza Zientziak.

Zientziak.

Osasun Zientziak.

Gizarte eta Lege Zientziak.

Ingeniaritza eta Arkitektura.


Azterketa dokumentala